www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA EMERETZIGARREN DOTRIÑA

 

Juizio Jeneralaren gañean

 

        Gaur, nere Kristauak, aditu bear dituzue, gure fede Santuak erakusten dizkigun egia andi, eta miragarri batzuek, gaiztoentzat guztiz izugarriak, edo ikaragarriak; eta onaenzat guztiz atsegingarriak, edo pozgarriak. Esan bear dizuet: 1. Zergatik gure Jaungoikoak daukan erabakirik egitea juizio jeneral bat, munduko guziak publikamente juzgatzeko. 2. Juizio aurrean nolako señale izugarriak ikusiko diran: eta nola mundua suzko dilubio, edo ugolde arrigarri batekin bukatu, edo akabatuko dan. 3. Nola ill guziak orduan piztuko diran: eta Josefateko zelaian juntatuko diran: 4. nola Jesu-Kristo gure Jauna bere Majestade guziarekin juizioan agertuko dan: onak, eta gaiztoak alkargandik apartatu erazoko dituan: guzien pekatuak, eta obra onak guzien aurrean argiro ikusi eragingo dituan: eta azkenik, nolako sentenzia emango dien, ala onai, nola gaiztoai. Eta ona dotriña gai bat guztiz probetxugarria guzionzat, bear bezelako fedearekin konsideratzen, ausnartzen, eta gogoan erabiltzen badegu: bada Jaungoikoaren laguntasun, edo graziarekin argituko, eta ukituko, edo mugituko gaitu pekatua aborrezitzera, penitenzia egitera, eta birtuteari jarraitzera.

        1. G. Gure suerte ona, edo gaiztoa juizio partikularrean betiko erabakirik gelditzen bada, eta mudatuko ezpada, aurreko dotriñan esan genduan bezela; zergatik gure Jaungoikoak juizio jenerala egin nai du, munduko guzien aurrean? Aren Majestadeak infinitamente jakinsua danak bezela arrazoi guziz andiak ditu orretarako: eta ala erabaki duen ezkero, adoratu bear ditugu aren asmo, edo intenzio guztiz zuzenak, ezin guziak konprenditu ditugunean ere: bada ezertxo ere alperrik egiten eztu. Eta ona Juizio jenerala egiteko dituan motibo, edo arrazoi guztiz andi batzuek. Eta 1. da munduaren gobernuan eduki duen zuzentasuna, edo justizia guziai ikusi eragiteko, edo bere probidenzia miragarriak zituan motibo guztiz justuak agertzeko; batzuek pobre, besteak aberats egiteko: batzuek eritasunean, besteak osasunean edukitzeko: gaizto askori ondasunak, edo aberastasunak emateko: eta onai eskuarkiro pobreza, naigabeak, eta trabajuak emateko. Ona N.K., orain askok ezin konprenditu dituan gauzak, zerren munduko zorionari bakarrik begiratzen dioben, eta betiko zoriona iristeko zer konbeni zaien ezagutzen eztuen: eta juizioko egunean argiro ikusiko dezue, zein egokiro Jaungoikoak gauza guziak partitu, eta disponitu zituan: eta nola gure salbaziorako konbeni zakuna ematen digun, gu ondo baliatu nai bagera, eta aren borondate santuarekin konformatzeko alegiñak egiten baditugu. Juizio jenerala munduko guzien aurrean egiteko 2. arrazoia da, Jesu-Kristoren, eta santuen honra, eta gloria anbat geiago agertzeko, zenbat geiago mundu onetan humillatu, eta nekatu ziran Jaungoikoaren honragatik, eta animen salbazioagatik. 3. Da mundukoen juizio, eta iritzi okerrak, edo erabageak zuzentzeko; eta bakoitzari dagokion honra, eta estimazioa guzien aurrean emateko: edo dagokion lotsa, eta deshonra nabarbenkiro sufritu eragiteko. Asko daude Zeruan guztizko honra, eta gloria gozatzen, munduan desprezioak, eta afrentak ugari sufritu zituenak batere kulpa bage: bada arrazoia da, munduko guziak desengañatu ditezen, eta bere honra biurtu dakien. Eta kontrara guztiz asko daude Infernuan mundukoen ustean, edo iritzian santutzat, eta justutzat zeudenak, baña ez Jaungoikoaren aurrean; eta arrazoiak eskatzen du, guzien gaiztakeri estaliak agertu ditezen: eta nor zan bakoitza kanpotik, eta barrutik guziak jakin dezen. 4. Arrazoia, edo motiboa juizio jenerala egiteko da, egun artan munduko defuntu guzien gorputzak piztutzeko, eta len izan zituen animakin betiko juntatzeko, gero esango degun bezela eta azkenik beste motibo, edo arrazoia ondo konsideratzea merezi duana, juizio jenerala egiteko da; azitzeko, edo geiago saristatzeko santu askoren gloria, egun artaraño osagarri guzia izango eztuena: eta baita orobat azitzeko, edo aumentatzeko pekatari askoren pena, eta tormentua; aen eskandaloak aurrera eragiten dituen pekatuai dagokiena. Badakizue alabaña, dotriña, eta ejenplo ona besteai eman dienak, erak salbatuaz gañera, beste asko Zeruko bidera ekarri dituela: eta oek orobat aurrekoen dotriña, eta ejenplo onari jarraioaz munduaren kaburaño ari dirala beste asko ondutzen, eta Zerura gidatzen. Orain ere badirabe N.K., Apostoluak, eta aen ondorengo santuak eman zuen dotriñak, eta ejenplo onak: aen frutuak orain ere ikusten dira: eta munduaren fineraño aziaz dijoaz: bada orobat gaiztoen dotriñak, eta eskandaloak, edo gaitz-bideak badirabe orain, eta iraungo due azken eguneraño. Eta ala aziaz dijoa aen ejenplo onaren, edo gaiztoaren frutuari dagokion saria, edo kastigua: eta ori juizioko egunean argiro ikusiko da: eta bakoitzari dagokiona emango zaio. Eta ortik atera ezazue kontu N.K. ejenplo ona emanarekin, eta ondo erakutsiarekin zuen humeai, zuen mirabeai, zuen mendekoai, eta zuen lagunai, zein probetxu andiak, eta betiko ondasunak aenzat, eta zeuronzat irabazi ditzaketzuen: eta kontrara ejenplo gaiztoa ematen badiezue, eta gaizki egiten erakusten badiezue, zein kalte arrigarria egiten diezuen: eta zein kontu estua Jaungoikoak juizioko egunean artuko dizuen: eta nolako tormentu arrigarriak beti sufritu bearko dituzuen, zeuron pekatuakgatik, eta besteai eragin ziñienakgatik, orain penitenzia egiazkoarekin, eta ejenplo onarekin erremediatzen ezpadituzue. Eta orra nolako arrazoiak dauzkan gure Jaungoikoak juizio jeneral bat munduko guzien aurrean egiteko.

        G. Eta noiz izango da juizio jenerala? Eta nolako señaleak aren aurrean ikusiko dira? E. Iñork eztaki, eta ezin jakin dezake Jaungoikoak agertu bage. Ziertu dakiguna da, zerren Jaungoikoak berak ala erakutsirik daukan Eskritura Santuan, mundu au akabatuko dala: eta munduaren azkeneko egunean Zerutik etorriko dala Jesu-Kristo gure Jauna biziak, eta illak, au da onak, eta gaiztoak juzgatzera: eta lenago ikusiko dirala señale guztiz asko, eta guztiz izugarriak. Eta ona prinzipalenak. 1. Kristauen arteko karidadea txit ozturik arkituko da: eta mundua gaiztakeriz, eta pekatuz beterik. 2. Orduko Jesu-Kristoren Ebanjelio Santua munduko bazterrik urrutianetan ere predikatua izango da. 3. Jesu-Kristoren, eta bere Elizaren, au da Kristauen etsairik andiena, Ante-Kristoa deitzen zaiona agertuko da: eta Infernuko deabru, edo Demonio guziak lagun dituala, Elizari, eta Kristau guziai guztizko gerra gogorra egingo die: Jesu-Kristoren fedea Kristauai ukatu, eta larga eragiteko alegin guztiz andiak egingo ditu, ala ondasunak eskeñiaz, nola eriotzarekin, eta tormentu arrigarriakin bildurtuaz: eta baita deabruaren laguntasunarekin iruripeneko mirari, edo milagroak egiñaz: oraindaño munduan ikusi eztan bezelako persekuzio arrigarria Kristauai egingo die Ante-Kristoak. 4. Orduan Jaungoikoak bidalduko ditu mundura ill bage gorderik dauzkan gizon santu andi bi; Henok, anziñako Patriarka justua, eta Elias Profeta andia, Ante-Kristoaren kontra predikatzera: Kristauak Jesu-Kristoren fedean alaitzera, konfirmatzera, eta indartzera, eta Juduak konbertitzera: eta santu aek Kristoren fedeagatik martirioa padezituko due: bada Ante-Kristoak illerazoko ditu: baña onen indarrak, eta engañuak eztue asko iraungo: Jesu-Kristo gure Jaunak bizia kendu erazoko dio era lotsagarri batean: eta Ante-Kristoaren jarraitzalleak, eta batez ere Juduak lotsaturik arkituko dira: eta etsirik ia beste Mesiasik zer esperatu eztuelako, Jesu-Kristogan sinistuko due: eta guziak konbertituko dira Kristauen legera. Eta arrezkero eztu munduak asko iraungo: baña bukatu baño lenago ikusiko dira munduan iñoiz ez bezelako gerrak, izurriak, edo pesteak: lur ikara arrigarriak: itxasoaren orroa, eta ots izugarriak: eta beregan ezin kabiturik itxasoko urak gañez egiñ, eta banatuko dira errietaraño: eta gizonak, eta emakumeak ibilliko dira arrituak, eta kordebageak bezela, ikararen pasioz zer egiñ eztakitela. Orduan basoetako piztiak, eta abere mota guziak azoratuko dira, eta bere zuloetatik irten, eta jende artera etorriko dira, eta eren orroa, eta insiri lastimagarriakin aditzera emango due guzien despeitu, eta bukatu bearra, Zeruan ere ikusiko dira señale guztiz ikaragarriak: eguzkia illunduko da: illargia odolduko da: izarrak eroriko dira: Zeru guzia nastu, eta iraliatuko da: eta odei illunez bete, eta tenpestade arrigarriak izango dira: alde guzietatik tximistak, turmoi, eta oñazkarrak; erriak, eta errietakoak ondatzen dituztela: eta orien ondoren etorriko da suzko, edo garrezko dilubio, edo ugolde jeneral bat mundu guzia erre, kiskaldu, eta auts biurtuko duena. Zer balioko due orduan munduko jauregiak, palazioak, eta ondasun iruripenekoak? Zer balioko due orduan diruak, urreak, zillarrak, diamanteak, eta beste arri preziatuak? Utsa. Eta zer beste gauzarik balio due oraiñ ere gizonaren egiazko zorionerako? bada eztira gai iñoren biotza osoro kontentatzeko: eta batez ere, laster ill bear duanari, zertako serbitzen diobe, geiago penatzeko baizik? Ala egia N.K. mundu au figura bat bezela da: eta gutxiena uste degunean guretzat desagertzen da. Eta zer probetxu atera bear degu desengañu onetatik? Gure zoriona mundu onetan ez billatzea, baizik beti iraungo duen tokian, Zeruko erreinuan: bala arako egiñak gera, eta an gozatuko degu, ez bakarrik gure animenzat, baita gure gorputzenzat Jaungoikoak preparaturik, edo prestaturik daukan eternidade guziko gloria, betiko atsegin osoa, eta betiko atsedena: eta orretarako aren Majestadeak dauka disponiturik, orain adituko dezuen bezela, aragiaren erresurrekzioa mundua akabatu, eta bereala gertatuko dana.

        3. G. Fedeko egia da orrela, munduan izan diran gizon, eta emakume guziak, txiki, eta andiak ill bear duela: eta guziak piztu, edo erresuzitatuko dirala juizioko egunean? E. Bai N.K.: bakoitza len izan zuan gorputzean Jaunaren agintez bizirik jaikiko da: ala erakusten digu Eskritura Santuak: San Pablo Apostoluak dio: Canet enim tuba, et mortui resurgent. (1. Corint 15.) mundu guzian adituko da tronpetaren ots ikaragarria: eta Aingeru batek deadarrez aginduko du: surgite mortui, et venite ad judicium. Piztu zaitezte illak, eta atozte juiziora: eta puntu artan Jaungoikoaren Majestadeak bere poderio infinitoarekin, nai duan guzia egiteko daukan eskualdi, eta birtute, edo indar kabubagearekin piztuko, edo erresuzitatuko ditu gorputz ill, edo defuntu guziak. Eta ori sinisten, eta konfesatzen degu Kredoan aragiaren erresurrekzioa esaten degunean.

        G. Eta zergatik eztegu esaten gizonaren erresurrekzioa, ezpada bakarrik aragiaren, edo gorputzaren erresurrekzioa? E. Zergatik gizonak parte bi ditu: bata anima, eta ori da prinzipalena, eta anima ezta ilkorra, ezin ill diteke: beste partea da gorputza, eta au bakarrik da iltzen dana, animak usten duenean, edo argandik apartatzen danean: eta ala gorputza bakarrik da piztuko dana, len zuen anima bera atzera biurtzen zaionean.

        G. Nola ordea gorputza usteldurik, eta auts egiñik egongo bada; eta ezurrak leku askotan banaturik arkituko badira, piztu diteke? Eta gorputz bizia izatera etorri diteke? E. Jaungoikoaren poderio infinitoarenzat inposiblerik ezta: ark ezin dagikean gauzarik ezta: ezerezetik, nai izanaz, eta aginduaz beste bage, sortu zituan Zeruak, eta lurra, eta beste kriatura guziak: eta nai izatea, eta agintzea asko du, illik, eta auts egiñik dauden gorputz guziak piztutzeko: eta guziak piztuko, edo erresuzitatuko dituala, argiro erakutsirik dauka Eskritura Santuan: eta dudarik batere izan eztezagun, aren Majestadeak piztu, edo erresuzitatu ditu askotan illak, edo defuntuak: eta Eskritura Santuan, ala Testamentu zarrean nola berrian orrelako asko irakurten ditugu: Elias, eta Eliseo Profetak defuntuak piztu zituen Jaungoikoak eman zien poderioarekin: Jesu-Kristok Lazaro bere adiskidea, eta beste asko ill ezkero piztu zituan; eta bera ere ill ezkero irugarren egunean piztu zan: Apostoluak asko piztu zituen: eta santuen bizitzetan orrelako asko arrezkero irakurten degu: eta ala Jaungoikoak esanik daukan bezela guziok piztuko gaitu juizioko egunean: eta betiko piztuko gaitu, au da ez berriz iltzeko.

        G. Eta nolakoak piztuko dira gure gorputzak? E. Ogeita amairugarren urteko adiñean, guziak izan bear zuen bezelakoak. Eta au txikiak zirala ill ziranak: eta zarturik ill ziranak orobat piztuko dira ogeita amairugarren urteko sasoian ill balira bezela: eta eztue izango lenagoko faltarik: ezta izango orduan ez itxurik, ez muturik, ez errenik, eta ez elbarriturik: Jaungoikoak dagozkien mienbro, eta sentidu guziak, oso emango dizte.

        G. Eta gorputz guziak erabatekoak piztuko dira? E. Guziak beti irauteko, edo ez berriz iltzeko piztuko dira. Baña guztizko diferenzia andiarekin. Ozta justuen animak Zerutik etorririk eren gorputzetan sartuko dira, nun bereala, biziarekin batera, komunikatuko dizte, edertasun, eta atsegintasun miragarri batzuek: arrezkero espirituaren antzeko arintasuna izango due justuen gorputzak: noranai espiritua bezela laster joateko doaia: eguzkiarena baño argitasun andiagoa izango due: nundik-nai batere enbarazo bage igarotzeko subtilezako doaia izango due: Jesu-Kristoren gorputzak izan zuan bezela sepulturatik irteteko, sepulturako losa, edo arria mugitu bage: eta baita inpasibleak, eta imortalak izango dira, au da beti biziko dira: eta iñoiz ere sufritukizunik, eta nekatu bearrik izango eztue: eziñ ezerk miñik batere emango die: eta beti kontentuz, eta pozez beterik arkituko dira. Nor alaituko ezta bada orain N.K., gorputzaren gurariak mortifikatzera: eta beti arrazoiaren, eta Jaungoikoaren lege santuaren mendean sentiduak idukitzera, orrelako zoriona gorputzari berari aseguratzeagatik? Ezta, ala egia, izan ditekean zorakeririk andiena, orain denbora labur batean gorputzari erabageko gusto, edo atsegiñak emateagatik, gorputz orri berorri betiko atsegin kontentuak galdu eragitea: eta betiko tormentuetara kondenatzea? Bai N.K., juizioko egun ikaragarri artan Jaungoikoaren agintez kondenatuen animak Infernutik etorriko dira, eta len izan zituen gorputz aetan beretan sartuko dira: baña, nolakoak egongo dira kondenatuen gorputzak? Guztiz pisuak, guztiz itxusiak: guztiz nazkagarriak: eta ozta eren animakin juntatuko dira, nun bereala penatzen, erretzen, kiskaltzen, arrabiatzen abiatuko dira. Eta orra gorputzaren gusto zikiñak, eta jan-edan erabageak zer dakarden: eta nola zenzu bage, edo juizio bage bizi dan Kristaua, bera dan bere gorputzaren etsairik andiena: bada bere gusto labur batzuek kunplitzeagatik, betiko oñazetara, eta iñoiz bukatuko eztiran tormentuetara sujetatzen du. Jaungoikoak arren argitu, eta zenzatu gaitzala egia izugarri onen konsiderazioarekin.

        G. Eta guzien erresurrekzioaren ondoren bereala zer gertatuko da? E. Ala onak, nola gaiztoak juntatu erazoko ditu gure Jaungoikoak Josafateko zelaian: onak txit pozik airean ara joango dira: baña gaiztoak arrabiatzen, eta ernegatzen bere gogoaren kontra joango dira: baña nai ta ez an agertu bear due, izan ditekean lotsarik andiena sufritzera. Munduko guzien batzarre, edo junta jeneral miragarri ori egiten danean, San Migel, edo Aingeru bat bereala agertuko da, gure Salbadorearen Gurutze Santua, edo gure erredenpzioko Estandarte guztiz ederra berekin dakarrela: zer poza justuenzat, gurutzea mundu onetan Jesu-Kristoren ondoren eraman zuelako! Eta zer damua, eta arrabia gaiztoenzat, mundu onetan, bizimodu on bat egiteko neke puska bat eraman nai izan etzuelako: eta gurutzearen igesi beti ibilli ziralako! Eta gurutzea dakarren Aingeru orrekin batera Zeruko Aingeruen ejerzitoak, gloriaz janzirik etorriko dira, eren Errege Soberanoari korte egitera: eta orduan Jesu-Kristo gure Jauna tronu, edo jarleku guztiz argi, eta eder batean, odei zuri baten gañean, bere poderio, eta Majestade, edo anditasun guziarekin agertuko da: eta aren aldamenean, eren tronu eder argietan jarriko dira Maria Birjiña Santisima, Apostoluak, eta aen antzeko Santuak, eta justuak, Jesu-Kristori humiltasunean, pobrezan, karidadean, pazienzian, eta beste birtutetan jarraio ziobenak, Jesu-Kristorekin batera mundu guzia juzgatzeko: eta dagokien honra, eta gloria guzien aurrean goza erazotzeko.

        G. Eta zer egingo du orduan Jesu-Kristo, guzion Juez soberanoak? E. Iru gauza guztiz izugarriak, eta ezurretaraño ikaraz igarturik bat uzteko diñakoak. 1. Onak, eta gaiztoak alkargandik betiko apartatu erazotzea. 2. Guzion pekatuak, eta obra onak publikatzea: eta 3. betiko sentenzia ematea. 1. Aingeruak bada, Ebanjelio Santuak dion bezela, justuen artetik bereziko, edo aterako dituzte gaiztoak, eta ezkerreko aldean ipiñiko dituzte, eta justuak eskuiko aldean. A! zer apartatze lotsagarria, eta zein sentikorra! Aita semeagandik; ama alabagandik; senidea senideagandik: senarra emazteagandik: aideak aideakgandik: adiskideak adiskideakgandik, bizimodu, eta suerte diferenteak izan bazituen betiko apartatuko dituzte: eta arrezkero alkar iñoiz ere ikusiko eztue. Justuak ala ere damurik batere artuko eztue: zerren ezagutuko due, Jaungoikoaren juizioaren zuzentasuna, eta eren kulpaz gaiztoak betiko apartatze lotsagarri ura merezi izan duela: baña gaiztoak, eta batez ere munduko poderosoak, aberatsak, honratuak, agintariak, eta pobretxoak ezertan etzeuzkenak, nolako pena, nolako naigabea, eta nolako lotsa naitaez sufritu bearko due; kondenatuen artean, ainbeste pikaro, traidore billau, eta lapur infameren artean eren buruak ikusten dituenean! Baña 2. Zenbat aziko da oraindio lotsa ori, egin zituen lotsagarrizko pekatu, edo gaiztakeri guziak, ezkutuan eduki zituenak, eta bearbada lotsaren pasioz konfesatu ere etzituenak, eren ezagun guzien, eta munduko guzien aurrean nabarbendurik, barreaturik, eta argiro ezaguturik ikusten dituenean! Nork aditzera eman dezake orduko lotsaren mintasuna, eta garraztasuna? bada eztago erremediorik: oraiñ egiazko penitenziarekin, eta konfesio humill batekin zuen pekatuak borratzen, eta desegiten ezpadituzue; zuek ezkutuan egindako loikeriak, lapurretak, dollorkeriak, eta maldade guziak an agertuko dira: eta betiko lotsa guztiz arrigarria sufritu bearko dezue: eta kontrara, egiazko penitenziarekin, eta bizimodu on batekin erremediatu baziñaten, zer konsueloa, zer poza, eta zer atsegiña izango da zuena, justuen artean zuen buruak ikusten dituzuenean! Eta zuen obra on guziak ere, eta justu guzienak mundu guziaren aurrean, banidadearen bildur bage, Jaungoikoaren honrarako, eta zuen gloriarako publikaturik ikusten dituzuenean! Orduan Jesu-Kristoren imitazioko liburu guztiz preziatuak dion bezela: Zenbat atsegin, honra, eta gloria geiago izango due, emen penitenzia egiazko baten negarrak isuri zituenak, munduko gusto, eta alegria guztiak gozatu zituenak baño? Zenbat poz, eta kontentu andiagoak izango ditue orduan, oraiñ aragiaren, edo gorputzaren gurariak, eta griña gaiztoak eskuratzen dituenak, ezenez oriek kunplitzen dituenak? Hitz batean esan dezagun: Jesu-Kristori ondoena jarraitu ziobenak humiltasunean, pazienzian, biotzeko pobrezan, mortifikazioan, eta karidade egiazkoan, au da Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio egiazko eragillean, ikusiko dira honratuenak, altxatuenak, eta distingituenak guzien aurrean: eta kontrara munduari jarraio zioben arroak, edo soberbioak; gutiziosoak; eta atsegin loi zikinzaleak: Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioa exerzitatu etzuenak: munduan beren zoriona billatu zuenak; ikusiko dira lotsaturik, deshonraturik, eta betiko desditxara kondenaturik. Eta ala 3. guzien Juez Soberanoak, guziaren berri ondo dakienak bezela, bakoitzari emango dio dagokion sentenzia: baña: nolako sentenzia? Apelurik eztuena: betiko emango dana: bereala kunplituko dana: eta iñoiz ere desegingo, edo errebokatuko eztana. Justuai, edo onai, aurpegi guztiz gozo, eta amoriozko batekin esango die Jesu-Kristok: atozte nere Aitaren bedeinkatuak, atozte munduaren asieratik zuenzat preparaturik dagoan Zeruko erreinua gozatzera: bada gose ninzanean, jaten eman zinduedan, egarri ninzanean, edaten eman zinduedan, narrugorrian nengoala, jantzi ninduzuen: eta onela beste miserikordiazko obrak nerekin egin zinduzuen. O! zer poza: O! zer deia, atozte! Doatsuak esango due: Noiz Jauna, jana, edana, jantzia eman dizugu? eta Jesu-Kristok eranzungo die: arako pobretxoai egin ziñien miserikordiazko obrak, neuri egin zinduztedan: pobreari egiñak, neuri egiñak bezela artu nituan: A! zenbat balio duen nere Kristauak Jaungoikoaren begietan biotz errukitsuak, ongilleak: Lagunari gogotik barkatzen, eta on egiten dakianak! eta zein erraz orrelakoak beretzat irabazten duen Jaungoikoaren errukia, piedadea, miserikordia, eta pekatuen barkazioa, edo ori seguratzeko, edo penitenzia egiazkoa egiteko bear duen Zeruko laguntasuna! Bada ikusten dezue aiñ argiro juizioko egun ikaragarri artan miserikordiazko obrakgatik batez ere ematen duela Jesu-Kristo gure Jaunak faboreko sentenzia: eta Zeruko gloria miserikordiaren, eta lagunari Jaungoikoagatik egiten diogun karidadearen saria dala. Eta kontrara Jesu-Kristok berak aurpegi asarrezko batekin gaiztoai esango die: Ite, discedite a me maledicti: zuazte, nigandik aparta zaitezte madarikatuak: zuazte betiko nere begietatik: zuazte; baña nora? betiko Infernuko surtara: deabruenzat, eta bere zorigaiztoko lagunenzat preparaturik dagoan suzko leze penagarri artara: bada premian nengoela ez nazue alimentatu; ez nazue jantzi; gaixo nengoela ez nazue bisitatu; eta miserikordiarik nerekin egin eztezue: eranzungo diobe: Noiz Jauna, orrelako premian ikusi zaitugu? eta Jesu-Kristok esango die: Pobreai ukatu diezuena, neuri ukatu didazue: eta ala eztago zuenzat errukirik. Eta esan, eta egin, bereala anima, eta gorputz batzuek Zerura betiko igoko dira, eta besteak Infernura betiko jatxiko dira. Onak betiko zorioneko bizitza gozatzera: gaiztoak betiko zorigaiztoko bizitza penagarri bat, betiko eriotza triste baten izena duena padezitzera, eta sufritzera. Onak, Zeruko Errege Jesu-Kristoren, Ama Birjiña Santisima Zeruetako Erregiñaren, eta Apostoluen, eta Santuen konpañia gozo, atsegiñezkoan, Zeruko ondasunak, eta kontentuak beti gozatzera, iñoiz ere beren zoriona galtzeko bildur bage: eta gaiztoak deabru guzien, eta aen zorigaiztoko lagun madarikatuen konpañian betiko tormentuak, betiko oñaze guztiz sentikorrak, betiko naigabeak, betiko desesperazioak, eta arrabiak sufritzera. Eta orra N.K. onaen, eta gaiztoen paradero, zein diferenteak: eta orain zer deritzotzue, gauza oek, fedeko egiak bezela sinisten dituen Kristau askoren itxumenari, eta ardurabagetasunari? Kristauak nola izan ditezke eren buruen aiñ etsaiak, nun munduko honra, eta banidade puska bategatik, interes, edo ondasun labur bategatik; aragiaren gusto, edo atsegin bategatik, jarri ditezkean, eta jakiñaren gañean, betiko honra, eta gloria, kaburik eztuen ondasunak: eta iñoiz bukatuko eztiran atsegin kontentuak galtzera? Nundik dator itxumen, eta erakeri arrigarri au? Konsiderazioaren, eta orazioaren faltatik dator gaitz izugarri ori. Eta ala N.K., egiaz, eta benetan zeuron buruak libratu nai badituzue betiko infernulik, eta seguratu betiko gloria, oitu zaitezte egunoro fedeko egia andiak, ala bildurgarriak, nola pozgarriak konsideratzera. Eta batez ere, Nobisimoak, edo zuen betiko paraderoa, edo zorigaiztokoa, edo zorionekoa: eta Jaungoikoari eskatu egiozue humildade, eta konfianza oso batekin, arren eman degizuela: 1. bere argia zuen salbazioaren inportanzia egunoro, ta obeto ezagutzeko. 2. Gogo bizi bat oraindañoko pekatuen penitenzia egiazkoa egiteko: eta 3. bear dezuen grazia, eta indarra pekatuari largatzeko: oitura gaiztoak ezitzeko, eta goitzeko: konfesio humil bat egiteko: eta aurrera bizimodu kontuzko bat egiteko: eta orretarako egunoro zuen konsiderazioa, eta orazioa berritzeko: bada onetara jarten ezpazerate, deabruak, munduak, aragiak, eta zuen pasio erabageak, eta aztura gaiztoak erraz itxutuko zaitue: eta Jaungoikoaren lege Santua kontuz gordetzeko, eta zuen anima gaixoak salbatzeko, nai ta ez bear dezuen gogoa, eta indarra kenduko dizue. Baña konsiderazio, eta orazio puskatxo bat egunoro egiñarekin: eta noizen bein konfesio, eta Komunio Santua berrituarekin, iritsiko dituzue bear dituzuen argi, eta indar guziak zuen animako etsaiak goitzeko, eta bizimodu on bat egiteko: eta orrela seguratuko dezue, bertatik zuen barruko, edo biotzeko pakea, eta gero betiko Koroa Zeruko glorian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa