www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEITA BATGARREN DOTRIÑA

 

Infernuko penaen gañean.

 

        Zeruko gloriaren konsiderazioa, birtuteari, edo bizimodu on bati darraizkan Kristauenzat da guztiz gozoa, atsegingarria, eta probetxugarria: zerren zorion infinito ura iristeko, edo alkanzatzeko esperanzak, eta deseoak agitz alaiatzen, animatzen, eta indartzen ditu Zeruko bidean arkitzen dituen nekeak pozik sufritzera: eta eren pasioak, edo griña gaiztoak eskuratzera: bada Infernuko betiko penaen konsiderazioa guzionzat, eta batez ere Kristau burugogorrak, eta pasio biziak, edo moldakaitzak dituenenzat, agitz da eragilleagoa, eta indarsuagoa: zerren gure amorio propio erabagea, errazago edo obeto goitzen, eta eskuratzen da, kastigu andi baten bildurrarekin, ezenez sari andi baten esperanzarekin; eta nola gure Jaungoikoak guziok beraganatu, eta salbatu nai ginduzke, baña indarrik gure libertadeari egin bage: gure borondatea irabazteko, eta pekatuari larga eragiteko, eta birtutea laztandu eragiteko, bide guztietatik baliatzen da: eta ala bildurrezko motibo guztiz andiak txit sarri Eskritura Santuan gogora ekarten dizkigu gu ondutzeko, eta salbatzeko: eta ala ere zenzatu nai ezpagera, eta gure Aita onari, eta ongille guztiz andiari bezela amorioz obedezitu nai ezpadiogu, gure juez justuak bezela, arrazoiaz, eta justiziaz betiko kondenatuko gaitu, ondo merezi izan degunak bezela, kejarik batere emateko biderik gelditzen etzakula. Jaungoikoari atsegin emateagatik bada, N.K.: eta gere buruak betiko ez galtzeagatik, zenzatu gaitezen arren guziok: eta sarri gogoan erabilli dezagun, ez bakarrik Jaungoikoaren ontasuna, errukia, piedadea, eta miserikordia, esker onarekin egin dizkigun mesede guztiz andiai eranzuteko; baita ere Jaungoikoaren justizia, eta zuzentasuna, pekatuari dion gorroto guztiz arrigarria, eta aren aserre justuak esker gabenzat, pekatuan gogortzen diranenzat, prestaturik daukan betiko kastigu izugarria: eta aiñ arrigarrra, ze nola Zeruko gloria dan ondasun, eta atsegin guziak beti gozatzen egotea, iñoiz ere galtzeko bildurrik bage; ala Infernuko betiko pena da, izan ditekean tokirik penagarrienean, etsai amorratuen artean, betiko zoriona galdu duelako damu, eta tristura doloregarri, eta arrigarri batekin; kaburik izango eztuen tormentu, oñaze, eta gaitz mota guziok sufritzen egotea, iñoiz ere alibiorik batere izateko esperanza bage. Eta ona, hitz gutxitan, zer dan Infernuko pena, iñoiz ere bukatuko eztana: baña obeto kargu egin zaitezten, eta zuen biotzetan obeto sartu dedin pena orren bildur andi bat, eta pekatuaren gorroto andiago bat, zeago esan bear dizuet. 1. Infernuko tokia, eta ango lagunak nolakoak diran. 2. Anima kondenatuak sufritzen dituan penak nolakoak diran. 3. Gorputzak ere juizio jenerala ezkero, izango dituen tormentuak, eta oñazeak ezin arrigarriak diran: eta 4. nola pena oriek guziak beti-beti iraungo duen: eta zergatik Jaungoikoak eternidade guzirako pekatariak, agrabiorik batere egin gabe, justizia guziz zuzenarekin kondenatzen dituan. Atenzioa eskatzen dizuet N.K.: eta Jaungoikoari arren nai dakiola guziok argitzea, eta benetan gure biotzak ukitzea.

        1. G. Zer da bada Infernua? Eta nolakoak dira an dauden lagunak? E. Infernua da, lur-pean Jaungoikoaren justiziak, munduaren asieratik paratu, edo prestatu zuan toki bat guziz illuna, eta ikaragarria: guzia suz, garrez, eta kez beterik dagoana: iñundik argirik sartzen etzaiona: eta ala ere an dauden guztiak alkar ikusteko diña argi illun daukana: eta ango sua da, Jaungoikoak berariaz an sortua, iñoiz ere itzaltzen, edo emendatzen eztana: beti erretzen duena: eta Jaungoikoaren justiziaren Borrero, Ministro, edo instrumentuak bezela, kondenatu bakoitzari, bere pekatuai dagokien neurrian eren tormentu, edo kastigu justua ematen diena: zenbat pekatu geiago, eta andiagoak batek egin zituan, anbat geiago erretzen du, eta tormentatzen du: baña, badakizue, pekatu mortal bat bakarrik asko dala, betiko su izugarri aren tormentua merezitzeko: eta soberbiazko pekatu mortal batean konsentitu zuelako, daude ainbeste milloi Aingeru eder ziranak, Deabru, edo Demonio egiñik, eta Infernuko su ikaragarri artara kondenaturik: bada Infernuko suak Jaungoikoak berariaz eman dion indar, edo birtute miragarri batekin, ez bakarrik erretzen ditu gorputzak, baita erretzen, penatzen, eta tormentatzen ditu espirituak, eta animak: eta aiñ bizia, aiñ indarsua, eta aiñ eragillea, eta erretzallea da Infernuko sua, nun munduko surik bizienak, eta andienak Santuak erakusten diguenez pintatuak bezela dira Infernuko suaren aldean. Zuek karobi irazeki batean ikusiko bazendue zuen ezagun bat, edo beste edozein erretzen, eta oñazez ler, eta eztanda egiten dagoala, ezin illik, eta sentidu guziak beti bizirik dauzkala; errukituko ziñateke, larrituko ziñateke, eta al bazendue, andik len baño len ateratzeko alegin guziak egingo zinduzke: bada Infernuan erretzen dana, karobi irazeki batean baño su biziagoan dago: beti erretzen, kiskaltzen, penatzen, eta oñazearen pasioz eztanda egiten dago, eta ala egon bear du eternidade guzian: eta ezin iñork andik atera dezake; eta ezin alibiorik dan txikiena ere eman leikio: eta Ebanjelio Santuak berak esaten digu; Infernuan erretzen zegoan aberats gutizioso zorigaiztoko ark, Abran Patriarkari erregutzen ziola, arren bidaldu zegiola Lazaro pobre izana, baña santua, Abranen senoan zegoana, beatz punta bat urtan bustirik, aren mingaña ukitzera, eta sugar penagarri artatik zerbait alibiatzera: gauza txikiagorik ezin eskatu zezakean: etzuan eskatzen pitxar bat ur, ez eta esku guzia ondo bustirik, arekin ukitzea ere; baizik beatz punta bat bakarrik bustirik, aren ukitzeak bakarrik eman zeikion alibio guztiz laburra: baña ori ere etzuan iritsi, ori ere ukatu zitzaion. Eta ortik kontu atera ezazue N.K.: nolakoak diran Infernuko su izugarri ark ematen dituan pena, oñaze, eta tormentu arrigarriak; eta nola orien aringarririk, edo alibiorik iñoiz ere ezin iritsiko duen: eta ori fedeko egia izanik, nola arkitzen dira ainbeste Kristau sinistuko ezpalue bezela, pekatu mortalean ardurabage bizi diranak? Ori dator N.K., pasio gaiztoen itxumenetik, eta konsiderazioaren faltatik. Piztu dezagun bada arren gure fedea: gogora sarri ekarri dezagun Infernuko toki izugarri ura, eta ango su ikaragarria, iñoiz ere itzaliko eztana, eta beti kondenatuak erretzen, kiskaltzen, eta tormentatzen dagoana: eta zenzatu gaitezen betiko zorigaiztokoak izan nai ezpadegu.

        G. Eta an dauden zorigaiztoko lagunak nolakoak dira? eta bata besteari alibiorik, edo konsuelorik ematen ote diobe? E. An daudenak dira Deabru, edo Demonio izugarriak: Jaungoikoaren, eta gizonaen gorroto bizian dauden etsai amorratuak; Jaungoikoa betiko galdu duenak: Jaungoikoaren betiko aserrean daudenak: eta ala demonioak, nola beste kondenatuak beti alkarrekiko gorrotoan daude: an ezta pakerik: an ezta adiskidetasunik: eta mundu onetan adiskiderik maiteenak izan ziranak, eta alkarri pekatu egiten lagundu zienak, dirade eren artean etsairik amorratuenak: eta bata besteari beti birauka, edo maldizioka daudenak. An gurasoak, eta humeak, senar-emazteak, alkarri Zeruko gloria irabazten lagundu bear ziobenak, baña bata besteari pekaturako bidea eman zienak, eren eskandalo, aserretasun, eta eragabeko bizimoduarekin, alkarren betiko gorroto bizian daude: eta alkar beti madarikatzen ari dira. A, zer diferenzia arrigarria N.K. Zerutarrak izan ditekean tokirik atsegiñezkoenean, eta lagun guztiz Santu, eta maitagarrien konpañia gozoan beti: eta kondenatuak beti izan ditekean tokirik penagarrienean, eta beti etsai amorratuen artean: beti erretzen kanpotik, eta barrundik: eta beti desesperatuak bezela alkar madarikatzen! Autu ezazue bada orain N.K., zein toki, eta zer lagun betiko nai dituzuen: baña egiten dezuen aukera benetan aseguratzeko, neurriak gogotik artu itzatzue. Penitenzia egiazkoa, eta bizimodu berria nai ta ez bear dezue: eta orretako laguntasuna Jaungoikoari sarri eskatu; eta zuen eragabeko pasioak, eta aztura gaiztoak eskuratzeko alegin biziak, au da indar egin bear dezue: bada bestela Infernura jatxi bearko dezue, eta esan ditugun betiko penak, arrigarriak, eta ikaragarriak badira ere, oraindio agitz andiagoak dira eternidade guzian sufritu bearko dituzuenak, ala animaren aldetik, nola gorputzaren aldetik.

        2. G. Anima kondenatuak Infernuan sufritzen dauden penak nolakoak ote dira? E. Ori ondo ezagutuko, eta biziro sinistu, eta konsideratuko bagendu, asko genduke pekaturik batere ez egiteko, eta munduko neke guziak pozik sufritzeko: eta guk emen ezagutu al, eta esan al baño geiago, eta arrigarriagoak badira ere; diot Elizako Doktore, edo maisu andi Santo Tomas de Akinorekin batera, bi modutakoak dirala anima kondenatuaren penak: batari deitzen zaio kalteko, edo dañuko pena: eta besteari sentiduko, eta oñazezko pena. Eta biak dagozkio justamente pekatu mortalari: zerren pekatu mortal egiten duenak, gauza itxusi bi egiten ditu. 1. largatzen du, uzten du, despreziatzen du, eta injuriatzen du Jaungoikoaren Majestadea, bere jabe soberanoa, bere egillea, bere atseden, gloria, eta zorion guzia bakarrik egin zezakeana: eta 2. bere gusto guzia, bere borondatea, eta bere gogo, eta amorio guzia ipintzen du kreatura bategan, naiago duela Jaungoikoaren borondatearen kontra, edo honra, eta anditasun bat, edo ondasun, eta interes bat, edo gusto, eta atsegin loi zikin bat. Eta ala kriatura bategatik Kreadorea bera usten, eta despreziatzen duelako, arrazoiaz, eta legez merezi du Kreadoreak betiko larga dezan, utzi dezan, eta bere zorioneko bistatik, eta konpañiatik betiko bota dezan, eta desterratu dezan: eta orobat Kreadorearen injuriarekin, eta desprezioarekin kreaturetan bere amorio guzia ipiñi duenak merezi du, kreatura guziak aren kontra altxatu ditezen, eta gaitz mota guziakin kastigatu, eta penatu dezen. Baña nork bear bezela ezagutu, eta aditzera eman lezake zer dan Jaungoikoa betiko galtzea: eta zer dan beti penatzen, eta gaitz mota guziak beti sufritzen egotea? Eta orra ala ere, nolabait orain aditzera eman bear dizuedana. Eta 1. Diot, Jaungoikoa betiko galtzea dala animaren penarik andiena: Jaungoikoaren gloria, eta aren izate, eta edertasun neurribagea, eta guztiz maitagarria iñoiz ezin ikusi izatea: eta animarentzat Jaungoikoak zeuzkan kabubageko ondasunak, atsegiñak, eta kontentuak betiko galtzea da tormentu guzien tormentua, pena guzien pena: Infernuko oñaze guziak baño penagarriagoa, eta mingarriagoa. Baña bearbada batzuok esango didazue: guk Jaungoikoa ikusten eztegu; eta ala ere esateko penarik eztegu: Nola bada izan diteke pena guzien andiena, guzien gañekoa, guzien azgarria; eta beti surtan erretzen egotea baño andiagoa, eta miñagoa Jaungoikoa ezin iñoiz ikusi izatea, eta betiko galtzea? Egia esango zenduke, orain zaudeten illunpean, eta itxumenean beti egon bear bazendue: gorputzeko karzela onetan gauden artean, itxuak, eta satorrak bezela gaude: baña ozta anima gorputzetik irteten da, argiro, edo klaru ikusten du Jaungoikoarenzat egiña dala: Jaungoikoagan bakarrik bere zorion guzia, betiko ditxa, eta felizidade guzia, eta kaburik eztuena arkitzen dala: uraxe dala aren zentroa, aren azkeneko, eta zorioneko fiña, edo paraderoa: eta bestetan ezin arkitu dezakeala sosegurik, atsedenik, eta deskansurik: eta bere indar guziarekin bereala nai luke bere zentrora eldu: goserik, edo egarririk andiena duenak eztu aiñ ansia andiarekin billatzen jana, edo edana, nola animak, gorputzetik irten ezkero, billatzen duen Jaungoikoa ikustea, eta gozatzea: ura da bakarrik bere gose, eta egarri guzia; eta bere deseo guziak kunplitu, ase, eta kontentatu leizkiona: eta ansia ori, Zerura doazenak bereala kunpliturik ikusten due: eta betiko pakea, deskansua, eta atseden guziz osoa iristen due: baña Infernura doazenak, ansia bizi ori betiko dauke; eta iñoiz ere kunpliturik ikusiko eztue: eta beti arrabiatzen daude: eta Jaungoikoaren, eta eren buruen gorroto bizian arkitzen dira: aenzat destinaturik zeuden betiko honrak, betiko ondasunak, betiko atsegiñak eren kulpaz betiko galdu dituela ikusteak ematen die aiñ pena arrigarria; nun orren paretik ezin arkitu liteke: eta argatik San Juan Krisostoniok, guk baño Zeruko argi geiago zeukanak bezela, bere puebloari egiten ziozkan sermoietan, esaten zion: batzuek Infernuan erretzearen bildurra baizik eztue: baña nik diot, Zeruko gloriaren galtzea dala garratzagoa, izugarriagoa, eta mingarriagoa. Zergatik ordea alako pena izan bear due? Zergatik kaburik, fiñik, eta neurririk eztuen ondasun soberanoa beti gozatzen egoteko egiña da gure anima, eta ondasun ori betiko galtzea da izan ditekean kalterik andiena, kaburik eztuen kaltea eta orregatik da penagarriena. Eta ori nolabait barruntatzeko, pensa ezazue; Españiako Erregearen seme nagusiena, Erreinu guziaren jabe izateko puntuan dagoala; preso artu, eta erreinutik kanpora betiko desterratu, eta ill artean karzela, edo ziega illun, alde guzietatik kiratsa, eta usai nazkagarria baizik eztan batean sartuko, eta kateaz loturik edukiko balue; nolakoa izango litzate zorigaiztoko Prinzipe aren betiko pena, aren tristura, eta naigabea, eta aren desesperazioa, eta arrabia? Bada zer du zer ikusi Españiako ezeze, mundu guziko Erregetasunak, eta emengo ondasun guzien jabetasunak, Zeruko betiko erreinuaren, eta betiko gloriaren aldean? Eta zer due zer ikusi laster bukatuko diran munduko penarik, tristurarik, eta oñazerik arrigarrienak, Infernuko betiko pena, eta tormentuen aldean? Eta ala, N.K., arren beti gogoan eduki itzazue Jesu-Kristo gure Jaunak berak esan zizkigun egia andi oek biok: Zer serbitzen dio, edo zer probetxu du gizonak mundu guziaren jabe izatearekin, galtzen badu bere anima? Quid prodest homini, si universum mundum lucretur, animae vero suae detrimentum patiatur? Eta etzaiteztela gorputzeko bizia kendu deikezuenaren bildur izan: bai bildur izan zaitezte, gorputza, eta anima Infernura botatzeko eskualdia, edo poderioa daukanaren. Hunc time. Zer zorakeria andiagorik, eta itxumen arrigarriagorik izan diteke, ori guzia fedeko egia bezela sinisten duen, eta ala ere munduko ezerezkeria, eta atsegin labur batzuakgatik betiko zoriona galdu, eta betiko zorigaitza bere buruari bere kulpaz ekarten dion Kristauarena baño? bada ez bakarrik kondenatzen du bere anima; baita ere animaren potenzia guziak obligatzen ditu, eternidade guzian penatzen egotera. Ara nola Zeruan animaren adimentua, memoria, eta borondatea kaburik eztuen zoriona beti ezagutzen, ikusten, eta amatzen, eta gozatzen okupaturik dauden; Infernuan kontrara daude pena arrigarriak ematen dien gauzarik tristenak, eta izugarrienak beti konsideratzen; beti gogoratzen; eta Jaungoikoaren, eta eren buruen kontra gorroto, eta aserre guzia beti berritzen: bada beti ari zaie artxikatzen, eta ler eragiten eren konzienziaren arra: iñoiz ere illko eztan arra: bere zorakeria, bere itxumena, bere gaiztakeria, eta malizia beti gogora ekarten diela: alako moduan, ze fortuna, eta zorion anditzat artuko luke ill al balitez, desegin, ezerezera biurtu, edo betiko akabatu al balitez: bada Infernuko penaen artean arrigarrienetatik bat da beti bizitzea, ezin ill izatea, eta beti penatzen egon bearra. Baña anima kondenatuak esan ditugun bere pena propioaz gañera beste penarik izango ote du? Bai, munduan izan zuen bere gorputzari dagozkion pena, oñaze, eta tormentuak ere beti sufritu bearko ditu.

        3. G. Nolakoak izango dira gorputzaren aldetik padezituko dituan penak? E. Ori ezagutzeko eztezue gogora ekarri baizik, len esan degun bezela, 1. su guztiz bizi, eta beti irazeki batean beti erretzen, eta kiskaltzen egon bear duela animak, eta gorputzak; eta ez bakarrik kanpotik, edo azaletik, baita barrutik ere, eta ez bakarrik gorputzaren zati, edo mienbro batean, baizik mienbro guzietan, eta sentidu guzietan, alako moduan, ze eztu izango gorputzeko parterik txikiena ere, erretzen, penatzen, eta oñazez beterik eztagoanik: eta orrez gañera bost sentidu jakiñak, au da begiak, belarriak, sudurrak, sabore, edo gustoak, eta ukitze, edo taktoak, izango ditue eren tormentu, eta pena propioak, pekaturako bidea eman zuelako ondo mereziak.

        Begiak Infernuan izan ditezkean gauzarik itxusienak, eta izugarrienak beti ikusten ariko dira. Demonio, eta kondenatu beltz itxusi ikaragarriak beti begien aurrean edukiko ditu. Orain begiak gaizki darabiltzanak, lurreko edertasun puska bati begira zoraturik dauzkanak, eztu sekulan ikusiko beti penatuko duen deabru, eta kondenatu ikaragarriak baizik.

        Belarriak beti egongo dira enzuten deabru, eta kondenatuen negar tristeak, deadar, garrasi, birau, mnaldizio, eta blasfemia ikaragarriak: A zer musika, eta soñuak! eta ori guzia, eta geiago, emen gustoz enzuten zituzten Jaungoikoaren ofensako hitz loi, kanta, eta kopla zikin, eta murmurazioen orde izango due.

        Sudurrak pena guztiz arrigarria izango due, kondenatuen gorputzak botatzen duen usai ustel, eta kirats loi zikin nazkagarria ezin eramanik: emen usai gozoen zaleak erabage izan ziralako.

        Sabore, edo gustoak, ainbeste pekatu munduan eragin zituanak, Infernuan gose-egarri amorratuak beti sufritu bearko ditu: eta guztiz minduko duen janari, eta edari samiñak baizik emango eztiobe.

        Azkenik, taktoak edo ukitzeak, emen bigunzale, eta erabageko atseginzale izan zanak, Infernuan beti egongo da dolorez, oñazez, eta garraztasunez penatzen: eta emen sartzen da Jaungoikoaren justiziaren aserrea, eta zuzentasuna, bakoitzaren gorputzari dagozkion penaen neurria ematen diela: zertan geiago pekatu egin zuen, artan bertan pena geiago emango die: batzuei askoz geiago, beste batzuei baño. Baña penarik gutxiena, edo txikiena duenak izango du aiñ pena arrigarria, nun munduan ikusi diran, eta aditu diran penarik, tormenturik, eta oñazerik arrigarrienak, guzi-guziak batek sufritu bear balitu ere, eta ez denbora gutxian, baizik emen bizi dan arte guzian: ametsak bezela, edo irudipenak bezela dira Infernuko pena, ta oñazaen aldean. Gogora ekarri itzazue Martiri Santuak sufritu zituen tormentu arrigarriak: nola su bizian egosten zituzten: nola puskaka aragi zatiak kentzen zizten: nola laurdentzen zituzten: nola beren zañ guztiak tiraka urratzen zizten: nola tenaza goriakin narruak, eta aragiak erretzen, eta atormentatzen zizten: adituaz beste bage ikaratzen gera: Zer izango litzateke bada, pena, eta tormentu aek guziak, eta gorputzak izan oi dituen beste eritasun, eta gaitz mota guziak, ez denbora labur batean, ezpada urte askotan, alibiorik batere bage, sufritzen batek egon bear balu? Nor arrituko ez litzateke jakiñaz beste bage, pena oriek guziak bere guraso, seme, edo alaba, senar, emazte, aide, adiskide, edo ezagun batek nai ta ez sufritu, edo padezitu bear dituela? Eta are geiago bakoitzak berak bere buruari pena oriek guziak bere kulpaz ekarten diozkala konsideratu nai badu? Bada pekatu mortalean dagoala iltzen danak, pena oriek guziak bere buruari egozten diozka, eta betiko egozten diozka: au da eternidade guzirako bere kulpaz galtzen du kaburik eztuen gloria, eta zoriona: eta ezin esan al baño tormentu, oñaze, eta dolore arrigarriagoak nai ta ez beti sufritu bear ditu Infernuko su bizi, irazaki artan iñoiz ere alibio, edo konsuelorik dan txikiena izateko esperanza bage.

        4. G. Eta fedeko egia da Infernuko pena oriek guziak beti-beti iraungo duela: eta Jaungoikoa iñoiz ere errukituko eztala Infernura doazen zorigaiztoko aezaz? E. Bai N.K.: fedeko egia da: eta ori sinistu nai eztuana hereje gogor itxua da: eta betikotasun, edo eternidade ori zer dan, ondo pensatuko bagendu, argiro ezagutuko genduke gure zoramena, itxumena, eta juizioaren falta: bada, zer da bizitzarik luzeena eternidadearen aldean? Ezerez bezela: ordu bakar bat eun milloi urteren aldean baño ere gutxiago: bada denborak badu bere muga; badu bere plazoa; baña eternidadeak mugarik eztu, kaburik eztu, fiñik izango eztu. Kontu atera ezazue munduaren asieratik onera gizon, eta emakume guziak zenbat ille eren buruetan izan dituen: Nork konta litzake? bada beste ainbeste urte, nola buruko ille guziak izan dituen, igaroko dira, eta eternidadea puskarik batere kendu bage geldituko da: orduantxe asiko baliz bezela oso-oso egongo da: oraindaño munduan sortu diran gari bikor, arto bikor, orri, eta belar ainbe urte igaroko dira: eta ala gloriako, nola Infernuko eternidadea batere gutxitu bage geldituko da: aurrera ere beti bat, beti oso egongo da. Ona beste konparazio, edo antz bat ori bera aditzera emateko: munduko itxaso, ibai, erreka, eta osin guztietan dagoan ur guzia (azi bage dagoala) milla urtetik milla urtera txingurritxo batek ur txorta bat baizik artzen eztuela, noizbait ur guzia akabatuko luke: legortuko lituzke itxaso, ibai, erreka, eta osin guziak baña noizko? nork kontua atera lezake? bada denbora oriek guziak millaka bider doblaturik igaroko dira, eta Infernuko penak, eta baita Zeruko atsegiñak ere, asi berriak bezela orduan ere izango dira: zerren betiko izango dira: kaburik, eta fiñik iñoiz ere izango eztue. Au bai dala, N.K., ondo konsideratzea merezi duen fedeko egia. A zein laister pekataririk gogorrenak, eta itxutuenak ere zenzatu, eta konbertituko liratekean, pensamentu santu au sarri gogora ekartera oituko balira! Ez lirateke ikusiko munduan ainbeste Kristau arro, gorazale, andizale, soberbia darienak, eta oñ azpian besteak dauzkatenak. Ez lirateke ikusiko ainbeste gutizioso, naiz zuzen, naiz oker, besteren ondasunak beretzen dituenak: ainbeste luxurioso, atsegin loi zikiñak lotsa bage billatzen dituenak: ainbeste aserre, eta bendeku, enbidia, erabageko jan-edan kaltegarriak, eta ainbeste atzerapen, iguitasun, nagitasun, eta alpertasun animako gauzetarako: salbazioaren egiteko andirako. Eternidadea gogoan bagendu, betiko Infernutik libratzeko, eta betiko gloria iristeko alegin guziz biziak egingo ginduzke: pozik gere borondate gaiztoa ukatuko genduke: pozik nekeak, naibageak, eta trabajuak sufrituko ginduzke: eta Jaungoikoaren borondate santua gauza guzietan egingo genduke: baña azkenik zorigaiztoko eternidadeak ikaratzen zaituelako, arriturik diozue.

        G. Zergatik gure Jaungoiko guztiz onak, eta guztiz errukitsuak ainbeste milloi urteren buruan, errukirik, piedaderik, eta miserikordiarik izango eztu, berak lenago aiñ maite izan zituan ainbeste milloi animakin? E. Orregatik berorregatik: au da, 1. zergatik Jaungoiko bat aiñ ona, aiñ errukitsua, eta aiñ ongillea amatu nai izan etzuen: eta ainbesteraño despreziatu, eta injuriatu zuen; nun geiago estimatu zuen eta amatu zuen kreatura ezerez bat, bere Kreadorea, bere Egillea, eta bere Jabe soberanoa baño: eta ori maldade, edo gaiztakeri bat aiñ arrigarria, eta aiñ neurribage da, nun Infernuko betiko penakin ere, bear adiña kastigatzen eztan: eta erraz ala ere penitenziarekin, eta Jesu-Kristoren merezimentu kabubageakin mundu onetan barkazioa iritsi zezakeala, pekatuan gogortu ziran, eta pekatuan ill ziran: eta 2. zergatik miserikordiako denbora igaro zan: eta ill ezkero penitenziarik egiteko lekurik eztago: arrezkero onerako, eta gaitzerako libertaderik eztago eta pagatzen eztan zorra beti bere oñean dago: eta azkenik 3. zergatik ezin utsik egin dezakean Jaungoikoaren justiziak, iñori bide gaberik, edo agrabiorik egin gabe, ala ordenaturik daukan: eta ala aseguratzen digu, denboraz zenzatu gaitezen. Eztago bada beste erremediorik, N.K.: penitenzia egiazkoa, eta bizimodu on bat egitea baizik: Jaungoikoak berak digula arren orretarako bere grazia eta gero sekulako gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa