www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN DOTRIÑA

 

1. Aingeruak zer diran, eta zertako egiñak diran.
2. Nola Aingeru batzuek beren soberbiagatik
kondenatu ziran: eta Aingeru onak
beren humiltasunagatik salbatu ziran:
eta nola Deabruak tentatzen gaituen;
eta Aingeru onak gordetzen gaituen.

 

        Aurreko lekzioan batetan aditzera eman dizuet, N.K., nola Jaungoikoaren Majestadeak bere poderio infinitoarekin Zeruak, eta lurra, eta orietan arkitzen diran gauza guziak ezerezetik sortu, edo egin zituan: eta zertako egin zituan; eta Kredoaren lenbiziko Artikuluari garraizkola gure Jaungoikoak bere antzera, eta semejanzara egin zituan Aingeruak, eta gizonak, au da, kriatura guzien artean nobleenak, eta prinzipalenak zer diran, eta zertako egiñak diran emendik aurrera esan bear dizuet: eta zerren Aingeruak gizonak baño lenago egiñak diran; eta berez nobleagoak diran, gaur esango dizuet 1. Aingeruak zer diran, eta zertako Jaungoikoak egin zituan: eta 2. nola aetatik batzuek eren arrotasun, eta soberbiagatik betiko kondenatuak izan ziran, eta gu ere galtzeko alegiñak beti egiten ari diran: eta kontrara nola beste batzuek eren humiltasunagatik, eta eskerongatik betiko salbatu, eta zorioneko egin zituan gure Jaungoikoak: eta Aingeru on oek nola gordetzen, eta anparatzen gaituen, gu ere aen zorioneko lagunak betiko izan gaitezen. Asko inporta duen dotriña dezue gaurko au, Jaungoikoaren Justizia, Probidenzia, eta gizonari dion amodioa ondo ezagutzeko. Eta ala arretaz, eta kontuz aditu bear dezue: eta frutuarekin izateko Espiritu Santuari bere argia, eta grazia eskatu degiogun guziok, Maria Santisima bitarteko arturik. Abe Maria.

        Zer dira Aingeruak? Dira kriatura espiritual batzuek gorputzik batere eztuenak, ezta kolorerik, edo figurarik ere, eta orregatik ezin gure gorputzeko begiakin ikusi, eta sentitu ditzakegu: baña bai due adimentu txit argia, eta indar guztiz andia: eta dira gizonak baño agitz jakinsuago, eta indarsuago.

        Aingeruak Espiritu utsak badira, eta gorputzik ezpadue: Zergatik pintatzen dituzte gorputzakin? Zergatik Eskritura Santan esaten dan bezela, askotan agertu izan dira giza-antzean: bada ezin Espiritu utsak ikusi, eta sentitu ditzakegu. Eta zergatik pintatzen dituzte egoakin? Guri aditzera emateko zeiñ laster, edo ariñ egiten duen Jaungoikoak aginzen dien guzia.

        Jaungoikoak zertako kriatu zituan Aingeruak? Aren Majestadea serbitzeko, amatzeko, eta eternidade guzian Zeruko erreinuan alabatzeko, eta gozatzeko. Eta zorion ori iristeko berak eman zien bear zuen ezaguera eta grazia guzia.

        Eta zer estadutan kreatu zituan Jaungoikoak Aingeruak? Graziazko, eta santidadeko estaduan: baña eman ere zien libertadea onerako, eta gaitzerako; onean irauten bazuen betiko saria Zeruan irabazi zezen, eta gaitzera eren kulpaz makurtzen baziran betiko kastigua infernuan izan zezen. Eta Aingeru guziak iraun zuen beti graziazko estaduan? Ez guziak. Batzuek iraun due beti estadu artan, zerren humillak, eta esker onekoak Jaungoikoarekiko izan ziran: baña beste batzuek graziazko estadutik erori ziran beren arrotasun, antuzte, edo soberbiagatik; bada berenez balira bezela, eta Jaungoikoari ezer zor ezpaliote bezela arrotu ziran: eta Jaungoikoari eskerrak eman ordean, eta obedezitu ordean, eren barruan ainbesteraño altxatu ziran, ze Jaungoikoa bera bezela izan nai zuen.

        Nola deitzen dira graziazko estaduan iraun zuen Aingeruak? Deitzen dira Aingeru onak, edo bakarrik Aingeruak. Eta graziazko estadutik erori ziranak nola deitzen dira? Aingeru gaiztoak, edo sarriago esan oi zate Deabruak, tentatzalleak, Demonioak, Infernuko etsaiak: eta guziak bat esan nai due.

        Zer egin zitzaien Aingeru gaiztoai soberbiazko pekatuan konsentitu zuen instantean? Izan ziran bereala desterratuak betiko Zerutik: eta izan ziran betiko kondenatuak Infernuko tormentuetara. Zertan ari dira Infernuan? An sufritzen, eta padezitzen dituzte eternidade guztiko tormentuak.

        Eta Deabru guziak daude infernuan? Betiko penak, edo tormentuak guziak sufritzen dituzte, aetatik asko oraindio airean, eta gure inguruan gu persegitzeko badabiltza ere: bada ori San Pedrok, eta San Pablok ala aseguratzen digue; eta Eskritura Santak askotan aitatzen due, nola Deabruak gizon askoren barruan egon diran: eta nola Jesu-Kristok, eta Apostoluak libratu zituzten.

        Eta zergatik, eta noiz artean Deabruak emen airean ibilliko dira? Juizioko eguneraño iraungo due goi onetan Jaungoikoak ala permititurik: eren maliziak artu eragiten die al dituen medio guziak gizonak galtzeko. Beti gure inguruan dabiltza, orroka dauden leoiak bezela, gu iristeko, edo puskatzeko; eta Serpienteak bezela gu engañatzeko. Jaungoikoak orrela permititzen du, gizonak erne, edo kontuz bizi ditezen, eta beti esna, eta zelata egon ditezen, orazioarekin, Jaungoikoaren bitzarekin, eta fedearekin armaturik, eta indarsu eginik.

        Indar andia due Deabruak gizonak galtzeko, edo pekaturatzeko? Jesu-Kristo lurrera etorri baño lenago txit andia zan, eta mundu guzian txit zabaldua, edo banatua zegoan Deabruaren Erreinu, edo Inperioa, bada munduko gizon geienak eren itxumenagatik, eta pekatuakgatik Infernuko Deabruaren mendeko, esklabo egiñik zeuden; eta kasi mundu guzian adoratzen zuen. Baña Jesu-Kristok bere eriotza, eta erresurrekzioarekin Deabruaren erreinua desegin zuen. Armaturik zegoan indarsua garaitu zuen: okupatzen zuen erreinutik bota zuen: eta gure etsaiaz triunfatu zuen.

        Arrezkero Deabruaren poderioa, eta eskualdea dago loturik: eta eztauka Kristauen gañean aginterik; oek eren Borondatez beren pekatuakin aren mendeko egiten ezpadira: baña milla artifizio ditu, kontuz ez dauden gizonak bere lokarrietan, eta saretan arrapatzeko: eta iñoiz ere aspertzen ezta gu Jaungoikoagandik apartatzeagatik; eta bere zorigaiztoko lagun egiteagatik.

        Munduaren aizken aldean, Ante-Kristoaren persekuzioaren denboran gizonen artean karidadea oztu, eta gaiztakeria geiago ikusiko da, eta orduan Deabruaren agintea berriro agitz zabalduko da: baña eztu asko iraungo Jesu-Kristok kenduko die betiko bere aginte guzia: Infernura betiko botako ditu Deabruak, eta aen lagun zorigaiztokoak: eta Zerura eramango ditu berekin triunfo andiarekin Santuak, edo justuak: eta aetan, eta aekin batera erreinatuko du eternidade guzian.

        Zer estadutan gelditu ziran, eta zertan ari dira Aingeru Santuak? Bertatik betiko zorioneko, edo bienabenturadu egiñik geratu ziran: eta arrezkero beti Jaungoikoaren majestadea ikusten, alabatzen, eta gozatzen ari dira: eta aren ministro leialak bezela aren aginteak egiten dituzte: Jaungoikoaren legeaz konforme beste kriaturak, eta batez ere gizonak anparatzen, zaitzen, eta gobernatzen dituztela: bada gizon bakoitzari eman digu Jaungoikoak Aingeru guardako bat, gorde gaitzan gure bizi guzian. Eta Aingeruak asko ote dira? Zenbat diran ziertu eztakigu baña bai guztiz asko dirala, Eskritura Santak esaten digu: eta ala ere iruren izenak baizik aitatzen ez ditu: eta dira San Migel, San Gabriel, eta San Rafael.

        Eta Aingeru guziak Jerarkia batekoak, eta ordena batekoak, edo berdinak ote dira? Ez: Eskritura Santak kontatzen ditu bederatzi ordena diferenteak: eta dira 1. Serafiñak. 2. Kerubinak. 3. Tronoak. 4. Dominazioak. 5. Prinzipaduak. 6. Potestadeak. 7. Zeruko birtuteak. 8. Arkanjeluak. Eta 9. Aingeruak. Eta bederatzi ordena oek daude partiturik iru Jerarkia berezietan. 1. Egiten due Serafinak, Kerubinak, eta Tronoak. 2. Egiten due Dominazioak, Prinzipaduak, eta Potestadeak. Eta 3. egiten due, Zeruko birtuteak, Arkanjeluak, eta Aingeruak.

        Eta Aingeru Santuak, eta batez ere Aingeru guardakoak, zer egiten due, batez ere gizonaren alde? 1. Gure orazioak, eta obra onak Jaungoikoari presentatzen diozkate: erak ere gugatik erregutzen due. Eta 2. Deabruaren tentazioetatik defenditzen gaituzte, eta mundu onetako arrisku, edo peligruetan laguntzen, eta anparatzen gaituzte.

        Eta zer probetxu atera bear degu guziok orain esan degun dotriñatik? 1. Adoratu bear degu Jaungoikoaren poderio infinitoa, eta ontasun soberanoa: bada ainbeste milloi Aingeru ezerezetik egin zituan: eta izan ditekean zorionik, eta felizidaderik andienerako egin zituan. 2. Konsideratu bear degu, kriaturarik jakinsuenak, eta indarsuenak, zein ezerezak diran Jaungoikoaren majestadearen aurrean; eta zenbateraño igui duen, edo aborrezitzen duen Jaungoikoak bere kriaturetan aiñ soberbia, eta arrotasun andia: eta aiñ esker gaiztoa ikustea; eta nola alakoak aren justiziak kastigatzen dituan: eta kontrara zein maite dituan humillak, eta esker onekoak, eta oek nola faborezitzen, honratzen, eta bere gloriara jasotzen dituan. Eta 3. ikusirik nolako alegiñak Deabruak egiten dituan gu galtzeko, eta kondenatzeko: eta kontrara Aingeru Santuak, eta batez ere Aingeru Guardakoak nolako leiarekin eta amorioarekin gu zaitzen, anparatzen, eta Zerura gidatzen ari diran. Alegin guziak beti egin bear ditugu Deabruaren tentazioai atzera esateko, edo erresistitzeko: eta batez ere soberbiari, eta gure buruaren amorio erabageari gerra egiteko. Aingeru Santuen exenploari eren obedienzia, humiltasun, eta Jaungoikoarekiko esker onean jarraitzen diogula: eta orretako beren laguntasuna egunoro gogotik eskatzen diegula.

        Baña aitatu ditugun ezkero eren izenakin iru Aingeru, Eliza Ama Santak berariaz gogoratzen dizkigunak, eta festa partikularrakin honratzen dituanak, galdetzen det oriek zein diran? Eta zertan distingitzen diran, edo zer lan, edo zer egiteko bakoitzari Jaungoikoak eman ziozkan? Eta nola Kristau guziok honratu bear ditugun? Dirade bada San Migel, San Gabriel, eta San Rafael: eta diet, San Migel dala Aingeru guzien Kapitan jenerala: Zeruan izan zan pelea, edo gerra andi artan Luzifer, eta bere lagun arro, antuztez, edo soberbiaz beteak altxatu ziranean, eta berez balira bezela, edo Jaungoikoari zuen guzia, zor ezpaliobe bezela, arrotu ziranean, eta Jaungoikoa bera bezela izatea ansiatu zuenean; San Migelek Jaungoikoaren honra defenditu zuen: Nor Jaungoikoa bezelakorik? deadar egin zuen: Aingeru soberbio, edo arroak goitu, edo benzitu zituan: eta oek betiko Zerutik deserrituak, edo desterratuak, eta betiko Infernura ondatuak izan ziran: eta orduan San Migel, eta ari jarraio zioben Aingeru on guziak. Zeruko gloriaz betiko gozatzen abiatu ziran, eta betiko zoriona seguratu zuen. Eta gure Jaungoikoak San Migel Arkanjel egin zuen bere Elizaren Patroi eta anparatzalle, laguntzalle, eta defenditzalle prinzipala, edo nagusiena. Eta ala ori San Migelek beti egin du munduaren asieratik onera: eta aurrera ere egingo du. Eta berak du gure animak Jaunaren tribunalean presentatzeko kargua. Zenbat baliako eztigu bada San Migelen egiazko debotoak izatea? Eta ari orain jarraitzea, batez ere humiltasunean; Jaungoikoarekiko esker onean, eta Jaungoikoaren honra, eta projimoen ona, eta salbazioa billatzean, eta gure alegin guziakin aurreratzean? Eta orra nola honratu bear degun San Migel Arkanjel andia.

        Eta zertan distingitua izan zan San Gabriel? Jaungoikoaren Majestadeak esleitu zuen Ainguoru guzien artean mundu onetan izan dan egitekorik andienean, au da, Jaungoikoaren beraren Seme bakar Jesu-Kristo gure Jaunaren gizon-egite, edo Enkarnazioko misterio miragarrien bitarteko, Enbajadore, eta Zeruko berri ekarle zorionekoa izateko. San Gabrielek Daniel Profeta Santuari Jaungoikoaren partez errebelatu, agertu, edo aurrez esan zion, zenbat denboraren buruan munduan agertuko zan gure Salbadorea, eta orduan zer gertatuko zan. San Gabrielek berak San Juan Bautistaren Aita Zakarias Santuari agertu, eta errebelatu zion, nola bere zarzaroan bere emazte Santa Isabelegan izango zuen seme bat, Juan izena ipiñiko ziona, Jaungoikoaren aurrean txit andia izango zana, eta Jesu-Kristoren beraren bide aurreko, edo Prekursore izango zana. Eta San Gabrielek berak Maria Birjiña Santari ekarri zion, aren sabelean Jaungoikoaren Semea gizon egingo zalako atsegiñezko berri miragarria, eta Jesus deituko ziola: au da, munduko Salbadorea izango zala. Eta Gabrielen izenak esan nai du, Jaungoikoaren fortaleza, edo indarra, aditzera emateko Ama Birjiña Santisima, bere bildur, eta turbazioan indartu, edo fortalezituko zuela: egin zuen bezela, esan zionean: eztezu zer bildurtu Maria, bada zuk Jaunaren grazia arkitu dezu, eta zure sabelean sortuko, eta argira emango dezu, Jesus deituko diozun seme bat. Eta ala, N.K., Jaungoikoak San Gabrieli eman zion kargu guztiz andi orretatik erraz kontu atera dezakezue, Aingeruen artean, nolako estimazioa, nolako honra, eta nolako gloria daukan Zeruan San Gabriel Arkanjel andiak, Eta guk nola honratu bear degu? 1. Esker onak eman bear diozkagu gure guzion salbaziorako egin zuan bitartekotasunagatik: eta 2. eskatu bear diogu biotz guztitik, arren iritsi degigula gure Jaungoikoaren ontasunetik bear degun Zeruko argia, ondo ezagutzeko bere seme bakar Jesu-Kristo gure Jaunaren gizon egitean agertu digun guganako amorioaren anditasun neurribagea; eta amorio orri amorioz, eta esker onez eranzuteko grazia; eta, pekatuari largarik, Zeruko bideari jarraitzeko indarra. Orra San Gabriel Arkanjel andiari debozio egiazkoa edukitzeko era ederra.

        Eta zer lan, edo ofizio egin zuen San Rafael Arkanjel andiak? Eskritura Santuak Tobias Santuaren liburuan aitatzen ditu zeoro San Rafaelek egin zituan lanak, edo egitekoak. Izan zan Tobias gaztearen bide erakuslea: aren ezkonzagillea, eta konsejaria: eta Tobias zar Santuaren sendatzalle, edo medikua: San Rafael Aingeruek giza gazte eder baten antzean lagundu zion Tobias gazte Santuari bide luze batean: arrizku andi batetik libratu zuen: Sara emakume Santa, eta aberats batekin ezkondu eragin zuen: konseju guztiz egokiak ezkonza on baterako eman zizten: arzeko andi bat Gabelogan zeukana kobratu zion: etxera bere emaztearekin eta ondasun askorekin ekarri zuen: Aren gurasoak konsueloz bete zituan: Aita Tobias Santuari galdurik zeukan begietako bista biurtu zion: orazioak, eta limosnak Jaungoikoaren aurrean zenbat balio duen erakutsi zien: nola bera zan Jaungoikoaren Aingeru prinzipaletatik bat esan zien: eta desagertu zan: eta kordebage bezela Aita semeak gelditu ziran: eta erengan biurtu, eta Jaungoikoa alabatzen abiatu ziran etc. Eta orra, N.K., dotriñarik asko, guk ere Jaungoikoa alabatzeko, eta serbitzeko, eta opdoren Zeruko gloria iristeko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa