www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN DOTRIÑA

 

1. Jaungoiko egiazko bat badala;
ezagutu eragiten da ez bakarrik fedearen argiarekin,
baita arrazoi utsaren argiarekin ere.
Eta 2. Jaungoikoa zer dan nolabait
aditzera emateko alegiña egiten da.

 

        Kredoaren, eta fedeko Artikuluen esplikazioari narraiola, gaur federo egiarik prinzipalena, eta beste guzien burua, eta zimendua, edo fundamentua dana aditzera eman bear dizuet, N.K.: Kredoan esaten degu: nik sinisten det Jaungoiko, Aita guztiz poderoso, Zeruaren, eta lurraren Kreadoreagan. Eta fedeko lenengo Artikulua da: sinistea Jaungoiko guztiz poderoso bakar bategan. Esan bear dizuet bada, eta txit kontuz aditu bear dezue. 1. Jaungoiko egiazko bat badala, ezagutzen degula argiro, ez bakarrik fedeak erakusten digulako, baita ere, fedearen argirik ezpagendu ere, arrazoiaren argiarekin bakarrik egia andi ori klaru ezagutzen, eta aditzera ematen dalako. Alabaña, nola aiñ premiazkoa dan egia orren ezaguera-argia, Jaungoikoak berak alde guzietara ori agertu nai izan digu, dudatzeko lekurik utzi bage. Eta 2. alik ondoena Jaungoikoa zer dan zuei aditzera ematen asiko naiz, Eta guzion probetxu andirako izan dedin eskatu dezagun Espiritu Santuaren argia, eta grazia, Ama Birjiña guztiz Santuren bitartez. Abe Maria.

        1. G. Zein dira, Jaungoiko egiazko bat badala argiro erakusten dizkiguen motibo, eta arrazoiak? Guztiz asko dira: baña, ez geiegi luzatzeagatik, iru bakarrik aitatuko dizuet. Eta 1. da gure fede Santuaren ziertutasuna: 2. Zeruan, eta Lurrean ikusten ditugun kreatura guziak ematen diguen guzien Egillearen, edo Kreadorearen ezaguera klaroa, eta guztiz ikusgarria: eta 3. da gure barruko sentimentu naturala, eta ezagupegia.

        G. Gure fede Santuaren ziertutasunak nola erakusten digu, Jaungoiko egiazko bat badala? Zergatik fedeko egia guziak gezurrak, eta iduripen utsak izango lirake, Jaungoiko egiazko bat ezpaliz: bada, len esan degun bezela, egia onen gañean, zimendu, edo fundamentu guztiz irmo, eta ziertu baten gañean bezela seguraturik daude beste fedeko egia guziak. Eta ikusirik daukazue aurreko dotriñetan, eta aurrera ere ugari ikusiko dezue, gure fede Santuaren egiaren motiboak zeiñ ziertuak, eta ugariak diran: eta ala guztiak argiro erakusten digue Jaungoiko egiazko bat badala.

        G. Eta fedearen argi bage, nola ezagutu diteke, badala Jaungoiko egiazko bat? Zergatik arrazoi utzarekin bakarrik, ondo pensatzen jarri ezkero, argiro ezagutzen da: ezin ezerezetik sortu, edo egin zitekeala, ez Zerurik, ez Lurrik, ez eta beste Kreaturarik batere; eta Zeruan, eta Lurrean ekusten ditugun gauza aiñ miragarriak eziñ izaten abiatu, edo asi zitezkeala, egillerik, eta sortzallerik lenago izan ezpaliz: zeurok ikusten dezue eziñ etxe bat sortu, edo egin ditekeala, materialak prestatu bage, eta oriekin etxea nork egin arkitzen ezpada. Bada orobat mundu au, bere obra guziakin eziñ sortu, edo egin zitekean ezerezetik, nork materialak prestatu, nork trazatu, eta nork egin aiñ egokiro, eta aiñ jakinduri miragarriarekin lenago argitu ezpaliz. Eta ala lenago nai ta ez izan bear zuen gauza guzien egille bat eta ez nolanaikoa, baizik betidanik berez dana: guzia-alduna, edo guztiz poderosoa, eta guztiz jakintsua: eta ori da Jaungoiko egiazko bat bakarra: bera beregan orain ikusten ezpadegu ere; Zeruko, eta lurreko kreatura guzietan, guzien egillea bezela federik ezpaliz ere argiro ezagutzen dana, arrazoiari, eta konsiderazioari leku eman ezkero. Ara nola, guziok dakigu gure anima, Espiritua dalako, eziñ ikusi, eta eziñ ezagutu degula, edo nolakoa dan eziñ konprenditu degula: eta ala ere ziertu gaude gure animan bizi gaituala: eta ikusten degu gure barrean, ez gorputzak, baizik animak duela doaia, eta indarra gauzak gogoratzeko: gauzak ezagutzeko, bereizteko, edo distingitzeko: eta nai dituan gauzak maitatzeko, edo ez maitatzeko, eta onera, edo gaitzera jarteko aukera, edo eskualdea, eta libertadea. Eta nola animarik eztegula esatea, ikusten eztegulako, litzatean azkeneko zorakeria, ala Jaungoikoa beregan dan bezela ikusten eztegulako, Jaungoikorik eztala esatea, izango litzate itxumenik andiena, eta arrigarriena: zenzurik, juiziorik, eta arrazoiaren argirik ez idukitzea: eta abere, edo animalien antzekoa izatea.

        G. Eta nola ori bera ezagutu eragiten digu gure barruko sentimentuak, eta ezagupegiak? Zergatik gure Jaungoikoak, adimentuarekin eta arrazoiarekin batera munduko jende, edo gizon, eta emakume guziai, eta baita Kristau eztiranai, eta fedearen argirik eztuenai ere, eman izan die Jaungoikotasunaren argi, edo ezaguera bat, aiñ bizia; nun eztan izan jende motarik mundu guzian Jaungoikoa, edo guzien egillea badala ezagutu eztuenik: eta orri dagokala, Dabid Errege, eta profeta Santuak laugarren Psalmoan, hitz oek esaten ditu: Jauna zure aurpegiaren argia gugan sillatu, edo markatu izan dezu. Esango balu bezela: nor zeran Jauna ezagutu eragin diguzu. Eta ala, nolakoa dan Jaungoikoa, eta nola serbitu bear duen eztakitenak ere, badakie, badala Jaungoikoa: eta dala guzien gañekoa: eta nola arrazoiaren argiarekin bakarrik ezagutzen duen gurasoai, eta ongilleai zor zaien errespetoa, eta esker ona; orobat ezagutzen due, Jaungoikoari zor zaiola honrarik, eta erreberenziarik andiena: ala bera danagatik, edo guzion Jaun, eta jabe soberanoa dalako; nola beragandik bear degun guzia esperatzen degulako eta ala, ezta gizon, edo emakumerik, ustebageko, edo supitoko estutasun, eta arrisku, edo peligroetan Jaungoikoaganatzen eztanik, bere sokorru, edo laguntasuna eskatzeko bezela: eta ori, berezko mugimendu, edo sentimendu natural batekin. Eta orra, nola fedeak alde batetik, eta bestetik arrazoiaren argi, eta ezaguera naturalak klaru erakusten diguen badala Jaungoiko egiazko bat. Eta bada iñor ori ukatu nai duenik? Bai: Eta nor da? Eskritura Santuak dio: dala gaiztoa, edo guztiz gaiztoa dalako, Jaungoikorik izatea nai eztuena. Dixit insipiens in corde suo, non est Deus. Ez luke nai nork kastigatu izatea: eta ala, ez adimentuaren aldetik, baizik bere biotz gaiztoaren aldetik atrebitzen da esatera: Jaungoikorik eztala: baña eziñ ori bere adimentuari sinistu eragin dio: zergatik Jaungoiko egiazko bat badalako egia aiñ argia, eta klaroa da; nun arrazoiaren argitasun guzia, eta juizioa, edo zenzua galdu bage, eziñ ainbesterano gizona itxutu diteke. Jaungoiko gure Jaunari bada guziok millarezko eskerrak gogotik eman degiozkagun, zergatik beretako egin gaituan bezela, bera nor dan ere agertu nai izan digun. Eta orain ikusi dezagun al deguneraño, Jaungoikoa zer dan.

        2. G. Zer da bada Jaungoikoa? Da, esan, eta pensatu edo gogoratu al ditekean izaterik, edo gauzarik garaiena, gorena, exzelenteana, eta miragarriena. Jaun bat, kabubage ona: guzia-alduna, edo guztiz poderosoa: jakinsua, eta justua: asiera bagea: eta beste gauza guzien asiera, edo prinzipioa: eta guzien fiña, kabua, eta atseden betea. Orra gure dotriña laburrak Jaungoikoaren izateaz ematen digun ezaguera: eta ori bera itz labur oekin aditzera eman diteke. Jaungoikoa da betidanik berez dana: eta beste gauza guziak ezerezetik sortu edo egin dituana: bera nor dan agertzeko, eta kreatura guziai on egiteko. Aren Majestadeak berak Moises bere adiskide, eta serbitzari andiari aldi batean esan zion: nork bidaltzen zaituan Israelgo Puebloa Faraon Erregearen mendetik libratzera, edo ateratzera galdetzen dizuenai esango diezu: Berez danak bidaltzen zaituala. «Ego sum qui sum: qui est misit me ad vos». Eta ala gure Jaungoikoaren kabubageko izateaz, edo naturalezaz mundu onetan daukagun ezaguerarik argiena, klaruena, eta andiena da, Jaungoikoak berak hitz labur orietan eman ziguna.

        G. Baña ori zeago, eta klaruago aditzera ematen ezpadigu, zer esan nai duen eziñ ezagutuko degu, diozuela deritzot. Zer esan nai du berez danak? galdetuko didazue. Esan nai du, eztala beste gauzarik batere, eta eztala izan iñoiz ere berez danik, Jaungoikoa bakarrik baizik. Eta ala Jaungoikoa bakarrik dala betikoa: berez beti bizi izan dana: iñori ezer ere iñoiz ere zor izan eztiona: eta kontrara, kreatura guziak, ala andiak, nola txikiak, nola bizikorrak, nola bizirik eztuenak: Zerua bera, Aingeru guziak Eguzkia, Illargia, Izarrak: eta Lurra, eta Itxasoa: gizonak, emakumeak, abere, eta egazti mota guziak: arbolak, eta landara mota guziak; hitz batean, mundu guzia, eta goien, eta bean ikusten diran gauza guziak, eztirala berez, eztuela berezko izaterik: diran guzia, eta duen guzia besteri, au da ezerezetik sortu, edo egin dituanari zor diobela: denbora batean ezertxo ere etzirala, eta sortu dituanak konserbatuko, edo iraupena emango ezpalie, ezerezera biurtuko liratekeala: eta orra zein diferenzia miragarria dagoan Jaungoikoaren, eta kreaturen artean.

        G. Eta Kreadorearen, eta kreaturaen artean dagoan diferenzia orretatik zer ateratzen da? 1. Jaungoikoak duela berezko betiko izate bat neurririk, kaburik, mugarik, eta bazterrik eztuena; eta kreatura guziak duela, oraiñago eman zaien izate guztiz berri, eta labur bat Jaungoikoaren betiko, eta kabubageko izatearen aldean. 2. Ateratzen da, Jaungoikoa dala neurribageko, perfekzio, goratasun, eta anditasun guziak beregan dauzkana: eta orien aldean kreatura guziak dituen perfekzioak, doaiak, birtuteak, eta bentaja guziak utsa bezela dirala, eta orietan sartzen dirala: Jesu-Kristoren gizatasun, edo Humanidade guztiz Santuarenak, Maria Birjiña Santisimarenak, Aingeru, eta Santu guzienak ere ezerez bezela dirala: bada oriek badue bere muga: eta Jaungoikoarenak mugarik batere eztue. 3. Ateratzen da, kreatura guziak duen izate guzia, eta dituen prenda guziak, ala naturalak, nola naturalezaz gañekoak, edo graziazkoak, Jaungoikoak emanak dituen ezkero, orien perfekzio guziak, nola indarra, jakinduria, Santutasuna, edertasuna, gozotasuna, eta beste doai guziak Jaungoikoagan arkitzen dirala, guzien iturburu, eta jabeagan bezela: baña ez kreaturaetan dauden neurriarekin eta faltarekin, baizik batere neurribage, eta kabubage: eta ala Jaungoikoak du kaburik eztuen ontasuna, guzialtasuna, edertasuna, Santutasuna, Miserikordia, Justizia, betikotasuna, Zoriontasuna, eta ezin kontatu ditezkean anditasun guziak, batere falta bage, eta neurribage. 4. Eta orregatik eziñ iñola ere Aingeru guzien, eta gizonik jakintsuen guzien adimentuak iritsi ditezke Jaungoikoaren izate, eta anditasun soberanoa osoro ezagutzera: bada kreatura guzien adimentuak, izan al ditezkean argituenak ere, badue bere neurria, eta bere kabua: eta Jaungoikoaren izateak, eta aren perfekzioak, eta anditasunak eztue kaburik: eta ala Jaungoikoak berak bakarrik osoro, edo bera dan bezela bere izatea ezagutzen da. Ara nola itxaso zabala gizonak ikusi arren, aren ondarra, eta aren bazter guziak ezin ikusi, eta ezagutu ditu: orobat ez bakarrik Lurrean, baita Zeruan ere Jaungoikoa aurpegiz aurpegi ikusi arren, Zerutarrak erak ere Jaungoikoaren ondo bageko, eta bazter bageko izate guzia, edo Jaungoikoaren esenzia, edo naturaleza eziñ osoro, edo dan añeraño ezagutu lezake. Eta argatik dio Eskritura Santuak, Jaungoikoa dagoala Kerubiñen gañean, ara ze Zeruko Aingerurik jakinsuenak ere eziñ iritsi diralako Jaungoikoa osoro, berez dan bezela ezagutzera. Eta orobat dio, Moisesek berrogei egunean Jaungoikoarekin hitz egin, eta beragandik legea eskribiturik artu zuela, baña lañapean, odeipean zegoala, zerren ezin osoro, eta argiro iritsi zitekean Jaungoikoaren izatea berez dan bezela osoro ezagutzera: eta ori bera esan nai du San Pablo Apostoluak, dionean, Jaungoikoa dagoala eziñ osoro ikusi ditekean argitasun batean. Eta orren antz gutxi bat Eguzkiagan daukagu. Zer gauza argiagorik Eguzkia baño? Eta ala ere gure begiak zeiñ ondo begiratu diobe, eta eziñ osoro ikusi due, argitasun andiegia daukalako. Humillatu gaitezen bada N.K., gure adimentuaren labartasunaz, eta gure Jaungoikoaren izatearen kabugabetasunaz, adimentu guziak ezagutu al baño kabubageagoa dala kargu egiñik: eta orixe da, gure Jaungoikoa mundu onetan ondoena ezagutzeko modua. Eta ala ez bakarrik da Jaungoikoa esan, eta pensatu al ditekean gauzarik exzelenteana, edo gorena, eta miragarriena; baita ere esan, eta pensatu al baño finbage, edo kabubage exzelenteagoa, goragoa, eta miragarriagoa. Eta argatik da kabubageko amorioa, errespetoa, eta erreberenzia bera danagatik merezi duena: eta gure anima, bera Zeruan argiro ikustearekin, gaiñez egiteraño asetzeko, edo osoro kontentatzeko bakarrik gai dana: bada gure biotzeko deseo guziak eziñ ase, eta kontentatu litezke Jaungoikoagan bakarrik arkitzen dan betiko, eta kabubageko zoriona, edo Gloria gozatuaz baizik: alabaña Jaungoikoaren Majestadeak, gure bearrik ezertako ezpazuen ere, beretako egin nai izan gaitu: au da, bera emen ezagutzeko, biotz guztitik amatzeko, eta serbitzeko; eta gero Zeruko Erreinuan beti-beti bera argiro ikusteko, bera alabatzeko, bera amatzeko, eta kaburik izango eztuen zorionaz, edo bere Gloriaz guk ere gozatzeko.

        Jaso ditzakun bada N.K. gure adimentuak, eta biotzak gure Jaungoiko guztiz andi, on, eta maitagarriagana: eta alegin guziak egin ditzakun, aren Majestadea egunoro, ta obeto ezagutzeko, eta egunoro geiago amatzeko: eta orretako orazioari, eta konsiderazioari egunoro gutxi-asko jarrai degiogun: bada bestela beraz azturik biziko gera; eta munduak, Deabruak, eta aragiak txit erraz itxutuko gaitue: eta gure buruaren amorio erabageak, eta ortik sortzen diran, andinai, edo soberbiak, gutiziak, gorputzaren atsegin gura zikiñak; jan-edan gura erabageak: aserretasunak, enbidiak, eta nagitasunak, txit pekatu asko eragingo dizkigue. Eta ala gure animako etsai galgarri oriek gogotik goitzeko, edo menderatzeko alegin guziak egin bear ditugu; eta batez ere gogoan erabilli gure Jaungoikoari zor dioguna bera danagatik; egin dizkigun mesede guztiz andiakgatik, eta aurrera ere egin nai dizkigunakgatik, guk gere partetik, gure esker gaiztoarekin eragozten ezpadiogu. Alabaña guziok lotsatu bear gera, eta zenzatu bear gera, ikusirik gure Jaungoikoak, beti zorionekoak izateko egin gaituala: bere Seme maite Jesu-Kristoren biziaren, eta eriotzaren kostuan, pekatutik, eta Deabruaren mendetik atera gaituala: Kristau egin gaituala: bere seme-alabatzat artu gaituala: Jesu-Kristoren senideak; eta Espiritu Santuaren bizileku, edo jarleku, eta Tenplo biziak egin gaituala: Zeruko Erreinuaren, eta betiko Gloriaren deretxodunak, jabegaiak, edo herederoak egin gaituala: arako bide zuzena erakutsi digula, eta orri jarraitzeko bear adiña argi, eta graziaren laguntasun eman digula esker gaiztoz guk eranzun arren; betiko Gloriarako deretxoa galdu: betiko Infernua merezitu: eta Jesu-Kristo berriz illeragiteko diña motibo eman arren, ez gaituala betiko kondenatu: eta orain ere beragana deitzen gaituala, egiaz, eta benetan ondu nai bagera, guri barkatzeko, eta bere adiskide egiteko deseo egiazkoarekin. Mesede oek guziok agertzen digue bada gure Jaingoikoaren ontasun neurribagea: eta guztioi digun guztizko amorioa: eskatu degiogun bada gogogotik argitu gaitzala: pekatuak iguitzeko, edo aborrezitzeko; eta bizitza berri bat egiteko digula bere grazia, eta gero betiko Gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa