www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN DOTRIÑA

 

Aditzera emateko:
1. Eskritura Santua zer dan, eta
Apostoluak erakutsi zuen dotriña:
eta 2. Kristauaren fedeko egia
sinistu eragiteko dauzkagun errazoi,
edo motibo guztiz ikusgarriak ta sinisgarriak.

 

        Kredoan, eta fedeko amalau Artikuluetan dauzkagun misterio andiak zergatik, eta nola jakin, eta sinistu bear ditugun, aditzera eman nizuen, aurreko dotriña aldian: eta batez ere esan nizuen, gure Eliz-Ama Santak erakusten digun fedeko dotriña, Jaungoikoaren beraren hitza bezela sinistu bear degula. Zergatik Jesu-Kristok berak, eta aren ordenaz, eta aren izenean Apostoluak erakutsi zuena berbera dan: eta iñoiz ere utsegin estezan gure Eliz-Ama Santak, Jesu-Kristok berak hitza eman zion bezela, Espiritu Santuaren argiarekin beti laguntzen dion: eta dotriña orren egia denbora guzietan ezin kontatu ala milagro guztiz ziertuakin eta nabarmenakin gure Jaungoikoak probatu, eta konfirmatu duen. Eta ori bakarrik asko bada ere Kristauak fedean konfirmatzeko, eta irmatzeko, ala ere zuen konsuelo geiagorako, eta zuen fedea geiago, eta geiago argitzeko, eta indartzeko, (orduan agindu nizuen bezela) aitatu nai dizkizuet beste arrazoi, eta motibo batzuek guztiz ziertuak, guztiz ikusgarriak, eta guztiz sinisgarriak, borondatez itxutu nai eztuen guziai, Eliz-Ama Santaren fedea egiazkoa dala, sinistu eragiteko guztiz indarsuak. Eta aurretik esango dizuet, zer dan Eskritura Santua: eta Apostoluak aoz erakutsi, eta Eliz-Ama Santak aetatik artu zuen dotriña. Eta orra gaurko dotriña gaia: eta probetxu andi bat guziok ateratzeko, eska dezagun aurretik Espiritu Santuaren argia, eta grazia Ama Birjiña Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        Kredoaz, eta Artikuluaz gañera beste gauzarik sinisten dezue? Bai Jauna: Eskritura Santuan dagoan guzia: eta Jaungoikoak Elizari errebelatu, agertu, edo erakutsi dion guzia.

        Zer gauza dira, oriek? Ez ori niri galdetu: bada naiz jakineza, edo ignorantea: baditu Eliz-Ama Santak orien arrazoia emango duen Doktore, Maisu, edo erakusleak. Ondo diozu: bada Doktoreai dagokie, eta ez zuri fedeko gauzen kontua zeago, eta luzeago ematea. Asko da zuentzat Artikuluen kontu ematea, Kredoan dauden bezela: eta zergatik sinisten dezuen jakitea.

        Baña ori ala dalarik, konsuelo, eta atsegin andia izango da edozein kristauenzat, jakitea, zeri deitzen diogun Jaungoikoaren hitza erakusten digun Eskritura Santua eta zer dan Eskritura Santuaz gañera, Jaungoikoak Elizari agertu, edo erakutsi diona: eta nola agertu dion: eta orra aurretik erakutsi nai dizuedana: eta 1. galdetzen det: Zer da Eskritura Santua? Da Jaungoikoaren beraren inspirazio, eta Espiritu Santuaren berariazko argitasunarekin eskribiturik dagoan liburu bat, Biblia Santua deitzen dioguna ala Testamentu zarreko, edo lege zarreko, nola Testamentu berriko, edo Jesu-Kristoren lege berriko liburu guziak, edo Eskritura guziak beregan biturik, eta sarturik dauzkana: sermoietan sarri aitatzen dana: eta Jaungoikoaren beraren hitza bezela, batere errore, edo engañu bage dagoala, Kristau guziok sinistu bear deguna: zerren Jesu-Kristok berak, eta aren Apostoluak alakotzat deklaratu zuen: eta Eliz-Ama Santak aen eskutik gure Jaungoikoaren hitza bezela artu zuen: eta beti alakoa bezela erreberenziatu izan du: eta Eskritura Santako liburu guziak Eliza Santa Katolikak arturik dauzkan moduan, egiazkotzat norbaitek errezibitu nai ezpaditu, exkomunikazioarekin kondenatzen du.

        Eta zein dira, edo nola deitzen zaie Eskritura Santuko liburuai? Batzuek dira, esan dizuedan bezela, Testamentu zarrekoak, edo lege zarrekoak, Jesu-Kristo gure Jauna gizon egin baño lenago eskribituak: eta besteak dira Testamentu edo lege berrikoak.

        Zein dira Testamentu zarreko liburu Santuak? Ara Eliz-Ama Santak Trentoko Batzarre, edo Konzilio jeneralean egiazkotzat deklaratu zituenak. Eta 1. dira Moises (Patriarka eta Profeta andiak) eskribitu zituan bost liburu. Oen izenak dira Jenesis, Exodo, Lebitiko, Numeroak, eta Deuteronomio. (Oetatik asitzen da Eskritura Santua: eta oetan dago Jaungoikoak Israeldarrai eman zien lege eskribitua, eta Israelgo Puebloaren historia, aen gertaera miragarriak dakatzena, munduaren kreaziotik, eta asieratik Promisioko lur Santuan Pueblo ura bera sartu zaneraño): eta ondoren daude ala Pueblo guziarenak; nola Santu partikular, edo berezi batzuen historiak, edo gertaerak dakazten liburuak: eta baita ondo bizitzen; Jaungoikoa alabatzen, eta etorkizunak erakusten dituanak ere: eta izena due: Josue, Juezaen liburua, Ruth, Erregen lau liburu, Paralipomenen liburu bi, Esdrasen lenbizikoa, eta bigarrena, Nehemias deitua; Tobias, Judit, eta Job Santuarenak; Dabiden salterioa, eun da berrogeta amar Psalmo dituana, Proberbioak, Eklesiastes, Kantikuen Kantikua, Sabiduriako liburua, Eklesiastikoa, Isaias, Jeremias, eta Barakuk, Ezekiel, Daniel (Profeta andia asko eskribitu zuelako) eta amabi Profeta txikiak (ala deitzen zaie oei gutxi eskribitu zuelako) eta dira: Oseas, Joel, Amos, Abdias, Jonas, Mikeas, Naum, Abakuk, Sofomias, Ajeo, Zakarias, Malakias: eta Makabeoen liburu bi, lenbizia, eta bigarrena. Oek guziok dira lege zarreko liburu Santuak.

        Eta zein dira lege berriko, edo Testamentu berriko liburu sagraduak? Dirade Jesu-Kristoren bizitza, eta dotriña santua dakarden lau Ebanjelioak; San Matheok, San Markosek, San Lukasek, eta San Juan Ebanjelistak eskribitu zituenak. Apostoluen aktoak: (edo aen gertaera prinzipalak, San Lukasek eskribituak): San Pablo Apostoluaren amalau kartak: eta dira: bat Erromatarrai: bi Korintiokoai: bi Tesaloniakoai: bi Timoteori: bat Titori: bat Filemoni: eta bat Hebreotarrari eskribituak: San Pedro Apostoluaren Karta bi: San Juan Apostoluarenak iru: Santiago Apostoluarena bat: San Judasena bat: eta San Juan Ebanjelistaren Apokalipsis, edo errebelazioak. Eta orra Eskritura Santako liburu guzien izenak.

        Eta Eskritura Santuaz gañera beste dotriñarik badegu, fedekoa bezela, eta Eskritura Santa bera bezela sinistu bear degunik? Bai: eta da Apostoluak Jesu-Kristoren aotik aditu, eta ikasi, eta erak, eskribitu bage, aoz mundu guzian erakutsi zuen dotriña: batez ere Eliza Santa gobernatzeko, eta Sakramentu Santuak emateko, eta ondo errezibitzeko bear zana: eta aekgandik izan zuen bezela, munduko Eliza guzietan, eta batez ere guzien burua dan Erromako Elizan beti gorde, eta erakutsi dana: eta dotriña orri deitzen zaio tradizio dibinoa, edo eskutik eskura bezela errezibitu, edo beti gorde dana. Eta ori ere antxitian, edo lenbizian aotik aora Apostoluetatik artu, eta ikasi bazan ere, bereala Apostoluakin bizi izan ziran orduko Obispo, eta Elizako Maisu, edo Doktoreak eskribitu izan zuen, iñoiz ere aztu etzitezen: eta nola dotriña ori Jesu-Kristogandik Apostoluak artu zuen, eta Jesu-Kristoren ordenaz, eta aren izenean predikatu, eta erakutsi zuen; orregatik Eskritura Santari ematen zaion fedea bera, Apostoluak aoz erakutsi zuen dotriñari beti eman zaio: bada guzia da Jaungoikoak berak Eliza Santari errebelatua, edo erakutsia.

        Eta ori guzia fede biziarekin eta batere duda bage, eta kezka bage, Jaungoikoaren beraren hitza bezela, sinistu dezazuen; 2. aditu itzatzue orain beste arrazoi batzuek guztiz egokiak, borondatez itxutu nai eztiran guziak argitzeko, eta desengañatzeko: eta Elizaren fede, edo siniste egiazkoan bizi zeratela Kristauak konsolatzeko: eta fedearen argiarekin batera zuen bizimoduak zuzentzera alaitzeko. Eta lenengo ekartzue gogora, gure Jaungoikoak ezerezetik egin gaituala: eta ez alperrik, baizik bera ezagutzeko, serbitzeko, amatzeko, eta beti beraz Zeruan gozatzeko. Baña nola Jaungoikoa ezagutu, eta serbitu dezakegu, eta gure betiko zoriona iritsi dezakegu, gure adimentua berez gai, edo kapaz ezpada Jaungoikoa bera ezagutzeko, eta gugandik zer serbizio nai duen jakiteko? Alperrik bada mundura ekarriko ginduzen, bera nor dan ta guk, bera serbitzeko, zer egin bear degun erakutsi nai izan ezpaligu. Eta, nork ori pensa lezake, juizioaren antzik badu, izanik Jaungoikoa beretzat egin gaituan gure jabea, eta gure Aita guztiz poderosoa, ona, eta jakinsua? Erakutsi digu bada argiro jakin bear degun guzia, bera ezagutzeko, eta serbitzeko, eta gure betiko zoriona iristeko.

        Baña bearbada batzuek esango didazue: ori guzia egia da, edozeñek ezagutu lezakeana: baña Kristau katolikoen fedea eztuen Juduak, Mauruak, Turkoak, Herejeak, eta eren gisako legea dituzten beste fedebageak orobat uste due, eren legeak; eren errelijioa; eta eren sinismena dala egiazkoa: Nundik daki bada Kristauak, orien guzien legea, eta errelijioa gezurrezkoa dala, eta berea bakarrik egiazkoa, eta Jaungoikoak erakutsia dala? Ori klaru, edo argiro ikusi, eta sinistu eragiteko, Apostoluen denporatik onera txit sarri Elizako erakusle, edo Doktoreak guztiz jakintsuak, eta Santuak berariazko liburuak egin dituzte: eta irakurten dakitenak, dakazten arrazoiak, arrotasun bage, pasio bage, eta borondatezko itxumenik bage, egia jakiteko asmo, edo intenzio zuzenarekin eta Jaungoikoari bere argia eskaturik, irakorri, eta ondo konsideratu nai baditue, Kristauaren fedea, edo dotriña, Jaungoikoak berak bere Elizari agertua, eta erakutsia dala argiro ikusiko dezue. Eta batez ere, estudio andirik eztuenak ere, erderazko iru liburutan ondo klaru ikusi dezake: bata da Fr. Luis de Granada Beneragarriak eskribitu zuena: eta deitzen da fedearen sinboloa. Bestea da Aita Señeri, Misionero famatuak atera zuena, eta deitzen da Aitzakiarik edo eskusarik eztuen fedebagea. Eta 3. da orañago eskribitua: askoren eskuetan dabillena: eta deitzen da Ebanjelioa triunfoan. Baña zerren askok irakurten ez dakizuen, eta beste askok erarik eztezuen, begien aurrean ipiñi nai dizkizuet, Kristauaren fedea, eta dotriña Jaungoikoarena dala, eta guztiz ziertua, eta sinisgarria dala aditzera ematen duen arrazoi batzuek: eta ikusiko dezue, egia dala, anziñatik Dabid Errege, eta Profeta Santuak esan zuena: testimonia tua credibilia facta sunt nimis: Jauna, zure testimonioak guziz sinisgarriak egin dira. Eta 1. badakizue, etorkizunaren berri, eta batez ere denpora askoren buruan gertatuko dana bere zirkunstanzia guziakin au da, noiz eta nola gertatuko dan, Jaungoikoak bakarrik dakiala: eta eziñ gizonak ori jakin dezakeala Jaungoikoaren errebelazio bage, eta argitasun bage: bada gure fede Santuko misterioak, batez ere gure Salbadore Jesu-Kristoren Jaungoikotasuna, eta gizon egingo zalako, eta gugatik ilgo zalako; piztuko zalako; Zerura igoko zalako; eta bere Espiritu Santua mundukoak santifikatzeko, bidalduko zuelako; eta munduan egingo zuen mudanza miragarriaren gertaera andiak, txit zeoro gure Jaungoikoak errebelatu, edo agertu zizten lege zarreko Profeta Santuai: eta oek aurrez esan, eta eskribiturik utzi zituzten, gertatu baño askoz lenago: eta guziak kunplitu, edo gertatu ziran, aek esan, eta eskribitu zituen bezela: eta orrelako profezia egiazkoak Kristauak bakarrik dauzkate Eskritura Santuan: eta ori bakarrik da asko, beste arrazoirik ezpalego ere, Kristauaren fedea egiazkoa, eta Jaungoikozkoa dala sinisteko. Baña ona beste arrazoi bat, ori bera sinistu eragiteko guztiz indartsua: eta 2. da, Kristauaren fedea denbora guzietan izatea, eta beti bat, Jaungoikoaren gauza bezela. Adan, guzion lenengo gurasoagan asi zan gure fedea: ark, eta aren ondoren etorri ziran Patriarkak, Profetak, eta lege zarreko Santu, eta Jaungoikoaren egiazko serbitzari guziak, guk orain sinisten deguna bera sinistu zuen, orain bezelako argi guziarekin ezpazan ere: aei gure Jaungoikoak promes, edo eskeintze andiak egia zizten: eta batez ere guziok salbatzera Kristo, edo Mesias, edo Salbadorea bidalduko zuela, ofrezitu zien: eta aek sinistu eta esperatu zuen bezela, etorri zan, eta agertu zan Jesu-Kristo gure Salbadore, eta Maisua bere denporan: eta Jaungoikoaren seme egiazkoa zalako prueba, eta testimonio guztiz asko, eta guztiz ikaragarriak, eman zituan: Jesu-Kristogan anziñako Profezia guziak osatu edo konplitu ziran: eta bere Jaungoikotasunaren, eta gizatasunaren egia bere bizitza Santuarekin, bere dotriñarekin eta bere milagroakin alde akotara probaturik utzi zuen. Abran Patriarka andiaren fedea zuen Judu onak; zerurako bizi nai zuenak Jesu-Kristogan sinistu zuen: eta Kristau egin ziran: baña Judu arroak, munduari, eta aragiari zerraizeanak, emen bakarrik zorionekoak izan nai zuenak itxutu ziran: Jesu-Kristoren dotriñak, eta ejenploak aen bizimodua kondenatzen zuen: eta Jesu-Kristo illerazo zuen: eta aek, eta aen ondorengo Judu itxuak Jaungoikoaren maldizioa beti beren gañ ikusi due: eta ikusten daude: baña noizbait desengañatuko dira: Jesu-Kristogan sinistuko due. Bada Jesu-Kristok, eta bere Apostoluak, eta aen ondorengo Obispo, edo Elizako Arzai nagusiak, eta Doktore jakinsu, eta Santuak erakutsi zuen dotriña berbera, batere mudatu bage, denbora guzietan, eta orain ere erakusten digu gure Eliz-Ama Santak. Eta kontrara Juduen legeak, Jesu-Kristo etorriko zalako promesak zituanak bezela, etzuen iraun bear Jesu-Kristo etorri artean eta promesa oek kunplitu artean baizik: eta ala orduan bukatu zan: eta beste Hereje, Mauro, Jentil itxu, eta fedebageen seta gaiztoak eztira beti era batera izan: batzuetan agertu, beste batzuetan desegin, eta era askotara mudakorrak izan dira: eta Jaungoikoak sortuak eztiralako, eta bai gizon arroak asmatuak izan diralako señale klaroak berekin dakazte: eta aetan ez santidaderik, eta ez milagro egiazkorik iñoiz ere ikusi da. 3. Eta orobat gure fede santua, ez bakarrik beti bat, Jaungoikoaren gauza bezela izanda, baizik munduko bazter, eta toki guzietan era batera erakutsia, eta sinistua izan da: eta kontrara beste seta guziak eztira erakutsi toki batean, edo bestean baizik: eta eztue iraun siniste komun batean, gure fede Santuak bezela: eta ala, eziñ izan ditezke Jaungoikoak sortuak, baizik gizon utsak sortuak bezela mudakorrak, eta iraupen bageak: eta ori obeto ezagutuko dezue, konsideratu ezkero, nolako alegiñak egin zituen Deabruak, eta munduko agintari itxuak Kristauen fedea desegiteko: eta ala ere gure Jaungoikoak beti konserbatu, eta iraunerasi duela persekuzio arrigarrien artean ere, berak Aita San Pedrori, eta beste Apostoluai agindu, eta hitza eman zien bezela: eta or ezagutzen da argiro Jaungoikoaren gauza dala: eta ori bera 4. erraz ezagutuko dezue, fede orretan bizi izan diran Santuak gogora ekarten badituzue: bada alde batetik ezin kontatu ala dira: eta bestetik Jaungoikoaren serbitzari, eta adiskide guztiz maiteak izan dira: San Juan Bautistak bakarrik bere santidade arrigarriagatik, milagrorik egin bage, merezitu izan zuen, Juduak erak. Kristo, edo Mesias zala, uste izatea, eta Kristotzat eduki nai izatea. Eta Santu miragarri orrek, Jesu-Kristoren bide aurreko, edo Prekursore izateko Zerutik esleituak bezela, Jesu-Kristoren Jaungoikotasunaren testimonio klarua guzien aurrean eman zuen: eta arrezkero nork konta litzake, zenbat milloi santu izan diran, adiñ, eta klase guzietakoak, jakinsuak, eta jakinezak, aberatsak, eta pobreak, Erregeak, eta aen mendekoak, ezkonduak, eta ezkondu bageak: ofizio, edo langai guzietakoak, Santuegiazkoak, eta Jaungoikoaren adiskide maiteak izan diranak? Fede orren egia probatzeko, eta agertzeko milagro mota guziak egin zituenak? Eta orren testimonioa eren zañetako odolarekin tormentu arrigarrien artean eman zuenak? Eta nork esan dezake orien fedea egiazkoa eztala, aiñ prueba ikusgarriakin Jaungoikoak berak konfirmatu zuen ezkero?

        Eta beste motibo, edo arrazoirik badegu gure fede Santaren egia osoro, eta argiro erakusten duenik? Txit asko ditugu: eta dotriña labur batean eziñ guziak esan ditezke. Baña ona arrazoi bat bakarrik, borondatez itxutu nai eztana argitzeko asko dana: eta da fede au Apostolu Santuak munduko jendeai Jesu-Kristoren izenean, eren hizkuntza propioetan predikatu zienean, mundu guzian egin zan mudanza arrigarria: Jesu-Kristok berak lenago txit klaru, gertatuko zala, esan zien bezela. Bada orduan mundua zegoan Jentil itxu idolatraz beterik: eta guziak (Juduen artean banaka batzuek atera ezkero) gaiztakeriari, eta gezurrezko Idoloai, edo Jaungoiko falsoai zerraizten: ainbesteraño deabruak, eta eren pasio erabageak, edo lotsagarriak itxuturik zeuzkaten: eta ala ere Apostoluak, berez gizon pobre batzuek, lenago jakiñezak, edo ignoranteak, arranzan baizik etzekitenak, Jesu-Kristok erakutsi zien dotriñarekin, eta Espiritu Santuak eman zien Zeruko jakinduriarekin eta hizkuntza guzietan (lenago iñoiz aditu ez zituenetan ere) hitz egiteko, eta milagro mota guziak egiteko doai, edo eskualdi miragarriarekin eziñ kontatu ala jende munduko bazter guzietan argitu zituen: eta Jaungoiko bakar baten egiazko ezaguerara, Jesu-Kristoren fedea laztanzera, eta onek, erakusten duen bizimodu Santua egitera ekarri zituen. Eta ori da iñork eziñ ukatu dezakean gauza guztiz jakiña: eta ori da Jaungoikoak bakarrik egin zezakean mirari guztiz andia. Eta iñork ausardiarik balu, Apostoluak mudanza ori milagro ziertuak bage egin zuela esateko, zenzua, edo juizioa galdu duela esan leikio alakoari: bada eztue gizonak len zuen sinistea uzten, eta daukaten bizimodu nasai, eta atsegiñezkoa largatzen, desengañu klarua, edo argia ikusi bage: eta bata, eta bestea egin zuen eziñ kontatu ala gizon, eta emakumek mundu guzian: bada aditu zituenean Apostoluak predikatzen, eta erakusten zien fedeko egiak; eta ikusi zituenean egiten zituen milagro guztiz arrigarriak, larga zioben Idolatriari, eta bizioari, eta jarraitu zioben Jesu-Kristoren fede, eta dotriña egiazkoari: eta aiñ biziro, eta aiñ irmo Kristau berri aek fede, eta siniste egiazko orretan jarri ziran, nun, ez mundutarrak, baizik Zerutarrak zirudien: Jaungoikoaren eta lagun urko, edo projimoaren amorioz beterik, eta irazekirik zeuzkaten eren biotzak: munduko honrak, aberastasunak, eta gorputzaren atsegiñak ezertan etzeuzkaten: munduko ondasunak pobreai txit gogotik partitzen zien: guziak biotz bat baizik etzuela zirudian: Jesu-Kristoren dotriña Santua beti gogoan zerabilten: eta txit sarri aren gorputz guztiz preziatua komunio Santuan errezibitzen zuen: eta aiñ fede bizia, eta indarsua zuen, nun pozik jarten ziran tormentu mota guziak, eta eriotza bera sufritzera Jesu-Kristoren amorioagatik, eta betiko bizia, eta Gloria Zeruan aseguratzeagatik: eta ori ez banaka batzuek, ezpada milloika orretako Kristauak denbora artan izan ziran: eta ez bakarrik pobretxoak, eta jakinezak, baita aberatsak, eta jakinsuak ere: bada fedeagatik martirioa padezitu zuenak bakarrik, bestela ill ziran Kristau onek aitatu bege, amazazpi milloi gutxienez kontatzen ditu Eliz-Ama Santak. Eta ori bera da fede egiazkoaren beste testimonio bat guztiz andia, eta ikusgarria. Eta ala, Kristauak aiñ motibo indarsuak ditu, duen fedea Jaungoikoak erakutsia dala sinisteko, nun posible baliz ala ere engañaturik egotea; kulparik batere ezin izango luke: eta geiago dana, Jaungoikoari berari esan leikio orduan, aren Majestadeak berak engañatu duela. Baña ori esatea, blasfemia arrigarri bat izango litzaleke: bada guziok dakizue, Jaungoikoa ezin engañatu litekeala; eta eziñ engañatu gaitzakeala.

        Millarezko eskerrak bada aren Majestadeari sarri eman bear diozkatzue, egiazko fedearen argira ekarri, eta Zerurako bide zuzena erakutsi dizuelako. Baña zuen fede ori bera, zuen akusatzalle, eta fiskal garratza izatea nai ezpadezue, Zerurako bizi bear dezue: eta zuen biotzak, edo amorioa eztituzue ipiñi bear munduko anditasunetan, aberastasunetan, eta aragiaren, edo gorputzaren atsegiñetan. Jesu-Kristok guzioi Ebanjelio Santuan erakusten digun bezela, munduari, eta Jaungoikoari eziñ batetan gure biotzeko amorioa emango diegu. Jaungoikoa gauza guzien gañean, edo guziak baño geiago amatu bear degu: eta erabaki bear degu, lenago guziari, eta gure biziari ere largatzea, eta Jaungoikoagatik ematea, ezenez, Jaungoikoa eta gure anima pekatu larri batekin galtzea. Ori da gure fedeak eman eragin bear digun lenengo frutua: eta orren ondoren artu eragin bear digu birtuteari jarraitzeko gogo eragillea: eta ori gure obretan, eta bizimoduan agertu bear degu.

        Jaungoikoak berak arren digula guzioi orretako bere grazia; eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa