www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAIKAGARREN DOTRIÑA

 

1. Jesu-Kristok Ostirala Santuan eraman zituan
neke arrigarriak, eriotzara Pilatosek sentenziatu zueneraño:
eta 2. gurutzearekin kargaturik nola Kalbariora eraman zuen:
eta Gurutzean esan zituan azkeneko zazpi hitzak,
eta nola obiratu zuen.

 

        Aditurik daukazuen ezkero Ostegun Santu gabean Jesu-Kristo gure Jaunak obratu, edo egin zituan amoriozko lanak, eta eraman zituan neke, eta naibage arrigarriak, gure pekatuen zorrak pagatzeko, eta nola bizi guri erakusteko, ematen zizkigula, batez ere humiltasunaren, pazienziaren, eta penitenziaren ejenplo, edo ikasbide guztiz miragarriak: oraiñ arreta, eta atenzio guziarekin aditu bear dituzue Ostiral Santu egunean sufritu zituan tormentu izugarriak, eta eriotza lotsagarria: eta alegiñak egin bear dituzue, beti gogoan edukitzeko: Nor zan Jesu-Kristo: zenbat padezitu zuan: norgatik padezitu zuan: zertako padezitu zuan: eta nola padezitu zuen: eta baita konsiderazio orri dagozkion biotzeko afekto, edo sentimentuak zuen barruan formatzeko, edo sortutzeko ere, Jaungoikoari benetan eskatuaz, berak zuen adimentuak argitu ditzala: eta zuen biotzak ukitu, eta mugitu ditzala, Jesu-Kristoren oñaze, eta dolore guztiz andien erruki edo konpasiora: pekatuaren gorroto andi batera: eta egiazko damutasunera: esperanza humil bat beti Jesu-Kristogan edukitzera: esker onekoak izatera Jesu-Kristori zor diozkatzuen mesede andiakgatik: bera biotz guztitik amatzera: eta berari gogotik jarraitzera, batez ere humilltasunean, pazienzian, eta Jaungoikoaren borondatearekin gauza guzietan konformatzean. Eskatu dezagun bada bertatik guzirako bear degun Espiritu Santuaren argia, eta grazia Ama Birjiña Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        G. Zer egin zuen lenena Ostiral santu egunean Jesu-Kristoren etsaiak? E. Ozta eguna zabaldu zan, Apaiz prinzipalak, puebloko zarrak edo nagusienak, eta Esribak, edo lege erakusleak batu ziran Kaifasen etxean, eta erakarri zuen eren aurrera Jesu-Kristo gure Jauna loturik zegoan bezela, eta berriro esan zioben: Kristo bazera zu, esan egiguzu: eta baietz, ala zala eranzun zien: baña aditzera eman zien, egia aditzeko, eta sinisteko disposizioan etzeudela: eta bere inozenzia agertzeko arrazoiak eman arren, kasorik egingo etziobela, eta libratu naiko etzuela: bada guziak alkar arturik, eta ari bizia kentzeko erabakirik, edo determinaturik zeuden: baña, nola Juduak iñori bizia kentzeko eskualdirik etzuen, (bada Erromatarren mendean zeuden) eraman zuen gure Jesus ona Erromako Enperadorearen eskuarekin Jerusalenen Gobernadore zegoan Ponzio Pilatosegana, ark examinatu, juzgatu, eta eriotzara kondenatu zezan; (eta ori nola gertatuko zan aurrez Apostoluai Jesu-Kristok berak esan zien:) eta ala Kaifasen etxetik atera zuen gure Jesus ona eskuak loturik, eta gaizkille arrigarri baren gisa Jerusalengo kaletatik deadarka lotsa andiarekin eta desprezio andiarekin ekarri zuen Pilatosen etxera. Eta orduan Judasek bere maisu inozentea estadu lastimagarri artan ikusi zuenean, ezagutu zuen obeto bere traizioaren anditasuna: damu andi bat artu zuen, eta eman ziozkaten diruak Apaiz nagusiai, eta beste prinzipalenai biurtu zien, eta garbiro esan zien: nik gaizki egin det, gizon inozente bat, obenik, edo kulparik batere eztuena saldu, eta entregatu dizuet: eta eranzun zioben, guri zer dijoakigu orretan? Ori zeurk begiratu bear zenduan: or konpon: etzioben diruak artu nai, eta tenploan bota zituan: ojala bere gaizki egiña ezagutu, eta konfesatu zuen bezela, humillatu, eta esperanza osoarekin barkazio eske Jesu-Kristogana biurtu baliz, pozik barkatuko zion: baña esperanza guzia galdu zuen, eta eziñ bere burua sufriturik, bere eskuz soka batekin bere burua urkatu zuen; desesperaturik il zan, eta betiko kondenaturik infernura jetxi zan. Ikara gaitezen guziok ejenplo onekin: Judas apurka-apurka oitu zan lapurreta txikiak egitera, diruzale egin zan bere Maisu dibinoa, txit ona, eta guztiz biguña zalako, saltzeraño atrebitu zan. Eta gero bere gaiztakeri arrigarriak ainbesteraño lotsatu zuen, nun barkazioaren esperanza galdu, eta burua akabatu, eta infernura bota zuen; eta zorigaitz arrigarri ori ekarri oi du barkazio errezaren esperanzarekin ausardi geiagorekin pekatu egiteak. Esperanza erabagea, pekatuan irauteko aitzaki dana, desesperaziora azkenean etorri oi da: bada Jaungoikoaren miserikordia kabubagea dalako, bera geiago ofenditzeko aitzaki, eta motibotzat artzen du: eta nola Jaungoikoaren miserikordia bera zuzen-zuzen injuriatzen, eta ofenditzen duen, aren, bear danean, egiazko penitenzia egiteko, eskuarkiro desalaiturik, edo desanimaturik arkitzen da. Eta nekez esperanza ona edukitzera iristen da, ez, Jaungoikoak, ondo eskatzen badio, beti erruki izango eztuelako, baña bai bere kulpaz, ondo eskatzeko bear dan konfianza artzen eztuelako. Humillatu gaitezen bada, N.K., eta Jesu-Kristoren errukitasunaz, eta miserikordiaz baliatu gaitezen, ez orain pekatuan irauteko, eta noizbait erremediatuko geralako ustean bizitzeko; baizik pekatutik bereala irteteko, eta bizitza berri bat egiteko asmo, edo deseo bizi, eta eragille batekin.

        G. Zer egin zioben Jesu-Kristori Pilatosen aurrean presentatu zuenean? E. Pilatosek galdetu zien Juduai: zertan gizon au akusatzen dezue? zer gaiztakeri onek egin du? Eta eranzun zioben: gizon au gaitzgillea ezpaliz, zure aurrera ekarriko ez genduen, zuk juzgatzeko. Eta Pilatosek esan zien: orrela bada, zeurok ar ezazue, eta legeaz batera juzgatu ezazue: baña bereala eranzun zioben: onelako gaizkillerik iltzeko guk eskualdirik eztegu: eta abiatu ziran bereala Jesu-Kristo gure Jauna akusatzen, iru gauzen gañean, 1. zioben: au da gizon bat, gure jende, edo pueblo guzia alborotatu duena: 2. zioben: onek tributuak Enperadoreari pagatzea eragotzi du: eta 3. esan zuen: onek bere burua egiten du Kristo, eta Errege. Pilatosek ori guzia aditu zuenean, bere tribulanean jarri zan, eta Jesu-Kristori gauza bakoitzaren gañean bere galdeak egin ziozkan: baña Jesu-Kristok bere burua orduan defenditu nai izan etzuen, eta ixilik zegoan. Eta Pilatosek, arriturik esan zion: ez dezu aditzen, zenbat gaiztakeri egin dituzula, esaten duen? baña ala ere ixilik, eta alteraziorik batere bage zegoan Jesu-Kristo: eta Pilatosek galdetu zion, Juduen Errege zera zu? Eta Jesu-Kristok esan zion: Ori, zerez, egia jakiteko, edo Juduak asmatu duelako galdetzen didazu? Etzan batere sumindu, edo aserratu Pilatos eranzuera onekin: eta esan zion: Benturaz ni Judua naiz, zuen gauzak, eta nolako Erregea Juduak esperatzen dauden jakiteko? Zure jendeak, Apaiz nagusiak, eta pueblo prinzipalak erak nere tribunalera ekarri zaitue: Zer da zuk egia dezuna? Quid fecisti? Orduan Jesu-Kristok esan zion: nere erreinua ezta mundu onetakoa: ezta erreinu tenporala, munduko Erregeaen antzekoa: ez naiz ni Zerutik lurrera jatxi munduko gobernuak aldatzera: tributuak ipintzera: ejerzituak, edo armadak jasotzera munduko Erregeak bezela: orrelakoa baliz nere erreinua, nere ministroak, eta nere ofiziale, edo gerra gizonak etzien Juduai utziko ni preso artzen: eta ala eztezu alde orretatik bildurrik zer eduki: bada nere Erreinua ezta emengoa. Nolanai dala, zu Errege zera, esan zion Pilatosek: bai eranzun zion Jesu-Kristok, ala da egia: baña ni mundura etorri naiz, ez mundua gobernatzera, baizik guziai egia erakustera, au da, gizonak argitzera; gizonai egiazko, eta betiko zoriona zertan dagoan, eta ura iristeko, zer egin bear duen, erakustera: eta egia maite duenak, nere boza aditzen due. Orduan Pilatosek galdetu zion: Zer da egia? Baña eranzuera zai egon bage, Juduai hitz egitera irten zan: eta esan zien Pilatosek: gizon onegan kulparik batere nik arkitzen ez det: au inozente dago. Eta Juduak ori aditu zuenean, arrabia geiagorekin deadarka Jesu-Kristo akusatzen berriro abiatu ziran: eta esaten zuen: alborotadore bat zala: eta Galileatik asi ta araño jende guzia mugitu zuela, dotriña berri bat legearen kontra guziai erakutsiaz eta ill bear zuela. Nor arritzen ezta emen Juduen itxumen izugarriaz, eta aen gogortasunaz? Jesu-Kristok iñori gaitzik batere egiñ eztio; guziai on egiten aritu zan: Nor zan, edo nola zan egiazko Kristo, Aita Eternoaren Seme propioa, guziok salbatzeko gizon egin zana, argiro erakutsi zien, eta ezin kontatu ala mirarirekin, eta Eskritura Santuko profezia argiakin probatu zien: eta ala ere, zerren munduko gisa anditasunez, eta ondasunez, edo aberastasunez beterik ikusten etzuen, eren Salbadoretzat artu nai etzuen: naiago zuen munduko zoriona, eren animakoa, eta Zerukoa baño. Eta ala belarriak egiari itxi ziozkaten, eta Zeruko bidearen erakusle egiazkoa gezurtitzat, eta alboroladoretzat tratatu zuen. Eta, oraindio arritzekoagoa dana da, Kristau askok, ez hitzez, baña bai obraz egiten duena: bada sinisten due, nor dan Jesu-Kristo, eta Jesu-Kristok erakutsi zigun bezela gere bizimodua zuzendu bage, eziñ salbatu gaitezkeala: eta ala ere, Jesu-Kristoren egiazko dotriñari jarraio nai eztiobe: Jesu-Kristok argiro guzioi erakutsi digu, eztagoala munduko anditasun, aberastasun, eta atsegiñetan gure zoriona: baizik orain gure erabageko pasioak goitu: gure borondate gaiztoak ukatu: gure gurutzea, edo naigabeak pazienziarekin sufritu; alkar amatu, eta Jaungoikoaren borondatea egitean: eta gero Zeruko glorian Jaungoikoaz beraz beti gozatzean. Ori guzia da Jesu-Kristok erakutsi zigun fedeko egia. Lotsatu gaitezen bada, N.K., ikusirik Judu itxuak baño itxuago gaudela: bada aek baño askoz argi geiago daukagularik, Jesu-Kristori jarraio ordean, deabruari, munduari, eta aragiari jarraitzen diegu. Eta zenzatu, eta Zeruko bideari jarraio degiogun, betiko galduak, Juduak bezela, izan nai ezpadegu.

        G. Eta zer egin zuek Pilatosek, aditu zuenean Jesu-Kristo Galileakoa zala, eta Herodesen mendekoa zala alde orretalik? E. Nola ezagutu zuen Jesu-Kristoren inozenzia; eta Juduen itxumen, eta gorroto arrigarria, bildur zan egiteko orretan parte izateaz: eta atsegin artu zuen, bere burua libratzeko aitzakia arkitu zuenean: eta nola Herodes zan gizon itxu, gogor, eskandalo nabarbenean bizi zana: eta ori erreprenditu ziolako, San Joan Baptistari burua kendu eragin ziona: eta atsegin artu zuen, Jesu-Kristo bere aurrean presentatu ziobenean; zerren aspaldian aren milagro andiak adituta, bera ikusteko, eta milagro berriren bat bere aurrean eragiteko deseoarekin zegoan. Galde asko Jesu-Kristori egin ziozkan: baña batere eranzun nai izan etzion: alabaña aren arrotasunak, eta erabageko jakin naiak merezi etzuen: eta Jesu-Kristok bere inozenzia aren aurrean defenditu nai etzuen: Juduen Apaiz nagusiak gelditzaka Herodesi aren kontra asma al guzia esaten bazioben ere. Eta Herodesek berak, eta bere korteko zaldunak etzuen Jesu-Kristogan kulparik arkitu: baña bai desprezio, eta injuria arrigarri bat egin zioben: bada erotzat, eta zenzu bagetzat eduki zuen: eta orren señale, soñeko zuri bat paratu zioben, eta ekarri zuen baño lotsa andiagoarekin Pilatosi atzera bidaldu zioben: eta len alkarrekin aserre ziran Pilatos, eta Herodes adiskidetu ziran.

        G. Eta zer disponitu zuen Pilatosek, gure Jesus ona bere tribunalera berriz ekarri ziobenean? E. Artu zituan asmoak Jesu-Kristo libratzeko alegiñak egiteko: bada argiro zekusen kulparik batere etzuela: eta enbidiak, eta gorrotoak Judu prinzipalak itxuturik zeuzkala: erakarri zituan bada aek bere aurrera, eta esan zien: gizon au ekarri didazue, alborotadore bat bezela, nik juzgatu, eta kondenatu dezadan. Examinatu det zuen aurrean: eta kulparik batere arkitzen eztiot zuek akusatu dezuen gai guzietan: eta Herodes Erregeak ere au illeragiteko motiborik arkitu eztio: berariaz juzgatu dezan bidaldu badiot ere. Eta ala erabaki det, libre uztea: eta bakarrik korrejitu, ta eragotziko diot jendea batzaia, eta Erregearen izena artzea. Onenbesterekin sosegatu bear zirala Juduak uste izan zuen Pilatosek: baña obeto seguratzeagatik Jesu-Kristoren libertadea, eta bizia, artu zuen beste bide bat, bere iritsian ona, baña txit gaizki irten zitzaiona. Bazekian egun artan, au da, Paskuaren besperan, puebloak eskatuko ziola preso bat libratu zezala, eta ala eskatu zion: eta orduan zegoan preso, Barrabas zeritzon gaizkille famatu bat, giza erallea, eta alborotadorea: eta obeto bere asmoa logratzeko, etzien proponitu nai izan preso guzien artean Barrabas, eta Jesu-Kristo baizik, bietatik bat libratzeko. Zer deshonra andiagorik Jesu-Kristorentzat alako gizatxar infame batekin bere burua pareaturik, edo igualaturik ikustea baño? Bada geiago oraindio deshonratu, injuriatu, eta agrabiatu zuen: zerren Barrabas bera baño gaiztoagotzat eduki zuen: eta ala, Apaiz nagusiak, eta puebloko buruak, beste guziai konseju emanik, eta guziak beraganaturik eskatu zuen Barrabas libratu zezala; eta ez Jesus. Eta orduan Pilatosek galdetu zien: Zer nai dezue dagidan Kristo, eta zuen Errege esaten zaion Jesu-Kristorekin? Eta guziak eranzun zuen: gurutze batean illeragizu. Zer gaitz ordea egin du, gurutzifikatzeko? Eta guziak deadar egiten zuen: gurutzifikatu ezazu. Eta Pilatosek berriz esaten zien: zer gaitz egin du? Eta deadar geiago orduan egiten zuen: gurutzifikatu bedi. Eta Pilatosek irugarren aldian esan zien: Zer egin du onek? nik au illeragiteko kulparik batere arkitzen eztiot, erreprensio bat emanda, libratuko det. Eta orduan iskanbilla, eta deadar andiagoak egiñaz, eskatzen zioben, gurutzitikatu zezala: eta Pilatos, aen alborotoa eta itxumena ikusirik bildurtzen asi zan. Eta oraindio, Jesu-Kristori bizia gordetzeko asmoarekin, beste medio bat artu zuen: baña iltzea baño gogorragoa eta lotsagarriagoa. Pillare, edo kolumna bati lotu eragin zuen gure Jesus inozentea, eta esklabo billau eta gaiztagin andi bat bezela azotatu eragin zuen, aiñ gogorkiro, nun alde guzietatik odola zerion, edo obeto esateko, guzia zauri bat egiñik utzi zuen: eta bertan illik eroriko zan, berariaz gurutzean iltzeko, bizia konserbatu nai izan ezpalu. A! nere Kristau onak, zenbat zor diogun gure Jesus maiteari! A! ikusi al bagenzake, nolakoa zegoan Jesu-Kristoren biotza, aiñ deshonra, eta tormento arrigarrien artean! Zeiñ humillatua bere Aita Eternoaren Majestade soberanoaren aurrean; zerren gure pekatu guzien zorrarekin, eta penarekin kargaturik ikusten zan! Zeiñ obedientea, eta prestatua geiago, eta geiago sufritzeko, bere Aita Eternoaren justiziari gure ordez satisfazioa emateko: eta gu betiko infernutik libratzeko: eta betiko gloriara berekin eramateko: eta arako bide zuzena bere ejenploarekin eta batez ere, aiñ bearra degun humilltasunarekin, pazienziarekin, eta obedienziarekin erakusteko! Millarezko eskerrak bada sarri eman degiozkagun: eta eskatu degiogun, digula arren humillak, sufrituak, eta obedienteak izateko grazia, eta indarra.

        G. Eta etziran sosegatu, eta bigundu Juduak Jesu-Kristo gure Jauna aiñ gogorkiro azotaturik, eta iltzeko zorian ikusi zuenean? E. Ez: aen gorrotoa aiñ arrigarria zan, nun gurutzean illik ikusi artean, eziñ aspertu ziran. Eta Pilatosek aek sosegatzeko intenzio, eta deseoarekin soldadutzar lotsabage, eta kupide bageai gure Jesus ona entregatu zien, nai zuen bezela tratatu, burlatu, eta iskarniatu zezaen. Bereala narrugorrian paratu zuen: kapa gorri zatar bat gañean ipiñi zioben: aranzazko, edo elorrizko koroa gogor bat kruelkiro bere buruan sartu zioten: kañabera bat, Zetro orde, edo Erregearen señaletzat eskuan paratu zioben: eta aren aurrean belaunikaturik eskarnio andiarekin esaten zioten: Agur Juduen Erregea: eta txistuak aurpegira egozten zioten: eta kañabera eskutik kendu, eta arekin buruan jotzen zuen. Eta ala ere gure Jesus ona, izanik gizon guzien jabe egiazkoa, ori guzia aiñ humill sufritzen zegoan, gure soberbiaren kalteak erredimitzeagatik, eta guri humillak izaten erakusteagatik. Alako etxura errukigarri, eta lastimagarrian gure Jesus inozentea Pilatosek ikusi zuenean, uste izan zuen, zegoan estadu tristean Jesu-Kristo bera guziai erakustea asko izango zala aen biotzak biguntzeko: eta asmo orrekin bere palazioko balkoi, edo leio batera atera zuen, eta deadarrez Juduai esan den: Ecce homo: begira egiozue gizon oni: emen dakarkizuet, guzioi deklaratzeko, edo adieragiteko, nik kulparik batere arkitzen eztiodala. Ikusi ezazue nolakoa dagoan; ea giza antzik ere daukan, zuek illeragin nai dezuen onek: begira ezazue, nor akusatzen dezuen, Errege izan nai duelako. Badirudi, ikusgarri aiñ lastimagarri batek, ukitu, eta errukitu bear zituala biotzik gogorrenak ere: baña arriak, eta kalziuak baño gogortuagoak zeuden Juduen biotzak: eta ala batere kupitu bage, batez ere Pontifizeak, eta aen Ministroak deadarrez Pilatosi esaten zioten: gurutzifikatu ezazu: gurutzifikatu ezazu: eta Pilatosek, etsirik, esan zien: ar ezazue zeurok, eta gurutzifikatu ezazue, bada nik motiborik arkitzen eztet, au gurutzifikatzeko: orduan eranzun zioben: guk legea badegu, eta legeaz batera ill bear du; zerren bere burua Jaungoikoaren Semea egiten du. Eta Pilatosek, ori aditu zuenean, bildur andiagoa artu zuen: eta Jentil itxu bat bazan ere, ikusirik Jesu-Kristoren inozenzia, eta aren pazienzia miragarria ainbeste tormentuen artean, errezelatu zan, izan zitekeala Jaungoikoaren Semea, edo beinzat gizon utsa baño geiago zala, edo beste gizonak ez bezelakoa zala. Eta obeto informatzeagatik Jesu-Kristori berari galdetu zion: Zu nortarrik zera? Baña, nola bere burua orduan defenditzeko asmorik etzuen, ixilik zegoan. Eta Pilatosek esan zion, eztidazu niri hitz egin nai? Eztakizu, zu illeragiteko, edo libratzeko eskualdia daukada? Eta orduan Jesu-Kristok esan zion: Etzenduen eskualdi ori edukiko, Zeruan dagoan Juez Soberanoak eman ezpalizu: baña zure eskuetan entregatu naubenak, zuk baño kulpa geiago due: eta orretan aditzera eman zion, bera ere kulpadun izango zala, justizia egiten, edo gordetzen ezpazuen. Hitz oekin geiago bildurtu zan Pilatos: eta nai zukean Jesu-Kristo libratu: baña aren alegiñak libratzeko baño, biziagoak, eta eragilleagoak ziran Juduenak Jesu-Kristo illeragiteko, eta deadarka esan zioben Pilatosi: Au illerazotzen ezpadezu, Enperadoren grazia, eta adiskidetasuna galduko dezu; bada Errege egiten dana aren kontra altxatzen da: eta ezin ori sufritu dezakezu: arrazoi oekin turbatu zan, eta desanimatu zan Pilatos: eta esan zien: Ona zuen Erregea: Ecce Rex vester: eta eranzun zioben: tolle, tolle, crucifige, illeragizu: gurutzifikatu ezazu. Baña zuen Erregea gurutzifikatuko det? berriz esan zien. Eta orduan eranzun zioben: Guk beste Erregerik eztegu, Enperadorea baizik: eta orduan Pilatosek, jende guzia alborotaturik ikusi zuenean; eta ezin sosegatu zituala, eskuak garbitzeko ura erakarri zuen: guzien aurrean garbitu zituan, eta esan zien: Justo onen eriotzan nik parterik artzen eztet: Ni kulpabage gelditzen naiz: Begira ezazue zuek, zer egiten dezuen. Eta pueblo guziak eranzun zion: orren odolaren bendekua, edo benganza erori bedi gure gañ, eta gure hume, eta ondorengoen gañera. Eta ori aditu zienean Pilatosek, libratu zuen Barrabas, lapur, eta eralle infamea: eta izan ditekean injustiziarik andienarekin, inozentetzat zeukan, gure Jesus ona, Juduai atsegin emateagatik, eriotzara sentenziatu, eta kondenatu zuen: eta gurutze batean illeragiteko Juduai erai entregatu zien: eta Jesu-Kristok bere Aita Eternoaren sentenzia bezela azeptatu zuen.

        Emen, N.K., konsiderado gai andiak, eta txit probetxugarriak ditugu. Eta ona orain txit egokiak: 1. ikusten dezue, eta beti gogoan eduki bear dezue, Jesu-Kristo bere Aita Eternoari zor zaion honra guzia emateagatik, eta bere justiziara gure ordez, eta gu betiko eriotzatik libratzeagatik, satisfazio osoa emateko, jarri zala ainbeste neke, deshonra, eta tormentu arrigarriak, eta alako eriotza lotsagarria borondatez iñork obligatu bage, sufritzera. Eta ori sinisten degunok, zer egin bear degu? Aborrezitu pekatua, eta pekatu gai guziak, munduko gaitz guziak, eta eriotza bera baño askoz geiago. A! gure Jesus ona, zenbat zor dizugun! zeiñ maite gaituzun! eta zeiñ gaizki eranzun dizugun! zeiñ esker gaiztokoak, zeiñ itxuak, eta zeiñ zoroak izan geran! zenzatu gaitzatzu arren, Jauna; argitu gaitzatzu, eta iguzu egiazko penitenziaren doaia: damu degu biotz guztitik, zu aiñ ona izanik, zu ofendituaz lenago ill nai degu, Jauna, zu berriz ofenditu baño: miserikordia arren, Jauna, guzaz: eta 2. ikusten dezue, alde batetik Juduen Apaiz nagusiak, Pontifizeak, lege erakusleak, Eskriba, eta Fariseoak zenbateraño itxutu, eta gogortu zituan eren arrotasunak, andinaiak, enbidiak, eta Jesus onari artu zioben gorroto arrigarriak: eta bestetik, nolako argaltasunarekin Pilatosek munduko errespetoagatik, egiaren, justiziaren, lege guzien, eta bere konzienziaren testimonioaren kontra, inozentetzat zeukan gure Jesus ona eriotzara sentenziatu zuen: eta emen ikasi dezagun guziok, erabageko pasio, eta griña gaiztoak zenbateraño itxutzen, eta argaltzen gaituen: eta zeiñ erraz pekatu eragiten diguen. Eta orazioaz, eta konsiderazioaz baliatzen ezpagera, gure buruak argitzeko, eta indartzeko, eta gure pasio, edo inklinazio txarrak goitzeko, edo menderatzeko, pekatuan bizi, eta pekatuan illko gerala, Juduen agintariak, eta Pilatos Juez bildurtiegia, eta zuzen eza, edo injustua ill ziran, eta kondenatu ziran bezela. Esna gaitezen bada arren, N.K., humillatu gaitezen: fedeko egia andiak, eta batez ere Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzako misterioak sarri, eta ondo ausnartu ditzakun: eta Zeruko argia, eta laguntasuna gogotik eskatu dezagun. Eta orrela bizimodu on bat egingo degu, eta betiko gloria iritsiko degu. Amen.

 

 

Aurreko dotriñaren beraren gañean.

 

        Jesu-Kristoren pasio santuaren historia miragarriari narraiola esan bear dizuet orain, eriotzara sentenziatua izan zanetik enterratua izan zanerañoko guzia. Eta dotriña, eta konsiderazio gai guztiz miragarriak, eta probetxugarriak aditu bear dituzue. Gogoan ondo artu itzatzue, eta frutu andi bat ateratzeko alegiñak egin itzatzue. Eta orretako Espiritu Santuaren argia, eta grazia eskatu dezagun, Ama Birjiñaren bitartez, esaten degula, Abe Maria.

        G. Zer egin zioben Jesu-Kristo gure Jaunari, Pilatosek eriotzara kondenatu zuenean? E. Bereala soldaduak arrapatu zuen: eta indarka, eta lotsabagekiro, gorputzeko zauriai itxatxirik zegoan purpurazko soñeko zatar farregarria kendu zioten: eta obeto ezagutua izan zedin, bere lengo soñekoak paratu zioten: eta bera gurutzifikatzeko serbitu bear zuen gurutze andi, pisu, edo astun bat bere sorbaldan ipiñi zioten: eta arekin kargaturik Ziudadetik kanpora atera zuen, eramateko Kalbariora, edo gaiztagin andiak, eta billabak illtzen zituen tokira: eta lotsa geiago eman bearrez, eriotzara kondenaturik zeuden lapur infame bi lagunzat eman zioten: eta Jesu-Kristorekin batera Kalbariora eraman zituzten.

        Aiñ argaldua, eta nekatua bazijoan ere gure Jesus ona, berak eraman zuen gurutze aiñ pisua, eta astuna Ziudadetik kanpora irten artean: baña zijoan erorka, eta eziñ Kalbariora eldu zitekean milagro bage: eta nola Juduak Kalbarioan, eta gurutzean illik ikusi nai zuen, kanpotik zetorren Zirineako gizon bat, Simon zeritzana, obligatu zuen Jesu-Kristori gurutzea eramaten laguntzera. A! zorioneko gizona! Eta zeiñ zorionekoak gu ere, bakoitzak gere gurutzea, edo gere neke, naibage, eta atsekabeak Jesu-Kristoren ondoren pazienziarekin badamazkigu! Kalbarioko bidean, beste jendetalde askoren artean, ikusi zituan Jesu-Kristok bere gertuan zijoazela emakume piadosa batzuek negarrez beraren errukiz; eta gogoan zeuzkala zorigaiztoko pueblo itxutu aren gañean etorri bear zuen desditxa arrigarriak, esan zien: ez nigatik negar egin, baizik zuen buruakgatik, eta zuen humeakgatik: bada alako naibageak, eta desditxak etorriko zaizte, nun orduan aurrik ez izatea fortuna anditzat emakumeak artuko due: eta jendeak mesedetzat mendiai, eta aitzai eskatuko die, erori, eta azpian artu ditzatela, zerren Jaungoikoaren Justizia, frutu onak dakatzan arbola ezea onela tratatzen badu, besteren pekatuak bere gaiñ artu ditualako, zer egingo du fruturik, edo obra onik ematen eztuen arbola igartuarekin? edo pekatuan gogorturik daudenakin? Surtarako baizik izango eztira.

        G. Eta Kalbariora eldu ziranean, zer egin zioben Jesu-Kristori? E. Soldaduak beazunez, eta mirraz nastutako ozpiñ guztiz mindua edatera eman zioten, orduko oituraz, edo usadioaz batera, iltzera kondenatzen zituenaren sentiduak moteltzeko: eta eriotzako penak, eta garraztasunak gutxiago sentitzeko. Eta probatu zuen gure Jesus onak edari miñ ura: baña etzuen guzia esan nai izan, zergatik alibiorik, edo aringarririk bere tormentuetan nai izan etzuen. Eta bereala ezin esan al baño andiagoak, eta lotsagarriagoak eman ziozkaten: bada guzien aurrean soñeko guziak, aragiari itxatxirik zegoan tunikaraño tiraka kendu ziozkaten, eta narrugorrian gurutzearen gañean ezarri zuen: eta krueldade arrigarri batekin bere esku biak, eta oñ biak gurutzeari josi ziozkaten iltze lodi, eta entenga batzuekin, batetik bestera igarotzen ziozkatela: A! Zer oñazeak orduan Jesus maitearenak! eta zer penak begira zegoan bere Ama Santisimarenak! Eta estadu orretan gurutzea gora jaso zuen: berariaz egiñik zegoan zulo batean paratu zuen: eta zinzilika, gurutzean josirik, airean agertu zan gure Jesus ona, Zeruaren eta lurraren Jabea, Errege guzien Erregea, eta Jaun guzien Jauna. Eta aren aldamenean lapur biak, gurutzitikaturik ipiñi zituzten: eta orrela osatu zan, Eskritura Santuan aurrez errezibiturik zegoana: au da, gaizkilleakin berdindua, edo igualatua izango zala! Eta Pilatosek Jesu-Kristoren gurutzearen gañean ipiñi eragin zuen titulu bat iru hitzkuntzatan eskribitua: Hebreoz, Latiñez, eta Griegoz. Eta titulu orretan zegoan eskribiturik: Jesus Nazareno Juduen Erregea. Eta ori irakurri zuen Judu prinzipalak Pilatosi esan zioben: etzala eskribitu bear; Juduen Erregea, baizik bere burua Juduen Errege egin nai izan zuena. Baña Pilatosek orretan etzien atseginik eman nai izan, eta eranzun zien: Quod scripsi, scripsi: eta etzuen tilde batere mudatu nai izan.

        G. Zenbat ordu egon zan Jesu-Kristo gure Jauna gurutzean josirik, eta altxaturik: eta denbora artan zer egin zuen; eta zer erakutsi zigun? E. Egondu zan iru ordu, eguerditik iruretaraño; ala gorputzaren aldetik, nola animaren aldetik guztizko pena, neke, dolore, oñaze arrigarriak sufritzen zituala pazienzia, obedienzia, eta zelo irazeki batekin bere Aita eternoaren honragatik, eta gure salbazioagatik: eta ala zegoala, gurutze santutik, pulpito batetik bezela, zazpi hitz bakarretan agertu, eta erakutsi zigun eziñ obeto, zeiñ maite gaituan, eta Zeruko gloria iristeko, zer egin bear degun: Eta bada guraso on batek iltzeko zorian batez ere bere hume maiteai gauzarik bearrenak enkargatzen dizte, Jesusen hume onak bezela aditu ditzakun, eta kontuz gure biotzetan sartu, eta beti gogoan eduki ditzakun, Jesu-Kristoren azkeneko hitzak. 1. Bere begiak Zerura altxatu, eta bere Aita eternoari orazio egin zion bere etsaiakgatik, eta esan zion: «Nere Aita barkatu egiezu ni onela tratazen nabenai, bada eztakie, zer egiten duen». Bazekien gaizki egiten zuena: baña, pasioak itxuturik, etzuen ondo ezagutzen egiten zuen gaitz guzia. Eta orra, bere Ebanjelio santuan erakutsi zigun dotriña gure etsaiai barkatzearen gañean bere ejemploarekin nola berriz konfirmatu zigun. Eta ala alaitu, eta esforzatu bear gera, N.K., Jesu-Kristok bezela, gure gaitzgilleagatik Jaungoikoari erregutzera: eta oitu bear gera, igui degun, edi miñ ematen digun desprezioren bat edo atsekaberen bat, edo agrabioren bat egiten diguenean, edo desarrazoiren bat esaten diguenean, biotzetik esatera: Jaungoikoak arren barka degizula: eta guziok erremedia gaitzala: bada orrela txit pekatu asko eskusatuko dituzue: biraurik, edo maldiziorik egingo eztezue: biotzeko pakea gordeko dezue: Jaungoikoari txit atsegin andia emango diozue: aren majestadeak zuen pekatuak, edo egin diozkatzuen ofensa andiak barkatuko dizkitzue: eta ondasun guztiz andiak Zerurako irabaziko dituzue: eta kontrara, aserreari, eta gorrotoari leku ematen badiozue, zuen buruak, eta besterenak galduko dituzue. Eta zer egiten zuen Jesu-Kristo zaitzen zeuden soldaduak, eta puebloak, edo an zegoan jende-taldeak? Soldaduak partitu zituen Jesu-Kristoren soñekoak lau puskatan, eta bakoitzak bat artu zuen: eta nola barruko tunika zan pieza batean eoa, eta kosturarik etzuena, etzuen puskatu, baizik norenzat izango zan suerteak bota zituen: eta ori guzia, nola gertatuko zan, anziñatik eskribiturik Eskritura santan zegoan. Eta soldaduak Jesu-Kristo zaitzen zeuden artean jende guzia zegoan Jesu-Kristori begira: eta blasfemia, eta injuria arrigarriak esan ziozkaten: Batzuek burua jiratuaz, eta burla egiñaz, esaten zioten: Bah: desditxadua, irugarren eguneko Tenploa desegin, eta berriz egiteko eskua zenduana, zere burua orain libratu ezazu; eta Jaungoikoaren Semea bazera, gurutzetik jatxi zaitez. Eta orobat Apaiz nagusiak, eta puebloko buruak bata besteari burlaz esaten zioten: Onek besteak salbatu, eta eriotzatik libratu ditu; eta bere burua ezin libratu du: Israelgo Erregea, eta Mesiasa bada, jatxi bedi orain gurutzetik, eta beragan sinistuko degu: Jaungoikoagan esperatzen zuen: libra dezala orain nai badu, eta agertu beza, bere Semea duela. Nai adiña zeruan ori agerturik, Juduak borondatez itxutu nai izan ezpalira. Eta geienak eren itxumenean iraun bazuen ere, izan ziran orduan bertan, eta aurrera ere txit asko Jesu-Kristo Jaungoikoaren Semea, eta Jaungoiko egiazkoa zala sinistu zuenak: eta aetatik bat izan zan lapur ona, edo orduan ondua: bada bere lapur lagun gaiztoak besteak bezela Jesu-Kristori blasfemiak esaten baziozkan ere, lapur onak Zeruko argiaz, eta graziaz trukaturik, humillaturik, eta damuturik bere laguna erreprenditu zuen, eta Jesu-Kristoren inozenzia, eta neurribageko poderioa konfesatu zuen. Lagun gaiztoari esan zion: Iltzeko zorian zaude, eta Jaungoikoaren bildurrik orain ere eztezu? guk kastigu au ondo mereziturik daukagu gure gaiztakeriagatik: baña onek, zer gaitz egin du? kulparik batere eztu. Eta Jesu-Kristogana itzulirik, erregu, edo eskaera au egin zion: Jauna, zure erreinuan sartzen zeranean, nizaz oroitu, edo akordatu zaitez. Onela agertu zuen Jesu-Kristoganako bere fedea, eta esperanza gurutze batean josirik ikusten bazuen ere. Eta Jesu-Kristok orduan esan zuen bigarren hitza: bada eranzun zion «Gaur egongo zera nerekin batera Paradisuan»; eta orra konfesio humilla, edo egiazko penitenzia egiten duen guzienzat hitz guztiz konsolagarria: baña pekatuan bizi, eta ondu bage iltzen diranenzat, lapur gaiztoa, eta Judu itxuak bezela, betiko kondenagarria: bada orienzat eztago Paraisurik, eta bai dago betiko infernua.

        Jesu-Kristok irugarren hitza bere Ama Santisimari esan zion. Ikusten zuen zegoala dolorezko itxaso bat egiñik: eta beraren aldean zeuden txit penaturik iru Mariak: Maria Magdalena: Maria Kleofe: eta Maria Salome: eta aekin batean San Juan Ebanjelista, guziak Jesu-Kristori begira: eta bere Ama Santisimari esan zion, San Juan señalatuaz; «Andrea, orra zure Semea»: orra nere ordez Semetzat ematen dizudana. Eta San Juani esan zion, Ama Santisima señalatuaz «orra zure Ama» edo Amatzat eduki bear dezuna. Eta alakoa bezela bere bizi guzian honratu zuen, eta beti lagundu zion San Juanek. Eta emen erakusten digu Jesu-Kristok bere ejenploarekin humeak gurasoakin, eta gurasoak humeakin eduki bear duen piedadea, eta kuidadua: eta baita zein maite gaituan Kristauok: bada San Juanen personan guziok egin gaitu bere Ama Santisimaren, Zeruko Erregiña andiaren humeak: eta eman digu Amatzat bere Ama propioa bera: eta aren anparo andiaren azpian ipiñi gaitu: eta ortik kontua atera ezazue, zenbat inporta digun Ama Birjiñaren egiazko hume leialak, eta debotoak izatea: bada aren laguntasunarekin, edo bitartekotasun andiarekin bear ditugun Zeruko sokorruak, edo graziak iritsiko ditugu bere Seme maite Jesu-Kristogandik.

        Aditu itzatzue orain Jaun onek gurutzean esan zituan azkeneko hitzak: baziran ia arratsaldeko irurak: eta eguerdi ezkero, iñoiz ere ikusten etzan bezelako, eta naturalezaz kanpora zan eklipse, edo Eguzkiaren illuntasun arrigarri batekin mundu guzia zegoan illunpean, eta doluz, edo lutoz janzirik bezela: eta orduan, Jesu-Kristok, zein pena, eta oñaze arrigarriak zeramazkian aditzera eman nai izan zuen, eta deadar andi batekin bere Aita Eternoari esan zion «Nere Jaungoikoa, nere Jaungoikoa: Zergatik desanparatu nazu?» Deus meus, Deus meus quare dereliquisti me? Gure pekatuakgatik, N.K., Aita Eternoak nai izan zuen bere Seme maiteak, inozentea zalarik, ainbeste sufritzea: eta bere Aitaren borondatea egiteagatik Semeak nai izan zuen gure zorra aiñ garesti pagatu. Eta zein biziro deseatzen zuen gure erremedioa aditzera emateko, urrengo hitza esan zuen, au da, «sitio» egarriak nago: eta ala egarri ori etzan bakarrik gorputzarena, baita ere zan animarena, edo espirituarena. Eta egarri zala aditu ziobenetatik batek bereala esponja bat ozpiñetan busti, eta kañabera luze batekin aora eman zion. Eta edari miñ ura probatu, eta esan zuen peste hitz au «Consumatum est» guzia dago ia kunpliturik. Esango balu bezela, nere Aitaren borondatea osoro egin det: Nizaz hitz egiten zuen Eskritura Santuko Profeziak, edo gertakizun guziak osatu ditut. Eta ondoren deadar andi bat eman zuen, eta esan zuen, azkenik: «Nere Aita zure eskuetan nere Espiritua enkomendatzen det:» eta ori esatearekin batera, burua makurturik, azkeneko asnasa eman zuen, eta ill zan, eta berak nai zuela gurutzean ill zan, N.K. Eta mundu itxuaren begietan eriotza lotsagarri, eta deshonragarri bat sufritu izan bazuen ere; Jaungoikoaren begietan, eta fede egiazko baten begiakin Jesu-Kristori begiratzen diobenenzat, eriotza ori izan zan guztiz honragarria Jaungoikoarenzat eta guziz probetxugarria gizonarenzat. Bada Jaungoikoaren majestadeari biurtu dio gizonak pekatuarekin au da, bere arrotasunarekin eta desobedienziarekin kendu zion baño honra agitz andiagoa: eta gizona atera du deabruaren mende, edo katiberiotik, eta adiskidetu, edo paketu du aserraturik zeukan bere Jaungoikoarekin: eta iritsi dio galdurik zeukan bere grazia, eta Zeruko gloriaren deretxoa. Eta guzia hitz batean esateko, gure gaitz guzien erremedioa, eta ondasun guzien esperanza Jesu-Kristoren gurutzeko eriotza santutik etorri zaku.

        G. Eta Jesu-Kristo ill zanean, Jaungoikoaren Seme egiazkoa zala aditzera eman zuen mirarik gertatu zan? E. Bai, eta asko. Aditu dezue berariaz Jaungoikoak orduan sortu zuen Eguzkiaren illuntasun aiñ luzea, eta arrigarria. Orduan bertan Jerusalengo Tenploan, leku Santua, eta Santuarioa bata besteagandik apartatzen zituan goitik berako kortiña, edo beloa, bat batetan urratu zan: eta agerian Tenplo guzia gelditu zan: Jesu-Kristok bere eriotzarekin Zerua iriki zigula aditzera emateko. Lurra ikara bereala abiatu zan: arriak, edo aitzak berenez zatitu, edo puskatu ziran: sepultura asko batetan iriki ziran; eta aetan zeuden justuak, Jesu-Kristo irugarren egunean piztu zanean, pizturik, edo erresuzitaturik askori agertu zitzaien. Eta kalbarioan soldaduai agintzen zegoan Kapitanak, Jesu-Kristoren azkeneko hitzak, aren deadar miragarria, eta beste prodijioak ikusi zituanean, guzia bere artean arriturik, esan zuen: batere duda bage Jaungoikoaren Semea da gizon justu au. Eta soldaduak erak, eta jendetaldeak ori bera zioben: eta damuren pasioz bularrak jotzen zituela Jerusalena itzuli ziran.

        G. Eta Jesu-Kristoren anima gorputzetik irten, edo apartatu zanean nora joan zan? E. Abranen senora, an zeuden anima justuak libratzera, konsolatzera, eta gloriaz betetzera.

        G. Eta Jesu-Kristoren gorputz Santuari zer egin zioben? E. Nola urrengo eguna jai andia zan: iru gorputzak isegirik egon etzitezen, Juduak eskatu zioben Pilatosi, bereala zankoak antsi eragin zegiela: eta enterratu zitzatela: eta ala lapur biai zankoak autsi zizten, zerren artean bizirik zeuden: baña Jesu-Kristori etzioben zankorik autsi, zerren orduko ill zan. Eta orren ordez soldadu batek lanza batekin bere bularra iriki zion: eta odola, eta ura bularreko zauritik irten ziran: eta begira zegoan San Juan Ebanjelistak guziaren testimonio eman zuen bere Ebanjelio Santuan. Eta errespeto andiko gizon aberats eta karguduna, Judua, eta lagunaen bildurrez ezkutuan Jesu-Kristogan sinisten zuena, Jose zeritzona: Jesu-Kristo ill ezkero, lengo bildurra botarik, edo Jaungoikoak indarra emanik, joan zitzaion Pilatosi, eta eskatu zion Jesu-Kristoren gorputza enterratzeko lizenzia: eta ori iritsirik, Nikodemus zeritzan beste diszipulu batek (lenago ixilla, edo sekretoa, eta orduan nabarbendua bestearen gisa) laguntzen ziola, jatxi zuen Jesu-Kristoren gorputz santua gurutzetik erreberenzia, eta errespelo guziz andiarekin: ala bada, Jaungoikotasunarekin uniturik zegoan gorputz santu ura: eta usai gozo, eta kostu andiko uguento batzuekin enbalsamatu zuen: eta izara berri batekin inguratu zuen: eta Kalbarioaren gertuan zegoan hortu, edo baratza batean, esan degun Jose piadosoak beretzat egiñik zeukan arrizko sepultura berri batean, lenago iñor enterratu etzan lekuan obiratu, edo sartu zuen Jesu-Kristoren gorputz santua: eta ango sarrera losa andi batekin itxi zuen; eta Juduak erak Pilatosen lizenziarekin eren sillua arriari ipiñi zioten, eta baita eren mendeko soldadu, edo guardiak ere, iñor atrebitu etzedin Jesu-Kristoren gorputz illa andik eramatera: eta guziaren begira zeuden Ama Birjiña Santisima, eta berari zerraizkan Maria Magdalena eta bere lagunak: eta guziaren testimonioa eman zuen San Juan Ebanjelistak. Eta nork esan, edo aditzera eman ditzake batez ere Ama Santisimak Jesu-Kristo pizturik ikusi artean, bere biotz minbere, eta sentikor artan eraman zituan pena, eta doloreak? Ori zuen konsideraziorako uzten det.

        Eta orain ikusten dezue, N.K., zuek pekatutik, eta deabruaren katiberiotik ateratzeko, eta zuei Zeruko bidea erakusteko, eta bide orri jarraitzeko bear dezuen grazia zuei iristeko; Jesu-Kristok bere aldetik bear dan guzia egin duela, ainbeste kosta bazaio ere: eta orain, zer falta da, Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren frutua zuek iristeko? Ez besterik, baizik Jesu-Kristoganako fede bizia: beraganako esperanza humilla: eta beraren amorio irazekia zuen biotzetan sortzea: eta oni darraion projimoaren egiazko amorioa. Eta ori konserbatzeko biotzeko humilltasuna, pazienzia, Jaungoikoaren borondateari zuena sujetatzea. Hitz batean, pekatua, gaitz guziak baño geiago aborrezitzea: eta bizitza berri bat egitea, Jesu-Kristoren ejenploak, eta nekeak beti gogoan ditugula. Jaungoikoak digula orretako bere grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa