www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BATGARREN DOTRIÑA

 

1. Santa Isabelen bisitazioa.
Eta 2. San Jose gloriosoaren naigabea
bere esposa Maria Santisima aurdun ikusi zuenean:
eta nola Jaungoikoak argitu, eta konsolatu zuen.

 

        Orain urrengo aldian aditu zenduen ezkero, nola obratu zan Maria Birjina Santisimaren errai garbietan Espiritu Santuaren birtutez Jaungoikoaren Semearen gizon egitea, edo enkarnazioko misterio miragarria; onen ondoren, Jesu-Kristo Jaungoiko eta gizon egiazkoa jaio baño lenago gertatutako misterio aundi bi aditzera eman nai dizuet, N.K., eta bietan ikusiko dezue, nola Jaungoikoak agertu zuen bere Semearen gizon egitea, edo Enkarnazioa, mirari andiak orretarako egiñaz; eta dotriña miragarriak guzioi erakutsiaz.

        G. Zer misterio gertatu ziran bada, Jesu-Kristoren gizon egitea, jaio ere baño lenago agertu zuenak? 1. Maria Santisimak bere lengusu Sanla Isabeli egin zion bisita: eta okasio orrekin gertatu ziran mirariak: eta, 2. Aita San Jose gloriosoak izan zuen pena, naigabe, eta turbazio andia Maria Santisima aurdun ikusi zuenean, misterio ori jakin baño lenago: eta orduan Aingeruak eman ziozkan Enkarnazioko misterioaren berri onak: eta beste dotriñaren erara misterio oek biok aditzera emateko: galdetzen det.

        G. Zer egin zuen Maria Santisimak Aingeru San Gabrielegandik jakin zuenean, bere lengusu Isabel bere zarzaroan sei illabeteko aurdun arkitzen zala? E. Etzan batere arrotu Zeruak orduan eman zion Jaungoikoaren Amaren dignidade, eta honra paregabearekin, baizik zenbat altxatuago Jaungoikoaren aurrean ikusi zan, anbat humillago bere barruan gelditzen zala, humiltasuna, eta karidadea ejerzitatzen zituala, eta bere sabelean zeukan bere Seme Jesu-Kristoren espirituari jarraitzen ziola, bereala, eta lasterka joan zan bere lengusu Santa Isabel bisitatzera, bide luzea, eta nekosoa bazegoan ere Nazaretgo erritik Santa Isabelen erriraño: au zegoan ezkondurik Zakariasekin: eta biak ziran justuak, iñori zer esanik ematen etziobenak, Ebanjelio Santuak dionez: eta ozta Maria Santisima aen etxean sartu zan, lenengo bere lengusu Isabel topatu zuen, eta bereala Maria Santisimak salutatu zuen.

        G. Eta instante artan zer gertatu zan? E. Santa Isabelen sabelean zegoan sei illabeteko aurtxoa (Jesu-Kristoren bide aurreko, edo prekursore izateko Jaungoikoak esleiturik zeukan San Juan Bauptista) bat batetan Zeruko argiz beterik, eta santifikaturik arkitu zan: eta ezaguturik, Jaungoikoaren Semea, eta onen Ama Santisimak egiten zioben mesede, grazia, eta honra andia; pozezko salto miragarri batzuek eman zituan, eta eziñ hitz egin bazuen ere, Amaren sabeletik, al zuan moduan bere esker ona, edo agradezimentua agertu zuen.

        G. Eta orduan zer beste gauzarik gertatu zan? E. Ozta Santa Isabelek bere Semearen salto prodijiosoak igerri, edo sentitu zituan; nun bereala Espiritu Santuak argitu zuen: eta ezagutu zuen bere aurrean zeukana munduko Salbadorearen zorioneko Ama egiazkoa zala: eta beregan pozez ezin kabiturik, deadar aundi batekin Maria Santisimari esan zion: bedeinkatua zu zera andre guzien artean; eta bedeinkatua da zure sabeleko frutua: Eta nundik niri onen ditxa, edo zorion andia, nun, nere Jaunaren Ama ni bisitatzera datorkidala! Nere sabelean daukadan aurrak zure presenzia sentitu, eta zure boza aditu du; eta pozez saltoka abiatu da: zorionekoa zu, Jaungoikoak agertu dizun guzia, batere duda bage sinistu dezuna: Jaunak berak zugan asi dituan gauza aundiak osatuko, edo kunplituko ditu. Au guzia Santa Isabelek esan zion Maria Santisimari.

        G. Eta orduan Maria Santisimak zer eranzun zien? E. Agertu zuen bere humiltasun guztiz andia; eta humilltasunaren balioa Jaunaren begietan: eta modestia andi batekin, Jaungoikoari eskerrak ematen ziozkala, esan zuen orain egunero bezperetan kantatzen dan Magnifikatzeko kantiko miragarria.

        G. Eta zenbat denboran egondu zan Maria Santisima Santa Isabelen etxean? E. Iru illabetean detenitu zan, bere sabelean zeukan Jesu-Kristoren presenziarekin ekarri zien grazia geiago, eta geiago aumentatzeko; eta orrela preparatzeko, edo prestatzeko bere Seme Dibinoaren prekursore santua, Jaungoikoak auturik zeukan enpleo, edo kargu andirako. Eta gero zorioneko etxe ura ala santifikatu, eta Zeruko bendizioz bete ezkero, itzuli zan Maria Santisima Nazaretgo bere etxera. Eta ona orain N.K., atseginezko misterio onetatik atera bear degun frutua. 1. Maria Santisimaren, eta bere lengusu Santa Isabelen humiltasunari jarraitzea: bada batak, eta besteak ain fabore, eta honra andiak errezibitu ezkero, etziran batere arrotu, eta altxatu: baizik ezagutu zuen eren ezereza, eta guzia Jaungoikoaren ontasunari atribuitu zioben, eta berari eskerrak eman zioben. Eta ala guk ere, egiaz humillak izateko, ondo ezagutu bear degu gere ezereza; eta gerez gauza onik batere egiteko gai ez gerala; eta gerez ezer merezi eztegula: eta Jaungoikoak ala ere bere ontasun utsagatik graziaren bat, edo mesederen bat egiten digunean, berari eskerrak eman bear diozkagu: eta batez ere Jaungoikoaren Semeak, Jesu-Kristo gure Jaunak komunio santuan gure biotzera etortzeko mesede, eta honra guztiz andia egiten digunean, Santa Isabelek bezela esan bear degu. Nundik niri onenbeste ditxa, nun nere Jaungoikoa bera, nere jabe soberanoa, Jaun guzien Jauna, Errege guzien Erregea, ni bisitatzera, eta bere graziaz ni betetzera nere biotzera en persona datorkidala! Eta konsiderazio oni dagozkan eskerrak ematen aritu bear gera.

        Eta 2. misterio onetan aldizka gogora ekarri bear ditugu, Maria Santisimak, eta Santa Isabelek eren biotzetan izan zituan pozaldi, atsegiñ, eta konsuelo miragarriak: ikusirik eren sabeletan zeuzken semeen artean igaro ziran gauza prodijiosoak: Jesu-Kristok San Juan Bauptistari zion amorio andia: bada orduan bertan santifikatu zuen, au da pekatu orijinaletik garbitu zuen: bere grazia, eta birtuteak eman ziozkan: eta baita arrazoiaren argia, eta ezaguera oso bat bertati komunikatu zion: eta ala San Juan Bauptistak bere amaren sabeletik ezagutu, eta adoratu zuen bere Salbadorea: eta bere esker ona erakutsi zuen, orduan eman zituan pozezko salto miragarriakin. Eskatu degiogun bada guk ere Jesu-Kristori, bitarteko ipintzen diozkagula bere Ama Santisima, San Juan Bauptista eta onen Ama Santa Isabel, arren argitu gaitzala; eta bere amorioa gure biotzetan irazeki dezala.

        G. Eta Maria Santisima Nazaretgo bere etxera biurtu ezkero, zer gertatu zitzaion berari, eta bere esposo San Jose gloriosari? E. Naigabe, eta pena guztiz andi bat izan zuen. Nola, edo nundik pena ori etorri zitzaion? Ara nundik; Aita San Jose, eta Maria Santisima alkarrekin bizi ziran, anaia arrebak bezela, edo obeto esateko Aingeru batzuek bezela, birjinidadea osoro gordetzen zuela: eta arako San Josek ikusi zuenean bere Esposa Maria aurdun zegoela, arekin traturik izan bage; bere artean turbatu zan, naigabetu zan, eta zer pensatu etzekiela gelditu zan: zergatik, bere sabelean zeukan aurra, Espiritu Santuaren graziz, eta birtutez sortua, edo konzebitua izatea, zan milagro, edo prodijio bat, ezin konprenditu zuena: edo zergatik artean Jaungoikoak misterio ori aditzera eman etzion: edo zergatik, nola aiñ humilla zan, bildur zan bere esposatzat edukitzean Espiritu Santuak beretzat autu zuena: edo zergatik, Birjiña Santisimaren kontra sospetxarik egitera ezin atrebitu zan: eta beste aldetik ama izatea, eta Birjiña batetan izatea nola zatekean, ezin konprenditu zuen; eta zer egin etzekiala duda guztiz penagarri batean arkitu zan. Alde batetik nai zuen bizi bere esposarekin: bestetik bazeritzon bere burua nolabait kulpadun egiten zuela disimulazioarekin, bestetik ezagutzen zuen nabarbenkiro dibortziatzen, edo bere esposa agerian despeditzen bazuen, Juduakiko bere kredito, eta estimazioa kenduko ziola, eta arrika illerazoko zuela legeaz batera: legeak berak satisfakzioa eskatzea permititzen zion: baña justua zan San Jose, eta naiago zuen sospetxa gaiztorik ez egitea, eta baita injuriak barkatzea ere, iñori dañurik egitea baño: eta ala etzuen satisfakziorik eskatu nai izan: eta bakarrik pensatu zuen, iñori ezer esan bage ixilik alde egitea.

        G. Etzekian bada Maria Santisimak bere esposo maite San Jose zerk penatzen zuen: eta ezin berak sosegatu zezakean, gertatu zitzaiona aditzera ematen ziola? E. Bai guzia zekien: eta erraz sosegatu ere zezakean: baña misterio au guzia Zerukoa zan: eta bera osoro Jaungoikoaren eskuetan utzirik zegoan: Jaungoikoak berak ondoen zeritzonean, guzia erremediatuko zuelako esperanza zuen: eta ala ixilik egondu zan: (eta ona ejenplo bat, gure arrotasuna, eta soberbia lotsatzeko, ondo egokia).

        G. Eta nola argitu, eta konsolatu zuen Jaungoikoak San Jose bere serbitzari maitea? E. Bere penen erdian loak arturik zegola, Jaungoikoaren partetik etorri zitzaion Aingeru bat, eta esan zion: akorda zaitez Mesias, edo Salbadoreak etorri bear duen Dabiden etxekoa, edo jatorrikoa zerala; eta ez dezazula bildurrik batere izan Maria zure esposatzat edukitzean, eta ez dezazula pensatu argandik apartatzean: bere sabelean daukan frutua, edo aurra Espiritu Santuaren obraz, eta birtutez konzebitu du: eta argira ematen duenean Jesusen izena ipiñiko diozu: au da, Salbadorea ipiñiko diozu, edo deituko diozu: mundu guziak jakin dezan, bere puebloa erreskatatzera, eta munduko pekatuak desegitera: edo munduko pekatuakgatik sakrifikatua izatera datorrela. Onela kunplitu da anziñako profezia prometitzen zuena, Birjiña batek seme bat bere sabelean konzebituko zuela, eta argira emango zuela: eta seme ori Emanuel deituko zala, au da Jaungoikoa gurekin.

        G. Eta ori guzia aditu zuenean zer egin zuen San Josek? E. Sinistu zuen, Aingeruak esan ziona: bada ikusten zuen zorionean kunpliturik profezia andi ori: eta bere esposa Santisimaren birtuteak txit ondo zegozkiola Jaungoikoak ematen zion bere Semearen Amaren dignidade paregabeari: eta bereala utzi zituan erretiratzeko artu zituan asmoak: bere burua txit zorionekotzat zeukala Maria Santisima bere esposazat edukitzean: eta bestetan arrezkero pensatu etzuen Jaungoikoaren borondatea egitean baizik. Eta ona orain dotriña onetatik guziok atera bear degun frutua. Emen batez ere adoratu bear degu gure Jaungoikoaren probidenzia miragarria: konsidera dezagun sarri gertaera onetan ikusten deguna: au da, Jaungoikoak berariaz askotan berak maiteen dituan personak naigabeakin, eta estutasunakin probatzen dituala: ez gaizki nai dielako, baizik aen birtutea geiago ejerzitatu erazotzeko, eta sari ugariagoak irabazi eragiteko. Eta ala Jaungoikoak iñor alperrik bere serbizioan nai eztu: guziok naigabe, eta trabajuakin probatu nai gaitu: pekatariak bagera, humillatu, zenzatu, eta beragana biurtu gaitezen, eta gure pekatuen zorra pazienziarekin emen pagatu dezagun: eta justuak, eta Jaungoikaaren adiskideak bagera, birtutearen ejerzizioarekin Zeruko ondasun, eta tesoro andiak oraiñ irabazi ditzagun. Eta ala, N.K., Maria Santisimak, eta Aita San Jose gloriosoak, mundu triste onetan eraman zituen naigabe andiak; eta oen guztizko pazienzia, eta Jaungoikoarekiko konformidadea gogora sarri ekarri dezagun; eta biai eskatu degiogun, arren Jaungoikoagandik iritsi degiguela bear degun indarra, eta grazia, gure borondatea ukatzeko; gere naigabe guziak Jaungoikoaren izenean gogotik sufritzeko: aren borondate santua gauza guzietan egiteko, orain, eta eternidade guzian Amen.

 

aurrekoa hurrengoa