www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAIRUGARREN DOTRIÑA

 

Jesu-Kristoren Aszenzioaren gañean.

 

        Gaur Jesu-Kristoren Zeruetara igotzea, edo aren Aszenzio miragarria aditzera eman bear dizuet, N.K. Gure fede santuko misterio edo artikulu au Kredoan aitortzen edo konfesatzen degu esanaz: igo zan Zeruetara; an dago jarririk Aita Jaungoiko guziz poderosoaren eskubitik. Misterio onen ezaguera, eta konsiderazioa guziz egokia da, N.K., Jesu-Kristoganako gure fedea, esperanza, eta amorioa piztutzeko, geitzeko, eta irazekitzeko: eta baita gure biotzak munduko honra, edo estimazio eta banidadeetatik, eta emengo ondasun, atsegin eta erabageko deseo, gurari, eta gutizia guzietatik apartatzeko: eta Zeruko erreinua, eta ango ondasunak gogotik billaerazotzeko. Orretarako esan bear dizuet. 1. Noiz Jesu-Kristo gure Jauna Zeruetara igo zan. 2. Nola igo zan, eta nola dagoan Zeruan: eta 3. zertara igo zan; eta 4. zer egin bear degun guk ere Zeruetara igotzeko eta ango betiko ondasunak iristeko. Eta probetxuarekin izateko eskatu dezagun Espiritu Santuaren grazia. Abe Maria.

        G. Noiz igo zan Jesu-Kristo gure Jauna Zeruetara? E. Erresuzitatu zanetik berrogeigarren egunean.

        G. Zergatik egon nai izan zuan mundu onetan berrogei egun? E. Zergatik gurutze batean ill ezkero, eta sepultatua izan ezkero, egiaz piztu edo erresuzitatu zala argiro, eta batere duda bage ezagutu erazotzeko, eta sinistu eragiteko. Eta ala Apostoluak, illik ikusi zuenean, izan zuen turbaziotik, eta bildurretik atera zituan: bere Jaungoikotasunaren fede edo sinistean konfirmatu zituan: eta artarako askotan agertu zitzaien: hitz egin zien: bere Espiritu Dibinoa komunikatu zien: pekatuak barkatzeko eta Sakramentuak administratzeko eskualdea eman zien; jakin bear zituzten egia asko erakutsi zizten: eta bere Eliza gobernatzeko erreglak, edo instruzioak eman zizten: Espiritu Santua eta bere doai miragarriak Zerutik bidalduko ziztela agindu zien: eta bitartean Jerusalenen egoteko ordena eman zien: eta azkeneko egunean mundu guziak bere dotriña erakusteko, eta sinisten zuen guziai Bautismo Santua, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean emateko kargua eman zien: eta baita, Zerura igo baño lenago, eman zien hitza munduak zirauen artean, beti lagunduko ziela, edo etzituala iñoiz ere desanparatuko. Eta au da promesa, edo agintza solemne bat Jesu-Kristok bere Elizari egin ziona: beti oraindaño gorde duena: eta aurrera ere gordeko edo kunplituko duena: bada lenago Zeruak, eta lurra faltatuko dira Jesu-Kristoren hitza baño.

        G. Eta nola igo zan Jesu-Kristo Zerura berrogeigarren egunean? E. Bere Apostoluak, eta diszipuluak eraman zituan Jerusalenen gertuan zegoan Betaniako errira, eta andik Olibeteko mendiaren gañera: eta ara eldu ziranean, guziai bere bendizioa eman zien: eta aen aurrean, guziak zekustela, geldi-geldi Zerura igo zan: eta odei zuri eder batek aen begietatik ezkutatu zuan: baña eren begiak, eta biotzak Zerura altxatuak eduki zituen: Aingeru bi, giza anzean, zuriz janzirik etorri zitzaizten artean: eta Aingeruak esan zien: Zeren begira zaudete Galileako gizonak? Zuek Zerura igotzen ikusi dezuen Jesu-Kristo ori bera etorriko da berriro era orretan mundu guzia juzgatzera. Eta orduan Apostolu guziak, eta beste diszipuluak Maria Birjiña Santisimarekin erretiratu ziran Jerusalena, eta alkarrekin orazio egiten jardun zuen Zenakuloa zegoan etxean, Jesu-Kristok berak esan zien bezela: eta Jesu-Kristori zioten amorio naturalaren aldetik, aren ausenzia agitz sentitu, eta tristetu baziran ere, fedeak ematen zien ezaguera, eta argiarekin atsegiñez beterik gelditu ziran, Jesu-Kristoren triunfoa, eta gloria ikusiaz, eta andik etorriko ziran probetxu guztiz andiak konsideratuaz.

        G. Eta Jesu-Kristo gure Jauna Zerura altxatua izan zan; edo berez, eta bere birtutez igo zan? E. Igo zan bere birtute propioarekin: eta ez bakarrik Jaungoikotasunaren aldetik zuan birtute, edo poderio infinitoarekin; baita ere gizatasun, edo humanidade santuaren aldetik zuen birtutearekin: bada Jesu-Kristoren anima gloriosoak bazuan bere gorputza noranai altxatzeko, eta eramateko indarra, edo birtutea: eta gorputza bera ere nola gloriosoa zegoan, arintasuneko doai, edo birtutearekin noranai igo zitekean.

        G. Eta bere Aszenzio edo igoera gloriosoraño etzegoan Jesu-Kristo Zeruan? E. Jaungoikoa zan aldetik bai, baña gizona zan aldetik ez.

        G. Eta nola dago Jesu-Kristo Zeruan? E. Dago eseririk Jaungoiko Aita guztiz poderosoaren eskuitik. Eta eseririk dagoala, Eskritura Santak esaten digunean, zer aditzera eman nai digu? Esan nai eztu jarleku edo sillaren batean jarririk dagoala, bada gorputz gloriosoak nekerik eztu, eta deskansu bearrik eztu; baizik bere gloriaren, eta bere eskualde guziaren posesioan seguru, eta betiko dagoala.

        G. Eta Jaungoikoak (espiritu purua izanik) eskuirik, eta ezkerrik ezpadu, zeri dagokala, esaten digu Kredoak, Jesu-Kristo dagoala Jaungoiko Aita guztiz poderosoaren eskuitik? E. Aditzera emateko, Jesu-Kristo gure Jaunak, Jaungoikoa dan aldetik daukala gloria iguala edo berdiña, bere Aita Eternoarekin, eta Espiritu Santuarekin: eta gizona dan aldetik, Zeruko Aingeru, eta Santu guziak baño geiago: bada guzien Errege Soberanoa da.

        G. Eta Jesu-Kristo gure Jauna bakarrik igo zan Zerura? E. Ez: berekin eraman zituan Linbotik atera zituan justuen anima guziak: Eta nork esan dezake orduko Jesu-Kristoren triunfoa, eta zorioneko anima aen guzien poza, atsegiña, eta kontentua, beren Salbadore maitearen konpañian Zeruko Erreinuan, eta glorian sartu ziranean? Nolako ongi-etorria egingo zien Zeruko Aingeru guziak, eta Trinidade Santisimoak berak? Zer festak orduan Zeruan egingo ziran! Ori astiro konsideratzeko egokiago da, aditzera emateko baño.

        G. Eta zertara igo zan Jesu-Kristo gure Jauna Zerura?

        E. 1. Igo zan bere gizatasun esto humanidade santuari zegokion honra eta gloria guztizkoa betiko gozaerazotzera: bada zenbat geiago munduan Jaungoikoaren honragatik, eta gure salbazioagatik humillatu zan, anbat honra, eta gloria geiago merezirik zeukan: 2. Igo zan Zerura, aditzera emateko aren erreinua eztala munduko erreiunak bezela mudakorra, eta iraupen gutxikoa: baizik betikoa, eternoa, eta iñoiz ere mudanzarik, edo aldarterik izango eztuena: eta ala Zeruan bakarrik arkituko degula betiko atsedena, eta gure biotzak osoro aseko dituan zoriona. 3. Igo zan Zerura, bere Aita Eternoarekin gure bitarteko, eta gure abogadu izatera; eta berariaz konserbatu zituan bere gorputzeko zauri, edo llaga preziosoak bere Aitari presentatzeko. 4. Igo zan Zerura; andik Espiritu Santua bere doai guziakin Apostoluai, eta Eliza guziari bidaltzera. Eta 5. igo zan Zerura; ango sarrera (lenago pekatuagatik guzionzat itxirik zegoena) iregitzera, guzion izenean posesioa artzera, eta an okupatu bear ditugun zorioneko tokiak preparatzera, edo prestatzera: eta azkenik igo zan Zerura, beraganako gure fedea, esperanza, eta karidadea, edo amorioa, piztutzeko, bizierazotzeko, eta geitzeko. Bada guziok badakizue fedea dala ikusten ezteguna sinistea, zergatik Jaungoikoak ala erakutsi, edo agertu digun: eta Jesu-Kristok berak Santo Tomas Apostoluari (ikusi bage sinistu etzuelako) esan zion: zorionekoak dirala ikusi bage sinistu duenak: eta ala fedeak meritu andia dauka, humilll, humill ikusi bage Jaungoikoaren esanak sinisten dituanean: eta dudarik eztago Jesu-Kristo bere gorputzeko presenziarekin emen bertan gelditu baliz, gure fedea agitz eskasagoa, eta merezimentu gutxiagokoa izango zala: eta ori bera Apostoluai erai gertatu zitzaien; bada beren aurrean Jesu-Kristo eduki zuen artean, aren gizatasun, edo humanidadeari geiena begiratzen zioten: eta amorio natural utsa zan batekin maite zuela dirudi: baña Jesu-Kristo Zerura igo ezkero, begiratzen zioten fede bizi, eta espirituko begiakin, eren Jaungoikoari bezela. Eta orobat arrezkero Jesu-Kristoganako esperanza, eta amorio biziagoa, irazekiagoa, eta indarsuagoa eduki zuen: eta argatik Jesu-Kristok berak esan zien: konbeni zatzue ni joatea: bada ni ezpanoa, Espiritu Santua errezibituko eztezue, edo zuen gañera etorriko ezta. Eta guziok dakizue N.K., amoriozko Espiritu Dibino ura errezibitu ezkero, nolako fede bizia, nolako esperanza irmoa eta nolako amorio irazekia Apostoluen biotzetan sortu zan: eta nolako efektu miragarriak kausatu zituan.

        G. Eta orain guk zer egin bear degu Zerura igotzeko, eta ango betiko ondasunak iristeko? E. 1. Poztu, eta alegratu bear gera Jesu-Kristo Jaungoiko, eta gizon egiazkoa gure guzion Maisua, gidaria, eta burua aiñ honratua, altxatua, eta gloriosoa bere Aitaren eskuian konsideratuaz. 2. Orobat atsegin andi bat artu bear degu, gure naturaleza gizonezkoa Jesu-Kristogan, Aingeruak erak baño goratuagoa ikusirik. 3. Gogoan ondo sarturik beti eduki bear degu, emen erbeste edo destierroan gaudela, bidezko edo peregrino batzuek gerala; eta gure betiko bizilekua, gure zoriona, eta egiazko atseden edo deskansua Zeruan dagoala: arako egiñak gerala: eta azkenik 4. Jesu-Kristok berak Zeruko bidea erakutsi digun ezkero, alegin guziak egin bear ditugu bide orri gogotik jarraitzeko. Pekatuan bagaude; penitenzia edo konbersio egiazko baten bitartez, Zeruko bidean jarri bear degu: eta Jaungoikoaren grazia iritsi ezkero, bizitza berri bat benetan egin bear degu: mundu eroari, deabruari, eta gure aragiari gerra egin bear diegu. Deboziozko bizimodu bat artu, eta egunoro denbora puska bat, orazio egiten, eta gure fede santuko egia prinzipalak, eta egin disgigun mesede andiak konsideratzen jarduteko egiazko alegiñak egin bear ditugu; eta egunoro argi geiago, eta indar geiago Jaungoikoak emango dizgigu, bera obeto ezagutzeko, eta gogotiago amatzeko: eta orduan erraz humildadea, pazienzia, eta karidadea, eta beste birtuteak ejerzitatuko ditugu: eta Zeruko ondasun andiak, edo irabazi miragarri batzuek iritsiko ditugu. Baña kontrara, orain Jesu-Kristori gogotik jarraitu nai ezpadiogu, betiko galduak edo kondenatuak, eta betiko zorigaiztokoak Infernuan izango gera. Bada andik, au da Zerutik etorriko da Jesu-Kristo bera, biziak eta illak juzgatzera, Kredoaren urrengo artikuluak erakusten digun bezela: eta onai emango die betiko gloria, eta gaiztoai betiko infernua: eta juizio ori egingo du Jesu-Kristok: 1. Iltzen geran instantean; eta orri deitzen diogu juizio partikularra: eta 2. Juizioa izango da munduaren bukaeran; munduko, eta Zeruko guzien aurrean: eta orri deitzen diogu juizio jenerala: baña naiz juizio partikularrak, eta naiz jeneralak eskatzen ditue, beren esplikaziorako, berariazko dotriñak: eta oriek aurrerago emango zaizkitzue: eta bitartean, arren aditu dituzuen egia andiak, ala pozgarriak, nola bildurgarriak gogoan erabilli itzatzue: eta zuen anima gaixo errukigarriak betiko zorigaitzetik libratzeko; eta betiko zorionera edo Zeruko gloriara eramateko alegin biziak egin itzatzue, Jesu-Kristoren beraren ejenploarekin, eta graziarekin. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa