www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA EMEZORTZIGARREN DOTRIÑA

 

Juizio partikularraren gañean.

 

        Eriotzaren konsiderazioa bildurgarria, eta ikaragarria bada ere, zerren batek nai ta ez ill bear du: bein baizik ill bear eztu, eta noiz, eta nola eztaki; ala ere eriotzak duen pasorik tristeena, eta izugarriena da, azkeneko asnasaren ondoan, anima gorputzetik irteten dan instantean Jaungoikoaren juizioan agertu bearra: bere bizimoduaz batera juzgatua izateko: eta bere obrai, edo lanbideai dagokien sentenzia bertatik aditzeko, eta ejekutaturik ikusteko. Bai N.K., gure betiko zoriona, edo gure betiko zorigaitza, edo kondenazioa juizio ikaragarri artan betiko erabakiko da. Au da gure fede Santuak guzioi erakusten digun egia prinzipal bat: Statutum est hominibus semel mori; post hoc autem juditium: opera enim illorum sequuntur illos. Juizio mota bi erakusten dizkigu gure fede Santuak; bata partikularra, eriotzaren ondoan bereala bakoitzari egiten zaiona: eta bestea da juizio jenerala, munduaren azkeneko egunean, munduan izan diran, orain geran, eta aurrera izango diran gizon, eta emakume guziai nabarbenkiro, edo publikamente, guzien aurrean egingo zaiena: eta juizio jeneral au egiteko Jaungoikoak dauzkan arrazoi, edo motiboak beste aldi batean esango dizkitzuet: baña orduan ezta mudatuko batere, juizio partikularrean erabaki dana: baizik konfirmatuko da, eta publikatu, edo barreatuko da guzien aurrean: eta ala juizio partikularrean ondo irteteko, au da gere betiko suerte, ona, edo gaiztoa erabakiko duen auzian ondo irteteko, orain alegin guziak egin bear ditugu. Zure bizia, zure honra, zure ondasunak, eta zure ditxa, edo desditxa guzia inporta dizun auzi bat mundu onetan bazendu N.K., nolako kezka, nolako bildurra edukiko zenduke, auzi ura erabaki artean? ezin lo onik egingo zenduke: beti gogoan erabilliko zenduke. Eta, nolako alegiñak egingo zinduzke auzia irabazteko? nekerik andienak ere pozik artuko zinduzke, ondo irteteagatik. Bada Jesu-Kristoren hitzakin esaten dizuet: Zer probetxu du gizonak mundu guzia irabaziaz, galtzen badu bere anima? au da, kondenatzen bada betiko? Ona sentenzia bat, txit asko argitu, esnatu, eta konbertitu dituana, eta gogoan beti erabilli bear gendukeana, gure bizimodua orain aiñ ondo zuzentzeko, nun Jaungoikoaren juizioan kontu ona eman, eta gure betiko ditxa, edo zoriona seguratuko digun sentenzia irabazi dezagun.

        G. Eta orretarako Juizio partikular onen gañean jakin, eta pensatu bear ditugun gauzarik prinzipalenak zein dira? E. 1. Noiz, eta nun egingo duan Jaungoikoak juizio ori. 2. Zeren gañean izango diran juizio orrelako karguak. 3. Nor izango diran akusatzalleak, eta defensoreak: eta 4. nolako sentenzia Juezak emango duen: eta azkenik orduan faboreko sentenzia nai duenak, oraiñ nolako bizimodua egin bear duen. Atenzioa arren N.K.

        1. G. Noiz, eta nun izango da bada, gure betiko suertea erabakiko duen juizio ikaragarri ori? E. Gure anima bere gorputzetik irteten dan instante artan: eta orduan dagoan tokian bertan Jaungoikoaren Majestadeak, bere poderio neurribagea, bere anditasun infinitoa, eta bere birtute, edo indar parebagea senti eragingo dio: alde guzietatik inguraturik bezela arkituko da Jaunaren presenziaz: bakartxorik arkituko da: iñork ere ezin laguntasunik dan txikiena orduan egingo dio: bere obrak bakarrik, exerzitatu dituan obra onak, eta egin dituen pekatuak, edo gaiztakeriak (penitenzia egiazko batekin borratu ezpaditu) jarraioko diobe: Orien kontu zea bereala artuko diobe.

        2. G. Nolako karguak egingo diozkate orduan anima tristeari? E. 1. Begi itxi irikitze batean bezela, guztiz argiro, ezin ezer ukatu dezakean moduan, ikusi eragingo diozka, orain gure Aita maitagarria danak, eta orduan Juez justu garratza izango danak, egin ziozkan mesede, fabore, eta benefizio, edo ontarte guztiz andiak: eta batez ere, 1. nola ezerezetik kriatu zuen, bere antzera, edo semejanzara, bere imajiña bizi bat izateko kriatu zuen: izan ditekean ditxarik, edo zorionik andienak gozatzeko kreatu zuen Jaungoikoaren Majestadea ezagutzeko, amatzeko, eta serbitzeko mundu onetan, eta gero eternidade guzian aren Majestadea Zeruko glorian argitasun guzian ikusteko, alabatzeko, bedeinkatzeko, eta betiko zorionaz gozatzeko. 2. Nola bateo santuan pekatutik garbitu zuen: bere grazia eman zion: bere Seme Jesu-Kristoren senide, eta Espiritu Santuaren bizileku eder egin zuen: eta Elizako hume, eta Sakramentu Santuetan partizipante egin zuen: Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzarekin erredimitu, eta deabruaren katiberiotik azera zuen; eta Zeruko heredero egin zuen: 3. Nola fede santuaren argira ekarri, eta Zeruko bide zuzena erakutsi zion: eta aren Majestadea biotz guztitik amatu, eta serbitu ordean, bateo santuan agindurik, edo ofreziturik zeuken bezela, askotan ofenditu, despreziatu, eta aserratu zuen bere pekatuakin: eta betiko gloriako deretxoa galdu, eta betiko infernua merezitu zuen: eta ala ere etzuela bereala kondenatu, baizik askotan itxon, deitu, esnatu, irazarri, eta beregana erakarri zuela: baña esker gaiztoarekin pekatura berriz itzuli zala: naiago izan zuela bere gustoa kunplitu, ezenez Jaungoikoaren borondatea egin. 4. Banaka, eta argiro ikusi eragingo diozka bere pekatu guziak, arrazoiaren argira, edo ezaguerara etorri zanetik azkeneko asnasa eman arterañokoak: 1. pensamentu, eta deseo konsentitu guziak: bere buruaren estimazio geiegiak: eta besteak baño geiago izan naiak: bere burua besten gañean altxatu naia eta besteak beeratu naia: atsegiñez, edo gustoz bere borondatez, eta ezagueraz buruan erabilli zituen gogorazioak, edo pensamentu loi zikiñak: pekatu egiteko eduki zituen asmo, edo deseo guziak, kunplitu ezpazituan ere: gorrotozko, edo gaitziritzizkoak: enbidiak, eta erabageko juizio, eta sospetxak: 2. hitzezko pekatuak: birau, edo maldizioak: ardurabage egin zituan juramentuak: esan zituan gezurrak: asmatu zituan falso testimonioak: egin zituan murmurazioak, eta txismeak: hitz alpertxo baterañoko guziak: 3. obrazko pekatuak: jostatze, eta ukitze loi zikiñak: lotsabageko, eta modestia bageko danzak: eta janzi, edo apainduria arro banoak, eta kaltegarriak: eta oriei darraien eskandaloak, edo pekaturako bideak: lujuriazko pekatu zikiñak, besterekin, edo bere buruarekin egiñak: lapurreta ixillak: tranpiak jokuetan, tratuetan, saldu-erosietan: erabageko joku luze, bere buruaren, eta beste askoren kaltegarriak: jan-edan geiegiak: tabernetako, edo jan-edanak, eta joku erabageak egiteko etxetako sarrera, eta egoera luze peligrozkoak, edo okasiogarriak: eta ortik bere buruari, eta bere familiari ekarri ziozkan dañu, eta kalte andiak: batari, eta besteari eman zien eskandaloak, edo gaitz-bideak: eta eragin zien pekatuak. 4. Omisiozko, edo utsegiñezko pekatuak bearbada iñoiz ere ondo examiñatu bagez konfesatu ere etzituanak: emen errietako kargudunak, naiz espiritualak, naiz tenporalak; eta etxetako buru edo agintariak, gurasoak, nagusi-etxekoandreak; zenbat pekatu edo utsegite, bearbada guziz larriak argiro ikusiko dituzte; eren obligazio partikularrak, eren kargu, edo ofizioai dagozkienak ondo ezagutzeko, eta ondo kunplitzeko bear bezelako alegiñik egin bagez? batez ere dotriña Santua, eta Jaungoikoaren bildur Santua humeai, eta mirabeai erakutsi, edo ikasi eragin bagez aen bizio, eta griña gaiztoak, eta ortik datozen oitura, eta aztura gaiztoak txikitatik korrejitu, edo erremediatu bagez: errietako, eta etxetako eskandaloak, edo pekaturako bideak al daneraño kendu bagez. Eta beste onelako, zenbat utsegite ikusiko ditu bakoitzak, bere karguakin ondo kunplitu bagez? eta orobat orduan ikusiko ditue eren atzerapen, eta nagitasun guztiz kulpadunak, boto, edo promesak bere denboran kunplitu bagez, zor justuak pagatu bagez, errestituzioak egin bagez, eta baita fedeko, esperanzako, karidadezko, eta kontriziozko aktoak egin bagez; oraziorik, eta konsideraziorik batere egiteko ajolarik izan bagez: aztura gaiztoak ezitzeko, eta menderatzeko erremediorik benetan artu bagez: eta beste onelako utsegitezko, edo omisiozko pekatu asko, orain gogoratzen ere etzaienak, orduan argiro ikusiko dituzte, eta lotsaturik arkituko dira. Bada 5. obra onak ere juzgatuko ditu gure Jaungoikoak: eta ikusiko degu Jaungoikoaren juizioan, ez ginduzela egin bear zan intenzio zuzen, eta garbiarekin: baizik, edo banidadez, edo interesagatik, edo munduko errespetoakgatik, edo motibo natural utsakgatik: gere inklinazioa, edo gustoa artan genduelako: edo adiskidetasunak eragin zizkigulako: eta orrelako obra onak, birtuteak dirudienak geldituko dira batere sari bage, frutu bage, eta askotan kastigua obeto mereziko due, galardoia, edo premioa baño, zergatik intenzio okerraz egiñak ziran: bada geiago begiratzen dio Jaungoikoak obra onaren anditasunari, edo txikitasunari baño, ura egiteko intenzioari, eta motiboari: eta au ezpada Jaungoikoagana zuzendua, merezimentu bage gelditzen da. Eta ortik atera ezazue kontu, zenbat, eta zenbat kristau lotsaturik orduan arkituko diran, eren obra on guziakin aiñ gitxi, edo batere irabazi eztuelako: eta nolako kuidadoa eduki bear degun, gere obra on guziak fin onarekin, eta intenzio garbiarekin egiteko. Eta 6. azkenik pekatutzat eztauzkagun gauza gaizto asko, pekatu zirala argiro ikusiko degu: zerren gure ignoranzia, jakineztasuna, eta itxumena borondatezkoak ziran: dotriñako egiak bear bezela ikasteko, eta ezagutzeko alegiñik egiñ ez gendualako, Jaungoikoari orretako argirik eskatu ez giñiolako: eta ez Ebanjelio Santuaren legez, ezpada munduko usadio gaiztoen legez, eta gure pasio, edo gurari erabageen legez bizi izan giñalako: bada Jesu-Kristok ez gaitu juzgatuko mundu zoroaren iritziaz batera, ezpada berak guzioi erakutsi digun dotriñaz batera. An lotsaturik arkituko dira banidadeari, abariziari, eta munduko jolas, eta jostatzeai, edo dibersioai jarraitu zienak: eta Zeruko bide estuaz kasorik egin nai izan etzuenak. Eta zer eranzun eztakiela geldituko dira Jaunak egingo dizten karguai.

        3. G. Eta izango dira Juizio ikaragarri artan akusatzalleak, eta defensoreak? E. Bai: eta dira iru: 1. deabrua: 2. Aingeru Guardakoa: eta 3. gere konzienzia: eta irurak dira, gure bizimoduaren testigoak izan diranak: eta 1. deabruak, gezurraren Aita bada ere, egiaz egiñik dauzkatzun, eta ezin ukatu ditzaketzun zure gaiztakeri guziak, berak tentaturik, eta zuk erraz konsentiturik, Jaungoikoaren Majestadearen kontra egin zinduzenak presentatuko ditu: salaluko zaitu: eta zure kontra orduan justizia eskatuko du: ari beti gusto eman diozula: ari beti obedezitu diozula: beti aren mendeko izan zerala esango du: aren antzeko soberbio bat, bano arro bat: gutizioso bat: loikeriara emana: jan-edanzale erabageko bat: guzia aserrekorra, bengatiboa, enbidioso bat: eta gauza onetarako, animako salbazioaren gauzetarako ajolabagea, nagia, alperra izan zerala Jaungoikoaren amorioari, eta ontasunari esker gaiztoz, eta desprezioarekin erantzun diozula: Jesu-Kristok zugatik isuri zuen odolaz baliatu nai izan etzerala: aren dotriña santuari, eta aren bizimodu santuaren ejenploari jarraio nai izan eztiozula: Jesu-Kristok erakutsi, eta agindu zizun humiltasuna, pazienzia, eta projimoarekiko karidadea ejerzitatu eztituzula: eta ala Zeruko bideari larga, eta Infernukoari jarraio diozun ezkero, arrazoiaz, eta justiziaz, betiko deabruaren lagun izan bear dezula. Ona deabruaren akusazioak nolakoak izango diran: eta mugaz aurretik, eriotza baño lenago, egiazko penitenziarekin, eta bizimodu on batekin zure pekatuak, eta gaiztakeriak desegin, borratu, eta erremediatu ezpadituzu: nolako estutasuna, eta larritasuna izango da zurea nere Kristau maitea, ainbeste kargu, eta ain zorrotzak egiten dizkitzuenean? Bada jakizu ze deabrua ixillik balego ere, zure Aingeru Guardakoak, eta zure konzienziak berak, zure fabore egon nai lukeenak, eta zure obra on guziak pozik Jaunaren juizioan presentatuko dituztenak, ezin eskusatuko zaituela: zerren askotan Aingeru santuak ekarri dizkitzun Zeruko gogargi, eta inspirazioai, zu pekatutik atzeratzeko, eta bizimodu on bat eragiteko, kasorik egin oi etziñien: eta zure konzienziak askotan ematen zitzun barruko abisoak, bere ortxikada, edo erreprensioakin, kezka, eta bildurkunda onakin, ezertan etzenduzken: eta naiago izan zenduan zere pasio gaiztoari gusto eman, ezenez zure borondatea ukatu, eta Jaungoikoarena egiñ: eta ala alde guzietatik arkituko zera lotsaturik, konbenziturik, eta zer eranzun eztakizula: baña kontrara zer poza zurea, muga onez aprobetxatu baziñan Aingeru Guardakoak, eta zure konzienziak eman zitzuen abisoaz: zenzatu baziñan: konfesio on bat, bear dan ezaguera, humiltasun, eta damutasun egiazkoarekin egin bazenduan: eta aurrera bizimodu on batean iraun badezu: Jaungoikoarekin, projimoarekin, eta zere buruarekin, edo konzienziarekin pakean bizi izan bazera: deabruaren mendetik libratu baziñan, eta Jesu-Kristoren odol preziosisimoarekin garbiturik bazaude. Nolako lotsa emango diozu deabruari zure salatzalle, edo akusatzalle enbidiosoari? eta nolako atsegiña zure Aingeru Guardakoari, zure konzienziari berari, eta zure Juezari berari? eta Nolako konsueloarekin adituko dezu orduan zure faboreko sentenzia; eternidade guzirako zure zoriona seguratuko dizuna?

        4. G. Zer sentenzia nai dezue bada aditu N.K., juizio ikaragarri artan? E. Orduan erremediorik batere eztezue izango: eztizue orduan balioko, ez Aingeru Guardakoak, ez zuen izeneko, eta debozioko santuak; ez pekatarien Ama biguñ, eta gozo dan Maria Birjiña Santisimak: ez Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzak, eta ez zuekgatik ixuri zuen odol guztiz preziosoak: orain bai, guziakin baliatu zaitezke, eta zuen oraindañako utsegite guziak, gogotik nai badezue, erremediatu ditzaketzue: eta betiko kondenazioko sentenziatik libratu zaitezke: eta salbazioko sentenzia iritsi dezakezue. Eztago bitarterik: pekatuan iltzen bazerate, aditu bear dezue Jesu-Kristoren aotik zuen betiko zorigaitzaren, eta kastiguaren sentenzia; eta bertatik entregatuko zaitue zuen etsai madarikatuen eskuetan: eta eramango zaitue iskanbilla, algara, eta burla arrigarriakin eren zorigaiztoko lagun izatera Infernuko tormentuetan, beti, beti iraungo duen su, eta garretan, erretzen, penatzen, arrabiatzen egotera, iñoiz ere andik irteteko, eta alibiorik izateko esperanza bage. Nor ikaratzen, larritzen, eta zenzatzen ezta, onelako desditxa bere buruari batek bere kulpaz merezi izan diola konsideratzen badu? Baña kontrara, penitenzia egiazko batekin erremediaturik, eta ondurik bazaude, adituko dezu Jesu-Kristoren aotik salbazioko sentenzia, guztiz gozoa, eta atsegiñezkoa: eta orduan pekatuen zor guzia, pagaturik badaukazu; nolakoa izango da Aingeruen pozaldia! nolako Aleluiak kantatuko dituzte! nolako ongi-etorria Zerutar guziak egingo dizue! nolako aurpegi gozoaz Jesu-Kristok berak begiratu, eta esango dizu: atoz nere serbitzari leiala, nere borondatea beti egiñ nai zenduena: atoz zorioneko anima nere biotzeko esposa maitea, Zeruko koroa artzera: sar zaitez betiko zure atseden lekuan, Zeruko nere Glorian. Nolako eskerrak orduan emango diozkatzu zure Jaungoikoari, eta nolako alabanzak Jesu-Kristori, bere Ama Santisimari, Aingeru Guardakoari, eta zure izeneko, eta deboziozko santuai, zerren lagundu dizuen zure betiko zoriona iristen! O zer poza orduan zurea, neke puska bat emen artu zendualako, humiltasunari, pazienziari, karidadeari jarraitzen penitenziazko obrak egiten; eta miserikordia zure lagun projimoakin ejerzitatzen! eta Purgatoriora bazoaz, zure pekatuen zor denporala pagatzera; orren ondoren seguru daukazu betiko zure zoriona, betiko Gloria, betiko kontentua: batere neke bage, beti pozez, atsegiñez, eta alegriaz beterik Zeruko Erreinuan, ezin esan al baño ondasun infinitamente andiagoak gozatzen egoteko zoriona.

        G. Orain bada fedeak erakusten dizkigun egia guztiz andi oek, onela sinisten ditugun ezkero, nolako bizimodua egin bear degu Kristauok, betiko kondenaziotik libratzeko, eta betiko zoriona seguratzeko? E. Jardun N.K., konsiderazioari, eta orazioari. Gure animako itxumena, eta gaitzerako griña gaiztoa guztiz andiak dira. Uste degun baño itxuagoak, eta argalagoak gaude: eta Zeruko argia, eta indarra nai ta ez bear degu; bear bezela ezagutuko baditugu, eta maitatuko baditugu Zeruko gauzak; gure animako salbazioa benetan billatzeko gogoa emango diguen egiak: bada Zeruko argitasun ori, eta orri darraion gogo ona, egunoroko konsiderazioarekin iritsiko degu: 1. Pensatu bear degu sarri, gure Jaungoikoari zenbat zor diogun, bera danagatik, eta guk merezi bage egin dizkigun mesede guztiz andiakgatik. 2. Pensatu bear degu Jesu-Kristo gure Jaunaren guganako amorio guztiz andia: guri Zeruko bidea erakusten, gugatik bere bizia Gurutze batean ematen: eta Sakramentu santuetan bere grazia komunikatzen agertu ziguna. 3. Pensatu bear degu sarri guzion azkneko fiña, edo paraderoa, edo guztiz zorionekoa, edo guztiz zorigaiztokoa. Eta artu bear degu gogobizia, eta sendoa, mundu guzia galduko badegu ere, Jaungoikoa ez ofenditzeko, baizik aren lege santua kontuz gordetzeko, eta gure anima salbatzeko. Baña nola ezaguera, eta gogoa eduki arren, gerez aiñ argalak, aiñ gaixoak, aiñ mudakorrak geran: eta alde guzietatik etsaiez inguraturik gauden: bada deabruak, munduak, eta gure aragiak, eta amorio propio erabageak beti gerra egiten digue: eta pekatura mugitzen, eta tentatzen gaituzte; konsiderazioaz, gañera, nai ta ez bear degu orazio humilla, au da humiltasunarekin, eta konfianza osoarekin gure Jaungoikoari sarri eskatu Jesu-Kristoren izenean bear degun indarra gure etsaiak, eta pasio gaiztoak menderatzeko, eta beraren grazian beti irauteko: eta orazioari juntatu bear diogu ernetasun andi bat kontuz bizitzeko, okasio gaiztoai alde egiteko; eta al ditugun obra on guziak egiteko; bada orrela seguratuko degu ainbeste inporta digun faboreko sentenzia, eta orri darraion betika Gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa