www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEITA IRUGARREN DOTRIÑA

 

Guruzadako sermoia.

Venite ad me omnes, qui laboratis, et onerati estis,
et ego reficiam vos. Math. cap. 11. vers. 29.

 

 

SARRERA

 

        Jesu-Kristoren Majestadeak, San Mateo Ebanjelistaren amaikagarren kapituluan, pekatari guziak konbidatzen ditu beragana amoriozko hitz oekin. Atozte nigana pekatuaren pisuaren azpian nekaturik, eta kargaturik arkitzen zeraten guziak, eta nik alibiatuko zaituet. Venite ad me omnes, qui laboratis, et onerati estis, et ego reficiam vos. Eta hitz oekin berokin Jesu-Kristoren beraren Bikarioak Erromako gure Aita Santuak, eta onen izenean Guruzada Santako Komisario jeneralak konbidatzen gaituzte guziok Bulda Santua artzera, eta onen grazia, ta pribilejio andi, ta miragarrien bidez pekatuaren pisu ikaragarritik irtetera, eta Zeruko bidean alibio ta arintasun andi batekin ibiltera.

        Guruzadako Bulda Santua da, Aita Santu Erromakoak, Jesu-Kristoren Bikarioak, Españiako erreinuetan bizi geranai aurtengo (au da, gaurtik urrengo urteko Buldaren publikazioraño) konzeditzen digun tesoro guztiz andi bat: bada alde batetik Buldaren grazia, ta pribilejioak dirade txit asko; eta bestetik dirade guztizko andiak, eta probetxugarriak: batez ere ditu lau grazia, edo pribilejio mota, beste grazia, eta pribilejio asko berengan sartzen dituenak. Lenbizikoa da Bulda komuna edo biziena. Bigarrena da konposiziokoa: Irugarrena da Laktiziniokoa edo Esnejakiena: eta Laugarrena da defuntuen Bulda. Gaur adieragin bear dizuet bada, N.K., lau Bulda oetan dituzuen grazia ta pribilejioak: eta lenengo bizien Buldarenak.

        Bizien buldaren pribilejioak. Bulda onen lenbiziko pribilejioa da Eliza Ama Santak entreditxoa ipiñi oi duen denborarako. Baña jakin naiko dezue, zer dan entreditxoa. Entreditxoa da bada, N.K. Eliza Ama Santak, bere libertade, eta jurisdikzioa gorde nai eztiobenean, guztiz aserraturik ipiñi oi duen pena izugarri bat. Orduan Elizak itxitzen dira: sakrifizioak gelditzen dira: Sakramenturik geienak ukatzen dira: ofizio dibinoak ixiltzen dira: Elizetako sepultura, edo entierroak, ta honrak debekatzen dira: eta baita ezkonduai ematen zaien bendizioak ere: azkenik Jaungoikoaren kulto guzia ixiltasun triste batean paratzen da: eztirudi ia Zerua gure gañean erortea besterik falta dala. Bada alakorik gertatuko baliz ere urte onetan, Bulda artu duenak, berak entreditxoa ipinteko kausa edo motiborik eman ezpadu, dirauen denbora guzian Meza esan, esan erazo, eta enzun dezake, ala ofizio Dibinoak edozein moduz permititzen diran Elizetan, nola Oratorio partikularretan, Obispo Jaunak, edo aren Bisitadoreak aprobaturik daudenetan. Enzun ere dezake Meza, Bulda artu duenaren familiakoak, mirabeak, eta aideak, erak Buldarik ez izan arren ere. Pribilejio au gozatzeko erregutu bear zaio orduan Jaungoikoari Prinzipe katolikoen arteko pakeagatik, eta fedebagen, edo infielen kontrako biktoriagatik, eta esan ditugun Eliza, eta oratorioetan, Paskua egunaz kanpora, beste denbora guzietan komulgatu ditezke, eta beste Sakramentuak errezibitu ditzake, aitatu ditugun persona guziak. Eta enterratu ere baditezke ponpa edo anditasun gutxirekin; baldin exkomulgatuak daudela ill ezpadira. Orra, N.K. zenbat grazia eta pribilejio ematen dizuen bizien Buldak, lenengo pribilejio bakar onetan.

        Aragia jateko eta ez barautzeko. Bigarren pribilejioa da aragia jateko, eta ez barautzeko, orain esango dizuedan okasioetan. Bulda bage, nai ta ez, bear zan enfermedade ezagutu, flakotasun klaru, edo beste motibo ziertu bat, egun debekatuetan aragia jateko, eta barau egunetan ez barautzeko: baña orain, bulda artu ezkero, asko da Medikuak dudatzea enfermedadea edo flakotasuna ziertua dan edo ez, egiazkoa dan, edo ez; sufizientea dan edo ez; orrelako aitzakia duen Kristauakin konfesoreak dispensatzeko: eta agindurik badago ere aragia jateko lizenzia duenak, aragiarekin bazkaldu ta gañerakoan barautu ditezela; orobat Medikuak dudatzen badu, ala barautzetik ere dañu edo kalte andirik etorriko zaion edo ez, orduan animako eta gorputzeko Mediku bien konsejuz libratu, edo dispensatu diteke osoro barautzeko obligaziotik. Geiago: Garizumako barau egunetan ezin Bulda bage jan ditzakezue aragia ezeze, aragitik datozen gauzak, nola arraultzak, esnea eta gaztaia: baña Bulda artu ezkero, (Sazerdoteak, eta errelijiosoak aterata beste guziok) jan ditzakezue, baraurik autsi bage.

        Irugarren pribilejioa da, induljenziena, eta laugarrena pekatu erreserbatuen absoluzioa edozein konfesoregandik alkanzatzeko. Eta pribilejio andi oek biok zuei obeto adieragiteko, lenago akorda eragin, edo gogora ekarri bear dizuet dotriña inportante bat, eta da, edozein pekatugan arkitzen dirala gauza bi: 1. da pekatuaren kulpa, edo arekin Jaungoikoari egiten zaion ofensa ta agrabioa. Eta 2. pekatuari dagokan pena edo kastigua. Pekatua berez, eta batez ere mortala edo eriozkoa da aiñ monstruo ikaragarria, aiñ maldade, edo gaitz pisua, ta neurribagea, nun pekatu mortal bakar batekin Jaungoikoaren Majestadeari egiten diozuen ofensa, desprezio edo injuriaren barkazioa zuei alkanzatzeko, bitarteko jarriko balira oraindaño izan diran, eta munduaren kaburaño izango diran Santu ta Santa guziak beren merezimentu guziakin, eta izango balira ere guziak eta bakoitza Maria Santisima bera beziñ santu miragarriak, ala ere zuen kulpa bakar ori, pekatu mortal bakar ori, barkatu bage geldituko litzake. Eta zergatik? Zergatik Kreatura guzietan eziñ arkitu diteke kaudalik, edo merezimenturik Jaungoikoaren Majestade infinitoari egindako ofensa bakar baten satisfakzioa emateko diñakorik, edo gai danik. Jesu-Kristo Jaungoiko eta gizon egiazkoaren merezimentu infinitoak bakarrik alkanzatzen dira satisfakzio ori ematera: eta Jesu-Kristoren merezimentu oek aplikatzen zaizkigu, N.K. absoluzioaren bidez konfesioko, edo Penitenziako Sakramentu Santuan, bear bezelako disposizioakin konfesatzen geran guzian: orduan Jaungoikoaren Majestadearen aserrea aplakaturik, eta satisfaziturik gelditzen da, eta barkatzen digu guk berari egin giñion ofensa, edo gure pekatuaren kulpa.

        Pekatu erreserbatuetatik absolbitzeko. Baña badira, N.K. pekatu mota batzuak, konfesore guziak, eriotzako orduan baizik, eziñ absolbitu ditzakeanak eta alakoak geienean berekin oi dakarde exkomulgazioa ere. Aetatik batzuak dira, Aita Santuak berak bakarrik absolbitzeko erreserbaturik dauzkeenak; eta beste batzuak Obispo Jaunak bakarrik absolbitu ditzakeanak: Nolako pena, ansia, eta naigabea izango zenduke zuen pekatuaren, eta exkomulgazioaren barkazioa alkanzatzeko, edo Erromara, edo Obispo Jaunagana joan bear bazendue? Zenbat, eta zenbat batere ez nekatzeagatik, eta lotsa ura ez sufritzeagatik geldituko ziñateke konfesazaka? bada ainbeste lotsa dezue batzuok zeuron errietan bertan ondo, eta klaru konfesatzeko. Bulda santuak kentzen dizue bada enbarazo oriek guziak. Buldaren birtutez autu, edo eskojitu dezakezue edozeiñ konfesore, beslela Obispo Jaunak, konfesiorako aprobaturik daukana. Eta ark absolbituko zaitue (herejiaz kanpora) beste pekatu jenero guzietatik, eta aei dagozten exkomulgazioetatik: baña diferenzia onekin, Aita Santuagana bakarrik erreserbaturik dauden pekatu, ta exkomulgazioetatik Buldak dirauen urte bakoitzean, beiñ bizitzako denboran, edo osasunarekin zaudetela, eta beste beiñ eriotzako peligroan absolbitu zaitzake: eta bulda bi artzen badituzue, bi bider osasuneko denboran, eta beste bi bider eriotzako peligroan: baña Obispo Jaunagana erreserbaturik daudenetatik absolbitu zaitzake, ondo konfesatzen zeraten aldi guzietan. Esan det, herejiaz kanpora; zergatik Buldak eztu ematen eskualdirik, edozeiñ konfesorek herejiako pekatutik absolbitzeko: (baña eztezue zer uste, herejiako pekatua dala, edo abereakin, edo gurasoakin, edo senideakin, edo bestela pekatu itxusi, edo torpeak egitea. Oriek edozeiñ konfesorek absolbitu ditzake:) herejiako pekatua, Buldarekin eziñ absolbitu ditekeana, da fedean faltatzea, edozeiñ fedeko Misterio ez sinistu nai izatea, eta sinistearen falta ori, edo fedearen falta ori kanpora agertzea edo deskubritzea, orretan beste pekatu mortal bat egiten duela. Baña onelakorik ere gertatuko balitzekezue, Erromara joan bage, konfesore zinzoak erremediatzeko bidea, edo modua arkituko likezue. Ikusi dezue bada, pekatuagan arkitzen dan kulpa, edo Jaungoikoaren ofensaren barkazioa erraz alkanzatzeko zenbat laguntzen duen Bulda Santuak.

        Zer diran induljenziak. Are geiago laguntzen dizue bada, zuen pekatuak, (barkatu ezkero ere) zor zaien pena denboralaren satisfakzioa Jaungoikoaren justiziari emateko. Badakizue, konfesioko Sakramentuaren bidez, edo egiazko kontrizioaren bidez pekatuaren kulpa barkatzen danean, pekatuari zor zitzekon betiko pena, edo kastigua, mudatzen dala pena denboral batera, eta pena au pagatu bear degula, edo mundu onetan mortifikazio, penitenzia, eta obra onakin, edo Purgatorioan, Infernukoak beziñ gogorrak, eta samiñak diran tormentu izugarriakin. Purgatorioko pena arrigarri aetatik Kristauak libratu zitezen, Eliza Ama Santak beraren lenbiziko urteetan agindu zituan penitenzia ikaragarriak, Konzilioetan, eta Doktore Santuetan irakurrita ere izutzen gaituztenak: baña orain Eliza Ama Santak berak, Zeruko argiz gidaturik, Kristauen argaltasunari begiratzen diola, ematen digu induljenziakin, bide, edo modu erraz bat pena arrigarri aen zorra pagatzeko, eta Jaungoikoaren justiziari satisfakzioa emateko; Baña kontu, N.K.: Elizaren asmo, edo intenzioa, induljenziak guri konzeditzean, ezta inola ere, gu alperrak, aroiak, eta ardurabageak egitea; eta Jaungoikoaren justiziari zor diogun satisfakzioa, gure alegiñean ematetik gu libratzea, edo deskargatzea. Elizako fabore, grazia, edo mesede andi oek dira Kristauen argaltasuna sokorritzeko, edo alibiatzeko; baña Kristau penitente egiazkoena; ez, pekatuak ardurabage egin, eta aen satisfakzioa emateko alegiñik batere egin nai ez, edo batere mortifikatu nai eztiran Kristau lasai deskuidaduena. Induljenzia da bada gauza txit estimagarria, eta probetxugarria, arzaz ondo baliatu nai duenarenzat. Zer da bada induljenzia? Induljenzia da, len esan degun pena denboralaren barkazioa: baña eztira induljenzia guziak erabatekoak: batzuak dira osoak edo plenariak, au da pena guzia osoro barkatzen duenak, eta onelako bat irabazi, ta bereala illgo bagiña Zerura zuzen-zuzen joango giñate. Beste induljenzia batzuak dira parzialak; edo zor degun penaren parte bat baizik barkatzen eztuenak. Oetatik batzuak dira amabost urtekoak: beste batzuak zazpi urtekoak; beste batzuak urte batekoak; beste batzuak eun egunekoak, eta onela; eta urte aek, eta egun oek esan nai due: ainbeste urte, edo denboran egindako penitenziakin emango genduan satisfakzioa bera ematen degula oraiñ orrelako induljenziak irabaziarekin.

        Induljenziak irabazteko nai ta ez leenago jarri bear gera Jaungoikoaren grazian: bada kulpa barkatu artean, pena eziñ barkatu diteke: eta argatik induljenzia plenaria edo osoa irabazteko, pekatu mortal guzien damutasun egiazkoa ezeze, pekatu benial guzien damutasuna ere eduki bear degu: Zergatik ezta barkatzen pekaturik, ez andirik, eta ez txikirik, aek egindako damutasunarekin batera baizik.

        Buldaren induljenziak. Aditu itzazue oraiñ Buldaren induljenziak. 1. Amabost urteko, eta amabost berrogei eguneko induljenziak konzeditzen dizue Aita Santuak, barautzeko obligaziorik eztan egunetan, baraua ateratzen dezuen aldi guzietan, edo eziñ barautu bazerate, zuen Bikario, edo Konfesoreak señalatzen dizuen beste obra on bat egiten dezuen aldi guzietan; baldin orduan Jaungoikoari erregutzen badiozue Prinzipe Katolikoen arteko pake, edo unioagatik, eta infielen kontrako biktoriagatik. Eta orrez gañera Aita Santuak berak egiten zaitue partizipante Eliza guzian egiten diran obra on guzietan.

        2. Erromako ziudadean estazioak diran egun guzietan konzeditzen dizue Aita Santuak induljenzia plenaria, edo osoa (nai badezue zeuronzat, eta ezpada aplikatu nai diozuen purgatorioko animarenzat) orretako egun orietan bisitatzen dituzuela, edo bost Altara, edo Altara bat bost bider, eta erregutzen diozuela an Jaungoikoari Prinzipe Katolikoen arteko pake, edo unioagatik, eta infielen kontrako biktoriagatik. Irabazi ditzakezue induljenzia andi oek urtean larogeita amalau egunetan: bada beste ainbeste dira Erromako estazioetako egunak, eta Austerretik asa, eta Erresurrekzioko Paskoaren zortzigarreneraño irabazi dezakezue induljenzia plenaria au egunoro.

        3. Induljenzia oriezaz gañera konzeditzen ditu Aita Santuak beste amar induljenzia plenariak, edo osoak, señalaturik dauden beste ainbeste egunetan: baña Purgatorioko animai prezisamente aplikatu bear diezuenak; egiten dezuela aen fabore aparte, leen esan dedan bost Altaretako bisita, eta orazioa, eta induljenzia ori ziertoago irabazteko Purgatorioko animenzat, egin bear dezue alegiña zeurok lenago Jaungoikoaren grazian jarteko.

        Eta zenbat errezatu bear degu Altara bakoitzean? Eztu Buldak esaten zenbat. Batzuek akonsejatzen dituzte bost Aitagurea, eta Abe Maria Altara bakoitzean. Beste batzuek iruna: eta beste batzuak kontentatzen dirade banarekin Altara bakoitzean. Komisario Jeneralak Bulda onen esplikazioan dio: ea zein Kristau kontentatuko dan, induljenzia aiñ andia irabazteko, gutxiena Altara bakoitzean amar Abe Maria baño gutxiago errezatuarekin. Baña dana dala; beti errezatu bear dezue okasio orietan, esan dizuedan intenziorako, au da Prinzipe Katolikoen arteko pake, edo unioagatik, eta infielen kontrako biktoriagatik: bada beste fiñetarako egindako errezo, edo orazioak, txit luzeak izan arren, eztue serbitzen induljenzia oek irabazteko.

        Azkenik Aita Santuak esan diran induljenziaz gañera Bulda artzen duanari konzeditzen diozka beretzat beste induljenzia plenaria bi: bata osasuneko denborarako; eta bestea eriotzako peligrorako; eta bizien Bulda bi artzen baditu (ezin geiago artu ditzakegu) konzeditzen diozka orduan induljenzia plenaria bi osasuneko denborarako; eta beste bi eriotzako peligrorako. Eta estazioetako egunetan Bulda bi artu ezkero; eta Altaretako bisita ta orazioak bi bider egiñ ezkero irabazten dira induljenzia plenaria bi egun bakoitzean. Azkenik jakin bear dezue ezin beste induljenziarik irabazi ditekeala bizien bulda au bage.

        Boto edo promesak aldatzeko. Bulda onek ematen dizue oraindio beste pribilejio andi bat, eta askorenzat agitz premiazkoa: eta da, eskatzeko zuen konfesoreari, mudatu edo ganbiatu degizuela, egiñik dauzkatzuen boto, edo promesak beste obra on batzuetan: eta ala eskatzen badiozue, konfesoreak Bulda onen birtutez, eta Gurutzadarako limosnaren bat ematen dezuela, mudatuko, edo aldatuko dizue beste gauza on, santu, eta errazagoetan zuen promes, edo boto guziak: iru bakarrik aterata: eta oek dira, betiko kastidadekoa; Fraile, edo Monja sartzekoa; eta Jerusalengo leku santuak bisitatzera joatekoa. Oek irurok, eta oetatik edozeiñ Aita Santuak beretzat dauzka erreserbatuak: baña orretako izan bear due boto perfektoak, eta kondiziorik batere bage egiñak. Eziñ mudatu ere ditezke beste gauzatan iñoren fabore egindako boto edo promesak, azeptaturik badauzka ia egin zaiozkanak, zergatik Buldak eztu ematen pribilejiorik besteren kalte edo perjuizioan.

        Konposizioko Bulda. Orain laburkiro aditzera eman bear dizuet beste iru Buldak: eta 1. konposiziokoa.

        Andiak izan oi dira egiazko penitente baten ansiak, eta naigabeak: besteren ondasunak dituela ezagutu, eta nori biurtu bear diozkan eztakianean: bildur, eta ikara gogorrak padezitzen dituzte merkatariak, eta beste tratalari guziak, desengañuaren argiarekin ezagutzen duenean aberastu dirala pobreen odolarekin, gaizki eramandako interesakin: orobat gertatzen zaie askori beren ofizioetan egin dituen utsegiteakin, batari, eta besteari egin dien kalteakin. Kaso oetan guzietan, deretxo komunaz eta Elizako legeaz batera, nori biurtu bear zaion ezin jakin ezkero, guzia osoro enpleatu bear zan, edo Elizetan, edo pobreetan, edo beste obra piadosoetan. Baña orain konposizioko Buldaren birtutez, diru gutxirekin kantidade andiagatik salisfazitu dezakezue. Konposizioko Bulda bear dezuenak, Bulda bakoitzagatik eman bear dezue lau erreal; eta emezortzi marabedi: eta oriekin pagatzen dezue bi milla marabediren, edo berrogeta emezortzi erreal eta zazpi kuartoren kantidadea. Artu ditzaketzue berrogeta amar Bulda konposizioko (eta ez geiago) eta oriekgatik berreun eta ogeita sei erreal eta amasei marabedi pagatuta, satisfazitu dezakezue eun milla marabedi; edo bi milla bederatzi eun eta berrogeita bat erreal eta sei marabediren zorra. Eta oraindio geiago zor bazendue, akuditu zenezake Komisario jeneralagana beragana, edo Bulda geiagoren eske; edo kantidade guziagatik, batere Bulda bage, berarekin konpontzera; bada guzirako dauka Aita Santuaren eskualdia. Baña kontu, N.K. konposizioko Buldak eztio iñori balio, gauza biurtu bear zaion jabea arkitu ditekenean, bada jabe ziertorik eztuen gauzetarako da Bulda au: eta orobat balio eztio Bulda onek, zerbait ostu, edo gaizki eraman zuenari, Buldarekin gero konponduko zalako konfianzan.

        Laktizinioko Bulda. Beste Bulda bat da esnejakiena, edo Laktiziniokoa. Au bakarrik da Sazerdote Jaunenzat: Nola bizien Buldan eztigun Aita Santuak Sazerdoteai konzeditzen arraultzak, eta esne-gauzak Garizuman jateko lizenziarik, beste Bulda onetan ematen digu lizenzia au, Aste Santuaz kanporako beste egun guzietarako.

        Defuntuen Bulda. Azkenik, orain esplikatu bear dizuet defuntuen Bulda: baña leenago arren gogora ekarri itzazue, N.K. askotan aditu dituzuen Purgatorioko animak sufritzen dituzten pena, eta tormentu ikaragarriak. Munduan oraindaño izan diran, eta aurrera izango diran tormentu guziak pintatuak bezela dira Purgatorioko tormentuen aldean. Ango suaren bizitasun izugarriak; eta Jaungoikoa len baño leen ikusteko dauken ansia ezin esan alak, zenbateraño atormentatzen dituen Jaungoikoaren beraren esposa maite aek, ezin iñola ere ez konprenditu, eta ez aditzera eman diteke. Eta bearbada, an dauzkatzue, N.K. edo zuen gurasoak, edo zuen humeak; edo zuen senideak, edo zuen emazteak, edo senarrak, edo zuen adiskideak. Eta nork daki, zuek eragin ziñien pekatuakgatik ote dauden? eta etzerate animatuko len baño leen tormentu aetatik ateratzera? Aita Santuak ematen dizue bada orretarako bide, edo modu erraz bat. Bulda bat anima bati aplikatu ezkero, libratzen da ango penetatik, eta dijoa bereala Zeruko gloriara. Baña zergatik induljenzia oso, edo plenaria au, geiago dagoan isekirik Jaungoikoaren borondatetik, Bulda artzetik baño, (bada gerta liteke, Jaungoikoak ez aplikatzea induljenzia ori zuek uste dezuen defuntuari, edo bera lenago deskuidadua izan zalako, edo Jaungoikoaren juizio estali, baña justuak dirala mediante) argatik artu diteke, eta artu oi da urte askotan Bulda defuntu bategatik; baita urte bakoitzean Bulda bi ere, eta ez geiago. Baña defuntu bi, iru, edo laugatik ezin artu diteke guzientzat Bulda bakar bat. Bulda onetan eskribitu bear da artzen duenaren izena, eta baita aplikatzen zaion defuntuarena ere. Eta bein bati aplikatu ezkero, ezin besteri aplikatu dakiozue. Eta defuntuen Bulda artzen dezuenak, seguruago Purgatorioko animak sokorritzeko, eta zeurok irabazi geiago izateko, arren alegiña egizue, zeurok Jaungoikoaren grazian lenago jarteko, eta aren dibina Majestadearen adiskideak izateko.

        Buldaren pribilejioak gozatzeko kondizioak. Edozein Buldaren pribilejioak gozatzeko, nai ta ez artu bear dezue Bulda; eta eztezue asko, Bulda artzeko asmo, edo intenzioa edukitzea: eskribitu ere, edo eskribitu eragin bear dezue Bulda bakoitzean zuen izena: eta orrez gañera Buldaren pribilejioak gozatu nai badituzue, eman bear dezue Bulda bakoitzagatik, señalaturik dagoan limosna, edo zuenetik, edo bestek eman, edo prestatu dizuenetik: eta orobat da, bestek Bulda zuenzat artu, eta limosna ematen badu.

        Zertako dan Buldaren limosna: eta Aita Santuaren intenzioak. Aditu dituzue ia bada N.K. Gurutzadako Bulda santuaren grazia, ta pribilejio andiak, eta miragarriak. Oriezaz gogotik baliatzera animatzeko, pensatu itzatzue orain ondo, Jesu-Kristoren Bikarioak, Bulda santo au zuei konzeditzean, izan dituan asmo, edo intenzioak. 1. Da, zuei pekatuaren azpitik erraz irteteko, eta orrela Jaungoikoaren grazia, ta adiskidetasuna erraz alkanzatzeko eskua ematea. 2. Da, gure pekatuen zor andia, mundu onetan, pagatzen, induljenziakin laguntzea. 3. Da, Jaungoikoarekin guziok adiskide egin ezkero, biziro gu animatzea, gure erregu, eta orazioakin Jaungoikoagandik alkanzatzera Prinzipe Katolikoen artero pakea, eta unioa, eta Infielen, edo fedebagen kontrako biktoria. Eta azkenik, nola gure Españiako Erregeak, beste iñork ez bezela, beti daukan gerra fedearen, eta Eliza Santaren etsaiakin, eta nola oen kontra exerzitoak, eta armadak itxasoan, eta legorrean nai ta ez mantendu bear dituan, Eliza Santa guziari ainbeste inporta dion fin santu onetarako animatzen gaitu guziok Aita Santuak Buldaren limosna ematera. Aren espiritu, eta intenzioarekin juntaturik bada N.K.; ar dezagun guziok Bulda santua: eta Jaungoikoari biziro erregutu degiogun, arren aziertoz bete dezala Aita Santua bera: Prinzipe Katoliko guziai diela alkarren artero pake, edo unioa; eta fedebagen kontra gerrara doazen guziai diela animoa, esfuerzoa, eta biktoria. Gure Errege Katolikoari eman degiola bizitza luzea, eta zorioneko gobernua: eta berari, eta bere familia erreal guziari eman degiola urte askotako osasuna. Azkenik erregutu degiogun Jaungoikoari guziok, digula emen, alkarrekin pakean, eta karidadean bizitzeko grazia, eta gero Zeruko Gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa