www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN DOTRIÑA
ORAZIOAREN GAÑEAN

 

Aita gurearen lendabiziko iru petizioak
aditzera ematen dira.

 

        Ikusi dezuen ezkero N.K., aurreko dotriña santuan Pater-noster, edo Aita gurearen lenengo hitzetan nolako honra, eta estimazioa gure Jaungoikoari zor diogun, berak gure Aita izan nai izan duelako: Jesu-Kristoren senideak egin gaitualako: orain ikusi bear dezue, esker oneko semeak izateko, eta zuen Aita ona maite dezuela aditzera emateko, nolako deseoak zuen biotzetan eduki bear dituzuen: eta batez ere Jaungoikoaren beraren honrarako, eta zuen salbaziorako zer eskatu bear diozuen, sarriena, eta gogotiena lenengo iru petizioetan.

        G. Zein da lenengo petizio, edo eskaera? E. Santifikatua izan bedi zure izena. Zer eskatzen dezu petizio, edo erregu orretan? Jaungoikoaren izena izan dedilla ezagutua, eta honratua mundu guzian.

        G. Santifika bedi zure izena esaten degunean, benturaz eskatzen degu, Jaungoikoaren izena dan baño santuago izan dedilla? E. Ez, zerren dan berez fin gabe, edo kabugabe Santua: eta ezin azi, edo geitu diteke aren neurri gabeko santidadea. Baña merezi du, kreatura guziak ezagutu, honratu, eta alabatu dezatela.

        G. Zer eskatzen degu bada? E. Zeruan ezagutua, eta honratua dan bezela, munduan ere izan dedilla. Eta ori benetan, eta biotzetik eskatzen degula aditzera emateko, Zer egin bear degu? 1. Gure Jaungoikoa gure egiazko Aita, guztiz maitetsua, eta guztiz maitagarria dala gogoan ondo sarturik eduki: eta hume onai, leialai, eta esker onekoai dagokien biotza Jaungoiko, gure Aita onarekiko eduki bear degu. Eta 2. Beraganako gure amorioa agertu bear degu, biziro deseatzen degula, gure bizimodu onarekin, eta guziak Jaungoikoaren ezaguerara, eta amoriora ekarteko alegiñak egiñarekin, gure Aita Jaungoikoa ezagutua, honratua, eta amatua ikustea mundu guzian; Zeruan dauden zorionekoen gisa: eta or ezagun da, petizio, edo eskaera onen, eta beste guzien sustraia dala karidadea, edo gure Jaungoikoaren, gere buruaren, eta gure lagun urko, edo projimoaren amorioa.

        G. Eta amorio orri dagokion bezela eskatzeko zer gauza dira batez ere deseatu, eta eskatu bear ditugunak? E. 1. Fedearen argi gabe dauden idolatrak, edo gezurrezko Jaungoikoaren adoratzalleak, Jesu-Kristoren ezaguerarik, eta Federik eztuen Jentil itxuak, Juduak, Herejeak, eta Eliza Ama Santaren dotriña ezagutzen, eta sinisten eztuen guziak, argitu ditzala arren gure Jaungoikoaren ontasunak: eta ekarri ditzala bere ezaguerara, eta salbaziorako bidera. 2. Eskatzen degu, Kristau pekatariai, eren pasio eragabeakin itxuturik daudenai, egiazko penitenzia egiteko bear duen argia, eta grazia eragillea arren eman degiela. 3. Batez ere Jaunaren izen Santua deshonratzen duen gezurrezko juramentu-gilleak, blasfemariak, eta eskandaloa, edo pekaturako bidea besteai ematen dienak, eren gaiztakeri arrigarria ondo ezagutu dezatela: eta erremediatu ditezela: eta aurrera erak Jaungoikoa honratu ezeze, besteak ere ekarri ditzatela eren exenplo onarekin Jaungoikoaren izen santua honratzera. 4. Birtuteai darraien justuai eman degiela gure Jaungoikoak birtutean irauteko, eta aurreratzeko bear duen grazia, eta indarra. Eta 5. Guzioi digula alkarri lagunduaz, alkar amatuaz, eta exenplo ona batak besteari emanaz gure Aita onaren egiazko hume leialak: eta Jesu-Kristogan alkarren senide onak izateko bere grazia ugaria: orrela gure bizimoduarekin Jaungoiko gure Aitaren egiazko humeak gerala: eta aren honra gauza guzien gañean billatzen degula aditzera emateko. Eta orra santifika bedi zure izena esaten degunean, nolako biotza, eta nolako deseoak eduki bear ditugun, egiaz, eta benetan eskatzen degula aditzera emateko.

        G. Eta nor dira petizio, edo eskaera ori gezurraz esaten duenak? E. Txit asko dira: baña batez ere pekatari gogortuak, eta ardura gabe gezurrezko juramentuak, eta birau, edo maldizioak, eta blasfemiak esaten dituenak, eta eskandaloa ematen duenak, au da eren lagun urko, edo projimoak pekatura mugitzen, edo erakartzen dituenak gaizki erakutsiaz, konseju gaiztoak emanaz, edo nolanai pekaturako bidea emanaz: eta eren Aita ona ofenditu eragiñaz.

        G. Eta orrelakoak ala ere petizio, edo eskaera ori egin dezake, edo Aita gurea Zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena egiaz esan dezake? E. Bai damuturik badaude: baña bestela ezer serbitzen eztie: baizik eren buruak kondenatzen ditue: aoaz gauza bat, eta biotzaz, eta obraz beste kontrako bat egiten duelako. Begira ezazue bada arren N.K.; aiñ maite izan zaituen zuen Aita onari nolako injuria egiten diozuen: aren honra prokuratu ordean, zeurok deshonratu eragiñarekin: lotsatu zaitezte zuen esker gaizto arrigarri orrezaz: humillaturik, eta damuturik barkazioa biotzetik eskatu egiozue: eta aurrera hume onak, esker onekoak, eta leialak izateko, eta zuen Aita onaren izen santua honratzeko, eta honratu eragiteko alegiñak egin itzatzue: eta benetan, eta biotzetik esan ezazue, santifika bedi zure izena.

        G. Eta zein da bigarren petizioa, edo eskaera? E. Betor guregana zure erreinua: Zer eskatzen dezu petizio, edo orazio orretan? Erreina dezala Jaungoikoak gure animetan emen lurrean bere graziaz: eta gero Zeruan digula bere gloria.

        G. Zenbat erakoa da Jaungoikoaren erreinua? E. Iru era, gisa, edo modura da. 1. Da naturalezazko erreinua. 2. Da graziazkoa. Eta 3. Da gloriazkoa. Beretuak dauzka gure Jaungoikoak kreatura guziak naturalezako ordean: Zeruak, eta lurrak, eta oetan dauden gauza guziak obedezitzen diote: eta guziezaz nai bezela disponitzen du: eta ezta naturalezazko erreinu, edo aginte, edo eskubide ori Aita gurean eskatzen deguna: baizik graziakoa orain, eta gero gloriazkoa.

        G. Eta zer esan nai degu, Jaungoikoak erreina dezala bere graziaz gure animetan eskatzen degunean? E. 1. Jaungoikoak argitu ditzala, eta beregana ekarri ditzala pekatu mortalean dauden guziak: au da, atera ditzala, penitenzia egiazko baten bitartez, deabruaren, eta pekatuaren katiberio, edo mendetik, eta libra ditzala betiko eriotzatik, edo Infernutik: eta eman degiela bere grazia, eta adiskidetasuna, eta orretan irauteko bere laguntasuna, eta indarra. 2. Eskatzen degu, justuak konserba ditzala bere grazian: eta animako etsaiak goitzeko, eta birtuteari jarraitzeko bear dituen argiak, eta sokorruak eman degiela: hitz batean, desegin dezala deabruaren erreinua, eta geitu dezala Jesu-Kristoren erreinua, edo Jaungoikoak bakarrik gure biotzetan agindu dezala: eta orduan aren izen Santua ikusiko da ezagutua, eta honratua mundu guzian, aurreko petizioan eskatzen degun bezela.

        G. Eta graziazko erreinuari zer darraio gero? E. Gloriazko erreinua: eta au da Jaungoikoak Zeruko erreinuan gozatzen duena: eta Zerutar guziai goza eragiten diena. Eta erreinu ori datorkigula eskatzen degunean, Zerura juatea baizik besterik eskatzen degu? Bai eskatzen degu, osatu dedilla len baño len Jaungoikoaren erreinua bere perfekzio guzian: au da, bukatu dedilla deabruaren, munduaren, eta aragiaren erreinua: akabatu ditezela pekatuak, eta Jaungoikoaren borondatea bakarrik egin dedilla mundu guzian, batere enbarazorik arkitu gabe bere kreaturetan.

        G. Eta ori noiz ikusiko da? E. Mundu au akabatzen danean: eta Jaungoikoaren Majestadeak bakoitzari dagokion, edo betiko zoriona Zeruan, edo betiko zorigaitza Infernuan ematen dionean.

        G. Orrela mundua bukatzea, eta juizio jenerala laster izatea deseatu, eta eskatu dezakegu? E. Bai: eta perfekzio andiarekin santuak deseo ori erakusten zuen: zerren, nola ainbeste pekatu, eta Jaungoikoaren ofensa munduan ikusten zituen: eta ainbeste anima orregatik betiko kondenatzen zirala, gaitz oriek bukaturik ikusteagatik deseatzen zuen, eta Jaungoikoari eskatzen zioben munduaren bukaera.

        G. Eta Santuen deseo ori Jaungoikoak kunplituko ote du? E. Bai: Jesu-Kristok berak dio munduaren azkeneko egunak laburtuko, edo gutxituko dira, bere esleituen errespetoagatik: esleituak izateko, eta Zeruko erreinua iristeko alegin guziak egin ditzagun bada; jarraitu deiogun orain guziok Jesu-Kristo gure Errege, eta Maisu soberanoari: billatu dezagun berak esaten digun bezela gauza guzien aurretik Jaungoikoaren erreinua, eta ara daraman justizia, edo birtutea: eta aren Majestadeak, gure Aita ona, eta guztiz poderosoa danak bezela, emango dizkigu, azigarri, edo añadigarri bezela emen bear ditugun alimentu, janzi, eta gure salbaziorako dagozkigun beste gauza guziak: bada bere hume onai konbeni zaiena ukatzen eztie.

        G. Eta zertan dago batez ere Zeruko erreinura garamazkian justizia, edo birtute guzia? E. Irugarren petizio, edo eskaerak erakusten diguna egitean.

        G. Zein da irugarren petizioa, edo eskaera? E. Egin bedi zure borondatea, nola Zeruan, ala lurrean. Eta zer eskatzen degu petizio, edo orazio orretan? Lurrean gaudenok egin dezagula Jaungoikoaren borondatea Zeruan dauden zorionekoak, edo bienabenturaduak egiten duen bezela.

        G. Eta nola egiten due Zerukoak Jaungoikoaren borondatea? E. Bereala, edo atzerapenik batere gabe txit gogotik: amorio guziarekin: eta kontentu, eta atsegin andiarekin.

        G. Eta egin dezakegu guk orrela, edo era orretan emen lurrean Jaungoikoaren borondatea? E. Zerutarrak bezin perfekzio andiarekin ez: bada aek eztue etsairik, eta eragozgarririk batere: guziak goitu zituen, eta Jaungoikoarekin bat egiñik, edo laztandurik daude: bere gloriaz gozatzen daude: eta bera argiro ikusten, eta amatzen, eta beti alabatzen ari dira: eta gu illunpean, eta etsai askoren artean gaude: baña ala ere emengo, edo oraingo gure estaduari dagokion moduan egin dezakegu Jaungoikoaren borondatea Zerukoen gisa beraren graziarekin, eta gere alegiñakin, artara gogotik leiatu nai bagera; Jesu-Kristok beti egin zuen, eta erakutsi zigun bezela, eta Kristau onak orain ere egiten duen bezela, Jesu-Kristori, eta Santuen exenploari darraiela.

        G. Izanik bada gure Jaungoikoa gure jabea, gure egillea, gure Errege, eta gure Aita, eta gure Jaungoikoaren borondatea aiñ justua, aiñ santua, aiñ zuzena; eta gure ona baizik nai eztuena: Zergatik aldi askotan ainbeste atzerapen sentitzen degu, gure Jaungoikoaren borondatea egiteko: eta aren Majestadeak disponitzen, permititzen, edo agintzen digun gauzetan bere borondate santuarekin gurea ez konformatzeko, eta geiago dana, aren borondatearen kontra, eta aren lege santuaren kontra gere gogo gaiztoa egiteko, eta orrela gure Jaungoikoaren borondatea baño, gerea geiago estimatzeko: eta aren Majestadea ofenditzeko, aserratzeko, eta gere betiko kondenazioa geurk gere buruari erakarteko? Nundik dator itxumen, okertasun, eta gaiztakeri izugarri ori? gure Jaungoikoak estadu triste errukarri orretan lenengo gizona, eta emakumea, Adan, eta Eba sortu ote zituan? E. Ez: bertatik eman zien grazia, eta inozenzia, eta ori eren kulpaz galdu ezpalue etsaiaren tentazioan erori ziranean, Jaungoikoaren borondatea txit erraz egin zezakean; eta guk ere orobat egingo genduan, aen pekatuan sorturik jaio ezpagiñan. Baña pekatu jatorrizko, edo orijinal artatik etorri da gure itxumena, gaitzerako griña fortitza, eta onerako pisutasuna, nagitasuna, eta atzerapena. Pekatuaren ondorengo tristea, eta kalte negargarri izan da, orain guziok probatzen deguna: au da gere buruaren amorio itxu eragabea: Jaungoikoaren amorio santuaren, eta gere animaren etsairik andiena: Jaungoikoaren lege santuari, eta animako salbazioari dagozkan lanak, edo egitekoak iguitu erazotzen dizkiguna: eta gorputzari, eta onen sentiduai, atsegin ematen dienak, leia geiegirekin billa erazotzen diguna: au da, N.K., gure pekatu guzien sustrai pozoniaz betea: emendik datorkigu, atsegin ematen diguen munduko honrak, eta estimazioak: munduko ondasun, interes, eta aberastasunak: eta aragiaren, edo gorputzaren gustoak aiñ biziro, eta aiñ eragabe nai izatea, eta billatzea: eta neke, naigabe, eta trabajuak aiñ igui izatea, eta ainbeste pena ematea, eta bereala aserraerazotzea. Emendik sortzen dira gure eragabeko pasio, griña, eta inklinazioak: batzuek atseginzaleak, eta besteak aserrekorrak: ortik jaiotzen dira, gure soberbia, andinaia, eta arrotasuna, edo banidadea: ortik eragabeko gutizia, edo interesaren eragabeko apetitoa: ortik loikeria, edo gorputzaren atsegin likitsaren gurari zikiña: ortik eragabeko jan-edanaren deseo, eta gustoa: ortik dator nai deguna ezin iritsi degunean, edo ukatzen diguenean kolera, ira, edo aserretasuna: ortik enbidia: eta ortik nekearen iguitasuna, eta gauza onak egiteko nagitasuna, edo atzerapena. Orra nolako aldakaitzak, edo erroak dakazkian gure buruaren edo gorputzaren amorio itxu eragabeak: Eta nork kontatu ditzake aldakaitz gaizto orietatik sortzen diran pekatu guziak, gure borondatea Jaungoikoarenaren kontra altxatu erazotzen duenean? Eta Infernura ainbeste anima daramazkienak?

        G. Eta badegu beste etsairik gure amorio propio itxu eragabeari laguntzen dionik, eta indarrak ematen diozkanik gure borondatea bereganatzeko, azpiratzeko, eta Jaungoikoaren borondate santuaren kontra altxa erazotzeko? E. Bai, baditugu: eta asko, eta indarsuak: Eta zein dira? 1. Deabrua, bere astuzia, eta malizia guziarekin, eta tentazio goaitkgarri askorekin. 2. Mundu gezurtia, edo mundutarrak, beren lisonjakin, bere izumen, ikara, edo bildurtzeko aitzakiakin: errespeto falsoakin, esamesakin: eta Ebanjelio Santuak kondenatzen dituan usadio galgarri askorekin, dala modestia gabeko janzietan: eragabeko jan-edanetan: joku andi kaltegarrietan: danza eta jostatze peligrozkoetan, eta beste modu askotan. Orra zein etsai andiak, eta indarsuak dituan gure anima gaixoak, berez aiñ argala, eta gaitzera etziña dagoalarik. Bada, 3. Oraindio indarsuagoa da, bakoitzak bere barruan daukan, eta bere kulpaz sortu duen, onelako, edo alako pekatu egiteko oitura, aztura, edo kostunbre gaiztoa, sentitzaka pekatura dakarrena, gaia, okasioa, edo tentazioa datorkionean, edo loikeriakoa, edo lapurretakoa, edo ordikeriakoa: edo juramentu, edo birau gaiztoak egitekoa, edo erraz aserratu, edo bendeku artzekoa; orrelakoak eztakie zer dan pasio gaiztoari indar egitea: eta ura bezela pekatuak tragatzen, edo irentsitzen ditue. Au bai dala estadu triste negargarria, bada onelakoak, asnasea faltatzea baizik bear eztue, betiko Infernura jaisteko.

        G. Zer erremedio degu bada gure amorio propio eragabea bere griña gaiztoakin, eta deabrua, mundua, eta gere kostunbre, edo oitura gaiztoa eren tentazioakin goitzeko, benzitzeko, edo menderatzeko: eta gure Jaungoikoaren borondate santua egitera jarteko? E. Eztago beste erremediorik N.K., gere buruaren amorio itxu eragabeko ori gere biotzetik ateratzeko, eta orren lekuan Jaungoikoaren, eta gure anima gaixoaren amorio egiazkoa sortutzeko, geitzeko, eta indartzeko alegin guzia egitea baizik. Orixe da Jesu-Kristo gure Jaunak bere Ebanjelio santuan geiena, eta sarriena agintzen diguna. Baña, nola ori iritsiko degu? 1. Egunoro, Fedeak erakusten dizkigun egia andiak, gogoratuaz, eta betaz konsideratuaz, gere barruak argitzeko, desengañatzeko, eta Jaungoikoaren borondatea ondo ezagutzeko, eta obeto kunplitzeko. Eta batez ere gogoan erabilli bear degu 1. Gure Jaungoikoaren kabugabeko anditasuna, ontasuna, ta maitagarritasuna; gure biotzeko amorio guzia ondo merezi duena, bera danagatik, eta egin dizkigun mesede guziz andiakgatik: eta espezialkiro, zerren bere Seme propioa bera eman digun gure Erredentore, gure Salbadore, eta gure Maisu, edo erakusle izateko, eta Zeruko bide zuzena erakutsi ezeze, ari jarraitzeko grazia ematen digun. Eta 2. Gogora sarri ekarri bear degu, zein laburra, eta mudakorra dan emengo bizitza tristea: eta nolakoa dan orri darraion eternidade guziko, edo Infernuko bizitza penagarria: eta Zeruko gloria kabubagea. Eta azkenik mundu onetan bertan ere, gustorago bizi dala arrazoiari, eta birtuteari darraiona, ezenez bizioari, eta aragiaren amorio itxuari darraiona. Baña nola ori guzia ezagutzea asko eztan, bigarrengo erremedioa da orazio, edo eskaera humilla sarritan, eta konfianza oso batekin Jaungoikoari berari Jesu-Kristoren izenean egitea; eman degigun bear degun grazia, eta indarra, gere borondate, edo nai gaiztoa ukatzeko: eta gauza guzietan, ala atsegingarrietan, nola nekagarri, edo penagarrietan, aren borondate santuarekin osoro konformatzeko. Eta 3. Zerren eskatzea ere bakarrik asko eztan gogotik peleatu, edo gerra egin bear degu, gure eragabeko pasio, edo griña gaiztoak goitzeko, pekatuko bide, edo arriskutik kontuz alde egiteko: eta gure oitura gaiztoak benzitzeko, edo menderatzeko: ez bakarrik, pekatu larri, edo mortalaren gaietan, baita pekatu benial ezagutuetan ere: eta orrela gure Jaungoikoa eta gure salbazioa maite ditugula aditzera emango degu: atsegiñezko pake andi bat geren buruai ekarriko diegu: eta Jaungoikoaren borondatea Zerutarraen anzera egiñaz, irabazi andiak egunetik egunera Zerurako egingo ditugu: eta orren sari guziz ugaria Zeruko glorian gozatuko degu. Eta orretara gogotik leiatu zaitezten, aditu ezazue, eta gogoan ar ezazue dotriña andia guzioi erakusten digun exemplo miragarri au. Erromako Ziudadean bizi izan zan fama andiko Teologo jakinsu bat, txit sarri Jaungoikoari erregutzen ziona, arren arkitu eragin zegiola Zeruko biderik laburrena, eta seguruena erakutsiko zion gizon bat: eta bein batean orazio ori txit gogotik egiten ari zala, aditu zuen boz bat, esaten ziola: zoaz San Pedroren Eliza-atera: eta an arkituko dezu billatzen dezuna. Joan zan bereala, eta eskeko pobre bat, zauriz beterik, eta tresna txarrez janzirik arkitu zuen. Eta bereala agur egiñaz, esan zion Teologo jakinsuak; Jaungoikoak egun on dizula adiskidea: eta pobreak eranzun zion: eztet gogoan, oraindaño egun gaiztorik izanik. Teologoak berriz esaten dio: adiskidea, bizitza zorioneko bat deseatzen dizut: eta pobreak esan zion: oraindaño ez naiz iñoiz desditxadua, edo zorigaiztokoa izan. Teologoak berriro esan zion: Jaungoikoak zure deseoak kunplitu, edo osatu degizula: eta pobreak eranzun zion: deskontentu izateko, edo kejarik izateko motiborik batere eztet; gauza guziak nere gogora, edo gustora gertatzen zaizkidan ezkero. Orduan Teologoak esan zion, nola orren zorionekoa izan zaitezke, estadu errukigarri orretan zaudela? Eranzun egidazu argiroago galdetu dizudanaren gañean. Ondo da Jauna, pozik eranzungo dizut: esan didazu egun on bat deseatzen didazula: eta eranzun dizut: ez naizala oroitzen, edo akordatzen egun gaiztorik iñoiz izanik, zerren nagoan estaduan kontentu arkitzen naiz, nere Jaungoikoak ala nai duen ezkero: eta nere zoriona eldu zait, nagoan estaduan kontentu egotetik, eta munduaz kasorik ez egitetik: zerren munduko anditasunak, ondasunak, eta atsegintasunak ezertan ez dauzkat. Oetan eren biotzak ipiñirik dauzkatenak poztutzen dira gozatzen dituenean, eta naigabetzen, eta tristetzen dira ezin iritsi dituenean, edo galtzen dituenean. Baña nik nere deseo guziak Zeruko nere Aitagan ipiñirik dauzkat: eta ark gauza guziak zuzentzen, edo ordenatzen dituan ezkero, berak nai duena baizik, nik ere nai eztet: eta argatik esan dizut, ez naizala iñoiz ere desditxadua, edo zorigaiztokoa izan, bada guztia gertatzen zait nere gogoaz batera. Baldin otzak, beroak, elurrak, edo egualdi gogorrak nekatzen banau alabatzen det Jaungoikoa: orobat injuriatzen, edo despreziatzen banaue, bedeinkatzen det nere Jaungoikoa: bada ziertu nago aren ordena gabe, edo ark permititu gabe ezertxo ere gertatzen etzaitala: eta guzia nere onerako disponitzen duela. Badakit, guztiz poderosoa, eta guztiz justua dala: eta nere zorion guzia dagoala aren borondatearekin nerea bat egiñik edukitzean: eta ori bakarrik da nere deseo guzia, eta orretara nere alegin guziak zuzentzen ditut. Orduan Teologoak esan zion, guziz onak dira zure arrazoiak: baña esan egidazu: zure konformidade guzi orrekin zer egingo zenduke Jaungoikoak kondenatu nai bazinduz? Pobreak eranzun zion, nerez bakarrik eziñ ezer daiket: baña Jaungoikoak berak beso bi txit indarsuak eman dizkit: bata da humiltasuna, eta onekin Jaungoikoaren eskuetan osoro jarten naiz: eta bestea da karidadea, eta onekin nere Jaungoikoa biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik amatzen det: eta baldin kondenatu nai banindu, beso bi oekin elduko nikio, eta laztanduko nuke Jaungoikoa bera, eta nerekin eramango nuke edozein tokitara: eta nun-nai, naiago nuke egon Jaungoikoarekin, ezenez Zeruan bertan Jaungoikoa gabe.

        Arriturik gelditu zan Teologoa pobrearen eranzuerarekin: eta pensatu zuan uraxe zala, Zeruko biderik laburrena, eta seguruena erakutsi bear zion gizona: eta obeto aren dotriñaz kargu egiteko, galdetu zion: adiskidea, nundik onera etorri zera? Eta eranzun zion: eldu naiz Jaungoikoagandik: berriz galdetu zion: Nun arkitu dezu Jaungoikoa? kreaturai larga diedanean. Nun utzi dezu Jaungoikoa? Biotz garbia, edo borondate ona duen persona prestuetan: aetan du Jaungoikoak bere atsgiñezko tokia. Zu nor zera? berriz galdetzen dio Teologoak: eta eranzuten dio: nor nai izan nadilla, nere suerte, edo kondizioarekin kontentu nago: eta munduko Erregerik poderosoenakin trukatuko ez nizake: bada bere buruari agintzen dakiana, da egiazko Errege. Eta nun da zure erreinua? galdetzen dio: eta pobreak eranzuten dio: Zerua da nere erreinua: eta baita nere anima ere, onek bere arrazoiaren azpian bere pasioak, edo apetitoak dauzkan ezkero: eta arrazoia bera Jaungoikoaren borondatearen azpian. Eta azkenik galdetu zion pobreari: Nun ikasi dezu ori guzia, eta nola eldu zera aiñ birtute, eta perfekzio andira? Eta eranzun zion: onetara etorri naiz, munduko erausiak largatuaz: eta Jaungoikoarekin tratatuaz orazioarekin, eta konsiderazioarekin. Nere alegiñik andiena beti da nere buruaren eragabeko amorioa ukatzea: nere deseo guziak Jaungoikoagana ekartea: eta gauza guzietan aren borondatea egitea: eta orretan ori guzia ikasi det.

        Ikasi dezagun bada guziok, eta gogoan ondo sartu dezagun dotriña miragarri au: eta orri jarraio degiogun. Eta orrela egiazko pakea bertatik, eta gero betiko gloria izango degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa