www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMALAUGARREN DOTRIÑA

 

Espiritu Santuaren etorreraren gañean.

 

        Kredoaren esplikazioari garraizkola oraindañoko dotriñetan; Aita Eternoari eta bere Seme maite Jesu-Kristo gure Jaunari atribuitzen zaizkan, munduaren kreazioa, edo ezerezetik egitea, eta gizonaren erredenzioa, edo pekatutik libratzeko pagua, edo satisfakzioa ematea aditzera eman ditugun ezkero; aurrera Espiritu Santuari batez ere dagokion gizonaren justifikazioa edo santifikazioa azaldu, edo erakutsi bear dizuet: eta gaur aditu bear dezue gogotik, eta arreta, edo atenzio andi batekin: 1. Noiz, eta nola Espiritu Santua jatxi zan Apostoluen gañera: 2. Nolako efektoak obratu zituan Aposlotuetan, eta Jesu-Kristogan sinistu zuen Kristau berrietan: eta 3. zer eragiten dien orain ere Espiritu Santuak, bera errezibitzeko zoriona duen Kristauai.

        G. Jesu-Kristo gure Jauna Zeruetara igotzen ikusi ezkero nora juan ziran Apostoluak, eta Jesu-Kristoren diszipulu, edo jarraitzalleak? E. Guziak alkarrekin Jerusalena erretiratu ziran, Jesu-Kristok berak, Zerura igo baño lenago, agindu zien bezela: eta an egondu ziran Espiritu Santuaren etorreraraño, Jesusen Ama Maria Birjiña Santisima berekin zuela.

        G. Eta bitarte artan zertan jardun ziran? E. Erretiroan, ixiltasunean, eta orazioan, biotzak Zerura altxaturik zeuzkatela, egondu ziran, eren animak prestatzen, preparatzen, edo disponitzen Jesu-Kristok agindu, eskeiñi, edo prometitu zien Espiritu Santua errezibitzeko.

        G. Noiz, eta zer ordutan jetxi zan, edo etorri zan Espiritu Santua Apostoluen gañera? E. Zerura Jesu-Kristo igo zanetik amargarren egunean: piztu, edo erresuzitatu zanetik berrogeita amargarrenean; domeka egun batean, goizeko bederatzietan: Juduak zelebratzen, edo gordetzen zuen Pentekosteko jai, edo festa andian.

        G. Zergatik Jaungoikoak Espiritu Santua bidaldu nai izan zuan, Juduen Pentekosteko egunean? E. Argiro erakusteko lenagoko itzalak, figurak, edo antzak oraingo egiarekin zuen eranzuera ederra: Juduak Jaungoikoaren legea arrizko losa, edo ol bitan eskribiturik errezibitu zuen Moisesen eskutik, Faraonen mendetik irten ziranetik berrogeita amargarren egunean: Jaungoikoak nai izan zuan bada, Espiritu Santua bera etortzea gizonen biotzetan bere amoriozko legea ezartzera, eta estanpatzera, Jesu-Kristok bere erresurrekzioaren birtutez infernuko deabruaren mendetik atera ginduzanetik berrogeita amargarren egunean: eta Faraonen mendekotasuna, edo katiberioa zan deabruak gure animetan zuan nagitasun, edo agintearen figura, itzala, edo antza.

        G. Nola jetxi zan Espiritu Santua Apostoluen gañera? E. Bat-batean aditu zan Apostoluak Ama Birjiña Santisimarekin zeuden etxe guzian aize indarsu baten gisako ots andi bat: eta bereala suzko mingaiñ batzuek partitu, edo bereztu ziran: eta Apostoluen, eta diszipuluen gañean jarri ziran: eta guziak Espiritu Santuaz beterik arkitu ziran: Zer esan nai du, Apostoluak Espiritu Santuaz beterik arkitu zirala? Aditzera eman nai du, Espiritu Santua, Trinidade Santisimoko irugarren persona, Aita Eternoarekin, eta Semearekin Jaungoiko egiazko bat dana; bestela ere Jesu-Kristoren Espiritua, eta egiaren Espiritua deitzen dana, Apostoluen animetan jarri zala bere doaiakin, eta Zeruko Espiritu berri bat eman ziela.

        G. Zer egin zuen bada orduan Espiritu Santuak Apostoluetan? E. Gizon berri batzuek egin zituan: bada 1. Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioz, zelo irazekiz, eta indar, edo birtute miragarriz bete zitan: izanik lenago aiñ argalak, bere buruen aiñ maitatzalleak, eta guztiz bildurtiak, eta inperfektoak. 2. Espiritu Santuak orduan eren adimentuko begiak iregi zien: eta Jaungoikoaren lege santuko egiak, eta misteriorik gorenak txit argiro, eta barrundik ezagutzeko gai egin zituan: izanik lenago aiñ jakinezak, edo ignoranteak: Eta 5. hizkuntza, edo lenguaje askotan hitz egiteko doaia; eta mirari, milagro, edo prodijio mota guziak egiteko eskualdea eman zien, izanik lenago eskola edo estudio bageak; eta arrantzale pobre batzuei zegokien aziera komun, edo ordinario bat baizik etzuenak.

        G. Zer egin zuen Apostoluak Espiritu Santua, eta bere doaiak artu ezkero? E. Espiritu Santuak berak aditzera ematen zien bezela, Jaungoikoaren anditasunak, eta obra miragarriak publikatzen, eta predikatzen abiatu ziran, lenago etzekiten hizkuntza mota askotan hitz egiten zuela; eta baita hizkuntza batean hitz egiñagatik, hizkuntza diferenteak zituen jendeai era batera aditzera ematen ziela, bakoitzari bere hizkuntzan hitz egingo balie bezela, eta orrela barreatu, edo publikatu zuen Jesu-Kristoren Ebanjelio Santua; lenengo Jerusalenen bertan, eta Judeako errietan: gero Samariako Ziudadean, eta ango beste errietan: eta azkenik mundu guzian, Jesu-Kristok berak agindu zien moduan.

        G. Zer aditzen degu, Apostoluak Ebanjelioa predikatu zuela diogunean? E. Aditzen degu: Zeruko berri onak munduko guziai aditzera eman ziela: bada 1. erakutsi zien Jesu-Kristo gure Jaunak obratu zuan gure erredenzioko misterio guztiz atsegiñezkoa: au da bere pasio, eta eriotza santuarekin gure pekatuen zorra pagatu zuela: bere Aita Eternoaren justiziari gure ordez satisfakzioa eman ziola: eta berarekin errekonziliatu, edo paketu, eta adiskidetu ginduzela: 2. Erakutsi zuen Jesu-Kristo ill ezkero, eta sepultatua izan ezkero, bere birtutez piztu zala: eta erak eren begiz pizturik, edo erresuzitaturik askotan ikusi zuela: eta Zerura igo baño lenago berarekin askotan hitz egin, eta bere aotik Zeruko Erreinura daraman dotriña santua ikasi zuela: Zerura igotzen ere eren begiz ikusi zuela: eta hitz batean esateko, Kristauen dotriñako egia guziak mundukoai predikatu zien: eta oriek batere duda bage sinistu eragiteko, ezin kontatu ala milagro, edo prodijio Apostoluak egin zituen: eta Aita San Pedro Apostoluak, beste guzien burua bezela, Jerusalenen bertan, Pentekosteko egunean egin zuan lenbiziko sermoiarekin, iru milla persona Espiritu Santuak argitu, eta jarri ziran Jesu-Kristoren fede santura, eta bateatuak izan ziran: eta andik egun gutxiren barruan, elbarritu bat, guziak ezagutzen zuena, eta Jerusalengo Eliza atean limosna eske zegoana, Jesu-Kristoren izenean jaiki zedilla San Pedrok esanaz beste bage bat batetan sendatu zan; eta jende guzia arriturik zegoela, Aita San Pedrok berak egin zuan beste sermoi batekin, bost milla personak Jesu-Kristoren legea laztandu zuen: eta beste Apostoluak orobat eren sermoiakin, eta egiten zituen milagroakin Jesu-Kristoren ezaguerara, eta fede santura txit jende asko ekarri zituen, eta orrela Kristauen Eliza mundu guztitik zabaldu zan.

        G. Eta zer bizimodu egiten zuen Jesu-Kristoren fedea laztandu zuen lenbiziko Kristau aek? E. Etzuen uste mundurako bizi zirala, ezpada Zerurako: eta ala munduko honrak, aberastasunak, eta aragiaren atsegiñak ezertan etzeuzkaten: orazioan, eta Zeruko gauzen konsiderazioan txit sarri okupatzen ziran: munduko ondasunak pobreai txit gogotik partitzen zien: guziak biotz bat baizik etzuela zirudian: Jesu-Kristoren dotriña santuarekin, eta Eukaristiarekin, edo Komunio santuarekin txit sarri mantenatzen, eta indartzen ziran: eta Jesu-Kristoren fedeagatik eren biziak tormentuen artean pozik emateko prest arkitzen ziran; orduko ainbeste milloi martiri santuk erakutsi, edo agertu zuen bezela.

        G. Eta Apostoluen dotriña aditu, eta aen mirariak ikusi zituen Judu guziak Jesu-Kristoren fedea artu ote zuen? E. Aetatik askok Jesu-Kristogan sinistu zuen: baña beste asko, batez ere agintariak, eta munduko estimazioetan, ondasunetan, eta atsegiñetan eren biotzak ipiñirik zeuzkatenak, eren gogortasunean, eta itxumenean gelditu ziran; eta Apostotuak, eta Jesu-Kristoren jarraitzalle, edo diszipuluak agitz persegitzen, eta illerazotzen zituen, eta argatik ainbeste martiri orduan izan ziran; bada Judu itxu, eta gogor aek kastigatu zituan agitz gure Jaungoikoak: eta orain ere badarraie aen ondorengo Judu itxutuai Jaunaren maldizioia mundu guzian.

        G. Eta Juduen artean baño frutu geiago atera ote zuen Apostotuak Jentillen artean? E. Bai askoz geiago: bada munduko Nazio, edo jende mota guziak Idolatrian, edo Jaungoiko falsoak adoratzen zituela bizi ziran: eta gaiztakeria guzietan ondaturik, eta itxuturik zeuden: eta Apostoluen dotriñarekin argitu ziran, eta Jesu-Kristoren fedea laztandu zuen: eta Jaungoiko falsoak, eta Idoloak utzirik egiazko Jaungoiko bakar baten ezagueran, eta adorazioan jarri ziran.

        G. Apostotuak nola orrenbeste frutu atera zuen Jentillen artean? E. Espiritu Santuak berak lagunzen zien: eta aen hitzai, aen ejenplo onari, eta milagroai ematen zien indarra aditzallen adimentuak argitzeko, eta aen biotzak ukitzeko, eta Jaungoikoagana erakarteko: eta baita ematen zien Apostoluai erai, eta aen jarraitzalle Kristau berriai miragarrizko indarra, edo birtutea neke, naigabe, desprezio mota guziak, eta eriotza bera pozik sufritzeko; Jesu-Kristoren fedearen testimonioa eman zuen martiri guzietan ikusi zan bezela. Eta zenbat alegin geiago egiten zuen Jesu-Kristoren etsaiak aren fedea eta errelijio santua desegiteko, eta galtzeko, ainbat Kristau berri geiago sortzen ziran, eta kristandadea geitzen, eta zabaltzen zan mundu guzian: bada guziak ikusten zituen Kristauen ejenplo onak, aen inozenzia, aen humiltasuna, aen pazienzia, eta alkarrekiko karidadea edo amorioa; eta txit nabarbenak, edo publikoak ziran gure Jaungoikoak egunoro egiten zituan milagroak Apostoluen, eta aen diszipulu edo jarraitzallen bitartez: eta orrela, Espiritu Santuak orduan ematen zien barruko argitasun, eta graziarekin, txit asko konbertitzen ziran: eta Kristau egiten ziran.

        G. Apostoluak erentzat baizik etzuen errezibitu Espiritu Santua? E. Baita ere errezibitu zuen aen bitartez, eta aen ondorengoen bitartez Jesu-Kristogan sinisten zuen guziai komunikatzeko, Espiritu Santuaren beraren doai, eta birtuteakin.

        G. Noiz errezibitzen due orain Kristauak Espiritu Santua Apostoluen ondorengo diran Jaungoikoaren Ministroen bitartez? E. Lenengo aldian Bateo santuan errezibitzen due: eta gero ugariago Konfirmazioko Sakramentu Santuan: eta pekatu mortalarekin galdu ezkero, berriz errezibitzen due, Jaungoikoagana egiaz biurturik, penitenziako Sakramentuaren birtutez pekatuaren barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia iristen duenean.

        G. Zer eragiten du orain Espiritu Santuak, bera errezibitzen duen Kristauetan? E. Jaungoikoaganako fede bizia, esperanza, eta amorioa sortzen die eren biotzetan, Apostoluen biotzetan sortu zuen bezela: eta zelo, edo leia andi bat, gogo bizi bat, eta indarra, edo birtutea ematen die Jesu-Kristoren legea ondo gordetzeko, eta al dituen guziak salbazioko bidera ekarteko. Baña eztie beti ematen Apostoluai bezelako jakinduri miragarria, eta mirari, edo milagroak egiteko doaia: bada doai miragarri oriek fedebageai fedeko egiak sinistu eragiteko, eta aurretik Eskritura Santan eskribiturik zeuden Profeziak osatzeko, gauza bearrak ziran denbora artan: baña orain fedearen egia, ezin ukatu ditezkean ainbeste prueba, eta testimoniorekin, seguraturik dagoan ezkero, eztira orduan bezela premiazkoak doai miragarri oriek: eta ala ere arrezkeroko denbora guzietan Jesu-Kristoren fede santuan bizi, eta ill ziran santu askoren bitartez ezin ukatu ditezkean millarezko milagroak egin ditu gure Jaungoikoak, eta erakutsi du beti, aen fedea, eta dotriña egiazkoa, eta Zerukoa dala.

        Ikusi dezue bada, N.K., noiz, eta nola Espiritu Santua Apostoluen eta Jesu-Kristoren diszipuluen gañera jatxi zan: nolako efekto miragarriak orduan egin zituan: eta baita nolakoak orain ere egiten dituan, Espiritu Santua, eta bere doaiak eren biotzetan errezibitzen dituen Kristau justuetan. Begira ezazue bada orain, N.K., ea Espiritu Santua dan zuen biotzetan agintzen duena: edo dan munduaren, eta aragiaren Espiritua. Fede bizi bat, esperanza irmo bat, eta Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio egiazkoa zuen biotzetan arkitzen bada: eta orren señaletzat, pekatuaren iguitasun, eta gorroto andi bat baldin badezue, Espiritu Santua zuen biotzetan dago: bada berak ori guzia eragiten dizue: baña kontrara fedeko egiakin zuen adimentuak argitzen ezpadituzue, edo fedea illik bezela badaukazue: zuen biotzak munduko honra ondasun eta atsegiñetan josirik badauzkatzue: eta Zeruko ondasunak biziro deseatzen ezpadituzue: eta hitz batean Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio egiazkoa daukazuelako señaletzat amar mandamentuak kontuz, eta osoro gordetzeko alegiñak egiten ezpadituzue, zuen biotzetan eztu agintzen Espiritu Santuak: baizik munduaren, eta aragiaren Espirituak: eta egiaz illik daude zuen anima gaixoak; baña orain zenzatzen, konturatzen, eta Jaungoikoagana benetan penitenzia egiazko batekin biurtzen bazerate, eta bizitza berri bat egitera jarten bazerate, biziko zerate; eta Espiritu Santua izango dezue: zuen zorionekoak ori egiten badezue: eta kontrara zuen zorigaiztokoak! Jaungoikoak arren argitu gaitzala bada guziok bere Espiritu Santuarekin: irazeki ditzala gure biotzak bere amorio santuarekin: eta eraman gaitzala gero, eternidade guzian bera ikustera, eta beraz gozatzera Zeruko gloriara. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa