www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEIGARREN DOTRIÑA

 

Zeruko Gloriaren gañean.

 

        Kredoaren esplikazioa bukatzeko etzaku besterik falta, baizik aditzera ematea, zer dan betiko bizitza, edo sekulako bizitza fin gabea; edo beti zorionekoa, edo beti zorigaiztokoa; onaen betiko saria; eta gaiztoen betiko kastigua: batzuen betiko poza, eta gloria: eta besten betiko pena, eta Infernua. Baña, nola, guzia batetan aditzera emateko, denbora asko bear dan: gaur bakarrik esan bear dizuet, al dedan moduan (ez gaiak merezi duan bezela, bada ezin esan alak dira, Zeruko pozak, eta kontentuak:) nolako ondasunak, eta nolako atsegiñak gozatzen dituen, eta beti gozatuko dituen, Zerura doazen zorionekoak. Eta errazago kargu egin zaitezten: 1. aitatuko dizuet Zeruaren anditasuna, zabaltasuna, eta edertasuna. 2. Esango dizuet Zerutar guziak alkarrekin duen amorioa, unioa, pakea, eta gozotasuna. Eta 3. gure Jaungoikoa bere anditasun, eta perfekzio guziakin argiro beregan, aurpegiz aurpegi ikusteak anima justuari ematen dion kontentu, poz, eta alegria oso-osoa. Eta 4. gorputzak ere izango dituan gloriazko doaiak, eta sentidu guzien atsegin guztiz andiak, eta ala animaren, nola gorputzaren gloriaren betikotasuna, edo eternidadea aditzera emango dizkitzuet. Eta Jaungoikoari arren nai dakiola, guziok dotriña onetatik frutu andia ateratzea: eta guziok Zeruko gloriara eramatea.

        G. Baña, zer frutu batez ere aterako degu Zeruko gloriaren konsideraziotik? E. 1. Betiko zorion egiazkoak galdu eragiten dizkiguen pekatuak aborrezitzea: eta orretara ekarten gaituzten munduaren ondasunak, honrak, eta atsegiñak, despreziatzea. 2. Emengo neke, naigabe, eta trabajuak pazienziarekin ezeze, pozik, eta gogotik sufritzea, orien saria aiñ andia, eta ugaria ikusirik: eta 3. birtute guzietan aurreratzeko, eta obra onak egiteko gogoa; eta bizimodu on bat egiteko, eta mandamentu santuak kontuz gordetzeko nekea pozik laztantzea.

        1. G. Nolakoa da bada lenengo gure Jaungoikoak justuenzat Zeruan daukan bizilekua? E. Ezin aditzera eman diteke mundu onetan bear bezela Zeruaren anditasuna, zabaltasuna, eta edertasuna. Eta ala ere nolabait ezagutu lezake, gogora ekarriarekin bakarrik mundu onetan ikusten ditugun, eta arkitzen diran erreinu, eta probinzia guziak, inguratzen dituen itxaso zabal guziakin, goieneko Zeruaren aldean ozta dirala, bola txiki bat, lur, eta itxaso guzien aldean dan ainbe ere: eta ala, emengo mundu au guzia ezerez bat bezela kontu egin diteke Enpireoa esaten dieben goeneko Zeruaren aldean. Eta ori obeto ezagutzeko, pensa ezazue, zein txikiak dirudien gure begietan, Zeruan ikusten ditugun izarrak: bada ala ere ziertu da, izar bakoitza lur guzia baño andiagoa dala: eta badirala izarrak larogeita amar bider andiagoak diranak lur guzia baño: eta izarrak dauden tokitik batek beeko mundu oni begiratuko balio, ezin ikusiko ere luke, bere txikitasunagatik: ara nola txit urruti dauden gauzak ezin ikusi, eta distingitu ditugu, guztiz andiak eztiranean: Bada zein andia, eta zein zabala izango da, ainbeste izar, eta ainbeste toki uts dauzkan Zerua! eta ori ezin konprenditu badegu ondo; nola konprendituko degu izarrak dauden Zeruaren gañean dagoan azkeneko, eta goeneko Zeruaren anditasuna, eta zabaltasuna? Ezta gizonik ori dan bezela imajinatu, eta asmatu lezakeanik. Baña eztezue zer uste, Zeru guztiz andi, eta zabal ura utsik dagoala: Jaungoiko guztiz poderoso, guztiz jakinsu, guztiz aberats, eta guztiz emalle, edo liberal baten jauregi, palazio eta Kortea da Zerua: eta aren Majestade soberanoak berariaz bere poderio, eta jakinduri neurribagearekin egiña, bere gloria, bere anditasuna, eta bere perfekzio kabubageak atsegiñezko toki artan argitasun guzian agertzeko, eta gozaerazotzeko bere adiskide maiteai, bere humetzat, eta Jesu-Kristoren senidetzat, eta Zeruko erreinuaren herederotzat arturik dauzkan zorionekoai: eta ortik erraz kontu atera dezakezue, nolakoa izango dan Zeruaren anditasuna, argitasuna, eta edertasuna: aiñ andia, ze San Pablo Apostoluak esaten digu, ezin gizonaren adimentuak asmatu, eta imajinatu litzakeala, Jaungoikoak guretzat prestaturik, preparaturik, edo disponiturik dauzkan Zeruko ondasunak. Eta ala munduko Erregerik poderosoenak, aberatsenak, eta jakinsuenak egin dituzten ziudade, eta palazio guztiz andi, eta ederrak, eren urre, zillar, arri preziatu, eta apaindura guziakin, Zeruko anditasun, eta edertasunaren aldean, ezerez bezela dira: eta ikatza elurraren, eta illunpea eguzkiaren aldean bezin beltz, eta itxusi arkituko lirateke: eta ez bakarrik lurrean ikusten ditugun edertasun guziak, baita Zeruaren onuzko kanpo aldean ikusten diran miragarrizko eguzkiaren, illargiaren, izarraen argitasun, eta beste edergarri guziak ezerez bezela dira Zeruaren barruan Jaungoikoak dauzkan edertasun, eta ondasun zoragarrien aldean: eta orien antzekoak dira ango argitasuna, eta gauza atsegingarri guzien ugaritasuna: milla eguzki alde bakoitzean balitu baño ere argiagoa da: an ezta iñoiz ere gaurik: an ezta neguko, eta udako otz, bero penagarririk: beti da udaberri eder bat bezela: an ezta egualdiaren aldarterik, edo mudanzarik: beti dago tenple, edo sasoi atsegiñezko batean. Eta munduko paradisuan Jaungoikoak ipiñi zituan edertasun, eta atsegintasun guziak, Zeruan arkitzen dira: baña mundukoak baño agitz ederragoak, ugariagoak, eta atsegingarriagoak: hitz batean esateko, Jaungoikoaren Majestade soberanoak bere poderio, jakinduri, eta liberaltasun neurribagearekin berariaz bere adiskide maitenzat sortuak, eta egiñak: eta betiko irauteko egiñak. A! nere Kristauak; munduko erbeste, edo destierro triste onetan negarrezko balle, edo ibar miserable onetan, zuen iduripenezko zoriona billatzen dezuenak, jaso itzatzue sarri zuen animako begiak, edertasunez, ondasunez, eta egiazko atsegintasunez beterik dagoan zorioneko bizileku artara, zuen betiko atseden, edo deskansu toki izan bear lukean artara: eta etzaitezteala arren liluratu, eta itxutu emengo ondasun, eta gusto labur engañagarriakin: eta zuek, Kristau onak, Jaungoikoaren legea kontuz gordetzen dezuenak: humiltasunean, pazienzian, mortifikazioan, eta karidadean Jesu-Kristori jarraitzen diozuenak: eta zuen egiazko zoriona, ez munduan, ezpada Zeruan billatzen dezuenak, poztu zaitezte, alegra zaitezte: bada zuendako izango da, eta betiko izango da atsegiñezko bizileku eder ura.

        G. Baña bizilekua berez aiñ miragarria, eta pozgarria bada, nolakoa izango da, an bizi diran ainbeste zorionekok eren artean guziak duen amorioa, unioa, eta poza? E. Beinik bein ezin kontatu ala dira Zeruko glorian dauden Aingeruak eta santu, edo justuak: Aingeruak bakarrik munduko beste kriatura guztiak baño agitz geiago dira: eta santuen zenbatezeoa, edo numeroa guztiz miragarria eta arrigarria da: martirioa padezitu zuen santu jakiñak bakarrik amazazpi milloi, edo alako milla bider milla baño geiago dira: eta onek dira gutxienak: Konfesoreak, Birjiñak, eta ezkonduak agitz, eta agitz dira geiago. Eta ainbeste izanik guziak dira alkarren ezagunak, alkarren adiskide guztiz fiñak: guziak Jaungoikoaren seme-alaba maiteak: Jesu-Kristoren senideak, eta betiko erreinuaren jabeak: guziak Erregeen antzekoak: bada ala ikusi zituan San Juan Ebanjelistak bere errebelazioan, koroak buruetan zituela: guziak dira guztiz jakinsuak, an eztago jakinezik, edo ignoranziarik batere: aur txiki ill ziranak ere gauza guziak dakizkite: eta Jaungoikoagan ikusten dituzte: guziak dira guztiz nobleak, guztiz zinzoak, edo prudenteak, guztiz kortesak, edo atentoak, guztiz diskretoak, bada, len izan zituen falta guzietatik garbiturik, eta libraturik daude: eta kalidade on guzien jabe daude: an ezta alkarren enbidiarik: eta gloriazko grado diferenteak izan arren, alkarren karidade, eta amorioak guziak bat egiten ditu: eta besteren gloriaz ainbeste gozatzen dira, nola erenaz. Nolako poz, atsegin, eta kontentua izango da bada ainbeste milloi Aingeru, eta santu ezagun, eta adiskide maite edukitzea? eta guziakin, eta batez ere gure izeneko, eta deboziozko santuakin, gure anparatzalleakin tratatzea? Apostoluakin, Martiri Santuakin, Elizako Erakusle, edo Doktore guztiz jakinsuakin, bere adiskide mami, edo biotzekoakin bezela komunikatzea, hitz egitea, eta konfianza oso batekin tratatzea? baña guzien gañean tronu berezi batean dagoan Maria Birjiña Santisimarekin, Zeruko Erregiña, eta guzion Ama guztiz biguñ, eta guztiz maitagarriarekin, gure Ama propioarekin bezela tratatzea, eta aren edertasun, eta gloria paregabea ikustea zer poza, eta atsegiña izango da? Eta oraindio geiago alegratzen, poztutzen, eta konsolatzen ditu zorioneko aek guziak eren Erredentore, Salbadore, Maisu, eta guzien Errege Soberano Jesu-Kristoren gizatasun, edo humanidade guztiz santa, gugatik ainbesteraño humillatu zana nola dagoan Trinidade Santisimoko bigarren persona Jaungoikozkoarekin uniturik ikusteak: eta aren anima santisimak eta gorputz guztiz preziatuak gozatzen dituen kabubageko gloriazko ondasunak kontenplatzeak: ikusten due alabaña, nola dagoan bere Aita Eternoaren eskuian, Jaungoiko bezela Aitak, eta Espiritu Santuak duen betiko, eta kabubageko gloria berdin, edo igoal gozatzen eta gizon bezela, Aingeru, eta Santu guziak baño gloria agitz andiagoa gozatzen: eta Jesu-Kristoren gloriaz, eta Ama Santisimaren, eta Aingeru eta Santu guzien gloriaz eztira gutxiago poztutzen, eta alegratzen erenaz baño: bada, esan dizuedan bezela, karidadeak, edo alkarrekiko amorioak gauza guziak komun egiten ditu: Eztezue ikusten guraso batek duen poza bere humea honraturik eta altxaturik dakusanean? Eta orobat hume onak duen atsegiña bere guraso maitea estimatua, distingitua, eta guziak maitatua ikusten duenean? Eta ori zerk egiten du? Alkarrenak izateak, eta alkar maite izateak: bada zerutarrak esateko moduan anima bat, eta espiritu bat due, eta alkarri dioben amorioa infinitamente andiagoa, biziagoa, eta fiñagoa da guraso-humen artean, eta senar-emazte maiten artean, eta adiskiderik laztanenaen artean arkitu ditekeana baño: Nolakoa izango da bada Zerutarrak alkarri komunikatzen dioben poza, kontentua, eta gozotasuna? bada bakoitzak bere gloriaz gañera, beste guzienaz orobat gozatzen du, egiazko karidadearen bitartez, eta birtutez. Eta ala N.K. zorioneko lagun maite aekin bizi nai badegu Zeruko erreinuan; orain batez ere alkarrekiko karidade, edo egiazko amorioa gere biotzetan eduki bear degu, eta gere obretan erakutsi, edo agertu bear degu: bada guziok gure Aita Jaungoikoaren humeak, eta Jesu-Kristoren senideak, eta Zeruko herederoak gera: eta karidaderik emen ezpadegu, Zeruan guretzat lekurik izango eztegu: baña karidadean, au da, Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioan bizi bagera; guretzat izango dira Zeruko ondasun, eta kontentu guziak: eta orien artean andiena, prinzipalena, guzien gañekoa animaren gloria esenziala egiten duena, eta gure anima oso-oso ase, eta kontentatuko duena, orain aitatu bear dizuet.

        G. Zein da bada gloria esenzial ori? E. Aingeru bat, edo Santu bat Zerutik etorriko baliz ere ori esplikatzera, ezin berez dan bezela aditzera emango likezue: ikusi bage, eta gustatu bage ezta iñor ere gai, edo kapaz mundu onetan ori ezagutzeko; eta are gutxiago ikusi eztuanari aditzera emateko. Hitz batean erraz esaten degu: Jaungoikoa bera bere argitasun guzian ikustea, eta Jaungoikoaren beraren gloriaz gozatzea, dala anima zorionekoaren gloria esenziala. Baña ori nolabait adituko badezue, hitz askorekin, eta zeeago esan bear degu: eta ojala ala ere aiñ gauza altua, miragarria, eta gozoa, apur bat baizik ezpada ere, ezagutu al bagenza, eta gloria artzaz zaletuko bagiña, eta billatzen degun baño gogotiago billatuko bagendu. Gure animaren zorionik, eta gloriarik andiena, osoro kontentatuko, eta aseko gaituana: eta iñoiz ere azpertuko ez gaituana, baizik beti berri, eta beti gozo izango dana da, gure Jaungoikoarekin berarekin uniturik, laztandurik, eta bat egiñik betiko egotea izan ditekean uniorik atsegiñezkoenarekin, garbienarekin, eta maitagarrienarekin. Eta unio, eta gozamen miragarri ori dator Jaungoikoaren izate soberanoa beregan dan bezela ikustetik. Munduko gauzak ikusi arren, ez gera aen antzekoak egiten: Errege ikusi arren, ez naiz Errege egiten, eta eztet aren Erregetasunaz gozatzen: gauza ederrak ikusi arren, ez naiz geiago edertzen: baña gure Jaungoikoaren izatea, aren esenzia, au da Jaungoikotasuna, edo Jaungoikozko naturaleza, da ondasun aiñ neurribagea, aiñ kabubagea, eta aiñ infinitamente maitagarria, nun beregan, berez dan bezela, gloriako argitasunarekin ikusten duen anima, beregana tiratzen du, berarekin unitzen, bat egiten, eta laztanzen du alako moduan, nun gelditzen dan anima Jaungoikozkoa egiñik, Jaungoikoaren naturalezaren partizipante egiñik. Divinae consortes naturae: eta Jaungoikoaren beraren antzekoa egiñik. Eta au guzia aditzera eman zigun San Juan Ebanjelistak esan zuenean: badakigu Jaungoikoa bere glorian ikusten degunean, beraren antza, edo semejanza izango degula: bere antzekoak egingo gaituala: zerren beregan dan bezela ikusiko degu: (Joan. 13) Ara nola burnia surtan goritzen danean, aiñ dago suzkoa egiñik, nun eztirudin burnia, ezpada sua, eta suak bezela argitzen du: berotzen du: erretzen du: eta suaren propiedade guziak dauzka, alaixe kontu egin dezakegu, Jaungoikoarekin Zeruko glorian uniturik dagoan anima, dagoala guzia Jaungoikoaz beterik, eta Jaungoikozkoa egiñik: guzia Jaungoikoaren amorioan irazakirik: eta nola Jaungoikoa dan kaburik eztuen ondasuna, eta ondasun guzi-guziak beregan dauzkana, alako moduan asetzen, kontentatzen, alegratzen, eta poztutzen da anima zorionekoa, nun etzaion gelditzen zer geiago deseatu: jakin nai duen guzia bertatik, eta txit argiro dakus: emen fedearekin ikusi bage, eta illunpean bezela sinisten zituan misterio guztiz altuak, ezin iñork munduan, diran bezela ezagutu, eta konprenditu zitzakeanak, Zeruko glorian batere belo bage, argitasun guzian ikusten ditu. An argiro, edo txit klaru ezagutzen du Jaungoikoaren izate soberanoa: aren betikotasuna, edo eternidadea: aren poderio, edo guzia altasun neurribagea: aren jakinduria eta probidenzia kaburik eztuena: aren ontasun, eta santidade infinitoa: aren miserikordia, eta justizia guztiz zuzena: aren edertasun guztiz miragarria, eta zoragarria: eta orobat Jaungoikoaren beste perfekzio, eta anditasun paregabeak, eta kabubageak. An dakus argiro, nola Jaungoiko bakar bat izanik, Jaungoikotasun bakar batean dauden iru persona diferenteak: Aita Eternoa, Seme Eternoa, eta Espiritu Santu Eternoa: an ikusten du guztiz argiro, nola Jaungoikoak ezerezetik egin zituan kriatura guziak: eta batez ere Aingeruak, eta gizonak: au dakus argiro, nola izan zan Aingeru soberbioen pekatua, eta aen kondenazioa: eta orobat nola izan zan gure lenengo gurasoen, Adan, eta Ebaren pekatua, eta aren kalteak: eta nola onen erremediorako, eta gizon pekatariak deabruaren katiberiotik ateratzeko, Aita Eternoaren Semea, Trinidade Santisimoko bigarren persona, Jaungoiko egiazkoa zana, gizon egiazkoa egin zan, Jaungoiko, eta gizon gelditzen zala; misterio guztiz miragarri orri darraizkan fedeko beste misterio guziakin: eta ala Zeruan eztu fede bearrik; ez eta esperanza bearrik ere: bada ikusi bage emen sinisten zuena an ikusten kago: eta esperatzen zituan Zeruko gloria, eta betiko ondasunak gozatzen dago: eta guziok degun jakiteko deseo bizia aserik, kontentaturik, eta beterik dauka zorioneko animak: bada Jaungoikoagan, ispillu guztiz argi batean bezela, jakin nai zituan gauza guziak ikusten ditu; eta ez bakarrik fedeari dagozkan gauza espiritual, eta naturalezaz gañekoak ikusten ditu, baita ere Jaungoikoak egin dituan naturalezazko obra miragarriak argiro ezagutzen ditu: eta munduko jakinsuak eren estudio luze, eta konsiderazio nekagarriakin ezin ondo konprenditu zituen naturalezaren sekretoak, an argiro ikusten dago: alako moduan, nun nekazari pobre, eskola, eta estudio bageak, Jesu-Kristoren dotriñako egiak ikasi, sinistu, eta aekin batera bizi izan zanak, jakinduri geiago dauka Zeruan, munduko Filosofo, eta Teologo jakinsu guziak emen izan zuena baño: ainbesteraño, ze, Salomon jakinsua bera, Aristoteles famatua bera, eta munduan izan diran Maisurik, eta Doktorerik andienak, jakiñez, edo ignorante batzuek bezela dira Zeruan dagoan edozeiñ anima zorionekoren aldean: bada onek jakin al zuen, edo bere zorionerako zegokion guzia argiro dakus Jaungoikoagan: eta ikuste miragarri orri darraio Jaungoikoaren amorio aiñ bizia, irazekia, eta abrasatua, nun anima zorionekoa dago guzia amoriozko su bat egiñik: bada al duen amoriorik andienarekin amatzen du bere Jaungoikoa, bere Aita guztiz maitagarria bezela, bere ongille guztiz andia bezela, bere esposo, eta adiskide maitea bezela; bere egille, jabe, eta bere azkeneko fin soberanoa bezela: bada titulo oriek guziok, eta kaburik eztuen perfekzioak Jaungoikoagan ikusten ditu: eta ezin arrezkero egon diteke Jaungoikoa bere indar guziakin amatu bage: zerren ondasun guzien gañeko ondasun soberanoa ikusteak nai ta ez berekin dakar betiko amorio irazeki ori: Jaungoikoa, eta anima zorionekoa bata bestearekin gozoro uniturik dauzkana: eta ortik datorkio alegria bat, poz, eta atsegin bat aiñ andia, eta aiñ miragarria, nun ezin iñola ere mundu onetan aditzera eman diteke: bada munduko amorio guziak, eta aei darraien konsueloak, aren aldean eztue amorioaren, eta konsueloaren izenik merezi: eta argatik Jesu-Kristok bere serbitzari leialari esaten dio: infra in gaudium Domini, sar zaitez zure Jaunaren beraren atsegintasunean, gozotasunean: esan nai du: goza ezazu Jaungoikoaren beraren gloriaz, eta berak duen betiko atsegiñaz. Eta zerk egiten du Jaungoikoaren beraren gloria, eta atsegiña? Bere izate infinitamente perfektoa, eta bere kabubageko edertasuna beti kontenplatzen egoteak: gloria andiagorik Jaungoikoak berak ere ezin izan dezake; bada gloria ori bera gozatzen dago zorioneko anima, eta diferenzia dago bakarrik gozatzeko moduan: Jaungoikoak, gure esateko moduan, osoro konprenditzen du, eta ezagutzen du bere izate guzia kabutik kabura, neurririk, eta kaburik eztuen bere adimentu Jaungoikozkoarekin: baña zorioneko animak ezagutzen du, eta ikusten du, Jaungoikoak ematen dion argitasunaz konforme, geiago, edo gutxiago bakoitzaren graziari, eta arekin irabazi zuen gloriari dagokion moduan: eta orretan eztira guziak berdin, edo igual; baña guziak daude kontentu, len esan dizuedan bezela: eta adoratzen, eta alabatzen due gure Jaungoikoaren kabubageko zuzentasuna, eta liberaltasuna bere gauza guzietan: eta dauzkate eren adimentua, eta borondateak beren zorioneko ditxa, eta betiko felizidadeaz gozatzen; okupaturik beti Jaungoikoa argiro ezagutzen, ikusten, amatzen, eta alabatzen. Eta orobat zorioneko animak dauka bere memoria, edo oroimena alde guzietatik atsegiñez betetzen duen gauzaz akordatzen: ezin aztu du bere Jaungoikoa, bada beti presente dauka: etzaio penarik eman leikion gauzarik akordatzen: eta bai poztutzen due gogoratzen dituan lenagoko gauza igaroak, bertakoak, eta gerokoak: oroitzen, edo akordatzen da poz andiarekin Jaungoikoari zor izan ziozkan mesede, edo fabore guztiz andiaz: Jaungoikoagatik eraman zituan neke, eta trabajuaz: goitu zituan tentazioaz: eskusatu zituan arrisku, peligro, eta okasio gaiztoaz, nun beste asko erori, eta galdu ziran: eta nola libratu zan betiko Infernuko kondenaziotik: bere pekatuen memoriak ere nolabait poztutzen du, ez egin zitualako; baña bai egiazko penitenziarekin desegin zitualako, Jaungoikoak orretarako eman zion graziarekin, eta egin zion miserikordiarekin: bada eztue gutxiago poztutzen, eta alegratzen bertan gozatzen dituan ezin esan al bezelako atsegiñak, eta oriek eternidade guzian gozatuko ditualako seguridadeak: iñoiz ere nekerik, naigaberik, trabajurik, gaitzik dan txikiena ere an izango eztuelako poz guztiz andiarekin.

        G. Eta nolako poza izango da N.K., gure animarenzat, ez bakarrik bere gloria esenziala, edo Jaungoikoa ikustea, eta beraz gozatzea betiko seguraturik idukitzea; baizik bere lagun maite bere gorputzarenzat betiko zoriona, betiko atsedena, edo deskansua, eta betiko kontentuak seguraturik edukitzea? Neke guzietatik, eritasun guzietatik, eta eriotzatik beti libre edukitzea: eta ez ori bakarrik, baizik izan al ditezkean atsegiñ guziak gozatzen idukitzea? Zenbat alegin egiten eztituzue orain N.K.; (eta bearbada zuen kaltean) zuen begiai, zuen belarriai, zuen sudurrai, zuen gustoari, eta zuen ukitzeari atsegin emateko? Eta ala ere ezin guziak gozatu dituzue; eta ezin luzaro gozatu ditzaketzue: baña Zerura joateko zoriona badezue, zuek aiñ maite dezuen gorputz ori, eta bere sentidu guziak edukiko dituzue atsegintasunez beterik: Baña nolako atsegiñak? guztiz garbiak; guztiz zoragarriak, eta iñoiz ere bukatuko eztiranak. Gorputza, beraren erresurrekzioko dotriñan esan nizuen bezela, egongo da eguzkia baño argiagoa, espirituaren antzekoa egiñik; eta pensamentua bezela noranai laster joateko guztiz ariña: nundik-nai batere enbarazo bage igarotzeko gai, edo kapaz: eta ezerk ere miñik, eta nekerik ezin eman deikion gisakoa: Eta bost sentiduak nolako atsegiñak izango ditue? Begiak ezin aspertuko dira Zeruko edertasun miragarriak beti ikusten: eta batez ere Santu guzien gorputz gloriosoak; Ama Birjiña Santisimarena, eta guzien gañean Jesu-Kristoren gorputz guztiz glorioso, eta guztiz ederra ikustearekin, eta beti aurretik edukitzearekin, ezin esan al baño atsegin andiagoa izango due. Job Santuak anziñako denboretan zuen konsuelo andia, bere naigaben artean, zan, bere gorputzeko begiakin noizbait, bere Erredenptorea, edo munduko Salbadorea ikusiko zuelako esperanza irmoa, eta segurua: eta orain zorion ori gozatzen dago Zeruan. Belarriak orobat atsegiñ guztiz miragarria izango due, ainbeste milloi Santuren, eta Maria Birjiña Santisimaren, eta Jesu-Kristoren beraren hitz guztiz gozoak, jakinduriz, eta santidadez beteak adituarekin; Jaungoikoari guziak ematen diozkaten alabanzak enzunarekin: eta ango kanta, eta musika guztiz gozo, eta suabeak, iñoiz ere aspertu bage, aditzen daudela: alako moduan, ze, ango boz bat bakarrik emen adituko bagendu, bera lizate asko, geregandik ateratzeko, eta txoraturik bezela edukitzeko, errebelazio batzuetan irakorten danez: bada sudurrak ere badue an beren atsegin guztizkoa ango usai gozoakin: eta ez gutxiago gustoak; bada jan bearrik, eta edan bearrik an ezpadue ere, beti bizitzeko, janaririk, eta edaririk gozoenak eman al baño gusto, eta gozo andiagoa Jaungoikoak ematen die, nolakoa dan emen ezin aditzera eman badegu ere: eta orobat ukitzeak, edo taktoak atsegiñtasun guztiz miragarriak izango ditu; munduan izan al ditezkean guziak baño gozoagoak, eta suabeagoak. Eta ala gorputz guziak, eta sentidu guziak egongo dira beti atsegiñ guztiz andiz beterik: eta iñoiz bukatuko, edo akabatuko eztiralako konsuelo, boz, eta alegria guztiz miragarriarekin.

        G. Nolakoa izango da bada, diot berriz N.K., anima zorionekoaren poza, beretzat, eta bere gorputzarentzat alako ondasunak, eta alako atsegiñak eternidade guzirako, seguraturik dauzkalakoa? Munduko Erregetasunak, ondasunak, eta atsegiñak beti goza al bazinza, usteko zenduke, zure zorionaren parerik ezin izan ditekeala: ala ere itxuturik, eta engañaturik egongo ziñate: bada zorion orrek ezin zure biotza osoro ase, eta kontentatuko luke: zerren gure egiazko atsedena, eta kontentua eztago lurrean, ezpada Zeruan. Eta badakizu munduko zorionik andienak duela mingarri bat, atsekabe bat guztiz penagarria, eta da, nai ta ez, denbora gutxikoa izatea, bukatu bearra, nai ta ez galdu bearra: baña Zeruko gloriak zure biotza gañez egiteraño osoro ase, eta kontentatuko du: eta iñoiz ere bukatuko ezta, iñoiz ere galduko eztezu: iñoiz ere gutxituko ezta, beti-beti osoro gozatuko dezu: igaroko dira ezin kontatu al baño urte geiago: munduaren asieratik onera erori diran euri tanto ainbe baño urto geiago: oraindaño munduan sortu diran, eta aurrera sortuko diran gari bikor baño urte geiago: eta beti berri, beti oso egongo da zure poza, eta zure gloria. Jaungoikoa bera dan arteko: au da eternidade guzian zorionekoa izango zera: eta gaitz guzietatik beti libre arkituko zera: bada hitz batean guzia esateko Zeruko gloria da, ondasun, eta atsegin guzi-guziak beti gozatzen egotea: eta gaitz guzietatik beti libre egotea: eta kontrara infernuko pena da, ondasun, eta kontento guzi-guziak bere kulpaz betiko galdu ditualako pena arrigarria; eta gaitz mota guzi-guziak beti sufritzen egon bearra, iñoiz ere alibiorik izateko esperanza bage.

        Piztu ezazue bada arren N.K., zuen fedea: konsideratu itzatzue astiro (ondo bizi, eta egiaz zorionekoak izan nai badezue) gure Jaungoikoak zuenzat dauzkan betiko gloria, eta ango ondasun estimagarriak. Aditu dezue Zeruko bizilekuaren anditasuna, eta edertasuna: Zerutar guziak alkarrekin duen adiskidetasuna, unioa, pakea, eta alkarri komunikatzen dioben alegria, eta gozotasuna: eta gure Jaungoikoa bere Majestade, anditasun, eta edertasun guzian aurpegiz aurpegi argiro ikusteak zorioneko animari ematen dion kontentu, poz, eta alegria oso-osoa: eta nola adimentua, borondatea, eta memoria dauden ia Zeruan eren azkeneko, eta zorioneko ditxa, eta felizidade guzia gozatzen, eta gorputzak ere nolako atsegiñak betiko izango dituen. Abiatu gaitezen bada, N.K., gero izango degun zorioneko lana bertatik egiten: au da, alegiñ guziak egin ditzakun egunoro, eta geiago gure Jaungoikoa ezagutzeko; beraz, eta egin dizkigun mesede guztiz andiaz, eta oraindio Zeruan egin nai dizkigun andiagoaz sarri akordatzeko: eta aren Majestadea gure animako indar guziakin amatzeko; eta beragatik gure lagun urko, edo projimoak gere buruak bezela amatzeko, eta estimatzeko. Orra N.K., hitz gutxitan Zeruko gloria seguratzeko Jesu-Kristok erakutsi zigun bide guztiz zuzena, eta bide bakarra: baña bide ori, Kristau onarentzat guztiz biguña, ariña, eta atsegiñgarria bada ere, pekatari arro, amorio propioz beterik, eta biziora oiturik dagoanarentzat, nekeza, latza, eta gogorra da. Eta zer erremedio? Violenti rapiunt Celum: indar egiten duenak Zerua arrapatzen due. Nagienzat, alperrenzat eztago Zeruko gloriarik. Jesu-Kristok berak esaten digu: aren ondoren Zerura nai badegu, gere borondate gaiztoa ukatu bear degula: egunoroko gere gurutzea jaso bear degula: eta berari jarraio bear diogula. Eta ori guzia egitera nola jarriko da, gaizki oiturik dagoana? Fedeko egia andiak sarritxo konsideratuarekin, orazio humilla egiñarekin, au da, Jaungoikoari berari artarako bere laguntasuna, eta indarra gogotik eskatuarekin: eta bere pasio, edo griña gaiztoak ezitzen arituarekin. A! zer pakea iritsiko duen bertatik ori benetan egiten duenak: eta nolako gloria gero izango duen Zeruko erreinuan. Jaungoikoak digula bada arren orretarako bere grazia, eta gero betiko pakea, eta deskansua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa