www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN DOTRIÑA

 

Sei dotriña edo platika
Kristauai Pulpitotik aditzera emateko
Eskritura Santuak dakatzen gertaera prinzipalak
Adanen denboratik Jesu-Kristo gizon egin arteraño:
eta lenbiziko irakorri aldi onetan
Adanen denboratik Abran Patriarka
andiaren denborañokoak.

 

 

SARRERA

 

        Adan, eta Eba, gure lenengo gurasoen denboratik Jesu-Kristo gure Jauna gu salbatzeko gizon egin zan bitarteko denboran gertaera guziz miragarrlak ikusi ziran munduan: eta Jaungoikoaren Majestadeak beti agertu zuela bere Probidenzia miragarria, eta zuzena gizon guziakin: eta batez ere Israelgo bere Pueblo eskojituarekin. Eta orduko gauzak argi guztiz andia ematen digue, Jaungoiko gure Jauna, eta bere Seme Jesu-Kristo ondo ezagutzeko: eta exenplo, eta dotriña guztiz asko, eta ikusgarriak begien aurrean ipinten dizkigue, gure bizimodua zuzentzeko: eta zuen probetxurako, Jesu-Kristo gure Jaunaren gizon egitea explikatu baño lenago dotriña legera, Eskritura Santuak berak dakatzen orduko gertaera prinzipalak aditzera eman nai dizuet: eta baderitzot, gogotik eta gustoz adituko dituzuela: Eskritura Santuko berri, edo ezaguera, probetxu andikoa izango dezuela: eta arrezkero sermoiak, eta dotriñak frutu geiagorekin adituko dituzuela. Gakizkun bada; eta gaur Adanen denboratik Abran Patriarkaren denborañako gauzak aitatuko dizuet.

        G. Nola bizi izan ziran Adan, eta Eba, gure lenengo gurasoak, Jaungoikoaren Majestadeak Paradisutik atera erazo zituan ezkero? E. Jaungoikoak errukiz begiratu zien: eren utsegitea ezagutu zuen: damutu ziran: eta penitenziarekin santifikatu, eta salbatu ziran.

        G. Pekatu egin baño lenago aurrik izan ote zuen? E. Ez: arrezkero izan zituen: eta argatik aen ondorengo guziok jaio gera jatorrizko pekatuan, au da pekatu orijinalean sorturik.

        G. Nunduan izan diran gizakume, eta emakume guziak Adanen, eta Ebaren jatorrizkoak dira? E. Bai: Eskritura Santak Ebari deitzen dio bizi diran guzien Ama.

        G. Zergatik gure Jaungoikoak nai izan du, guziok Aita bategandik etorzea? E. Guziok alkar amatu dezagun, egiazko senideak bezela: eta argatik Jesu-Kristok argiro esaten digu, gizon guziak gure projimoak, edo gideak dirala.

        G. Hume asko izan zituen Adanek, eta Ebak? E. Guztiz asko: bada bizi izan ziran bederatzi eun urte baño geiago: eta nola Jaungoikoak aen humeakin mundua poblatu eta bete nai zuen, txit asko eman zien.

        G. Badakigu zenbat izan ziran, eta nola zerizten Adanen humeai? E. Iru bakarrik aitatzen ditu Eskritura Santuak eren izenakin: eta dira Kain, nagusiena, Abel, aren urrena: eta gero Seth.

        G. Zer dio Eskritura Santuak Kain-egatik? E. Adanen lenengo semea izan zala: nekazaria izan zala: lurreko frutuetatik sakrifizioa, edo ofrenda Jaungoikoari egin ziola: ez bera, eta ez aren sakrifizioa izan zirala Jaungoikoaren gogokoak: bere anaia Abel enbidiaz, eta gaitziritziz ill zuela; zerren onen sakrifizioak Jaungoikoaren atsegiñezkoak, edo gogokoak izan ziran; eta bereak ez: Jaungoikoak madarikatu zuela: bere pekatu, edo gaiztakeriaren pena, edo kastiguan bizi izan zala alderandurik, eta igesi alde guzietara: Jaungoikoak marka, edo siñale bat ipiñi ziola, arkitzen zuenak ill etzezen: Ziudade, edo erri bat fundatu, edo eragin zuela: eta bere Seme Enok-en izena erriari ipiñi ziola.

        G. Zer dio Eskritura Santuak Abelegatik? E. Adanen bigarren Semea izan zala: artaldea ipiñi zuela: eta arzaia izan zala: bere artaldeko bildotxik gizenenak, eta ederrenak Jaungoikoari sakrifizioan ofrendatu ziozkala: aren sakrifizioari, eta eskinte, edo ofrendari begi onez Jaungoikoak begiratu ziola: Kainen eskuz illa izan zala: eta aren odolaren oiua, edo deadarra benganza eske Jaungoikoaren Tronuraño igo zala.

        G. Eta zer esaten du Eskritura Sagraduak Seth-egatik? E. Abel ill ezkero jaio zala: ona, eta Santua izan zala: aren ondorengoetan geiago iraun zuela Jaungoikoaren ezaguerak, eta bildur Santuak, Kainen ondorengoetan baño: eta Seth-egandik, edo aren jatorritik etorri zala gero Jesu-Kristo gure Jauna, eta argatik Eskritura Santuak geiago aitatzen ditu Seth, eta bere ondorengoak, Adanen beste Seme, eta ondorengoak baño.

        G. Nola bizi izan ziran Kain, eta aren Semeak, eta aren jatorrikoak, eta Adanen beste Semeak? E. Geienak desordenan, erabagetasunean, eta gaiztakerian bizi izan ziran: adiñean aurreratzen zioazen bezela, Jaungoikoaz aztutzen ziran: eta egunetik egunera zabaltzen, eta banatzen zijoan aen gaiztakeria mundu guzian.

        G. Eta Kainen anaia Seth justuaren jatorrikoak, besteak bezela, laster gaiztotu ziran? E. Ez: aek eren aitaren birtuteari ondo, eta luzaro jarraio izan zioben: baña azkenean aen ondorengoak ere, beste gizonak bezela gaiztotu ziran.

        G. Nola gaiztotu ziran? E. Besteakin nastuaz, eta aen exenplo gaiztoai jarraioaz.

        G. Etzan bada arrezkero munduan ondo bizi zanik, eta justurik? E. Ainbesteraño eldu zan munduko gaiztakeria, eta erabagetasuna, nun ozta arkitzen zan inozenzian, eta santidadean osoro bizi zanik.

        G. Eta mundukoen gaiztakeria ainbesteraño eldu zanean, etzituan gure Jaungoikoak kastigatu? E. Bai: eta guztiz kastigu izugarri bat egin zien. Bada Noe Patriarka, Seth onaren ondorengoa, bakarrik arkitzen zan, bere emaztearekin, eta iru seme, eta oen emazteakin justu zanik, eta Jaungoikoa serbitzen zuenik: eta aek ez, ze beste guziak gaiztakeriari, aragiari, eta onen griña gaiztoai zerraizten: eta guziak ugolde, edo dilubio jeneral batekin ito eragin zituan gure Jaungoikoak.

        G. Nola gertatu zan kastigu ikaragarri ori? E. Jaungoikoak Noe justuari dilubioarekin mundukoak kastigatzeko zuen bere gogo, edo asmoa aditzera eman zion eun urtez lenago, gizonak konturatu, zenzatu, eta penitenzia egin zezen: eta agindu zion neurri guziak emanaz, kutxa, edo arka guztiz andi bat, itxas-onzi baten antzekoa egin zezala: eta dilubioa, edo ugoldea zetorreneko animali, edo abere, eta egazti mota guzietatik, geroko bearko ziranak ar emeak, arka artara sartu zitzala: eta baita bere buruarentzat, eta familiarentzat, eta animalia guzientzat bearko zuen jan-edanak, edo alimentua. Eta euriak abiatzen ziranean, Noe bera, bere emaztea, eta iru semeak, Sem, Kam, eta Jafet, eren emazteakin sartu zitezela kutxa, edo arka barruan. Noe justuak Jaungoikoak agindu zion guzia egin zuen; eun urte igaro zituan arka ura egiten: zertako zan, eta nola mundutar guziak galduak, edo ondatuak izan bear zuen dilubioarekin, guziai esaten zien: eta mundu guztitik berri ori banatu zan: baña sinistu nai izan etzioben: erremediatu etziran: dilubio jenerala etorri zan: berrogei egun, eta berrogei gau, batere atertu bage euri jasa arrigarriak erori ziran: munduko mendirik gorenak baño amabost besoz gorago urak altxatu ziran: arkan sartu ziranak ur gañean zijoazen arkarekin batera: aek bakarrik libratu ziran: munduko beste gizakume, eta emakume guziak, txiki, eta andiak urtan itoak izan ziran, animali, eta egazti guziakin batera. Eta andik urte batera, lurrak legortu ziranean, irten zan Noe arkatik bere familia, eta animalia guziakin: eta Jaungoikoari eskerrak emateko sakrifizio bat egin zion: eta berriro alako dilubiorik bidalduko etzuela Jaungoikoak agindu zion: eta arren señale izango zala odei ondoan agertuko zan ostrilakea.

        G. Eta dilubio jeneral artan ito ziran guziak kondenatu ote ziran? E. Sinistu, edo uste dezakegu, lenbizian Noe Santuaren esanak sinistu etzituen batzuek, dilubioaren asiera ikusi zuenean, bildurtu zirala: orduan egiaz sinistu zuela: eta benetan konbertitu zirala: eta salbatu zirala.

        G. Eta munduaren asieratik dilubio, edo ugolde jeneraleraño zenbat urte igaro ziran? E. (1656) milla seireun, eta berrogeita amasei urte: eta orduan Noe justuak seireun urte zituan: eta arrezkero beste irureun, eta berrogeita amar urte bizi izan zan: guzira (950) bederatzieun eta berrogeita amar urtekoa zala ill zan: eta nola denbora artan gizonaren bizia ain luzea zan, Noe Santuaren Aitak; Lamek Patriarkak, ezagutu, eta tratatu zituan Adan bera, eta aren seme Seth, eta beste ondorengoak: eta guzien berri ondo zekienak bezela Noeri, eta onen semeai, erakutsi zien munduaren asieratik araño gertatu zan guzia: baña dilubioaren ondoren laburtuaz joan zan gizonaren bizia, erdiraño bezela: eta geroago, eta laburrago izan zan: alimentuak ere geroago, eta indar gutxiago zuen: dilubioaren aurretik lurrak zekatzen frutuakin bakarrik bizi izan ziran: abererik, edo animaliarik batere orduan jaten etzuen: baño Jaungoikoak Noeri, eta bere ondorengoai animaliak jateko lizenzia, edo baimena eman zien: baña aen odola edatea eragotzi zien.

        G. Eta Noe justuaren asabak Adanegandik bere Aitaganaraño norzuak izan ziran? E. 1. Adan bera: eta au ill zan (950) bederatzi eun, eta ogeita amar urte zituala: 2. Seth, eta au ill zan 912 urtekoa: 3. aren seme Enes, eta au ill zan 903 urtekoa: 4. Kainan, eta au ill zan 910 urtekoa: 5. Malaleel, eta au ill zan 895 urtekoa. 6. Jared: eta au ill zan 962 urtekoa. 7. Enok; eta au ezta oraindio ill: Jaungoikoak beregana eraman zuen 565 urtekoa zala. 8. Matusalen: eta au ill zan 969 urtekoa: eta au da munduan geiena bizi izan dana, 9. Lamek: Noeren Aita: eta au ill zan 777 urtekoa: bost urte dilubioa baño lenago.

        G. Eta dilubioa ezkero nola bizi izan ziran Noe Santuaren semeak, eta aen ondorengoak? E. Iru semetatik bi, Sem, eta Jafet leialak, eta txit errespeto andikoak izan ziran bere aitarekiko: baña Kam, beste semeak aitari errespetoa galdu zion: eta aitaren, eta Jaungoikoaren madarikazioa bere buruari, eta bere ondorengoai ekarri zien: Zer gertatu zan bada? Noe Santuak masti bat ipiñi zuen; matsaren frututik aren indarra jakin bage, zerbait ugari edan zuen: burua artu zion: eta era lotsagarri batean loak artu zuen: ala zegoala Kam bere semeak lenengo ikusi zuen; eta, estali ordean, farra gogotik egiten abiatu zan: eta bere senideak ere ekarri nai zituan eren Aita estadu artan ikustera, eta farra egitera; baña beste seme biak, guraso bati zor zaion honra, eta errespetoa ederki erakutsi zuen: kapa bat artu zuen: atzeraka aitagana eldu ziran eta lotsakizunik ikusi bage, kaparekin estali zuen: Eta Noe santuak, esnatu zanean, eta guzia jakin zuenean, seme on biak bedeinkatu zituan: eta beste seme Kam burlariaren seme Kanan madarikatu zuen: eta orra exenplo guztiz egokia, humeak gurasoai zor dien errespetoa erakusteko.

        G. Eta Noeren semen ondorengoak, aurrekoak baño obeak izan ote ziran? E. Zenzatu bear zuela zirudian Jaungoikoaren alako kastigu izugarria gogoan zeukela: baña geituaz zijoazen bezela, Jaungoikoaz eta aren eskualdi neurribageaz, aren justiziaz, eta probidenziaz aztuaz zijoazen: ez arrazoiari, ez lege naturalari, eta ez konzienziaren zuzentasunari begiratzen zioben: baizik eren pasio, edo griña gaiztoai: deabruak, eta eren buruen amorio propio erabageak itxuturik, soberbiari, abariziari, eta lujuriari zerraizten. Indarrik geienak zituenak besteak menderatu nai zituen: lapurretak ardurabage egiten zituzten: gerrak ere laster sortu ziran: eta bata bestea illtzen zituen: aurreko asaba zarraen esanak ezertan etzeuzkaten, gurasoenzat errespetorik etzuen: Jaungoiko egiazko, eren egilleaz aztutzen zijoazen bezela; Demonioak itxuturik, abiatu ziran Jaungoiko berriak egiten: lenengoan eguzkia, eta illargia Jaungoikoaren eskuetako obrak izanik; Jaungoikotzat artu zituen: eta berez balira bezela, adoratzen abiatu ziran: gero ezin kontatu ala Jaungoiko denboraz asmatu zituen: eta Idolatria, edo gezurrezko Jaungoikoen adorazioa geienen artean sortu zan: eta eren bizio lotsagarrien estalgarri Jaungoiko falsoak zituzten. Ainbesteraño deabruak, eta eren pasio gaiztoak itxutu zituen.

        G. Eta munduko bazter guzietara banatu baño lenago zer gauza andirik egin nai izan zuen orduko gizonak? E. Eren soberbiaren, erakeriaren, eta itxumen andiaren señale ageri bat utzi nai izan zuen. Erri andi bat, eta Zeruko odeietaraño altxatu zitekean torre arrigarri bat egiten abiatu ziran; dilubio, edo ugolde jeneralik berriz gertatzen bazan ere; torre artan uretatik libratzeko: torre ura, eta milla torre alakoak desegiteko, eta ondatzeko eskualdia Jaungoikoari kenduko baliobe bezela.

        G. Eta nola eragolzi zien Jaungoikoak torre ura bukatzea? E. Artean gizon guziak munduan hizkuntza, edo lenguaje bat baizik etzuen: eta torre artan ari ziran jenden artean sortu zituan Jaungoikoak (72) irurogeita amabi hizkuntza, edo lenguaje diferenteak: alako moduan, nun ezin alkar aditu zuen: eta obra andi ari larga zioben eta argatik deitu zioben Babelgo torrea: esan nai du, konfusio, edo nasteriako torrea: hizkuntza guziak andik duelako eren nasteri guzia: eta orrelako hizkuntza mota bakoitzekoak, alkar aditzen zuenak, alkarrekin andik banatu ziran: batzuek baztar batzuetara, eta besteak bestetara: eta orrela berriz mundua poblatu zan: eta munduan orain ere ikusten diran ainbeste hizkuntza mota diferenteak, ori aditzera ematen due.

        G. Eta orduko gizonak ala gaiztotu ziran ezkero, bazan munduan oraindio Jaungoiko egiazkoaren ezaguera, sinismena, eta bildurra zuenik? E. Bai, bazinan batzuek Jaungoikoaren ezaguera, eta fedea zuenak: eta iñoiz ere eztira faltatu, eta ez faltatuko munduan Jaungoikoaren serbitzari leialak: baña orrelakoak txit gutxi ziran denbora aldi artan: bada, len esan degun bezela, geienak bizioari, eta Idolatriari zerraizten.

        G. Eta etzituan Jaungoikoak lenagokoak bezela kastiñatu? E. Begiz ikusten eztan, baña arrigarriagoa, eta kaltegarriagoa dan kastigu bat eman zien: eta izan zan, eren borondatezko itxumenari, eta bizioari jarraitzen utzi, eta geroko betiko kastigua gorde Eternidade guzirako Infernura gero bota: eta ori da N.K., geiena ikaratu, eta bildurtu bear gaituan kastigua.

        G. Eta etzuen gure Jaungoikoak, bere justizia bezela, bere ontasuna, eta miserikordia ere agertu denbora artan? E. Bai: orduan bertan, munduko jendagiro edo pueblo guzien artean esleitu, berezi, eta autu nai izan zuen pueblo, edo nazio bat, guzia enpleatu bear zana, Jaungoikoa modu partikular batean ezagutzen, adoratzen, eta serbitzen: eta Pueblo artatik etorri bear zan munduko Salbadorea, edo Jesu-Kristo gure Jauna, gizona dan aldetik.

        G. Eta orrelako zer egin zuen? E. Formatu, edo sortu nai zuen pueblo berri orren buru, eta guraso egin nai zuena autu zuen: ori izan zan Abran Patriarka, Hebreotar, Israeldar, edo Judu guzien aita izan bear zuena. Abran bizi zan Ur zeritzan erri batean, Kaldeako probinzian Asiako partida batean, eta gizon Santu bat zan, Idolatraen artean arkitzen bazan ere: Noeren seme nagusi Sem Patriarkaren jatorrikoa, edo ondorengoa zan: Irurogeita amabost urte zituan Jaungoikoak deitu, eta esleitu zuenean: Tare izena zuen aren aitak: onek Noe, bere asaba, ezagutu, eta luzaro tratatu zuen: eta Abranek berak ere bere asaba Sem Noeren seme nagusiena txit luzaro ezagutu, eta tratatu zuen: eta ala artean munduan gertatu ziran gauza andi guziak aurrekoetatik ondo zekizkian.

        G. Zergatik Jaungoikoak autu zuen Abran, eta ez besterik? E. Zerren argan bere ontasuna, eta miserikordia agertu nai izan zuen: G. Noiz deitu zion? E. Dilubio jeneraletik 426garren urtean.

        G. Nola deitu, eta autu zuen? E. Jaungoikoak berak agindu zion, bere erria, bere etxea, eta bere nazioa larga, edo eutzi zezala: eta argandik sortu eragingo zuela pueblo andi bat: eta oni mesede asko, eta andiak egingo ziozkala.

        G. Zergatik nai izan zuen Jaungoikoak Abran bere erritik eta bizitokitik ateratzea, eta alde egitea? E. 1. Gaiztoen konpañiatik alde eragiteko, edo apartatzeko, besten exenploarekin gaiztotu etzedin: 2. lurrari begira zegion, destierro, edo deserri bati bezela, eta Zeruari betiko bizilekuari bezela: eta 3. Jaungoikoaren ezagueran, bizimoduan, eta inklinazioetan berezia, edo distingitua izan bear zuen puebloaren guraso, edo aita egiteko.

        G. Eta Abranek zer egin zuen? E. Sinistu zuen Jaungoikoak esan, edo agertu zion guzia: bereala obeditu zuen: irten zan bereala bere erritik Sara bere emaztearekin: bere aita Tarerekin, eta Lot bere illobarekin: eta etorri zan Mesopotamiako, Haran zeritzan erri batera: an ill zitzaion bere aita Tare: eta andik igaro zan Kanango lurrera bere emaztearekin, eta Lot bere illobarekin Jaungoikoak agindu zion bezela: eta ara eldu zanean, aldare bat egin zuen, eta Jaungoikoa adoratu, eta sakrifizio bat egin zien: eta Jaungoikoak Abranen fedeari, eta obedienziari sari ugaria eman zion, ondorengo dotriñetan ikusiko degun bezela.

        Eta orra orain N.K., zein gertaera miragarriak, eta arrigarriak ikusi ziran Adanen denboratik, edo munduaren asieratik, Abran Patriarka Jaungoikoak esleitu zueneraño pueblo berri bat argandik sortzeko; eta pueblo berri orretan oraindio mirari, edo prodijio andiagoak egiteko. Eskritura Santuak gauza oek guziok ain zeoro eztitu alperrik aitatzen. Gure Jaungoikoak berak Moisesi eskribitu eragin ziozkan, guziok argitzeko, guziok zenzatzeko, eta nola bizi bear degun erakusteko. Jaungoikoaren justizia, eta miserikordia bere obra guzietan beti agertu da. Ikusi dezue Kain gaizto bat: eta aren anaia Abel justua: bata Infernuan dago, eta beti egongo da bere kulpaz: bestea Zeruko glorian dago, eta beti egongo da, kontentuz beterik. Orobat ikusi dezue mundukoen gaiztakeri arrigarria, eta aen kastigu izugarria dilubio, edo ugolde jeneral batekin: eta baita Noe justua, eta bere familia, Jaungoikoak berariaz eragin zion area batean, dilubiotik libraturik: eta berriz mundua aen ondorengoakin poblaturik: eta nola oek ere, aurrekoak bezela gaiztotu ziran; eta deabruak, eta eren pasio erabageak itxuturik, eta eren Kreadore, edo Egille, edo egiazko Jaungoikoaz azturik, Idoloak eta gezurrezko Jaungoikoak egiteraño, eta adoratzeraño etorri ziran: eta nola gure Jaungoikoak, oriek guziok largarik, edo eren pasioen erara bizi izaten utzirik (baña ez kastigu bage: bada emen erremediatzen eztan pekatua, nai ta ez Infernuan beti, eta tormentu arrigarrien artean pagatu bear da:) deitu, eta esleitu nai izan zuen pueblo edo nazio berezi baten burua izan bear zuen Abran justua, bese ezaguera, eta fedea munduan konserbatzeko: eta denboraz pueblo artatik bere Semea bera gure Salbadore Jesu-Kristo, gizona egiñik jaio erazotzeko graziazko lege berrian: eta guzioi Zeruko bide zuzena erakusteko: eta bide orri jarraitzeko bear ditugun argitasun, eta laguntasun guziak ugari emateko. Zorionean etorri zan Jesu-Kristo denbora señalatuan. Grazia andi orren posesioan arkitzen gera Kristau guziok, Jesu-Kristoren legean bizi gera: eta ala millarezko eskerrak Jaungoikoari sarri, eta gogotik eman degiozkagun; zerren bere egiazko fede, eta ezaguerara ekarri nai izan gaituan: eta alegiñ guziok egin ditzakun, gure fede santuak erakusten dizkigun egia andiak beti gogoan erabiltzeko: eta aekin batera gure bizimodua zuzentzeko: bada orrela esker bagentzat dagoan kastigutik, edo Infernutik libratuko gera: eta esker onekoentzat dagoan betiko saria, edo gloria seguratuko degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa