www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN DOTRIÑA

 

Jaungoikoaren perfekziorik ezagutuenak
aditzera ematen dira.

 

        Jaungoikoa zer dan zuei nolabait aditzera ematen asi ninzan orain urrengo aldian: eta esan nizuen gure Jaungoikoaren izatea nola dan infinitoa, edo kabubagea, ala bere perfekzio guziak, eta bakoitza dirala orobat infinitoak, neurririk, kaburik, eta numerorik eztuenak: eta argatik jakinsu guzien adimentuak guztiz argituak izan arren, nola beren kabu, edo neurria duen ezin iritsi ditezkeala iñola ere Jaungoikoaren izatea, eta aren perfekzioak osoro ezagutzera, edo konprenditzera: ala ere nola gure egitekorik andiena, bearrena, eta premiazkoena dan gure Jaungoikoa alik ondoena ezagutzea: bada zenbat obeto ezagutzen degun, anbat obeto eskuarkiro amatuko, eta serbituko degu: orregatik gutxi bat bada ere zerbait esan bear degu Jaungoikoaren perfekzioen gañean: eta probetxuarekin izan dedin, eska dezagun bertatik Espiritu Santuaren argia, eta grazia Maria Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        G. Jaungoikoaren perfekzioak numerorik ezpadue ere, edo eziñ kontatu alak badira ere, orien artean gure aditzeko moduan prinzipalenak, edo ezagutuenak zein dira? Dirade oek: Jaungoikoa da Espiritu bat guztiz purua, edo batere naste bagea, da guztiz poderosoa, edo guzialduna: sabioa: ona: miserikordiosoa: justua: imensoa: eternoa, edo betikoa: imutablea, edo mudatzen eztana: eta bera da gauza guzien prinzipioa, edo asiera, eta fiña, edo kabua.

        G. Zergatik diogu Jaungoikoa dala Espiritu bat guztiz purua, edo naste bagea? E. Zergatik Jaungoikoak eztu gorputzik: ez eta parte diferenterik; ez eta parte askoren, edo gutxiren uniorik, edo nasterik: eztu ere mienbrorik, kolorerik, edo figurarik: eta ala ezin gure gorputzeko begiakin edo sentiduakin ikusi, edo sentitu diteke.

        G. Nola bada Eskritura Santuak aitatzen ditu Jaungoikoaren begiak, eskuak, eta baita beatzak ere, mienbrorik batere ezpadu?

        E. Aitatzen ditu guri nolabait aditzera emateko Jaungoikoaren perfekzioak, nola bere jakiunde, edo sabiduria, bere eskualdea, bere indarrak: baña Eskritura Santak berak esaten digu Jaungoikoa dala Espiritu utsa: eta da infinitamente poderosoa.

        G. Eta zer esan nai du guztiz poderosoa; edo guztialduna izateak?

        E. Nai duen guzia egiteko eskua, eta indarra berez duela: eta ala bere nai izanaz beste bage ezerezetik sortu, edo egin zituan gure Jaungoikoak Zeruaren goienetik lurraren zentro, edo beraño ikusten diran, eta ikusten eztiran munduko kriatura guziak; eta Jaungoikoak berak nai balu guziak instante batean desegin litzake, edo ezerezera biurtu litzake: eta orobat berak nai balu, beste milla mundu, au baño andiagoak ere, egin, eta desegin litzake beste instante batean. Orra Jaungoikoaren poderioa edo eskualdea nolakoa dan; eta ala batere duda bage aren Majestadeak egin dituan miragarrizko obrak ala naturalezkoak, nola graziazkoak sinistu bear ditugu, eta bera adoratu, eta erreberenziatu bear degu biotz guztitik: eta bera ofenditzeko ikara, eta bildur andi batekin bizi bear degu: bada bere eskuan dauka noiznai gu Infernura botatzea pekatuan bagaude: baita beste aldetik bera gogotik serbitu nai badegu, konfianza, edo esperanza andi bat beragan artu bear degu: bada bera degu gure Jaungoikoa ezeze, gure Aita guztiz poderosoa guri laguntzeko beti prest, eta gogotik dagoana.

        G. Eta Jaungoikoak nai duen guzia egiteko eskua, edo poderioa duen ezkero, pekaturik, edo beste gauza gaiztorik egin dezake?

        E. Ez: zerren ori ezta perfekzioa, baizik inperfekzioa, argaltasuna, eta poderioaren falta: eta ala ez gezurrik esan dezake, ez iñor engañatu lezake, eta ez beste utsegiterik batere egin lezake.

        G. Zer esan nai degu Jaungoikoa infinitamente sabioa, edo jakinsua dala diogunean?

        E. Esan nai du, egin nai dituan gauza guziak erarik ederrenean, edo egokienean egiteko iñoren konseju bearrik eztuela, baizik guzirako kabubageko jakintasuna daukala: eta 2. esan nai du: Jaungoikoak oraindaño gertatu diran, eta aurrera gertatuko diran gauza guziak dakizkiala: eta gauza andi, eta txiki guziak beti presente dauzkala, edo ikusten dagoala, baita gure biotzeko pensamenturik, gogorik, eta deseorik ezkutatuenak ere: eta orra zerk atzeratu bear gaituan betiko pekatu egitetik, gogoratzen gerala, Jaungoikoaren aurrean gaudela, eta bera beti begira dagokigula. A! zer konsiderazio eragillea au, N.K., pekaturik ez egiteko, eta birtuteari jarraitzeko, onetara oituko bagiña!

        G. Eta zer esan nai degu, Jaungoikoa infinitamente ona dala diogunean?

        E. Jaungoikoa dala kabubageko ontasuna: eta dala guztiz ongillea: bere ondasunak bere kriatura guziai beti ematen ari dala, iñoren bearrik ezertako ezpadu ere: eta ala da guztiz maitagarria; eta orregatik merezi du gure biotzeko amorio guzi-guzia, bada guk merezi bage, bere ontasun utsagatik, egiten dizkigu egunoro, eta instanteoro mesede, edo fabore guztiz andiak.

        G. Zer esan nai du izatea Jaungoikoa infinitamente miserikordiosoa?

        E. Jaungoikoak pekatari guziak erruki dituala: guziak salbatzea nai duela: guzientzat erremedioa eman duela: eta egiaz humillaturik, lotsatu, eta damuturik, beragana benetan biurtzen, edo konbertitzen diranai biotz osotik barkatzen diela: eta ala galtzen, edo kondenatzen diranak eren kulpaz bakarrik kondenatzen dira. Ona N.K., egia batzuek, alde batetik poztu, eta konsolatu; baña bestetik agitz ikaratu, eta bildurtu bear gaituenak: bada orain bertatik egiazko alegiñak egiten ezpaditugu, Jaungoikoaren miserikordiaz baliatzeko; gero betiko desesperazio, eta amorrazio izugarri batekin Infernuan ikusiko degu gure kulpaz galdu, edo kondenatu giñala.

        G. Eta zer esan nai du Jaungoikoa infinitamente justua izatea?

        E. Jaungoikoak ezin geiagoraño pekatua igui duela, edo aborrezitzen duela: eta birtutea, eta santidadea gauza guzien gañetik amatzen duela: eta ala pekatuari ematen dio infernuan betiko kastigua: eta birtuteari Zeruan betiko saria, edo premioa. Eta ona iñoiz ere aztu bear ez gendukean egia bat, gure bizimodua orrekin batera zuzentzeko.

        G. Eta zer esan nai degu Jaungoikoa imensoa dala diogunean?

        E. Eztala lekurik, eta tokirik Jaungoikoak betetzen eztuenik, eta ala Jaungoikoa dago leku guzietan, eta gauza guzietan; baña espezialmente, edo batez ere dago Zeruan, eta Aldareko Sakramentu guztiz Santuan, eta justuen animetan.

        G. Eta nola dago Jaungoikoa leku guzietan?

        E. Dago iru moduetan: 1. esenziaz: 2. presenziaz: eta 3. potenzian.

        G. Zer esan nai du Jaungoikoa leku guzietan egotea esenziaz?

        E. Gauza guziai duen izatea, edo esenzia guzia ematen, eta konserbatzen dagoala beti Jaungoikoa, alako moduan, ze Jaungoikoak utziko balitu, edo konserbatuko ezpalitu gauza guziak ezerezera biurtuko lirateke; eta ala Jaungoikoaren eskuetatik beti zinzillika bezela gaude, bada berari zor diogu gure izatea, baita orren iraupena ere: Eta ala ere, pekatuan, eta Jaungoikoaren aserrean egoteko ausardi arrigarria degu! Baña goazen aurrera.

        G. Zer esan nai du egotea Jaungoikoa leku guzietan presenziaz?

        E. Jaungoikoarenzat eztala gauza sekretorik, edo ezkuturik, bada guziak beti dauzka bere aurrean: eta ala gure biotzeko deseo, eta pensamenturik ezkutuenak ere ikusten dago.

        G. Eta zer esan nai du leku guzietan potenziaz egoteak?

        E. Gauza guziak, eta kreatura guziak, ala Zerukoak, nola lurrekoak Jaungoikoak bere mendean dauzkala: eta ala guzien jabe soberanoak bezela, guziezaz berak nai duen bezela disponitu dezakeala.

        G. Eta zergatik esan degu Jaungoikoa dagoala espezialmente Zeruan, eta Aldareko Sakramentu guztiz Santuan, eta justuen animetan?

        E. 1. Zeruan dago espezialmente zergatik an bere Palazioan bezela bere Gloria, eta ondasun infinitoak bere adiskideai agertzen, eta gozaerazotzen die. 2. Aldareko Sakramentu guziz Santuan dago espezialmente, zergatik an dago egiaz Jaungoikotasun guzia, Trinidadeko bigarren Personagan Jesu-Kristoren gizatasun, edo humanidade santuarekin uniturik ezin guk konprenditu dezakegun era edo modu miragarri batean. Eta 3. justuen animetan dago Jaungoikoa espezialmente zergatik bere graziarekin batera bere espiritua konumikatzen die, eta maite ditu bere humeak bezela: eta ala anparatzen, gobernatzen, eta gidatzen ditu eren gauza guzietan.

        G. Eta badago Jaungoikoa pekatu mortalean daudenetan: eta Infernuko Deabru, eta Demonioetan?

        E. Bai: bada oriek duen izate naturala Jaungoikoak emana due, eta berak konserbatzen die: eta izate natural ori berez ona da: eta ala eren maliziak bakarrik gaiztotu ditu, eta orregatik, Jaungoikoak kastigatzen ditu.

        G. Eta Infernuan ere badago Jaungoikoa? Bai: Eta erretzen da? Ez. Nola bada ezta erretzen? Zergatik ango sua ere, Jaungoikoak egiña da, Jaungoikoak berak bizirik konserbatzen du: eta Jaungoikoak nai duen ainbean baizik erretzen eztu: eta ala Jaungoikoa dago Infernuan juez, eta agintari bezela, bere justizia beti exerzitatzen, aren miserikordiaz denboraz baliatu eztiranakin.

        G. Eta zer esan nai degu Jaungoikoa Eternoa dala diogunean? 1. Jaungoikoa betikoa dala, eta beti izango dala eta 2. baita esan nai degu, Jaungoikoarentzat eztala gauza igarorik, eta etorkizunik; zergatik gauza guziak dauzka beti-beti presente bere Eternidadean.

        G. Eta zer esan nai degu Jaungoikoa imutablea dala, edo mudakorra eztala, diogunean?

        E. Jaungoikoagan aldarte, edo alteraziorik, eta mudanza egiazkorik eztala gertatzen.

        G. Eztigu bada esaten Eskritura Santak, Jaungoikoa aserratzen dala, damutzen zaiola, eta egin dituan gauzak mudatzen dituala? Ezta ori mudakorra izatea?

        E. Itz egiteko modu orrezaz baliatzen da Eskritura Santa, guri aditzera emateko Jaungoikoaren justiziaren efektoak: baña eztu esan nai orregatik Jaungoikoak beregan pasiorik, alteraziorik, edo mudanzarik izatea duela: Jaungoikoak bere obrak mudatzen ditu, baita berak betidanik erabakirik zeukan bezela: bera beti bat dala, bere kreaturetan nai dituan mudanzak egiten ditu: eta orri batzuetan Eskritura Santak deitzen dio damutzea, gure itz egiteko moduarekin akomodatzeko.

        G. Eta zer esan nai degu, Jaungoikoa gauza guzien prinzipioa, edo asiera: eta guzien fiña, edo kabua dala diogunean?

        E. Jaungoikoak gauza guziak ezerezetik atera, egin, edo sortu dituala: eta orregatik da Jaungoikoa gauza guzien prinzipioa: eta nola guziak egin dituan bere honra, eta gloriarako, au da bere perfekzioak agertzeko, eta guzaz ezagutua, adoratua, eta serbitua izateko; orregatik esaten degu dala gauza guzien fiña.

        Eta orra, N.K., gauza gutxi bat baizik esan ezpadegu ere gure Jaungoikoaren perfekzio-anditasun, edo exzelenziak nolabait barruntatzeko bidea emanik. Konsideratu itzatzue astiro, eta al dezuen sarriena: eta ikusirik gure Jaungoikoaren ontasunari zor diozkagun obligazio guztiz andiak, eta gure oztasuna, gure ardurabagetasuna; eta are gaiztoago dana gure esker bagetasuna Jaungoikoarekiko: bada bera biotz guztiarekin eta gure animako indar guziakin amatu ordean, ainbeste bider ofenditu, despreziatu, eta injuriatu degu; lotsatu, eta humillatu gaitezen arren: eta egiaz damuturik beragana biurtu gaitezen, konfesio humill, eta egiazko batekin gure utsegiteak erremediatu ditzagun: eta aurrera bizimodu berri bat gogotik egin dezagun: pekaturako bide, edo okasioai, kontuz alde egiñaz; gure aztura txarrak; eta gurari gaiztoak benetan mortitikatzeko eta garaitzeko alegiñak egiñaz: orazioari, eta konsiderazioari egunoro zerbait jarraituaz: gure lan, eta beargai guziak Jaungoikoaren honrarako, eta berari ofreziturik egiñaz, gure neke, eta naibageak pazienziarekin eramanaz: Sakramentu Santuak sarri, eta ondo errezibituaz: eta azkenik egunoro ill bear bagendu bezela gure bizimodua zuzenduaz. Bada orrela mundu onetan bertan pake andi batean biziko gera: eta gero eternidade guzian, Jaungoikoa bera bere Zeruko Erreinuan aurpegiz aurpegi, argitasun guztiarekin ikusteko, kontenplatzeko, eta gozatzeko zoriona izango degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa