www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAZAZPIGARREN DOTRIÑA

 

Aragiaren Erresurrekzioaren aurretik, eta ondoren
izango ditugun Nobisimoak, edo azken gauzak bost dotriñetan
eta 1. Eriotzaren gañean: eta bertatik eriotza on bat
iristeko prestaeraren gañean.

 

        Pekatuen barkazioaren Fedeko Artikuluari darraio Kredoan bereala aragiaren Erresurrekzioaren, edo piztueraren Fedeko egia; guztiz konsolagarria justuenzat, eta penitenzia egiazkoa egiñik ill diran Kristauenzat: eta guztiz bildurgarria, eta izugarria pekatuan daudela iltzen diranenzat: bada orain aiñ maite ditugun gorputz oek erok, ill ezkero autz egiñak izan arren, gure Jaungoikoak bere poderio infinito, edo kabubagearekin, juizioko egunean, munduaren azkeneko egunean piztuko, edo erresuzitatuko ditu; au da, osatuko ditu eta len izan zituen animakin erakin juntatuko ditu: anima, eta gorputza alkarrekin uniturik, izan ditzen eternidade guzian dagozkien, edo sariak, eta kontentu betikoak Zeruko glorian; edo merezi izan zituen kastigu, eta tormentu fin gabeak infernuan. Eta orixe esan nai degu, eta sinisten degu, aragiaren Erresurrekzioa Kredoan errezatzen degunean: eta aren ondoren sekulako bizitza fin bagea, edo betiko bizitza, edo zorionekoa, edo zorigaiztokoa konfesatzen degunean. Baña, nola erresuzitatuak izan baño lenago guziok ill bear degun, eta Jesu-Kristoren Tribunalean agertu bear degun juzgatuak izateko, eta gure animai bertatik dagokien sentenzia emateko edo Zerurako, edo Purgatoriorako, edo Infernurako: eta erresurrekzioaren ondoren bereala berriz Juizio jeneralean, mundu guzien batzarre jeneral artan, guziak testigu dirala, agertu bear gera pizturik, betiko gloriarako, edo betiko Infernurako sentenzia Jesu-Kristoren aotik aditzeko animetan ezeze, gere gorputzetan ere edo betiko poza, edo betiko pena izateko: eta egia andi oek guztiz egokiak, indarsuak, eta eragilleak diran Jaunaren graziarekin batera, pekatarien biotzak ausitzeko, humillatzeko, eta konbertitzeko: eta justuak ere obra onak egitera, eta Jaunaren grazian, eta adiskidetasunean irautera, eta aurreratzera alaiatzeko, edo animatzeko: bada Espiritu Santuaren esana da: gure azken fiña, edo azkenean gertatuko zaizkigun gauzak, gogoan erabilli ditzakula, eta pekaturik, iñoz egingo eztegula: obeto egia probetxugarri oek zuei aditzera emateko, bost dotriñatan partiturik, edo berezirik esplikatuko dizkitzuet. Eta izango dira 1. Eriotzaren gañean; 2. Juizio partikularraren gañean: 3. Aragiaren erresurrekzioaren, eta Juizio jeneralaren gañean. 4. Zeruko gloriaren gañean: eta 5. Infernuko penen gañean: ala gloriaren, nola penaren betikotasuna, edo eternidadea sarri gogoratzen dizuedala: betiko zoriona zeuron kulpaz galdu, eta betiko zorigaitza zeuron buruai ekarri eztegiezuen. Abiatu gaitezen bada bertatik gure eriotzaren gañean hitz egiten, eta kontuak ateratzen.

        G. Zer jakin, eta pensatu bear degu bada eriotzaz? E. 1. Nai ta ez guziok ill bear degula: 2. bein baizik illko ez gerala: 3. eztakigula noiz illko geran: ezta nola, eta zer estadutan illko geran: eta azkenik 4. justuaren, edo egiazko penitenzia egin duanaren eriotza, zein preziatua dan, eta nolako zoriona betiko darraion: eta kontrara, lenago penitenzia, edo bizitza onik egin gabe pekatuan, eta itxumenean bizi izan danaren eriotza, zein tristea, eta bildurgarria dan, eta nolako zorigaitza betiko darraion: eta argatik Jesu-Kristok berak agintzen digun bezela, prestaturik, maneaturik, edo prebeniturik egon bear degula eriotzarako. Estote parati. Ill bear deguna guziok dakigu, fedeak, arrazoiak, eta begiak erabatera erakusten digue.

        G. Eta zer da eriotza? E. Anima gorputzetik apartatzea, eta gorputza batere sentidu bage, lur puska bat egiñik gelditzea. Zerk egiten du eriotza aiñ bildurgarria, eta tristea? Oraingo gere bizitza, eta munduan gozatzen ditugun honrak, estimazioak, ondasunak, eta atsegiñak, gere gogoaren kontra galdu, edo utzi bearrak. Zerk azitzen du bildur ori? Gere buruai, eta munduko gauzai diegun amorio geiegiak, edo erabageak, eta mortifikatzen ezpagera, betiko kondenatu bearrak. Eta zerk gutxitzen du, eta gozatzen du eriotzaren bildurra? Fede biziak, geroko betiko zorioneko bizitzaren esperanza onak, eta Jaungoikoaren amorio egiazkoak. Eta Jaungoikoak iltzeko egin ote ginduzan? Eta nundik sortu da guziok ill bearra? Ez ginduzan Jaungoikoak iltzeko egin, gure lenengo guraso Adanek pekaturik egin ezpalu; bera, eta ondorengo guziok ill bage, eriotzarik ikusi bage, Zeruko gloriara igaroko giñan: eta ala pekatuaren zorra, eta kastigua da eriotza, edo ill bearra. Jaungoikoak berak ori Adani berari esan zion, frutu debekatutik jatea eragotzi zionean: jaten bazuen illko zala: morte morieris. Eta ez bakarrik bizitza naturala, au da, animaren eta gorputzaren artean dagoan unioa desegingo zala, eta alkargandik anima, eta gorputza apartatuko zirala, aditzera eman zion: baita beretzat, eta bere ondorengo guzienzat animaren bizitza espirituala, graziazko bizitza, Jaungoikoarekin berarekin unitzen, eta laztanzen gaituana, galduko zuela aditzera eman zion: eta ala ere, guzia pekatuarekin galdu zuen: baña Jesu-Kristo gure Jaunak bizitza biak, ala espirituala, edo graziazkoa, nola naturala biurtu nai izan dizkigu, bere pasio, eriotza, eta erresurrekzioaren birtutez: bertatik bere grazia gure animai Sakramentuetan emanaz: eta gorputz illak piztutzeko, edo erresuzitatzeko, eta betiko bizitza berri batera altxatzeko grazia guretzat merezituaz, edo irabaziaz. Millarezko eskerrak guziok eman degiozkagun Jesu-Kristori aiñ mesede andiakgatik: eta nai ta ez guziok ill bear degun ezkero, eta eriotzak erabaki bear duan ezkero, edo gure betiko zoriona, edo zorigaitza, ondo iltzeko grazia gogotik, eta sarri eskatu degiogun: eta bertatik pekatutik, eta munduaren amorio eragabetik aparta gaitezen. Bada 2. beiñ baizik illko ez gera, N.K. Au da egia bat, gogoan ondo sarturik eduki bear deguna: bi bider ill bear bagendu, lenengoan utsegin arren, bigarrenean erremediatzeko lekua izango genduke: baña bein utsegiten badegu: ondo prestatu bage gaudela eriotzak arrapatzen bagaitu, erremedio bage betiko galduak, edo betiko kondenatuak izango gera: Eta nor fedea txit illundurik, edo illik ezpadauka, edo eroa ezpada, bein baizik ill bear eztuen ezkero, gutxiena uste duenean iltzeko, eta kondenatua izateko peligroan egotera atrebitu liteke? Piztu ezazue bada arren pekatariak zuen fede ori: astiro konsidera ezazue zuen peligro izugarri ori: eta zuen animak betiko galdu nai ezpadituzue, zenzatu zaitezte arren: bertatik penitenzia egiazkoa, eta bizimodu on bat egitera jarri zaitezte: bestela betiko kondenatuak izateko arrisku andian zaudete: eta ala zuen arrotasuna, eta soberbia goitzeko, eta humillak izateko egiazko alegiñak egin itzatzue: munduko ondasunak, naiz zuzen, naiz oker biribillatzeko leia, eta ansia andi ori larga ezazue: eta beti iraungo duen Zeruko ondasunak gogotik billa itzatzue: aragiaren gurari gaiztoak, loikeriara, eta jan, edan erabagetara zakastenak arren mortifikatu itzatzue: pekatuari larga egiozue: eta eriotza on bat iristeko presta zaitezte. Bada 3. eztakizue N.K. noiz, eta nola illko zeraten: eta au da beste pensamentu ikaragarri bat, gogoan erabilli nai bagendu, erraz zenzatuko ginduzkeana, eta gure pasioak, eta oitura gaiztoak goitu eragingo lizkeguna. Eztaki gizonak, bere bizia bukatuko zaion eguna: egunoro, eta orduoro iltzeko peligroan, edo arriskuan dago: Zenbat osasunean, edadearen lorean daudela, supitu ill dira? Orretako zenbat ustebageko motibo gertatu oi eztira? Askotan, eztegu aditu, edo ikusi urlia, eta berendia derrepente, eta Jesus esateko leku bage ill dirala? Eta ondo bizi ezpaziran, bereala kondenatuko ziralako bildurrak artzen gaitu: baña demagun supitu iltzeko desditxarik eztegula, eta berealako gaitz eztu batek ere, ezertako astirik eman bage, akabatzen ez gaituala, baizik eritasun jakin batekin geldika iltzen gerala, eta Sakramentuak errezibitzeko era ona degula: ala ere lenago egiaz konbertiturik, eta aurretik bizimodu on bat arturik ezpagaude: aztura gaiztoak goitzeko alegiñik egin bage bizi izan bagera, beti aserrekorrak, bengatiboak, birau gilleak, ordikeriara, edo joku erabagetara, edo loikeriara oituak izan bagera: besteren ondasuna, askotan agindu arren, biurtzeko alegiñik egin nai izan ezpadegu, hitz batean, estadu gaiztoan ardurabage bizi izan bagera, gero noizbait, edo gutxianez azkeneko eritasuna datorkigunean, guzia batetan erremediatuko degulako uste falsoan, edo esperanza ero batean, bildur izan gaitezke N.K.; orduan ere egiazko penitenziarik egingo eztegula, eta kondenatuko gerala: bada iru Kristau mota ikusten dira munduan: batzuek eskuarkiro beti pekatuaren mendean, gaizki oiturik, pekatu mortalak ardurabage egiten dituenak: beste batzuek dira, noiz, edo noiz argaltasunez, peligro, okasio, edo tentazio esturen batean, edo bestean erori arren, laster damutzen zaienak, eta barkazioa iristeko alegiñak egiten dituenak: baña jaiki erori dabiltzanak: eta beste Kristau batzuek dira pekatuaren gorrotoan, eta Jaungoikoaren amorioan aiñ irmo daudenak, nun pekatu mortalik batere egin bage, ezagueraz batez ere, irauten duen eskuarkiro bere bizi guzian, edo benetan konbertitu ziran ezkero: bada lenengoak eriotza tristea, eta zorigaiztokoa izan oi due: bigarrenekoak txit arriskatua, edo dudakoa: eta irugarrenak txit ona, eta zorionekoa: baña esango didate, bertatik erremediatzeko asmo eragillerik eztuen pekatariak, Jaungoikoaren miserikordia infinitoa dala: Jesu-Kristoren merezimentuak kaburik eztuela, eta guretzat irabaziak dirala: noizbait penitenzia egiteko ustean daudela: noiznai akto kontriziozko bat egin ezkero barkazioa, seguru daukela: Jaungoikoak Zerua eztuela egin lastoz betetzeko, baizik gizonak ara eramateko: eta orain gaizki bizi badira, fedea eztuela galdu, ez eta salbatzeko esperanza ere: eta azkenean benetan konbertituko dirala. Eta orain, zer eranzutea nai dezue, pekatari ardurabage, temerarioak? Diot bada, Elizako erakusle, Maisu, eta Doktore Santuakin, iñork etsi eztezan, esperanza galdu eztezan, eta guztiak azkeneko estutasunean, eriotzako orduan ere, egiaz konbertitzeko, egiazko alegiñak egin ditzen, noiz edo noiz orrelako pekatariak, lenago itxuturik, eta gogorturik bizi izan diranak, bere grazia espezial, eta indarsu, edo eragille batekin argitu dituala, eta beregana egiaz biurtu erazo dituala gure Jaungoikoak: lapur ona, eta beste banakaren batzuek bezela: baña ori da erregla komun, eta jeneraletik kanpora: ori da mesede, edo fabore guztiz andi bat, Jaungoikoak iñori zor eztiona, eta gutxitan baizik egin oi eztiena, lenago esker bageak, eta ardurabageak azkeneraño izan diranai: oen eriotza eskuarkiro, edo komunkiro izan oi da bizimoduaren erakoa: nola lenagotik pekatuaren iguitasun, eta aborrezimentu egiazkorik izan oi etzuen: konbertitzen etziran benetan, konfesatzen ziranean ere: beti aztura gaiztoen mendean egon ziran: bada eriotzako gaitza datorkienean ere, lengo gisa, zeremoniaz, eta oituraz konfesatzen, eta komulgatzen dira: eta bearbada iruritzen zaie, orduko larritasun, eta bildurtasunarekin egiaz konbertitzen dirala: baña engañatu oi dira, eta Infernura doaz: zergatik orrelakoak itxuturik egon oi dira, pekatuaren grabedadea, eta Jaungoikoari egin dioben injuria, eta ofensa arrigarria bear bezela ezagutzen eztue: oiturik eztaude gure fede santuak erakusten dizkigun egia andiak, eta pekatuak iguitzeko, edo aborrezitzeko motibo, edo arrazoi andiak konsideratzen: eztira bear bezela humillatzen: oraziorik biotzetik egiten eztue: geroko esperanza ero batean bizi izan dira, benetan konbertitzeko medio eragillerik artu nai izan eztue: eta orain esperanza gutxitzen zaie: gogoa, edo animoa iltzen zaie: larritzen dira: nai luke salbatu: ikaratzen ditu Infernura joan bearrak: baña nola gaitzera oituagoak egon diran, obra onak egitera baño: konfesatu, eta akto kontriziozkoak aoz esanagatik, bildur izateko da, orrelakoetatik txit gutxi dirala benetan penitenzia egiazkoa egiten duenak, eta bizimodua aldatzen duenak: eta ala eskuarkiro ikusten da, peligrotik libratu, eta osasuna iristen duenak, lengo oitura gaiztoak bere oñean dauzkatela. Eta ala nere Kristau maiteak, zeuron buruak betiko kondenaziotik libratu nai badituzue, (eta nork ori gogotik naiko eztu?) bertatik zuen oitura gaiztoak, eta oriek eragin dizkitzuen pekatuak, ondo ezagutzeko, eta examiñatzeko argia Jaungoikoari benetan eskatu egiozue: humillatu zaitezte Jaungoikoaren aurrean: eta ezagutu ezazue beraren laguntasun bage ezin gauza onik egingo dezuela: ezin zuen aztura zar oriek goituko, edo menderatuko dituzuela: eta orrela zuen ezereza, zuen argaltasuna, eta gaitzerako griña, edo inklinazio gaiztoa ondo ezaguturik, sarri, eta biotzetik eska egiozue Jaungoikoari bear dezuen graziaren laguntasuna, eta indarra, zeuron buruak erremediatzeko: penitenzia egiazkoa, eta bizitza berri bat egiteko: bada eztago beste erremediorik: ziertu ill bear dezue: bein baizik illko etzerate: eta eztakizue noiz, eta nola illko zeraten: ordu segururik batere eztezue: eta denbora izan arren ere, eta juizioa, edo zenzua azkeneko asnasaraño eduki arren ere, estutasun artan zuen atenzioa eramango dizue, edo dolore, edo oñazak, edo zuen egiteko, eta artuemanak zuzendu bearrak: eta azoraturik, eta zer egin eztakizuela arkituko zerate, zuen animako gauzak bear bezela zuzentzeko. Eta nolako alegin biziak egingo eztitu orduan deabruak, zuek bere mendean konserbatzeko? eta zuek desesperaziora ekarteko? edo beste tentazio andiren batzuekin galdu eragiteko? begira ezazue bada orain ondo, pekatu mortalak ardurabage egiteko oitura dezuen desditxatuak, zenbat inporta dezuen eriotza on baterako bertatik prestatzeko alegin guziak egitea: eta zuen buruak aiñ peligro arrigarritik libratzea.

        G. Eta pekatu mortal egiteko oitura jakiñik eztuenak: baizik argaltasunez bakarrik tentazio eztu batean, edo bestean erorten diranak: eta laister damuturik, edo konfesatzen diranak, edo beinzat akto kontriziozkoak biotzetik egiten dituenak, eriotzaren bildur andirik eduki bear ote due? E. Ezta iñor, eriotzaren bildur, gutxi edo asko izan bear eztuenik: bada eztaki, ziertu, dan justuenak ere, Jaungoikoaren grazian dagoan, edo ez: eta santurik andienak bildur ziran (beste aldetik pozgarri, eta konsuelo andiak bazituen ere.) Eta ala, Zenbat motibo, eta arrazoi andiagoarekin Kristau argalak, jaiki erori dabiltzanak billurtu bear ditu eriotzaren pensamentuak? Eta mugitu bear ditu Jaungoikoaren grazian irautera, eta mundu guzia galdu bear balue ere, pekatu mortal batean ez konsentitzera? bada lengo pekatuak ondo konfesatu arren; berri bat bakarrik egiñarekin betiko kondena litezke, askori gertatu zaion bezela: eta argatik, ainbeste inporta digun egiteko onetan, seguru jokatu bear degu: erabaki Jaungoikoaren laguntasunarekin, lenago milla bider ill, ezenez pekatu mortal bat egiñ: konfesio on bat egiñ, eta lenagokoen damutasuna, eta proposito egiazkoa ez geiago pekaturik egiteko egunoro berritu, eta beti biotzean eduki: eta Jaungoikoari benetan, eta sarri barkazioa eskatu, aurrera bere grazian irauteko bear degun laguntasunarekin batera: eta ori da Jesu-Kristok agintzen digun, esna egotea: Orazio egitea; eta maneaturik egotea, kontuak artzera datorkiguneko: bada dio, eztakigula otsegingo digun eguna, eta ordua: eta nola lapurra etorri oi dan gutxiena uste dan denboran, ala etorriko zakula eriotza, eta kontuak eman bearra, uste eztegun orduan: eta Birjina zoroak bezela arkitzen bagaitu, prebenziorik egin bage, alperrik orduan deituko diogula: atea itxiko degula: eta betiko, gloria galdu, eta Infernura bearko degula. Zer desditxa andiagorik bati gertatu leikio? Eta kontrara, zer konsuelo, eta zorion andiagorik, orduan ondo prestaturik egotea baño? Eta ortik 4. atera ezazue kontu, justuaren, edo muga onez penitenzia egiazkoa, eta bizitza on bat aurretik egin duen Kristauaren eriotza zein preziatua, zein pakeatsua, eta konsolagarria dan: eta kontrara gaizki oiturik bizi izan danaren, eta baita bein jaiki, bein erori, iraupen bage bizi izan danaren eriotza zein arriskatua, zein tristea, eta zein penagarria dan: Eta ori obeto ezagutzeko, gogora ekarri ezazue, ill bearra guzionzat bildurgarri bada ere, orduko prestaturik dagoan Kristauak, prestatzen lagundu dion Jaungoikoaren aldetik: bere konzienziaren aldetik; eta ikusten eztuen, baña Maria Birjiña Santisimaren aldetik, bere Aingeru guardakoaren aldetik, eta bere deboziozko santuen aldetik, bere barruan sentitzen duen laguntasuna, esforzua, animoa, alaitasuna, eta indarra. Jaungoikoak begiratzen dio bere seme, eta adiskide bati bezela: Jesu-Kristoren odolaren prezio kabubagearekin erreskataturik, eta garbiturik dagoan Jesu-Kristoren beraren mienbro bizi bati bezela: eta bere graziarekin argitzen du: fedeko egia konsolagarriak gogoratzen diozka: Jaungoikoaren ontasun infinitoak, eta Jesu-Kristoren merezimentu kabubageak esperanza firme bat artu eragiten diobe: eta bere amorio santua aren biotzean irazekitzen due: bere naigabe guziak pazienziarekin, eta konformidade andi batekin eramateko indarra ematen diobe: eta azkeneko estutasun artan gogotik, eta sarri berritzen ditu fedeko, esperanzako, karidadezko, eta kontriziozko aktoak: eta bere anima pakean Jaunaren eskuetan entregatzen du: eta orretarako guztiz laguntzen dio bere konzienziaren testimonioak: ara ze, pekataria noizbait izan bazan ere; ondo prestaturik konfesio on bat, edo asko egin, eta bizimodu berria aspaldian egiten ari zalako: peiigrozko okasioetatik alde egiñaz, bere oitura, eta griña gaiztoak eziaz: Jaungoikoari laguntasuna sarri eskatuaz: noizen bein konfesatu, eta komulgatu, eta indar berriak artuaz; eta orobat pekatarien Ama Birjiña Santisimari, Aingeru guardakoari, eta bere deboziozko santuai askotan bere anparoa ordu artarako eskatu zielako memoriak konsolatzen du: eta esperanza oso batekin orduan ere bere laguntasuna eskatzen die: eta, nork esan dezake zenbat balio dion orduan debozio guztiz probetxugarri orrek? bada pozik Maria Santisimak, Aingeru santuak, eta beste Zerutar guziak Jaungoikoaren aurrean bitarteko jarten dira: eta eriotza on bat iristeko grazia espezialak, eta sokorru indarsuak alkanzatzen diobe: eta orrela Sakramentu Santuak debozioarekin, eta frutu andiarekin errezibitzen ditu. Eta orrela eriotza preziatu batekin aseguratzen du eternidade guziko zoriona. Baña kontrara, lenago ondo preskatu bage dagoan Kristauak beti oitura gaiztoen mendean bizi izan danak: edo iraupen bageko damu, eta proposito argal, eta ariñakin konfesatzen zanak, eta laizter lengo okasiora biurtzen zanak; eta benetan bere oitura gaiztoak goitzeko erremedio eragillerik egiten etzuenak; eta orregatik erraz erorten zanak; nolako tristura, nolako bildurra, eta nolako ikara nai ta ez eduki bear eztu iltzeko zoria datorkionean? Penatzen du 1. bere gorputz maiteari larga bearrak; eta ordu gutxiren barruan, ainbeste gusto ematen zion laguna, illik, lur puska bat egiñik, eta laister usteldurik, kiratza dariola, arren janari egiñik ikusi bearrak. 2. Tristetzen du, aiñ maite izan dituan honrak, karguak, eta enpleoak utzi bearrak: bere ondasun guziak, eta munduko atsegin guziak larga bearrak: bere hume maite, senar, edo emazte, aide, adiskide, eta ezagun guzietatik despeditu bearrak. 3. Bere gaitzarekin, eta onek dakatzen oñaza, estutasun, eta turbazioarekin burruka dabill; eta nola pazienziara oiturik eztagoan, ezin ezer sufritu du, eta orobat nola birtuteari jarraio eztion, eta fedea, esperanza, eta karidadea ejerzitatzeko, eta akto kontriziozkoak biotzetik egiteko oiturarik etzuen, ezin berez gauza onik egin du: Jaungoikoaren argitasun, eta sokorro espezialak ordu artarako, ez eskatu ditu, eta ez irabazi ditu: eta Sazerdoteak, edo adiskideak hitz onakin lagundu arren, ezin alaiatu, eta animatu da: eta nekez fedeko, esperanzako, karidadezko, eta kontriziozko aktoak, orduan aiñ bearrak, eta premiazkoak diranak egiten ditu: eta egiten baditu ere, guztiz argalkiro, eta ezaguera gutxitzen dion turbazio, edo azoramen andi batekin. Eta ala Sakramentu santuak ere, beti bezela oituraz, bere barruan bear bezela prestatu bage errezibitzen ditu: bildur utsak, eta ez bear bezelako pekatuaren gorrotoak, eta ari lagundu bear dion bere Jaungoiko maitea ofenditutako damu egiazkoak mugitzen du. Eta 4. estadu triste orretan Jaungoikoaren Tribunalean bereala presentatu, edo agertu bearrak juzgatua izatera, eta apelurik eztuen betiko sentenzia aditzera, ezin geiagoraño larritzen du, eztutzen du, ikaratzen du: eta iñundik sokorrurik ez dakus: aserraturik eduki du Jaungoikoa: bere konzienziaren ortxikadai, erreprenzioai, eta abisoai kasorik egiten etzien: Ama Santisimarekin, Aingeruakin, eta Santuakin egiazko deboziorik izan eztu: iñoiz zerbait errezatzen bazien, edo aen errespetoz obra onen bat egiten bazuen, ez ondutzeko, eta benetan konbertitzeko asmo, edo deseo egiazkoarekin, ezpada bestelako fin, edo intenzioakin. Eta ala orain ikusten da illunpe batean bezela, guzia azoraturik, turbaturik, eta kemenik bage: zer egin eztakian baten gisa. Eta orra N.K. zer dakarren bizimodu lasaiak, ajolabageak, eta geroko esperanzaren aitzakiarekin, penitenzia egiazkoa luzatzeak, eta eriotza on baterako aurretik prestatu bage, edo disponitu bage egoteak. Eta ala ere aiñ andia, eta miragarria da gure Jaungoikoaren ontasuna, eta miserikordia, nun pekataria azkeneko orduan ere, egiaz humillatzen bada, eta benetan lotsaturik, eta damuturik, eta bizitza berri bat, lekurik badu, egiteko proposito irmo batekin, eta konfianza oso batekin, Jesu-Kristoren izenean barkazioa eskatzen badio, iritsiko du: eta argatik iñoiz ere etsi bear eztu, eta alegin guziak egin bear ditu humillatzeko, eta miserikordia eskatzeko: baña beti da seguruago aurretik prestaturik egotea, bada aditu dituzuen arrazoiak, argiro erakusten due, zein arrisku, eta peligro andian dagoan, lenago prestatu bage, gaizki bizi izan dan pekatari ardurabagea.

        Esna gaitezen bada arren N.K.: gure betiko zoriona, edo gure betiko zorigaitza eriotzako puntuak erabakiko du: ondo prestaturik bagaude, eternidade guzirako zorionekoak izango gera: eta kontrara ondo prestatzen, edo disponitzen ezpagera ondo iltzeko, eternidade guzirako zorigaiztokoak, desditxaduak, eta miserableak izango gera: arrezkero guretzat eztago betiko tormentua baizik: beti erretzen, kiskaltzen, ler, eta eztanda egiten egon bearra; iñoiz ere alibiorik izateko esperanza bage. Jaungoikoari millarezko eskerrak eman degiozkagun, zerren gure oraindañoko pekatuakgatik kondenatu ez gaituan, merezi genduan bezela: eta zerren eriotza on baterako prestatzeko lekua ematen digun: eta guk alegiña gogotik egin nai badegu, lagundu nai digun. Baña zer egin bear degu orretarako? 1. Egunoro oitu eriotza onaren, eta gaiztoaren gañean konsiderazio piska bat egitera, eta gogotik eskatu Jaungoikoari eriotza on baterako prestatzeko grazia. Eta 2. bereala ill bear bagendu bezela, gure animako kontuak garbitu, eta zuzendu; eta baita gure artuemanak ere iñori kalterik, etorri eztakion. Eta 3. aurrera bizimodu berri bat artu: pekatuari gorroto andi bat eduki: okasio gaiztoai alde egin: egunoro gure konzienzia examinatu, eta akto kontriziozkoa sarri egin: gure pasio, edo griña gaiztoak ezitzeko alegin biziak egin: eta orretako sarri konfesatu, eta komulgatu: atzerapenak, edo nagitasunak benzitu. Eta guzirako fedeko egiak sarri gogora ekarri, ondo ausnartu, edo konsideratu: eta ondo bizitzeko, eta ondo iltzeko grazia sarri eskatu. Orra ondo prestaturik egoteko erremedio egokiak. Jaungoikoak digula oriek gogotik artzeko grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa