www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BIGARREN DOTRIÑA

 

Jesu-Kristoren jaiotzako misterio atsegingarria.

 

        Erakutsi dizuedan ezkero lenagoko dotriña aldietan, nor dan Jesu-Kristo gure Jauna: nola sortua, edo konzebitua izan zan Maria Birjinia Santisimaren errai garbietan, ez gizonaren obraz, baizik Espiritu Santuaren birtutez: nola jaio baño lenago agertu zuen, bera nor zan, eta zeiñ maite gaituan guziok, Ama Birjiña Santisimak, Jesu-Kristo bere sabelean zeukala, Santa Isabel bisitatu zuenean, eta orduan aren seme San Juan Bautista santifikatu zuenean: eta sola Aita San Jose, Ama Birjiñaren Esposo maitea, Aingeru baten bitartez konsolatu zuen, agertzen ziozkala Jaungoikoaren Seme bakar Jesu-Kristoren beraren gizon egite, edo sortze miragarria: eta berarekin eta bere Ama Santisimarekin Aita San Jose zorionekoak berak egin bear zituan lanak: eta nola Jesus, edo Salbadorea deituko zion: gure dotriñari, eta Jesu-Kristoren bizitzari narraiola; gaur aditzera eman, edo gogora ekarri bear dizuet: nola jaio zan Jesu-Kristo bera: eta noiz, nun, eta zeiñ estadu humill, pobre, eta nekagarrian jaio nai izan zuen. Jesu-Kristok berak argitu gaitzala arren guziok dotriña au ondo ezagutzeko, eta frutu andi bat ateratzeko. Eskatu degiogun biotzetik bere Amaren bitartez, digula orretarako Espiritu Santuaren grazia. Abe Maria.

        G. Nola jaio zan Jesu-Kristo gure Jauna Ama Birjiñagandik? E. Jaungoikoak egiten zuela naturalezaz gañeko lan, edo obra miragarri bat. G. Eta orretan zer aditzen degu? E. Etzala Jesu-Kristo jaio, edo bere Amaren sabeletik irten beste aurren gisa: beste ume guziak jaiotzen dira Amaren gorputza askatuaz, birjiñatasuna galdu erazoaz, eta oñaza, edo dolore andiak Amari sufritu eragiñaz: baña Jesu-Kristo irten zan Ama Santisimaren sabeletik miragarrikiro, edo milagro andi bat egiñaz, Amaren gorputza askatu bage, bere Birjiñatasuna galdu eragin bage: ara nola gero Jesu-Kristoren beraren gorputza, enterratua, eta arrizko losa andi batekin estalia izan ezkero, piztu zan, eta obitik irten zan, gañeko losa mugitu bage, eta erabilli bage: orobat Ama Birjiñaren sabeletik irten zan, Amaren gorputza osorik, eta batere kalte bage geratzen zala: bada Jaungoikoarentzat inposiblerik ezta: eta ori aitortzen, edo konfesatzen degu, kredoan esaten degunean, jaio zan Maria Birjiñagandik. Eta orobat, fedeko egia bezela sinisten degu, Ama Santisima beti Birjiña izan zala, Semea egiñ baño lenago, Semea egitean, edo bere aurgitean; eta Semea egiñ ezkero. Eta mirari andi orietatik kontu atera ezazue, Jesu-Kristo gure Salbadore maitagarriak zenbateraño estimatzen duen animako, eta gorputzeko garbitasuna; bada gizon egiazko gugatik egin bazan ere, aragiaren lan zikiñik, edo likitsik batere bage sortua, edo konzebitua izan zan Amaren sabelean: eta Ama Birjiña bategandik jaio nai izan zuen, au, eguzkia baño argiago, ederrago, eta garbiago geratzen zala bere bizi guzian: eta ikasi dezagun guziok ejenplo onetan animako, eta gorputzeko garbitasuna maitatzen, eta loikeri, edo likitskeri guziak iguitzen, edo aborrezitzen.

        G. Eta noiz jaio zan Jesu-Kristo gure Jauna? E. Bere Ama guztiz santaren sabelean sortua, edo konzebitua izan zanetik bederatzigarren illabetean, abenduaren ogeita bostgarrenean, igande, edo domeka egun batean, gabaren erdian: mundua asi zanetik lau milla urteren inguruan.

        G. Zergatik izanik Jesu-Kristo guztiz poderosoa, eta sortua izan zan une, edo instantetik, neurribageko jakinduria zuena, donzella, edo Birjiña baten sabelean sarturik, bederatzi illabetean, beste aurrak bezela, egon nai izan zuen, bere eskuan zeukala, nai zuenean, eta nai zuen gisa munduan argitzea? E. 1. Aditzera emateko, egiazko gisatasuna, edo ez iduripenekoa artu zuela: eta ala, Jaungoiko bazan ere, beste guziok bezela egiazko gizona ere zala. 2. Gizonaren adiñ, edo estadu guziak santifikatzeko; estadu, edo adiñ guzietatik igarotzen zala, eta guzietatik probatzen zuela: eta 3. Orrela obeto guzioi agertzeko bere guztizko humiltasuna, pazienzia, eta karidadea, edo guganako amorioa.

        G. Zer egiten zuen Jesu-Kristok, bere Ama Santisimaren sabelean egondu zan denpora luzean? Beste aurrak bezela ezaguera bage eta sentimentu bage ote zegoan? E. Ez N.K.: orain duen neurribageko jakinduri guzia orduan ere bazuen: orain duen, eta beti eduki duen bere Aita Jaungoikoaganako, eta gure guziokganako kabubageko amorioa orduan ere bazuen: Zer egiten zuala bada Amaren sabelean uste izan, edo konsideratu bear degu, baizik birtute guziak, eziñ esan al baño perfekzio andiagoarekin orduan ere ejerzitatzen aritu zala? Nork esan orduko Jesu-Kristoren, Aita Eternoaren Seme bakarraren, gure Erredenptore, Maisu, eta Salbadore maitagarriaren; eta Zeruaren, eta lurraren jabe soberanoaren humiltasun paregabea: aren pazienzia: aren obedienzia: eta aren karidade guztiz irazekia, bere Aitarekiko, eta gurekiko? Eta nola instanteoro bere Aita Eternoari ofrezitzen zion bere buruaren sakrifizio osoa bere Majestadearen honrarako, eta gure guzion salbaziorako? Alabatua beti izan dedilla bada onelako ontasuna, eta amorioa.

        G. Nun jaio zan Jesu-Kristo gure Jauna? E. Belengo errian, edo ziudadean. G. Etziran bada bizi Nazaretgo errian aren Ama Santisima, eta bere esposo maite San Jose? Zergatik Belena etorri ziran neguaren erdian, lau eguneko bidea zegoalarik batetik bestera? Jaungoikoaren probidenzia miragarriak ala zeukan disponiturik, eta aurrez Profeta Mikeasen aoz aditzera emanik: eta ona ori kunplitzeko, Jaungoikoak nola gauzak zuzendu zituan: eman zion Erromako Enperadore Zesar Augustori gogoa jakiteko, bere mendeko Erreinu, eta erri guzietan zenbat persona zeuden, eta agindu zuan, guziak beren jatorrietan, edo eren aurrekoen familiak zeuden errietan asentatu, eta guzien lista eskribitu, eta bidaldu zegiela: eta nola Aita San Jose, eta Mari Santisima ziran Dabid Erregearen jatorrikoak: eta Dabiden ondorengoak Belenen zuen eren jatorria; Enperadoreari obedezitzeagatik, eta orretan Jaungoikoaren borondatea egiteagatik joan ziran Belena; Enperadore guzien, eta Errege guzien jabe soberanoa Ama Birjiña Santisimak bere sabel guztiz garbian zeramala.

        G. Eta zeiñ tokitan jaio zan Jesu-Kristo gure Jauna Belengo errian? E. Jende tropel andia okasio, edo motibo orrekin Belena etorri zan: ostatu guziak jendez beterik zeuden: eta Zeruko Erregiña Maria Birjiña Santisimak, eta Aita San Josek etzuen arkitu ostaturik nork eman: baña ori gure Jaungoikoak berariaz ala zuzendu nai izan zuen; erakustera zetorkigun pobrezaren ejenplo miragarri bat guzioi emateko: erritik kanpora bada Belengo portale, edo atearen gertuan txaola, edo abere toki triste batean nolabait akomodatu bear izan ziran; eta antxe, gabaren erdian Ama Birjiña Santisima orazioan, eta misterio onen kontenplazioan zegoala eldu zan Jaungoikoaren Seme bakar Jesu-Kristo gure Jauna, gugatik gizon egiña, jaiotzeko zorioneko ordua: eta Ama Santisimaren sabeletik irten zan kanpora, len esan dizuedan bezela, Ama Birjiña Santisimak oñazerik batere, eta kalterik batere bere gorputzean izan bage: eta, Nork esan ditzake orduko Ama Birjiñaren, eta Aita San Joseren biotzetan mugitu ziran afekto, edo sentimentu miragarriak? Bertatik humiltasunik, errespetorik, esker onik, eta amoriorik irazekienarekin adoratu zuen Jaungoikozko aur guztiz maitagarri ura, eren jabe soberanoa bezela, eta guzion Egille, Erredenptore, Maisu, edo gidari, eta guzion Salbadore egiazkoa bezela. Eta Ama Santisimak bere beso bedeinkatuetan artu zuen, laztandu zuen, bere bularreko titia eman zion: oialtxo garbi batzuetan batu zuen, eta aberenzat zegoan aska batean lasto pista baten gañean, eta animalien aldean paratu zuen. Eta orra, N.K., Zeruaren, eta lurraren jabe soberanoak, munduko palazio, eta jauregi guziak utzirik berariaz autu zuen jaiotzeko toki humilla, pobrea, eta nekagarria.

        G. Zergatik ordea uste dezue bere buruarenzat etzuela nai izan munduko honra, eta anditasunik: munduko aberastasunik, edo ondasunik; eta are gutxiago bere gorputz minbera, sentikor, eta delikaduarenzat gustorik, eta atsegintasunik? E. Zergatik zetorren Zerutik lurrera, ez bakarrik bere biziaren, eta odolaren kostuan gu pekatutik, edo Deabruaren katiberiotik libratzera, eta bere Aita Eternoarekin adiskidetzera, eta bere grazia, eta Zeruko deretxoa guretzat iristera; baita ere zetorren Zeruko maisu, erakusle, gidari, eta gure gaitz guzien sendatzalle, edo mediku izatera. Eta nola zekusen, Adanen hume guziok, jatorrizko pekatuan sortuak bezela, itxuturik geudela: gure egiazko zorionaz, edo Zeruko betiko gloriaz, eta ango honra, ondasun, eta atsegintasunaz azturik bizi giñala: gure ditxa, eta kontentu guzia munduan bakarrik billatzen genduala: emengo honra, eta estimazioak; emengo ondasunak, eta aberastasunak; eta gorputzaren gurariak, eta gustoak, gure biotzeko deseo, eta amorio guzia beren ondoren eramaten ziguela: eta ori zala gure pekatu guzien, gure itxumen guzien, eta gure eragabeko griña gaiztoen sustrai pozoatua: eta ortik zetorkigula batez ere soberbia, edo andinaia; abarizia, edo gutizia gaiztoa: loikeria, edo aragiaren likiskeria: ira, edo aserre eragabea; gula, edo jan-edanerako eragabeko griña fortiza: enbidia, eta gorrotoa; eta gauza onak egiteko nagitasuna, eta nekearen iguitasuna: ori guzia zekusena bezela, gaitz oriek guziak sendatu nai zituanak bezela, eta Zeruko bide zuzena erakutsi nai zigunak bezela, etzan bere Ebanjelioko dotriña santua gero erakustearen zai egon, baizik jaio zan instantetik, edo unetik bere ejenploarekin, au da, bere bizimodu humill, pobre, eta nekatuarekin biziro erakutsi nai izan zigun, gure animen egiazko zoriona, eta biotzeko pake, eta atsedena alperrik billatuko genduala munduko gauzetan: eta Zerukoak, beti iraungo duenak, eta gure biotzak betiko aseko dituenak guzien gañetik deseatu; eta billatu bear ditugula: eta orduan egiazko pakea, eta betiko zoriona iritsiko genduala. Eta nola dotriña miragarri au gure adimenu laburrak eziñ konprenditu zezakean gure pasio eragabeak dakarkiguen itxumenarekin: erakutsi nai izan zigun argiro, aiñ pobre, aiñ humill, eta ainbeste neke sufritzera bazetorren ere, bera zala Aita Eternoaren betiko Seme bakarra: Zeruaren, eta lurraren jabe soberanoa: Jaungoiko eta gizon egiazkoa, gure salbaizallea: eta gure maisu bakar egiazkoa, eziñ engañatu zitekeana, eta eziñ engañatu ginzakena. Eta ala beragan sinistu, eta berari jarraio bear diogula.

        G. Nola jaio, eta bereala erakutsi zigun bera nor zan, eta zertara zetorren mundura? E. Bere Jaungoikotasunaren, eta gizatasunaren prueba, eta testimonio guztiz asko, eta andiak, eta ikusgarriak eman zituan aurretik, eta ondoren: baña bere jaiotza humill, eta pobrearen denboran argiro ori bera, Aingeruak, arzaiak, eta iru Erregeak eman zioten adorazioarekin, erakutsi nai izan zuen. Zeruko Aingeru guziak bertatik beren Jaungoikoa, Egillea, eta jabe soberanoa bezela adoratu zuen. Eta Aingeruai agindu zien, bere jaiotzako berri ona, eta atsegingarria bereala eraman zegiela Belengo inguruan ganadu zai arkitzen ziran artzai batzuei; eta bertatik obedezitua izan zan: bada Espiritu zelestial aetatik bat joan zan arzaietara, eta aen aurrean alako erresplandore, edo argitasunez beterik agertu zan, nun guziak ikaratu, edo bildurtu ziran: baña Aingeruak bereala konsolatu zituan: esan zien, estezue zer bildurtu, zuentzat, eta zuen pueblo guziarentzat atsegiñezko berri ona dakarkizuet. Gaur jaio da zuen, eta guzien Salbadorea; bera dan zuen animen salbatzallea, eta zuen Jauna, eta Jaungoikoa: bere jaiotzarako autu nai izan du Belengo erria, Dabid Erregearen Ziudade ori: or arkituko dezue oialtxo pobre batzuetan biturik, eta aska batean ezarririk: orra bera ezagutzeko señaleak. Eta ozta Aingeruak arzaiai ori esan zien, an bertan espiritu Zerutar askoren bozak, eta atsegiñezko kantak aditu zituen: Jaungoikoa alabatzen zuela: eta esaten zuela: Gloria in excelsis Deo, et in terra pax hominibus bonae voluntatis. Gloria; eta honra Jaungoikoari goi orietan: eta pakea lurrean borondate ona duen gizonai: eta kantiko ori bukatu, eta Aingeruak desagertu ziran.

        G. Eta orduan artzaiak zer egin zuen? E. Eren artean alkarri esan zioten: goazen Belena: Jaungoikoak egin duen; eta agertu nai izan digun mirari andi au ikustera: eta bereala lasterrari eman zioben: eta arkitu zuten Ama Birjiña Santisima, eta bere esposo San Jose establoan; eta billatzen zuen aur dibinoa, an eren begiz ikusteko, zoriona, eta konsuelo andia izan zuen: aska batean ezarririk arkitu zuen: bera zala, Aingeruak esan zien, Salbadore, eta Mesias egiazkoa, Zeruko argiarekin sinistu zuen: eta al zuen errespeto guziarekin adoratu zuen: eta ikusi, eta Aingeruai aditu zien guzia eren ezagun, eta adiskideai alako modu senzillo, eta naturalarekin kontatzen zien: eta guziak ain gertaera miragarriaz arriturik gelditzen ziran.

        G. Eta Juduai ezeze Jentillai, eta fedebageai bere jaiotzako berri andiak gure Jesus onak bertatik eman ote zien? E. Bai: bada Orientean izar berri bat, beste izarrak ez bezelakoa berariaz orduan sortu, eta agertu eragin zuen, bera jaio zala aditzera emateko: eta iru Errege bera adoratzera alde artatik etorri ziran: baña ori nola izan zan beste dotriña batean berariaz aditzera emango dizuet.

        G. Zer beste gauzarik gertatu zala, dio Ebanjelio Santuak, artzaiak Jesu-Kristo adoratu ezkero? E. Dio eze Maria Birjiña Santisimak orduko hitzak, eta gauza guziak bere biotzean gordetzen zituala, eta beti ausnartzen, edo konsideratzen ari zala: eta artzaiak atsegiñez, eta kontentuz beterik itzuli zirala Jaungoikoa alabatzen, eta glorifikatzen, aditu, eta ikusi zituen mirari guziakgatik.

        G. Eta guk zer egin bear degu, Jesu-Kristo gure Jauna guretzat orobat jaio zan ezkero? E. 1. Adoratu bear degu gure Jaun, eta jabe soberanoa bezela, eta eskiñi, edo ofrezitu bear diozkagu biotz osotik gure anima, eta gorputza, gure adimentua, memoria, eta borondatea, berea gauza guzietan egiteko deseo bizi, eta eragille batekin. 2. Eskerrak gogotik eman bear diozkagu gu salbatzeko egiñ dituan alegiñ andiakgatik, eta eraman dituan neke gogorrakgatik: eta 3. Eskatu bear diogu benetan humiltasun, eta konfianza andiarekin, arren gure biotzetan betiko jaio dedilla bera, eta gugan beti agindu dezala; au da, digula bere espirituaz animaturik bizitzeko grazia, eta orretako Adan zarragandik ditugun griña gaiztoak goitzeko edo menderatzeko, digula bear degun Zeruko laguntasuna, eta indarra: eta emendik aurrera Adan berriaz, edo Jesu-Kristoz beraz janzirik, eta pizturik bizitzeko gogo bizi eragillea au da Jesu-Kristoren antzera, gure Jaungoikoa gauza guzien gañetik, gure biotz guztitik bera danagatik amatzeko: eta gure lagun urkoak, edo projimoak gure buruak bezela Jaungoikoagatik estimatzeko, eta maitatzeko bear degun karidadearen doai estimagarria: eta ori beti gordetzeko, kandado bizi bati, lagundu bear dioben, eta bere ejenploarekin, eta dotriñarekin erakutsi zizkigun birtuteak gure biotzetan sortu ditzala: eta dirade batez ere. 1. Biotzeko, edo gogozko pobreza. 2. Mansotasuna, edo injuriak pazienziarekin eramatea. 3. Pekatuaren iguitasuna, eta sentimentua. 4. Birtutearen gose-egarria, edo deseo irazekia. 5. Projimoaren errukia. 6. Biotzeko garbitasuna. 7. Guziakin pakea. Eta 8. Persekuzioetan birtuteari irmo jarraitzea. Bada oriena da Zeruko Erreinua. Jaungoikoak ori guzioi digula. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa