www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMABOSTGARREN DOTRIÑA

 

Eliza Santa Katolika zer dan:
Jesu-Kristoren Eliza egiazkoaren señaleak zein diran:
eta Santuen Komunioa zer dan.

 

 

SARRERA

 

        Espiritu Santuaren etorrera Jesu-Kristoren Apostoluen gañera, eta Kristauen Elizaren asiera, edo fundazio miragarria aditzera eman nizuen orain urrengo aldian: eta gaur esan, edo erakutsi bear dizuet, zer dan Kredoan sinisten degun Eliza Santa Katolika: zein diran Jesu-Kristoren Eliza egiazkoaren señaleak: eta zer dan Santuen Komunioa. Eta ona dotriña gai bat Kristau Katoliko guzionzat txit atsegingarria, eta probetxugarria: bada Jaungoikoaren Majestadeak ez bakarrik egin gaitu, munduko beste gizon, eta emakume guziak bezela, bera ezagutzeko, serbitzeko, amatzeko, eta eternidade guzian bere gloriaz Zeruko erreinuan gozatzeko gai, edo kapazak: baizik munduko Nazio, edo jendegiro guzien artean, egiazko fedearen, eta Zeruko argiaren ezaguerarik eztuen ainbe fedebage, edo infiel, Jentil itxu, Judu, Hereje, Zismatiko, Turko, Mauru, eta Idolatraen artean, guk merezi bage, Kristau errian jaio erazo gaitu, esleitu gaitu, eta egin gaitu Bateo Santuan bere Eliza egiazkoaren humeak: bere Seme maite Jesu-Kristoren eskolakoak, edo diszipuluak: Espiritu Santuaren Tenplo, edo bizilekuak: eta Zeruko erreinuaren herederoak. Nolako eskerrak zor eztiozkagu bada gure Jaungoikoaren ontasun parebageari mesede guztiz andi onegatik? bada beste mesede guztiak au bage alperrak ginduzke: eta, nolako alegiñak egin bear eztitugu Kristau guziok, zer, eta nolakoa dan gure Eliza Ama Santa ondo ezagutzeko: eta Eliza Ama Santaren egiazko humeak izateko? Humillak, obedienteak, eta esker onekoak; Elizaren dotriña, Jaungoikoarena berarena bezela sinistuaz; aren lege, eta mandamentu Santuai obedezituaz: eta gure Eliza Ama Santaren Arzai, Maisu, eta gidariai esker onez eranzunaz? eta orra gaurko dotriñatik aterako degun probetxua, gure Eliza Santa Katolika zer dan, eta zenbat ondasun Eliz barruan daduzkegun ondo ezagutzen, eta konsideratzen badegu.

        1. G. Zer da bada Eliza Santa Katolika? E. Ezta gure Eliza Ama Santa, gizonak asmatutako, egindako, edo zuzendutako batzarre, junta, edo askoren hermandade, edo kongregazio bat: gizonen obra izan baliz, aspaldian desegiñik, eta azturik egongo zan, beti izan dituan etsai guztiz indarsu, eta maliziosoen persekuzio arrigarriakin. Jaungoikoaren beraren obra da: Jaungoikoak berak bere poderio, eta jakinduri neurribagearekin sortu zuen gure Eliza Ama Santa: eta berak beti gorde du, eta munduaren azkeneraño gordeko du, aren Majestadeak agindurik, edo hitza emanik daukan bezela: eta fedearen gañeko beste dotriña batean zeoro esanik daukagun bezela. Eliza Santa Katolika, bada, Kredoan sinisten, eta konfesatzen deguna, da Kristau fiel, edo fededun guzien kongregazioa: Jesu-Kristo gure Jauna bera, bere buru prinzipal, edo nagusitzat ezagutzen, eta daukana: eta aren ordeko, edo Bikarioa, Erromako Obispoa, Aita Santua, edo Erromako Sumo Pontifizea mundu onetan bere burutzat ezagutzen, eta daukana.

        G. Zergatik esan degu Eliza Santa Katolika dala Kristau fiel, edo fededun guzien kongregazioa? E. Zergatik Kristau eztiranak: bateaturik eztaudenak: eta Jesu-Kristoren fedea eztuenak eztira Elizako mienbro, edo zatiak. Eliza da gorputz bat bezela, bere burua, eta mienbroak dituana: burutik datorkie gorputzari, eta mienbro guziai eren bizia: buruak ematen dien espirituarekin gorputzeko mienbroak bizi dira: eta ala Jesu-Kristoren fedea eztuenak, Jesu-Kristogan sinisten eztuenak, eztira aren mienbroak, ez eta Elizarenak ere: bada Elizak Jesu-Kristo bere burutzat dauka; eta ala Elizako mienbroa izateko Jesu-Kristogan sinistu bear du, bada bestela ezta Kristaua.

        G. Eta zergatik esan degu, mundu onetan Elizaren burua dala Erromako Obispoa, Aita Santua, edo Erromako Sumo Pontifizea? E. Zergatik Jesu-Kristok berak Apostolu guzien buru, guzien Arzai prinzipal, edo nagusi, Jesu-Kristoren beraren ordeko, edo Bikario, eta Eliza guziaren buru egiñik utzi zuen Aita San Pedro Apostolua: eta au izan zan Erromako lenengo Obispoa: eta ura ill ezkero, San Pedrok zituan karguak, eskualdiak, eta dignidadea gozatu ditue beti, eta orain ere gozatzen ditue Erromako Obispoak, San Pedroren ondorengo lejitimoak bezela: eta munduko Eliza guzietako Obispo Katolikoak ezagutzen due, eta gordetzen diobe Erromako Obispoari, edo Aita Santuari daukan eskualdia, guzien nagusienari bezela, eta Eliza guziaren buru prinzipalari bezela: eta argatik Kristauen Eliza deitzen da, Eliza Ama Santa Katolika Romana, edo Erromakoa: au da Erromako Obispoa bere buru, eta Maisu prinzipalzat ezagutzen, eta daukana.

        G. Eta Eliza ori Jesu-Kristoren Eliza egiazkoa dalako señale ziertoak, beste iñork eztauzkanak zein dira? E. Dirade lau oek: 1. izatea bat bakarra: 2. izatea Santa: 3. izatea Katolika: eta 4. izatea Apostolika. Eta ala Mezako Kredoan aitortzen, eta konfesatzen degu guziok: Credo unam, sanctam, Catolicam, et Apostolicam Eclesiam.

        G. Zergatik diogu, Eliza dala bat bakarra? E. 1. Zergatik eztan Jaungoiko egiazko bakar bat baizik: eta 2. zergatik Elizako mienbroak asko badira ere, eztue buru bat baizik, guziak gorputz bat egiten due: eta ala guziak fede bat, edo siniste komun bat due: guziak esperanza bat: eta guziak Sakramentu batzuek errezibitzen dituzte: eta ala emen bizi geran Kristauok, eta munduko bastarrik urrutienetan bizi diranak gorputz bat egiten degu: guziok dotriña bat berbera daukagu: bada Jaungoikoak ezin dotriña diferenteak, edo kontrarioak bere egiazko serbitzariai erakutsi leizke.

        G. Zergatik diogu Eliza dala Santa? E. 1. Zergatik Elizako burua da Jesu-Kristo, santidade guziaren iturburu guztiz ugaria: bere grazia, eta Espiritua Elizari, eta Elizako mienbroai ematen diena. 2. Zergatik Elizako dotriña da santua, eta santidadeko bidea erakusten duena: 3. Zergatik dauzka Sakramentu santuak, Jaungoikoaren grazia, eta santidadea komunikatzeko doaia, eta birtutea duenak: 4. Zergatik Elizako mienbro guziak santuak izatera deituak dira, eta Jaungoikoari konsagratuak daude Bateo Santuan, eta denbora guzietan izan ditu, eta izango ditu Santuak, eta justuak bere barruan, edo bere mienbroen artean, eta ez nolanaiko Santuak izan ditu, baizik alde batetik ezin kontatu ala, eta bestetik santidade bat aiñ andia, eta miragarria izan duenak, nun Jaungoikoak berak milagro guztiz ziertuakin, eta ikusgarriakin konfirmatu nai izan duen: aditzera emateko aen fedea zala egiazkoa: bada ezin Jaungoikoak milagrorik egin dezake gezurrezko dotriña sinistu eragiteko. Eta 5. zergatik ezta Santurik, eta ez salbaziorik Elizaren barruan baizik.

        G. Eta asko da Eliz barruan egotea, edo Kristau Katolikoa izatea, santua, edo justua izateko, eta salbazioa iristeko? E. Ezta asko: mundu onetan gauden artean, Kristauak izan arren, fede bat berbera eduki arren; onak, eta gaiztoak, aleak, eta lastoak, arrai onak, eta kaltetsuak alkarrekin bizi dira: eta juizioko egunean alkargandik betiko apartatuko dira, onak Zerurako, eta gaiztoak Infernurako: baña eztira galduko gaiztoak, Elizak Santuak izateko erremedioak eman bagez, baizik eren kulpaz erremedioak artu bagez.

        G. Zergatik diogu Eliza dala Katolika, edo unibersala? E. 1. Zergatik munduko bazter guzietan banaturik dagoan, eta Jesu-Kristogan sinistu nai duen guziak beregana artzen dituan: eta 2. zergatik denbora guzietan iraun duen, eta beti iraun bear duen. Eta orrela distingitzen da Kristau Katolikoen Eliza, Juduak izan zuen Elizagandik, edo Sinagogagandik: bada ura oraingo Elizaren bide aurreko bat bezela zan: Jesu-Kristogan, eta bere Elizan osatu, edo kunplitu ziran, Jaungoikoagandik Juduak artu, eta konserbatu zituen Profeziak, eta promesak: eta aek osatu, edo kunplitu ezkero, Kristau egin bear ziran: eta aetatik askok Jesu-Kristogan sinistu zuen, eta bateatu ziran: eta Jesu-Kristo mundura etorri baño lenago, Judeako, edo Palestinako Probinzian bakarrik arkitzen zan Juduen Eliza, eta legea, eta etzuen iraun bear Jesu-Kristoren Ebanjelio Santua predikatu artean baizik: eta orduan bukatu zan bere Tenplo, eta sakrifizio guziakin batera: baña Kristauen Eliza, Jesu-Kristogan sinistu zuen guziak beregana artu zituana, mundu guzian banaturik dago: eta iraungo du munduaren bukaeraraño: eta kontrara munduan oraindaño sortu diran Hereje gaiztoen batzarreak, eta dotriña gezurrezkoak, eztira beti izan: aetatik asko laster agertu, eta desagertu dira: eta orain dirauenak ere, uniorik eren artean eztue: mudakorrak dira, gizonen pensamentuak, eta juizioak, edo iritsiak bezela: eta Kristauen izenaz gloriatzen badira ere, zerren bateatuak dauden, eta misterio batzuek sinisten dituela esaten duen, eztira Kristau Katolikoak, zergatik fedeko misterio guziak erabatera sinistu nai eztituen: eta ala eztue Jesu-Kristoren fede egiazkoa: bada au balue, era batera fedeko gauza guziak sinistuko lituzke: zerren guziak sinisteko motibo bat berbera daukagu guziok: au da Jaungoikoak Eliza Ama Santari agertuak, erakutsiak, edo errebelatuak izatea, eta Eliza Ama Santak alakotzat guri erakustea; Jaungoikoak berak artarako Elizari bakarrik eman dion eskualdi, edo karguarekin eta utsik egiten utziko eztiolako promesa solemne, eta guztiz seguruarekin: eta emen ageri da Jaungoikoaren probidenzia miragarria, eta guztiz premiazkoa: bada libertadea bakoitzari eman baligu, nai deguna, edo ondo deritzoguna sinisteko, eta nai ezteguna, edo gaizki deritzoguna ez: ez litzate munduan dotriña egiazkorik izango: bada bakoitzak bere gisa juizio egingo luke: eta nola gizonaren juizioak, eta iritziak ain diferenteak diran, zenbat buru, ainbeste juizio: eta ezin iñork ere ziertu jakingo luke, utsegiten duen, edo ez: bada kezka orietatik guzietatik libratu bear ginduzen gure Jaungoikoak, guk egia ziertu jakitea nai bazuen: eta ala egin izan du, guri erakusteko kargua, eta beti egia erakutsiko digulako seguridadea Eliza Ama Santari emanarekin. Eta orra konsuelo guztiz andia Kristau Katoliko guzionzat.

        G. Eta zergatik diogu Eliza dala Apostolika? E. 1. Zergatik Jesu-Kristorekin mundu onetan bizi izan ziran Apostoluak, Jesu-Kristoren ordenaz, eta aren izenean fundatu zuena bera da Kristauen Eliza. 2. Zergatik Apostoluen ondorengo, edo sukzesore lejitimoak, zein diran Erromako Aita Santua, eta beste Obispo Jaun guziak Eliza gobernatzen duen: eta 3. zergatik Apostoluak predikatu, eta erakutsi zuen dotriña berbera orain ere Eliza Ama Santak erakusten digun: eta beti ori bera erakutsiko du.

        G. Gure Eliza Ama Santa Katolika ikusten da? E. Bai. Nola bada esaten degu: sinisten det, Eliza Santa Katolika: fedea dalarik ikusten ezteguna sinistea? Gauza bat ikusten degu, eta orrez gañera beste bat, ikusten eztana, sinisten degu. Ikusten degu esateko moduan, Elizaren gorputza: baña eztegu ikusten Elizaren Espiritua: ikusten ditugu Elizako Arzaiak, eta Ministroak, eta nola Elizako lanak egiten dituen, Meza eman, bateatu, konfesatu, eta beste Sakramentuak ematen: eta sinisten degu Elizako Ministro oriek, Jaungoikoaren Ministroak dirala, artako konsagraturik, eta ordenaturik dauden ezkero: eta kanpotik ikusten ditugun Sakramentuen administrazioarekin barruko grazia Jaungoikoak ematen duela: eta ori da ikusten eztana, baña ikusi bage sinisten deguna: zergatik Jaungoikoak berak ala Elizari agertu, edo errebelatu dion, eta Eliza Ama Santak ala erakusten digun. Eta seguru gaude askotan esan degun bezela, Eliza Ama Santak eziñ gezurrik erakutsi dezakeala, zergatik Jaungoikoaren hitza, eta dotriña baizik erakusten eztegu: eta Jaungoikoak berak ori ala dalako testimonio aiñ ikusgarriak, eta ziertuak, eta aiñ ugariak beti eman ditu, nun Eliza Ama Santa bera engañatzen dalako, edo engañatzen gaitualako kezkarik batere ezin eduki dezakegu: bala orduan Jaungoikoak berak engañatuko ginduzke: eta ori esatea blasfemia arrigarria da.

        G. Eta fedearen egiarekin batera, zer beste bentaja arkitzen ditugu Eliz barrean Kristau Katoliko geranok? E. Guztiz asko, eta guztiz probetxugarriak: eta aen artean bat da Santuen Komunioa.

        2. G. Zer esan nai du, Santuen Komunioak? E. Kristau fiel, edo fededun guziak duela parte besteen ondasun espiritualetan, gorputz bateko mienbroak bezela, zeña dan Eliza.

        G. Eta Kristau guziak due parte Elizako ondasun espiritual komun guzietan: eta justuak aparte egiten dituen orazio, eta obra onetan? E. Bai, exkomunikaturik ezpadaude: bada lenago esan degun bezela, guziok buru bat degu, eta guziok gorputz bat egiten degu: eta nola gorputzak dituan mienbro guziak, nola eskuak, oñak, begiak, belarriak, eta beste guziak, alkarri laguntzen dioben, eta bata bestearen ondasunetan, eta osasunean parte duen; ala Kristau guziok degu parte Elizako ondasun komunetan, eta justuak aparte egiten dituen orazio, eta obra onetan: eta ori aditzera ematen digu egunoro errezatzen degun Aita gurearen orazioak: bada guziok Aita baten humeak bezela, eta Jesu-Kristogan alkarren senideak bezela, eta herenzia, eta Gloria bat bera esperatzen degunak bezela; eztegu geretzat bakarrik eskatzen, ezpada guzionzat: eta orobat Mezako Sakrifizio Santua, Eliza guziagatik, eta Kristau guziakgatik Jaungoikoari ofrezitzen zaio.

        G. Baña eztue probetxu geiago, eta frutu geiago ateratzen, orazioak, eta obra onak besteai enkargatu, edo eskatu dienak, eta Mezak esan eragiten dituenak? E. Bai, oriek probetxu komunaz gañera, frutu espezial bat, eta andiagoa iristen due: eta argatik bata besteari orazioak eskatu oi diegu: eta Konbentuetan, eta kofradietan egiñ oi diran orazioak, eta obra onak eren ongilleakgatik, edo kofradeakgatik, oei geiago balio die bestelakoai baño.

        G. Eta exkomunikaturik arkitzen diranak, zerren Elizari, edo Juez espiritualari obedezitu nai eztioben, badue parterik, edo probetxurik Santuen Komunioan? E. Ez, eta orregatik deitzen zaie exkomunikatuak, au da, besten komuniotik kanpora daudenak. Eta ori da pena, edo kastigo bat txit ikaragarria: bada ala dauden artean Sakramenturik ezin eman dakike: Elizako orazio, eta ondasun komunetan parterik eztue: Elizako ofizioetan ezin arkitu ditezke: eta Eliz barruan edo sagraduan ezin enterra ditezke: eta eren izenaz publikamente exkomulgaturik badaude, ezin gurekin hitz egin, eta tratatu dezake premia eztu bage: ez eta guk alakoakin ere: baña Eliza Ama Santak kastigu, edo pena ori usatzen eztu, gogorturik, eta obedezitu nai bage dauden Kristauen kontra baizik: eta medizina, eta erremedio eragille bat bezela usatzen du: eta ala humillatzen badira, eta obedezitzen badue, kentzen die exkomunikazioa, eta artzen ditu bere komunioan. Baña alakoak due obligazioa, ez bakarrik Elizako Juezak agintzen diena egiteko, baita egin zuen pekatua konfesatzeko egiazko pekatuaren damutasunarekin: bada exkomunikaziotik libratu arren, ezta pekatua barkatzen ondo konfesatu artean.

        G. Eta pekatu mortalean dauden Kristauok, badue parterik, edo probetxurik Santuen Komunioan? E. Ez justuak bezela, bada oek besteen obra onakin, orazioakin, eta mortifikazioakin pagatu ditzake eren pekatuen zorrak: ara nola justuak purgatorioko animenzat irabazten dituen induljenziak, eta aplikatzen dien obra onak alibiatzen ditue: zergatik aen zorra Jaungoikoari pagatzen dioben: baña pekatu mortalean daudenaen zorrak ezin iñork pagatu ditzake, zergatik diran mienbro illak bezela; oriek daude graziaren bizitza bage: eztira Jesu-Kristoren, eta Elizaren mienbro biziak: irabazbiderik merezitzeko, eta zorrik pagatzeko deretxorik, edo eskurik eztue, Jaungoikoaren grazia, eta orrek dakarren bizia iritsi artean. Ala ere Elizatik kanpora eztaudelako; fedea, eta esperanza konserbatzen duelako, badakazkie Santuen Komunioak beste probetxu asko, exkomunikatuak, eta fedebageak eztauzkenak: bada penitenzia egin nai badue, Sakramentuak errezibitzeko deretxoa badauke: eta aek penitenziara ekarteko, edo konberti erazotzeko laguntasun andiak dauzkate Elizaren orazioetan: bada Jaungoikoak, Eliza Ama Santak egiten diozkan erregu, edo orazioakgatik, pekatariak sarri argitzen ditu, ukitzen ditu, eta beregana ekarten ditu: eta orregatik guziok orazio egiten degu pekatu mortalean dauden guzien konbersioagatik; eta Jaungoikoak arren argitu ditzala, eta bere graziara ekarri ditzala, oraingo, eta geroko Santuen Komunio zorionekoa iritsi dezen.

        G. Eta Santuen Komunioan, orain bizi geran Kristauok baizik besterik sarturik badago? E. Bai: Purgatorioko animak, eta Zeruko Santuak: bada guziok, estadu diferenteetan bagaude ere, buru bat degu, au da Jesu-Kristo gure Jauna: eta guziok alkarri laguntzen diogu, bakoitzaren estaduak eskatzen duan moduan. Eta ala Zeruko Santuak Jaungoikoari erregutzen diobe Purgatorioko animakgatik, eta gugatik: eta guk ere alibiatzen ditugu Purgatorioko animak, aekgatik egiten ditugun orazioakin, eta beste obra onakin: eta Zeruko Santuak honratzen ditugu, aien zorionaz atsegin artuaz: aek alabatuaz: aei egin dien mesede andiaz, eta eman dien gloriaz Jaungoikoari eskerrak emanaz: eta eren laguntasuna, edo bitartekotasuna gogotik eskatuaz: eta orrela ageri da Jesu-Kristogan bizi diran mienbro guzien espiritua alkarren karidade egiazkoa dala: eta ala Aita bat guziok degulako: Ama baten humeak geralako, eta Jesu-Kristoren senideak, eta mienbroak geralako, alegin guziok egin bear ditugu alkarrekiko karidade egiazkoa, eta karidade eragillea edukitzeko, alkarri lagunduaz al deguneraño, alkar sufrituaz, alkar argituaz, eta guziai Zeruko bidea erakutsiaz, ez bakarrik hitz onakin, bai prinzipalmente ejenplo onakin: bada gauza guziz lotsagarria da, Amatzat Eliza Santa Katolika, eta burutzat Jesu-Kristo bera daukagun Kristauok, Jentil itxuak, eta Hereje zatarrak bezela, Elizaren, eta Jesu-Kristoren legea gere obrakin gezurtatzea: Jaungoikoak bada arren argitu gaitzala guziok, eta digula, Kristau egiazkoak, eta fiñak izateko grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa