www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA SEIGARREN DOTRIÑA

 

1. Ejiptora iges egitea, eta aur inozenteen eriotza:
eta 2. Jesu-Kristo Doktoreen erdian Tenploan arkitua:
eta 3. Nazarethen egin zuen bizitza
ogeita amargarren urteraño.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunaren aurtasuneko gertaera, eta misterio miragarriai narraiela; (aditu zenduen ezkero aurreko dotriña aldian, zer gertatu zan Jerusalengo Tenploan Jesu-Kristoren beraren presentazioan, eta bere Ama Maria Birjiña Santisimaren purifikazioan) gaur esan bear dizuet, nola Herodes Errege gogorrak, Jesu-Kristo illeragitea, erabaki zuen: nola Aita Eternoak Ejiptora alde eragin zion: nola Herodesek aur inozenteak illeragin, edo martirizatu eragin zituan: eta Herodes bera ill ezkero, Jesu-Kristo Ejiptotik Galileara itzuli zan. Eta azkenik amabi urteko aurra zalarik, nola Jerusalengo festa ondoan desagertu zan: eta irugarren egunean Ama Santisimak eta Aita San Josek Tenploan Doktoreen erdian arkitu zuen: eta nola itzulirik Nazaretgo eren errira, ogeita amargarren urteraño bizi izan zan. Gertaera oetan guzietan dotriña, eta ikasbide andiak gure Jesus onak eman zizkigun: eta laburtxo bada ere aditzera eman nai dizkitzuet: eta guzien probetxurako izan dedin, eskatu dezagun guziok espiritu Santuaren argia, eta grazia Ama Birjiña Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        G. Herodes Erregeak jakin zuenean, iru Errege Magoak, beragana agertu bage, beste bide batetik eren errietara itzuli zirala, zer uste izan zuen, edo zer pensatu zuen? E. Arkitu etzuela billatzen zuen Juduen Errege jaio berria: siniste errazeko, edo ariñeko gizon batzuek zirala: eta lotsaturik, agertu bage, biurtu zirala.

        G. Eta Jerusalengo Tenploan presentatu zuenean Jesu-Kristo gure Jauna: eta Simeon santuak, eta Ana alargun, birtute andiko fama, eta profeziako doaia zuen santak: arzaz esan zituen miragarrizko gauzak barreatu ziranean, Errege gogor, eta superbo ark zer egin zuen? E. Ainbesteraño bere artean turbatu, estutu, eta aserratu zan, gaizki arturik zeukan koroa, eta erreinua kenduko ziobelako bildurrez, nun Jesu-Kristori bizia kentzeko asmo kruela bereala artu zuen. Baña gure Jaungoikoak aren barruko berri ondo zekienak bezela, eta orduan bere Seme Jesu-Kristo illtzea nai etzuenak bezela: (bada lenago guzioi bere bizitzako ejenploarekin, eta Zeruko bere dotriñarekin arako bidea erakutsi bear zigun) eragotzi zion Herodesi bere asmoak osatzea, eta Jesu-Kristo illtzea: eta Aingeru bat bidaldu zion, lotan zegoala Aita San Joseri: eta esan zion: bereala jaiki zaitez: ar itzatzu aurra, eta bere Ama, eta iges egizu Ejiptora: eta zaude an, beste abisurik nik eman artean: bada Herodesek alegiñak egingo ditu, aurra billatzeko, eta galtzeko, edo illerazotzeko: eta bereala jaiki zan San Jose: eta gauaz, egunaren zai egon bage, aurra, eta bere ama artu zituan berekin; eta Ejiptora aekin erretiratu zan: eta an egondu, edo bizi izan zan, Herodes ilitzaneraño: eta Aingeruak berriz, atzera biurtzeko, abisoa eman arteraño.

        G. Eta zer egin zuen Herodes gogorrak, gure Jesus aur dibinoa eziñ arkitu izan zuenean? E. Kolera bizian sartu zan: eta ura illtzeko asmoarekin izan ditekean krueldaderik, eta itxumenik arrigarrienarekin agindu zuen, Bethelenen, eta aren inguru, edo bazter guzietan arkitzen ziran urte bi osatu bageko aur inozente guziak bereala akabatzea, edo guziai bizia kentzea: eta ala egin zan: Nor arritzen ezta ejenplo onekin, soberbiaren, eta andinaiaren pasioak zertaraño gizona itxutu dezakean ikusirik!

        G. Eta zer paradero, edo bukaera izan zuen Herodes gaiztoak? E. Aren gaiztakeri izugarriak merezi zuen bezelakoa. Zorigaiztoko eriotza batekin laster bere pagua izan zuen: eta jetxi zan betiko, iñoiz ere bukatuko eztan infernuko pena, eta kastigua sufritzera.

        G. Eta ura ill zanean, Aingeruak Aita San Joseri zer esan zion? E. Jaungoikoaren partez, lotan zegoala agertu zitzaion Ejipton: eta esan zion: jaiki zaitez: ar itzatzu aurra, eta bere ama: eta zoaz Israelgo lurrera: bala ill dira aurrari bizia kendu nai ziobenak: eta bereala obedezitu zion: eta bidean jarri zan: baña jakin zuenean Arkelao Herodesen semea Aitaren Erreinuaz jabetu zala; ara joateko bildurrak artu zuen: eta Aingeruaren abisu berri batekin sosegatu zan: eta Galileara etorri zan; eta bere emazte Maria Birjiñarekin, eta aur dibinoarekin Nazaret zeritzan errian bizi izan zan: kunplitu zedin Profetak aurrez esan zuena: Nazarenoa gure Jesus onari deituko ziobela.

        G. Eta zer dotriña, eta ikasbide gure bizimodurako eman zizkigun gure Jesus onak esan ditugun gertaera andi orietan? E. Guztiz asko, guztiz ikusgarriak, eta guztiz probetxugarriak: eta 1. eztegu iñoiz ere aztu bear, gure Jesus aur txikia zalarik, beste aurrak bezela bere adiñaz batera kanpotik agertzen bazan ere, sortua izan zan unetik, edo instantetik bere Ama Birjiña Santisimaren erraietan, zala guztiz poderosoa, edo guzialduna, eta guztiz jakinsua, eta gauza guziak zuzentzen, eta egiten zituala ezin obeto bere Aita Eternoaren honrarako, gure salbaziorako, eta erakusbiderako: 2. Gogoan ondo sarturik eduki bear degu, gure Jaungoikoaren borondate bage eztala munduan ezer gertatzen: eta permititzen dituan gaitzetatik, on geiago, eta probetxu geiago ateratzen dakiala: eta ala Herodesi bizia kendu zeikeolarik, aur inozenteak illtzen utzi bage, permititu zuen aren itxumena, aren gogortasuna, eta krueldade arrigarria, alde batetik, bere justiziaz konforme zegokion betiko kastigua Herodesen gaiztakeriari emateko: eta bestetik, bere neurribageko ontasunaz, eta miserikordiaz konforme, aur inozenteai martirioaren koroa, eta betiko zorioneko bizitza seguratzeko: bada Jesu-Kristogatik, eta Jesu-Kristoren ordez illeraziak izan ziralako, beren odolaren bateoarekin iritsi zuen betiko gloria eta aur inozente martiri aen festa zelebratzen du Eliza Ama Santak abenduaren ogeita zortzigarren egunean: eta emen ikasi bear degu, Jaungoikoarekin adiskide bagera, eta aren borondatearekin gurea konformaturik badegu, munduko persekuzioak, desprezioak, eta naigabeak gure onerako izango ditugula: eta gloriazko gradu andiak irabaziko ditugula: eta dotriña ori, iñork baño obeto, Jesu-Kristok berak, Ama Birjiña Santisimak, eta aren esposo maite San Josek eren ejenplo miragarriarekin erakutsi ziguen orain aditu dituzuen gertaera andietan: erraz ezagutuko dezue N.K., zeiñ pena, neke, eta naigabe andiak sufritu bear izan zituen: Aingeruak abisatu zituanean, Herodesek aur dibinoa illeragin nai zuela: eta bereala gabaz eren etxeari, gauza guziai, eta ezagun, eta adiskideai largarik, pobreza andian, eta erbesteturik urrutiko beste erreinu batera, fedebageen, edo Jentil idolatra itxuen artera joan bear zuela. Zuei orrelakorik orain gertatuko balitzaketzue, nolako estutasunean, eta naigabean arkituko ziñatekee? Bada jakizue, etzala munduan gure Jaungoikoak maiteago zituan personarik, bere Seme propioa, gugatik gizon egiña: bere Ama Santisima eta Aita San Jose baño: eta ala ere, ez gaizki nai zielako, bada guztiz maite zituan; baizik birtuteak ejerzitatu eragiteko, eta oriei dagokien sari guztiz andiak emateko; eta guri zer egin erakusteko, guzia ala ordenatu, edo disponitu zuen: andiak ziran, ala egia, Jesu-Kristok, orduan illabete bi ozta zituan aurrak: bere Ama donzella gazte minbere, nekera oitu gabeak; eta Ama Semeen kuidadoarekin zijoan Aita San Josek eraman zituen nekeak, ala gorputzaren aldetik, nola espirituaren aldetik aiñ bide luzean, eta alako jende, deabruak itxuturik, eta menderaturik zeukanaren artean: baña ala ere etziran batere iñoiz ere kejatu, sumindu, eta aserratu: guzia zerameen eziñ esan al baño humilltasun, pazienzia, obedienzia, eta konformidade geiagorekin: eta orra N.K., ikasbide, edo dotriña guztiz andiak guziontzat: Baña zer serbituko digue, gogoratzen ezpaditugu, eta oriekin batera gure bizimodua moldatzen, eta zuzentzen ezpadegu? Gure zoriona eztago munduan, ezpada Zeruan, eta arako bidea da Jesu-Kristok berak artu zuena, eta erakutsi ziguna: eziñ Zerura joan gaitezke, gure biotza, gure gogoa, eta gure deseoa ipiñirik badauzkagu munduko anditasunetan, ondasunetan, eta atsegiñetan: alegiñak egin ditzagun bada gure eragabeko pasioak, edo griña gaiztoak goitzeko, edo eskuratzeko: eta batez ere arrotasunari, interes gura itxuari, eta loikeriari, edo aragiaren gurari zikiñai gure biotzean lekurik ez emateko: ori da Jesu-Kristok bere humiltasunarekin bere pobreza guztiz andiarekin, eta bere bizimodu nekatuarekin erakutsi ziguna: eta ori da gauza guztiz bearra gure borondate gaiztoa ukatzeko, eta Jaungoikoarena egiteko, edo aren mandamentu santuak ondo gordetzeko: eta ori bera txit ederki orain ikusiko dezue Jesu-Kristok berak egin zuenarekin Jerusalengo Tenploan Doktoreen erdian beren gurasoak arkitu zuenean: eta arrezkero, aen mendean zegoala, Nazarethen ogeita amargarren urteraño egin zuen bizimoduarekin.

        2. G. Zer gauza andirik esaten digu bada Ebanjelio Santuak Jesu-Kristoren aurtasuneko gertaera miragarrien artean? E. Ona San Lukas Ebanjelistak esaten digun dotriña andiko gauza bat: aurra azitzen zijoan bezela adiñean, edo indarretan, zijoan agertzen bere jakinduriaren betedasuna, eta zuen Jaungoikoaren grazia: (ez au azitzen zalako, bada izan al guzia zeukan, gizatasuna Jaungoikotasunarekin unitu zan unetik, edo instantetik: baizik adiñaz konforme kanpotik agertzen zuelako: guri erakusteko, adiñean, eta ezagueran aurreratzen goazen bezela, birtutean, eta Jaungoikoaren amorioan, eta grazian azi, eta indarrak artu bear ditugula). Eta Jesusen gurasoak, au da, Maria Santisima, eta San Jose zijoatzen urteoro Jerusalena Paskuako jai andian: eta Jesu-Kristo, amabi urtera eldu zanean, berekin eraman zuen: eta ango lan guziak egin zituenean, festa ondoan, etxera biurtzen zirala, aurra gelditu zan Jerusalenen, gurasoak oartu bage: uste zuen oek bazerraiela beste jendeen artean: (eta bearbada, zerren aurrak zijoatzen, naiz aitarekin, naiz amarekin; eta gizakumeak alde batera, eta emakumeak bestera berezirik, edo aparte zebiltzan, uste izan zuen Maria Santisimak San Joserekin zijoala: eta onek uste zuen Maria Santisimarekin zetorrela): eta uste orretan egun bateko bidea egiñ zuen eta illunabarrean txit penaturik agiri etzalako, aren galdez beren aide, eta ezagunai ibilli ziran: eta eziñ iñun arkitu zuenean, urrengo goizean Jerusalena beren aur maitearen billa itzuli ziran: eta irugarren egunean Jerusalengo Tenplo Santuan Doktore, eta legeko maisu, edo erakusleen erdian jarririk arkitu zuen, alako Jaungoikozko modestiarekin aen esanak aditzen zituala, eta alako jakinduriarekin bere galdeak egiten ziztela, nun guziak zeuden arriturik aren prudenziaz, eta aren eranzueraz. Eta era onetan ikusi zuenean, miritsi edo admiratu ziran: eta Amak esan zion: nere semea: Zer egiñ diguzu modu orretan? Ona nun zure Aita, eta ni naigabez, eta penaz beterik zure billa ibilli geka. Eta biai eranzun zien: Zeri dagokala era orretan billatu nazue? Etziñakien bada, nere Aitaren lanetan, au da, aren gustoa, edo borondatea egiten nik jardun bear nuela? Eta etzuen osoro erreparatu, edo bereala konprenditu, zer esan nai zien eranzuera orrekin. Aditzera eman nai izan zien, nor zan, eta zertara Zerutik lurrera etorri zan: au da, bere Aita Eternoaren borondatea egitera: eta guri ori kunplitzen erakustera etorri zala: eta orretako nai ta ez gaztedanik, eta gure bizi guzian, aren legea ikasten, eta gogoratzen jardun bear degula: bada bestela eztegu jakingo Jaungoikoak zer agintzen, eta zer eragozten digun, eta ezpadakigu, eziñ aren Majestadeak nai duena egingo degu. Jesu-Kristok berak orrelako ikaste bearrik etzuen, bada zan neurribagea aren jakinduria: baña ejenplo ori guzioi, eta batez ere gaztetxoai eman nai izan zien: eta baita ere, orretan erakutsi zigun, Jaungoikoaren borondatea jakiñ ezkero, munduko errespeto guziak, eta personarik estimatuenak, eta maiteenak, nola gure gurasoak, senideak, humeak, senar-emazteak, eta adiskiderik maiteenak eztiguela eragotzi bear Jaungoikoari obedezitzea, eta guziak baño geiago bera amatzea: eta ala Jesu-Kristok berak bazekian ere, nolako naigabea izango zuen aiñ maite zituan bere Ama Santisimak, eta bere Aita-ordeko San Josek ixillik Jerusalenen gelditu zanean: eta aen pena, hitz bat esanaz, erremediatu bazezakean ere, naiago izan zuen bere Aita Eternoaren borondatea egiñ, gurasoai gusto eman baño, eta eztezue orrezaz zer miretsi: Ama Santisimak, eta San Josek batere kulparik izan etzuelako: bada Jesu-Kristok berak iñoiz ere utsegiterik batere egiñ etzuen: eta iñork baño naigabe geiago sufritu zituan, eta nai zuen, berak bezela, bere Ama Santisimak, eta Aita San Josek guzioi pazienziaren ejenplo miragarri bat ematea: eta guzioi erakustea Zeruko bide zuzena, guztiz bearra, eta guztiz probetxugarria dala gurutzearen bide erreala: eta mundu onetan zenbat geiago Jaungoikoagatik, eta gure salbaziogatik sufritzen degun, eta nekatzen geran, anbat merezimentu geiago oraiñ, eta anbat gloria geiago Zeruan gozatuko degula eta orra dotriña guztiz ederra guziontzat, aprobetxatu nai bagera. 3. G. Eta orren ondoren zer beste gauzarik dio Ebanjelio Santuak? Jesu-Kristo jetxi zala bere gurasoakin, eta Nazaretha etorri zala, eta aen mendean zegoala: eta Maria Santisimak orduko aren hitz guziak bere biotzean gorde zituala, aen gañean bere konsiderazioak astiro egiteko: eta orra beste ejenplo eder bat guzionzat: bada ogia gorputzarenzat bezin bearra degu Jesu-Kristoren hitz Santuaren alimentua animarenzat. Eta azkenik dio Ebanjelioak berak, Jesu-Kristo edadean, edo adiñean aurreratzen zijoan bezela, agertzen zijoala geiago Jaungoikoaren, eta gizonen aurrean bere sabiduria, eta grazia: eta orra Ebanjelio Santuak dion guzia, Jesu-Kristok gurasoakin erretiroan egin zuan bizitzaren gañean, ogeita amargarren urteraño. Baña gutxi badio ere, txit asko erakusten diguna: eta ori aditzera emateko, galdetzen det 1. Zergatik Jesu-Kristok, izanik Zeruaren, eta lurraren jabe soberanoa, eta Aita Eternoaren Sabiduria bera, egon nai izan zuen ixiltasunean, eta erretiroan, guraso pobre, eta beargille batzuen mendean: aei laguntzen, eta obeditzen beren neke, eta langaietan: ainbeste denboran agertu bage bere neurribageko eskualdia, eta Jaungoikozko jakinduria? 2. Zer lan ofizio, edo beargai egin zuen Jesu-Kristok denbora artan guzian? Eta 3. Nolakoak izan ziran Ama Santisimaren, eta Aita San Joseren biotzetako afektoak Jesu-Kristori begira, aren betiko konpañian, tratuan, eta konbersazio gozoan? Lenengo diot: Gauza oriek kontenplatzeko egokiagoak dirala, aditzera emateko baño: 2. diot: Jesu-Kristok berariaz autu zuela izan ditekean bizimodurik humillena, pobrena, eta nekatuena: zergatik bere ejenploarekin erakutsi nai izan zigun, munduko anditasunak despreziatzen: ondasun gura, edo kodizia gaiztoa benzitzen: gorputzaren aisatasuna, eta atsegin gaiztoen deseo, eta griña zikiñak menderatzen: eta orrela, ez munduan, ezpada Zeruan gure zoriona billatzen. 3. Diot: Aita San Joseri arotziako bere langai, edo ofizioan laguntzen ziola: eta bere bekokiko izerdiarekin egunoroko ogia irabazten zueia, gure alpertasuna kondenatzeko, eta nekearen amorioa erakusteko: eta azkenik diot: Ama Santisimak, eta San Josek izan zituen afekto, edo sentimentu gozoak Jesu-Kristorekin bizi zirala, zein esan alak dirala: bada ezta izan munduan iñor ere aek bezela Jesu-Kristoren anditasunak, edo perfekzioak ezagutu dituanik: ez eta aek bezela Jesu-Kristo amatu duanik: eta ala beti zeuden arriturik, eta Jesu-Kristoren amorioan urturik aen biotzak.

        Eskatu degiogun bada benetan Ama Birjiñari, eta bere esposo maite San Joseri, arren iritsi degiguela guzioi Jesu-Kristoren ezaguera andi bat: fede bizi bat, esperanza irmo bat, eta amorio irazeki bat; eta gero Zeruan beti kontenplatzeko, ikusteko, eta gozatzeko zoriona. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa