www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN DOTRIÑA

 

1. Zergatik dan Gurutze Santua Kristauaren señalea.
2. Nolako misterio andiak agertzen dizkigun: eta
3. Zenbat zor diogun Jesu-Kristori
Gurutzeko bere eriotzagatik.

 

        Ikusi dezuen ezkero lenagoko dotriña santuan: zuen egiazko zoriona zertan dagoan: eta ori iristeko Kristau izatea, eta Kristauaren dotriña ondo ikastea, eta ari jarraitzea zeiñ gauza bearra dan: eta bidenabar nolako honra, eta mesede aundia Jaungoikoak egin dizuen, zuek merezi bage Kristau egin zaituelako: eta ditxa eta zorion ori guzia Gurutze Santuan obratu zan gure erredenzioko misteriotik datorkigun ezkero; gaur txit kontuz aditu bear dezue: 1. zergatik dan Gurutze Santua Kristauaren señalea, eta nola egin bear dan. 2. Nolako misterio andiak Gurutze Santuak agertzen dizkigun. Eta 3. Zenbat zor diogun Jesu-Kristori Gurutzeko bere eriotzagatik. Dotriña au guztiz bearra, eta probetxugarria da: eta frutu andi bat ateratzeko, aurretik eskatu dezagun Maria Birjiña Santisimaren bitartez Espiritu Santuaren argia; eta grazia. Abe Maria.

        1. Kristauaren señalea zein da? Gurutze Santua? Zergatik da Gurutze Santua Kristauaren señalea? Zergatik Gurutze Santua dan Jesu-Kristo guruzifikatuaren figura, iduria, antza, edo imajiña bat: bada Gurutze Santuan erredimitu ginduzen. Eta zer esan nai du erredimituak izateak? Esan nai du, Jesu-Kristok bere biziaren kostuan Gurutze Santuan gure pekatuen zorra pagatu zuela: Deabruaren mendetik, edo katiberiotik atera ginduzela: eta galdurik gendukan grazia, eta Zerurako deretxoa, edo eskubidea alkanzatu zigula: bada ori guzia Jesu-Kristoren Gurutze Santutik datorkigu: eta argatik ori gogoratzeko Apostolu santuen denboratik asi ziran Kristauak, orain ere gordetzen duen Gurutze Santua egiteko oitura ona artzen.

        Zergatik geiago deitzen diogu Gurutze Santuari Kristauaren señalea? 1. Zergatik Gurutze Santuak distingitzen ditu Kristauak, Jesu-Kristogan sinisten eztuen fedebage guziakgandik. 2. Zergatik Gurutze Santua da Kristauak honratzen duen señale honragarri bat: orain humillatzen erakusten diona, eta gloriarik andienera gero jasotzen duena. Eta 3. zergatik Gurutze Santua dan Kristauaren arma indarsu bat, bere animako etsaiak goitzeko, edo benzitzeko guztiz egokia: eta Zeruko bendizioak, eta sokorruak iristeko bide guztiz eragillea; bear dan fede, debozio, atenzio, eta errespetoarekin egiten badegu: baña ez itoka, edo presaka, Gurutzeak ondo distingitu bage, egiten badegu: bada orduan, berez aiñ gauza ona, gaizki egiten degulako, Jaungoikoa gutxi-asko ofenditzen degu: eta Deabruari, iges eragin ordean, atsegin ematen diogu. Kontu bada arren N.K., Gurutze Santua beti ondo egitearekin.

        Zenbat modulan egiten du Kristauak Gurutzearen señalea? Modu bitan: Bata da ziñatzea, eta bestea santiguatzea. Zer da ziñatzea? Da egitea iru Gurutze eskuieko beatz lodi, edo aurrenekoarekin: 1. bekokian, 2. aoan, eta 3. bularrean, itz egiten degula Jaungoiko gure Jaunarekin. Erakutsi ezazu nola? Gurutze Santuaren señaleagatik + gure Etsaietatik + libra gaitzazu Jaungoiko gure Jauna +. Zergatik ziñatzen zera bekokian? Jaungoikoak pensamentu gaiztoetatik libra gaitzan. Zergatik ziñatzen zera aoan? Itz gaiztoetatik libra gaitzan Jaungoikoak. Zergatik ziñatzen zera bularrean? Obra, eta deseo gaiztoetatik Jaungoikoak libra gaitzan.

        Eta zer da santiguatzea? Egitea Gurutze bat eskuieko beatz biakin; edo esku guziarekin, bekokitik asi ta bularreraño; eta ezkerreko sorburutik eskuikoraño, izentatzen, edo aitatzen degula Trinidade Santisima. Ara nola: Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean +. Amen.

        Badago, edo agertzen da misteriorik santiguatzeko modu orretan? Bai: eta guztiz andiak. Zein dira misterio oriek? Kristauok sinisten ditugun iru prinzipalak, au da, Trinidadeko misterioa: Jaungoikoaren Semearen gizon egitea, edo Enkarnazioa: eta gure erredenzioko misterio guztiz andia.

        Nola agertzen da santiguatzeko moduan Trinidadeko misterioa? Orduan esaten ditugun itz oek, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean, argiro Trinidadeko misterioa erakusten due: bada izenean bakarrik esanaz, eta ez izenetan, aditzera ematen da: Jaungoiko egiazko bakar bat baizik eztala. Bada asko balira, esan bearko lizate izenetan, eta ez bakarrik izenean. Eta nola iru Persona Dibinoak: Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua banaka aitatzen ditugun; aitortzen degu, Jaungoiko egiazko bakar bategan iru Persona diferenteak, edo distintoak daudela, edo arkitzen dirala: eta ori da Trinidadeko misterio andia; beste aldi batean zeago aditzera emango dizuedana.

        Eta zer besterik aditzen degu; gure lan, edo obra on guzen asieran Gurutze Santua egiñaz, eta Aitaren, Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean esanaz? Gure obra on guziak egin nai ditugula, eta ofrezitzen, edo konsagratzen diozkagula Trinidade Santisimoari beraren honra, eta gloriarako Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren neurribageko merezimentuakin uniturik. Eta oitura santu ori artu bear degu: eta intenzio, edo asmo santu orrekin gure lan guziak egin bear ditugu: eta orrela Jaungoikoaren aurrean txit asko irabaziko degu: eta Zerurako ondasun andiak bituko ditugu.

        Eta nola agertzen dira santiguatzeko moduarekin Jaungoikoaren Semearen gizon egitea, edo enkarnazioko misterioak: eta gure erredenzioa? Ara nola: Gurutzea egiten degunean, jatxitzen degu eskua bekokitik bularrera: eta orrela aditzera ematen degu; Jaungoikoaren Semea, Jesu-Kristo gure Jauna jetxi zala Zerutik lurrera: eta Maria Birjiña Santisimaren errai garbietan gizon egin zala: eta ori da Enkarnazioko misterio miragarria: beste okasio batean ugariago esango dizuedana. Eta azkenik, Gurutzea bukatzeko, edo osatzeko, igarotzen degu eskua ezkerreko sorburutik eskuikora: eta orrekin aditzera ematen degu, Jesu-Kristok bere Gurutzeko eriotzarekin libratu gaituala betiko eriotzatik, edo kondenaziotik, eta igaro gaituala betiko bizitzara, eta betiko gloriaren deretxora. Badakizue alabaña ezkerreko aldean kondenatuak, eta eskuikoan Zeruraro izango diranak arkituko, edo agertuko dirala Juizioko egun andian. Eta orra nolako misterio miragarriak Gurutze Santuak, eta ura egiteko moduak erakusten dizkigun.

        Eta noiz egin bear degu Gurutzearen señalea? Obra on bat asitzen degun guzian: nezesidade, premia, estutasun, tentazio, peligru, edo arriskuren batean arkitzen geranean: eta batez ere oitik jaikitzean: etxetik irtetean: Elizan sartzean, jaterakoan, eta lo egiterakoan.

        Zergatik orrenbeste bider? Zerren denpora guzietan eta nun-nai, gure etsaiak gerra egiten diguen, eta persegitzen gaituzten. Zein dira etsai oriek? Demonioa, mundua, eta aragia. Beraz etsai orien kontra Gurutzeak indarra badu? Bai Jauna. Nundik du Gurutzeak birtute ori? Jesu-Kristok Gurutzean etsai oriek garaitu zitualako bere eriotzarekin, eta oriek garaitzeko grazia iritsi zigulako. Nola garaitu zituan etsai oriek? Demonioa, eta onen soberbia, andinaia, eta arrotasuna garaitu zuen bere guztizko humiltasun, edo obedienziarekin: mundua, eta onen gutiziak bere guztizko pobrezarekin: eta aragia, eta onen griña, eta gurari gaiztoak bere neke, dolore, eta oñaza arrigarriakin: eta erakutsi zigun Zeruko bideari jarraitzeko, eta gure etsai gaiztoak benzutzeko, edo garaitzeko, nai ta ez bear ditugula biotzeko humiltasuna: Espirituko, edo gogozko pobreza; eta gure aragia ilduratzea, ezitzea, eta sujetatzea.

        Gurutzea adoratzen dezuenean, nola esalen dezue? Adoratzen, eta bedeinkatzen zaitugu Kristo, zerren zure Gurutze Santuarekin mundua erredimitu zenduan. Zergatik orrela Jesu-Kristorekin berarekin itz egiten dezue, Gurutzea adoratzen dezuenean? Zergatik Gurutzeari zor zaion adorazioa, eta erreberenzia Jesu-Kristoren imajiña dalako: eta ala Jesu-Kristo bera Gurutzean adoratzen degu, eta eskerrak ematen diozkagu, zerren bere Gurutzeko eriotzarekin betiko eriotzatik libratu gaituan, eta betiko bizitza iritsi digun: eta orra nolako mesede, eta fabore andi eta miragarriak Gurutze santutik etorri zaizkigun.

        3. Baña, zerren ori ondo ezagutzea, eta mesede orri ondo erantzutea dan kristauaren lanik, eta egitekorik prinzipalena, eta bearrena, orain txit kontuz aditu bear dezue, eta iñoiz ere aztu bear eztezue, zenbat zor diogun Jesu-Kristori Gurutzeko bere eriotzagatik.

        Galdetzen det bada: Jesu-Kristo, Jaungoiko eta gizon egiazkoa; Zeruaren, eta lurraren jabe soberanoa; Errege guzien Erregea; Jaun guzien Jauna; zergatik humillatu zan, gure gizatasuna beregana artzeraño: eta alako pobreza, neke, eta trabajuak bere bizi guzian; eta alako eriotza gogorra, eta lotsagarria Gurutze batean iltzez josirik lapur biren erdian sufritzeraño? Gure dotriña laburrak eranzuten digu: Jesu-Kristok Gurutzean ill nai izan zuela gu pekatutik, eta betiko eriotzatik libratzeagatik. Eta ona, N.K., gure fede santuak erakusten digun misterio guztiz miragarri bat, Juduak, eta fedearen argirik eztuen munduko jakinsu arroak erakeritzat zeukena: eta Kristau arroak, mundutarrak, eta aragikorrak txit nekez aditzen duena. Baña Kristau humillak, zerurako bizi nai duenak, eta aragiaren griña, gurari, edo apetitu erabageak ezitzeko alegiñak egiten dituenak, txit gogotik, eta biotzeko poz, eta atsegiñ andiarekin, adoratzen duena, eta sinisten duena, Jaungoikoaren neurribageko poderio, edo guzialtasunaren, jakinduriaren, eta kabubageko ontasunaren obrarik prinzipalena, eta miragarriena bezela. Guziok dakizue alabaña, gauza andiagoa, eta estimagarriagoa dala gizonak ezerezetik egitea baño, gizon pekatariak Deabru, edo Demonioaren, eta pekatuaren mendetik, eta betiko eriotzatik, edo betiko infernutik libratzea: gizon pekatariak santuak egitea. Eta gizon miserable, edo doakabe batzuek Jaungoikoaren beraren semeak izateraño: eta Zeruko erreinuaren jabegaiak, edo erederoak izateraño altxatzea, edo jasotzea. Ori guzia bada, eta beste eziñ esan al baño, ondasun, eta probetxu geiago etorri zaizkigu, Jesu-Kristok gu erredimitzeko, edo erosteko, edo gure erreskaterako, eta gu santifikatzeko, bere borondatez, inozentea zalarik, sufritu nai izan zuen pasio, eta eriotza gogor, eta lotsagarritik. Bada gure lenengo gurasoak Adanek, eta Ebak, eren eulpaz, Deabruak tentatu bazituan ere, galdu zuen erentzat, eta guretzat Jaungoikoaren grazia, eta Zeruko deretxoa, edo eskubidea: eta erak, eta beren ondorengo guziok gelditu giñan Jaungoikoaren asarrean, eta deabruaren menpeko, edo katibu billau batzuek egiñik, eta oraingo, eta betiko eriotzara, edo betiko infernura kondenaturik: eta modurik batere ez genduan Deabruaren katiberiotik libratzeko; gure pekatuen zorra pagatzeko, eta Jaungoikoaren justizia, eta aserrea biguntzeko, edo aplakatzeko: eta aren adiskidetasunera, edo graziara biurtzeko: bada eziñ arkitu diteke kreatura utzetan kaudalik, edo merezimenturik (guziak orretako ill bear balue ere) Jaungoikoaren majestade soberanoari, eta aunditasun kabubageari egindako ofensa, injuria, edo agrabioaren satisfaziorik emateko: eta almenik batere gerez ez genduan, gure griña pasio erabage, eta gaitzerako makurtasunak eskuratzeko: Zerurako balio dezakean obra onik egiteko, eta birtuteari jarraitzeko. Eta estadu triste errukigarri orretan betiko galdu bearrak giñan, gure Jesus ona guzaz errukitu ezpalitz, ez guk merezi degulako, baizik bera guztiz ona, eta guztiz miserikordiosoa gurekin izan dalako: Ba ainbesteraño maite izan gaitualako, nun izanik Jaungoiko guztiz poderosoa, bere Aitarekin berdiñ, edo igual: iñoren bearrik ezertako etzuena: gugatik gizon egin nai izandu: eta Jaungoikotasuna, eta gizatasuna bere persona dibino, edo Jaungoikozkoagan unitu, edo batu ditu: gizona dan aldetik padezitzeko, eta illtzeko gai, edo kapaz izateko: eta Jaungoiko dan aldetik bere pasio, eta eriotzari kaburik eztuen merezimentua emateko: eta orrela Gurutze Santuan bere borondatezko eriotza lotsagarriarekin Aita Eternoaren justiziari gure ordez gure pekatuen satisfazio, edo pagu osoa emateko: berarekin adiskidetzeko, edo errekonziliatzeko: gu pekatutik, eta Demonioaren mendetik libratzeko, edo pekatuen barkazioa guretzat iristeko; eta bere sakramentuetan aplikatzeko: eta aurrera bizimodu on bat egiteko, eta Zeruko gloria alkanzatzeko bear ditugun sokorru, laguntasun, grazia, eta indarrak guri emateko. Zerekin pagatuko diozkagu Jesu-Kristori mesede oriek guziak?

        Baña berriz galdetzen det: Zergatik ez degu esaten bakarrik Jesu-Kristo Gurutze batean ill zala, baizik Gurutze batean ill nai izan zuela? 1. Aditzera emateko, berak nai izan ezpalu, etzuela iñork indarrik ari bizia kentzeko: eta ala bere borondatez eriotza sufritu nai izan zuela. Eta 2. ez nolanaiko eriotza, baizik izan zitekean nekegarriena, lotsagarriena, eta deshonragarriena; itz batean Gurutze batean iltzez josirik lapur biren erdian, gaizkillerik andiena, eta billauena balitz bezela, ill nai izan zuela. Eta ori zergatik? 1. Zergatik arbola bateko frutarekin eta Jaungoikoa bezela izango ziralako uste falso, edo gezurtiarekin, Demonio agro, soberbioak gure lenengo gurasoak tentatu, goitu, eta pekatura ekarri zituan: eta Jesu-Kristok beste Arbola batean, Gurutzeko Arbola santuan Demonioa bere guztizko humiltasunarekin, eta obedienziarekin benzitu nai izan zuen, eta aren mendetik atera nai izan ginduzen. Ut qui in ligno vincebat, in ligno quoque vinceretur. 2. Zergatik zenbat geiago humillatzen, eta munduarekiko deshonratzen zan bere Aita Eternoaren honragatik eta gure salbazioagatik, anbat honra, eta gloria geiago merezi zuen. Eta argatik dio San Pablo Apostoluak Jesu-Kristogatik: bere burua humillatu zuela: eta bere Aitari obedezitu ziola, eriotzaraño: eta guzien gañeko izena eman ziola: Jesusen izena aitatzean Kreatura guziak, Zerukoak, Lurrekoak, eta Infernukoak, belaunikaturik adoratu dezaten. Eta 3. humillatu zan, eta beste iñork baño geiago sufritu nai izan zuen gure pekatu guzien sustraia dan gure soberbia, antustea, eta arrotasuna goitzen, edo eskuratzen; eta orren erremedioa, eta birtute guzien sustraia, eta zimendua dan biotzeko humiltasuna maitatzen, eta ari egiten, bere ejenploarekin guri erakusteko: eta egiazko humiltasunaren prueba; edo señale segurua dan pazienzia, edo sufrimentua orobat guri erakusteko.

        Eta orra, N.K., zenbat zor diogun Jesu-Kristori Gurutzeko bere eriotzagatik. Eta orra konsiderazio gai bat, beti gogoan erabilli bear deguna: lau puntu oek iñoiz ere aztu bage. 1. Nor dan Jesu-Kristo; au da, nola dan Jaungoiko eta Gizon egiazkoa: gure egille, edo Kreadorea: gure jabe soberanoa, eta gure Erredentore, edo eroslea: gure Salbadorea, eta gure Maisu, erakusle eta gidari maitagarria. 3. Zenbat sufritu zuen bere Amaren sabel birjinalean sortua izan zan puntutik azkeneko asnasa Gurutze Santuan eman zueneraño. 3. Norgatik ori guzia sufritu zuen, au da gu pekatari itxu esgerbageokgatik: Eta 4. zergatik, edo zertako, eta nolako amorio, eta borondatearekin guzia sufritu zuen: au da, gure anima gaxoa betiko Infernutik libratzeagatik: guri betiko gloria aseguratzeagatik: guri pekatuaren gorroto andi bat artu eragiteagatik, Jaungoikoaren ofensa, edo injuria arrigarria dalako: eta gure gaitz guzien ekarlea dalako; gure biotzetan Jaungoikoaganako esperanza bizi bat, amorio irazeki bat, eta esker on, eta eragille bat sortutzeko. Eta azkenik gure borondate gaiztoa ukatzen, egunoroko gure Gurutzea, edo nekeak, eta naibagekak sufritzen eta gure Jaungoikoaren borondate santua gauza guzietan egiten erakusteagatik; eta orretarako bear degun indarra, eta grazia guretzat iristeagatik. A! gure Jesus ona zein maite gaituzun, eta zenbat zor dizugun! Eta zein itxuak eta zein eskergabeak zuretzat izan geran! Arren, Jauna, argitu gaitzazu: eta zure dotriña santua obeto ezagutzeko: gure griña txarrak ezitzeko; eta zuri orain gogotik jarraitzeko: eta gero Zeruan beti alabatzeko zure grazia iguzu, Jauna. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa