www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA IRUGARREN DOTRIÑA

 

Jesu-Kristoren Zirkunzisioko misterioa:
eta Jesusen izena.

 

        Kredoan, eta fedeko artikuluetan Jesu-Kristoren jaiotza santuaren ondoren bereala aren pasio, eta eriotza santuaren misterio andiak erakusten zaizkigu: Jesu-Kristoren aurtasuneko, eta bizitzako misterio, eta gertaera andiak aitatu bage. G. Eta ori zergatik dala uste dezue? E. 1. Zergatik Jesu-Kristoren etorrera mundura izan zan batez ere bere pasio, eta eriotza borondatezkoarekin gure pekatuen zorrak pagatzera: eta pekatuaren, eta deabruaren mendetik, eta katiberiotik guziok ateratzera; edo libratzera: eta 2. Zergatik etzan erraz, eta ez egoki Kristau guziai era batera Jesu-Kristoren bizitzako gertaera guziak erakusten; eta ikasi eragitea. Baña Eliza Ama Santak agitz deseatzen du, Kristau guziak Jesu-Kristoren bizitzako, eta aren Ebanjelio santuko egia andiak ondo ezagutzea, aekin batera eren bizimodua moldatzeko, edo zuzentzeko. Eta argatik Jesu-Kristoren misterio prinzipalak festa andiarekin zelebratu oi ditu: eta Elizako arzai, eta dotriña erakusleai enkargatzen, eta agintzen die, misterio orien, eta Ebanjelio Santuaren dotriñak Kristau guziai Elizako ofizioetan domeka, edo igande, eta beste jai andietan aditzera ematea. Eta (nola sei dotriña aldietan Adanen denboratik Jesu-Kristo gizon egin zan arteko bitartean gertatu ziran, eta Eskritura Santak aitatzen dituan gauzarik miragarrienak aditzera eman nizuen) orain dotriña banaka batzuetan, Jesu-Kristoren pasioraño, aren aurtasuneko, eta bizitzako misterio prinzipalenak, eta gertaera miragarrienak aditzera eman nai dizkitzuet: eta gaur bakarrik zirkunzisioko misterio aundia azalduko, edo esplikatuko dizuet: eta esango dizuet, noiz, nola, eta zertako Jeru-Kristo gure Jauna zirkunzidatua izan zan, eta nola orduan Jesusen izen miragarria ipiñi zioten. Eta guzion probetxu andiarekin izan dediñ, eskala degiogun Jesu-Kristori berari bere Ama birjiña Santisimaren bitartez Espiritu Santuaren argia, eta grazia. Abe Maria.

        G. Zeiñ egunez izan zan zirkunzidatua Jesu-Kristo gure Jauna? E. Orain arte berri esaten diogun egunean: jaio zanetik zorzigarren egunean: eta jakintsuak erakusten digue, Sazerdote batek zirkunzidatu zuela Ama Birjiña Santisimak bere besoetan zeukala.

        G. Zirkunzisioa zer zan? Nork agindua zan? Eta zertako zan? E. Zirkunzisioa zan zeremonioa guztiz gogor bat: bada mutiltxoai jaio ta zorzigarren egunean aragi zatitxo bat gañibeta edo kutxillo zorrotz batekin kentzen zien alde minbera batetik, eta oñaze andia ematen zien, eta odola ere isurten zuen. Eta zeremonia ori Jaungoikoak berak Abran Patriarka santuari agindu zion beretzat, eta bere ondorengo, edo jatorriko guzientzat: eta ala zirkunzidatuak izan bear zuen Jaungoikoaren pueblo berezia konponzen zuen Hebreotarrak, Israeldarrak, eta Juduak, Abran Patriarka andiagandik zetozenak bezela: eta orrekin batez ere distingitzen ziran munduko beste jende edo pueblo guziagandik.

        G. Eta Juduak distingitzeko baizik etzan zirkunzisioa? E. Bai: orrez gañera zan lege zarreko sakramentu bat, pekatu orijinala, edo jatorrizkoa barkatzen zuena: baña Jesu-Kristok, bera zirkunzidatua izan bazan ere, Abranen jatorrikoa zana bezela, zeremonia gogor ori akabatu, edo bukatu eragin zuen: eta orren orde beste sakramentu bat errazagoa, eta eragilleagoa bere lege berrian ipiñi zuen: eta da bateo santua, pekatu orijinala, eta beste edozein barkatzen duena: Jaungoikoaren grazia, eta Zeruko erreinuaren deretxoa ematen diguna: eta Jesu-Kristoren señideak, eta bere Elizako humeak egiten gaituana.

        G. Eta Jesu-Kristo gure Jauna obligaturik zegoan zirkunzisioko legeari obedezitzera? E. Ez: etzegoan obligaturik, bada bera zan lege emallea, eta legearen jabea: zan inozenzia, eta santidadea bera: pekaturik batere etzuana: zeiñ izan zezakeana; eta pekatarien, Salbadore egiazkoa.

        G. Zergatik bada pekataria baliz bezela, zirkunzidatua nai izan zuen? E. 1. Abranen jatorrikoa zala gizon zan aldetik, aditzera emateko. 2. Jaungoikoak Abrani eman zion legea honratzeko, eta osatzeko. 3. Pekaturik ezpazuen ere, nola gure pekatuen zorra bere gaiñ artu zuen, orren pena sufritzeko, eta bere odolaren kostuan pagatzeko: 4. Aiñ bearra degun humiltasuna, eta pazienzia ain ejenplo miragarriarekin guzioi erakusteko. Eta ala lotsatu bear gaitu gure arrotasunak, ikusirik Jesu-Kristo bera, Zeruaren eta lurraren jabea, Aingeru, eta santu guzien santifikatzallea, pekatuaren silluarekin markaturik bezela zirkunzisioan: eta odola dariola aiñ oñaza arrigarriak sufritzen gure amorioagatik: eta aiñ goiz, zorzi eguneko aur jaio berria oraindio zalarik.

        G. Eta aragiaren, edo gorputzaren zirkunzisioarekin zer beste gauzarik erakusten zigun gure Jesus onak? E. Biotzeko zirkunzisioa: au da, gure buruaren, eta munduko banidade, ondasun, eta atsegiñ, edo gustoen eragabeko amorioa, eta deseoa gure biotzetik kentzea: eta orren lekuan Jaungoikoaren guzien gañeko amorioa: gure lagun urko, edo projimo guzien amorio egiazkoa: eta gure animako salbazioaren deseo bizia, eta eragillea gure biotzetan sortzea, eta beti konserbatzea: eta orixe da Jesu-Kristoren dotriña, edo Ebanjelio guziaren fiñ prinzipala.

        G. Eta Jesu-Kristo zirkunzidatu zuenean, zer beste gauzarik gertatu zala dio Ebanjelio santuak?

        E. Orduantxe (orain bateoan ipintzen dan bezela) izena ipiñi ziobela: Jesus deitu ziobela: eta izen miragarri ori etzala mundukoak ipiñia, edo autua: baizik Zerutik ekarria, bere amaren sabelean sortu baño lenago: eta Aingeruak berak Maria Birjiña Santisimari, eta bere Esposo Aita San Joseri errebelatua, edo aditzera emana.

        G. Eta Jesusek zer esan nai du? E. Salbadorea, edo libratzallea: eta ori da izen bat Jaungoikoaren seme bakarrari, gugatik gizon egiñ zanari, osoro dagokiona, eta bakarrik dagokiona: izan al ditekean izenik andiena, eta honragarriena, Jesu-Kristori bere Aita Eternoak berariaz emana, anbat geiago bere seme propioa honratzeko, zenbat geiago bera bere Aitaren honragatik, eta obedienziagatik, eta gu salbatzeagatik, edo pekatutik libratu, eta Jaungoikoarekin adiskidetzeagatik humillatu, jatxi, eta beeratu zan: bada izanik bere Aita Eternoarekin betidanik Jaungoiko bat, gizon egin zan: gizonaren pekatuak bere gañ artu zituan: pekatariaren antza artu zuen, eta eriotza gogor, eta lotsagarri bat gurutze batean sufritzeraño humillatu zan, eta bere Aitari obedezitu zion. Eta argatik dio San Pablo Apostoluak, Zerukoak, lurrekoak, eta Infernukoak belaunikaturik erreberenziatzen, eta errespetatzen due Jesusen izena.

        G. Eta zergatik batez ere Jesusen izen miragarria honratu bear degu? E. Zergatik bera da Deabruaren ikaratzallea, eta Kristauaren konsolatzallea. G. Nola da Deabruaren ikaratzallea? E. Zerren, nola Jesusek goitu zituan: eta eren agintea desegiñ, eta kendu zien, asko da guk Jesusi fede bizi, eta debozioarekin deitzea, eta bere laguntasuna eskatzea, Infernuko etsai guziak ikaratzeko, eta guziai igas eragiteko: eta aen tentazio guziak benzitzeko. G. Eta nola da Jesusen izena Kristauen konsolatzallea? E. 4. Zerren Jaungoikoak agindurik, edo eskiñirik dauka, Jesusen izenean eskatzen diogun guzia emango digula gure animen salbaziorako konbeni bazaku. Eta 2. Zergatik ezta Zeruaren azpian beste izenik gu salbatu gaitzakeanik: au da, gu pekatutik atera gaitzakeanik, eta Aita Eternoarekin errekonziliatu, paketu, eta adiskidetu gaitzakenik: bada Jesusek gure pekatuen pagu, edo sakrifizio osoa Jaungoikoaren justiziari eman zion: eta sakrifizio neurribageko orren balioa aplikatzen digu, beraz ondo baliatu nai bagera: au da, egiaz humillaturik, eta pekatu egiñaz benetan damuturik, eta bizitza berri bat egiteko asmo, gogo, eta proposito irmo, eta eragillea arturik konfesio on bat egiten badegu: bada orduan Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren frutua, au da, guretzat irabazi zuen grazia, Penitenziako Sakramentu Santuan errezibitzen degu: G. Zerekin mesede ori, eta ori eragiñ dion guganako amorio guztiz miragarria, eta estimagarria gure Jesus onari pagatuko diogu? Eta zer izango da guzaz, gere itxumenagatik, arduragabetasunagatik, eta eskergabetasunagatik Jesu-Kristok erakutsi zigun Zeruko bideari jarraio nai ezpadiogu? E. Zenzatu gaitezen bada arren N.K., jarraio degiogun gogotik Jesu-Kristoren ejenploari, eta dotriñari: eta batez ere zirkunzisioan, eta bere bizitzako pauso guzietan erakutsi zigun humiltasunari, pazienziari, Jaungoikoarekiko, eta gure projimoakiko karidade, edo amorio egiazkoari. Gogoan beti eduki dezagun, ez gerala mundurako egiñak, ezpada Zerurako: eztagoala munduan gure egiazko zoriona: ezpada Zeruko erreinuan: eta ura iristeko egiazko alegiñak egiten ezpaditugu, betiko galduak, betiko zorigaiztokoak, betiko Infernura kondenatuak izango gerala: aritu gaitezen bada bertatik gure eragabeko pasio, edo griña gaiztoak menderatzen; eta orretako begira dezagun astiro, zerk eragozten digun Jesu-Kristori, eta ark erakutsi zigun Zeruko bideari jarraitzea: batzuek arkituko dezue, banidadeak, andinaiak, edo soberbiak itxuturik zauzkatela: beste batzuek diruzale, ondasunzale, intereszale gutiziosoak zeratela: eta zuen tratu, eta artu-emanetan irabazi ezkero, ondo, edo gaizki dan, oker, edo zuzen dan erreparatzen eztezuela, eta bearbada eragabeko joku andiak, eta kaltegarriak arduragabe egiten dituzuela zuen buruen, eta zuen familia tristearen dañu, edo kalte andiarekin: beste batzuek loikeriara, eta aragiaren gusto, eta atsegiñ zikiñetara emanak zeratela: beste batzuek eragabeko jan-edanetara, eta bearbada ordikeriara; zuen pasio zikiñak, eta lotsagarriak iñoiz ere menderatzeko, edo goitzeko egiazko erremediorik egiñ gabe, eta arrisku, edo okasioko perill anditik alde egin gabe. Beste batzuek aserrekorrak, puntusoak, enbidiosoak, biraugilleak zeratela: eta beste asko guztiz arduragabeak zuen obligazio jeneralak, eta zuen estaduari, edo karguari dagozkienak ondo ikasteko, eta kunplitzeko. Bakoitzak bada examiñatu, ezagutu, eta juzgatu bear degu gere burua: Jaungoikoari orretako bere argia eskatu bear diogu: eta baita benetan, eta sarri humiltasun, eta konfianza andi batekin Jesusen izenean, arren eman degigula bear degun indarra gure griña, inklinazio, edo apetitu eragabeak goitzeko: eta Kristauari, Jesu-Kristoren jarraitzalle bati dagokion bizimodu on bat egiteko: eta orrela iritsiko degu bertatik animako pake andi bat; eta gero beti iraungo duen oraingo nekearen pagua, edo saria, eta eternidade guziko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa