www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMASEIGARREN DOTRIÑA

 

Pekatuen barkazioaren gañean.

 

        Eliza Ama Santa Katolika zer dan: Jesu-Kristo gure Jaunak, eta aren izenean Apostoluak fundatu zuen Eliza egiazkoaren señaleak zeiñ, eta nolakoak diran: eta Santuen Komunioa zer dan aditzera eman nizuen aurreko dotriñan: eta kredoaren esplikazioari narraiola, gaur erakutsi bear dizuet, Eliz barruan gauden Kristauok daukagun bentaja miragarri bat, eta probetxu guztiz estimagarri bat: eta da pekatuen barkazioa, Elizatik kanpora iñork ere ezin iritsi dezakeana: atenzioa eskatzen dizuet guzioi.

        G. Zer esan nai degu kredoan pekatuen barkazioa aitatzen degunean? E. Jesu-Kristo gure Jaunak utzi diozkala bere Elizari Sakramentuak, guri pekatuak barkatzeko: eta ori bera erakusten digu gure dotriñako kartillak, Federo Artikuluen esplikazioan galdetzen duenean, nola da Jaungoikoa Salbadorea? Eta eranzuten duenean: zergatik pekatuak barkatzen dituen, eta grazia ematen digun. Eta ona Kristau guzioi atsegin, eta konsuelo guztiz andi bat eman bear digun gure Fede Santuko Artikulu bat, Jesu-Kristo gure Jaunak berak Apostoluai erakutsi ziena, Eskritura Santuak ezagutzeko doaia eman ezkero, esan zienean: «gauza bearra zan Kristok padezitzea, eta illen artetik irugarren egunean piztutzea: eta aren izenean munduko guziai penitenzia, eta pekatuen barkazioa predikatzea, eta sinistu eragitea, Jerusalendik asiaz:» (Luc. 22. V. 26.)

        G. Eta nun errezibitzen degu pekatuen barkazioa? E. Lenena errezibitzen degu Bautismo Santuan: eta aiñ barkazio osoa ematen digu Bateoko Sakramentuak, nun pekatu orijinala, eta persona larria bada beste pekatuak ere barkatzen ditu: eta pekatuari zor zaion pena guzia, ala betikoa, nola denporala osoro barkatzen digun: eta bataiatuta bereala iltzen dana, bereala dijoa Zeruko Gloriara, Purgatoriora bage. Baña eztigu bateoak kentzen pekatutik etorri zakun gaitzerako griña, edo inklinazioa: eta nola gutxi bai dira ain indarsuak, eta pasioak menderaturik osoro dauzkenak: eta noiz edo noiz utsegiten eztuenak: eta Bateo Santuan artu zuen grazia galtzen eztuenak; argatik gure Jaungoikoaren ontasun, eta miserikordia neurribageak, gure argaltasunaz errukiturik, Bateoko Sakramenuaz gañera, utzi zion Eliza Ama Santari, bateatu ezkero egindako pekatuak barkatzeko penitenziako, edo konfesioko Sakramentu Santua.

        G. Eta bateatu ezkeroko pekatu mota guziak, eta denbora guzietan, barkatu ditezke Penitenziako Sakramentuarekin? E. Bai: bear dan bezelako pekatuen damutasunarekin, eta propositu egiazko, eta eragillearekin konfesatzen baditugu. Eta pekaturen batzuei deitzen bazaie ere ezin barkatu ditezkeanak, ezta ori barkatzeko eskualdiaren faltaz, baizik pekatariaren prestaeraren faltaz: au da, bear bezela humillatzen eztalako, edo esperanza galtzen dualako: edo gorrotoari larga nai eztiolako: edo gaizki dauken besteren ondasuna biurtu nai eztuelako: edo pekatuko okasio, edo arrisku gertu, edo anditik irten nai, edo aldegin nai eztuelako: edo pekatu mortal egiteko aztura, edo oitura gaiztoa erremediatzeko, eta goitzeko egiazko alegiñik egin nai eztuelako: hitz batean ondutzeko borondate onik, eta eragillerik eztuelako: eta asmo uts, edo deseo argal, eta iruripeneko batzuekin kontentatzen dalako. Onelakoak absoluzioa artu arren, pekatuen barkaziorik iristen eztue: baña ori da eren faltaz: bada egiaz humillatzen, eta damutzen diranenzat, azkeneko asnasaetan baleude ere badago pekatuen barkazioa.

        G. Eta nor da pekatuen barkatzallea? E. Jaungoikoaren Majestadea bera, eta aren Seme Jesu-Kristo, Jaungoiko eta gizon egiazkoa dira bakarrik berez pekatuak barkatzeko eskualdi guzia daukenak: eta konfesoreak egiaz pekatuak barkatzen badituzte ere, ori eztue egiten eren birtutez, eta indarrez, ezpada Jaungoikoaren Ministroak, eta instrumentuak bezela: Jesu-Kristoren ordekoak bezela, aren izenean, eta ark emandako eskualdiarekin pekatuak barkatzen dituzte: eta ala beti da, Jesu-Kristo bera aen bitartez pekatuak barkatzen dituana. Eta Jesu-Kristo mundura etorri artean, iñoiz ere etzien gure Jaungoikoak gizonai eman pekatuak iñori barkatzeko eskualdirik: eta argatik Juduak arritu ziran, eta ezkandalizatu ziran, Jesu-Kristok pekatuak barkatzen zituala aditu zuenean: ara ze, Jaungoikoaren beraren eskualdiak artzen zituala: bada etzuen Jaungoikotzat ezagutu nai: baña Jesu-Kristo gure Jaunak, Jaungoikoaren Semea, eta Jaungoiko egiazkoa zala sinistu eragiteko, guzien aurrean milagro andi bat egiñaz, esan zien: jakin dezazuen bada, Birjiñaren Semeak pekatuak barkatzeko eskualdia edo poderea duela: jaiki zaitez, esan zion, oi batean elbarriturik ekarri zioben bati, eta zere oia lepoan ar ezazu, eta zere etxera zuaz: eta ala egin zuen elbarritik bat-batean sendatu zanak. Baña arrezkero Jesu-Kristok berak, pekatuak barkatzeko eskualdia eman zien Apostoluai, eta aen ondorengo Obispo, eta Sazerdoteai. Eta Ebanjelio Santuak argiro San Juan Ebanjelistaren ogeigarren kapituluan ori erakusten digu: bada dio, ze Apostoluai bere asnasa dibinoa komunikatuaz, esan ziela Jesu-Kristok: Ar ezazue Espiritu Santua, zuek barkatzen dituzuen pekatuak, barkatuak geldituko dira, eta barkatu bage uzten dituzuenak, eztira barkatuak izango: esango balie bezela: bear bezela prestaturik konfesatzen diranai barkatzeko eskualdia ematen dizuet: baña ondo prestatzen eztiranai absoluziorik, eta barkaziorik eman bear eztiezue: eta ortik dator pekatuak zeoro, eta prestaera onarekin konfesatzeko Jesu-Kristoren legea: bada ezin konfesoreak juizio zuzenik egin lezake, eta nori barkatu bai, eta nori ez jakin lezake, pekatariak garbiro, eta prestaera onarekin, bere animako gaitzak, edo pekatuak agertu bage: eta ala ezagutu bear dezue, konfesoreak eztirala absoluzioaren jabeak: eta prestatu bage konfesatzen danari ematen badiobe, eztiela ezer ere serbitzen: eta jakiñaren gañean prestatu bage daudenak absolbituko balitue, pekatu mortal arrigarri bat egingo lukeela: eta baditue erregla jakiñak, noiz absoluzioa eman noiz luzatu, egun batzuetarako, eta noiz ukatu erakusten dienak. Eta penitenteak obedezitu bear dio konfesoreari: bada alde batetik bere Jueza du, eta bestetik bere animako Medikua du: eta penitentearen osasun egiazkoa, eta ez iruripenezkoa konfesoreak billatu, eta prokuratu bear du. Eta Jesu-Kristoren lege orri eztiozue iritsi bear gogorra, baizik guztiz biguña, eta guztiz probetxugarria. bada 1. gure animako gaitz guziak datozkigu, txit erraz itxutzen gaituan gure soberbia, edo arrotasunetik: eta ori sendatzeko izan ditekean erremediorik egokiena, eta eragillena da, gere buruak ondo geurk ezagutzea, eta orretarako gere pekatuak banaka examinatzea, eta egin ditugun gaiztakeriak beren ondorengo kalte arrigarriakin ondo konsideratzea: bada orduan egiaz humillatuko gera: baña nola ala ere gere gauza propioetan pasioak aiñ erraz itxutzen gaituan, ematen digu Jesu-Kristok konfesoreagan, nork argitu, eta nork lagundu, gere anima gaixoak sendatzeko: eta 2. animako pake, eta sosegu guztiz andi bat dakarkigu konfesio on batek: bada Jaunaren graziarekin, edo laguntasunarekin ondo prestatzeko alegiñak egiten baditugu; deabruaren, eta pekatuaren katetatik libratu geralako, eta Jaungoikoaren adiskide egiñik gaudelako uste osoan gelditzen gera: eta 3. konfesioko Sakramentuak aurrerako ematen dizkigun indar andiak, tentazio gaiztoak goitzeko, eta bizimodu on bat egiteko, eta beste ezin kontatu ala probetxu datozkigu konfesioko lege onetatik: ainbeste, ze kendu bedi konfesioko legea mundutik, eta pueblo guziak begi bietaraño gaiztakeriz beterik bereala ikusiko dira: eta kontrara lege ori bear bezela gorde bedi, eta sarri, eta ondo konfesatzeko oitura santua artu bedi, eta mundu guzia ondurik ikusiko da. Baña ori obeto ezagutzeko, eta obeto estimatzeko, eta pekatuen barkazioa bertatik iristeko alegin biziak egitera zuek mugitzeko, eta alaiatzeko, arretaz aditu itzatzue konsiderazio gai oek: 1. pekatuen barkazioak nolako gaitzetik ateratzen, edo libratzen gaituan, eta nolako ondasun estimagarriak dakazkigun: Eta 2. nolako alegiñak egiten dituan gure Jaungoikoak pekatuko estadutik pekatariak ateratzeko, eta bere graziara, eta adiskidetasunera ekarteko. Eta nolako alegiñak egin bear dituen pekatariak erak pekatuaren eriotzatik piztutzeko, eta graziaren zorioneko bizitza iristeko. Eta ona, N.K. dotriña labur baten ezeze, sermoi askoren gaia, bear bezela aditzera emateko: baña nik laburtxo aitatuko dizkitzuedan egiak, zeurok astiro pensatu, konsideratu, eta ausnartu bear dituzue: eta probetxu guztiz andi bat aterako dezue: eta bearbada orretantxe egon diteke, zuek betiko infernutik libratzea, eta betiko gloria iristea: bada konsiderazioaren faltatik dator itxumena, pekatuan gogortzea, eta betiko kondenatzea.

 

        G. Nolako gaitzetatik libratzen gaitu bada, eta nolako ondasunak ekarten dizkigu pekatuen barkazioak? E. 1. Libratzen gaitu Jaungoikoaren aserretik, eta etsaitasunetik, eta beraren adiskide egiten gaitu: Atrebituko ziñate zeure bizia, zure ondasunak, eta zure fortuna, edo zorion guzia bere eskuan daukan, zure Erregearen, edo zure Juez, edo zure jabe baten asarrean, eta gaitziritzian egotera; dakizularik, zure berri ondo dakiala, eta ala ere ardurabage ofenditzen, eta injuriatzen ari zerala? eroa izan bear zenduke, len baño len arren aserretik libratu zaitezkeala, libratuko ezpaziña: bada pekatuen zauden artean, Jaungoikoaren etsai zera, aren aserrean zaude, eta bere eskuan dauka zuri bizia kentzea, eta infernuko karzela illun, suz eta garrez beterik dagoan artara betiko botatzea: baña pekatuaren barkazioa penitenzia egiazko batekin iristen badezu, pakeak Jaungoikoarekin egiten dituzu: aren adiskidetasunera biurtzen zera, infernutik libratzen zera: eta Zeruko Gloria betiko seguratzen dezu: eta nor ori sinisten duelarik, pekatuan dagoala lo egitera atrebitu liteke? baña ala ere: Zenbat arkitzen dira peligro izugarri orretan ardurabage, konsiderazioaren faltaz? 2. bekatu mortalean dagoana, deabru, edo demonioaren zorigaiztoko esklabo, katibu, edo mendeko billau bat, deabruaren antzekoa da: izan ditekean gauzarik itxusiena, eta nazkagarriena da: eta fedeko argiarekin bezela, gorputzeko begiakin ikusi al bagenzage aren animaren itxustasun izugarria, alako monstruo ikaragarria ez ikusteagatik, aren iges, deabru bategandik bezela egingo genduke: Nork eztaki bada deabrua bera dagoala aren biotzaren jabe egiñik? eta aren biotzean bere jarlekuan, eta bizilekuan bezela arkitzen dala? Nor arritzen ezta ori ondo konsideratu ezkero? Bada penitenzia egiazko batekin pekatuen barkazioa iristen duen instantean libratzen da pekataria deabruaren katetik: botatzen du deabrua bere biotzetik; kentzen du animatik itxutasun izugarri ura guzia: eta nolako zoriona, eta ondasunak bertatik iristen eztitu? bada gelditzen da bertatik Jaungoikoaren graziaz, eta ari darraizkan birtuteakin apaindurik, ederturik, eta Aingeruen antzeko egiñik: Jaungoikoaren seme, edo alaba maite egiñik: Jesu-Kristoren senide, eta mienbro bizi, eta Espiritu Santuaren eserleku, eta bizitoki guztiz eder bat egiñik: len Zerurako saririk batere ezin irabazi zezakeana, egiñal guzia egiñ arren, orain grazia iritsi ezkero, bertatik merezimentu guztiz andiak, eta geroko gloriazko ondasun betikoak, eta munduko tesoro guziak baño infinitamente geiago balio duenak irabazteko deretxoarekin gelditzen da: eta lenago betiko Infernurako kondenaturik zegoana, Zeruko gloriaren heredero egiñik. Eta ori guzia nori zor dio pekatariak? Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuari, aren kabubageko merezimentuai: orien frutua aplikatzen zaio bada, pekatuen barkazioa Sakramentuetan ematen zaionean. Orra zein gauza estimagarria.

        G. Eta frutu miragarri ori, au da pekatuen barkazioa, eta orri darraizkan ondasunak guri iritsi eragiteko, nolako alegiñak egiten ditu bere aldetik gure Jaungoikoak? Eta nolakoak egin bear ditu pekatariak ori bera iristeko? Badakizue, eta sinisten dezue N.K., gure Jaungoikoa dala Jaun bat infinitamente ona, infinitamente poderosoa, infinitamente sabioa, edo jakinsua, infinitamente justua, eta gauza guzien prinzipioa, eta fiña, au da, geran guzia eman diguna: guzia zor dioguna: eta gure zorion guzia orain, eta eternidade guzian bere eskuan daukana: bada orobat jakin bear dezue, gure Jaungoikoak bere ontasun kabubagea, bete poderio neurribagea, bere jakinduria guzia, eta bere justizia, edo zuzentasun fin bagea enpleatu dituala, eta enpleatzen dituala beti, gizon pekataria bereganatzeko alegin guztiz andiak egiten: egia da, aren Majestadeak nai izan balu, guziok kondenatu gintzakeala, guraso pekatari, eta errebelde batzuen humeak bezela: baña nai izan digu eman, guk batere merezi bage, bere Seme propioa bera, Jesu-Kristo gure Jauna bera, gure Salbadore, gure Erredenptore, eta gure Maisu, eta gidari izateko: eta onen odolaren kostuan atera nai izan gaitu Bateo Santuan deabruaren katiberiotik, eta pekatutik: eta eman zigun bere grazia, eta birtutea, eta egiñ ginduzan Jesu-Kristoren zati, edo mienbro biziak, eta bere Elizako humeak, eta Zeruko herederoak: eta orrelako fabore, edo mesede guztiz andiari, esker bagetasun arrigarri batekin eranzun badiogu ere; eta bere grazia, eta adiskidetasuna gere kulpaz galdu badegu ere; aiñ ona, aiñ errukitsua, eta aiñ mesede gille biguña izan da gurekin aren Majestadea, nun betiko Infernura bota ordean, epeak eman dizkigu: itxon digu: gure eranzuera txarra sufritu du: beragana deitu gaitu, eta beti deiez dagokigu; eta azkenik zenzatu nai badegu, argitzen gaitu, beragana erakarten gaitu, eta indartzen gaitu, gure erabageko pasioak goitzeko: pekatuen kateak urratzeko: egiazko penitenziarekin pekatuen barkazioa, Jaunaren beraren grazia, eta Zeruko deretxoa berriz iristeko. Orretarako, zenbat gogargi, inspirazio, eta pensamentu santu gogora ekarten eztizu aren Majestadeak? Batzuetan ikaratzen, eta bildurtzen zaitu pekatuan supito iltzeko peligroarekin, txit asko ill diran bezela: beste batzuetan gogora ekarten dizu, urlia, eta berendia bere zoramendian, egiazko penitenziaren señalerik eman bage ill zirala: eta eskuarkiro Infernuan egongo dirala: beste batzuetan ezagutu eragiten dizue, kondenatuak izateko daukazuen arrisku guztiz andia, erabageko joku luzeari, edo andiari, eta bataren, eta bestearen kaltegarri andi danari largatzen ezpadiozue: moskortzeko oitura galgarri ori goitzen ezpadezue: birau, edo maldizio gaiztoak, edo juramentuak ardurabage egiteko daukazuen kostunbre gaiztoa benzitzen ezpadezue: erraz aserratzeko, gorrotoan jarteko, eta bengatzeko aztura erabageko ori menderatzen ezpadezu: pazienziaren, eta karidadearen birtuteak iristeko, eta exerzitatzeko alegiñak egiten ezpadituzu: erabageko danza zikiñak, eta jostatze, eta hizketa loiak ezpadituzu. Zenbat bider gogora ekarri dizu gure Jaungoikoak, edo zere bakarrean, edo sermoietan, edo dotriñetan, edo konfesorearen konsejuetan, edo zure adiskide onaren konbersazioetan eternidadearen pensamentu guztiz indarsu, eta eragillea? Edo betiko betiko Zeruko gloria, eta ango ondasunak, eta kontentuak galdu bearra: eta beti-betiko Infernuko su, eta garretan erretzen, kiskaltzen, oñazaren pasioz ler, eta estanda egiten egon bearra: barrutik, eta kanpotik dolore, oñaze, eta tormentu arrigarriak sufritu bearra, iñoiz ere alibiorik izateko esperanzatik batere bage? edo kontrara, penitenzia egiazkoa, eta bizitza ona egin nai badezu, gaitz izugarri orietatik betiko libre, eta betiko zorionaren jabe izan bearra. Onelako pensamentu santuak, edo oen antzeko beste batzuek Jaungoikoaren deiak dituzue: aren Majestadeak zuek ondu, eta salbatu nai zaituelako, argitu, utkitu, mugitu, eta beregana ekarri nai zaitue. Eta ortik atera ezazue kontu, ez jaramon egiten badiozue: gogortzen bazerate, penitenzia egiazkoa, eta bizitza berria bertatik egin nai ezpadezue, nolako injuria, eta desprezioa Jaungoikoaren ontasunari egiten diozuen: eta aren Majestadea aiñ ona dalako, eta beti sufrituko zaituelako, eta gogoak ematen dizuenan barkazioa eskatu, eta miserikordia iritsiko dezuelako ustean, penitenzia luzatzen badezue; zuen zorigaiztokoak! bada ona bezela, justua, eta justizigillea da: eta, edo lekurik gero emango eztizue penitenzia egiteko, edo leku izan arren, zer egin jakingo eztezue azkeneko gaitza datorkizuenean: orduan azoratuko zerate, eta egiazko penitenziarik egin bage illko zeratelako bildur andia eduki dezakezue. Bada erregla jenerala da: nola bizi, ala ill: ondo bizi dana, Zerurako: gaizki bizi dana Infernurako. Ez erremediorik eta pekatuen barkaziorik eztagoalako, azkeneko asnasetan ere, baizik pekataria, batez ere gaizki oitua, orduan prestatzen, edo disponitzen eztalako bear bezela: bada denbora estu artan, eskuarkiro illundurik dago adimentua, eta borondatea argaldurik, eta kemenik bage arkitu oi da, orduan penitenziako aktoak bear bezela egiteko.

        G. Zer erremedio bada, ez kondenatzeko, eta pekatuen barkazioa aseguratzeko? E. Geroko utzi bage, bertatik esnatu bear gera, aditu dituzuen egiak sarri gogora ekarri: oitu egunoro konsiderazio piska bat egitera, betiko Infernuaren, eta gloriaren gañean: pensatu askotan Jaungoikoaren ontasun, eta miserikordia kabubagea: eta egin dizkitzuen mesede guztiz andiak, eta zuen esker gaiztoak: eta zuen barruan lotsaturik, humillaturik, eta damuturik, eta bizitza berri bat egitea erabakirik, eskatu sarri, eta benetan Jaungoikoari pekatuen barkazioa, humiltasun, eta konfianzarekin Jesu-Kristoren izenean: eta orrela prestaturik ondo, eta sarri konfesatu, eta komulgatu, eta peligrozko okasioai alde egin, eta oitura gaiztoak menderatzen, edo benzitzen aritu bear dezue, humildadearekin, eta konfianzarekin Jaungoikoari laguntasuna eskatuaz: eta onela pekatuen barkazioa iritsiko dezue, eta seguratuko dezue betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa