www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa  

GEHIGARRI SOLTEAK

 

        Eleiza santak dauzkan lau ebangelistatik bat da, batez ere, gozotasun geiagorekiñ itz egiten duana gizonen gañean, eta au da S. Juan Ebangelista. Nun ikasi zuan S. Juanek bere eskribuetan erakusten duan gizonentzako maitasun andia? Nun? Ez al dezue igarten, a? Nun ikasiko zuan Jesusen albuan ezpada? San Juanek, bere burua makurtuta, Jesusen bularren kontra euki zuanean, sentitu zuan Jesusen biotzeko tanbada ta gorabera, eta esagutu zuan Jesusegan etzeguala beste gauzarik Aita zerukuarentzat ta mundu guztiko gizonentzat maitasun neurri gabeko bat baño; Jesus etzala beñere bukatuko etzan maitasunezko iturburuba baizik; eta au esagutu ta gero eskribatu zituan gizonentzako añ pozgarri diran itz eder abek: Deus chantas est. Jaungoikoa karidadea da, Jaungoikoa maitasuna da.

        Eta iñork dudarik izan etzezan, S. Juanek izkribatu ta utzi zituan itz abek: «Nik esaten dedana nere begiakin ikusi det ta nere belarriakiñ aditu det, nik ikusi ditut Jesusen mirariak, nik euki det Jesus nere alboan, nik ikutu diot nere eskuekiñ». Testimonium perhibuit verbo Dei, et testimonium Jesu Christi quaecumque vidit.

 

* * *

 

        ... biar itz egingo det Jesusek zigun maitasunaren gañean, ta etzi, Jaunak indarrik ematen badit, esango dizuet zer dan anima bat egia gabe ta maitasun gabe bizi danean.

 

* * *

 

        Euskal-Erria da, ta Bizkaia ere bai noski, Euskal-Erriaren zatia bat dalako, egiazko leñargitasun ta prestutasunaren jabea, bada emen prestutasuna ta leñargi izatea lurrari dagozkio lurrari eutsiak daude, bere aritz zarrak lurrari eutsiak dauden bezela; ta ainbesteraño da au egia eze gure mendi latzen artean jaiotzea da naikoa leñargi, odol garbiko, etorburu edo jatorri onekotzat edonun artzeko euskalduna beste titulu gabe

        Euskaldun enda edo arrasa on, azkar ta biotz andikoari, iñoiz ere loitu eztan euskaldun arrasari dagokio apartetasun au, bada bera da besterik ez bezela miragarrizkoa?, biotz barrutik katoliko ta elizkoia?, ,umantkorra santutasuneko ibarretan, goitandi ta ikusgarrizko bizitzako ibillera guzietan, samur ta maitalea etxean; arrasa langillea, irabaskorra, argia ta jan gutxikoa, onbidetik dabillena ta erritar erbestekoak egiaz gora jaso duena, lurra umantez ta zerua santuz bete duan arrasa.

        Nik agurtzen zaitut toki santu onetatik Euskal-Erri zorionekoa ta Jaungoikoari erregutzen diot jarraitu dezala bere laguntasun bedeinkaerak zure mendi, uri ta baserrietara bialtzen, eta lur onetan bizi diraden guztiak, beren antsiñako leñargitasun ta odol garbiak eskatzen duan bezela, goietatik datorzkioten bedeinkaeri leialak izan detezela beti, aitona zarren oiturak gorde ditzatela erbestetik datozen oitura gaistoekiñ eztitezela nastu, Gernikako aritz maiteak sinboliza nai dituan lege zarrak maita ditzatela; bada Gernikako arbola da antsiñetako lege zuzen, eder, kristandadetik artuak bere ostro artean erakusten dituan aritza, dolloren inbidia ta andien tsaloa daukan euskaldunen bandera. Maita zazute, a., maita zazute, gañera, zuen izkuntz ederra, agurtu zazute Euskalerria nik berriz agurtzen detan bezela, erritar batek bere erri ona, seme batek bere Amatxo laztana maitatzen duan irudira.

 

* * *

 

        Mariak, bere burua aberastasunez beterik ikustean, alabatzen du Jaungoikua esanaz. Magnificat anima mea Dóminum. gizonak ta emakumeak zerbait iñork emana, limosnaz emana bere gañeak ikusten duenerako, maitatzen due ta alabatzen due beren burua.

        N. a. Izan gaitezen gizon ta emakume kristauak; begiratu gaitezan Mariaren ispilluan; ikasi dezagun beiñ betiko Mariagandik garbiak izaten beti, pensamentuz, itzez ta egitez; ikasi dezagun umillak izaten ta Jaunari eskerrak ematen gauza onenbat badaukagu, bada Jaunak emana da; eskaitezen kristauak izan itzez ezpada ese obraz.

        O nere Ama zerutarra! Zu zera munduaren osasungarritzat sortua! Zure tronu orretatik gugana begiratzean gure konzienzia loitua ikusten badezu, begiratu zaiguzu errukiz ta eman eiguzu astija ta indarra konzienzia abek ondo ondo garbitzeko, bada emendik aurrera nere aditzalle guztiak zure gisara garbiak nai due izan. Ikusten badezu, o umiltasunezko erregiña gure biotza arrotasunezko pensamentuetan ibilli dala sarri, eman eiguzu argia gure ezereztasuna ondo esagutu ta umillak izan gaitezen. Izan gaitezela garbiak ta umillak, bada esagutzen degu garbientzat ta umillentzat dala zerua, zein guzieri opa dizuedan. Amen.

 

aurrekoa