www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PEDRO

 

Asteasu — 99

 

Ecce pono in Sion lapidem summum,
electum, probatum, pretiosum.
(Isaias Igarlearen itzak bere liburuetako 28 garren irakurburuan,
eta A. S. Pedroren eskutitzetako II garrengoan.)

 

        N. a. m.: Munduan egia falta da, mundua egi bearrean dago. Egia zer gauza bearrekoa dan jakiteko, eztaukagu ikustea baño gizon guztiak maitatzen duela (itxura beintzat), gizon guztiak esaten duela berena dala egia. Gaistakeririk andienaren alde lan gogorrean dabiltzan gizonak, gauzarik okerrenaren alde itz egiten dutenak, beren biotza bidegabeko maitasunez ta zikinkeriz betea daukatenak, norbere gogo, uste ta iritziarekiñ aurrera ateratzeagatik egia garbiaren kontra jokatzen dutenak; lenengo gezur ondo asmatu gabea esaten duan ume koskorretik asi ta erri andietako eskola nagusietan arrotasunez beterik erakustekorik gaistoenak erakusten dituzten maisuetaraño; istun eder diradenak mingañ moteldunak egundo ezer ikasi eztutenak, gizon jakintsuak, ausilariak, izkribatzalleak, goikoak eta bekoak, denak esango dizute arrotasunik andienarekiñ: «au da egia, nik esaten det egia, nerea da egia». A! Esagutzen dute denak ere, esango baluteke zuzen, beren biotzetan sentitzen duten bezela, bear bada, «au da gezurra, nerea da gezurra» ordu artan bertan galdua geldituko litzatekeala beren ausia.

        Bada orduan, esan genezake guk oraiñ, gizon guziak egiaren aldekoak badira, gizon guziak egia badiote, dena izango da egia lurrean? A! Ez, a. Lurrean gezur asko dabill, txit asko: gezurrak umien artean, gezurrak gizon zarren artean, gezurrak ezjakiñen artean, gezurrak jakintsuen artean ere. Gizonak, askotan, bere barruko gogamen edo pensamentua eztu dan bezela erakusten; gizonak, askotan, bere biotzeko gogo ta sentierak estaldurik agertzen ditu beste gizonen aurrean: bañan, gogorik onenarekiñ jokatzen duanean ere, gizonak berez, oso indar gutxi dauka egia billatzeko. Gogorik onenarekiñ lurbira onetako jakiturien billa dabillenean, jakituri oietako bide illunetatik zear barrura joateko, laguntasun bat bakarrik dauka, Jaungoikoak emandako argi errañotxo bat, adimen argala; ta orregatik, gizon bat bakarrik, beñere ezta lurreko jakituri guzien jabe izan, bere bizitza guzian lanean egon bada ere; ta bere arrotasun galgarri pustuan Jaungoikoaren jakituria ikusi ta neurtu nai izan badu berriz, a! orduan, gizonak buruan daukan argi errañuak bere argaltasun ta ezereztasuna esagutzen lagunduko dio.

        Egia zerutarra da, n. a. m., eta zeruetatik jetxi zan, ta arranoak beren kabia arkaitz gogorrean egiten duten bezela, Jaungoikoak arri gogor batean ipiñi zuan egiaren kabia. Ecce pono, esan zuan Berberak, Isaias Igarlaren aotik, in Sion lapidem summum, electum, probatum, pretiosum, et qui crediderit in eum non confundetur. Ara Nik nola ipintzen detan Siongo mendi gañean arri bat, arririk onena, neuk aukeratutako arri ederra: arri onen gañean egongo da beti egia ta beragan siñistatzen duana ezta egundaño gezurtatua izango.

        Asteasutarrak: zuen Patroi andi S. Pedro izan zan lenengo arria, ta bere ondorengo A. Santu guztiak gero. Ikusi ditzagun gaur arri eder onen apainduri ta eskubideak, bertatik esagutu dezagun zeñ aundi ta maitagarria izan zan zuen Patroi A. S. Pedro, ta zeñ andi ta maitagarriak diran bere ondorengoak. Au da nere gaurko itzaldiaren gaia.

        Lagun zadazute denok lanbide onetarako bear detan argia zerutik jaristen, gure Ama Maria txit santari, oitura dan bezela Agur Maria esanaz.

        Ecce pono in Sion, etc.

        Egi-arriaren lenengo apainduria da, n. a. m., gauzarik andiena izatea: Ecce pono in Sion lapidem summum, ara emen nola ipintzen detan Siongo mendi gañean arririk andiena, dio I. Igarleak. Eta benetan, zein da lurrean Aita Santua beste? Iñortxo ere ez. Andiak dira lurreko erregeak, eztegu nai ukatu, eskubide luzeak dauzkate: beren izenean egiten dira errezumetako legeak, beren eskuetan dauzkate katigutegietako giltzak, beren eskuetan egon oi da gizon askoren ondasuna, ta baita ere, askotan gizonen bizitza bera; baño milla aldiz andiagoak dira A. Santuaren eskubideak: berak erakusten dute zer ta nolatan dan Jaungoikoaren egiazko legea, bere eskuetan dauzka zeruetako ate zabal pozgarrietako giltzak, bere eskuetan dauka gizonen animako ondasuna, gizonen betiko zoriona, ta baita ere gizonen betiko zoritxar negargarria. Munduko erregeak lurreko gauzai, gau illunean, argi apur bat ematen dioten illargia bezela dira; ta A. Santua Jaungoikoaren irudira sortutako animai zerurako bidean argi egiten dioten eguskia bezela. Eskubide guztiak Jaungoikoarenak dira, ta Jesus Jaungoikoak eman zizkan S. Pedro lenengo A. Santuari erregeai baño askozas andiagoak, Jesusek esan zion Tu es Petrus milla bidar entzun dezuten bezela, «zu zera arria ta zure gañean egingo det Nik nere Eleiza egiazkoa»; ta orregatik A. Santuaren mendekoak dira gaur beste kristandadeko aginpide guziak. Orregatik Kalzedoniako Batzar santuak Erromako Eleizari deitzen dio caput omnium ecclesiarum, munduko eleiza guztien burua; Nizeako lenengo Batzarrak erakusten du, gañera, Erromako Eleiza eleiza guzien buru ta nagusi dan bezela, Erromako A. Santua dala mundu guziko Artzai edo Obispoa, Apaizik andiena, Eleiza gustiko gurasoa, universalis episcopus sumus Pontifex, Ecclesiae pater; eta Justiniano errege nagusiak esan zuan: eztala inortxo ere lurrean eleizgizon nagusiaren egolekua Erroma dala esagutzen eztuanik: nemo est qui dubitet Summi Pontificatus apicem apud Roman esse. Orregatik ere Eleiza Santuko batzar guzietan Erromako Aita Santua izan da aurrenengo buru bezela jarri dana ta nagusi; ta berak dauka Artzai berriak egiteko ta sinistea ukatzen duenak edo okertu nai duenak eleizatik kanpora ateratzeko eskubidea; orregatik S. Atanasio, S. Pedro Alejandrino, S. Marzelo, S. Krisostomo, Teodoreto eta beste lenengo eunkidetako Artzai, Apespiko edo Obispoetatik asi ta gaur arterañokoak beti joan izan dira Erromako A. Santuagana argi eske ta beren artaldietako berriak ematera, bada an Erroman dago Pedroren ondorengoa, Sion mendiko arririk nagusiena. Ecce pono in Sion lapidem summum.

        Ta eztezazutela uste izan gaurkoa dala nagusitasun au: gizaldi guzietan edonork esagutu duana da, jauregi aberatsetan urre-zillarrez jantzirik bizi diraden erregetatik asi ta gizonik argal umill ta beartsuenetaraño. Juan Aita Santua Konstantinopla deritzaion urira joan zanean, Justino Goierregeak erri guztiko gizartearekiñ erten zion bidera, auspestu zan umilkiro A. Santuaren aurrean, utzi zuan alde batera bere urrezko erregezigorra, kendu zituan bere agintaritzako jantzi ederrak, ta A.

        Santuari erregutu zion jantzi zaiozkala berriro bere eskuekiñ, bada orrela izango zala bene benetako agintari ta errege. Eleizako istori edo kondairetan irakurtzen degu gañera Justiniano Goierregeak erri guztiaren aurrean muñ egin ziola oñetan Konstantino A. Santuari, Franziako Karlos andiak Adrianori, Pipinok Estebani, eta orrela beste asko eta askok, munduaren aurrean erakusten zuela denak Pedroren ondorengoai zor zitzaion eta gordetzen zioten begirune andia. Ta orduko egunetatik gaurkoetaraño au bera gertatu izan da beti; eta gaur danean bertan, egun txarretan bizi bagera ere, irakurri edo entzun dituzue lurraren alderdi guztietatik zein ezkeintza ederrak eraman diran Erromara Leon XIII garrenaren urrezko eztaietan: neuk nere begiakin ikusi ditut ez gutxi, errege ta lenendariak emanak batzuek, beste batzuek gizon beartzuen gogo edo borondate onak eskeñiak: neuk nere begiakiñ ikusi ditut millaka ta millaka gañera, Erresuma, Dierri edo Nazio askotako langilleak nekazariak, gizon aberats ta argitsuak, lege jakiñak, apaizak eta Apespikoak Pedroren ondorengoaren oñetan auspeztzen zirala, ta arpegi askotatik bera malko ugariak erortzen ziradela Leon XIII garrenaren oña mun egitean oso samurturik. Ecco pono in Sion lapidem summum esan zuan Jaungoikoak, eztago lurrean egiarria baño gauza andiagorik, Pedro izan zan lenengo ta bere ondorengoak dira gero agintaritza andi ta maitagarrieneko gizonak.

        2. Ecce pono in Sion lapidem sumum... electum, jarraitzen du Isaias Igarleak. Electum, a., ezta bakarrik arririk andiena, da gañera arri aukeratua. Jaungoikoak aukeratu zuan Pedro Eleizaren arritzat bere siñiste sendo ta egiazko maitetasun sutsuagatik. Iru bidarrez galdetu zion Jesusek Pedrori: ¿Amas me plus quam istos? Beste zure lagunak baño geiago maitatzen nazu? Ta Pedrok, «bai Jauna, erantzun zion, Zuk dakizu ondo maitatzen zaitutana, bada ikusten dezu nere anima, ikusten dezu nere biotz maitalea». Tu scis quia amo te. Ta orduan Kristok eman zion Pedrori animak zaintzeko bear dan eskubide ta jakituria; ta jakituri orrekin irabazi zituan Pedrok, bere lenengo itzaldian, bost milla anima Jesusentzat; jakituri orrekiñ eraman zuan zuzenbidetik zeruetako ataira Kristoren artalde bedeinkatua; jakituri orrekiñ argi egiten dute Lurbira guztian Pedroren ondorengoak; jakituri ori esagutzen dute Kristoren etsaiak berak ere, ta beren eztabaida larrietan Erromara joan oi dira erabaki on baten billa, oraindik urte gutxi dala guk denok ikusi degun bezela. Jaungoikoak aukeratu zuan gañera Pedro bere apaltasunagatik, eta bere santutasunagatik. Apaltasuna, n.a., bear bearreko birtutea da; baña agintzen dutenen artean, onbide edo birtute eder ori oso gutsik gordetzen dute, ta kontrara agintari asko ikusiko dituzue arrotasunez jantzirik, bada goialdietako aizeak gizonen buruak txoratzeko indar andiak dituzte, ta zenbat eta gorago dagoan gizona ainbat eta arroago ikusi oida geienetan. Orregatik, Aita santu berri bat izendatzen danean, bere aurrean erretzen zaio mullo edo estopa zatitxo bat, onela esanaz: Pater sancte, sic transit gloria mundi: Aita Santua, emen egiten degun su au bereala amaitzen dan bezela, bereala amaitzen da lur onetako andi izatea; eta Letrango eleiza ederrera eramaten duenenan, berriz esaten zaio: suscitan de pulvere egenum; et de stércore érigens pauperem; autsetik dator gizona, zimaur piska batetik jaiotzen da. Eta onela, apaltasuna ondo ikasita gero, gizona berez ezertxo ere eztala ikasita gero, igotzen da bere jarrilekura, ez bere buruari arrokeriz begiratzeko, ezpada kristandadearen onerako, Jesusen ebangelio santua lurraren azkenengo mugetaraño zabaltzeko, gizon guztiai guraso baten maitetasun samurrarekiñ begiratzeko; eta orregatik, berak egiten dituan izkira guztietan, A Santua deitzen da servus servorum Dei, Jaungoiko santuak dauzkan Serbitzarien Serbitzaria.

        Umiltasun orregatik izan da A. Santua umillen adiskide, apaltasun ortatik sortu dira lurrean ainbeste ondasun, ainbeste eritegi, ainbeste ikastetxe, A. Santuan eregi dituan ainbeste jakituriko iturri, eta ala A. Santuari deitu izan zaio kondairetan pater pauperum, beartsuen Aita.

        Gañera, beste bide bat ere badaukagu A. S. Pedro ta bere ondorengoak Jaungoikoak aukeratutako gizonak dirala esagutzeko, eta da beren santutasuna. Badakizute, n. a. m., zenbat martiri izan diran Pedroren oñekoetan? Irurogeta amabi, irurogeta amabi A. Santuk eman due bere bizitza fedeagatik, eta fedetsaien eskuetan ill eztiran beste asko dauzkagu gure eleizetako altaretan. Esagutzen dezute ainbeste Santu eman dituen beste izate gisa bat? Bada egia andiarekiñ deadar egin genezake: Ecce in Sion lapidem electum: ara Sion mendi gañean Jaungoikoak aukeratutako arri egiazkoa.

        3. Ecce in Sion lápidem sumum, electum... probatum jarraitzen du Isaiasek. Probatum! Nork esan lezakez ondo ta garbi Pedroren jarrileku ta eskubideak izan dituan samiñ, naigabe ta eramankisunak? An daude Erroman katakunba edo lurraspiko bide ta bizileku illun tristeak beren iskuntz ixillarekiñ naikua asko ta naikoa garbi itz egiten dutela; an daude Pedroren katigutegia ta bera lotuta iduki zuan kateak; an dago Koliseoko enparantza biribill zabala, ainbeste santuren odolarekin busti izan zan enparantza oroikarria; bizi dira kondairetako liburuetan izen batzuk, madarikatzeko bada ere bizi dire Kaligula, Neron, Domiziano, Marko Aurelio, Septimino Sebero, Maximiano ta Dioklezianoren izenak; jakiña da Simon Magotik asita gerora Montanotarrak, Manikeotarrak, Donatistak; Arriotarrak, Pelajio, Nestorio ta Eutiokioren jarraitzalleak, eta gaurko Protestantietaraño beste milla gezurzalek zenbat estutu ta larritu duen Pedroren jarrilekua; baiña baita ere jakiña da Arriotar erregietatik asi ta Inglaterrako Enrique VIII garreneraiño, ta ordutik gaur arteko agintari guztiai ere bai, kateakiñ lotutzen duenean bezela bigun ta eztitsu itz egiten diotenean, Erromako A. Santuak gezurraren aurrean beti berdinkiro esaten duala: ¡non possumus! ezin geinkez gezurrarekiñ konpondu: gezurra beti da gezur, oraiñ milla urte bezela gaur ere, gaur bezela emendik milla urtera ere: egia naiz, zerutarra naiz, ezin neike jira-biratu: non possumus.

        Ezin neinke esate onek samiñ andiak ekartzen diozka eleizari, naigabe asko ematen dizka, estutzen du ta larritzen du sarriro; baina beren etsai guztiak bat eginda eztute garaituko eleiza, non praevalebunt. Ez, Eleizaren etsaiak, jaso zazute Satanasen gezurrezko bandera beltza zuen alizate guztiarekiñ; baña zuen alizatea gizon zirzillarena da, eta zein da gizona Jaungoikoaren aurrean? Emeretzi eunkida igaro dira Erromako arri gañean jasota dagola beste bandera bat, bandera zuri, eder, garbi, egiazko, zerutarra: bandera onen ondoan inguraturik bizi gera egiazko kristauak, bandera onekiñ estaldurik, gezurraren kontra gerran nai degu gure A. Santuarekin batera esanaz: non possumus.

        4. Ecce in Sion lápidem summum, electum, probatum... praetiosum, dio oraindik Isaiasek A. S. Pedrorekin batera. Pretiosum, au da, txit eder ta maitagarria. Zer dago gauza ederragorik egia baño? Zer gauza maitagarriagorik? Asieran esan det gizon guztiak maitatzen dutela ta geiago esango dizuet orain: Jaungoikoak Berak maitatzen duala. Erromako arri santuan dago egia, ta egi utza dan Jaungoikoak maitatatzen du ta indar ematen dio. Orregatik bizi da aiñ luzaroko urtietan, orregatik biziko da beti; bada Jaungoiko laguntzallea ezta beñere illko. Bizi izan ziran nolabaitean beste eleiza batzuk ere Erromakoaren mendetik ertendakoak; baño laster ondatu ziran guztiak Jaungoikoaren maitetasun ta laguntasunik etzutelako. Ta nola maitatuko eztu, nola indartuko eztu Pedroren jarrilekua zerutik lurrera gizona salbatzeagatik jetxi zan Jaungoikoak, Pedroren jarrilekua bada J. Berak egiarentzat egin zuan kabi gozoa, Bere egia zerutarra lurrean gordetzeko kutxa ederra. Ta nola izango ezta maitagarria zeruetako dotrina garbi zuzen Jaungoikozkoa gorde ta erakusten duan izatea?

        Ipiñi zazute, n. a., arreta piskatxo bat Eleizak daukan erakuste añ era oneko au esagutzeko Erakusten due lurreko maisuak ere beren jakituri apurra, mundu zabalean dauden eskola nagusietan; baño sarritan izan oi da erakusten duten guzia beren buruko irudipen bat bakarrik, jakituriako bidietan dauden illuntasun ta lauso tartean ondo ikusten eztutelako, gizonaren adimeneko indarrak oso laburrak diralako, edo baita ere askotan norbere aldeko gezurra indartu nai izaten dalako, ta beste aldetik erakusten ditu Eleizak, ez gizonen usteak, iritziak, ezpada zeruetako dotriña ta egirik miragarrizkoenak, beti garbiro ta zuzen, bere erakutzietan beñere utzik egin gabe. Zergatik orrela? Zergatik Jaungoikoaren esana erakusten duan, ta Jaungoikoa beti da egia. Ta erakuste au nai ta naiezkoa da. Lurrean siñisterik izango bada, sentiera onik izango bada, aginte onik izango bada, nai ta naiez bear da gizonen gañetiko aginte jakintsu zuzen bat, Jaungoikoarena. Ta Jaungoikoaren izenean erakusten dute Pedroren ondorengoak, bada Pedrori eman zion Jesusek eskubide ori. Pedrori bakarrik esan zion Jesusek: Pasce agnos meos, pasce oves meas. Pedrori bakarrik esan zion Jesusek: ego autem rogavi pro te ut non deficiat fides tua. Pedrori bakarrik esan zion: ego dico tibi quia tu es Petrus et super banc Petram aedificabo ecclesiam meam. Egiaren kabi bat egin nai det lurrean, eleiza bat jaso nai det, eta nik, Jaungoikoak, egiten zaitu Eleiza onen arri. Orregatik Eleizak erakutzi izan du beti egia, ta fedeko gauza da gaur, Aita Santuak bere jarrileku santutik gure siñiste edo oituren gañean itz egiten duanean egia zuzena erakusten duala beti. Ecce pono in Sion lapidem praetiosum.

        Ikusi degu, bada, n. a., nolatan dan Pedroren jarrilekua arririk andiena, Jaupak aukeratua, naigabez betea ta oso maitagarria. (Relacionar esto con la proposición) (Baña... (si se quiere)...

        Baña A. Santua lurreko izaterik andiena ta maitagarriena bada ere, bere buru gaiñean iru koroe dauzkan gizona bada ere, A. Santua beartsu bizi da ta eztauka bere semien borondateak ematen diotena baño beste ondasunik. Orregatik Euskal-Erriko Artzai jaunak agintzen du urteoro, gaurko egunean A. Santuaren alde egiteko eske bat, ta dakitalako seme onak zeratela ez naiz lotzatzen zueri ere eskari ori egiten: Asteasutar maiteak, limosnatxo bat A. Santuarentzat. Badakit, gogoa euki arren, ezingo dezutena denok dirurik eman; baiña denok eman dezakezute zerbait, eta dirua eman ezin duanak esan dezala Aita gurea bat eleizaren alde!

        Oraiñ bada, n. a. m., munduan egia falta bada, mundua egi bearrean badago, goazen denok Pedroren jarrilekura egiaren billa, Pedroren ondorengoak ematen dituan erakutziak entzun ta ikasi ditzagun. Bene benetan bagera egizaleak, gezur beltzaren mendean nai ezpadegu bizi; siñistatu ditzagun Eleizaren esanak, bada orrela biziko gera egi argitan, ta ezkera Jaungoikoaren aurrean gezurtatuak izango. Qui credierit in eum non confundetur.

        O n. kristauak! Kabi baten jaioak gera denok, Jaungoikoak Pedro arritzat arturik egin zuan kabian: ez gaitezen kabi ortatik urrutira egatu, bada bertatik kanpora illuntasun galgarria ta gezurra besterik eztabill. Eleizaren egia santuarekiñ janaritu izan gera beti: ez gaitezen, bada, janari au gabe anima goseak iltzeko zorian gelditu. Eleizaren Sakramentu santuekiñ indartu izan gera beti; Eleiza onetako Sakramentu santu ta bedeinkaera gozoak artuaz il bear degu. Guraso on bat daukagu, guraso jakintsu bat, guraso zar beneragarri bat daukagu denok: maita dezagun, lagundu zaiogun al degun bezela, erregutu dezagun biziro Eleizak garaitu ditzan bere etsai guztiak, bizi gaitezen etxadi on bateko semeak bezela gurasoaren agindupean. Eta iñoiz, seme galduaren irudira, norbaitek gaistakeriako bidetatik zear etxetik alde egin badu, datorrela berriz bere kabira, bada besoak zabalik artuko du gurasoak. Atozte, n. a., atozte Jaungoikoak egindako kabi gozora, eta etzaitezte egundaño geiago bertatik erten.

        O A. S. Pedro, zeruetan gloriaz beterik zaudena! Zu ta zure ondorengoak bakarrik esagutzen ditugu egiaren erakusletzat. Zure kontra dabiltzan guztiak gezurretan dabiltz, Zu beraganatu nai zaituan gaistakeria itxuturik dago, bada eztu ikusten gezurra ta egia ezin litezkeala kabi batean bizi. Eman eiguzu, Jauna, siñiste bizi bat, zure siñistea bezelakoa, lagundu zaiguzu gure lurreko pausu guztietan; egin zazu ezkaitzala eriotzak bere beso otzetan eztutu gezurraren edo gaistakeriaren mendean gaudela, egin zazu gure azken orduan utzi dezagula gure anima Jaungoikoaren beso bigunetan. A. S. P. Eleizaren egiazko arri santu, andi, eder ta maitagarria. Izan zaite gure guraso, eraman gaitzatzu zeruetako jarrilekuetara, zurekiñ bizi gaitezen, beti doatsu ta zorioneko, guziori opa dizuetan bezela. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa