www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKERAZ

 

De la Virgen
(Aizarna)

 

Dominus possedit me in initio viarum suarum.
Jaungoikoak gorde nituan nere lenengo egunetatik.
(Proverb. s 8.)

 

        N. a. m. Eztaukat batere denbora alperrik galtzeko gogorik, eta ala ere bildur naiz artsalde onetan denbora alperrik galduko ote detan edo ez.

        Zer da eleiz (esta geienetako sermoiakiñ gertatzen dana? Aditzen dirala belarri batetik ta ertetzen dirala bestetik; eleizatik ertetzean etzeratela gogoratzen zer aditu dezuen, edo geienez, geienez esaten diozutela alkarri: «Sermoi ederra egin du, gizon egokia da edo ezta, motela da edo argia da, epela edo gatz gabekua zan, garratza edo gogorregija; santu andia zan onelako santu edo onelako santa»... eta ezertxo ere ez geiago. Eta ori da denbora alperrik galtzea predikatzalleak eta denbora alperrik galtzea aditzalleak ere.

        Zer da, bada, aditzalleak egin biar duena sermoi batean? Aditu gogoz, ikasi borondatez, eta jarraitu ikasi dan gauza ona; ori da egin biar dezuena. Eztet nai zuekiñ aserratu, Aizarnatar maiteak: azpalditxoan esagutzen zaituet eta aspalditxoan maita; eta maite zaituetalako egiak garbiro esan biar ditut, bada egiak esatea da maitasuna benetakoa erakustea. Badakizue nik itz egiten detala anima ta biotz guztiarekiñ, eta orregatik nai det anima ta biotz guztiarekiñ aditzea ta ikastea: borondate onari borondate onarekiñ erantzun biar zaio.

        Gaurko artsalde onetan nik eta zuek denbora alperrik galduko ezpadegu, denok ikasi biar degu zerbait Mariaren sortuerako festa ederrean. Eta zer da gaur ikasi biar deguna? Ikasi biar ditugu birtute bi, munduan faltarik geien egiten duen birtuteak; garbitasunezko birtutea eta umiltasunezkoa. Garbirtasunezko birtutea da dio S. G. beste birtute guztien gañetik mendi gallurrean zeruruntz begira bizi dana, altisimus virtutum culmine vivit; bera da aingeruen birtutia eta mundu onetan santu guziak geien maitatu duena; bera da zeruetan Jaungoikoarekiñ bizi izateko daukagun jantzi ederra: posita est virginitas vivens in caelo cum Deo potius quam hominibus in terra. Eta umiltasuna? Umiltasuna da berriz beste birtute guzien zimendua, zein gabe ezin leitekian jaso birtutien jauregi maitagarria...

        Orregatik, utzirik gaur alde batera Maria gure Ama maitearen sortuerako kondaira edo historia, pensatu det ikusi biar ditugula Mariak garbitasunarentzat zeukan maitasuna eta bere umiltasun andia. Maria garbi sortua izan zala erakusteko arrasoi bat bakarra eztaukat emen, euskaldunen artean, Aizarna fedetsuan. Naikua da jakitea fedeko gauza dala, naikua da jakitea Maria izan zala aukeratua betikotasunetik Jaungoikoaren Amatzat. Nola izan zeitekian pekatuan sortua pekatua ainbeste gorrotatzen zuan Jaungoikuaren Ama? Nola izan zeitekian pekatuan sortua pekatuaren arrasa mundutik kentzeko jaiotzan zan emakumea?

        Maria zan garbi ta graziaz betia bere sortueratikan. Gauza onen gañean lenago emen bertan itzegiña naizalako, eta esagututzat emanik, ara emen gaurko sermoiaren gaia: «Gure Ama Maria izan zala sortua munduaren osasungarritzat, guri erakusteko batez ere garbitasun eta umiltasuna».

        Lagundu zadazue, n. k., onetarako biar detan grazia zerutik jaristen, eta eskatu zaiogun Jaungoikuari Ama bedeinkatu onen bitartez esanaz Abe Maria.

        Dominus possedit me, etc.

 

aurrekoa hurrengoa