www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUXTA CRUCEM

 

 

I

 

        Ama! Ze izen bigun, gozo ta samurra dan Amaren izena! Zeiñ gogoz, zeiñ erraz, zeiñ berez urteten deuskun izen eder onek gure aotik!

        Ama! deituten dau umetxu bildurtiak bere estualdi guztietan; Ama! gazteak bere poztasuneko ordu dontsuetan; Ama! gizonak eta emakumeak, nai legorreko nekean, nai itxasoko baga ta arrisku artean dabiltzala; Ama! iaiotzatik laster, Ama! eriotzako ordu larrian, sortu garean adimendun guztiok, Ama! beti.

        Zegaitik? Zerren gizon danok, iñok erakutsi baga, iatorriz dakigulako Ama dala izaterik on, samur da errukitsuena.

        Amaren biotzean ipiñi dauz Iaungoikoak biguntasunik andienak, gozotasunik eztienak, samurtasunik samurrenak eta amaibageko errukitasunik pozgarrizkoenak.

        Ama guztiak dira, bada, negarrezko ibar onetan larritasunen erdian dabiltzan gizon gizagaixoai errubagako atsegin onak emoteko iaio direan izateak.

        Errukarria Amarik eztaukan gizona.

        Baiña emakume danen ganetik bardinbagako emakume bat dakusku, errukitasunaren iturrian bertan mirariz sortua. Ama guztien Ama izateko Iaunak aukeratua, gizon danentzat bear diren atsegintasun ugariak biotzean daukazana, gizondurik eta neketan dagoan Iaungoikoarentzat bear dan aiña samurtasunegaz aberasturiko Ama.

        Ama ori Maria da, Jaungoikoaren Ama ta gurea bere bai.

 

 

II

 

        Ama batentzat, ze naibagea da bere semea ilten ikustea?

        Ai! Esan al-leikeanik naibagerik andiena. Ta seme ori bada berez ona, zintzoa, iakintsua, maitagarri kutuna, seme bakarra?

        Ai! Orduan seme orren eriotza, amarentzat, samiñik astun, zoli ta gogorrena da.

        Ta seme ori bada seme ta Guraso, Esondari ta Erakusle, Argitasun da Bizitza, Gizon da Iaungoikoa?

        Ai! Orduan Amaren miñ da zoritxarrak ertz, azken da neurririk eztauka.

        Ta seme ori gaizkile baten irudira il badautse, lapur biren erdian, Ama beraren aurrean, bere biotza urturik emongo leuskion Ama orrek laguntasun apur bat emon ezin deutsala?

        Ai! Orduan Amaren negargarritasun itzala agertzeko gizonen artean miin da izkuntzarik eztago.

        Bada Mariari ill dautse semea kurutzean, seme on, kutun, iakintsu, maitagarri, bakarra: Seme-Guraso, Seme-Iaungoiko, Erakusle argi zuzena; ta Maria kurutzearen oiñetan dago malkoz beterik Seme illari begira. Juxta Crucem lacrymosa.

        Ai! Ikaragarrizko gau illun baltzak lausotu dautsaz Mariari zeru ta lurrean argi egiteko emon iakozan begi ederrak, puzoiz beterikako sube okerrak ainka egin dautsa biotz eztitsuan, pekatu dongearen olatu garratzak bere besoetan amaitu gura izan dau Mariaren bizitza done ta bedeinkagarria; baiña Maria ezta

        lurrean gelditu iakozan semeai begiratzearren dago bizirik, negarrez, sotiñez, beastun mingotxak iruntziaz, samurtasunezko iarrilekuaren ondoan zutiñik. Justa Crucem lacrymosa.

        Kristiñauak: naibage andiak beragaz dau ixil da eskutuko indarra gizonik otzena berotzeko, biotzik gogorrena biguntzeko, bururik arroenak makurtzeko. Naigabe sakon baten aurrean eztago gizon arrorik, bular gogorrik eztago, eztago areriorik bere; ta zeinbat eta naibage andiagoa izan, ainbat eta andiagoa da errukia.

        Samiñ andi baten ondoan arro, gogor da arerio legez dagozanak, eztauke biotzik.

        Kristiñauak: goazen danok kurutze donearen kerizpera, juxta crucem, belaunikotu gaitezen gure Amaren ondoan, errukitu daigun errukitasuna.

 

 

III

 

        Zabal da gazia da itxasoa; Zerua bildurgarria da, aize indartsuaren soiñua ta trumoe gogorraren burrunbada entzuten dan ekatx eretiko gaberdian; ikaragarria da eriotzako ordua: baiña Mariaren illun larri ta gazitasunen aldamenean, ezta gazia itxasoa, ezta illuna ekatx eretiko gaba, ezta larria eriotzako ordua bera.

        Alan da guztiz bere; ain andi, sakon da mingarria izan da bere. Mariaren samiña baizen errukarria dakust beste samiñ bat: siñiste bageko gizonena.

        Mariaren naibageak badaroa beragaz batean gozotasun apurren bat, bada naibage orregaz bere lurreko semeak zerurako irabazten ditu, ta Ama batek, semeen zorionagaitik, pozarren eroan oi ditu nekerik andienak; baiña siniste bagako gizonak ezin daike gerorako ezti apur bat idoro. Andi ta sakona da Mariaren oiñazea: neurri ta mugarik eztauka; baiña era berean da andi ta sakona siñisgaiztokoen illuntasun minberea, zerren dan beti-betiko illuntasun negargarria; ta betikotasunaren mugarik egundo eztau iñok billatu.

        Egin daigun arren errukarri orregaitik. Eztira kurutze ondora joango.

        Eztira Mariaren aurrean belaunikatuko.

        Eztauke biotzik.

        Eztauke Amarik!

 

aurrekoa hurrengoa