www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN MARTIN

 

En Beasain 1900

 

Justorum animae in manu Dei sunt,
et non tanget illos tormentum mortis.
Gizon zuzenen animak Jaungoikoaren eskuetan daude,
ta eriotzaren oñazeak eztie ikuturik egingo.
(Jakituriaren liburuan III garren irakurburu
ta lenengo bersotik artutako itzak.)

 

        N. a. m: Gizonaren adimenarentzat lurbira onetan gauza bat falta da, egia: mundu zabal galgarrizkoa egia bearrean dago. Zeiñ bearra dan egia jakiñ nai badezute, eztaukazute begiratzea baizik gizon guztiak maitatzen dutela egia (itxuran beintzat), gizon guztiak dabiltzala egiaren atzetik, gizon guztiak diotela beti berena dala egia.

        Okerkeririk andienaren alde dabillenak; bide gabeko gauza txar guztiak indartzen dituanak; norbere eritzi gaistoarekin aurrera ertetzeagatik zuzentasun guztien kontra jokatzen duan gizonak; lenengo ondo asmatu gabeko gezurra esaten duan ume koskorretan asi ta izen andiko eskola nagusietan arrokeriz beterik beren erakusketa gaistoak zabaltzen dituzten maisuetaraño; istun-eder diradenak, gizon jakintsuak, errien zaintzalleak; ausilariak, izkiratzalleak, gauza guztien asiera ta sustraia billatu nai duenak; andiak eta txikiak, goikoak eta bekoak, erdaldunak eta euskalerrikoak; denak esango dizute arrotasunik andienarekiñ: «nik dakit egia, nik esaten det egia, nerea da egia». A! Esagutzen dute, esango baluteke, bere biotzaren erdian sentitzen duten gisa bear bada, «nik esaten det gezurra, nerea da gezurra», beren ausia une artan bertan galduko litzatekeala.

        Bada orduan, esan genezake; gizon guztiak egiaren aldekoak badira, gizon guztiak egia badiote, dena izango da egia munduan? A! Ez, a., munduan gezur asko da, txit asko; gezurrak umien artean, gezurrak zarren artean, gezurrak ezjakiñen artean, gezurrak jakintsuen artean ere. Gizonak, askotan, eztu erakusten garbiro bere barruko gogamena, bere pensamentua; gizonak, askotan, bere biotzeko sentierak estaldurik erakusten ditu, iñork esagutu ez ditzan; baño gogorik zuzenenarekiñ saiatzen danean ere, egia billatzeko oso argi gutxiren jabe arkitzen da, ta eztitu egundaño lurreko jakituri ta gertaera danak ikasiko, ta Jaungoikoaren gauzetan sartzen bada, Jaungoikoaren sakontasuna ikusi nai badu berriz, adimeneko argi apurrak lagunduko dio gizonari bere ezereztasuna esagutzen.

        Orregatik ainbeste aldiz iruditu zaizka gizonari eztiran gauza asko; orregatik mundu onetan maisutzat egon diran jenteak erakutzi ditue gezurrak egia eder maitagarriaren jaskerarekiñ.

        Non dago bada egia? Non egongo da? Bere iturburu garbian. Zer da bada egia? Egia, bere mami, asiera ta sustrai au artu nai badegu, egia da Jaungoikoa; bada Jesusek bakarrik esan zezakean, ta Jesusek bakarrik esan du Ego sum ventas, ez nik dakit, nik diot egia, ezpada Ni naiz egia. Ta zeintzuk dira egizaleak? Jesusen erakusbide zuzenari jarraitzen diotenak; baño ez mingañez, ezpada izatez, egitez, bene-benetan: oiek dira, S. Juanek dion bezela, betiko argitasunera dijoazenak, qui facit ventatem venit ad lucem.

        N. a. Jaungoikoaren legea ikasi ta gorde duen guztiak, santu danak izan dira egizaleak, eta oien artean erri onetako santu Loinazko Martin egizalerik andienetakoa. Goren-gorenetako malletan jarririk ikusten det, eta nai nizuteke gaur agertu, zuentzat eta Gipuzkoatar guztientzat erakuskera osasungarri bat izan dediñ «S. Martin izan zala egiaren benetako maitalea, egiagatik eta egiaren alde bere bizitza eman arteraño. Au da nere itzaldiaren gaia, ta gai au erakusteko A. Martiñen bizitza zueri gogoratzea baño beste lanbiderik eztet artuko.

        Ala ta guztiz ere, esaguturik zeiñ urri ta neurtuak diran nere adimeneko indarrak, nik eskatzen diot nere adimenarentzat argia argiaren Egille Santuari ta nere mingañerako egia egia bera dari Jaungoikoari. Gaur, maisutzat bezela toki santu onetan jarri naizen ezkero, gauza guztien esagupide sakona daukan Maisuari eskatzen diot laguntasuna, zuekiñ batera ta Ama Mariaren bitartez, oitura dan bezela Agur Maria esanaz.

        Justorum animae etc.

        1. N. a. m.: Murumendiren egalean jarrita dagoan erri polit onetan, Amunabarro zeritzaion baserritxoan, Euskalerri maitearen erdian ereki zituan bere begiak eguskiaren argitara gure santu Loinazko Martiñek. Denok dakizuten bezela bere gurasoak ziran Juan Garzia Loinaz ta Mari Martin Amunabarro, euskaldun zarrak, biotz garbikoak, Jaungoikoaren maitale onak. Oso errez erakutzi zioten Jaunaganako bildurra ta eleizarako bidea, zergatik berez zan Martin gauza on guztien zalea. Bere lenengo urtietatik sartu zitzaion animan zeruetako argia, esagutu zuan gure Jaun ta Jaungoikoa, au da, esagutu zuan egia; sutu zitzaion bere biotz samurra egiaren maitasunean, ta egia obeto ikasi ta egiaren alde lan egiteko gogoa sortu zitzaion.

        Latiña ikasi ta laster, bere animaren erdian euskaldun gurasoak ipiñi zioten onbide edo birtute asia ondo gorderik zaramala, erten zuan jakituriaren billa euskalerriko mendi eder ostrotsu abetatik Alcala deritzaion erdalerriko ikastegi ospatsura, ta ango adiskideak ikusi zuten ongi zenbateraño zan burutsua Martin ta zeiñ biotz onekoa. Gasteak beti ta edonun izan oi dira gaste, ta beste adiskide askorekiñ batean etxetik urruti badabiltza, gasteago, ariñago ta aisetsuagoak oraindik. Baño etzan Martin orrelakoa izan. «Egia ikasi ta egia maitetu»; au zan Martiñen gogo bakarra, ta batere arrotasunik gabe, Jaungoikoaren aurrean burua makurturik, Jaungoikoari laguntasuna eskatuaz, egia ikasten ta egia maitatzen saiatu zan Amunabarroko seme argia. «Ez naiz ni etorri Alcalara —uste det nik esango zuala bere artean— nere adimenaren indarrak lotan edo buruko argiak itzalirik eukitzeko ustean, ez naiz etorri nere biotza alperrik galtzera; Beasainen bezela euskaldun izango naiz Alcalan, kristau izango naiz, egizalea izango naiz, ta al badet, egia santua dalako santu izango naiz». A! Gaurko egunetan erdalerriko eskoletara dijoazen euskaldun gasteak orrela itz egingo baluteke! Askori esaten die bere gurasoak, negarrez, etxetik erteeran: «Seme, ona izan zaitezela; etzaitezela Jaungoikoarekiñ astu; seme, asko ikasi dezazula»; ta «bai, erantzuten die semeak, bai, asko ikasiko det, ama edo aita, ona izango naiz, ez naiz Jaungoikoarekiñ astuko»; baña, o mingarria! gurasoari emandako itzak laster aizeak eramaten ditu, laster asko loitzen due euskaldunaren ta kristauaren izena, ta gaistakerien erdian anima ondaturik utzi ere bai.

        Baña gauza samingarri abek alde batera utzita jarraitu daiogun Martiñen bizitzari. Urte gutxitan txit asko ikasi zuan Beasaintar argitsu onek: lurreko jakiturietan ta zerukoetan oso bide luzeak egin zituan; ta zenbat eta geiago ikasi ainbat eta geiago maitatzen zuan jakituriaren sustraia, jakituria bera, Jaungoikoa. Jaungoikoa santua zalako, santu izateko gogo aundia zeukan Martiñek, eta egiazko gogoa daukana santu izaten da. Onetarako etzegoan ondo bere anima Alcalako gasteriaren erdian; bakartadea nai zukean, ixiltasuna ta pakea, geiago ikasteko ta anima obeto zaintzeko toki eskutua, ta ala, ondo gogamenduta gero, bere animako gidaaren baimenarekiñ, erabaki zuan, Auñongo errian, A. S. Franzizkoren semien artean sartzea.

        Martiñen biotzean orduan zer igaro zan ondo eztakigu, baña iruditzen zait zer gertatuko zitzaion ta nolako agurrak egingo zizkon bere sorterriari: Bere sorterritik kanpora bizi dan gaste batek, batez ere lenbiziko erteran bada, berez bada maitakorra ta samurra, bere sorterria berriz ikusteko ta gurasoarekiñ laztantzeko gogo andiak izaten ditu. Orregatik nago ni ziur, Martiñ samurra, Martiñ maitalea, bere sorterrira biurtzeko egunak kontatzen egongo zala sarri Alcalan; baña A. S. Franzizkoren seme izatea erabaki zuanean, dena utzi zuan alde batera. «Ez, esango zuan, ez naiz geiago nere jaioterrira joango, nere lurrari eutsia gelditu ez nadiñ. Jaunak daki ondo: askotan ames egin det nere sorterriarekiñ; maite ditut gure mendi berdeak, maite det Beasain, maite det nere baserritxoa, asko maitatzen ditut nere guraso kutunak; baña geiago maitatzen det egia, geiago maitatzen det Jaungoikoa; Jaungoikoagatik bakarrik utzi litezke ta Jaungoikoagatik utzitzen ditut». O ze maitetasun Martiñek Jaungoikoarentzat!

        2. Auñongo bakartadean bere gozotasunik andiena ikastea izandu zan, bere gorputza neke azpian erabiltzea, Jaunaren aurrean belaunikaturik gau ta egun erregutzen egotea. Orduak osoak oi zituan igaro zerura begira, zirkiñik egiñ gabe, olezko edo arrizko irudi baten antzera; ta Jaungoiko gurasoak zerutik laguntzen ziolako, oso laster apaindu zan jakituriz ta birtutez, bere beste bakartegiko anaiak baño askozaz geiagoan. Joan zitzaiozkan urte batzuek bere anima aukeratua zeruko aberastasunez ugaritzen, ta ikasikizun guztiak txit egoki amaitu ondorean, ogetabost edo ogetasei urte zituala, apaiz izatera eldu zan. Orduan, Egiazko Jaungoiko santu gauza guztien egille altsua bere eskuetan artu zuanean, asi zitzaion berriz ta geiago bere biotza Jaunaganako maitetasunean erretzen, maitetasunean kiskaltzen. Maitetasuna ikusten zitzaion Martiñi bere izkera bigunetan, maitetasuna bere begi gozoetan, maitetasuna bere ibilleran, maitetasuna arrenez belauniko zegoanean, maitetasun andia Meza Santua ematean. Jesusen maitegarritasun berdingabea mundu guztiak esagutzea nai zukean, ta jakiñik bazirala oraindik lurrean gezur beltzaren illunpean bizi ziraden jente asko, bazirala lur zabalean Jaungoiko egiazkoa esagutzen etzuten toki errukarriak, Jesusen ebanjelio Santua zabaltzera joateko asmo bizi sendo bat artu zuan, baldiñ bere gogoa nagusien borondatearen kontrakoa ezpazan. Ain zuzen ere egun aietan etorri zan Filipinasetik A. Pedro Ortiz, ta nagusien baimena arturik, beste batzuekiñ batean, ertzen zuan A. Martiñek Ugarte aietara 1593-ko ilbeltzaren 15-ean. Etzan joan bereala nai zuan tokira: Jaungoikoak zerbait geiago naigabetu nai zuan noski gure umanta, geiago irabazi zezan; ta ala, gaixo bat igaro ondorean, Txiribuskon gelditu zuen maisutzat eta gero Manilan; bada ordurako A. Martin Loinaz oso jakintsua zan ta urrutietako erri aietaraño eldu zan bere jakituriaren izen andia.

        Baño, nolatan Martiñek, aiñ gastea izanik, nolatan jaditxi zituan bere animarentzat ainbeste jakituri? Bere adimenaren indarrean baño Jesus Maisuaren erakuskera bigun ta egokian itxaropen andiagoa izanaz, Jaungoikoari laguntasuna eskatuaz; Jaunak lagundu ziolako, siñiste santuaren egoakin egatu zalako zan iakintsu. Lurreko gizon guztiak nai dute jakituria, baña beren indarrarekin ikasitako jakituria bakarrik: eztute nai Jaungoikoaren erakutzirik, eztute nai siñistearen laguntasunik, eta, ai! siñisteak ematen dituan egoak eztauzkan gizona ezta egundaño egiazko jakituriaren jauregira elduko. Esan det asieran: gizonak argi gutxi du bere adimenean, baña arroa da berez, ta askotan Jaungoikoagandik argia eskatu bearrean, gizonak bere argiarekiñ ikusi ta neurtu nai du Jaungoikoa bera, (au da lasta zuzi batekiñ eguskia argitu nai izatea bezela); ta ortik dator sarri gizonaren itxutasuna, bada eztago Eguski Jaungoikoari begiak zabalduta arpegiz-arpegi ta arrotasunez begiratuko dion gizon kaskarrik. Orregatik falta da lurrean egia.

        Amunabarroko semeari, azkenean ere, bere gogoa betetzeko era on bat etorri zitzaion. Japon deritzaion dierri edo erresuman Jesusen ebanjelio zabaltzalle gutxi zeuden, ta zeudenetatik bi galdu ziran, ta orduan, galdu ziran aien tokia betetzeko gure A. Martin ta bere lagun A. Franzizko Blanco bialdu zituen. A! Nork esan orduko Aita bi aben ta batez ere Martiñen poz ta alaitasuna? Iñoiz gauza bat ames egin badezute zuen zorionik andiena bezela; iñoiz egon bazerate luzaroko urtietan ordu on baten zai negarrez ta sotiñez, ordu ori noiz etorriko dan beti gogoratzen; ta egun baten jaditxi badezue ainbeste urtean itxaron dezuten ordua, igarriko dezute nolabait zeinbaterañokoa zan Martiñen poza. Bere amesak bete zitzaizkion, gozotasunen erdian zegoan, eztitan zarabillen bere biotza. Egia zabaldu, gezurraren mendean zeuden gizagajoai egia jakiñ erazi, Kristo bere maitearen maitetasun neurrigabea erakutzi: etzuan nai gauza oberik munduan Martiñek.

        3. A. S. Franzizkoren semeak Osaka izeneko erri batean egin zuten misionistentzat egoera berri bat, eta Martin egoera orretako buru ta nagusi; ta ordutik aurrera, gau ta egun, erririk erri, etxerik etxe, janik eta lorik gabe, gaixoak ikusten, naigabeturik zeudenen malkoak legortzen, zorionerako bidea erakusten, etzan gelditu ordu batean bakarrik. Sendo ta osasuntsua zegoan ta bere osasun guztia Jaungoikoaren onorean nai zukean urtu ta eman. A! Zenbati ereki zizkon A. M. Loinaz santuak zeruetako ate pozgarriak bere lan eder ta ugariaren bitartez! Zenbatek bedeinkatu zuten zerutik bere ibillera ta izerdia!

        Ezin zezakean lan oietan luzaro jarraitu. Jaungoiko gezurrezkoen eleizgizonak begi txarrekiñ ikusten zuten Martiñen lana. Zenbat eta berak Jesusentzat anima geiago irabazi, ainbat eta bere kontra gorroto andiagoan jartzen ziran. Japontarren agintaria zan urte aietan Taikosama, siñistegaistoko gizona, arroa ta biotz gogorraren jabea. Etzien lenbizi abegi txarrik egiñ A. S. Franzizkoren semeai, bigunkiro itz egin zien, adiskide bezela artu zituan; baña gerora, edo eleizgizonak zirikatu ta su eman ziotelako, edo berez, Jesusen legeko aginduak latsak iruditu zitzaizkolako, kristauen gorrotoan jarri zan, ta agindu zuan Japonen zeuden Kristoren legeko guztiak illak izan zitezela. Orratikan ere, ori geiegizkoa izango zala aditzen eman ziotenean, kristau guztien eriotzak erakarri zezakean ondorengoen bildurrez, bigundu zuan zerbait bere agintea, ta kristau batzuek etziran eriotzara bialduak izan.

        Eriotzarako izentatuen artean zegoan gure A. Martin. Abenduaren 8 garreneko gaberdian inguratu zioten etxea, ta barruan zeuden guztiai aditzen eman zieten, erriko agintarien izenean katigatuak gelditzen zirala denak. Mesede asko egin dituen gizonak oi duten bezela Martiñek bazituan lagun batzuek, eta abek esan zioten iges egin zezala. Iges! Ori esaten ziotenak etzuten ondo esagutzen Beasaingo seme argidotarra.

        Ez igesik: iges egin bearrean ausardi andiarekiñ eriotzari bidera ertengo zion, ongi etorria eman ta lagun on bat izan balitz bezela bere besoetan poz-pozik jarri; bada gauza anditzat zeukan egia zabaltzea, baña egiagatik iltzea askozaz andiago ta obetzat. Bazekian Taikosama itxutuak gorputzaren bizitza kenduko ziola, baño ez animarena ta animaren betiko bizitza bakarrik nai zuan gorde; bazekian anima etziotela ilko, zergatik animak Jakituriako liburuak dion bezela, Jaungoikoaren eskuetan dauden: Justorum animae in manu Dei sunt, et non tanget eos tormentum mortis: gizon zuzenen animak Jaungoikoaren eskuetan daude, ta eriotzaren oñazeak eztie ikuturik egingo. Orregatik albisterik onena bezela artu zuan Taikosamak eman zuan agintearen berria, bada beretzat iltzea zan arpegiz-arpegi egia sakona ikustea, beti-betiko zorionean sartzea.

        Abenduaren 30-ean etxean zeuden laurak sokaz lotu ta beste iru A. S. Iñazioren semerekiñ batera Meako esaten zitzaion errira eraman zituzten. Jaungoikoak daki zenbat neke ta naigaberen azpian ibilli bear izan zuten bidean, baña gizon Jaungoikozko aiek irribarrez ta Jaunari eskerrak emanaz eldu ziran Meakora. Erri artako katigutegietan billatu zituzten beste bost fraille ta amabi kristau geiago; ta danak batera, ilbeltzaren 3-garren egunean enparantza edo plazaren erdira eramanak izan ziran, ta eskerreko belarria mostu zien guztiai. Ala ere etzan bat bakarra ikaratu: kontrara, beren artean zeuden iru mutil koskorretatik batek, belarriaren zatia lurretik jaso, ta onela esan zien borreruai: «au baño eztirazue ebakitzen? ebaki zazute geiago, nai badezute, ta ase zaitezte kristauen odolez...». Erabilli zituzten kalerik-kale, jenteak farre ta ziñu egin zezaioten, ta urrengo egunean eraman zituzten Osaka ta beste erri batzuetara, zaldi gañetan batzuk, besteak burdietan, bidean al zuan guztia oñazetu eraziaz, fedezale gizagaixoak oso auldu ziraden artean.

        Baña Martiñ, nekearen izpirik agertu gabe, oñez beti, azkar, alai ta zoriontsu jai gozagarrira bazijoan bezela, alderdi guztietan Jesusen ebanjelio santua erakutziaz zijoan. Animak irabasteko gose ta egarri andia zeukan, azkenengo egunetan zebillen lurrean, ta, ai! zerutik etzan geiago etorriko Jesusentzat animak irabastera...

        4. Zezeillaren 4-an sartu ziran Sononki zeritzaion errian ta urrego eguneko beratziterdietan Nagasakiñ. An zegoan jentea alkarren gañean kristauen eriotza ikaragarria ikusteko orduaren zai, ta an zeuden lurrean ogetasei kurutze, bada ordurako ogetaseira eldu ziran iltzera zijoazenak. Begiratu zieten kurutzeai samurtasunik andienarekiñ, belaunikatu ziran kurutze aien aurrean, aurreratu ziran borreruak, eta santuen agerreran jenteak atera zuen murmurrada ta zarata guztiak bat-batera ixildu ziran. Ai! Eriotzak berezko indarra du gizonen gorroto ta amorro guztiak ixiltzeko... Jaiki zan A. Praille bat: itzegitera zijoan. Zein zan? Gizon ederra zan, gastea zan, leñargia zan, Amunabarron jaioa, A. Martiñ. Ta ixiltasunik andienaren erdian, urrutietako lur... aietan entzun zan euskaldunaren deadar bigun, garbi ta zintzoa, biotzaren erdiraño sartu ta biotzari dardara eragiten zion deadarra: «N. anaiak —esango zuan Martiñek— eldu da ordua, ordurik andiena, ordurik onena, ordurik atsegingarriena. Jaio geran denok ill bear degu: emen gure inguruan daudenak ill bear dute, eztakite noiz, eztakite nun, nola eztakite: errukarriak oiek egia esagutu ta maitetu gabe iltzen badira. Guk badakigu nun illko geran: ementxe bertan; badakigu noiz, oraintxen bereala; badakigu nola, Jaungoikoa bera bezela kurutzean josirik; egizaleak geralako, egiagatik, egiaren alde, mors in testimonium veritatis. N. anaiak: amaitu dira gure lanak, amaitu dira gure nekeak, betiko zorionaren atarian gaude. Ara or goian zeru ederra, guretzat egin du Jaungoikoak, guretzat dauka añ apaindua, gure nekeak saritzeko Jaungoikoa bera daukagu zai.

        O! Aita zerukoa, o Aita ona, eskerrik asko, laster gera zurekiñ.— Atoz, eriotza, n. adiskidea, ez nazu ikaratzen: non est amara memoria tua, ezta samiña zure oroimena; gozoa da, estitsua da; atoz, laztandu zazazu; atoz, ta eraman nazazu Jaunaren besoetara. Japontarrak, Kristo da Jaungoiko egiazko bakarra. N. anaiak: il gaitezen Jaunaren zorionean».

        Onela esanda iltzan A. Martiñ Loinaz. Baño ez, gaizki esan det, etzan betiko bizitzara sartu zan. Justorum animae in manu Dei sunt et non tanget eos tormentum mortis: gizon zuzenen animak Jaungoikoaren eskuetan daude, ta eztie ikuturik egiten eriotzaren oñazeak.

        5. O Beasain! nequaquam mínima est tú, egun ortatik aurrera etzara zu txikienetakoa Gipuzkoako errien artean. Murumendi azpian gordea bazaude ere, zure izena zabaldurik dago lurbira guztian; zure izena jakin da Japonen, jakin da Erroman, jakin da zeruetan bertan; zure izena gizon andi askok erabilli du aotan A. Santuaren aurrean, ta S. Martiñek berak Jaungoikoaren aurrean. Zorionekoa zu izen andiaren jabe zeran bezela izakera oneko erria bazera.

 

* * *

 

        N. a. m.: esan det itz gutxitan A. Martin Loinazen bizitza santua: benetakoa egizalea izan zan, gezurraren lañoak kentzen lan andiak egin zituan, Jesusegatik iltzan. Amaitu det, bada, nere lana. Baño eztet nai jetxi beste itz bi geiago esan gabe. Eztet nik nai, eleizatik ertetzean, S. Martin andia, illezkorra, egizalea, umanta zala esan da beste gabe gelditu zaitezten. Ori gauza utsa da, ta orrenbestean gelditzen bazerate, zuek eta nik alperrik galdu degu denbora. Ezta ori gaur nik egin bear nuan lan bakarra: ez naiz orretara bakarrik etorri. Nere barreneko gogoa izan da S. Martiñ nolakoa izan zan zueri erakustea, al dezuten añan bera ibilli zan bidetatik ibilli zaitezten. Biotz guztitik gorrotatzen ditut, eta geroago ta geiago, ebanjelio santuaren ezetasuna ta anima eztaukaten itzaldi legorrak; eta nonai itz egin bear detanean, nere esakera motel ta motsa, nere buruko argi apurra, nere biotz guztia Kristo gure Jaunaren alde lanean erabilli nai ditut, Kristo gure Jaunaren legea erakusten. O nik baneuka animak Jaungoikoaren artaldera erakartzeko batzuek izan duen jakituria! O nik baneuka Martiñen argi, arnasa ta mintsoera, alderdi guztietan gezurraren lañoak desegiñ ta Jesusen siñiste santua zabaltzeko. A! orduan nik erakutziko nieteke gizonai egiaren edertasuna, egia maitetu dezaten, Jaungoikoa maitetu dezaten, animak zeruratu ditezen.— Baña gauza ori nere eskuetan eztagoan ezkero, Beasaintarrak, nik esaten dizutet, biotza eskuetan detala esaten dizutet, S. Martiñen izenean! bera gaur lurrean bizi balitz berberak esango lizuteken bezela, begiratu zaiozutela ondo zuen animari, ikasi zazutela ondo bizi izaten, ta obeto ondo iltzen. N. a. beasaintar m., eztezazutela lotsatu zeruan zuen seme illezkor ta santua: izan zaiteztela, bera bezela, egizaleak beti, Jaungoikoaren legea maitetu ta gordetzen dezuenak, kristau benetakoak, egunen batean ikasi dezazuten zeruan zuen erritarraren argitasuna ta Jaungoikoaren arpegi zoragarria, Amen. Ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa