www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CONVERTIMINI

 

 

I

 

        Txit ona da Jaungoikoa.

        Txit ona izan ezpalitz, aspaldiko urtietan ondatuak egongo giñan betiko, bada gaiztakeri andiak egin ditugu.

        Gizonik geienak galdu dute siñiztea, beren biotzetatik Jaunaren bildurrak iges egin du, arrotasunaren erdian ipiñi du bakoitzak bere jarrilekua ta bakoitzak bere buruari esaten dio: «ni naiz nere Jaungoiko».

        Txit errukitsua da Jaungoikoa.

        Txit errukitsua izan ezpalitz, okerkerirako bakarrik gendukan bizitza kenduko zigun antziña, gure andinaiko gogamen guztien aria etengo zigun, bidegabeko Jaungoikotasunaren amesetatik aterako genduzan, illko giñan, garbiro esateko, ta onezkero inpernuko leize zuloan geunden, ondo esna.

        Txit ona ta errukitsua da Jaungoikoa. Eztu nai gure betiko eriotza, ta gu galdu ezkaitezen, azken orduan zorionerako bide gozoa artu dezagun, deadarka daukagu, guraso samur bat bere umeai bezela: «Convertimini ad me, in toto corde vestro»: Atozte nigana biotz ta anima, bada ni naiz zuen Aita, ni naiz zuen Jaungoikoa, ta nik bakarrik eman dezakezutet egiazko Jaungoikotasuna.

 

 

II

 

        Baiña Jaungoikoaren ontasun andiak biguntzen ezpagaitu, begiratu dezagun gure ezereztasun ta uskeria.

        Ikusi ditzagun gauzak diran bezela, ez gaitezen amesetan bizi. Neurtuak daude gure egunak, gure orduak oso laburrak dira.

        Zer zeran jakin nai dezu, gizona? Iñun gelditu eziñik mendian bera datorren errekatxoa, aizeak bira-biraka darabillen zugatz-ostoa, aidean bereala desegiten duan kea, eguzkiaren argiak kentzen duan goizaldeko laiñoa, itxura utsezko gauza bat bezela, oraiñ eder bazera laister itxusi izango zeran gauza, gaur lore ta bear zimaur izateko jaioa.

        Orregatik ipintzen digu Eleizak autsa gure kopetaren erdian.

        Auts ori zugatz berdea izan zan, mendi gaiñean arro bizi izandako zugatz bizia; baiño illzan, erre zuten, ta oraiñ autsa da.

        Zu ere, gizona, zugatz berdea izanarren, iIlko zera laister, ta zure ondorengoak auts-artean ikusiko dute zure autsa.

        Ta eztue zure autsa zein dan ezagutuko, zergatik auts guztiak berdiñak diran.

 

 

III

 

        Nai badezute, kristauak, benetan ta betiko andiak izatea, zoazte Jaungoikoagana; bada Jaungoikoak bakarrik jasoko zaituzte autsetik zeruraiño, Berak ezetuko du berriz zuen izate igartua, Berak emango dizute, illda gero, bigarrengo bizitza iraunkorra.

        Kristauak, Jaunaren ontasun neurrigabeak bear bezela biguntzen ezpazaituzte, zuen betiko zoriontasunagatik bada ere, zoazte Jaun Egille Altsuagana.

        Etzaitezte itxutuak egon, etzaitezte oker bidetik Convertimini.

 

aurrekoa hurrengoa