www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

(MAIATZA)

 

Corrupti sunt, et abominabiles facti sunt in studiis suis.
Usteldu ziran, ta naskagarriak zeuden beren esakeretan.
(Dabid erregearen itzak 13 garrengo Salmo ta 2 garren bersoan)

 

        Gizonaren biotzak beti maitatzen du ta maitatuko du gauza ona; beti izango da gizonaren biotza gauza eder, andi ta aberatzen zalia. Gauza onak berez du misteriozko indar bat bezela gizon guzien biotzak beraganatzeko; gauza eder batek arriturik bezela idukitzen ditu gizonak bere aurrian, ta zenbat eta geiago esagutu edertasuna, ainbat eta geiago maitatzen due; jente aberatsai egiten zaiete salbe, menende edo maitasunaren señalea, gezurrezkoa bada ere; gizon andiak izaten ditue inguruan beren argitasun ta jakituriaren onratzalleak; agintariak beregan izaten due beste gizonen errespeto edo bildurra; eta, azkenez, erregien jauregi apainduetan batzen dira aberatz, andiki ta agintariak erregiari onra emanaz, beren buruen onra billatzeko asmoetan.

        Orregatik kristau katolikoen relijioak, relijiorik onenak, relijiorik ederrenak, relijiorik santuen ta andienak, bera bakarrik andi ta bera bakarrik santu dan relijio egiazkoak, izango ditu noiz nai ta edozeiñ tokitan maitatzalle benetakoak. Orregatik batu zerate zuek ere, n. a., Maiatzeko ill ederrean, eleiza santu onetan, gabero gabero zuen Ama maite Mariarekiñ batzar edo tertuli santu bat egitera, onela esan al baneike, Maria txit santa zeruetako erregiñaren birtute ugariak ikastera; Ama santa oni maitasunezko kanta gozoak kantatzera, esagutu duzuelako bere ontasuna, bere edertsuna, bere animako aberastasuna, bere andi izate neurrigabea.

        Txit ederki egin dezue, eta gaur billera edo batzar santu abetako azkenengo jaia dalako ondo erabaki dezue Maria Amaren irudi beneragarriarekin kalerik kale ertetzia, zuen maitasunaren señale edo agergarri on bat emanaz.

        Orregatik nator ni gaur zueri erakustera «txit bearra, ona ta osasungarria dala barrenen gordetzen degun siñismen Jaungoikozkoa kanpora gure egitada guzietan agertzea».

        Ara emen nere sermoitxoaren gaia. Zeruetako erregiñak lagundu daidala bear dan bezela erakusten.

        Corrupti sunt, etc.

        1. N. a. m. Gauza bearra da mundu onetako semiok gure Jaun eta Jaungoikoari sor diogun errespeto, betuste ta onorea erakustea, ta baita ere Jaungoikoaren adiskiderik andienai, bada eziñ geinke Jaungoikoa bear bezela onratu ta serbizatu bere adiskide ta santuak onoretu gabe.

        Onore au eman biar diegu batez ere barrenean, biotzean, zintzo zintzoro, adorabis Deum in spiritu et veritate, zergatik kanpoko onore ematea bakarrik gezurrezko onore ematea izango litzake, injuri andi bat Jaungoikoari ta Santuai ematea; bañan baita ere animatik kanpora agertu bear da, zergatik gorputza ere, anima bezela Jaungoikoak egiña da, ta gorputzak ere, animak bezela sor dio Jaungoikoari menende ta onorea.

        2. Izan dira gizon gaizto batzuek, fede ukatzalle galduak, Eleiza Ama Santari malko asko isuri eragin dioten jente errukarriak, esan duenak aua betian eztuala Jaungoikoak arimatik kanpora errespetoaren señalerik biar. Gaur gizon oien kontra naiz, ikusiko dezue gero zergatik.

        Nun ikasi ote zuen galdumendiko dotriña gezurrezko ori bere alperkeri ta borondate txarrean ezpada? Ez beintzat lege zarreko liburuetan, bada aietan irakurtzen degu Kain eta Abel lenengo gizonaren semeak ematen ziotela Jaungoikoari, ez bakarrik arimako onorea, baita ere animako errespetoaren agergarriya, ezkeintzen ziotela Aita Zerukoari beren lurreko ondasunen parte edo zati bat. Ez liburu zarretan, bada Job Santuaren liburu antziñakoan irakurtzen degu zenbat penitenzia, zenbat eskeintza, zenbat erregu egiten zituen orduko gizonak beren pekatuen zorra pagatzeagatik, eta beste Israelgo Patriarka askoren liburuetan aitatzen dira txit sarri Jaungoikoaren onorean egindako Eleizak, altareak, festak, erreguak ta kantu samurrak. Milla ta milla gauza dira eta aste bat osoa bearko nuke danak esateko: aitatzea naikua degu jakitzeko. Eztuela Eleizaren etsaiak liburu sarretan ikasi eztegula eman bear Jaungoikoaganako maitasun ta errezpetoaren señalerik.

        Ikasi ote du jente gaisto orrek dotriña ori J.K. gure Jaunaren lege berriko liburuetan? Ezta ere anbat gutxiago. J.K. gure Jaunak berak ipiñi zizkun zazpi Sakramentuak señale agirikoetan; berak ipiñi zigun Altarako Sakramentu Santu miragarrizko ori adoratu genezan; berak esan zigun bere izenean oraziora batzen giñanean an egongo zala Berbera gurekiñ batean; berak erakutzi zigun Aita gurea, oraziorik ederrena; berak eman zigun oraziorako ejenploa sarri askotan, batez ere Jetsemako baratzan auspesturik esan zionean Aita Zerukoari: Pater, si posibilé est, transeat a me calix iste. Aita, al baldin bada, pasa dedilla nigandik kaliza samin au.

        4. Dotriña au berau erakutzi digue Eleiza Santako gurasoak, señetatik ikusi genezake S. Agustin jakintsuak ta S. Juan Krisostomok esaten digutena. S. Agustiñek dio: relijio guztiak bear dituela biotzeko sentimentuen agergarriak, sakramentuak ta oraziuak, orazio gabe, Sakramentu gabe biotzean dauden sentimentuak kanpora agertu gabe ezin leitekeala bizi relijioa. S. Juan Krisostomok esaten digu: conspicuum esse non posse fieri ut sine precibus vita cum virtute detegatur gauza jakiña dala, eziñ leitekeala iñor bizi birtutetsu orazio edo erregu gabe.— Dotrina au berau erakutsi due gizon jakitsu askok, zeñetatik bat bakarrik aitatuko det, eleizaren adiskide ona izan etsana bera, Julio Simon Franziakua. Jakintsu onek dio: J. Kristoren eleizak esagutu duala inork baño obeto gizonaren biotza, ta orregatik ipiñi dizkola alderdi guzietan eleizak, alderdi guzietan kanpaiak, alderdi guzietan kurutzeak, alderdi guzietan Santuen irudiak, oroitu dediñ gizona Jaungoikoarekiñ ta erregutu dezan sarri biziakgatik ta illakgatik. Azkenez, erakusten nagon egia, fedekoa da, Trentoko batzar Santuak erakutzi zigun bezela, eta au esan eskero eztago kristauentzat geiago esan biarrik.

        5. Nundik bada atera ote due eleizaren etsaiak galdumendiko doktriña gezurrezko au? Gizonaren adiñ edo arrasoiaren kontrakua ote da gure dotriña? A, ez! Gure arrasoiak esaten digu begietatik sartzen zaizkola gizonari gauza asko, eta gizonak ikasiko baditu, begiak ikusteko moduan egin biar dirala gauza oiek. Askorentzat milla bidar ganora bat itzez erakustea baño beiñ bakarrik ikusi eragitea geiago izan oi da. Orregatikan itxuak ez dakite eta eztue ikasiko beñere zer dan gauza gorria, gauza urdiña edo berdia: ikusten eztuelako.

        Oso gauza zalla izango litzateke bada gizonen biotzean Jaungoikoarentzat amodiozko edo errespetozko sentimentuak sortzea, batez ere argi gutxiko gizonen biotzetan, ikusiko ezpaluteke beste gizonak Jaungoikoari ematen dizkaten amodiozko ta errespetozko señaleak: bada ikusten dana ikasten da, bai gauza txarrean ta baita ere onean.

        6. Baña, itz egokiekiñ aditzen emanda ikasiko bagenduke ere, laster astuko genduke Jaunaganako amodiua, ikusiko ezpagenduke beste gizonak ere baduela amodio ori; guk, gure bizi moduan emango ezpaginduzke amodio orren señaleak; egunero Aita gurea deituaz erregutuko ezpagenduke; egunero bere aurrean belaunikaturik gure pekatuen parkaziua eskatuko ezpagenduke, Jesus maitearen irudi bedeinkatuari mun gozo bat egiñaz. Ikusten eztana edo egiten eztana, jakin da ere, astu egiten da. Au gauza argi ta garbiya da, bañan garbiago oraindik ikusiko dezue ejenplu batzuekin, Zer gertatzen zatzue zueri, Mariaren alabak, zuen Ama maitearen onran funzio edo eleiz festa on bat egiten dezuenean, sermoi on bat aditzen dezuenean, kanta gozoak kantatzen jardun izan dezuenean? Zer? Berotzen da zuen biotza; pistutzen da zuen anima Mariaganako maitasunean ta egiten dituzue zuen erregutxoak iñoiz baño obeto, ta artzen dezue gogoa Mariaren deboziozkoak beti izateko ta egunero berari zerbait erresatzeko. Bañan etzaiztela etorri eleiz-festetara illabetian edo bijan.. ta zuen erreguak epeltzen dira lenengo, astutzen dituzue gero, eta eleizara etorri baño or nunbaiteko erromeri edo jolasetarako gogo geiago izaten dezue. Zer gertatzen da gizon askorekiñ, biotz oneko kristauak izan arren? Konfesio on bat egiñ ondorean kristaurik onenetakuak izaten dira, baña gero, eleizako funzioetatik iges egiten asten diranean, otzitzen zaie biotza, jaietan entzuten due mesatxo bat, laburrena al bada, konfesiotik igez egiten due, ta azkenian etxekoen jardunaren jardunak, sakaka ta bultzaka ezpada, ekartzen ditu konfesiora urtian beiñ. Zer gertatzen da trozoetako lanera edo Amerikatara juaten diran askorekiñ? Lenengoetan entzuten ditue jaiko mesatxuak, laburrenak bada ere, egiten ditue kristauen eginkizunak nolabait... baña gero, toki oietan erraz eztalako edo ejenplu txar asko ikusten dituelako, utzitzen ditue lenengo erresuak, gero mesak, gero konfesiuak... eta gero? jaungoikuak bakarrik daki gero nola bizitzen diran! Bizi? Bai, bizitzen dira mundurako, beren gorputza bizi da, bañan anima gaixoa illa egon oi da sarri askotan. Bai, n. a., ah argalak gera, añ utzak gera eze, Jaunaren laguntasun gabe, ejenplu on gabe gauza on bat egiten eztakigu. Ziartu nago Eleiz-funziorik ikusiko ezpalitzateke beñere, gure fedea illa geldituko litzatekeala oso laster. O n. k.! Fedea galdu nai ezpadezue, bada, Jaunaren laguntasuna nai badezue, ejenplu ona ikusi nai badezue, biotza indartu nai badezue zerurako bidean, o n. k.! atozte eleizetara, atozte.

        7. Gañera ezingo du iñork ukatu eleizak dirala denok alkarganatzeko tokirik egokienak. Eleizatik kanpora denok sakabanatuta bizi zerate, bakoitza bere etxean, etxe pobretxoan pobreak, etxe aberatzetan aberatzak, bata bestien kontra jardun berritsukerietan bear bada, karidadearen kontra pekatu egiten dezuela. Baña eleizan denok etxe batean zaudete, oroitzen zatzuela Aita baten semeak zeratela guztiok; denok janari bat jaten dezue, Altarako Sakramentu santuan dagon janari miragarrizkoa; denok orazio bat egiten dezue, askotan zuen artzaiak gidatzen zaituela; denok bat egiten zerate karidadean bata bestiari parkatuaz, bada guziok esaten diozue Aita zerukoari; «parkatu gure sorrak guk gure sordunai parkatzen diegun bezela». Zer lokarri ederragorik denok alkarganatzeko karidadea baño?

        8. N. a.: Badakit nik ere, gizon gaistoak esan duen bezela, biotzeko maitasuna, barreneko errespetoa, animako onorea dala onena, biotzeko maitasun ori dala debozioaren mamiya S. Buenabenturen itzetan, eta kanpoko señaleak azala edo koskola bezela; bañan azala ere azal gabe mamiya ezta biziko, eztu iraungo: edo lizunduko da edo ustelduko da, eta mamiñ ustel asko dago munduan.

        O n. k.: gaurko munduan bizi zerate ta badakizue zer gertatzen dan bertan; ni ere gaurko munduan bizi naiz ta badakit zerbait munduaren berri. Badakit persona askok, emakume askok (bai, emakumeak ere bai) ikusten dituzuenean eleizara dijoazela sarritxo beste batzuek, eziñ eramanik bestien ona., esaten duela; «sarri eleizara juaten diran oiek, sarri konfesatzen diran oiek, gu baño gaistoagoak dira». Bai? Ala ote da? Denak ote dira gaistoagoak? Zuek beintzat laster erabaki dezue: au txarra, ni ona. Jakin zazue Jaungoikoa dala guztien jueza ta berak erabakiko duala zein dan ona ta zeiñ txarra: etzaiozutela eskurik artu Jaungoikuari. O. n. k.: orrela itz egiten duen jenteak, beren buruak ontzat badauzke ere, baduela uste det zerbait aidetasuna Eleizari negar eragin dioten gizon gaistoakiñ: eztue berak deboziorik eta eztue nai bestiak izan desaten ere: eztauke maitasunaren azalik, eztauke koskolik, eztue nai sarri juan eleizara Jaunari, Maria Santari ta Santuai maitasunaren señalerik ematera; bañan eztauke mamirik ere, eztauke Jaungoikoaganako maitasunaren ispirik ere: esan det len, koskol gabeko mamija lizundua edo usteldua dago. Nun ikasi due galdumendiko dotriña ori? Nun? Beren alperkerian, beren nagitasunian, beren Jaungoikoaganako borondate txarrean.

        9. O. n. a. m.! Eleiz onetan batu zeratenok badakit orrela izango etzeratena: zuek etorri zerate Amarik maiteenari maitasunezko señalerik ederrenak ematera: zuek nai diozkatzue maitasun egiazkoaren agergarriak eman Mariari etxean, eleizan, kalean, toki guzietan ta al dezuen guzian. Gaur bedeikatu dezue eleizan ta orain erten zazue kalerik kale bere irudi beneragarriarekiñ. Or, kale kantoietan, eleiz barruan bezela ikusia ta bedeinkatua izan dedilla gure amaren irudi gozoa, bedeinkatua bere izena. Begietatik sartzen badira gauza onak, begiak ikusi dezela gure erregiña, gauzarik onena. Belarrietatik sartzen badira, aditu dezela belarriak Mariari egiten diogun erregua: «Santa Maria, Jaungoikoaren Ama, erregutu zazu gu pekatariokgatik».

        O, bai, Ama, erregutu zazu gugatik. Bigundu itzatzu biotz legorrak, sortu zazu biotz guzietan eleizarako gogoa, izan gaitezen gero zugandik onoretuak zeruetan betikotasun zorionekoan, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa