www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAITETASUNA

 

Cum dilexisset suos qui erant in mundo in finem dilexit eos.
(Ioan., XIII, 1.)

 

 

I

 

        Zer gauza gozoa dan maitatzea! Jaungoikoak gure biotz andinaikoaren erdian ipiñi digun ansi, gurari edo nai-izate ezinasetakoa da maitetasuna, ta bere atzetik gabiltza beti jaio geran guztiok, gauzarik bear bearrena bagendu bezela, askotan zer egiten degun eztakigula bada ere.

        Maitatzen du Amak semea, nai ta nai ez bezela, baiña samurtasunik zoragarrienarekiñ, da aiñ poztasun da atsegiñ bigunez betezen du maitetasun eder onek eze, berarekiñ astutzen ditu amak lurbira onetako naigabe, samintasun da negar malko guziak. Maitatzen du semeak Ama, estutasunetan agertzen dakian indar sendoarekiñ; maitatzen dute anai-arrebak bata-bestea; maitatzen dira senideak, adiskideak, ezagunak, erritarrak; bakoitza bere maillan, bere neurrian; askotan beren alkarganako maitetasun ori gogakida, ezaguntasun, laguntasun, adiskidetasun edo beste orrelako izenen baten azpian estaltzen badute ere. Maitatzen dira basoetako abere okerrak berez, jaiotzaz, zer egiten duten eztakitela, ta maitetasun au erakusten dute beren umetxoentzat janari billa dabiltzanean, edo aien bizitza etsaien atzaparretatik gorde bear danean. Maitatzen dira txori ta egaztiak, eta ikusiko dituzue oiek ere perill orduetan, beren egoak zabaldurik umetxoak maitagarriro estaldu naian, da aiekgatik beren bizitza emateko prest... Zer geiago? Gizaren baten esan genezakeala uste det lurrak berak ematen digula, al lezakean eran, maitetasunaren da gorrotoaren esaugarri bat bezela. Begiratzea baiño eztago nola dagoan lurra, neguko egun beltz laburretan, muker, makal da jantzigabea, egualdi txarrari arpegirik eman nai ezpalio bezela, ta nola udaberrian apaintzen dan guzia, ostoz, belarrez da lora ikusgarrizkoz, eguzki garbiaren erraiñoakiñ pozturik.

        Aiñ da zabala ta danentzakoa, aiñ da gauza guzien izatearen erdian dagona maitetasunaren legea!

 

 

II

 

        Baiña lege onen indarra gizonagan eltzen da goren goreneraiño ta Jaunaren irudira egindako gizona, jaiotako gauza guzien erregea, ainbeste gogo sutsu neurrigabekorekiñ betea, ezin leiteke bizi maitetu gabe ta maitetua izan gabe.

        A! Zeiñ pozgarria dan gizonarentzat maitatzea ta maitetua izatea! Ondo zekian Jesusek. Bere jakituri Jaungoikozkoarekiñ ondo neurtua zeukan gizonaren gogoa, ta guziz, oso ta ziatz nai izan zuan bete. Nola? Jaungoikoak berak zigun maitetasunik andiena agertuarekin.

        Egiazko maitetasuna ezta itzakiñ bakarrik erakusten; baita ere, ta askozaz obeki, biotzezko emate ta egikera onen bitartez. Orregatik Jesukristo gure Jaunak egikera on askorekiñ nai izan zigun erakutsi bere maitetasun azkengabea. Zerua, zorioneko toki gozotasunezkoa utzirik, lurrera etorri zitzaigun Jesus, da gizonari zion maitetasunagatik lurrez jantzi zan; Bere gaiñean artu zituan gure doekabe, estutasun da naigabe guziak, arimako aberastasunez da zeruko apainduriz gu betetzeagatik; makurtu zan zerutik lurrera gu lurretik zeruraiño jasotzeagatik, eta denok dakigu estalpe txiro batean jaio zala, abere artean, umetxo baten antzera. Quasi parvulus natus est nobis.

        Da Jesus aragiz jantziak, gizonarekiñ bere burua obeto bat egiteagatik, gorde zituan Bere aberastasuna, andi-izatea ta Jaungoikotasuna bera, aldi askotan: baiña bere maitetasuna etzuan gorde. Gurasoen mende bezela egoteko urteak igarota gero, sartu zan lurbirako jente ta baraillaren erdian. Zertara? Zeruko egia eder betikoak erakustera, gizonen adiñ illunduak argitzera, Jaunaren egia jakiñ zezaten, ainbeste maitazen zituan gizonak zeruko bidetik ibilli zitezten. Bere Jaungoikotasuna erakutsi bear zuanean egin zituan gero mirari asko, or da emen; zertarako? Batzuek estutasunetik ateratzeko, besteen malkoak legortzeko, ildakoak pozez da alaitasunez beterik bere etxadietara biurtzeko. Ta azkenik, maitetasunez zoratu balitz bezela erabaki zuan gizonagatik iltzea, ta ill zan eriotzarik lotsagarrienarekiñ, gaizkille baten irudira, urkamendi batean, lapur biren erdian...

        Iñor badago kristauen artean Jesusek digun maitetasuna egiazkoa ete dan siñiztu eziñekorik, begiratu dezaiola Jaungoikoari kurutzetikan dingilizka, arantzaz aroetua, alboa burniz irikia, odolusturik eta ilda, ta esan dezala maitetasunaren agergarri oberik eman al badezake iñork.

 

 

III

 

        Benetan da arrigarria Jesusen egikera samur au, iñoiz ere kondairetan irakurri eztegun aiñakoa da, maitasunez beterikako biotzik andi ta umantsuenak egingo ez luketen gizakoa... ta ala ta guziz ere, Jesus, gizonari maitetasunezko agergarriak ematen etzan ase.

        Geiago egin zuan. Il bear zuan aurreko egunean, bere ikasleakiñ azkenengo apari bat egiteko ustean, apaltegi batean jarri zan. Ze ordu andiak gau artakoak! Guziok dakizue, irakurleak, bukaerako orduetan, azken agurra egin bear danean izan oi dala maitetasunik bizi, zoli ta zakonena; orduan buztitzen dirala iñoiz negarrik egiñ eztuten begiak, orduan biotzeko taupada, naigabe ta larritasuna izaten dala iñoiz baiño garratzagoa: ondo dakizute zuen etxeko bati eriotzako orduan lagundu diozutenak. Orrela, bada, zegoan Jesus gizonari agur egiteko zoria etorri zitzaionean, gizonari eman zizkan maitetasunezko agergarriakiñ ezin aseta zegoan, maitetasunez gaiñezka, maitetasunez iltzen, gizonagandik alde egin bear zualako samiñez beterik; eta orduan, maitetasunaren asmorik goitandi ta ederrenean, agorturik Jaungoiko txit Altsuaren aberastasun ugaria, Jaungoikoaren alizate guzirakoari azkena billaturik, erabaki zuan: Bere burua, betiko, gizon maitearentzat lurrean utzitzea, au da, Altarako Janari Donea sortu zuan.

        Zeruetako aingeruen izkuntzarekin ere eziñ lezake iñork mirari onen eztitasun zerutarra erakutsi, irakurleak; baiña gure poztasunerako esan genezake, utzi zigula Jesusek gure Erakuslatzat, gure Laguntzat, gure Aitatzat, gure Janaritzat, Jaungoikoa Berbera, asiera ta amaierarik gabeko Iaungoiko Illezkorra, betiko bizitza ta betiko osasunerako Ogia, zeruak berak baiño milla ta milla aldiz geiago balio duan Izate berdin-gabea. Eman zezakean gizonarentzat geiago Jesusek, Jaungoikoa izanik ere, Jaungoikoa bera baiño? Ai, ez! Jesusek emate onetan garaitu zuan Bere Burua, ta gelditu zan geiago gizonagatik ezin eman zezakeala, ez lurrean da ez zeruan bertan.

        Da emate aiñ miragarrizko onek noiz artean iraungo du lurrean? Beti, gizona gizon dan arte guztian: Usque ad consummationem sæculi.

 

* * *

 

        Maitetasunaren billa zabiltzaten gizonak, zer nai dezute maitetasun geiago? Ara emen Jesus, Izaterik maitegarriena: atozte Jesusegana denok, ase zaitezte maitetasunez Jesusegan.

 

aurrekoa hurrengoa