www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MISA NUEVA

 

(Cestona)

 

Unus et Mediator Dei et hominum.
Jaungoikoaren ta gizonen bitartekoa
(S. Pablok Timoteori egin zion eskutitzean II garrengo
irakurburu ta 5 garren bersotik artutako itzak.)

 

        N. a. m: Gure Jaun eta Jaungoiko santuak bere errukitasun andi sakon ta neurrigabean, gauza bi sortu ta utzi zituan lur onetan munduaren onerako: liburu bat eta gizon bat. Liburua da Jesus Jaungoikoaren istori edo kondaira samurra, zerurako bidearen ikasbide zuzena, jakituriaren asiera, egia guztien kutxa, edertasun guztien jatorria, animako ondasun guzien gordelekua, itxaropen edo esperantza danen iturburu garbia. Zein da gizona? Denok esagutzen dezue, bada toki guztietan dago, toki guztietan zabaltzen du zeruetako egia, eguskiak bere argi alaia toki guztietara eramaten duan bezela: gizon ori da eleizgizon edo apaiza. Bera bear da jaiotzan, bera bear da eriotzan, bera bear da beti seaskatik asi ta azkenengo obian zartzen gaituen orduraiño. Bakar ta ixiltasunean bizi oi da geienetan, baiña beragana dijoaz sarri gizon ta emakumeak biotzaren erdian gorderik dauzkaten gauzarik eskutuenak esatera, poztasunik txoroenak eta malkorik samiñenak berari agertzera. Naiz ta etxe beartsu edo pobretxoan jaioa izan, gizon andien jauregietan sartzen da, mendigizon(...?) artzaien baserri ta txaboletan bezela berdiñ. Aberatzen ta eskalien artean bera izan oi da bitarteko, ta batzuk eta besteak Aita deitzen diote. Ta goikoak eta bekoak sarri jotzen due apaiz-etxeko atea. Etzaio igartzen andia edo txikia dan, bada bere apaltasunagatik txikia dirudi; baña bere jakituri ta ontasunagatik beti da andiena edo andienetakoa. Egi andiak esaten ditu aberatzentzat, egi andiak beartsu edo pobrientsat, beti dabil' gezur ta gaistakeriarekin burruka bizian, eta gezurra ta gaistakeria dagoan tokian, an dago beti apaizaren etsaia.

        Eta nola izango eztu gezurra, deabruaren semea, apaizaren kontra, apaiza bada Jaungoikoaren ordeazkoa, kristauak zerurako bidean eraman bear dituan gizona, Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa, mediator Dei et hominumP.

        N. a. m: Eleizgizon berri baten lenengo mesa santua entzutera batu geran ezkerokoan, ikusi bear degu gaur nola dan apaiza Jaungoikoaren ta gizonen bitarteko, ikuste ontatik ikasi dezagun denok apaizaren diñadi ta izate andia, ta berari zor diogun begirune ta maitetasun egiazkoa. Au da goiz onetako itzaldi laburtxoaren gaia.

        Lagun zaduzate denok zerutik jarizten lanbide onetarako bear detan argia, gure Ama Maria txit santari, oitura dan bezela Agur Maria esanaz.

        Mediator Dei et hominum, etc.

        N. a. m.: Andia izan zan Moises Israelko legegillearen eskubidea, eskuetan zaraman egur makilla bat jasoarekiñ bakarrik alde batera ta bestera itxas gorriko urak banatu zituanean; andia izan zan Josue baten egite arrigarria, eguskiari gelditu zedilla esanaz bakarrik eguskia gelditu zanean edo lurra eguskiaren jiran; andia izan zan lurrean Alejandro baten agintea ia lurbira guztia bere mendean zeukan egunetan; andia, Demostenesena baiño txit andiagoa, S. Pedro baten jardunaren indarra, bere itzaldi batekiñ bost milla anima Jesusentzat irabazi zituanean, edo bere esanarekiñ bakarrik gaixo ta eriai osasuna ta ildakoai bizitza ematen zienean. Baiña anditasun oiek eta beste asko, lurrean ikusten ditugun anditasun ta aginte guztiak utsak dira, ezerez batzuk dira apaiz jaun baten aginte, eskubide ta alizatearen ondoan jarri ezkero. Begiratu zaiozute apaizari eder jantzirik altarako arri santuan, ta ikusiko dezue J. Kristok gure Jaunak Golgotako mendi gaiñean Aita zerukoari gizonagatik egin zion eskeintza berbera, berristatzen duala bere itzaren eskubidez, ta Jesusen odolik batere ixuri gabe. Apaiza, altarean, Jaungoikotu egiten da, dio Dionisio Santuak, zergatik, bere alizatearen indarrarekiñ, sortutzen du Jesus Berbera, Gorputz ta Anima, egundaiño iñork izan estuan aginte miragarrizkoaren bitartez.

        Ikusgarria izango zan, n. a., munduaren asiera; bene-benetan izango zan ikusgarria eguski, illargi ta izarren sortuera zeru goietan, ta itxasoaren ta lurraren egintza bere edertasun ta apainduria guziekiñ; baiña etzan izango altarako arri santuan egiten dan miraria baiño andi ta ikusgarriagoa. Gauza guztien Egille Altsuak, guk lur onetan ikusten ditugun izateak ezerezetik sortu nai izan zituanean, etzuan beste bearrik izan itz egitea baizik: egin bedi, esan zuan, eta bereala, atera ziran ezerezetik lurra ta arkaitzak; belar, landare ta arbolak; txori, egasti ta abereak; itxasoaren erdian asi ziran arraiak igarian, ta zeru goi urdiñetik biraldu zituan eguskiak bere argi errañu pozgarrizkoak. Eta era berean, Aita Jaungoikoaren Seme Jesusek, betikotasunetik bere gogamenean zarabillen miraria egin nai izan zuan orduan, artu zuan bere eskuetan ogi puska bat, begiratu zuen zerura, itz egin zuan, eta ogi puska ura, bere Gorputz biurtu zan!; artu zuan ardo apur bat, itz egin zuan, eta, ardoa biurtu zan Jesusen odol! O miraririk andiena! O Jaungoikoaren jakituri, alizate ta maitasun neurrigabea erakusten digun mirari santua! Ta

        Arritu zaitezte, n. a.; au bera egiten du apaizak mesa santuan! Itz egiten du, eta zeruak irekitzen dira, urratzen dira odeiak, auspeztzen dira ikaraz aingeruak, dardaratzen da infernua bera, eta sortzen altarean Jesus Jaungoiko ta Gizon egiazkoa. Eta orduan, belaunikatzen da apaiza bere Jaungoikoaren aurrean, jasotzen du bere eskuetan Jesusen Gorputza erriak ikusi ta gurtu dezan; eta Aita Betikoari esaten dio: «artu dezala eskintzari ura lenagoko gizaldietan Abel, Abraan ta Melkisedekena bezela lurreko gaistakerien barkaziorako»; eta Jaungoikoak sarri txit sarri ikustean apaizak lurretik eskeintzen diola bere Semearen Gorputz ta odola, atzeratzen du bere pekatuaganako aserrea, paketzen zaio bere gorrotoa ta jetxitzen du gizonaren kontra altxaturik zeukan esku indartsua. Ara or, a., nola dan apaiza altarean izan al ditekean eskubiderik andieneko gizona, Jaungoikoaren ta gizonen bitartekoa, mediator Dei et hominun.

        2. Gaiñera, begiratzen badiozute apaizari gizonen animak lotu ta askatzeko Jesusek eman zion eskubidean, zer besterik ikusiko dezue zeruetarako bear degun bitarteko on ta paketsu bat baiño, gizona Jaungoikoarekiñ katigatzen duan lokarri bigun bat baizik, mundu itxuari zeruko bidean argi egiten dion izate zuzen bat besterik? A zeiñ maitagarria agertzen zaigun eleizgizona gure utsegite danak entzun ta Jaungoikoaren izenean parkatzen dizkigunean, gure gaistakeri guztiak egundaiño ta iñortara ere desegingo eztan ixiltasunean gordetzen dituala!

        Aditu zazue nola ta nondik datorkion alizate au apaizari. Lurbira guztiko erriak gezurraren laiño azpian estaldurik zeudenean, gizonaren jakituri labur baiño arrotasunez betea zuzentasuneko bidetatik ertenda zatarkeriaren erdian galdurik zebillela, agertu zan lurrean Jesus Jaungoikoa, zeru ta lurraren egillea, gizon ta aingeruen jabea, ta Jaungoikotasunak ematen zion eskubidearekiñ bere ikasle edo apostoluai esan zien: accipite Spiritum Sanctum: quorum remiseritis peccata, remittuntur eis, et quorum retinueritis, retenta sunt. Artu zazute zuen gaikan Espiritu edo Megope Santua. Gaurdandik aurrera, zuek lurrean parkatzen dituzuen pekatuak, askatuak eta parkatuak geldituko dira; zuek lotutzen dezuena berriz, loturik geldituko da. Ara or apaizen eskubide edo alizate onek daukan asiera; ara or zeruetako aingeruak eta Jaungoikoaren Amak berak eztaukan eskubidea nondik datorren: Jaungoikoagandik. Jaungoikoak bakarrik parkatu daike pekatua, ta Jaungoikoaren izenean bere ordeazko ta bitarteko diradenak: apaizak. Apaizak edertu desakete deabrua baiño beltzago dagoan anima zeruko aingerua bezela. Orregatik esaten zuan Asisko A. San Franziskok: «Nik billatuko banituzke aingeru bat eta apaiz bat batera, apaizaren aurrean belaunikatuko nintzake aingeruaren aurrean baiño lenago». (Mejorar)

        Alperrik gure gizaldi oker onetako fedegaistoko gizon batzuk ukatu naiko dute eskubide onen indar ta iatorri ona. Esan bezate, nai badue, eztala eskubide au Zeruak emana, esan bezate, nai badute, gizonak asmatua dala beste gizon batzuk beren aurrean auspez ikusteagatik. Zer da oien esana iya emeretzi eunkidako siñistearen kontra? Zer da oien esana S. Irineo, Tertuliano, Origenes, S. Zipriano, S. Atanasio, S. Ilario, S. Anbrosio, S. Jeronimo, S. Agustin, S. Leon ta beste ainbeste Eleizaren guraso ta jakitunen kontra? Ezin nindezke gauza onen gaiñean txit liburu ederretan izkribatu diran gauza guztiak esan; baiña aitatu bear dizuet Eleizaren etsai bik diotena. Etsai abetatik bata da Lutero, Eleizaren kontrako protestante izenekoen buru ta nagusia. Lutero au Erromako Aita Santuaren kontra zebillen jo ta ausi, ezin zuan begien aurrean ikusi A. Santua, ta ala ere berak esaten du «naiago zukeala A. Santuaren mendean egon, aitorrera edo konfesio santua kentzea baiño». Bestea da Voltaire, azkenengo gizaldian Franzian bizi izan zan izkribatzalle gaisto bat, eta onek dio: «Lurbira guztiaren onerako ezin zezakeala sortu iñork autorrera edo konfesioa baiño gauza obeagorik. Konfesioa zala lurreko legeak betetzeko eta bakoitzak dauzkan eginkisunak ondo egiteko inork asmatu al zezakean lokarririk onena». Onela itz egin zuen Eleizaren etsairik andienak; eta alper-alperrik gaur esango ditue esanalak konfesio santuaren kontra or dabiltzan jardun zale burugabeko gizon pusturen batzuek: aitorrera santuak iraungo du beti, Eleiza bizi dan artean, mundua mundu dan artean, zergatikan dan Jaungoikoaren egintza, ta Jaungoikoaren egintzak eztira bukatzen gizonarenak bukatzen diran bezela. Jarraituko due apaizak aitorrera santuaren bitartez lurra zeruarekin paketzen, bada apaiza da Jaungoikoaren ta gizonen bitartekoa. Mediator Dei et hominum. (Bergier.)

        Gainera, beste eginkisun andi bat dauka apaizak lurrean zeru ta lurraren bitarteko bezela: au da, egia zaintzea, egia erakustea, egia lurbira guztian zabaltzea. Gizon guztiak diote egizaleak diradela, baiña gezurra dabil' lurreko agintari, goian ta bean, andien ta txikien artean; egia gozoaren arrañu garbi garbiak gezur beltzaren lañopean estalirik daude, ta egia ezta iñondik agiri, eleizetan ezpada. Kristok bakarrik esan dezake Ego sum ventas, Ni naiz egia, Ni, lenago ta oraiñ, atzo ta gaur, biar ta beti, beti bat naizen Kristo, Ni naiz egia, Ego sum ventas. Eta Kristok esan die eleizgizonai: «erakutzi zazute Ni zein naizen, beti-betiko Jaungoikoa, gauza guztien Egillea, docete omnes gentes, erakutzi zazute nere legea, nere dotriña, nere ebanjelio egiazko bakarra. Ta orretarako mundu gezurtiaren aurrean jarri bear badezute gogorrean etzaitezte bildurtu, bada nik aspiratu det mundua, Ego vici mundum, nere laguntasuna daramazute alderdi guztietara, bada Nere ta lurraren artean bitarteko zerate». Orregatik, ikusiko dezue apaiza gaistakeriaren kontra beti, egi ta onbidearen alde. Ikusiko dezue leku guzietan ardi galduen billa; Jesusen odolarekiñ erositako animak pekatutik atera eziñik, kristau guztiak bide zuzen ta garbietara ekarri nairik. Ikusiko dezue andikien jauregietan, beren biotzak beartsuen onerako samurtzen, ta beartsuen etxietan maitasunezko itzik gozoenak españian dituala. Ikusiko dezue toki santu onetan, egia zerutarrak erakusten, ezjakiñari adimentua argitzen, ta jakitunari deiezka jakituri guztien iturburu ta asiera Jaungoikoaren bildur santua dala. Beti ta edonun ikusiko dezue bitarteko zintzo bat bezela gizonak Jaungoikoaganuntz eraman ezinda. Mediator... (125, 126).

        A, n. k.! Zenbat esker zor diozuen eleizgizon edo apaizari! Jesusen lenengo ikasle edo Apostoluetatik asi ta gaur arteraiño ezta egundo gelditu apaiza bere lan santuan. Eleizetan, gaixotegietan, katigutegietan; errian, mendian, basoan; udan ta neguan, gabaz ta egunaz; Euskalerrian, Españian, Europan, Afrikan, Asian, Ameriketan ta Ozeaniako tokirik eskutuenetan, apaizak laguntzen dio gizonari jaiotzatikan asi ta eriotzaraiño! Ta Eriotzan batez ere! Zergatik, zein da, bere lurreko bizitza nolabaitean igaro badu ere, zein da azken larrian Eleizako otoitzaren murmurra bere belarrondoan aitu nai eztuan gizona? Zein da orduan bere aurrean apaiz baten kereiza ikusi nai eztuana, zein da azkenengo arnasarekiñ batera apaizaren bedeinkaera santua artu nai ez lukean gizona? Ai! Orduan denok aitortzen dezue apaiza dala lagunik onena, Jaungoikoaganako bitarteko bakarra. Mediator...

        Apaiz berria: Itz gutxitan bada ere, agertu det zure Jaungoikoaganako bitartekotasuna, ta zure gaiñean artu dezun ajola andiko lanbidea. Ondo dakizu zeiñ eskubide andiarekiñ apaindu zaituan zeruak gizonen onerako, ta baita ere iñoiz baiño okerrago dagoala mundua, Eleizaren etsaiak iñoiz baiño gogorrago, erriak iñoiz baiño eskergaistokoago. Orregatik, naita ere, arrozazko etorkisunaren berri onak ezingo dizkitzut eman. Ez, dena kontrara: gure Euskalerri bedeinkatu onetan ezpada ere, emendik kanpora, leku guztietan izango dituzu etsaiak. Badakizu zergatik? Zure gañean jantzi beltz ori daramazulako, egia zabaltzen dezulako, Eleizgizona zeralako. Non lan egiñ asko izango dezu; baiño zure lanen erdian zaudenean, kristauen gaiñera zeruko parkazioa jetxi dediñ zure eskuak luzatzen dituzunean, zeruetako dotriña erakusteko zure aua irekitzen dezunean, nork daki saritzat emango badizue parrea ta burla, edo katigutegiren batean sartuko bazaitue?

        Baño, zer digu? Jaungoikoagatik gabiltza gure lanean, zeruagatik eta zeruko laguntasunarekiñ gabiltza ta jarraituko diogu gure lanbideari, batere ikaratu gabe, gure bizitza guztian, Zeruaren jabeak bere aldamenera deitzen digun arteraiño.

        Amaitu det, apaiz berri ta orain igo zazu altara santuko arri malla ori, ta eskeñi zaiozu Jaungoikoari Bere Semearen Gorputz ta odola, ta erregutu zaiozu Lurbira guztiko kristauakgatik Erregutu zaiozu Aita Santuagatik, Euskalerriagatik

        zure erri Zestuagatik, zure anai-arrebakgatik, eta batez ere zure gurasoakgatik. A! Nolako poztasunarekiñ ikusiko duen zure gurasoak ostiarik santu ta bedeinkagarriena beren animen onerako eskeiñtzen diozula gaur Jaungoikoari. A zenbat maite zaituen! A zenbat ames gozo egin dituen zurekiñ! A nola egon diran egun pozgarri onen zai! Bete dira amesak Eldu da eguna, beren bizitzako egunik andi ta ederrena, ta zu bataiatu ziñan eleizan bertan ikusten zaitue apaiz egiñik, beste apaiz askoz inguratua. Badakite zure esku oietan egongo dala gaur Jaungoikoa Bera, badakite esku oietan musu emango dizutela gaur apaiz jaunak, Zestuako erri guztiak, eta musu eman bear dizutela berak ere zuri, beren erraietako seme maite orri. Ai! Ez bakarrik eskuan, biotzean ematen dizue musu egun zoragarri onetan! Erregutu zazu berakgatik, bada ongi merezi dute, ta, azkenez, nere lagun maitea, erregutu zazu nigatik ere, lur onetan izan dezadan nere eginkizunetarako bear detan indarra, ta munduak ukatzen digun saria zeruetan izan dezagun guztiok, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa