www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

CAMPANAS

 

(Aizarnazabal)

 

Fratres: Sobrii estote et vigilate, quia adversaríus
vester diabolus circuit quaerens quem devoret.
Nere anaiak, esnatuak zaudete, bada Etsaia
zuen inguruan dabill zein iruntzi billatu naian.
(Apaiz jaunak egunero erresatzen dituen itzak.)

 

        Aizarnazabalko erri kristaua: Gaur ospatzen dezu jai berri bat, orain urtebete ospatzea gogoratu etzatzun jaia. Igandea dalako kristandade guzian zelebratzen da gaur igande guzietan Jaungoikoari zor diogun festa, baña zuek, n. a., ospatzen dezue kristau guzietatik aparteko beste jai bat.— Denok zaudete egun andietako jantziekin apainduak, denok batu zerate zuen eleiza txukun garbian Jaun Altsuari eskerrak emateko asmoan iñoiz ez bezelako atsegiñarekin, ekarri dituzue auso errietako apaiz jaunak ta ots aundia eman nai izan diozue gaurko festari.

        Zergatik? Jakiña dago zergatik dan. Zuek, zuen aberastasunarekin baño askozaz geiago zuen borondatearekin eta zuen erritar kanpoan bizi dan gizon argitsu batek lagunduta, jaso dituzue eleiz onen gañera kanpai berri bi, ejenplu eder osasungarria emanaz alboetako erri guztiai, esango bazenduteke bezela orain egin dezuen lan eder onekin: Ara, jenteak, zenbat egin lezakean erri baten borondate onak; Aizarnazabal ezta erri andia, Aizarnazabal ezta aberastasun ugariak dituana, baña Aizarnazabalek dauka fede bizi bat, euskaldun zarren fedea, Aizarnazabalek dauzka seme prestubak, borondatetsuak eta daudenak elkar arturik Jaungoikoaren legeak agintzen duan gisan; daudenak gogo bat, desio bat zeukatelako, ara zer egin duan Aizarnazabalek: ikasi zazute erriak.

        Arrasoi askorekin ospatzen dezue, bada, n. a., gaurko jai gozoa; arrasoi askorekiñ batu zerate eleiza onetan barru barruko atsegiñarekin, Jaunari eskerrak ematera amaitu dezuenean zuen lan bedeinkatua. Bidezko gauza da, gauza berez sortzen dana biotz oneko jenteen artean, eskerrak ematea Jaungoikoari onra andi bat zatorkunian, mesede andi bat datorrenean gure gañera; bada zergatik Jaungoikoa da bakarrik onra guzien emalea, borondate guziak mugitzen dituana, mesede guzien iturria. Gloria, bada, egun dontsu onetan gauza guzien Egilleari! Gloria, biotz guzien jabeari! Omena Aita Zerukoari!

        N. a., denok jakingo dezue gaur zure erriari onra andi bat ematen diozuela, bañan egon leitezke norbaitzuk zuen artean gogoratzen eztiranak zenbat mesede egiten duen kanpaiak errietan. Orregatik pentzatu det erakustea: kanpaiak eleiz dorrean jartzea, dala mesede andi bat egitea norbere buruari: Au da gaur goizeko, itzaldi laburtxoaren gaia. Eskatzen dizuet mesedez arreta piska bat.

        Fratres: Sobrii estote, etc.

        1. Eztago gauza txarragorik errientzat, familientzat ta banan banan gizon guzientzako alperkeria ta nagitasuna baño. Alperkerian bizi diran erriak atzera ta lotzaz gelditzen dira munduak daraman ibillera askarrean; nagitasunean dauden familiak, goi ta nasaitxo bizi izan arren, erortzen dira beberaño laster askoan; nagitasunian bizi diran gizon guziak, naiz dirala nekazariak, naiz eskoletan jakituri billa dabilzanak, naiz aberastasun aundienean daudenak, milla kalte ekartzen ditue beuren buruen gañera, edo soroetako lanak sasoian egin eztiralako, edo bear dan argitasuna liburuetatik atera eztalako edo milla griña gaiztoz josi diralako.

        Izanik, bada, nagitasuna añ txarra eta gizonak berez nagitasunera emanak, orregatik gurasoak etxean, maisuak eskoletan, apaizak eleizan eta errege onak Dierri edo Erreinoan erakusten ditue nagitasunaren kontrako dotriña ta legeak.

        Bañan nagitasuna txarra bada munduko bizitzarako, txarragoa da, o zenbat txarragoa arimarentzat! Asko eztira nagiak, eztira alperrak gorputzeko, familiko edo etxadiko gauzai begiratu bear zaienean, eta ezta bear ere, bañan, o arima gaixua! zenbat bider gelditzen zeran astuta gizonakgandik.— Arima izanarren ondoen zaintu bear dana geien balio duana dalako... batzuetan, askotan, geinetan! pena andi batekin esaten det, n. a., geienetan bastertua gelditu oi da.

        Orregatik Jaungoikoak sortutako Eleiza santak geien geien arimari, betiko zorionari begiratzen diolako, diadar egin du beti nagitasunaren kontra eta ipiñi ditu alizan dituan lege ta arte guziak nagitasunari gerra egiteko eta arte aben artean batez ere kanpaiak.

        San Paulino Obispoak asmatu zuan lenengo kanpaia Napolesko Dierri edo erreinoan Kanpania zeritzaion toki batean zegoala, ta ortik dator kanpaiaren izena. Au zan bostgarren gizaldiko lenengo urteetan, ta ordutik onera mundu zabaleko eleiza guzi guzietan, Erroman Erroman bezela, Toledon Toledon bezela, Aizarnazabalen Aizarnazabalen bezela, andi ta txiki, millaka ta millaka, millioka obeto esateko, jotzen dira kanpaiak goiz ta artzalde Kristandadeari deiez, kristauak askotan nagitasunetik ateratzearren.

        2. Gerralariai turuta jotzen zaien bezela batutzeko lenengo ta gero beuren jira-bira ta mugimentu guzietarako, ala, n. a., kanpaia jotzen zaie kristauai beuren eleizako batzar santuetarako, beuren Jaungoikozko festa señaletzat, beuren pena agertzeko erritar bat iltzen danean.

        Eta ez dezazutela pensatu gaizki dagola esan dedan gerralarien irudia. Zergatik, n. a., gerran bizi geran beti munduan gauden artean gure arimaren etsaiekiñ; gerran deabru gaizkiñarekiñ, gerran munduarekin, gerran aragiarekiñ. Mailla est vita hominis super terram.

        Gerralariai goizean diana jotzen zaien antzera eta parkatu zadazue itz au bada, zueri ere, Aizarnazabaltar maiteak, deituko dizue dorretxo ortan jarri dituzuen kanpai bedeinkatuak, goizaldean, mendi gallurrean lenengo eguski errañu pozgarria agertzen dan orduan zuen nagitasuna kendurik salbe egitera Ama maiteari iru Abe Maria esanaz, ta eskeintzera Jaunari egun berriko lantxoak. Orrela, kanpaien bitartez, zuen eguna asiko da pensamentu onarekin, orazio egingo diozue Jaungoikoari, zeñen laguntasun gabe ezertxo ere ezin gezakean.

        Juango zerate lanera, eta zuen izardiarekin lurra bustitzen ordu batzuek igaro dituzunean, joko du berriz kanpaiak, oroitzen dizuela jun dala egunerdi bat... Pasatuko da artsaldea, ta kanpaiak joko du berriz illunabarrean, eguzkiak bere errañu guziak baturik lurra triste ta misterioz betea gelditzen danean. Orduan kanpai soñuak esan nai dizue zuen egunetatik bat geiago igaro dala, ta aprobetxatu dezazutela denbora arimaren alde, azken illuna, eriotza gogorra datorrenerako. Fratres... vigilate... Ta zeñ osasungarria dan kanpaiak arimari egiten dion dei biguna ikusi dezan zerbait galdu badu egun artan edo zerbait irabazi badu azken egunerako!— Esagutzen dituzue orain kanpaiak egiten diskitzuen mesedeak?

        3. Bañan ori kanpaien eguneroko lana da: kanpaiak beste lan batzuk ere baditue. Esan lezake, moduren baten, izpiritu bat duela kanpaiak, iskuntzen bat daukela. Badator igandea ta kanpaiak jotzen due bestetan baño gogorrago ta luzaroago biotzaren erdiraño diadarra sartzen duela. Orduan kanpai soñuak esan nai due: «Kristaua, gaur Jaunaren eguna da, utzi zazu lana alde batera, apaindu zaite, atoz eleizara mesa santua entzutera, atoz arima indartzera Erretore jaunak erakutziko dizun dotrina zerutarrarekin». Eta, erri onetan beñere gertatzen eztana, Jaunari eskerrak, balitz iñor jaiegunari begiratu gabe, oso premia gabe, lanian gelditzen danikan, edo oso gogortua dauka biotza edo an entzungo du lanian dagon tokian bertan malluaren ta atxurraren golpea baño garbiago kanpaien diadarra esaten diola: gaizki egiten dezu, gaizki egiten dezu, gaizki egiten dezu... Eta au egingo du kanpaiak egun batean ta bestean, urte batean ta bestean, zuen bizitza guzi guzian. O! kanpaiak kunplitzen du S. Pabloren konsejua! Argue, obsecra, increpa: Etzaiozu pakean utzi beñere pekatuan dagonari, deitu zaiozu beti bide onera.

        Beste egun batzuetan, jairik andienetan, dorreko kanpai guziak elkar arturik jira-biratzen dira iñoiz baño soliago, azkarrago, ta alaiago, eramanaz arima arimaraño poztasun andi bat. Orduan kanpai soñuak esan nai dizue: «Kristauak, zuek ondo dakizue zelebratzen zuen jaioteguna, zuen adiskide edo familiakoren batena, edo beste edozer gertaera on. Bada gaur da Ama Mariaren jaioteguna, Jesusen jaioteguna, onelako santu iltzaneko eguna: apaindu denok, eleizara denok zuen arimak garbitzera konfesio on baten bitartez; arimako aberastasunak irabastera, Jaungoikoa bera, o miraria! zuen janaritzat artuaz...».

        4. Kanpaia, n. a. m., misionista bat bezela da: itzik esan gabe, bere brontzezko oiuarekin bakarrik deituko dizue Jaungoikoaren izenean; berak esango dizue egunero: Sursum corda, ezta lurra zuen bizilekua, jaso zazuez zuen biotzak zeruetaraño, negarrezko leku onetatik zorioneko tokira: Sursum corda: egin zazue lana lurrean zuen buruaren ta zuen familien onerako, baña begiratu zaiozue arimari, eztezue billatuko deskantsu osorik munduan; etzerate aseko beñere; zeruan dago deskantsu, zeruan bakarrik aseko zerate: Sursum corda. Kanpaiak dauzka gañera esperantzazko bozak gizon justuarentzat, gaiskillearentzat dei bildurgarrizkoak; kanpaiak dira erri baten ta eleiza baten onragarriak; kanpaiak alaituko zaitue zuen erriko festa guzietan.

        Eta azken ordua urreratzen danean ere, zuen oietan eri ta zirgiñik ezin eginda zaudetenian, ikaraz Jaungoikoari kontu emateko, ta deabru amorratua dabillenean zuen inguruan zelataka, kanpaia izango da zuen laguntasuna, kanpaiak esango du orduan ere: «onelako gaizki dago, Eleizakoak daramazkite, erregutu zazue beragatik».

        Eta andik lasterrera, nola kanpaiak dauzkan soñu guziak, atsegiñezkoak bezela naigabezkoak, kanpai oiek berak izango dira eramango duenak dilin dolon tristean, negarrezko iskuntza balitz bezela, mendirik mendi t'etxerik etxe oiarzunetan zuen ill berria esanaz: consumatum est, il da, amaitu ziran festak fulanorentzat, amaitu ziran lan guzi guziak eta orduan jasorik adiskide danak beuren biotzak zerurontz egingo due zuekgatik orazio bizia Jaungoikoari.

        5. Begira, bada, Aizarnazabaltar maiteak, gauza eder bat egin badezue, mesede andi bat ekarri badiozue zuen buruari kanpai berriak jartzean zuen elizako dorrean. Kanpai oiek zuek baño bizitza luzeagoa izango due, biziko dira zuek il ta gerora zuen izena oroitzeko ta bedeinkatzeko. Eta, ah! zuen semeak, zuen illobak, ondorengo danak zenbat dotriña on ikasiko duen, zenbat Aita gurea geiago erresatuko duen kanpai oiek diralako, zenbat bidar esango duen kristau ononak badira beintzak: «bedeinkatuak gure gurasoak beuren buruentzat ta guretzako milla mesede egin zituelako gure dorreko kanpaien bitartez».

        N. a.: Bukatutzat ematen det nere itsalditxoa; bañan eztet jetxi nai toki santu onetatik zueri konsejutxo bat eman gabe. Kanpai berriak ez dituzue alperrik ekarri, t'alperrik izango lirakez beuren esana entzungo ezpazenduteke. Entzun, bada, ondo kanpai soñua egunero, goizean, eguardian ta illuntzean, ta egin Salbea lenagoko euskaldun zarretatik ikasi genduan bezela, gure Ama ta laguntzalle Mariani; entzun batez ere jaietan t'etorri mesa santua entzutera t'erretore jakintsuaren erakutziak aditzera, ta nik esaten dizuet Jaungoikoaren izenenan, orain kanpaien diadarra entzun ta bide zuzena jarraitzen badezue, etzaituela ikaratuko gero Juizioko turunt bildurgarriak.

        Jaun eta Jaungoiko zerukoa: Aizarnazabaltarrak, beuren mesederako bada ere, zure onran jasotzen ditue gaur kanpai berri bi; bedeinkatu zazu zeru altutik beuren pensamentu ona, saritu zazu beuren karidadea; bedeinkatu zazuz erri onetako erretore ta berari añ ondo lagundu diuen jaunak; bedeinkatu zazu Aizarnazabal guzia, eta, zure izena emen onratzen dualako, eman zaiozu gero zeruko gloria, zein guzioi biotz biotzetikan opa dizuedan: Aitaren etc...

 

aurrekoa hurrengoa