www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MISA NUEVA

 

(Zarautz)

 

Sicut misit me Pater, et ego mitto vos.
Ni nire Aitak biraldu ninduan bezela biraltzen zaituztet nik.
(San Joanen ebanjelioko XX buru
ta 21 garren bersotik artutako itzak)

 

        N. a. m.: Mundu zabalean egia falta da, mundu errukarria egia bearrean dago. Jakiñ nai badezute zeñ bearra dan lurrean egia ederra, eztaukazute ikustea baño gizon guztiak maitatzen duela, itxuran beintzat, gizon guziak esaten dutela berena dala egia. Deserrazoirik andienen alde dabillenak, gauzarik okerrena defenditzen dutenak; bere biotza bide gabeko maitasunez gañezka daukan gizonak; nor bere iritziarekin ateratziagatik egi guztiaren kontra jokatzen duan gizonak; lenengo gezur ondo asmatu gabea esaten duan ume koskorretik asi, ta eskola nagusietan panparroikeriz beterik beren dotriña gaistoak erakusten dituen maisuetaraño; istun-eder diranak, gizon jakintsuak, ausilariak, eskribatzalleak; goikoak eta bekuak, denak esango dizute arrotasunik andienenan: «au da egia, nik esan det egia, nerea da egia». A! Esagutzen dute, esango baluteke, bere biotzetan sentitzen duten gisa menturaz: «nik esaten det gezurra, nerea da gezurra», beren ausia berialasen galduta geldituko litzatekeala.

        Bada orduan esan genezake gizon guziak egiaren aldekoak badira, gizon guziak egia badiote, dena izango da egia munduan? A!, ez, a. Munduan gezur asko da, txit asko: gezurrak dira umien artian, gezurrak ezjakiñen artean, gezurrak jakintsuen artean ere. Gizonak, askotan, eztu erakusten dan bezela bere adimeneko pensakizuna: gizonak, askotan, bere biotzeko sentierak estalduak agertzen ditu beste lagun ta esagunen artean; baña borondaterik onenarekiñ jokatzen duanian ere, berez, indar gutxi dauka beti egia akiatzeko (billatzeko). Borondaterik onenarekiñ mundu onetako jakiturien billa dabillenean, jakituri oietako bide illunetatik barrura juateko, bakar bakarrik dauka laguntzat Jaungoikoak emandako argi errañotxo bat, arrazoi argala; eta orregatik batek bakarrik, lurreko jakituri guztiak beñere akiatzen ez ditu, bere bizitza guztian lanian badago ere; eta bere arrotasun galgarri justuan Jaungoikoaren doktrina santuko barrunde, eskutapen edo misterioak ikusi nai baditu berriz; a! orduan sakontasun aien aldemenean bere arrazoi argalaren argiak lagunduko dio gizonari bere zirziltasun ta izereza esagutzeko bakarrik.

        Orregatik ainbeste bidar begitandu zaizka gizonari eztiran gauzak; orregatik mundu onetan erakusle edo maisutzat egon diran jente askok erakutzi dituzte gezurrak egi eder maitagarriaren jaskerarekiñ apainduta; orregatik izaten dira askotan errukarri lurreko jenteak.

        Baña ez orregatikan bakarrik, egia osua esateko. Baita ere dira doaikabeak griñas josia daukatelako beren anima egia jakin da ere, erresegi juaten diralako okerreko bidera, eta negarrezko lekuan bizi geralako guztiok lurrean gauden bitartean. Eta emen esan gentzake egia bearrean bezela erruki bearrean dagola gizona. Nun billatuko du, bada, lurtarrak egia benetakoa? Jaungoikoagan, bera dalako egia, egia utza, egia bakarra. Nork erakutziko dio gizonari egia zuzen zuzena? Eleiz gizonak, Jaungoikoak orretarako aukeratu duan apaizak. Eta nork errukituko du bere argaltasunetan, nork legortuko ditu bere malkoak? Eleizgizonak, Jaungoikoak orretarako aukeratu duan apaizak.

        Ara emen agerturik nere gaurko itzaldiaren gaia. Lenago itz egiña naiz, erri onetan bertan, apaizen andi-izatearen gañean, eta gañera, oraindik denbora asko eztala izan dituzuen mesa berrietan adituko zinduzten eleiz gizonak dauzkaten eskubide berdingabeak, nik esanezakean baño milla bidar obeto. Orregatik billatu nai izan det gai berri bat, eta au da zueri agertzea «apaizak bakarrik dirala Jaunak aukeratuak egia zuzena erakusteko eta munduko doaikabetasunak errukitzeko».

        Lagun zadazue guztiok zeruetatik jaristen onetarako bear detan grazia, esanaz dendenok zeruetako erregiñ bedeinkatu ta gure ama maiteari, oitura dan bezela, Abe Maria bana.

        Sicut misit, etc.

        Munduaren asierako lenengo egunetatik bazan egia lurrean, Jaun Egilleak gizonaren biotzean aukerazko kabi baten bezela sortu zuana; baña gizonak bere eskergabetasunagatik galdu zuan egia ta zerurako bidea, ta gezurraren laño beltz galgarriak estali zuan mundu guztia.— Eta orduan, gure Jaun eta Jaungoiko gauza danen guraso ta Aitak, argitasun utsa ta egia betikoa danak, biraldu zigun lurrera bere seme laztan Jesus, gau illunaren ondorean eguski garbi ta alaia biraltzen digun bezela. Etorri zitzaigun Jesus zeru gozoetatik lur negargarrizko onetaraño, erakusteko bear diran egokitasun guztiekiñ jantzia: bada ekarri zuan, Egillea zan aldetik, gauza guztien esaguera benetakua (zerren Egilleak baño obeto ez ditu iñork sortutako gauzak esagutzen); jakituria bera zan aldetik, erakutzirik jakintsuenak; Maitale ta errukior zan aldetik, agindu edo mandamenturik bigun ta samurrenak. Zeruko eguski onek munduko gezur laño guztiak kendu zituan: ibilli zan erririk erri zer zan egia erakusten; eta lurtarrak entzun zuen berriro Jesusen aotik zeruko soñu pozgarrien oiarzun eder bat bezela Jaungokoaren erakutzia ta egia bedeinkatua.

        Eta bere jakituri neurrigabean esaguturik au etzala asko egia iraunkor egiteko, agindu zuan jarri zedilla egia ori liburu batean; ta bere ikasle batzuek, Jaunaren laguntasunarekiñ, egin zuten liburu bat, nun billatzen degun guztiok zeruko dotriña, jakituri guztien asiera, egia guztien kutxa, edertasun guztien jatorria, animako ondasun guztien gordelekua, esperantza guztien iturburua. Liburu orri deitzen diote Ebangeliua. Ara or dagoen egiazko liburuaren jatorria.

        Baña etzan naikua Jesusek egiak erakustea ta liburuetan jartzea egia oiek. Eztago munduan diadar edo oiu bat beti iraungo duanik: oiurik andienaren oiarzuna piskaka piskaka amaitzen da betiko, eta liburuak berriz eztakizki edozeñek irakurtzen, edo irakurtzen dituen guztiak eztakite beren pensamentu sakon ta mamia aukeratzen bear bezela.

        Bear zan bada norbait lurrean gordeko zuana zintzoro Jaunak emandako egia, esnatuko zituana, errian ta basoan, ibar zakonean ta mendi tontorraren gañean Jesusek pekatariai egindako diadar santuen oiarzun gozoak: eta orretarako aukeratu zituan gizon batzuk eta esan zien: sicut misit me Pater, et ego mitto vos: euntes ... Ni zeruko Aitak biraldu ninduan bezela... zoazte erririk erri ta erakutzi zazute egia. Orduan sortu Eleiza santa.

        Ta Eleiza onek bere txandan aukeratzen ditu gasten birtutetsuaren artean gizonik onenak, batzuk amaitzen diranerako besteak, zabaltzen ditu munduaren alderdi guztietara, ta esaten die Jesusek bere lenengo ikasleai bezela: Ite, docete omnes gentes: zoazte bakoitza toki batera ta erakutzi zazute an zenbat sor dioten jenteak beren Egilleari, nola maitatu bear duten Jaungoikoa, nola bete bear dituzten bere agindu santuak: erakutzi zaiezute egia aberatsai ta pobriai, jakintsuai ta ezjakiñai, agintariai ta mendekoai, toki orretan bizi diran jente guztiai: docete omnes gentes.

        Ara or nundik datorren apaiz jaunak daukaten erakusteko eskubidea, ara zergatik erakusten duen emeretzi eunkida onetan munduaren alderdi guztietan, ara zergatik erakusten dioten dotriña umetxoai, ara zergatik itz egiten dizuten jaiero zuen artsai jaunak; ara zergatik inguratzen dituzuen gure erakustokiak, gure pulpitoak, ara zergatik aditzen dituzuten poz-pozik gure itzaldiak: Denok dakizute gure erakutzia eztala gurea, ezpada Jaungoiko Santu zeru ta lurraren Egillearena, munduaren osasunerako zeruetatik ekarria: denok dakizute eskerala gu beste gauzarik Jesusen egiarentzat aukeratutako zabalbide batzuk baño; beste gauzarik Eleizak eman digun egia aotik aora erakusten degun gizon batzuek mundua mundu dan artean Eleizak gordetzen duan ta gordeko duan egia erakutziko deguna

        A! Nik eta ni bezelako beste eleiz gizon batzuk erakutziko baginduzke pulpitoetan norbere gogoramenak bakarrik, arrazoi andiarekiñ esango zenduteke, aditzalleak: Zeñ zera zu neri ezer erakusteko? Noiz ta nun izan zera zu ni baño geiago edo ni beste jakituriako gauzetan? Baña Jaungoikoaren mandatariak bagera ta Jaun zerukoaren egia bakarrik erakusten badegu, erantzun genezake bereala: «ez eman neri arpegi, adiskidea; ez asi nere kontra; jarri zaite, al badezu, Jaungoiko santuaren aurrez aurre ta esan zaiozu bera baño jakintsuago zerala ta berak baño obeto dakizkizula zeruko bideak». Eta munduan gizon arro asko ta asko badira ere, eztet uste orrenbeste panparroikerirekiñ itz egin lezakean gizonik dagoanik; edo iñor baldin bada, galduta dauka bere burua, eta txoroen bildurrik eztauka Eleizak.

        Beraz emendik ikusten danez gizona ezin leiteke izan, berez bere argiarekin bakarrik, beste gizonen gidari, erakusle edo maisu? Ai, ez, n. a. ez! Gizonak eztauka orretarako eskubiderik; eta gañera, esagutzen degunian gure adimenaren argaltasuna, esagutzen degunean añ erraz juaten dana okerbidetik aurrera ta aurrera, egiazko bidetik balijoa bezelaxen; ta beste aldetik ikustean gure borondate gaistoa, añ gogor eskudatzen duan borondatea norberari ondo datorkion gezurra; aitortu bear degu gizonak eziñ dezakela erakutzi uts egiteko bildur gabe Jaungoikoagandik datorren erakutzia ezpada, ta ori Jaungoikoak berak eskubidea ta laguntasuna emanda. Munduan siñisterik izango bada, gogoera onik izango bada, agindu onik izango bada, nai ta nai ez biar da gizonen gañetiko aginde jakintsu ta on bat; eta orregatik Lurreko erri guztietan esagutu due beti lege guztien jatorri bat, Jaungoikoaren legia, ta erakusle guztien erakusle bat, Jaungoikua berbera.

        Orregatik Jaungoikoaren izenian itz egiten degun apaizak, Jesusen dotriña erakustean, erakusten degu egia zuzen-zuzena.

        Eta ori da, apaiz berri lagun maitea, zuk emedik aurrera egingo dituzun gauza andietatik bat. Gaurtik aurrera, Jaungoikotu baziña bezela, S. Dionisioren izkuntzan esateko, egingo dezu altara orretan mirari andi bat, zeruko aingeruak, zeruko erregiñak berak eziñ dezakean miraria, munduko izkuntzarekiñ eziñ esan dezakegun izugarrizko miraria; bada, itz batzuek esanaz bakarrik, ekarriko dezu zure eskuetara zeru-lurren jabe andi, maitagarri ta milla bidar santua; artuko dezu gero janaritzat Jaungoikoa bera: ta berak indartuko zaitu, berak erakutziko dizu egia gaur dakizun baño ere obeto, gaur maitatzen dezun baño ere geiago maitetu dezazun; ta egia zabalduko dezu gero zabiltzan toki guztietan Jaungoiko egiazkoaren izenean, ezjakiñaren adimentua argitzen dezula ta jakintsuari esaten diozula jakituri guztien asiera dala Jaungoikoaren bildur santua.

        Eta biarko dezu Jaun zerukoak altara orretan emango dizun indarra zure bizitza guztian egia gozoaren bandera zuri ederra jasotzeko, Ai! Asko dira gaur dan egunian gezurraren bandera beltza inguratzen dutenak, eta asko izango dira zure etsaiak. Etsaiak billatuko dituzu erri andietako kalietan, ta etsaiak erri txikitxoetan ere; zure kontra ta Jaungoikoaren kontra madarikaziorik naskagarrienak esango dituzten etsaiak; arpegiz arpegi, bear bada, lotsagabekeririk andienak esango dizkitsuenak. Oraindik denbora asko eztala, eginkizun batera juan biarrian, sartu nintzan burni bide bateko burdi edo kotxean, barruan zeudenai egun onak emanaz. Iru gizon ziran, erdaldunak, eta etzuten erantzuerarik izan nere egun onarentzat; baña batek, betosko illuna ipiñita, begirada gaisto bat eman da gero, esan zuan beste aldera jiratuaz: «noiz amaituko ete dira apaiz abek munduan»? Ez nuan nik ezertxo ere erantzun, baña bai nere barruan pensatu: noiz amaituko geran? Munduan egiarik biar eztan egunian, munduan eleizarik bear eztanean, munduan pobrerik eztagoanean, malkorik eztanean, gaixorik eta eriotzarik eztanean. Orduan amaituko dira apaizak (abadeak); eta au da esatea beste eztirala egundaño amaituko, negarrak, sotiñak, malkoak, pobriak, gaisoak, eriotzak eta gezurrak beñere amaituko eztiralako.

        Baña guazen itzaldi onen bigarren zatira: ikusi dezagun nola dan apaiza munduko doekabetasunen errukitzallea. Jesukristoren eskolakua da, ta eskola orretan ikasi du gezurraren alde dabiltzan gizon gaistoak errukitzen, gezurra gorrotetzeari utzi gabe. Jesukristo gure maisuak, kurutze baten iltzen zegoala, Aita zerukoari bere iltzalle borrero amorrotuagatik erregutu zion, kurutze gañetik esanaz: Pater, dimitte illis quia nesciunt quid faciunt. Eta Jesusen eskolako apaizak Jesusek emandako eskubidearen bitartez gizonaren onerako egunero erregutzen du bere etsaiakgatik, eskeintzen dio altaran, egunero Aita Jaungoikori bere Seme Jaungoikoak onela esaten diola: «artu zazu, Jauna, eskeintza berdingabeko au, lenagoko gisaldietan Abel, Abraan ta Melkisedekena bezela, munduko gaistakeri guztien parkaziorako».

        Bai, n. a. Gizon guztiai begiratzen die apaizak Jaungoikoaren irudiak bezela, danak errukitzen ditu ta danak zeruratzea nai du: ori da bere sentiera biguna, ori da bere gogo benetakua, ta gogo orren indarrak eramanda ikusiko dezute apaiza karidadezko batzar guzietan aurrena, ikusiko dezute, laguntzen gizon kristauari jaiotzatik eriotzako orduraiño, ikusiko dezute sarri bere españetan maitasunezko itzik bigunenak dituala, Jesukristorekiñ batera esaten: «zorionekoak dirala pobriak, zergatik berentzako dan zeruetako gozotasuna».

        Eta nola daukan Jaunak gizonaren onerako emanda, eskubide andi ta ongarri bat, lurreko pekatu ta gaistakeri guztiak parkatzeko, nai du apaizak eskubide onen birtute ta gozotasun guztia gizon pekatariaren alde ipiñi, ta jartzen da autortoki edo konfesonarioan, ta an artzen ditu egiazko errukiarekiñ, aita on batek bere etxadiko semiak bezela, errenka dabiltzan ardi guztiak, garbitzen ditu denak, sendatzen ditu, ta ematen die animako osasuna ta pekatu guztien parkazioa. «Nik barkatzen dizkitzut, esaten die egiazko errukitasunarekin, nik barkatzen dizkitzut zure gaiztakeri guztiak Aitaren, Semiaren ta Espiritu Santuaren izenean». Eta apaiz jaunak itz abek esatearekiñ batera jaikitzen da pekataria biotzaren erdian pake gozo bat duala ta birtuteko bideak dakizkiala, jarraitu 'nai baditu. Zuek dakizute ondo egia esaten detala, n. a. m. A! Zenbat bidar paketu ta poztu zerate zuek autortokian! Zenbat bidar billatu dezute garbitoki santu orretan gidari zuzen bat eta guraso errukior bat! Ta nola ez apaiza bada Jaungoiko errukitsuaren liburuan ikasten duan gizona, arako ardi galdu baten billa, mendirik mendi, txararik txara, ta basorik baso ebilli zan artsai onaren eskolakua? (Bai, zuek ondo dakizue apaiz jauna errukitsua dana, baña ez dakizuten gauza da zenbat poz, zenbat atsegiñ, zenbat estitasun izaten duan gizon orrek bere biotzean Jesusen odolarekiñ irabazitako ardi galdu bat zuzen bidera ekartzen duanian!)

        Eztauka apaiz on batek gogo sutsuagorik Jesusentzat animak irabastea baño, ta gogo bedeinkatu orrek eta gizonaganako errukiak eramaten du eri edo gaixoaren etxera, noiz nai, egunez edo gabaz, biar dan orduan, ordurik estuenean bere itz bigun, parkamen gozo ta laguntasun onarekin munduari agur egin biar dion gaisoa itxaropen edo esperantzaz betetzen duala; gizonaganako maitetasun ta errukiak eramaten du edozeñegana, baita ere kate artian iltzeko daukaten gizona gaizkilleagana.

        An dago (egoten da) katez lotuta gela estu ta illun batean eriotzako erabaki edo sententzia irakurri dioten gizon erallia, azkenengo orduaren zai. Gastea da oraindik, askotan edo sasoikoa, edo gizon gordiña: urte askoko bizia zeukala esan zeitekean, baña legeak erabaki du ill dedilla beste gaizkilleak ajola ta bildurra izan dezaten. Orduaren zai dago, ta entzuten dituan ots, zarata ta oiu guztiak itz bat bakarra esaten diote: eriotza. «Eriotza» esaten diote urrutietatik aizearen egoetan datozen murmur ixillak; «eriotza» eleiz dorreko kanpai soñuak; «eriotza» erlojoko eskabillaren alde batera ta besterako joera berdiñak. Biotzeko estutasunak, animako larriak, gizon guztientzako daukan amorruak ito bear du gizon erallea. Ai! Zeñek errukituko du mundu guziak gorrotatzen duan gizon ori? Zeñek eramango du anima orretara pakea ta poza! Zeñek? Apaizak. Erekitzen da katigutegiko atea ta agertzen zaio apaiz bat, errukitasunezko Jaungoikoaren mandataria, Jesus kurutzekoaren irudia eskuetan duala ta apaiz ori gelditzen da katigutegian erallearekin bakarrik. Andik piska batera negarrez daude biak, eta ill biar duanak dio: baña izango da neretzat parkaziorik, jauna? Bai, erantzuten du apaizak, parkaziua, maitasuna, zerua, beti betiko poza. Baña, jauna, nik madarikatu det Jaungoikoa, gorrotatu det eleiz gizona, gaistakeri andiak egin ditut. Ezta ajola: lurreko agintariak eriotzara bialtzen zaitu, zeru goietako aitak parkatzen dizkitsu zure pekatuak eta nik bere izenean: ego te absolvo. Ai! aita, aita, eztet nik egundako orrelako itz gozorik entzun: zu zera nere poz bakarra, ez nazazula utzi ill arteraño. Ez, dio apaizak, etzaitut utziko ill artean, lagunduko dizut, eta gero ere nik erregutuko det zure animagatik. Eta esan da egin, laguntzen dio azkenengo arnasa eman artean, bere argaltasunak indartzen, ta erallea ill ondorean Aita Zerukoari esaten dio: requiem aeternam dona ei, Domine. El lux perpetua luceat ei. Aita zerukoa, eman zaiozu betiko atseden edo deskansua ta argi dezaiola beti betiko argi gozoak. O n. a.! Ikusiko bazenduteke orduan apaiz baten anima, esan bearko zenduteke eztagola lurrean beste maitasun ta erruki bat maitasun onekin berdintzekorik, eta mundu guztiko maitasun garbiak galduko baliake ere egiazko maitetasuna billatuko litzatezkeala apaiz on baten biotz errukiorrean.

 

* * *

 

        Esan dezagun orain itz bitan nere itzaldi guztia. Zer da apaiz bat? Jesukristo gure Jaunak Berak aukeratutako gizona, Bere izenean erakutzi dezan egia garbi ta osoa ta izan dezan beste anaien errukia. Apaiza da errien gidaria, lurtarren maisua, biotzik samurreneko gizona, errege guztiak baño eskubide geiagokoa, Jesusen ondorengo berria beste Jesukristo bat, alter Christus, eleizako guraso batek dion bezela.

        Orregatik esaten dizuet zueri, n. a. m.: ondo begiratu zaiezutela eleiz gizonari, berak diralako zuen maisu onak: bonorifica sacerdotes, aurtxoak, abegi on bat egiñ zaiezute apaizai, bada berak dira zueri dotriña ta zerurako bidea erakusten dizkitsuen gizonak: Honorificate sacerdotes, sasoiko emakume ta gizonezkuak, abegi on bat zaiezue apaiz jaunai, bada berak dira gizon zintzo eta emakume leialak izaten erakutziko dizuten gizonak: Honorificate sacerdotes, pekatariak, almendu ditzatzutela, apaizak, berak diralako zuen pekatu ta gaistakeri guztiak parkatzen dizkitzuen gizonak: urtietan ondo sartuak zaudetenak, honorificate sacerdotes, abegi ona egin zaiozute apaizai, begirune on batekin begiratu dezaiozutela apaizai, berak diralako, oneskero laster zuen etxera etorriko dan eriotzako orduan zuen pozgarri ta laguntzalle ta errukior izango diran gizonak. A! Eriotzako orduan, betikotasunaren ate onduan bildurrez jarrita zaudetenian, poz-pozik artzen gaituzue zuen etxeetan, ate guztiak zabal-zabalik billatzen ditugu; bada nolabaitean bizi izan danak ere, apaizen etsai izan danak ere, nai du ikusi bere aldemenean apaiz baten kereiza, nai du artu apaizak ematen duan parkazioa, zeruetan sartzeko urrezko giltza bezela. Bada orduan begiratuko diozuten gisan begira zaiezute apaizai bizi zeraten artean.

        Eta zu, apaiz berria, Jaungoikoak egin zaizula adu oneko, ain gauza andietarako aukeratu zaituen eskero. Atoz ordu onean beste apaizen artera, artu zazu eskuan egiaren bandera zuria eta eskudatu zazu zure bizitza guztian; ta zerbait eraman bearra izaten badezu egizalea zeralako, oroitu zaite eztagola gauza ederragorik egia aoan ta egia biotzean daukagula, iltzea baño. Ordu ta zoriona, zure gurasuari, zure anaiai, zure etxeko guztiai gaur altara orretan ikusten zaituelako, beste lagun jakintzuz inguratua, ainbeste bidar ames egin duen bezela. Jaungoikoak bakarrik daki zenbateraño maitatzen zaituen zu zure amak eta aitak; Jaungoikoak bakarrik daki zenbateraño goi ta andi ikusi nai izan zaituen; Jaungoikuak bakarrik daki zenbateraño alaiak izan diran beren belarrietan gaur zure mesa berrira deitu duten kanpaiak; Jaungoikuak bakarrik daki nolako gozotasunarekiñ dauden orain, erri guztiaren aurrian zuri eskuan mun egiteko orduaren zai. O! Eztue izan munduan beste egun bat gaur bezelakorik! Eztue izango beste onelako egun bat, zeruan sartzen diranean ezpada!

        Igo zazu, adiskide maitea, altara santuko eskallera malla ta eskeñi zaiozu Aita Jaungoikoari Seme Jaungoikoaren Gorputz ta odola, zure guraso maite ta bizi diran senide ta alde guztiakgatik, eta iltziranak gatik ere bai! Gaur etxadi edo famili guztiaren jaia dezute, ta batzuek emen gozatzen zaudeten bitartean, nok daki bestiak badaude zeruetatik begira, edo Garbitokiko oñazietan zure altarako erregu ta eskeintza orren esperantzetan! Erregu zazu, bada, danokgatik, bizi diranakgatik eta ill diranakgatik, aideakgatik, adiskideakgatik, Zarauzko erriagatik, Españiagatik, Eleizagatik: erregutu zazu nigatik ere, eleiz gizon on bat izan naitean beti, gaur maitatzen detan sotana maita dezatan ill arteraño; erregutu zazu mundu guztiakgatik, bada mundua guztia dago bearrean.

        Orrela erakutziko dezu lenengo egunetik, apaiz errukitsua zerala; eta izango dezu gero Jaungoikoaren errukia ta betiko zoriona, zuri ta nere aditzalle guztiai opa dietan bezela, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa