www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GABONA TA EGUNONA

 

 

I

 

        Beti da gaba illun da bildurgarria. Ill iantziakaz legez soiñekoturik etorri oi da, ta beragaz batean oidakaz beti damorrigarrizko gogamen larriak, eta askotan gizon ausarditsuenaren biotza emeturik itxi daroen bildurra ta artegatasuna.

        Beti da gaba guzurrez da eskutapenez betea. Berak estaldu oi ditu gure begiakaz sortitz edo izakearen erdian egunez ikusten ditugun gauza danak, eta eregiten ditu, irudimenarentzat, lur lau zabalak, irudimen orrek gura daben eran sortu daizan gogoak eskatzen dautsazan izate guztiak, gauza bakotxari nai dan itxura, margo ta neurria emonaz.

        Baiña, bear bada, ezta egundo izan gaba, gure Eroslearen Ama gozoa ta beren senar done Iose, Israelgo erregeen ondorengoak izanarren, Belengo ateetan alperrik deituta gero, nun nai ortik eta ona dabillen etxadiaren gisan, korta batean aterpetu zireanean baizen illuna: etzan iñoiz bein bere izango gaba, Iesus askatxu batean iaio ta Zeruko Aingeruak Iaungoikoaren goraldia goietan da gogo oneko gizonentzat bakea lurrean izan zedilla deitu ebanean baiño.

        Irudituten iat niri orduko gaba otza, gizon berekorraren biotza legez: baltza, guzurraren erdian ondaturik dagoan arimearen itxuran; izugarrizkoa, gertaera andien aurreko uneak direan antzera. Izaki guztiak arriturik egongo litzatekez baldiñ. Aginduriko Mesiasen agerrerea aurretiaz iakin baleu legez. Gure bizileku onetako zugatzak, garau ta orririk baga, euren adarrak, gorutz iasorik eukezala, zeruari argi, bizi ta berotasun eske egozan besoen irudia izango eben, lurraren beso argal azurtsuen irudia; lurbirako itxasoak, ekaitz orduetako indarra ta sendotasuna zingo barruan eskutaurik, oi ezeben bake ta isilltasunean egongo zirean, olatuen orroe altsua baiño otsandikoago ta gurgarriago zan Aingeruaren deadarra entzutearren; da bestetan aiñ eder agertzen dan goialdea, illargiaren da izarren argi makala estaldu nairik, odeiz iantzia ikusiko zan; bada etzan orduan Egia baiño beste argirik bear, da Egia, Iaungoikoa izanik, Ume baten iazkereagaz etorren orduko gaba Gabon egitera.

 

 

II

 

        O ze gauza bearra zan guretzat iñoiz guzurtauko eztan da iñok guzurtauko eztaben egia eder onen etorrerea! O ze bearra dan gaur dan egunean bertan! Gaur dan egunean, Iesus iaio zanean legez, egia maite dabela diño gizonak, egia gordeta daukala; baina Iaungoiko baga dagoanean, gauza ziurra da eztala gizona egiaren iaube.

        «Neurea da egia» esaten dau asmorik nastauenaren aldeko gizon urten azartuak: «neurea da egia» astakeriarik andiena nagusitzat iarri gura leukeanak: «neurea da egia» gogamen da itz guztiak beren buruari dautsan geiegizko guraritik dakazan gizonak. Ondo estaldu bagako guzurra diñoan umetik asi ta izenik andieneko ikaslekuetan euren erakusmen galgarriak zabaldu oi dituen gizon entzutetsuetaraiño, iardunlariak eta liburugilleak, gizon iakintsuak eta errizaintzailleak, gauza guztien asterrena ta izate danen sustraia idoro nai dabenak, danak esaten deuskue erabatean, arrotasunezko itz soiñutsuakaz: «neurea da egia, neuk diñodana da egia».

        Baiña, alan da guztiz bere, beren indarrean siñistea daukan gizon arroak egia beragana erakarteko oso dauka kemen gitxi. Uste ta gogorik onenagaz lan egiten dabenean bere, iakituriaren bide neketsu latzetatik ioan bear dabenak, Iaungoikoak bere iakituriko aberastasun neurrigabeetatik emon dautsan argi apur edo izki bat bakarrik dauka laguntzat, eta argi orregaz alegiñak egiñarren, eztitu iñok lurreko ikaskizun guztiak egundo ikasiko. `I'a Iaungoikoagan dagozan ikaskizunen gaiñean barriz eztago zer esanik, bada gure argaltasun da ezereztasunentzat goregi dagoz Iaungoikoaren gauzak.

        Eta guztiz da ziurra, gaiñera, Iaungoikoa alde batera itxirik ibilten direala gizonak askotan, da beste askotan uste ta gogo txarragaz diarduala izketan da lanean, beren griña gaiztoetan oker esondetuten dalako.

        Ortik iatorkoz sarri okerreko eritxiak, ortik etorri dira ezin esanala guzur erakusteak, ortik ainbeste arkuntzatan zuzentasunaren kontra ta alkarren maitetasunari zor dautsagunaren kontra emon direan erabagiak.

 

 

III

 

        Iaungoiko ta bere erakusmen bagako bizia, guzurra ta nastea ugari daukazan gaba da.

        Zuzenbidetik dabiltzan gizonak sarri oker dabiltzanen azpian euki daroazan gaba.

        Iñoiz oker dabiltzanen mendean azpiraturik egoten bagara gu, azkortu gaitezan Iesus Bera, lurbira guztia erakusmen zerutarragaz argitu ebanetik laster, eriotzara bialdu eben okerreri ta guzurraren aldekoak.

        Eta Iesus izango da gure erabagitzaillea adimeneko gogamenak eta biotzeko abian izan ditugun gurariak erakutsi bearko doguzan ordu estuan.

        O Ume Iaungoikoa! O neure Iesus! Ze pozgarria dan gure erabagitzaillea Zu izatea, ta ez gizonak! Zuk eztaukazu illuntasunik, Zuk eztaukazu gaurik, Zuk griñarik eztaukazu. Lurbireari argi egitera etorri ziñan argia zara, Eguna zara, Egia zara.

        Ta naibagez beterik daroagun bizitzako gaba igaro daigunean, Zuk emongo deuskuzu beti betiko Egun ona.

 

aurrekoa hurrengoa