www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN JOSÉ

 

Hay que arreglar este sermoncito
(Predicado en Cestona)

 

Joseph, fili David. Matth. I.

 

        N. a. m.: Egia esatea, egizalea izatea eta egia defenditzea gauza txit ona dan señalerik andiena da gezurraren aldeko guziak esaten duena: egia diuela, egiaren alde dabilzala, egizaleak dirala. Au bera gertatzen da leñargi edo nobletasunarekin. Nobletasuna gauza ona dan señalerik andiena billatzen det mundu guziak ematen dion estimazioan; eztu iñork esango lapur baten semea dala, urkamendian il zala bere aita, presondegietan daguala; baña oso antziñetatik onragarritzat euki izan oi da familia noble edo leñargikoak izatea. Gure jatorria odol garbikoa dala erakustea beti euki izan degu gauza anditzat; gure aideak zirala onelako edo alako gizon birtutetsu edo jakituri andikoak agertzean, denok panparroitu oi izan gera. Eta ez bakarrik etxadiak, baita era erri, probintzi, Dierri edo Nazioe guziak ausi andietan ibilli izan dira umant bat nungoa dan agertzeagatik... Zuek, n. a., irakurriko zenduezan milla kondaira gai onetakoak; zuen begiakin ikusiko dituzue jauregietako ate zabalaren gañean, arri landuzko eskutu iraunkorrak errespeto eta itzaltasuna ematen bezela gizon andien jaio lekua izan zan etxeari; eta guk bakoitzak ere, n. a., gordetzen ditugu, ogi bedeinkatua bezela, nor bere jatorriaren arbola edo leñargitasuna erakusten duen paper batzuk.

        Bada eztaukazue jatorri andikoa izatea gauza honragarria, zergatikan miraritu, nai badet nik Eleisaren gidari ta gordetzalle S. Jose gison guzien gañetik jaso bere egiazko nobletasunagatik, Dabid erregearen semea zalako. Joseph, fui David.

        Bañan, ez dezazueta pensatu, n. a., nai dedala jarri S. Jose añ goietan Dabiden odolekoa zalako bakarrik beste gauza gabe, ezpada eze bere animan bere biotzaren erdian ondorengo egiazkoa bezela, Dabiden birtute guziak gorde izan zitualako. Dio S. Juan Krisostomok bazala Tebas zeritzaion uri batean Espartako etxadi edo famili bat, nondik jaiotzen ziranak zuen gorputzean berezko txusu edo lanza baten irudi bat bezela, nobletasunaren señalean, eta señale au etzeukatenak etzirala etxade artakotzat euki oi izan. Onela, n. a., bakoitzak euki bear ditu leñargitasunaren señaleak; nobletasun egiazkoa norberarena izan bear du eta ez gurasoena ta jatorrizkoa bakarrik; bene benetan leñargia danak erakutzi bear du bere egitada guzietan eta ez leñargitasuna ondo gordea euki familiako paper zimur batzuetan edo arrasako kondaira edo istorian.

        Natorkizue, bada, n. a. m., gaur, agertzera S. Jose dala leñargi, birtutetsu eta santoa, Dabiden seme egiazkoa zalako, bere ariman Dabiden birtute guziak eta geiago zaukazalako; batez ere zalako Dabid bezela, Israelgo argia, Gizon Jaungoikozkoa, zeru ederretako aingeru gozo baten antzekoa. Lagundu zadazue onetarako bear dedan grazia Espiritu Santuagandik jaristen S. Joseren Esposa garbi Maria santaren bitartez, esanaz guziok nerekin batera: Abe Maria.

        Josepb, fiai David. Matth. I.

        N. a. m.: Dabid errege santua arkitzen degu Eskritura santuetan itz eder eta onragarri askorekin izendatua, merezi zuan bezela; baña gaurko nere itzaldia ez geiegi luzetzeagatik begiratuko ditugu bakarrik onduen datorkiozan izen batzuek. Dabidi deitzen zaio erregien liburuan lucerna Israel, Israelgo argia, bada zan egiaz argi bizi bat bezela bere jakituri, justizia eta ejenplu ederreko errañu gozuen bitartez, eraman zezan Jaungoikoaren bideetatik Israelgo jente errukarri illun eta lauso tartean zebillena, mundu eguski gabeko baten gisara edo gizon itxu baten modura.

        Eta nork, n. a. m., esagutzen ez du Jose Santua ere izan zala munduan J.K.-ren famili pobretxoaren argi ta gidaria? Jose-ren etxean, egia da, an zegoan Jesus, eguskirik argitsuena; an zegoan Maria, illargi zuri maitagarria; baña Jesus umetxoa zan eta gorderik zeukan sasoira artean bere argitasun guzia; Maria emakumea zan, eta estaltzen zuen berea umiltasun eta oniritziaren mantupean, senarrari zion errespeto neurri gabeagatik. Gauza bearra zan, bada, Josek egitea agintari ta zuzendaritzat famili santu artan, eta Jesus eta Mariaren aurrean bere argia ikustea, Artizarra zeru urdinean eguski ta illargiaren aurrean ikusten dan bezela.

        San Jose gabe, n. a. m., zer izango zan mundu galduan famili santu arrekin? Nola ibilliko zan guraso gabe, nondik billatuko zuan janari ta bizimodua? Non segurantza? Nola ibilliko ziran itxuran emakume gaste bat eta semea lurreko biaje eta juan-etorrietan? Nola lotuko zituen beiñ ere falta eztiran mingañ gaistoak? San Jose zan, bada, n. a., Jesus ta Maria estaltzeko jaio zan argi sutsu ta diz-dizaria, lucerna ardens et lucen, eta argi egin zuan munduan bizi izan zan arte guzian Jaungoikoak emandako jakituri eta karidade egiazkoarekin.

        Ez dezazutela dudarik euki, n. a. m. Gizon jakintsuekin dabiltzatenak jakituriako kontuak eta gauza askoren berriak ikasten badituzte; Moisesek Jaungoikoarekin euki zuan isketatik arpegi eta izate modu berriko bat atera bazuan; S. Josek, Jaungoikoaren seme jakintsu Jesus eta bere emazte Mariarekin egunoro zaukazan isketa gozuetan, zenbat ikasiko zuan, nolako argitasunak aterako zituan! Errotan dabiltzatenak zuritzen badira; suaren onduan daudenai berotasunak koloriak gorritzen badizte; gauza usai gozozkoen artean dabilzanai, usai gozoa gelditzen bazate, nola Jose santua, ainbeste denporan Eguski ta Illargi zerutarrekin bizi izan zana agertuko etzan munduan zeruko argiz apaindua? Bai, n. a., Dabidi deitzen badio Eskritura santak lucerna ardens et lucens, esan giñaike guk ere bere ondorengo Josegatik izan zala munduko argi diztizari ta sutsua. Eta orregatik, lurrean, gure gabeko eginkizunen laguntzarako eukitzen ditugun argi danak itzaltzen ditugun bezela, goisean, mendi altuko gallurrean, eguzki alaiak bere errañu pozgarriak erakusten dituan orduan, ala, S. Josek amaitu zuan bere bizitza Jesus sasoitua gertatzen zanean bere Ebanjelio osasungarria zabaltzeko lur guzi-guzietan.

        2. Bigarren, deitzen zaio Dabidi Eskritura santuan Jaungoikoak berak zuan biotzaren irudiko gizona, vir secundum cor Dei, errege onek bete zitualako zintzoro Jaungoikoak egin ziozkan aparteko aginduak, mundu guziarentzako Jaunak eman zituan mandamentuetan iñoiz erori bazan ere.— Eta zenbat obeto esan geinke Jose garbiagatik, zala, Jaungoikoak zeukan biotzaren irudiko gizona, vir secumdum cor Dei, bada añ zintzo, añ laster, añ oso osoan bete ditu Jaungoiko Egillearen mandamentu eta aparteko agindu guziak?

        Igarri zuanian Josek Maria txit garbia aur egiteko zegoala, beragandikan alde egiteko pensamentuetan zebillenean, agintzen zaio gelditu zedilla bere emaste santa Mariarekin, eta Josek, makurtzen du bere burua Jaungoikoaren mandatariaren aurrian, eta gelditzen da Mariarekin batian; agintzen zaio Jaungoikoaren seme zanari Jesus izena ipintzeko eta obedezitzen du, agintzen zaio, Zesar enperadoriak dion bezela, juateko Belenera an familia guziaren izenak jartzeko eta badijoa beriala; agintzen zaio Moisesen legiak esaten duan gisan eskeintzeko eleizan Jesus eta ebaki bat emateko seme laztan arren gorputzean... eta Jesus eskeñia da eleisan, bere gorputz Jaungoikozkoa odoltzen da pekatari batenaren eran; agintzen zaio Joseri, lorik gozoenian zegoala menturaz! jaikitzeko ai da batian eta eramateko Jesus eta Maria Egiptora, eta jaikitzen da itxaron apurtxo bat gabe eta badijoa gau illunian erbesteruntz; agintzen zaio etortzeko berriz Israelgo lurretara eta badator itz bat bakarra erantzun gabe; agintzen zaio Galilea-ra juateko; urtean iru bidar Jerusalengo Tenplora igotzeko, eta Galilea-ra dua, Jerusalengo Tenplora igoten du, bein bakarrik erantzun bat eman gabe, galdaera bat egin gabe, duda bat euki gabe, iñoiz ere okertu gabe berak nai zuan eran Jaungoikoaren agintza ta borondatea. Zeinbat arrazoirekin esan zeikian, bada, Jaungoikoak Josegatik: Inveni virum secundum cor meum, qui faciet omnes voluntates meas. Billatu det gizon bat nere biotzaren irudikoa, nere borondate guzi guzia edozein ordutan beteko duana?

        Ah! n. kristauak: begiratu zaitezte ispillu onetan; begira zaitezte ongi, ya zuek ere beti zaudeten prest Jaungoikoaren borondatea egiteko, naiz gustokoa, naiz gusto gabekoa izan, ala bakoitzak zuen borondatea egiten dezuen Jaungoikoak guraso, agintzalle, espirituko gidari eta artzaien bitartez esaten dizuena alde batera utzirikan.

        Munduko erregeai beñere etzaite gustatu beuren borondatetik, apurtxo baten bada ere, apa?tatu izan dan mendekorikan. Atenastarrak kastigatzen zuen eta arrazoiarekin, bada mendekoak asten badira legearen kontra, beuren burua erregearen gañean jarri nairikan, ezin leiteke izan gauza onik, eztago Nazioetan pakerik, familietan izango eztan bezela umetxoak gurasoen gañean jarri nai badue, ez bakarrik legea bete nai etzuena, baita ere lege ura itz bakar baten okertu nai zuana. Erromatarrak lepua kentzen zioten, juez izateko denpora bukatu eskero, egun bat geiagoan juez izaten zanari. Nere aditzalleak: lur doakabe onetako gizonak onela nai badue beuren borondatea obedezitzea eta arrazoiarekin nai badue, nola naiko eztu gure Jaun eta Jaungoiko gauza guzien Egille altsuak, bere eskuakin sorturako gizon zirzillak ongi, ziatz, egiaz eta zintzoro bere agindu guzi-guziak betetzea? Eta mundu onetan ainbeste eskergabetasun arkitu duan Jaungoikoak, nolako atsegiñarekin esango zuan Dabiden ondorengo egiazko Josegatik: Inveni virum secundum cor meum qui faciet omnes voluntates meas?

        3º. Irugarren esan det deitzen zaiola Dabidi Eskritura santan Zeruko aingerua bezelako gizona. Sicut enim angelus Dei, sic est Dominus meus rex, eta txit ondo merezia zeukan Dabidek deitze au, bere birtuteakgatik zalako bene benetan, errege on guztiak izan bear lutekeen bezela, bere erriaren aingeru gordetzalle bat. Baiña askoz obeto esan geinke bere ondorengo Josegatik, zala egiazko aingeru gordetzallea Jesus eta Mariarentzat; bada izan zan lenengo Maria santarentzat bere garbitasunaren zaintzallea, bizitza gaistoko emakumetzat artu ez zezaten genteak; gero janari irabastzallea familia santua biziko bazan; ostera bizitzen defenditzallea; eta azkenez Jesukristo Jaungoikoaren semeak bear zuan fama ta onraren gordelaria; bada Maria emakume gaistotzat artua iduki izan balitz, Jesus bera seme borte edo zelegartzat eukiko zuan mundu ezjakiñak.

        Eleizako guraso eta jakintzalleen pensamentua da, Sto. Tomasekin batera, Jesukristok etzuala izan beste kristauok degun bezela aingeru gordetzallerik, ezpada eze, bera, Jesus izan zala aingeru guzien gordelaria; baña ukatu ezin lezake S. Jose izan zala Jesusen zaintzalle, eta gai onetan San Jose aingeruak beurak baño geiago izan zala.

        Gauza jakiña da erregien semeai ematen zaiztela maisu ta erakustzalle jakintsu eta birtutetsuenak, eta onetan bear bezela, erregeak ipintzen duela beuren alegin ta borondate guztia. Eta S. Jose, Zeru altutik gizonen buru eta biotzak garbiro ikusten dituan Jaungoikoak ezleidua izan bazan, Jaungoiko jakintsuak bere Semearen gidaritzat esleidu bazuan, nolako jakituri zerutarrak, nolako birtute miragarriak izango zituan S. Josek?

        Josek zaintu zuan eta libratu zuan Jesus Herodesen biatzetatik, S. Rafaelek dragoiagandik Tobias gorde zuan bezela, Josek gorde zuan bizitzako landara eder ta mardula lurreko pausoetan, eta Dabidegatik esan al bazan aingeru baten irudikoa zala, Josegatik esan Ieike aingeruak eta santuak guziak baño geiago, zergatik aingeruak eta santuak Jaungoikoaren serbitzariak izan diran, baña Jose Jaungoikoaren gordelari eta guraso.

        Uste det, n. a., ikusi degula Dabidi deitzen bazaio arrazoiz Israelgo argia, Jaungoikoaren biotzaren erako gizona, aingeru baten irudikoa, askozaz obeto esan geinkeala au berau S. Josegatik; uste det esagutuko zenduela Dabid bazan jakituri andiko eta biotz oneko errege leñargia, S. Jose bere ondorengoak aberastu zuala gurasuen odola birtute, diñadi eta goiende miragarrienarekin; uste det esagutuko zenduela Joserekin etzala gertatu beste askorekin gertatzen dana; au da: bizi izatea gurasoak, aurreragokoak, asabeen izenak ematen duan keriz edo itzalpean; ez, kontrara: Dabiden arrasa San Joserekin eldu zan izaterik andienera, San Jose izan zalako arrasa artako eta gerora munduan izan diran gizon guzietatik nobleena.

        Baña, n. a., diñadirik andienetara eldu bazan ere, munduaren aurrean arotz langille bat baño etzan; nondikan esagutuko degun Eleiza santak ainbeste bidar erakutzi duan egia, au da: Jaungoikoaren aurrean edozein langille izan leitekeala andikirik aberatzena beste, erregerik alisate andikoena aria, bada andia benetan izatea da birtutetsua izatea eta ez beste gauzarik. Ai! egi au balekie mundu guziak!, n. a. m.; gu, erri soko bedeinkatu abetan, baketsu eta zorioneko bizi gera, Jaunari eskerrak! oraindik ontzu soberbiaren txongarten bat eldu ezpada; baña mundua, fedegabekuen doktriña galdumendikoak zabaldu diran eskero, gaistakerian eta zentzu gabeko pensamentuetan irakitzen dabill. Orregatik, nai nuke nik orain boz indartsu bat euki, naikua erririk-erri eta mendirik-mendi oiarzunetan munduaren kaburaño juateko nere diadarra, esanaz: O langilleak, langille kristauak, aditu zazute Eleizaren dei amodiozkoa: zuen buruak aizez ta arrokeriz bete dituen jentiak, gezurrezko dotriña erakusten dizue; obedienziaren kontrako eta arrotasunezko doktriñak ezin litezke onak izan kristau langilleak, andiki eta noble izatea nai badezue zuen eskuetan daukazue, bada birtutea da nobletasunik eta aberastasunik andiena. Katoliko zeraten langilleak, egunoroko janaria euki eskero, ez dezazutela bururik ausi munduko aberastasun au laster galtzen diranen billa, billatu zazue zeruko zoriontasun iraunkorra; langille kristauak, ara emen zuen ejenplurako langille pobretxo bat Jaungoikoaren guraso egiñik!

        Nere aditzalle maiteak: guk, euskaldunok, Jaungoikoaren graziaz, jatorritik degu nobleak eta kristau onak izatea, erakutzi dezagun lengo lengoak gerala orain ere, ez gerala bein ere ez eskuira ez eskerretara okertuko, jarraituko degula gure aitonak erakutzi ziguen bide zuzenetatik aurrera.

        Ez dedilla esan munduan lengo euskaldunak gauza bat zirala, nobleak, kristau onak, baña beste bat gaurko eguneko euskaldunak.

        Eta, Oh! Aita S. Jose zeruetan gloriaz beterik zaudena; bada argia izan ziñan Israelgo errian, argi zaiozu illuntasunetan dabillen munduari; an umill ta obedientia izan ziñan Jaungoikoaren borondatera, erakutzi zazu ainbeste falta egiten duan umiltasun eta obedienzia; izan ziñan Jesusen aingeru gordelaria, gorde gaitzatzu lurreko pausu guzietan, zurekin batera gozatu dezagun egunen baten zeruan. Amen.

 

 

[Barnean agerturiko gehigarri kokaezinak]

 

        Baño munduak dauzka bere pensamentuak ta bere legeak, pensamentu ta lege ondo etortzen dira Jaungoiko Santuaren pensamentu ta legearekiñ, ta munduaren lege orretatik sortzen dira erru asko ta arimarentzat kalte andiak. Denok gera Jaungoikoak egiñak, denok, andi ta txiki, aberats ta pobre, jauregietan jaiotako ta txaboletan sortuak Jesusen odolarekin irabaziak, denok gera Jaunaren aurrian berdiñak; baña egia eder ta pozgarri au sarritan ikusten degu astutzen duala.

        Batez ere, aberatsak, famili nobletik jaio diranak, pobreak izanda ere odol garbikoak diranak, beren burua besteak baño zerbait geiagotzat euki oi izaten due. Eta nola gu, euskaldun guziok...

        Nik badakit onenak gerana; baña naikua onak salbatzeko?

        eta erakusten ditugu igeska gure aldamenian egunak, illak eta urteak. Gaur, garizumako egun triste eta penitenziakoen erdian billatzen degu egun alai ta pozgarri bat, San Jose-ren eguna; zuen buruak aizez ta arrokeriz bete dituen jentiak, gezurrezko dotriña erakusten dizue; obedienziaren kontrako era arrotasunezko doktriñak ezin leitezke onak izan.

 

aurrekoa hurrengoa