www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN JOSÉ

 

Constituit eum Dóminus dóminum domus suae,
Jaungoikoak egin zuan bere etxearen buru ta nagusi.
(CIV garren Salmoan 21 garren bersotik artutako itzak.)

 

        N. a. m. Zer gauza ederra dan esperanza! Birtute Jaunkokindako edo teologalen artean bigarrena, da esperanza gauza bat zeñ gabe gizona eziñ bizi leitekean mundu onetan. Birtute guzien asiera ta sustraia da beti fedea, bañan bigarrengo mallan dator beti esperanza gerorako pensamentu gozo ta pozgarriarekiñ: da fedea gauza on guztien sustraia, esperanza ostro berdedun arbola ederra ta karidadea fede ta esperanzaren frutua.

        Gizonak esperanza andia izan biar du beti Jaungoiko santu Egilleagan. Baña, esango dirazue, zer zimendu dauka gizonaren esperantzak? Gizonaren esperantzak dauka zimendutzat Jaungoikoaren itza, zeñ dan itz bat faltako eztana Zeruak eta lurra faltako balira ere; esperantza santuak dauka zimendutzat Jaungoikuak gizonaganako duan errukia. Jaungoikoak emandako itza billatzen degu Eskritura Santuetan eta Jaungoikuak digun errukia denok dakigun gauza da. Nola ezta gurekiñ errukituko Jaungoikua bere semeak bagera denok? Nola ezta errukituko bere semearen odolarekiñ erosiak bagera? Geiago, Nola maitatu ez gu bere semeak bagera?

        Ainbesteraño maitatu genduzan eze bere Seme maite bakarra emon zigun, gizon egin zan, gizonen artean bizi izan zan dotriña eder zerutarra erakusten, ta gizonagatik iltzan. Sic Deus dilexit...

        Orregatik izan biar degu denok Jaungoikoagan esperanza, orregatik jun biar degu konfianza osoarekiñ bere beso bigunetara; baña beragana zuzenean juaten atrebitzen ezpagera ere bere Jaungoikotasun ta magestadeak bildurtzen gaitualako, badauzkagu, a, bitarteko on asko, ta batez ere gaurko eguneko santu andia, A. S. Jose Zeruko gloriaz betia.

        Doi doikiro datorren gauza da, Santu andi au izan zan, n. k., Jaungoikoarekiñ konfianza andi batean bizi izan zana bere bizitza guztian, eta pensatu det zuek eskeintzen diozuen festa eder onetan txit egoki datorren gauza dala zueri agertzea S. Joseren birtuteak ta batez ere bere konfianza osoa Jaungoiko Egillearekin, ikasi dezazuen emendik zuek sor diozuen konfianza.

        Ara emen nere gaurko itsaldiaren gaia.

        Bañan au biar dan bezela erakusteko zuri eskatzen dizut argitasuna argi guztien aita ona, bada zure jarrilekutik bakarrik jetxitzen da gauza on guztia lurrera. Eman zadazu argia, pistu zadazu nere biotza eta izan zaite zu nere aotik zure erriari itz egingo diozuna. Eskatzen dizugu zure ama onaren bitartez, zeñi erregutzen diogun mesede au esanaz aingeruakiñ batean Abe Maria.

        Constituit. etc.

        N. a. m.: Oso itz gutxi esaten ditu Ebangelio santuak S. Joseren lenengo urtien gañean, baño itz aiek bakarrik naikua dira jakiteko Jose Santua zertzan, Mariaren senartzat aukeratu baño len. Joseph autem, irakurtzen degu, cum esset justus. Nondikan ikusten degun S. Jose izan zala bere lenengo urteetan ere birtutetsua ta Jaungoikoagan konfianza andia zuan gizona, bada eztago justurik birtute gabe, eztago justurik Jaungoiko Santuaren esperantza gabe.

        Zer egiten zuan S. Josek Mariaren senar izan baño lenago? Bakartadean bizi zan, ixil, isillean bizi zan, jatorri andiko gizona izanagatik langille bat bezela bizi zan, Jaungoikoaren legea betetzen, Jaungoikoaren ontasunean esperantza zuala, mundu onetan lagunduko ziolako esperantzetan, zeruko gozotasuna atxituko zualako esperantzetan. Erat justus. Justua zan. Eta ara emen merezimentu bat munduaren begietan gutxi balijo duana, baño txit asko Jaunaren aurrean berialaxen ikusiko degun bezela.

        Jose eskutuan ta ixillik bere Jaunagan esperantza guztia jarrita bizi zan bitartean, Maria Santa, Maria garbi ta umilla estadu artseko sasoira etorri zan, eta orduan Jerusalengo Eleiz gizon naguzienak eman zuan ordena deitzeko Dabiden odoletik zetozen gisaseme gustiai Mariaren senar izan nai bazuen jakiteko, Israelgo legeak agintzen zuan bezela. Eta nola Mariaren edertasuna ta birtuteak izen andikoak ziran Israelen ordurako, ara nun agertzen diran Dabiden ondorengo Prinzipe asko, gasteak, ederrak eta aberatsak Mariaren eskuaren billa. Eleiz gison nagusiak esaten die, Jaunaren aginduz, almendrazko arbolaren makilla igar bat ekarri biar duela, ta makilla aietatik ezetu ta loratuko dala bat, zeñen jabea izango dan Mariaren senartzat aukeratua. Ekartzen ditue makillak, jartzen ditue tabernakulo santuan, ta bitartean prinzipe gaste aiek an daude amesetan, pensatzen zuala bakoitzak berea izango zala Maria, bada bakoitzak bere burua uste zuan gauzarik andiena zala; baño irikitzen da tabernakulo santuko atia, ateratzen dira makillak eta, agur amesak! makilla guziak igarrak zeuden. A! Jerusalengo tenploan batu ziran gustiak berengan zuten esperantza, beren odol garbian, beren aberastasunean, beren edertasunean zuten esperantza dana, ta orregatik umilltzen ditu Jaungoikoak erri guztiaren aurrian. Ez ote dago Israelen Jaungoikoagan bakarrik konfianza duan odolgarbiko gizonik?

        Zeñ falta da? galdetzen due sazerdoteak. Zeñ? Iñortxo ere ez, Jose arotz pobrea ezpada. Bada datorrela Jose. Ematen da ordena berri bat esaten duana iñortxo ere ez dedilla gelditu etorri gabe: badator Jose legea kunplitzeagatik, badator Jose bere makillatxoarekiñ, oso umilla baño Jaungoikoagan konfianza gustia jarririk; sartzen dira berriz makilla guztiak tabernakulo santuan ta ateratzen diranean, o zer eraspea! ikusten da Joseren makilla datorrela ezea ta lora txuri ederrez apaindua ta beste guzien makillak igarrak len bezela. A! bai, Joseren anima umilla ta esperantzaz betea zegoan Jaunaren aurrian ezea, bizia ta loratsua; ta menturaz besteen anima guziak igarrak eta illak beren panparroitasunean. Jose, gizonik umillena, gizonik garbiena ta santuena aukeratu zuan Jaungoikoak emakumerik umillena, garbiena ta santuena sanaren senartzat.

        Nai nuke, a., zerbait pensatu dezazuten aukeratze onen gañean, esagutu dezazuten zenbat balio duan Jaungoikuarentzat justua ta esperantzaz betea izateak, esagutu dezazuten zenbaterañokoa izango zan S. Joseren birtutea.

        2. Jaungoiko santu gauza guzian jakituri neurri gabea duanak, pensamenturik eskutuenak ikusten dituan Jaungoikoak, biotzik zimurrenaren tolosturak ikusten dituan Jaungoiko Egilleak, eldu zanean bere Semea gizon egiteko sasoia, aukeratu zuan amatzat Seme Jesusentzako munduan sortu zanik emakumerik garbi ta Santaena, mirari bat egin zuan, miraririk andienetakoa Jesusi ama bat emateko zeruko apainduriz betea! Gauza au bidezkoa da ta errez entenditzen dezue guziok, n. a. m.; Jaungoikoaren semearentzat Jaungoikoaren semearen diñako ama bat beartzan.

        Bada oraiñ gogoratu zazue billatu bear zuala ama onentzat senar bat, eta pensatu zazue nolakoa billatuko zuan, nolakoa izango zan Jose. Eztago munduan guraso bat bere alabaren senartzat gauzarik onena nai eztuanik, eta azkozaz geiago alaba ura berez bada txit ona ta maitagarria; orduan gauzarik onena ere utsa ta ezereza iduritzen zaio aita bati, eta aitaren eskuetan badago, pensatu zazue zer billatuko duan bere alabarentzat. N. a., nik eskatzen dizuet zuen entendimentu edo adimenaren indar guzia arrazoi onen sendotasuna aditu zazuen ondotxo. Jaungoikoak billatu bear zuan senar bat berak mirariz sortu zuan alabarik maiteenarentzat; Jaungoikoak bere mendean zeuzkan zeruak bertako aberastasun ta aingeru guztiekin, lurra gizon guztiekiñ ta baita ere infernua bere diabru guztiekiñ; ikusten zituan munduan izan ziran ta izango ziran gizon santu guzien biotzak Moisesetik asi ta azkenengo gure altaretan ipiñi dan santuraño, Moises baño lenagokoak, mundua mundu dan artean izango diran gizon on guzienak, eta, danen artetik Jaungoiko jakitunak ateratzen du bere alaba maitearen senartzat Jose Israeldarra, Dabiden odoleko semea! Arrazoi onetatikan ikusten dezue, n. a, urrutitxoan ta laño tartean bada ere, zeñ garbia izango zan Joseren biotza, nolakoa bere birtutea? bada gizon guzien artean aukeratua izan zan.

        Bañan eztizuet dana esan. Zeruaren egilleak etzuan billatu bear mirariz sortu zuan alaba maitearentzat senarra bakarrik, nai zuan gañera zeruetatik lurrera zetorren seme kutunarentzat guraso ordeazkoa ta zaintzallea, Maria ta Jesusek egin bear zuen familirako burua, eta zeru ta lurreko danen artetik Jaungoiko jakitunak ateratzen du famili santu onen Jaun da jabetzat Jose Israeltarra, Dabiden odoleko semea! Constituit eum Dóminus dominum domus suae. Iruditzen zerate nolakoa izango zan Joseren birtutea!

        3. Jaungoikoak bere etxearen jaun da jabetzat autatu zuanean Jose santua, eman ziozkan Jesus ta Maria ondo zaintzeko bear zituan graziak. Bada eztio iñori arturapen bat ematen artarako bear diran graziak eman gabe. Jesusek S. Pedrori kristandadeko artaldea zaintzeko zeregiña eman zionean, esanaz: Pasce oves meas, pasce agnos meos, agindu zion erregutuko ziola beragatik Aita zerukoari fedea galdu ezezan, fedea zalako S. Pedrok geien bear zuan gauza. Ego rogabo pro te ut non deficiat fides tua. Onela S. Joseri eman zionean Jaungoikoak bere artalde apartekoa, artalderik maitena zaintzeko zeregiña esanaz: Pasce ovem meam Mariam, pasce agnum meun Jesum ixuri zituan S. Joseren gañean zeregiñ onetararako bear zituan zeruetako graziak ugaritasunik aundienean, ta gero beregan utzi zituan konfianzarik andienarekiñ bere seme kutun Jesus ta bere alaba maite Maria.

        4. (Ta Josek, zeñ ederki erantzun zion Jaungoikoaren konfianza oni!) Mundu guziko ondasunen jabe dan Jaungoikoak eztio ematen Joseri, famili santuaren buru egiten duanean, lurreko ondasunik, baña Joseri eztio ajola: «osasuna dedan artian, pensatzen du, nik billatuko det nere izerdiarekin nere familiak bear duan janaria; osasuna galtzen bazait Jaungoikoak dana ikusten du ta begiratuko dio nere familiari. Jaungoikoak neregan ipiñi du konfianza, nik ostera beregan daukat: maitasuna maitasunarekin pagatzen dan bezela, konfianza konfianzarekiñ».

        5. Bañan Joseren konfianza au, laster progatzen du Jaungoikoak modurik gogorrenean. Josek ezertxo ere etzekiala sortzen da Jesus Mariaren erraietan Espiritu Santuaren bitartez, eta S. Josek ikusten du bereala zer pasatzen dan, baña nola pasatzen dan eztaki. Zer egingo du Josek? Iges. Eta, uste dezue a, Josek, igez egiteko asmoetan asten danean galdu duala konfianza? A, ez, ezta orduan ere: berak ondo daki Mariaren garbitasuna; ziur ziur dago Maria, bere ernaste maitea, inozenziarik andienean dagola, santarik andiena dala; begien aurrean ikusten duana ikusita ere eztu galtzen Mariaganako konfianza; baña Jose justua da ta legeak agintzen dio bere emastea entregatzeko justiziari, eta, bildurtu egin da! Aditu zazue zer esaten dion Jaungoikoak misterioa agertzean: Ne timeas, Joseph, accipere Mariam conjugem tuam. Etzaite bildurtu Jose esaten dio aingeruak Maria zure emaztetzat gordetzen, bere erraietan sortu dana Espiritu Santuaren obra eta egintza dezu. Eztio esaten: eztezazula konfianzarik galdu, ezpada ze: ez bildurtu, ne timeas. Gertaera eztu orretan galdu ote zuan Josek Jaungoikoaganako konfianza? Ezta ere, iñoiz baño gutxiago: Joseren pensamentua au zan: «orrelako gertaerarik ezta beñere munduan izan: Mariari sor diodan maitasunak eta legeak biyen erdian artzen nauenik eztakit zer egiñ eta dena Jaungoikoaren eskuetan utziko det, bada Jaungoikoagan bakarrik daukat nere konfianza». Eta Jaungoikoak konfianza onen saritzat Josek etxetik erten baño len eman zion berria Espiritu Santuaren obra zala Mariagan gertatzen zana, eta Jaungoikoaren itzean konfianzaz beterik juntziran Joseren bildurrak. Zeruak zeukan konfianza etzuala Josek biar etzan gauzarik egingo: Josek zeukan konfianza zeruak konponduko zuala dana.        5. Eta zenbat gozotasun etorri zitzaiozkan Joseri bildur onen ondorean! Berak, Mariarekiñ batean jun zanean Belenera, penaz ikusi bazuan ere etzeguala tokirik etxeetan famili santuarentzat pobretxoa zalako, izan zuan gozotasunik andiena laster ikusi zuanean jaiotzen zeru ta lurraren jabea aingeru zerukoen soñu alaien artean, ta etortzen zirala umetxo ura adoratzera mendietako artzaiak lenengo ta urietako errege ta jakintsuak geroago.

        Jose onela pozez betea zegoan bitartean, nok daki Belengo jauregietan negarra bazegoan ere! Bada jauregietan ere negar egiten da, n. a., jauregietara ere juten da eriotza, aberatzen etxeetara ere eltzen da Jaungoikoaren besua bere justiziaren zigorrarekin: Iñoiz pasatu izan naiz ni ere jauregietako ate zabaletatik barrura; iñoiz igo izan ditut etxe ederretako marmolezko eskillera mallak eta eldu izan naiz alfonbra bigunez ta apainduriz beterikako saloietara. Eta an ere negarrez ikusi ditut. Bai, a., jauregietan ere negar egiten da.

        7. N. a. m., Añ laster dijoakigun denborak gaba ta egunak dituan bezela, gure bizitzak postasunak ta naigabeak ditu lurrean. Onela S. Joserentzat ere Jesusen jaiotzan izan zituan postasunak samindu ziran laster Egiptora iges egiteko zeruko agindua artu zuanean, bada Erodesek galdu nai zuan Jesus. Gabaz, eztaki ziur nondik ta nola, baña Jaungoikoagan bere konfianza guzia ipiñita, badijoa Jose, bide eskutuetatik eta denborarik gaiztoenean, naigabez beterik Jesus eta Mariak alako ibillera txarrak egiñ bear zituelako gizon gaiztoakgatik. Ejiptora dijoa eta eztauka Ejipton esagun bat bakarra; eztaki lanik izango duan bere familiarentzat janaria irabasteko, baña konfianza oso osua darama Zeruak dena konponduko dualako: Zeruak beragan utzi du Jesus eriotzatik libratzea, berak zeruan dauka bere esperantza guzia, bada oroitzen zaio Isaias Igarlearen esana: In spe erít fortitudo vestra. Eta benetan, etzeguan gaizki ipiñia S. Joseren esperantza: etzitzaion faltatu Jaungoikoaren laguntasuna, billatu zuan bere familiak bear zuan janari pobrea, ikusi zuan bere onduan asten Jaungoikoaren semea, paketsu ta bildur gabe, Aita deitzen ziola, bere belaunetara igotzen zitzaiola askotan, berarekin laztantzen zala milla bidar. Jaungoiko-Jesusen gurasoa zan, ta guraso maitatua! O zer konfianza Jaungoikoarena Joserekin! O zer konfianza Joseren Jaungoikoarekin!

        8. Onela bizi izan zan S. Jose, Jaungoikoarekin esperanzaz betea, bere azken orduan, Jesus ta Mariak lagunduta, gozo gozoro bere arima Aita Zerukoaren eskuetan utzi zuan artean; eta zerura juanda gerora ere, an dago S. Jose, Jesusek fundatu zuan Eleiza guziko buru ta Patroitzat, columen Ecclesiae, an dago, bere Seme maite Jesusen aldemenean jarririk, gozotasunik andienen erdian, Jesusen aotik aditzen duala: Pete, Pater. eskatu zazu, nere lurreko Aitordea, eskatu zazu, eta etzatzu ukatuko ezer ere.

        9. Eta oraiñ esaten dizuet nik, a. m., gure Jaun ta Jaungoikuak ainbeste konfianza izan badu S. Joserekin munduan bizi izan dan artean, eta baita ere zeruan dagoanean, nola guk denok izango eztegu S. Joserekin konfianza neurrigabeko bat? S. Josek, a., libratu zituan Jesus ta Maria beren etsaietatik; San Josek libratu geinzke gere arimaren etsaietatik: deabruagandik, zergatik deabrua aspiratu zuan, zeruko graziarekin, tentazio guzietan: munduagandik, zergatik mundua bentzutu zuan pobretasunean ta andinai-izatetik aparte bizi izanda, bada Joseren mundu ta aberastasuna Jesus ta Maria ziran bakarrik: aragiagandik, zerren garbitasunean bizi izan zan beti. Pete, Pater, esaten dio Jesusek: eskatu zure debotoentzat biar dezuna, eta etzatzu ukatuko.

        10. Aditzalleak: nik badakit arturapen andi bat dezuenean, zeren gogoarekiñ aurrera erten dezuenean, ausi gogorren bat darabilzuenean, billatzen dezuela bitartekorik onena edo abogaurik famatuena. Bada, jakin zazue, denok darabilgula eskuartean arturapen bat arturapenik andiena: «salbatuko geran edo salbatuko ez geran»; denok darabilgula ausi gogor bat deabruarekiñ, zeñek egiten duan alegin guzia gu infernuetara eramateagatik. Arturapen estu onetan eztegu billatuko denok gure laguntzat bitartekorik onena? Ausi gogor onetarako eztegu nai abogaurik abillena?

        Eta eztet uste iñok dudarik izango duanikan Jaungoikoak bazekiala zeñ izango zan zaintzallerik onena bere semearentzat, eta danok dakigu S. Jose aukeratu zuala. Etzerate kontentu izango Jaungoikoaren Semeak zuan zaintzallearekiñ?

        11. Bai, n. a. m.: Ite ad Joseph esaten zien Faraonek bere mendeko jentiai, mesede bat eskatzen zienean; ite ad Joseph dio Jaungoikoak kristandade guztiari: euki dezagun beragan konfianza, izan dezagun denok S. Joseren bitartez salbatzeko esperanza. A, bai, esperanza! Zer izango litzateke mundua esperanza gabe? Izar gabeko gau illun bildurgarri bat baño bildurgarriagoa, erteera gabeko prensondegi betz bat baño beltzago. Kendu zaiozue esperanza miñaren miñez oian ezin egon dan gizon bati, kendu zaiozue esperanza beti neke, lan ta samiñen artean dagoanari, ta munduan egiten diran gaiztakeri guztiak errazoizko gauzak izango dira.

        N. a.: bildur izan zaitezte beti salbatzeko esperantzarik eztaukan gizonarekiñ!

        12. O nere kristuak: Jaungoikoak ta Maria Santak ainbeste konfianza izan bazuen S. Joserekiñ, nola guk eztegu izango? Ite ad joseph esango dizuet danori: senar emasteak, nai dezue zuen bizi moduarentzat ispillu bat euki? Ite ad Joseph, zuazte Josegana. Familietako gurasoak, nai dezue zuen obligazinoa betetzeko ejenplu on bat ikusi? Ite ad Joseph zuazte Josegana. Gizon langilleak, nai dezue ikasi honrautasun maitagarrian bizi izaten? Ite ad Joseph zuazte Josegana. Jente gazteak, nai dezue garbitasunean bizi? Ite ad Joseph. Emakume eskonduak, nai dezue ikasi mundu onetako nekeak pazienzian eramaten? Ite ad Joseph; guazen denok Josegana, bada, Joseren bitartez, bizitza on bat egiten badegu, salbatuko gera.

        Aditu zadazue ondo zer esan dedan: bizitza on bat egiten badegu. S. Joseren bitartez mirari asko egin dira ta irakurtzen ditugu liburuetan; baña bada mirari bat S. Josek ere ezin egin lezakeana, eta da gu salbatzea gizon gaiztoak gerala, gu salbatzea pekatuan bizi gerala. O, ez; ori ezin lezake inork ere! Nola nai dezue S. Josek laguntzea bere seme laztanaren kontra jokatzen duan pekatariari? S Josek lagunduko dizue pekatuetatik ertetzen, lagunduko dizue tentaziuak bentzitzen, lagunduko dizue nekeetan pazienzia ematen, lagunduko dizue garbiak izaten; baña pekatuetan bizi zeratela, deabruaren adiskide zeratela, ez esan: «S. Joseren bitartez salbatuko gera». Ez, engañatuak zaudete, n. k. m., pekatutik erten nai ezpadegu eztu Jaungoikoak guzaz errukirik izango; gure esperantza ezta izango esperanza, ezpada deabruak ipintzen digun ilusioa. Egia da, S. Josek konfianza aundi bat zuan Jaungoikoarekin, baña ez errezkeri lasaian bizi izanda, ez pekatuetan bizi izanda, ezpada biotz ta anima garbi ta santu bizi zalako. Ez aztu.

        13. Guazen denok S. Josegana, baña guazen bere irudira kristau onak izateko asmoetan; eskatu daiogun laguntasuna egunean baño egunean obiak izan gaitezen; esan daiogun saintu gaitzala Jesus ta Maria zaintu zituan bezela. O, Aita S. Jose bedeinkatua, aditu zazuz gure erreguak. Zugan ipintzen degu gure salbazioko esperanza guzia, libra gaitzatzu munduan gure etsaien tentazioetatik, ez bakarrik gaur, baita ere bizitza guztian ta batez ere gure eriotzako orduan, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa