www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ASUNCIÓN

 

Aiz(arna) — 1894 Placencia — 1896

 

Beatam me dicent omnes generationes
quia fecit mihi magna qui potens est.
Bedeinkatua deitzen die gisaldi danak,
Jaungoiko altsuak gauza andiak nigan egin ditualako.
S. Lukasek, lenengo kapituluan, 48 eta 49 garen bersuan.

 

        N. a. m.: Emeretzi gisaldi, emeretzi eunkida igaro dira, Judeako mendi tontor batean, bere sañetan Dabid erregearen odola zeukan emakume batek esan zituala itz abek: Zorionekoa deitzen die gisaldi danak, Jaungoiko altsuak gauza andiak nigan egin ditualako. Beatam me dicent, etc.

        Emakume au zan Maria Santa, zeñ agertzen zaigun esakera onetan profeta edo igarle andi bat bezela; bada Manaren igarrera miraritsu au izan da oso betea antziñako denpora aietatik gaur arteraño, sasoi, leku ta denpora guzi guzietan. Eztago nazio edo dierri bat, eztago uri bat bakarra, eztago baserri eskutu bat Maria txit santaren izena goratzeko ta bedeinkatzeko zerbait egin eztuanikan: ondo esaten digue mundu guzian Manaren izenean jaso diran Eleiza ederrak; esaten digue Mariaren izenean egin diran ta egiten diran altare ikusgarriak; esaten digue toki guzietan etxe ta gela barruan añ ugari billatzen ditugun irudi maitagarriak, alderdi guzietatik zeruruntz igotzen diran orazio santuak, Mariaren izenean mundu guzian egiten diran festa ederrak. Gaurko egunean bertan, mundu zabalean, zenbat pulpitotik ta zenbat iskuntzetan esango dira gure ama maite maitearen doaiak!

        Eta egiaz ondo merezi ditu, zergatikan Maria agertu zan andia, legearen gañekoa bere sortuera garbian, menderatzen zuala deabruaren arrotasun madarikatua; zergatik agertu zan berdingabea bere jaiotzan, etorri zalako mundu onetako argi ta esperanza bezela Adanen ondorenguentzat; zergatik agertu zan miragarria zeruko aingeruak deitu zionean graziaz betea ta Jaungoikoaren ama; zergatik agertu zan besterik ez bezelakoa bere munduko bizitzan Jaungoikoaren semea bere mendean zeukanean, Jaungoikoaren semeak legortzen ziozkanean bere malkoak; eta, azkenez, agertu zalako iñoiz baño andiagoa, guziz zerutarra, bere zerura igoera gloriaz betean.

        O zer jaia gaurko jaia, n. a! Zer ikusgarri ederrekoa! Aditu zazue nola dirauskun S. Jaun Damaszenok: «Gaur, dio, gaur da poz, gozotasun ta atsegiñezko egun doetsua, gaur da Jaungoikoaren Ama gloriaz betea, Jerusalen zerukoa, Maria txit santa zeruetan sartzen dan eguna. Gaur igaro ditu zeruko ateak Eba berriak, pekatuaren orban edo mantxaren kereisak ikutu gabeko emakumiak. Iltzen da Maria, eriotsari pagatzen dio jaiotako guziok daukagun sorra, baña Mariaren gorputza, beste mundukoen gorputzak bezela ezta lurrarentzat: zeruan dauka gertatua bere deskantsurako tokia, eta odei guzien artetik gora, izarrik izar ta eguzkirik eguski aingeru maitagarriz inguraturik sartzen da betiko zorionean».

        N. a., gaur goizeko itsaldi onetan nai nikizue agertu Mariaren gloria ta Mariak gaurdandik daukan alizatea zeruan beste sortutako guzien gañetikakoa dala. Onetarako bear det Espiritu Santuaren grazia. Badakit n. a. urteoro gaurko festa ospatzean, entzuten dituzuela itzaldi onak ao jakintsuetatik, eta nik esagutzen dedalako nere ezerestasuna, eskatzen dizuet lagundu zadazuela zerutik jaristen bear dedan grazia, esanaz denok gure ama samurrari Abe Maria.

        Beatam me dicent omnes generationes etc.

        1. N. a. b.: Sariyak izan bear badu merezimentuarekin berdiña, zeruetako gloria ematen bada birtuteak diran aña, izanik Maria Santaren merezimentu ta birtuteak santu guzienak baño askozaz geiago, gizonak asmatu ezin lezakezanak, santu guzien gañekoa, gizonak ezin esan lezakeana da bere sari ta gloriya zeruetan. Bada Maria ezta Jaungoikoa beste, baña Maria baño geiago Jaungoikoa bakarrik da, zergatik Maria dan Jaungoikoaren Ama, Jaungoikoaren alaba, Jaungoikoaren emaste; Aitaren alaba, Semearen ama, Espiritu Santuaren emastea.

        Badakit! Ezingo det asmatu nola esan Mariak zeruetan daukan gloria. Oh! Irekiko balira Siongo urrezko ateak unetxo baten, instante baten bada ere, an ikusiko genduzke millaka eta millaka aingeruak hosanna! kantatzen duela Jaungoiko Santuaren aurrean; an lege zarreko gurasoak, igarleak eta justoak, an apostoluak, martiriyak, fedea autortu zuenak, emakume garbiak; eta abek dauken gloriatikan esagutuko genduke zerbait Mariaren gloria; baña iñork ikusi ezpadu, entzun ezpadu, pensatu ere ezpadu zeruetan zorionekoentzat dagon gloria, nork pensatu leike Maria txit Santarena?

        Bañan konsideratu ditzagun Mariaren gloriarako dauden arrasoi batzuk. Mariak, bere amatasun Jaungoikozkoagatik, dauzka: Aita zerukoaren aginpidea, Seme Jaungoikoaren santutasuna eta Espiritu Santuaren doaiak; bera da, S. Eutikiok dionez, Irutasun santuaren akabera ta osandea, totius Trinitatis complementum, zer izango zan bada, galdetzen det, oraiñ emakume oni, beste santu guzien gañetik zeruetan gertatu zitzaion jarrilekua?

        Aingeruak ta zerutar denak begiratzen diote Jaungoikoaren eskuetatik ertendako gauzarik astun arrigarri ta ederrena bezela; betikotasunetik beren erregiñatzat aukeratua bezela, zekielako Maria zegoala Irutasun santuaren pensamentuan, mendiak ta itxasoak, odeiak ta izarrak sortu ziran baño lenago. Eta benetan, ikusten zan betikotasunetik asita gizaldien illuntasuneko lanbro tartean, Jaungoikoaren jarrilekuaren ondoan emakume bat urre-zidarrez ta espirituko argiz apaindua: Astitik regina á dextris tuis circumdata varietate.

        Gañeratu dezagun ontzuko iskribitzalle baten pensamentu sakon bat: Jaungoikoak jaio bear bazuan jaio bear zuan emakume garbi batengandik, eta emakume garbi batek sortu bear bazuan bere erraietan sortu bear zuan Jaungoikoa bakarrik. Eta Jaungoikoak gizon egin nai izan zuanean izanik Maria aukeratua Jaungoikoa sortzeko, zeñek esan lezake amatasun onetatik Mariari etorri zitzaion aberastasunak? Zeñek esan bere gloria? ¿Generationes ejus quis enarrabit? S. Pedro Damianorekin batera esan geinke: jaio diran guziak mutututzen dirala eta eztirala ezertxo ere Mariaren aurrean.

        2. Eta orain, gauza abek jakin eskero, esan geinke bildur gabe Maria santaren zeruko sarrera, bere andi izateari zegokion bezela, izan dala zeruak eta lurrak ikusi duen jairik andiena. Irakurri itzazue lege zar eta berriko kondaira edo historiak; irakurri itzazue lenengo egunetatik jaso diran gauzarik ikusgarrienak, ia billatzen dan beste jai bat gaurko jaia bezelakorik.

        Guazen pensamentuarekin Dabiden errira eta ikusi dezagun nola dakarren errege onek Israeltarrak gordetzen zuen kutxa santua Obededonen etxetik Siongo jauregira, nun gertatu zuan toki ikusgarri bat. Dena da andia, aberatsa ta ederra: Jaungoikoari eskiñitako gizonak dakarre kutxa besaburu edo sorbalden gañean, ezin kontatu ala jente dator kutxa santuaren inguruan, musika soñu gozuak jotzen ditue, eleiz gizonen kantak, jentien pozezko diadarrak betetzen due alaitasunez erri guzia, Dabid erregia bera bere mendeko guzien artian dantzan dator kutxaren aurrian ezin gorderik bere poza. O Israel, zeñ ederrak diran zure' dendak, zeñ ederrak diran zure festak! Baña, zer da au Mariaren zeruko sarrerarekin berdintzeko? Kereisa, illuntasuna, utza.

        Guazen emendik Betuliako urira. Zeukan uri au estututa Holofernes agintari gaistoak. Agintari au Asiriatik etorri zan gerralari askorekin tximista sutsu baten irudira erri guziak erre, puska ta birrintzen, eta berak oña sartzen zuen leku guzietan ezan gelditzen negarra, odola ta ondamendia beste gauzarik. Ikaratuta zeuden Betuliako semeak eta zer janik gabe gañera. Galdu zirala uste zuenean ara nun ertetzen duan uritik kanpora Judit alargunak, bere edertasunarekin egiten du modua Holofernesen dendaraño sartzeko, eta lo zeguala espata batekin kentzen dio burua agintari oni, ta libratzen du erriko jente guzia eriotza errukarri batetik. Betuliako jentearen eskertasunak Juditen sarrerarako eta gero iru illabetian egin zituen jaiyak, nolakuak izan ete ziran? Bada Mariaren zeruko sarrerarekin berdintzeko dena da kereisa, illuntasuna, utsa.

        Ikusi geinke oraindik ontzuago Erromako agintariak, gerrak irabazi ta gero, nola igotzen zuen koroetuta kapitolio esaten zaion mendira, urrezko burdietan, eta beren atzetik ainbeste errege menderatuak zituela; baña, zertarako? Mariaren zerura igoerako irudi illun bat ezpada, ezpada Mariaren zerura igoerarekin berdintzeko Jesusen igoera bera?

        Eta iñor badago emen uste duanik geiegi esan dedala askenengo itzetan, nik erantzungo diot S. Pedro Damianorekin batera: «Jaso itzazu, goratu itzazu, kristauba, zure begiak eta ikusi zazu ondo Mariaren sarrera zeruetan; eta zuek esango dirazu eztala izan sarrera oberik, ezta J.K.rena ere, Jaungoikotasuna kendu eskero, bada J. Kristok igo zuanean aingeruak bakarrik erten zioten bidera etzegualako besterik zeruetan, baña Mariak igo zuanean erten zioten aingeruak, justuak, Patriarkak, igarleak, martiriyak, zerutar guziak eta J. Kristok berak». Au da Eleizako gurasoen erakutzia, zeintzuek S. Anselmorekin batera dioten Jesusek igo zuala zerura Mariak baño len, preparatu naiyan, bere amari zion maitasunagatik, sarrera bat eta jarrileku bat bere Amaren diñakoa.

        3. Jarrileku au ondo gertatua zegoala, Mariak, mundu onetako bizitza utzitzeko denpora etorri zitzaionean, entzungo zuan Jesusen dei gozoa, Eskritura Santuetako liburu baten irakurtzen dan bezela. «Jaiki zaite, esango zion Jesusek, jaiki zaite, nere maitia, nere ederra, nere lastana; utzi zazu negarrezko leku ori, legortu zazu betiko zure malko mingotza. Juan da negua, uda berrian sartu gera, zelaiak usai gozozko lorez jantzi dira. Jam hiems transiit. Eztozu adituko geiago munduko aise gogor ta bildurgarriaren durundirik, atoz eta izango zera koroetua munduko eta zeruko erregiñatzat. Veni de Líbano.

        Atoz, eta nere aitak emango dizu bere alizatea; atoz, eta nik emango dizut nere jakituria; atoz, eta Espiritu Santuak emango dizu bere maitasuna. Veni de Líbano. Atoz, zure birtutien saria artzera eta asetzera gozotasun amaigabekuetan; naikua malko, naikua sotin ta zizpuru izan dituzu munduan. Atoz nere ama maitea, nere laztan bedeinkatua. Veni de Líbano, veni coronaberis».

        Eta bere seme biotzekoaren dei au aditzean, jaikiko zan Maria bere obi edo sepulturatik, ta bisturik illezkorra ta argi Jaungoikozkoz betea, igotzen asi zan, bere argiarekin, bere edertasunarekin illuntzen zituala eguskia ta izarrak guztiak. Orduan bedeinkatu zuen Maria odeiak, aisiak eta izarrak; illargia bere oñetan jarri zan; iregi ziran zeruko atiak, belaunikatu ziran bere aurrian aingeru eta santuak, eta soñurik zorogarrienak entzun ziran zeruetan infernua negarrez ta orruaz zegoan bitartean.— Goi eta be, alderdi guzietan, galdaera bat bakarra aditzen zan. Zein da emakume au, añ ederra, an argitsua illuntzen dituana eguski eta izarrak? ¿Quae est ista quae progreditur quasi aurora consurgens? Zein da emakume au, ertetzen duana mundutik, arantzasko toki legor orretatik, añ garbi, añ aberats, ainbeste apainduriz jantzia? ¿Quae est ista quae ascendit de deserto delicüs qffluens? Ete da Judit Betuliako alaba, Asiriako gerralariak goitu dituan alarguna? Eta da Ester, Asueroren emastea, bere erria atera zuana eriotza errukarritik? Ah! Da emakume guzien artian bedeinkatua, santu santa guzien artian, sortueratik garbia, emakumerik ederrena. Da gure ama maitia, jarri dana zeruetan santu guzien ta aingeru guzien gañetik. Emakume garbi guzien gañetik, zergatik Maria izan dan guziak baño garbiagoa; Eleis gizon guzien gañetik, zergatik Maria izan dan, Jesusek zerura igon eskero, Eleizaren burua; martiri guzien gañetik, zergatik Jesusen eriotzan martiri guziak baño martiriago izan zan; igarle guzien gañetik, zergatik umiltasun andiagokua izan zan; aingeru guzien gañetik, zergatikan aingeruak baño santagua izan zan eta maitatu zualako Jaungoikoa ez bakarrik bere Egillea bezela, baita bere semea bezela.

        4. Esagutzen dezue orain, nere a., zenbaterañokoa dan Mariaren gloria, eta sortutakoen artean eztagola beste gloria bat gloria au bezelakorik? Esagutzen dezue emendikan Mariak zeruetan daukan alizate edo eskubidea? Mariaren alizatea! Ezingo naiz gelditu nai dedan beste Mariaren alizatea agertzen, zergatik luzetxo nua, baña itz bitan bada ere esango diskitzuet gizonik andienen pensamentuak gauza onen gañean. Ara lenego Suarez eleis-gizon jakintsuak, jesuiten artian izan dan gizonik abillenetakoak esaten duana, bein gertatuko balitz gertatu ezin leitekean gauza bat, au da: zeruko santu guziak bat eginda gauza bat eskatzea Jaungoikoari eta beste bat Ama Birjiñak eskari arren kontra, Mariaren eskabidea edo erregua izango litzakela aditua eta ez santu guziena. Zergatik? Ara emen arrazoia: santu guziak Jaungoikoaren serbitzariak dira bakarrik; baña Maria da Jaungoikoaren serbitzaria ta Ama, eta Ama batek bere semearen gauzetan asko geiago al daike beste serbitzariak baño.

        Orregatik erakusten digu S. Juan Damaszenok Maria dala sortutako gauza guzien jabe, rerum omnium conditarum dóminam, au bera esaten digu S. Bernardok, S. Anselmok, S. Epifaniok eta S. Atanasiok, eta azkenez, S. Gregorio Nikomediakoak dio: Nihil resistit tuaepotentiae, nihil repugnat tuis viribus, omnia obediunt tuo imperio, omnia tuae potestati serviunt, eztago, Maria, gauza bat zuk ezin egin zezakianik, eztago gauza bat obedezitzen ez dizunik, gauza guziak egiten due zure agindua.— N. a.: Jaungoikoa bakarrik da Maria santa baño geiago, Jaungoikoa kendu eskero dena dago mendean, bada sortu danik ezta eldu Mariaren gloriara eta Mariaren alizatera

        Arrazoiarekin esan zeinkez, bada, ama maitea, nik gaur sermoi onen gaitzat artu ditudan itzak: Beatam me dicent omnes generationes quia fecit mihi magna qui potens est. Bedeinkatua deitzen die gisaldi danak, Jaungoiko altsuak nigan, nerekin gauza andiak egin ditualako.

        5. Amaitzera nua. N. a. m.: Poztu zaiteze dendenok; bada zeruetan gloriaz beterik sartu dana; mundu guziko erregiñatzat, zeruetako erregiñatzat koroetu duen emakume ori gure ama da. Amatasun au eman zion J. Kristok kurutzearen oñetan bere eriotzako orduan. Ez dezazuela pensatu zerura igo dalako astuko dala negarrezko leku onetan utzi dituan semiakin, oh, ez! Mariak samin asko izan ditu munduan, negar asko egin du, eta ezta astuko neke, samin ta malko tartean gelditzen diranekiñ: Mariaren zeruko sarrera da gure sarrerarako esperantzarik andiena. O gure ama, gure zaintzallea, gure esperanza! Ama errukiorra zera, bedeinkatu zazu zure jaiya ospatzera bato dan jentea ama batek semeak bedeinkatzen dituan samurtasunarekin; zaintzalle zera, gorde gaitzatzu zure mantupean fededun beti euskaldun zarrak fededunak ziran bezela; esperanza zera, zugan itxerotzen degu guziok mundutikan ertetzian, betiko zoriona, zein opa dizuedan guziori, A. S. E. S. izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa