www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IESUS-UMEAREN ESTALKIA

 

        Maria ta Iosek Iesus Umeagaz Belenetik urten ebenetik laugarrengo eguna zan.

        Idumea inguruan Hor izeneko mendi tontorrera eldu ziranean, Maria Donea oso nekatua egoan. Iose onak asto gaiñetik bera erasten lagundu eutsan, da, atseden bat egiteko asmoagaz, atx andi baten ondoan iarri ziran.

        Iesus-Umea lotan egoan, da Bere arpegi zerutarrean ikusten iakozan errubagetasun da bake gozoari begira gelditu iakon Ama. Iaungoikozko bakea zan, Lurbira guztia laster bete bear eban bake ona.

        Otz egoan, guztiz otz; aizea geroago ta gogorrago etorren; zeru dana odeiz estaldu zan beingoan, da asi zan edurra gogotik. Mariak otzetik eta edurtzatik ezekian zelan Iesus gorde.

        Aizearen oztasunak esnatu eban Umea: edegi zituan begiak eta negarrez asi bearrean, irri-barrez asi zan Amaren altzoan...

        Zorionekoa Iesus-Umearen irri-barrea ikusten eban Ama!

        Baiña edur-matasak, Iesus-Iaungoikoari ikututean, lanazko ta sedazko matasa biurtuten ziran, da, guztizko egokitasun apainduan alkarturik, oialdu ziran, da Ume-Iaungoikoarentzat estalki bat egin eben.

        Da milla eratako matasak larrosa txikiak eta egundoko izartxuak ipinten zituen Iesusen estalki gaiñean.

        Da agertu ziran bertan altiste edo perla ikusgarriak, arri argitsuak, urre ta zidarrezko ariak; eta oialaren egaletatik bera lurreraiño iatzi ziran.

        Zer ederra zan Iesus-Umearen estalkia!

        Ta bitartean lotan da irribarrez egoan Umea.

        Betorren edurra goitik bera baratz-baratz, ta geroago ta luzeago, geroago ta zabalago egiten zan Iesusen estalkia.

        Ta beko ibarretaraiño iatzi zan, da goiko mendietaraiño igo eban.

        Da eldu zan Ierusaleneraiño, ta uri orretan egozan lander ta umezurtzak bere azpian sartu ziran, da poztasuna billatu eben.

        Da estalkia, itxaso zabalak igarorik, Erromaraiño eldu zan, da Erromako beartsu ta iñoren mendean egozan gizonak estalkiaren ertzari mun egiñ eutsen: bada euren biotzaren erdian orduraiño egundo ezagutu bageko sua ta berotasuna billatuten ei eben, Iesus-Umearen estalkitik urteten eban berotasuna ta sua.

        Iaungoikozko estalki ori lurralde ta ugarte guztietara zabaldu zan, da umezurtzak, eskaleak, gizon zarrak, gaixoak eta iaube-bageak milloika beraganatu ziran; da estalki orren toloztura bigunen artean Lurbira guztiak aurkitu eban berotasun barria.

        Estalki ori Elizeak toki danetara eroan daben maitetasunezko estalkia da.

        Guztiz ondo gordeten dabe Maitetasunaren edo Karidadearen Arrebak; Lander, Txiro edo Beartsuen Arrebatxoak: Juan de Dios Donearen Anaiak, Kristoren Ikastetxetako Anaiak eta beste Elizearen erdian sortu diran Alkartegietako gizon da emakume on askok. Orrek dira guraso bageko ume, beartsu ta gaixoen buruan Iesus-Umeari estalkia ipinten deutsenak: bada gaixoak, beartsuak eta umeak dira Belengo aska baten lasto-gaiñean iaio zan Iesusen irudi egiazkoak.

        Baiña badira otzez da goserik dagozan ume asko; irribarrez bizi bearrean, euren soiñeko zar urratuen gaiñera malko samiñak botaten dituen ume errukarriak, Iesus-Umearen irribarre gozoa ezagutu eztaben ume gizagaixoak. Ezteutse beiñ bere Iaungoikoari deituten, zerren Iaungoikoaren izen donea gurasoen aoan arao ta birao zikiñen artean bakarrik entzun daben; da gurasoen griña gaiztoak baiño beste gauzarik ikusi ta ikasi eztabeelako, or dabilz umeok urien erdian, iateko ogi zati bat eztaukela, euren gorputzentzat berotasun pixkak eta arimentzat maitetasun apur bat billatu eziñik; bada gaurko egunetako gizonak, Ebanjelioaren argi ta berotasuna geitu-bearrean, argi ori amatau naian alegiñak egiten diardue, ta iaube bageko umetxo guztiai arimearen eriotzea eskintzen deutse.

        Era orretan il zituan Erodes gogorrak umetxu asko euren gordelekua izan bear eban urian bertan.

        O Iesus-Umearen estalki ederra! Ondo zure bearrean dago gure lurra, itxurazkoa, apaiña ta aurreratua dirudi baiña.

 

(Erderatik biurtua).

 

aurrekoa hurrengoa