www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

(SAN MIGEL)

 

(Artadi)

 

¿Quis sicut Deus?
Zein da Jaungoiko santua beste?
(Apokalipsis deitzen zaion liburuan
XII garrengo bururtik artutako itzak.)

 

        N. a. m: Gure Jaun eta Jaungoiko altsu ta andiak etzuan ezeren bearrik beti doez ta gloriaz betea izateko. Etzuan bear zerurik beti izateko zorionekoa, etzioten faltarik egiten aingeruak eta gizonak bere serbizio santurako ta berari onra emateko: zan eta izango zan beti gloriaz betea bere Izate santuarekin bakarrik. Bañan, o Jaungoiko santuaren ontasun neurrigabea! etzuan nai berak bakarrik zorioneko izan: bere borondatea zan bere gozotasuna zabaltzea beste izate batzuen artean. Baña, nola, bera bakarrik bazan? ezpazan beste gauzarik? Maitasunak asmo andiak ditu, eta Jaungoikoaren maitasunak, maitasunik andienak, asmatu zuan sortutzea beste izate batzuek aiei gozatasuna emateagatik.

        Onetarako egin zuan zeru eder bat bere tronu ta jarrilekutzat, nora eramango zituan bere eskuetatik ertetzen zuen izate guziak, beraganako leialtasunian irauten bazuen. Ta zerua egin ondorean sortu zituan gorputz gabeko izate batzuk, aingeruen izenarekin esagutzen ditugunak, beren Jaungoiko Egillea maitatu, bedeinkatu ta doanditu zezaten betikotasun guzian.

        Ezerezetik ateriak ziran bada aingeruak, ta Jaungoikoak bere borondate on ta maitasunagatik, doez, gloriaz ta animako apainduriz jantziak.

        Nork esango zukean, n. a., ah argitasun andiko izate doetsuak itsutuko zirala? Zeñek siñistu mesede añ miragarriak artu zituen aingeruak etziotela erantzungo esker onarekiñ beren Egilleari? A, n. a! Ainbeste mesedez apaindurik zeuden aingeruen artean etziran danak leialak ta esker onekoak izan beren Egille Santuarentzat. Arrokeri madarikatuak, andiago izan naiak itxutu zituan asko eta asko, beren edertasunarekiñ arroturikan jaiki ziran beren Jaungoikoaren aurrez aurre, eta ondatu ziran betiko, infernuko sugarretan kiskaltzera. Bat jaiki zan lenengo Jaungoikoaren kontra, burua makurtu nai ezik bere Egillearen aurrian, Luzifer arrua, zeñek, ejenplo gaiztoaren bidez, eraman zituan beste asko bere aldera; baña, beste bat jaiki zan ere Jaungoikoaren alde, S. Migel zuen Patroi andia, ta onek gorde zituan leial beste aingeru asko bere Jaungoikoaganako. S. Migelek jaso zuan lenengo bandera zuri eder Jaungoikotarra, esanaz maitasunezko su bizi batean pisturik: ¿Quis sicut Deus? Zein da emen Jaungoikoa beste? Zein da emen Jaungoiko altsuari sor dion obedienzi ta onorea emango eztiona? Zein da Jaungoikoaren agindu santura burua makurtu nai eztuana? Zer dira zeruko aingeru guztiak Jaungoikoaren kontra? ¿Quis sicut Deus?

        N. a. m. Bidezko gauza deritzot eta egokia gaur zueri erakustea San Migelek, esan dedan gertaera onetan, eman zigula leialtasunezko, maitusunezko ta umiltasunezko erakuste osasungarria. Baña onetarako bear det Espiritu Santuaren grazia, zeñi eskatuko diogun laguntasuna Maria txit Santaren bitartez; esanaz gure Ama oni Abe Maria bana.

        ¿Quis sicut Deus? etc.

        1. N. a. m: Zeruetan Jaungoikoak sortu zituan aingeruak txit eder ta egoki egiñak ziran: añ ederrak eze, mundu onetako edertasun guziak edertasunaren irudi pobre ta eskelak dira aingeruen edertasunaren aurrean. Txit jakintsuak ziran: añ jakintsuak eze lur onetako gauza gauziak oso egoki ta sustraian esagutzea utza da berentzat. Eskubide andikoak ziran: ainbesteraño eze asko litzateke zeruan dagon aingeru bat edo infernuko deabru bat, Jaungoikoak onetarako baimena eman eskero, mundua ta munduko gauza guziak instante baten ezerezera biurtzeko. Aingeru guzi abek zorioneko ziran, ta batez ere beren artian andienetako ta nagusi bezela zan Luzifer Jaunaren aldemenean gozotasunen erdian zegoana. Bañan, egun batean erori zan Jaungoikoaren aserrean, ta Luzifer ederra, bere laguntzalle guziekiñ batean zeru altu zorionekoetatik ondatua izan zan, beltz ta itxusi, infernuko ondarretaraño, an, betikotasun neurri gabean iltzen bizi izatera. Zeñ, n. a., ikaratzen ezta gertaera bildurgarri au jakitean? Si Deus angelis peccantibus non pepercit, ¿quid nobis videtur? Jaungoikoak bere aingeruei parkatu ezpazien pekatu egiña, zer izango da gurekiñ? Zein da, jakiñik errege batek eztiotela parkatzen bere aldemeneko ministro aberats ta jakintsuai; zeiñ da errege ori ofendituko duana? Ulula abies, dio Zakarias Igarleak, quia cecidit cedrus. Bildur zaitezte

        negar egin zazue txiki ta argal zeratenak, bada arbolarik sendoenak ta lerdenenak erori dira goitik beberaño. Zer gera gu aingeruen ondoan? Jaungoikoaren aldemenean dagon lenengo tokia Jaunaren aserretik seguru izan ezpada, zer izango da Jaunagandik añ urruti bizi geranekiñ. O kristauak! Luzifer, aingeruen artean lenengoa erori zan; Saul, hebreotarren artean lenengoa erori zan; S. Pedro Apostoluen artean lenengoa erori zan. Zer egin geinke guk ez erortzeko? Zer? Jarri gaitezen denok S. Migelen onduan, ta bizi gaitezen leialkiro gure Jaunaren alde.

        2. Ikusi zaigun zer erakusten digun gure maisu jakintsu S. Migelek. Erakusten digu lenengo umiltasuna. S. Migelek bazekian nolakoa zan bere edertasun ikusgarria, bere jakituri guztia, bere eskubide andienetakoa, bere doe ta apainduri guziak; baña bazekian dendena Jaungoikoak emana zala, berez etzuala ezertxo ere, berez utza zala Jaungoiko gabe. Orregatik jaiki zanian Luzifer pustua Jaunaren kontra esanaz ¿quis sicut ego? zein da emen ni bezelako bat?, etzitzaion bururatu S. Migeli esatea «zu beste banaiz ni ere» ezpada, asturik oso osuan bere izate ederrarekiñ, oroitzen zaio Egille Santuaren anditasuna bakarrik, eta esaten du: ¿quis sicut Deus? Zein da Jaungoikoa beste? Zeñ arro pustu da bere inoz limosnaz emandako edertasunari begiratzen diona Jaunaren edertasunen aurrian? Ara emen, k., S. Migelek ematen digun lenengo ejenplo osasungarria. Umiltasuna, n. a. m., da beste birtute guzien zimendua, da arimako ondasun askoren sustraia, da onduen jatorkigun jantziya, da Jaungoikoak gugandik eskatzen duan birtutea, da J.K. gure jauna itzez ta obraz erakutzi ziguna, da azkenez gu goien goienetara jasoko gaituan birtutea, bada esana dago: qui se exaltat humiliabitur; qui se humiliat exaltabitur, arro bizi diranak makurtuak izango dirala eta humill bizi diranak izango dirala jasoak. Eta esakera au bete zan Luzifertarrekin ta S. Migel umillari jarraitu ziotenekiñ: batzuek, lenengoak, an daude infernuko sugarrean ondo makurtuak, bestiak an daude zeruetan lenengoan baño zoriontasun andiagoan.

        3. Bigarren S. Migelek ematen digun ejenploa da esker onezko ta leialtasunezkoa, Luzifer ta bere lagunak astu ziran bere Jaungoikoarekiñ, astu ziran dena sor ziotela bere Jaungoikoari, ta bera serbitzen, bedeinkatzen ta doanditzen bizi bearrian jaiki ziran eskergabetasun lotsagarrienarekin beren Egillearen kontra. Baña San Migel esker onez betea zegoan Jaunak eman zizkon apainduriakgatik, eta ikusi zuanean Luzifertarren okerbide ta dollorkeria, jaiki zan Jaunaren alde, nobletasunik ederrenean beste aingeruai esanaz: «zeruko aingeruak, etzaitezte izan dollor ta eskergabeak; eztezazutela desonoretu zuen burua: Jaunaren alde zeraten guztiok, atozte nere ondora, ta gure nobletasunak agintzen digun bezela defendi zaigun bere bandera, purrukatu ditzagun gure Jaunaren etsaiak». Eta orduan izan zan zeruetan espirituen gerra bildurgarri bat: alde batetik jokatu zuen Jaungoikoaren aldekoak S. Migel buru zuela, bestetik eskergaiztoko aingeru galduak. Ta zeñek irabazi zuan gerra? Zeñek? An zegoan Egille Altsua bere onorea ta gloria zaintzeko, an zegoan Jehoba santuko Jaungoikoa, nork irabazi zezakean gerra bat bere kontra? ¿Quis sicut Deus? Gerra onetan S. Migel ta berarekin batera Jaunaren alde erten zutenak gauza bi batera irabazi zituen: betiko zeruban gelditzia, eta gerora zeruan sartzen ziranen aurrian onra andi bat izatia; bada S. Migel ta bere lagunak geratu ziran sendaturik Jaunaren grazian ta bere adiskidetasunean betiko atsegiñak gozatzen ta espiritu bati dagokion onrarik andienean. Eta besteak? Besteak an daude infernuko presondegi ikaragarrian: beti zerutik kanpora, beti Jaunaren aserrean.

        4. N. a. Pensatu dezue iñoiz Jaunaren aserrea zer dan? O! Jaungoikoak eskergabearentzat duan aserrea añ andia da eze zenbaterañokoa dan iñortxok ere eztaki; baño nolabait aditzen ematen digu oraiñ esan dedan zeruko gertaera onek. Begira zazue Luziferren alde jarri diran aingeruetatik bati bakarrik parkatzen eztiola: asko ziran, txit asko, ezin kontatu ala, itxasoko ondar aleak aria bear bada, eta bati bakarrik parkatzen eztio, denak izan ziran kondenatuak eta denak betiko: ¿Quis novit potestatem irae tuae? dio Dabid Igarle santuak. Zeñek, Jauna, esagutzen du zure aserrearen indarra? Munduko erregeak, beren kontra gerraren bat altxatzen danean, kastigatzen ditue agintariak bakarrik, edo, geienez, iltzen ditue amarretik bat, bañan ezta onela gure Jaungoikua: anima quaepecaverit ipsa morietur. Jaunaren kontra jasotzen dan anima izango da illa ta kondenatua betiko. Eta kontuan iduki zazue, n. a., Jaungoikoak etziotela ezertarako astirik eman aingeru gaistoai, ez damurik artzeko, ta ezta ere bitartekoren bat bialtzeko Egillearen aurrera. Pekatu egin zuen ondorean bertan jaiki zan S. Migel leiala eta instante artan bertan purrukatu zituan Luzifertarrak Jaunaren aserrezko ezpata sorrotz ta gogorrarekiñ. Zergatik añ laster? Zergatik, jakintsu batzuk diotenez, aingeruen pekatua malizizko pekatua ta borondate guziarekiñ egiña zan. Kontuz, bada, kristauak, maliziz ta borondate guziarekin egiten dituzuen pekatuekiñ, zerren gerta leike orrelako pekatu bat egin ondorean ez izatea zuentzat Jaunagana biurtzeko grazia ta astirik. Ikasi zazue S. Migelgandik, bada emen ematen digu irugarren lesiua; eta da maitasunezkoa.

        Maitasuna esker onaren anaia da. Mesede asko artu dituan gizonak, biotz onekoa bada, an, biotzaren sokuan sentituko du esker ona, mesedeak egin naia ta maitasuna. Eta maitasuna dagon tokian ezta malizizko pekaturik: maitasuna da berez bigun ta estitsua, ta eztu nai urruindu, ezpada ze gozatu, onoretu, apaindu, samurtu, loratu baizik. Iñork ofenditzen bazaitu, a., zer egiten duan ondo dakiala, ez siñistu persona arien maitasuna, maitasun ori gezurrezkoa da. Egiazkoa zan Migel Santuarena Jaunarentzat, bizia zan ta samurra, ta ezin zuan eraman Jaunaren kontra iñor altxatzea. Orregatik jaiki zan añ laster, orregatik gerratu zuan, Jaun maitagarria gozatzeagatik, onoretzeagatik, loratzeagatik. Ikasi zazute, kristauak.

        N. a. m., beste gauza asko alde batera utzirik, eta gure arimaren probetxurako zerbait atera dezagun, nai nuke oroitu zaiteztela Luziferren eta lagunen pekatu añ gogor kastigatua izan zala pensamentuzko pekatu bat bakarrik: edo beren indarrez nai zuelako jaditxi betiko zoriona; edo betiko zoriona despreziaturik beren izateak, aingeru izateak ematen ziona bakarrik nai zuelako; edo beste aingeruei agintzea nai zualako, Jaunaren mende izan gabe; edo, beste batzuek diotenez, J.K. gure jauna gizon egingo zalako; dana dala pensamentuzko pekatu bat zan, soberbizko edo arrotasunezko pekatua. Zeiñ ikaratuko ezta au jakitean? O zenbat pena, zenbat naigabe, zenbat negar, zenbat itz amorratu, zenbat madarikazio ekarri dituan pensamentuzko pekatu batek. Zeruetan jaio ziran aingeruak galdu ziran, ta galdu ziran betiko pensamentu gaizto bategatik. Saul erregeak agindu zien bere gerralariei, eriotzaren azpian, etzezatela ezertxo ere jan edo edan onelako sasoira arte. Agindu oni faltatu zion Jonatasek, gauza uts batean: ara zer zan: eskuan zaraman zigor punta bat sartu zuan esne ta eztitan, eta eraman zuan zigor punta ura aora, eta falta onegatik Saulek kondenatu zuan Jonatas iltzera. Orduan zion Jonatasek: gustans gustavi paululum melis et ecce ego morior, ezti pitin bat eraman det nere mingañera, eta ara emen zergatik ill biar dedan. Au berau deritzat Luzifer ta lagunak deadar egiten duela infernuan: gustans gustavi paululum melis: arrotasunezko pensamentu bat izan nuan, ta galdu nintzan betiko; ezta neretzat salbaziorik: in inferno nulla est redemptio. Kristauak! Eztira txarrak S. Migelek ematen diskigun ejenploak; baña ezta ere, deabruak berak, nai ta nai ez, infernutik ematen digun lesiua. Ikasi zaigun, k., ikasi zaigun.

        Eta etzaiteztela astu bakar bakarrik salbatu zirala ta bizi dirala gaur zorioneko S. Migelen bandera zuri ederrari jarraitu ziotenak, umillak izan ziralako, esker onekoak izan ziralako ta maitaleak izan ziralako: aiek ere bazekiten ederrak zirala ta jakintsuak, baña bazekiten ere dena zala Jaungoikoak emana: etziran arrotu ta etziran kondenatu.

        Baña, esango dirazue: ete dago gizonen bat Luzifer bezela Jaunaren kontra jaikitzen dana pensamentuz bada ere? Entenditzen degu Aingeru bat ikusirik bere burua añ ederra, añ aberatza, añ jakintsua, añ apaindua, añbeste eskubidez betea, txoraturik bere doe guziekiñ, astu zala bere Egillearekiñ, ta pekatu egin zuala; baña gizonak, badauka nundik arma izan? Badauka gizonak nondik panparroitu? Urte batzuetarako bizitza daukagu geienez, eta bizitza au iñork emana. Iñork egin genduzan, Jaungoiko gauza guzien Egilleak; jaio giñan ta baguaz askar asko munduko eremu legorretik ziar eriotzako portura, beñ ere gelditu gabe, beñ ere atseden piska bat egiteko eskubiderik eztaukagula. Ez gera ezertxo ere gorputzaren aldetik, kereiza, aizea, utza. Pulvis, cinis, nihil. Esan giñaike, bada, bildur gabe eztaukala gizonak nundik arma izan; bañan ikusten degu sarri askotan gizona astutzen dala zeñ utza dan, zertarako jaiua dan; pustutzen dala Jaunak egun batzuetarako eman dien ondasun apur batekiñ, jakituri piska batekiñ; gorputzeko indar piska batekiñ; arrotzen dala ondasuna, jakituria edo indarra beriak balitu bezela; erortzen dala itxutasun andi batean; jaikitzen dala bere Egillearen kontra, eta esaten diola, arpegiz arpegi, bere Egille Santuari Luziferren gisara: non serviam*, etzaitut nai zerbitu, eztet nai zure mendian egon; ni ere banaiz zu bestekoa: non serviam.

        Irakurri daiguzan munduko erri ta gizonen kondaira edo istoriak. Ikusten degu Babilonia bat, munduaren jabe ta erregiña bezela, esaten duala arrotasun andian: Ego sum et praeter me non est alterus; ikusten degu Nabukodonosor bat bera bizi zala, bere irudi edo talluntza bat adoratzea nai izan zuana; ikusten degu Diokleziano bat bere burua eguski ta illargiaren anaitzat idukitzea nai izan zuana; ikusten degu Eliogabalo bat bera beste eguski eder argitsu bat bezela tratatzia nai izan zuana; ikusten degu Kaligula bat bere burua Jaungoikotzat zaukana; ikusten degu Persiako errege bat, zeñi, bere panparroikerian, urregorrizko burdian zaramela, burupetu zitzaion trumoiak eta tximistak bota biar zituala Jaungoikoa balitz bezela. Orretaraño eltzen da gizonen txorotasuna. Eta etziran, n. a., lengo gizonak bakarrik orrelakuak, ezpada eze gaurko gizonak ere bai. A! gaurko gizonena oraindik geiagora eltzen da. Zuek, n. a., gaurko munduan bizi zerate ta badakizue mundu orretan zer pasatzen dan: ni ere gaurko munduan bizi naiz ta badakit zerbait mundu onen berri. Or, nunbaiten, edonun, ikusiko dituzue itz jario bizardunen batzuk, txori buru pusturen batzuk, bere Jaun Egillearekiñ asturik bizi diranak, errestasunik andienean edozer gauza esaten duenak Relijio santuaren kontra, Eleizaren kontra, Jaungoikuaren kontra; or, nunbaiten edonun ikusiko dituzue Luziferren gizan, Luziferrekiñ batean jaikitzen diranak Jaunaren aurrean esanaz Egilleari: non serviam; etzaitut serbituko, nik neregañ bizi nai det, or konpon zure gauzekiñ. Zer esan det? ¿Non serviam esaten duela? Gaurko egunetarako gauza utza da ori. A. aditzalleak, gaur iñoiz baño gorago dago jasota Luziferren bandera, ta badira jenteak deabrua baño amorratuagoak Jaunaren kontra esaten duenak infernuak asmatu al leikianik gauzarik txarrena, erdal errietako presondegietan asmatutako iskuntza bildurgarri bat, gizon iltzallian iskuntza amorratua. Non serviam, bai, eztet nai serbitu Jaungoikoa, Jaungoikoa baño geiago naiz: non serviam, eta gañera Mek.... ai! ez: eztitut nai nere españak mantxatu. O, euskalerria, euskalerria, galdu ziñan!

        Zuek, a, esango dirazue, bear bada, etzeratela zuek, eztirala Artadiko jentiak modu orretan itz egiten duenak; zuek ere, iskuntza infernutar ori aditzean, bildurrez, ikaraz, ta lotzaz gelditzen zeratela. Ordu onian izan dedilla, n. Artaditar m., onela bada; bañan eztirazue ukatuko iskuntza madarikatu ori aditzen dala zuek zabiltzan bideetan, zuek zabiltzan lantegietan. Bai, or dabill mundua, deabruaren bandera inguraturik, beti mundu onetan bizi biar bagendu bezela, gorputzarentzat ajola geiegian, arimarentzat ajola gabe; or dabil gizona, itxutua, arrokeriz betea, munduan bere gozotasun danak billatu nairik.

        O. n. k.! Betiko galduak izan nai ezpadezue Luzifertarrak bezela, oroi zaitezte etziñatela jaio beti emen bizi izateko eta ezta ere gaur bai ta biar ez diran ondasunen billa arrastaka ibiltzeko; ez n. k. Jaio zerate, aingeruak bezela Jauna maitatu, bedeinkatu, onoretu ta serbitzeko, eta gero bere arpegi ederra ikusten bizi izateko zeruetan. O Migel Santua! Zeruko Prinzipe andia, erruki zaite guzaz; egin gaitzatzu zu bezela umillak, esker-onekoak, leialak ta Jaunaren maitaleak emen, gero zurekiñ batean bizi gaitezan betikotasun zorionekoan, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa