www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

FEST. SEPTEM DOLORUM

MARIAREN OÑAZEAN

 

Attendite et videte si est dolor sicut dolor meus.
(Thren, I, 12).

 

        Nere aditzalle maiteak:

        Nik badakit izen eder bat, izenik gozo, egoki, bigun ta maitagarriena. Aurtxoa nintzala erakutzi ziraten; arrezkero, nere bizitza luzean, milla bidar maitero esan det; nere biotz barruan gordea daukat; eztia bera baño gozoagoa deritzot. Baña ez nik bakarrik, aditzalleak; zuek ere izen ori nik bezela dakizute, nik bezela maitatzen dezute, bada izen ori Ama da. Zergatik baña iruditzen zaigu aiñ eder gure amaren izena? Biotzak eskatzen digun maitetasuna gure amaren antzera iñork egundaño eman eztigulako. Lurreko maitalien artean, zein izan da ama on bat aria? Ez lagunik, ez adiskiderik, ez seme-alabarik, ez senaremazterik, iñortxo ere ez. Gure amarentzat beti argi ta pixkor izandu gera; gure amak eztigu beñere akats andirik billatu; bere begiak, gure utsuneak ikusteko, beti lausoak egoten dirañ amak maitatzen gaitu, aspertu, gabe, seaskatik illobiraño, naiz ta ondo erantzun ez, naiz ta gu dollor ta eskergabeak izan; ama da beti gure maitalerik bero, itxu, garbi ta iraunkorrena. Zer diot? Amaren izena bera da maitale ta maitegarri, arantzarteko lore, gure malkoen legorki; ta ara zergatik datorren gure españetara, estu aldi guztietan, amaren izena; ara zergatik larri geranean esan oi degun berez: Ama, amatxo! O zenbat aldiz gozatu diran gure samiñak ama maitearen altzoan!

        Baña ama oiek eztira betiko: nerea joan zan, askori joan zaizkitzute, ta beste asko, naigabe diot, aurki zerate umezurtz. Gaizki esan det: Kristauen artean umezurtzik ezta; denok daukagu zeruan Aita errukior bat, gure onari begira dagon Aita jakintsua. Bereak gera ta Berak daki gure biotzaren berri, Berak daki ezin gindezkela ama gabe iñola izan, ta Lurrekoaren ordez, Kalbarioko mendian, Bere Ama samurra eskeñi digu amatzat. Mulier, ecce filius tuus.

        Beraz Mariaren semeak gera? Bai, n. Kristauak. Mariaren semea naizalako bere irudi bedeinkatua nere gelatxoan gordea daukat; bere oñetan amaren aurrean bezela auspeztu oi naiz; nere españetara amaren izena berez datorkit; nere neke guztiak berari esaten dizkat; gabero gabero laztan bizia ematen diot, eta bere itzal gozoan lo egiten det. Eta nere antzera zuek ere noski.

        Siñiste orretan zaudetelako etorri zerate gaur gure Ama zerutarraren samiñak oroitzera.

        Urteoroko oroitza osasungarria. Bear bada zuek ere, nere Kristauak, biotzaren gosea nabaiturik, zorion betea idoro naian, lurrean daukazutelako ustez, ero ta itxu ibilli zerate bere billa, ta zelai loratsuetan zear zoaztela arantzaren batek ikutzean, ekaitzaren aizeak astindu zaiztuztenean, espar ta negarrez, zuen naigabeari begira, eztagola naigabe andiagorik esan dezute. Baña orrela ezta. Jaso itzatzute begiak Mariaren jarlekuraño, ikusi zazute or gure zeruko Ama, Jaungoiaren Ama bera negarrez. ta bere aurrean ikasiko dezute zuen naigabetxoa eztala ezer; Mariak adieraziko dizute, erbeste onetan denok negar egin bear badegu ere, bere oñazea bezelakorik eztala egundaño izan, egundaño eztala izango. Attendite et videte si est dolor sicut dolor meus.

        Oñaze ori zerbait ezagutzeko, ikusi dezagun Mariak bere Seme Jaungoikoarentzat eta gizonarentzat izan duan maitetasun beroa, bada maitetasun orretan dago bere oñaze guztien jaiotza. Ara nere itzaldiaren gaia.

        O nere Ama errukarria! Zabal zadazu, arren, zure biotz biguna, biral zadazu zeruetako argi apur bat zure naigabe sakona begira dezatan, nere aditzalleai azaldu daioetan, zure aurrean negar egin dezagun, emendik aurrera zure maitasun ta errukian bizi gaitezen. Laguntasun au, oitura dan bezela, aingeruaren itzez eskatzen dizut.

        Agur, Maria, esanaz.

        Attendite, etc.

        N. a. m.: Zer da, gizartean, maitetasuna? Animan sortu oi dan landare atsegiña, biotz batek besteaganako daukan joera gozoa, amesik ederrenaren iturburua, erbesteko zori bakarraren kabia, gizon bidastiaren ezti abaska. Baño, arretaz begiratu ezkero, laster ikusiko degu, maitetasuna, atsegiñ andien jatorri bada ere, askotan gazitasunezko itxaso biurtu oi dala. Ai! Ezta lurrean negu gabeko landarerik, aldakor eztan biotzik, agortuko eztan iturririk, garraztu ezin ditekean eztirik. Egi ziur auek denok dakizkigu, eztira beñere gure burutik joaten, ta ara or bertan kezka samiñaren jaiotza, zorionaren erdian zorigaiztoaren asia.

        Gañera berriz, badakizute, egiazko maitaleak anima bizi bat eginda bezela bizi oi dira, biotzez zearo alkarturik, uste ta iritzi batean, gogo ta ames berdiñetan; egiazko maitalien artean, bataren poz ta zoriona poz ta zoriona da bestearentzat ere, bataren naigabe ta oñazeak besteari ere izugarrizko samiñak dakarzkio. Ta nola erbeste onetan zorionezko loreak baño naigabearen arantzak askozaz geiago diran; nola batari edo besteari egunoro negar malkoa darion, ara or zorigaitzerako bigarren bidea.

        Bide orretan ama diranak ikustendira geienbat, bada, len ere esan det, ama bat iñor ez bezela maitasunez semeari josia dago. Ama ta semeak zuaitza ta bere adarra dirudite. Adarrak ematen duan alea zuaitzaren gerritik datorren antzera, semearen itxura ta izakera, anima ta gorputza, amaren izakeratik oi datoz. Beti ezpada geienetan, semeak amaren begiak izan oi ditu, amaren arpegia dauka, amaren izketa, amaren ibillera, sarri amaren ontasuna. Iñork zerbait berea dala esan badezake, amak esan dezake bere semea berea dala. Bere erraitan sortu du, bere bularretan azi, bere besoetan billuraz jaso. Berak esan dizka izenik maitagarrienak, berak erakutzi dizka Jaunaganako otoitzak, bera izan da semearen lenbiziko erakusle, bera da semearen bizitza guztiko babes ta maitale zintzoa.

        O zenbat txorakeri esan dizkigun bakoitzari geure amak! Zenbat ames egin dituan guzaz! Zenbat negar gure gaixo aldietan! Beiñ ikusi nuan ama bat, leio zuloan parrez, txaloka, ziñuka, pozezko lerdea zeriola. —Zer dezu or? —galdetu nion. —Nere semeari begira nago. Ikastolara dijoa, Ikusten zeiñ ederra dan? Ikusten zeiñ argi ta azkarra? Agur egitera biurtu zait orañtxe... Agur, nere laztana, agur. Baño andik laster laztan ura gaixotu zitzaion, ta ikustekoa zan orduan bere ama. Ai arren zotiñak! Ai arren malko goriak! Nola zeuzkan biotzaren erdian bere semearen oñazeak! Nola begiratzen zion! Nola zegoan semearen itzean zinzilik! Semearen gurari txikienak nola bote nai zituzkean! Nola estutzen zuan bere bularrean, indar ta bizia galduaz zijoan semetxoari bere indarra, bere kemena, bere bizitza osoa eman naiaz! Alperrik baña. Semeak jaunari beragana deitu zion, inguruko gizadiak zer esan ez genkigun, amaren naigabeak denok kutsutu ginduzan, denok negar egin genduan. Ama guztiak orrela oi dira.

        Baña, zer daukate zer ikusi ama oien samurtasunak Mariarenaren ondoan? Maria, gallurretako elur zuna baño askozaz garbiagoa, bere sorreratik zeruko aberastasunez ugari apaindua, andre guztien artetik Jaungoiko samurrak bere amatzat aukeratua bada, geiago esan bearrik eztago.

        Mariak ere bazuan Seme bat, ai ura semea! Mirariz sortua zan, bederatzi illabetean bere sabel garbian eraman zuan, ta gau illun baten, negu beltzaren erdian, baño lurrean izandu dan gaurik alaienean, zeruko aingeruz inguraturik, mirariz jaio zitzaion bere Aurra. Ukullo txiroan ikusi zuan lenbizi; baño jaio ta laster, zeruko argien izenean, ukulluko atarian izar eder bat aurkeztu zan; mendietako artzai apalak Aurraren oñetan belaunikatzera zetozen; ta Semeari nai beste musu eman ban len, urrutietako errege jakintsuak opariz beterik agertu ziran. Aingeru, izar ta gizonak bere Semea gurtu nai zuten!

        O! Gurtu zezatela zeru ta Lurreko izakiak, baño bere Amak gurtuko zuan beste guztien gañetik, Bere altzoan egingo zion seaskarik erosoena; bere biotzean emango zion aterperik egokiena; bere biotzean aziko zuan maitero, bere malko ta palaguz narotuko zuan; bera egongo zan beti Jesusen aurrean auspez, gau ta egun, goiz ta arratsalde, jaiotordutik asi ta eriotzako ordu esturaño.

        Beste semeak azi oi diran gisa, asi zan Jesus ere, ta asiaz zijoan bezela, bere Ama bigunak apainduri berriak idorotzen zizkon: bere kopeta zabalean illargi betearen patxadea; bere arpegian, eguzkiaren edertasuna; bere begietan, Jaungoikoaren begirada zintzoa; bere izkuntzan, Goiaingeruen soñu alaia; bere arnasean, zeruko lilien usai gozoa, ta apaiduri oiek nabaitzean, Maria doatsua maitasunez lertzeko zorian gelditu oi zan. Nola ez, bere semea aiñ maitagarria bazan, Semearen besotxoak ainbeste aldiz Amaren lepoan katigatzen baziran, ta bere biotza, Amari, laztanga ematen bazion?

        Baño Jaungoiko-Aurra, gizona zan aldetik, loratan bezela zegoan, ta lore orrek berazki naroak eman bear zituan laster. Maria Jesusen goramen osoa ikusteko jaioa zan, ta berak ikusi zuan bere Semea, amabi une zituala, Jerusalengo Elizan, uri artako jakintsu andiak jakituriz izutzen: berak ikusi zuan, geroago, zeruetako erakuste osasungarriak erririk erri zabaltzen; berak ikusi zuan itxuari argia, itz-gabeari mingaña, goseari ogia, elbarriari kemena, gaixoari osasuna ta ildakoai bizitza ematen: bere belarrietara etorriko ziren nunbait arako emakume eskertsuak Jesus maiteari esan zizkon itz aiek: Beatus venter qui te portavit et ubera quae suxisti, ta bere biotzaren oiarzunak garbiro erantzungo zion: bai, zorionekoa ni andre guztien artean, orrelako Semea Jaunak eman ditalako, Jaungoikoari esker andiak zor dizkat eta eskerrak ematen bizi naiz: Magnificat anima mea Dominum.

        Ta ez uste izan, n.a., garai artan, Jesus, bere Amaren ondotik ertenda, ainbeste on egiñaz, zeruetako jakituria gizonari erakusten zebillen egun aietan, Maria ta Jesusen arteko maitetasuna zerbait otzitua izango zala. O, ez!: etziran aldakor, gure antzera. Gauza on bat obetu ezagutzean geiago maitatu oi da, ta Jesusek eta Mariak ondo ezagutzen zuten alkar. Semearen izen ospatsuak Amaren maitetasunari indar berria ematen zion; Mariarentzat, orduantxe zan Jesus, iñoiz baño erosoago, bere Seme, bere argi, bere zaintzalle ta bere Jaungoiko; Jesus ostera, orduantxe bere Amarentzat maitalerik bero, zintzo ta eskertsuena.

        O! Ama guztiak beren semeak ainbestaraño maitatzen badituzte, naiz ta seme oiek okerrak, bigurriak eta eskergabeak izan, nola maitatuko zuan Mariak bere Seme ona, bere Seme altsua, bere Seme Jaungoikoa?

        Jaungoikoa esan det! eta emen nere adimenaren argi apurra illunpean gelditzen zait. Mariak bere Semea Jaungoikoa bezela maitatzen zuan! Maitetasun ori, nork adieraziko du? Anima barruko bizitza ixilla eraman dutenak zerbait. Asisko Goiaingeru apalak, Gurutzeko Joane zeritzonak, Abilako Teresa batek; oiek erakutzi dezakete zerbait Jaungoikoagana maitetasuna zer dan: eztizko sugarra, kiskaltze alaia, erre bear atsegiña, Lurreko izkuntzan azaldu ezin ditekean gozamena. Baña gozamen ori zer dan Mariak bakarrik daki ondo, bada berak bakarrik ezagutu zuan osoro bere Semea ta berak maitatu beste iñork ez bezela. Mariaren begiak Jesusi begira zeudenean, zorionaren iturriari begira zeuden: Mariaren españak Jesusen arpegian jartzen ziranean, Jaungoikoaren arpegian jartzen ziran. Zeruak erakutzi zion bere Semea Lege Zarreko irudi guztien bukaera zala, ainbeste Igarlek itxarotako Mesias, Errege Paketsua, Aingeru guztien Nagusia, izar guztien Egillea, gizon guztien Gurasoa, jakintsu guztien Argi bizia, asiera gabeko Jaun altsua; Mariaren biotzak ori ta geiago nabaitu zuan Jesusenaren ondoan, ta Jaunaren maitetasunari bere alizate guztiz erantzun zion Mariak bere Seme Jaungoikoa gauza danen gañetik maitetu zuan, Lurreko donien gañetik, Zeruko aingeruen gañetik, zeruak berak eman zion neurki neurrigabean.

        Eta oraiñ, n. Kristauak, gure maitearen zorigaitza gure zorigaitza izan oi bada, maiteareri nekea ta maitalearen samiña neurri batekoak badira, zer izango zan Mariarena Jesus laztanaren oñazaldietan?

        Mariari, maitetasunaren landarea ta naigabearen arantza ia batera sortu zitzaizkon. Bere Semea jaio ta laster, Jerusalengo Elizan, Simeon Igarleak albiste negargarri bat eman zion, et tuam ipsius animam pertransibit gladius, ta orduan nabaitu zuan Mariak arantza orren lendabiziko sastadea, orduan zauritu zan beti betiko bere biotz maitale samurra. Nola ez, aditzalleak? Askotan gure Jaungoikoak egiten dizkigun on guztietatik andienetakoa etorkizunen berri ez ematea da nunbait. Zuen artean egun beltz asko igaroko dira noski; bear bada zuen ondasun guztiak galduko dituzute; onik-onenean, zuen izen garbia norbaitek zearo loituko du; nork daki zuen guraso, aide edo adiskideren bat, zuen senar edo emazteren bat gaizki ta laster ilko bada; baño ezer eztakigun artean ezeren kezka ta bildurrik eztago, etzaigu batere gauza okerrik oroitzen, ta zorion betean ezpada ere zorion itxuretan bizi oi gera. Adi zadazute, n. Kristauak, batez ere zuek, guraso zeratenok: Jaungoikoak oraiñ agertuko balizuteke zuen semerik argiena, zuen semerik maitegarriena biar edo etzi urkamendian ilko dutela, nolako larria izango zenduteke gaur, nolako nekean biziko ziñateke beti? Bada Simeon Igarleak, etorkizunaren lañoak urratuaz, era orretako albiste latza eman bazion; guraso guztien maitetasuna bat eginda baño askozaz geiago maitatzen zuan Seme maitagarria, parre ta irri egiñaz, lapur gaiztoen antzera, gurutzean josiko ziotela agertu bazion, nork esan Mariaren naigabe ta oñaze itzala?

        Egun artatik aurrera Mariaren bizitza eriotza izandu zan. Ezin aztu zitzaion egundaño gizon ergelaren eskergabekeria, ezin zuan barrutik iñola kendu bere Jesusek eraman bear zuan nekaldi gogorra, beti gogoan zerabillen bere Semearen azken errukarria, ta Jesusek ematen zizkan poz guztiak ere, Mariarentzat, beastunez kutsuturik zeuden.

        Naigabearen jarlekuraño zazpi malla igaro zituan gure Amak. Ezingo diogu mallarik malla jarraitu, baña ikusi bearko degu orratik bere Semearen eriotz orduan, entzun bearko zaio animaren erditik ertetzen dion deadar samiña: O vos omnes qui transitis per viam, attendite et videte si est dolor sicut dolor meus.

        N. a. m.: Goazen guztiok, irudimenez, Kalbarioko mendi tontorrera. Jaso itzatzute zuen begiak, jaso itzatzute zeru alderuntz, begiratu zazute mendi gallur ori ta ikusi zazute ondo naigabearen jarlekua. Jarlekua esan det, baño egoera esan bear nuke, bada gure Amak nun jarririk eztauka, lur odolduaren gañean zutik dago, patxadearen ordez nekea dauka lagun. Zeru goibelaren azpian iru zuaitz agiri dira, iru gurutze, ta erdikoan, besoak zabal zabalik Amaren buru maitea estaldu naian bezela, gauza guztien Egille Altsua, Zeru ta Lurrak egin dituan Jauna, nere bizitza orain bertan gordetzen dagon Jaungoikoa, Mariaren Seme bakarra, ilda ikusten det! O vos omnes... Lurrean negarrez zabiltzatenak, zuen neketxoak ezin eramanik zabiltzaten gizadiak, jarri zazute zuen neke ori Mariaren oñetan, ta inork eztu ikusiko: aiñ da utsa.

        Baña zertara igo da Maria bere Semearen urkamendira? Naigabearen beastunak azkeneraño irentzitzera. Ondo irentzi ditu.

        Urkamendira daramazkitenen gurasoak eztute iñola leku orretan semien eriotzarik ikusi nai. Etxe basterrean egoten dira edo auzo-erriruntz iges egin oi dute, garai artako zurrumurrurik beren belarrietara eldu eztediñ. Zer diot eriotza ikusi? Semien gañera erori dan epaia errukiz gordetzen zaiote, ta beren ilberria geroago, noizbaitean, pixkaka pixkaka jakin erazi. Baño etzaio gure Amari orrela gertatu. Mariak bereala jakin du Jesus Jaungoikoa ikasle dollor batek etsai makurrari saldu diola; bere Arkume otzana, gaizkille antzean, lotuta eraman diotela; agintzallien aurrean eztuala bere aldeko lagun bat bakarra izan; Pedro berak, ausardiz betea zirudian Pedro adiskideak, aiñ errez ukatu duala; biotz gabeko gizonak bost milla ta geiago zartada eman diozkatela; gaurik neketsuena igarota, zurbil ta indarge, ubel ta miñez gizonaren itxura gabe dagoala; arantzazko erregetxapelez jantzia, arpegi ederra zearo itxusitua, ezin dezakela iñork ezagutu; aiñ ona ta ongillea izanik, bere Seme Kutuna lapurren erdian, iltzera daramatela!... Mariari egunik garratzena eldu zaio. Baña ekaitzari arpegi emateko jaioa da, eztio Jesusi bakarrik utziko, beste adiskiderik ezpadauka, an izango du aldemenean bere Ama.

        Azkenengo albiste au jakitean, bere bakartadetik azkar erten du; Jerusalengo kale itzalak ioranez igaro ditu; eralle ikaragarrien artean dardaraz sartu da; Jesusen odolak erakutzi dion bideari negarrez jarraitu dio, ta ara or nun daukazuten Seme illotzaren ondoan. Toki arrigarria Mariarentzat! Ortxen ikusi du nola bere Jesusi, Amaren eskuz maitaro egindako soña, indarrez kendu dioten; ortxen ikusi du, naigabez eroturik, egur igarraren gisara nola gurutzean josi duten; ortxen ikusi du, gurutze gañean zinzilik, bere buru minberatua nun ipiñirik eztaukala; ortxen ikusi du gizonari errukiz begira, inguru guztian gorrotozko begi zitalak idorotzen zituala; ortxen entzun dio, azkenetako itz bigunen artean, eriotzaren larriak atera dion mintzo estua: Sitio, egarri naiz, izugarrizko egarria daukat, maitasunaren egarriak ito bear nau. Ta orduan Mariak, egarri ura kentzeko, bere biotza urtu nai zukean, bere Jesus laztana bularrean berriro estutu, bere arnasa ta bizitza eman, bere anima maitalea edan erazi. Baño, ai! ezertarako tankerarik eztu izan, ezin izan dio ezer egin, laztan bat eman gabe il zaio! O vos omnes...

        O, gurasoak, semien eriotzan ainbeste negar egiñ dezuten gurasoak! Badakizute noski seme bat iltzen ikustea zer dan; baño Semerik onena, Seme Jaungoikoa, urka mendi baten, lapur biren erdian, eralle gaiztoak parre ta irri egiten diotela, iñungo laguntasunik gabe iltzen ikustea zer dan eztezute egundaño ikasiko. Zuen oñazerik andienak, gure Lurreko oñaze guztiak Mariaren oñazetik oso urruti gelditzen dira. Oñaze ori bakarra izan da, neurri ta berdiñik gabea izan da, ezin du gizonak ulertu, ezin dizutet nik adierazi. Gauza asko dira Lurrean gazi ta beltzak, garratz ta izugarriak; gazia da itxaso zabalaren ur irakiña; beltza umezurtzaren etorkizuna; izugarria, neguko gaberdian, trumoiaren burrundaba ta aize gogorraren txistua; garratza da, batez ere, eriotzako ordu larria; baño zorigaitz onen ondoan itxasoa ezta gazi, umezurtza ezta errukarri, ekaitzeguna ezta izuti, ezta batere garratz eriotzako ordua bera.

        Jesus il danean, bere Amari Lur guztia uts-utsik gelditu zaio, bada Marirentzat bere Semea zan Lur ta Zerua, zorion ta bizitza; bere Semea zan dana, ta bere Semea bakar bakarrik. Jesus il ezkero, zeñek poztu dezake Mariaren biotza? Non est qui consoletur eam ex omnibus caris ejus. Egia da, Jesusek ordeazko bat eman dio, Joan ikaslea eman dio semetzat, baña Joan doneak ezin dezake iñola Jesusen lekua bete. Eguzkia itzali bada, nola egin dezake argi gau illunean zeruko izartxo batek?

        Ezta bakarra, diozute. Mariaren pozerako, beste gizon guztiak Joanekiñ batean gelditu dira. Ez al ditu Mariak maita? Bai, obe Mariarentzat, bada maitasun orretan dauka bere naigabearen beste iturri samiña. Maitatu ez? Geiegi luzatzeko bildurrean nago, baña beste itz bi esan bear dizkitzutet oraindik.

        Jaungoikoari zor diogun maitetasuna geideari, au da, lagun urkoari zor zaionaz oso lotua dago, biak batera datoz; ta egiaz esan genezake Jaungoikoa maitatzen eztuanak eztuala geidea maitatzen, ta geidea maitatzen eztuanak ezta ere Jaungoikoa, bear bezela. Jaunaren maitale onak maitatzen gaituzte ondoen, ta zeiñ izan da Zeru ta Lurrean Mariak aria gure Jaungoikoa maitetu duanik? Iñor ez? Bada ezta ere Maria besteko gizonaren maitalerik izan. Ainbesteraño maite ginduzalako, gure onagatik, gure zor andia ordaintzeko, Zeruko Aitaren irudira, bere burua baño geiago maitatzen zuan Seme kutuna mendi orretan eskeñi du, ta eskeintza ori baño agergarri oberik ezin eskatu genezake.

        Orrezaz gañera, etzaio Mariari aztu bere Jesusen azkenengo agindua: Mulier, ecce filius tuus, emakumea, ara or nere ordeazkoa, ara or zure semea, ta ama on batek semearentzat gorde bear duan maitetasuna badaki.

        Bai, n. a., Mariak amarik onenak bezela maitatzen gaitu, gizon guztiak bere semetzat gauzka; baño gizon oiek Mariaren pozerako, zer egin dute? Jesus maitea, bultzaka, urkamendira eraman; iltzez gurutzean gogor josi; il zoriko egarrian ospiña ta beaztuna eman; semetzat artu dituan orduan, esku ta biotz, gorputz ta anima jesusen odolez orbandu! Poztuko litzateke iñor Semearen iltzallea semetzat emanda? Askozaz latzagoa ezta, milla bidar negargarriagoa ezta, iltzalle ori, gorrotatu bearrean, biotz guztitik maitatzea? Bada orrela dago gure Ama Kalbarioko mendian.

        O, zeñek ulertu dezake Mariaren oñazea! Anselmo done argiak oñaze onen aurrean, gauza bat bakarrik esaten du, au da: Mariaren samiña martiri guztien oñazeak baño andiagoa izan zala. Bernardiño zoritzuak onela dio: Mariak igaro zuan naigabea gizadi guztian banatuko balitz, gizadi guztia miñaren minez ilko litzake. Tomas done jakintsuak Mariaren samiña Lurrean eraman ditekeanik andiena dala erakusten du. Azkenez, Ebanjelioaren Idazleak, Jesusen nekaldi gogorra azaltzean, Mariarentzat itz soill bakarra daukate: Stabat, an zegoan Ama. Au mintzo soilla! Baña mintzo naro ta mardula, itz apaindu askok baño geiago adierazten digun mintzoa. Stabat, an zegoan. Bai, n. a., or dago Maria oñazezko mendi orretan. Alde batetik Jesus Jaungoikoa dauka gurutzean ilda, ta bera da Jesus maitearen Ama; beste aldetik, Jesusen iltzalleak ajolakabe parrez ikusten ditu, ta bera da iltzalle oien Ama. Zer geiago jakin bear degu gure biotzak samurtzeko?

        N. a. m.: naigabe andi baten aurrean biotzik gogorrenak bigundu ta bururik arroenak makurtzen badira, nola ezkera gu Mariaren oñetan auspez jarriko? Orretara etorri zerate zuek, Mariani bere oñazean laguntzeko asmoan errukiz beterik etorri zerate. Ondo egin dezute, bada gu izan gera bere arantzak, eta iñoren saminak errukirik bear badu, Mariarenak gurea bear du. Baña ezta naikua Mariani kupidaz begiratzea, oni bakarrik ezertako ezta. Kristauak: Mariaren samiña zearo kentzeko bizitza berria bear degu asi, gaiztakerietako bidietatik betiko alde; bakoitzari zeruak biraltzen dion gurutzea jaso; Jaungoikoaren legeari zuzen jarraitu; lagun urkoari guretzat nai degun guztia opa; Jesus Jaungoikoa biotz biotzez maitatu; gure uste, asmo, gogo ta iritziak Jaunaren mendean jarri; gure ibillera danak zeru alderuntz eraman. Orrela izango gera Mariaren seme-alaba onak, orrela gozatu daikegu bere anima, ta orrela bere biotzaren samiña zearo kendu. Mariak ori nai du, zuen izenean ori agintzen diot.

        O ama bigun maitegarria! Legortu itzatzu zure malkoak; eztegu nai geiago eskergaiztoko izan. Oraiñ arteko bizitzaz damuturik, zure babesaren billa gatoz. Argal ta illunak gera ta bizitza berrian ondo irauteko, zeruko argi ta indarra bearko degu. Jarri zazu bada gure alde zeruetan gaur daukazun aginpidea; egin zazu gugatik arren oraiñ ta eriotzako orduan. O! garai larri artan, zure Semearen irudi bedeinkatua eskuetan euki eziñik iñork gure españetan jartzen digunean, denok eskatuko degu biziro zure kupida ongarria. Ez gaitzatzula orduan utzi, gaur zuri laguntzera etorri geranok zure laguntza izan dezagula, gaur zurekin negar egiten degunok, zurekiñ batean betiko zoriona iritxi dezagula. Amen, ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa