www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PEREGRINACIÓN A IZIAR

 

Qui me invenerit inveniet vitam et hauriet salutem á Domino.
Ni billazen nauanak egiazko bizitza arkituko du,
ta Jaunak emango dio animako osasuna
(Proberbios deritzaion liburuko 8 garren irakurburu
ta 35 garren versotik artutako itzak.)

 

        N. a. m. biotzekoak: Maitagarria da bizitza. Gauza on, gozo, estitsu ta maitagarri guztiak maitatzen ditu gizonaren biotzak; baña beste gauza guztien gañetik, gauzarik onena, andiena, gozoena, estitsuena, maitagarriena bezela gizon bakoitzak maitatzen du norbere bizitza.— Bizitzari begiratu bear diogunean beste gauza danak, oso maiteak izanagatik, ezerez batzuk bezela, alde batera utzitzen ditugu. Bizitzagatik utzitzen dituzte jakintsuak bere liburuak, eskribitzalleak bere lumak, aberatzak beren diruak, soiñuzaleak beren soiñuak, jatunak beren janak, edaleak bere edanak, jolasetan dabiltzanak beren jolasak, griñadun gizonak bere griñak; bizitzagatik utzitzen ditu maitaleak bere maite kutuna, semeak ama ta amak bere semea: itz batean, danok dana, bada eztago bizitza baño geiago maite degun gauzarik.

        Orregatik maite degun bati gauzarik andiena bezela, «maite zaitut» ezaten zaio, «nere bizitza beste maite zaitut» esaten diogu; orregatik begi onez begiratzen diogun bati, gora jaso nai degun gizonari; gure pozaldirik andienetan biba onelako! esaten diogu erderaz edo euskeraz, bizi bedi; orregatik gure erritarrai, gure esagunai, kristau guztiai, pakean bizi garanean, alkarrentzat gorrotorik eztaukagunean, bizitza opa izaten diegu, ta latiñerrikoak ave, bizi zaite, alkarri esaten zioten bezela, guk Agur edo Adios esaten diogu: au da, joan zaite Jaungoikoagana edo Jaungoikoarekiñ, bada Jaungoikoa da bizitza ematen diguna, Jaungoikoa da bizitza bera.

        Bi eratako bizitzak esagutzen ditugu, n. a. m.: bata urte batsuetarako bizitza, guk gaur daukaguna, lurreko bizitza; bestea animaren bizitza, neurrigabeko betikotasunean iraungo duan bizitza pozgarrizkoa.

        Bi bizitza abetatik gizon gizagaixo errukarri batzuk gorputzarenari bakarrik begiratzen diote. Gizon oiek lurrean daukate beren Jaungoikoa (ta askotan lurpean), lurrak ematen duanarekiñ asetzen dira, lurrak ematen duana da bakarrik beren ondasuna; ta or dabiltza beti, jo ona ta je) orra, nondik sortuko edo lortuko, nondik une batzuek obeto igaroko; beti lurrera begira, betikotasunera beñere begirik eta biotzik jaso gabe. Ia lurbira edo munduko alderdi guztiak astertu dituzte, baster guztietaraño sartu dira; ta ikusiko dituzu gure Euskalerrian ere, lenago artzaien oiua edo aberien zinzerria baño beste otsik entzuten etzan tokietan, errekondorik errekondo, basorik baso, mendirik mendi, gallurrik gallur, beti ta edozeñi galdezka: non dago gure Jaungoikoa? Au da, non dago erreka-uren indarra, non dago emen ikatza, non dago arrobia, non dago beruna, non da burnia, non da zillarra? Gizon oiek burni zati batzuk izateagatik edozeñen aurrean belaunikatuko litzatezke. Ta bear bada mendietan gurutze bat billatzean edo Mariaren eleizatxo bat, ez dute agur bat egingo, ez dute txapelik ere jasoko. Lurtarrak dira gizagaixoak eta eztaukate zeruko gauzen oroimenik.

        Baño badira beste gisatako gizonak ere, zertarako jaio diran astu gabe bizi diranak, (lurreko gauzak ikusteari utzi gabe, bada ori ere bear da), zeru aldera begiratzen dakitenak, biotz andikoak, lurreko gauzakiñ asetzen eztiranak, animako ondasunen billa dabiltzanak, animako bizitza, betiko bizitza nai dutenak.— Bai, badira, Jaunari eskerrak; eta gaur artean jakiñ ezpanuan ere, gaur zuek n. a. emen ikustean ikasiko nuan egia eder ori.— A. S. Franzizkoren semeak, Franziako mugatik eta beste Gipuzkoako errietatik etorri zeraten kristau onak, Bizkai aldetik Iziarko mendiraño igo dezutenak, ongi etorriak izan zaiteztela guztiok, eta adi zadazute, bada zueri albiste on bat emateko asmoa daukat. Zenbat urteko bizitza nai dezute zuentzat? Ogei, berrogei, eun urtekoa? Bada nik esaten dizutet Jaunaren izenean, Mariaren billa etorri bazerate ta Maria bene-benetan arkitzen badezute, beti-betiko bizitza izango dezute zuentzat.

        Au da, n. a., nere gaurko itzaldiaren gaia. Bear bezela agertzeko lagun zadazute Jaunaren argitasunak jaristen, gure bitarteko Ama Mariari oitura dan bezela

        Agur Maria esanaz.

        Qui mi invenerit etc...

        1. N. a. m.: Izar eder argi ta garbiak zeru urdiñean zabaldurik dauden bezela, orrela lurrean ere daude zabaldurik zeruko erregiñaren irudi pozgarrizkoak; eta goietako izarren jira-bira, neurria ta argitasuna ikasten dabiltzan gizon jakintsuak Sirio ta Marte, Jupiter ta Saturno non dauden ondo dakiten bezela, orrela ere zerurako bideak ikasi ta jarraitu nairik gabiltzanok, oso ederki jakiten degu Mariaren irudi entzutetsuenak non dauden.

        Denok daukagu Zaragozako Andre Maria Metarrigañekoaren berri edo albistea, denok dakigu Lurdeskoaren istori edo kondaira, denok dakigu non dagoan Monserratkoa, ta geure lur barruan dauden batzuek bakarrik esateko, ondo esagutzen ditugu Begoñakoa, Antiguakoa, Guadalupekoa, Arantzazukoa ta Iziarkoa. Toki abetan batez ere ipiñi ditu zeruetako Erregiñak bere jarrileko osasungarrizkoak, toki abetan batez ere zabaldu ditu eskuak betean animentzako ondasun ugariak, eta orregatik jakiñ izan dira toki aben izenak, orregatik jakin dezute zuek ere Iziarko erriarena. Bai, Iziar, Gipuzkoako lur basterra, Anduz mendi azpian jaiotako alaba; Arma, Mendaro ta Debaren ama, nequaquam minima es tu, etzera gaur Gipuzkoako errien artean txikiena; zure izena zabaldua dago Naparroan, Araban, Bizkaian, ta Gipuzkoa guztian, zure izena badakite Franzian bertan, zure izena zabaldua dago alderdi guztietan, zure lurreko arantza beltz batera zeruetako izarrik ederrena jetxi zalako.

        2. Baña guazen gu gure bidetik barrena, guazen geure arian, ta galdetu dezagun. Zertara etortzen dira gizataldeak entzute andiko Mariaren eleizetara? Zertara zatozte zuek, n. a. m.? Bizitzaren billa, uste det esaten dirazutela, bizi naiak gakarzki, animari janaria eman naiak. Egarri dan oreña edo basauntza, barruan sortzen zaion berezko indarrak iturri garbietara daraman bezela, Quaemadmodo desiderat cervus ad fontes aquarum..., orrela zuek ere bizibearrak zakarzkite animako bizitzaren iturrira, bada Mariagan dago bizitza ta Maria billatzen duanak animako bizitza ta osasuna billatzen du. Qui me invenerit inveniet vitam eta hauriet salutem á Domino.

        Guziok dakigun gauza da Jaungoikoa dala bizitza guztiaren sustraia, jatorria, asiera ta iturburua, Jaungoikoa dala bizitza bera.

        J.K. gure J. esan zuan egiaz: ego sum vita, Ni naiz bizitza, ta Beragandik kanpora illuntasuna ta eriotza baño beste gauzarik eztago. Eztezute ikusten nola eguskiak biraltzen duan alderdi guztietara bere argi alaia, lur guztiari berotasuna ta bizitza emanaz? Bada era berean, ez, askozaz obeto, biraltzen du ere Jaungoikoak, eta Jaungoikoagatik bizi da gizona, Jaungoikoagatik bizi dira txori, egasti ta abereak, Jaungoikoagatik ernetzen da zuek lurrean botatzen dezuten alea, Jaungoikoagatik ematen dute arbolak beren alort edo frutua; Jaungoikoagatik da eguskia eguski, Jaungoikoagatik dira zeru, lur ta itxasoak; Jaungoikoa dago gauza guztiai izatea ta bizitza ematen; ta Jaungoikoa kendu al balitz, kenduko bagenduke, gauza guztiak ill ta ezerezera biurtuko litzatezke berealako batean.

        Orain bada, Maria izanik ez bakarrik Jaungoiko altsuak animako apainduriz oso aberastu zuan emakumea, baita ere Jaungoikoak berak, lurrean jaio izan nai zuanean, beretzat aukeratu zuan Ama, (au da) Maria izanik Jesus Jaungoikoaren Ama, txit ondo esango degu Maria dala egiazko bizitsaren kabi santua ta bera billatzen duanak arkituko duala animako bizitza. Esan dezakegu, bada Mariaren izenean: Qui me invenerit...

        Gizona anima illezkorraren jabea da ta, bere anima illezkorrean, bizi izateko gogo sendo bat sentitzen du; eztaki ondo zer dan eriotza, ta eztu eriotzarik nai ezertara ere, al duan indar guztiakiñ eriotzagandik iges egiten du, beti-betikoa nai du izan. Bere biotza beti deadarka dauka: «bizi nai det, zoriona nai det, gozotasuna nai det, amaituko eztan atsegiña nai det»; eta badaki gaur neke artean daukagun bizitza, noizian bein ezti tantoren bat edo beste izan arren, zotiñez ta naigabez, beastunez ta malkoz beterik darabilgun bizitza, gaixo baten bildurrean dagoan bizitza, eriotzaren bildurrean dagoan bizitza, eztala ori biotzak nai duana. Biotzak nai du neke gabeko bizitza, bildur gabeko bizitza, eriotza gabeko bizitza, bizitza dan bizitza, zeruko bizitza, Jaungoikoaren bizitza.

        Baño nondik eta nola etorriko zaigu bizitza ori? Jaungoikoagandik, n. a. m., eta Mariaren bitartez. Jesusek berak esan zigun bere gorputza jan eta bere odola edan gabe etzegoala bizitzarik, nisi manducaveritis carnem Filii hominis, et biberitis ejus sanguinem non habebitis vitam in vobis; Jesusek Berak ezan zigun Bere gorputza jaten zuanarentzat zala guk nai degun betiko bizitza, si qui manducaverit ex hoc pane vivet in aeternum; eta Jesus, gizona dan aldetik Mariarena da, Jesusen gorputza Mariaren gorputzetik artua dago, Jesusen odola Mariaren odola da, Mariak bere bular garbietan asi zuan Jesus maitea, gero bere gorputza Sakramentu orretan utzi zezan, gero bere odol guztia Kalbarioko mendian gugatik eman zezan. Mariaren bitartez jaio zitzaigun Jaungoikoa, Mariaren bitartez etorri zitzaigun bizitza.

        4. Orregatik Eleiza santak esan erasten dio Mariari: «Siongo mendian indartu naiz, ta Jerusalengo urian daukat nere agintea. Neregan dago bizitzaren ontasuna ta egia, neregan betiko bizitzarako bidea. (Maite nazutenak, atozte nigana, bada eztia baño gozoagoa naiz.) Nere itza aditzen dutenak eztira illunpetan ibilliko, ta nere izen onari begiratzen diotenak betiko bizitza izango dute: qui elucidant me vitam aeternam habebunt».

        Orregatik Eleizak berak deitzen dio Felix coeli porta, zeruetako ate zorionekoa, orregatik vita, dulcedo et spes nostra, gure bizitza, gure gozotasuna, gure itxaropen edo esperanza; bada beragatik bizi gera, berak estitzen ditu gure animak negarrezko leku onetan, beragatik bere errukiagatik itxaroten degu zorioneko jauregian sartzea.

        5. Nai dezute orain jakin Mariagatik zer dioten eleizako guraso santuak? Adi zadazute, bada. Sto Tomas jakintsuak erakusten digu, itxasgizonak artizarraren bitartez zuzen zuzen beren portuetara etortzen diran bezela, orrela kristauak dijoazela zerura, au da, betikobizitzara, Mariaren bitartez, ita christiani per Mariam diriguntur ad gloriam. San Ireneok esaten digu, Maria dala gizon guztien zorioneko iturburua, universo generi humano causa salutis effecta est. San Bernardok dio: Mariagandik aldentzen dana nai ta nai ez galduko dan bezela, Mariagana datorrena iñortara ere eztala galduko, ita ad te conversus necesse est ut salvetur. San Jermanek esan zuan etzitzaiola iñori gauza on bat ematen Mariaren bitartez ezpada, nemo est cui donum concedatur nisi per te ta azkenez A. S. Agustin andiak deitzen dio, Eleizak bezela, betiko bizitzako jauregian dagoan ate zabal pozgarrizkoa.

        6. Ta beste aldetik, egia onen agergarritzat M.k betiko bizitzara ekarri nai gaituala erakusteko, zenbat mirari egin ditu Mariak berak edonun, baño batez ere bere jarrilekuak dauzkan tokietan? Zenbat andre ta gizon etorri dira Mariaren eleizetara gorputzeko ta animako gaixoarekiñ, ta Mariaren bitartez arkitu dute gorputzeko ta animako osasuna? Zenbat gizon ta emakume gaistakeriko lo sorruan anima ilda zeukatenak, Mariaren bitartez bizitza berrira jaio dira? Toki onetan bertan, baserriko neskatxo bateri agertu zitzaionetik gaur artean, zenbati lagundu diete Iziarko Amak gorputzeko ta animako estualdietan? O! Jaungoikoak bakarrik daki! Beste millaren artean, ta zerbait esateagatik ara Iziarko Amaren bitartez egindako mirari bi.

        Aldazabal jaunaren liburuan irakurri ditut, eta eztet berentzat eskatzen gizonaren esanak merezi duan baño siñiste geiago; baño nik egiatzat dauzkat. Jose Zigaranek A. Jesus M.ª Arakistaiñen aurrean autortu zuan berak entzuna zala esango ditudan gizon biyai: Españia siñisgaistoko mairuakiñ burruka bizi ta gogorrean zebillen gizaldietan, beste asko bezela, mairuen eskuetan erori ziran euskaldun bi; bata Debarra ta Aizkoitikoa bestea, ta ondo lotuta gero sartu zituen dorre illun sendo batean. Gaizki zeuden gizonak dorre artan, oso gaizki, katez lotuta, gorputzarentzat jan gutxirekiñ, animarako batere janari gabe. Egun batean atsekabez beterik, Euskalerriko gauzetan ames egiñaz alkarri begira zeudela, oroitu zitzaion Debarrari Iziarko Ama, pistu zitzaion siñistea, berotu zitzaion biotza, ta anima animatik deitu zion Mariari esanaz: «Iziarko Ama maitea, ez ote nazu ni katigutegi ontatik askatuko?» Eta, o miraria! gizon arrek, itz oiek esanaz batean bere burua askaturik eta kategabe ikusi zuan. Izugarrizko gertaera onekiñ itxaropenez bete ziran lagun biak, eta askatua gelditu zanak erregutu zion besteari lagundu zezaiola an goian zegoan leio batera igotzen, andik kanpora saltatu (jetxi, bere burua bota) zediñ. Besteak beldurrez, gauza ura arrisku andikoa zala erantzun zion, baña ainbeste erregutu zion Debarrak Azkoitiarrari, ainbeste aldiz esan zion Iziarko Amak lagunduko ziela eze, bigundu zan Azkoitiarra, lagundu zioten batak besteari, saltatu ziran amilketa sakon bildurgarrizko batera, ezertan ere miñik artu gabe, Ama Mariaren laguntasuna oso argiro esagutzen zutela billatu zuten kristauen lurrera etortzeko bidea, ta Euskalerrira eldu ziranean eleiza onetara etorri ziran lenbizi, zeruetako Erregiña bigun ta errukiorrari esker ugari ta biotzekoak emanaz beren animak garbitzera.

        Miraritsuagoa da oraindik bigarrengo gertaera. Iziarko beste gizon bat Afrikatarren artean preso zegoan, burniz oso gogor lotuta, naigabez beterik, oso gaixo ta ia iltzeko zorian. «Ai, zion bere artean gizontxoak, ill bear det, eta gaizki ill bear det, bakar-bakarrik, nere etxekoak non nagoan eztakitela, siñis gaistokoen artean, apaiz gabe, animarako laguntasun gabe». Andre Mariaren jai aurreko eguna zan, ta oroitu zitzaion Iziarren urrengo egunean egingo zuten eliz-jai ederra, ta erregutu zion Andre Mariari, bere gogoaren kontrakoa ezpazan beintzat, ekarri zezala nolabait kristauen lurrera, eriotza on bat iduki zezan. Erregu au eginda bereala gure gizona gelditu zan lotan, ta esnatu zanean, nondik eta nola etzekiala, Iziarko eleiza onen atarian arkitu zuan bere burua. Gizon doetsu ori, esan detan miraria gertatu ta irugarren egunean iltzan, ta bere anima, ondo garbitua ta pozez beterik, pake santu opagarri batean Jaunaren eskuetan utzi zuan.

        7. N. a. m.: Beste onelako gertaera asko esango nituzke, baño eztago geiagoren bearrik, bada denok daukazute onezkero gauza ziurra bezela Maria billatzen duanak arkitzen duala lurrean bere laguntasuna ta beti-betiko bizitza. Qui me invenerit inveniet vitam et hauriet salutem á Dómino.

        Orregatik, egia ori ondo zekitelako, lenagoko euskaldunak urteoro etortzen ziran Iziarrera Franziatik eta Bizkai guztiko portuetatik Ama Mariani esker onak emateko asmoan, beren gurasoak oitura ori bera zutelako, 1448 garrengo urtean Gastelako Errege Juan II garrenari esaten zioten bezela. Orregatik Iziartarrak, urteoro, eliz aurreko zelaitxoan ipintzen zuten lorez apaindutako arbola bat, eta itxasgizonak erosten zuten pozik eun errial zillarrezkotan, arbola ori zerabillen ontzia zorioneko izaten zala siñistatuaz. Orregatik ikusi ditut Iziarko Amaren billera edo kofradiko liburu zar batean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba ta Naparroako jente askoren izenak.

        Baño ez dezazutela uste izan lenagoko euskaldunak bakarrik etortzen zirala Iziarrera, ez. Oraindik ez naiz ni ain zarra; ta zenbat aldiz neronek ikusi ditut, euskaldun garbien usaia zekarren giza taldeak bideak betean Iziar alderontz datozala, jaietako jantziekiñ txukun apainduta, kandelatxoa eskuan ta biotzaren erdian zeruko siñiste bizia zutela noski; Amaganako maitetasuna erakustera, ta Amaren eskutik siñiste ta maitetasunaren saritzat animaren sendotasuna ta bizitza berria artzeko ustean.— Oraindik iru bat une dala alboerrietako jente asko etorri giñan; ta 1885 garren urtean zortzimillaren bat anima inguratu ziran emen, beren apaiz artzaiak aurretik zituela, nekeari gañ eginda oñez geienak, gabeko ta goizaldeko orduetan beren etxetik ertenda, Ama Mariaren irudi bedeinkatua lepotik bera jantzita, sedazko ta urrezko bandera ederrak aideratuaz, euskerazko kantu gozoakiñ mendietako oiarzunak esnaten zituztela.

        8.

                «Amaganako amodiuak

                Isioturik garuaz»

        zioten orduan bizkaitarrak Gipuzkoako mugarrietatik barrura zetozenean. Ori berori esan dezakezute zuek ere A. S. Franzizkoren semeak, gaur etorri zeraten kristau on, zintzo ta leialak, Amaganako maitetasunak pisturik ekarri gaitu, bada gure Amagan daukagu bizitza ta bizitza maitatzen degu beste lurreko gauza guztiak baño geiago. Ongi etorriak izan zaiteztela denok, milla bidar ongi etorriak.

        9. Baña, n. a. m., egia da maitatzen dezutela bizitza? Adi zadazute ongi. Egia da maitatzen dezutela ez bakarrik gorputzaren bizitza, baita ere askozaz geiago animaren bizitza, geiago balio dualako? Bada gorputzaren bizitza zaintzen dezuten bezela zaintu zazute animarena, gorputzaren bizitza kentzera datorrenari arpegi ematen diozuten bezela, arpegi eman zaiozute animakoa kentzera datorrenari. Anima iltzalle asko dago, txit asko; baño eztaukagu zergatik iges egiñ beren aurrean, bada berak baño geiago gera; eta zenbat eta berak animaren kontra, J.n kontra ausardi andiagoarekiñ jarri, ainbat eta guk ausardi andiagoarekiñ egon bear degu animaren alde. Beste errietan kurutzeak lurrera botatzen badituzte, orduak guk jaso bear ditugu kurutzeak gure mendietan, Ernion daukagun bezela Arnon, Arnon bezela Gorbean ta Aralarren. Gure mendiak izan dira ta izan bear dute kurutzearen oñak, eta guk izan bear degu gurutzearen oñetan gauden gurutzearen zaiñtzalleak (bada orrela zaintuko degu gure animako bizitza).

        O mendiak, gure mendi ederrak! Maite zaituztet, ez zuen barruan ikatza edo burnia daukazutelako, ez zuen erreketan bera ur garbi indartsuak datoztelako, ezpada kurutzearen oñak zeratelako, Maria txit Santaren jarrilekuak zeratelako.— Etzarete zuek aldakorrak: Jaungoikoak sortu zenduezanetik gaur arteraño beti daukazute jaskera bat, negu illunean lañuzko txapela edo elurrezko estalki txuria, uda berri alaian ostro berdez ta usai gozozko lorez apaindutakoa. Goizean goiz jaikitzen dan eguskiak beti toki batean billatzen zaituzte, eta zuentzat izaten da bere lenbiziko argi gozoa, zuentzat lotara dijoanean egiten duan azkenengo agurra. Beti aize osasuntsuen erdian bizi zarete, beti zuentzat izaten dira erretxiñol kantariaren soñurik bigunenak; beti, Jaungoikoak zerutik begiratzean, ikusten zaituzte berdiñ, lerden, sendo, euskaldun, beti-bat. O mendiak, gure mendi ederrak, maite zaituztet!...

        10. N. a. euskaldun biotzekoak: Mendi abek bezela izan bear degu guk ere, beti bat, beti gogor, beti irme, beti siñistetsu, beti kristau, beti Jaungoikoaren maitale; beti ibilli bear degu animako bizitzaren billa, beti zerura begira, beti errugabearen animako jantzi txuriarekiñ... anima garbiaren barruan aize osasuntsuak izan daiguzan, biotzaren erdian itxaropen edo esperantzaren soiñu gozoak entzun daiguzan, Jaunaren argi maitegarriak zerutik argi egin daigun.

        Bizi nai degu, ta geiegizko bizi naiak asko garamazki betiko eriotzara. Eztet esan nai bakoitzak bere bizi bideari eztiola jarraitu bear, ez, ori ez; baña lenbizikoa da lenbizi, ta animaren bizitza da lenbiziko gauza. Eztezute lurreko gauzetarik animaren bizitzarik aterako. Ildako gauzetatik eztator bizitzarik, ta urrea, zillarra ta lurreko ondasun guztiak denak gauza illak dira.— Jaungoikoa billatu bear degu gauza guztien gañetik, Maria gure Ama billatu bear degu, bada egia da bera billatzen duan arentzat dala betiko bizitza. Qui me invenerit invenit vitam.

        O Iziarko Ama Maria txit santua! Pita, dulcedo et spes nostra, salve. Gure bizitza, gure gozotasuna, gure itxaropen bakarra zeran Ama, Jaungoikoak gorde zaizala. Erbeste onetan bizi geran Ebaren umeak ara emen nola gauden zuri deiezka. Erruki zaite guzaz, O Ama errukiorra!, indartu gaitzatzu gure onbidean, egin gaitzatzu animako bizitzaren zaleak, egin gaitzatzu (zerura egatu nairik lurrean gabiltzan anima zeruzaleak), eta eraman gaitzatzu gero denok beti betiko bizitzara. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa