www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PECADO

 

Ondárroa 1894

 

Qui faciunt peccatum hostes sunt animae suae.
Pekatu egiten dabenak bere arimiaren arerijuak dira.
(Tobiasen libururuan XII garren buru eta 10 garren bertsuan.)

 

        Neure entzule bijotzekuak: Laburrak, guztiz laburrak dira nire egunak. Gaur banaz, bijar ez nas izango. Gaur pulpitu santu onetara igoten dot zueri zerbait esateko asmuetan; bijar, etsi, une batzuk barru geijenez, beti laster zergaitik munduko egun guztiak beti lasterrak diran, nire gorputza lurperatua egondo da or nunbaiteko basterren batian, eta munduan nire gomutarik izango ezta.

        ¿Quid est homo? Zer da gizona? Zer dira gizonaren egunik luzienak betikotasun neurribagakuaren albuan ipinten baditugu? Egun labur bateko orduen antzera, iñoiz entzun dozuen izen baten gisara, aisiaren soñua legez; gurma bat, lanbrua, kereixia, utza. Pulvus, cinis, nihil. Au nas ni, au zare zuek, n. e. m., eta au dira mundu guztiko gizonak.

        Urte batzuetarako bizitzia daukagu geijenez, eta bizitza au inok emonda. Iñok egin genduzan, Jaungoiko gauza guztien Egilliak; jaijo giñan eta baguaz askar askuan munduko eremu legorretik ziar eriotzako portura, beiñ bere gelditu baga, beñ bere atseden piska bat egiteko eskubiderik eztaukagula. Ez gara izer gorputzaren aldetik, Pulvus, cinis, nihil.

        Eta gauza au olan dala, esan egidazue n. e. m., badauka gizonak nundik arma izan? badauka gizonak nundik panparroitu? O n. e. m., esetz esan geinke bildur baga; baña ikusten dogu sarri askotan gizona astuten dala zeñ utsa dan, zeñek egiña dan, zetarako jaijua dan; pustuten dala Jaunak egun batzuetarako emon deutzan ondasun piska bategaz, argitasun edo jakituri piska bategaz, gorputzeko indar piska bategaz; arrotzen dala ondasuna, jakiturija edo indarra beriak balitu legez; jausten dala itsutasun andi batian; jagiten dala bere Jaungoikuaren kontra, eta esaten deutzala arpegiz arpegi bere Egilliari: non serviam; etzaitut serbiduko, ez nas zure mendian egongo, zu beste banas ni, non serviam. Au da pekatu egiten dabenian gizonak Jaungoikuari esaten deutzana.

        Majatzeko ill eder loratsuan mundu zabaleko kristiñau guztiak inguratzen dabe Mariaren altara santua, euren Ama maite oni egunian lora eder bat emoteko asmuetan; eta zuek bere orretara etorri zare gaur Elixara; baña zer lora da gaur Mariari emon biar deutzazuena?

        Nire iritxiz Mariari eskintzeko lorarik ederrena da pekatuaren gorrotua, bada pekatua da gure Ama Santiari eta bere seme Jesusi samiñik geijen emoten deutzen gauzia.

        Gauko sermoitxuaren geitzat pekatuaren gañian berba egitia emon jatan eskero bada, gure biotzetan pekatuaganako gorrotua sortuteko, ikusi biar dogu pekatua dala deserrasoirik andijena, sorakeririk andijena, eskerbagatasunik itzalena.

        Eskatzen deutzuet guztiori arreta piska bat, eta Espiritu Santuari biar dodan grazija gure Ama maitiaren bitartez, zeñi esango deutzagun oitura dan Abe Mania.

        Qui faciunt peccatum hostes sunt animae suae. Pekatu egiten dabenak bere arimiaren arerijuak dira (Tobiasen liburuan, etc.)

        1. N. a. m. Gaur artsaldeko berbalditxu onetan itxiko dot alde batera jatorrizko pekatua, bada au kentzen da batijo santuaren bitartez; ezteutzuedas argituko mundu onetan jatorrizko pekatua kenduta gero gizonak egin leikezan pekatu mueta guztiak bere: bakar bakarrik ikusiko dogu, gizonak bere erruz da bere gogoz egiten daben pekatu illkor, pekatu arima illtzalle edo pekatu mortalaren astuntasuna, bada onek urratzen dau Jaungoikuaren legia, kentzen deuskulako etc.

        Zer da pekatu arima illtzallia? Zer da pekatu mortala? Itanduera oni beste Elixako gurasu askok erantzuten deutzenari begiratu baga ezgauza gejegitan sartziagaitik, ikusi daigun S. Agustiñek diñuana: Dictum vel factum contra legem Dei in materia gravi, da esatia edo egitia gauza astunenbat Jaungoikuaren legiaren kontra.

        2. N. e. m.: Lege bat ipiñi deutze Jaun.k gauza guztiai, eta orretarako eskubidia dauka. Jaungoiko Altsuak sortu ditu, utzetik da berba bategaz, zeru ederrak, zorioneko toki maitagarri gozotasunezkuak gizon on guztien deskantzurako; Jaungoiko Altsuak sortu ditu, utzetik da berba bategaz, lurrian ikusten ditugun gauza guztiak; Jaungoiko Altsuak emon deutze Eguskijari eta izarrai dauken argija; Jaungoiko Altsuak sortu zituan infernuak aingeru ta gizon gaizkillien kastigurako; Jaungoiko Altsuak sortu dau gizona izereztik bere Egillia maitetu eta bedeinkatu daijan. Eztau bada eukiko Jaungoikuak eskubidia lege bat ipinteko zeruari ta infernuari, munduari eta gizon guztiai? Ezta bera eskubide guztien Iturburuba? Bai, n. kristiñauak: gauza baten gañian aginpidia eukiteko eztago bide oberik gauza ori egitia baño; eta gure Jaun eta Jaungoikuak egin gaitu gu, ez gizonak bere gauzak egiten dituan gisara, ol zati batzuekaz txalopa bat edo arri, mortero ta olakaz etxia, ezpadaze, entzun egizue ondo, izerezetik. Orregitik gara gorputz da arima Jaungoikuarenak, eta Jaungoikuaren borondatiaren kontra ezin geinke mugimenturik egin, zentzun bategaz bere.

        3. Gañera gugaz daukan aginpiderako badauka Jaungoikuak beste bide bat: eta da, gure bizitziari iraun eragitia. Irauten dabe zeruak egin ziranetik gaur arteraño Jaungoikuak nai dabelako; irauten dabe mendijak Jaungoikuak nai dabelako, irauten dabe gizonak Jaungoikuak nai dabelako, Jaungoikuak instante guztietan zeruen, mendijen edo gizonen izatia emoten deutzelako. Agertuko deutzuet obeto irudi bategaz. Begiratu eijozue altara aurrian dagon lanpara bati: ezegita dago, lurretik gora jasua dago, soka batek aidian daukalako; soka ori ebagiko bagenduke, lanpara orrek berialase joko leuke beia. Zergaitik? Zerren lanpara orrek eztaukan berez aidian egoteko indarrik: aidian badago urtietan, da soka orren indarrak beiñ bere falta baga aidian daukalako. Alan bada, n. e. m., mendijak mendi badira urtietan, gisaldijetan; itxasuak itxaso badira, gizonak gizon badira, da Jaungoikuak mendi, itxaso, edo gizon izateko indarra emoten deutzelako: Jaungoikuak unetxu batian, geldituko baleu bere indar emotia, gauza guztiak birrinduko litzatekez beriala, txarto esan dot, utzera biurtuko litzatekez.

        4. Esagutzen dozue orain, n. e. m., zenbaterañoko eskubidia daukan Jaungoikuak guri lege bat ipinteko? Esagutzen dozue Jaunak badaukala eskubidia edozeñ lege, legerik gogorrena gure gañian ipinteko? Bada eskubide onen bidez ipiñi euskun lege bat, legerik bigun, pozgarri eta gozuena, esanaz: «Maitetuko dozu gauza guztien gañian zure Jaun Egillia». O zer gauza erreza! Zer lege egoki eta bidezkua!

        Ete dago nire entzulen artian iñor zeñentzat eztan lege au bidezkua? Bada orri esango deutzat burua galdu dabela. Zuek, e. b., egiten badozue gauza bat zuen eskuakaz, eztozue esaten zuena dala gauza ori eta nai dozuena egingo dozuela gauza orregaz? Eta zuek daukazuen eskubidia zuena osuan eztan gauza bategaz, molda piskat bakarrik emon deutzazuen gauza bategaz, eztau eukiko Jaungoikuak berak, izerezetik atera eta izerezera biurtu leikian gauziagaz? Zuek al deikezuena ezingo dau Jaungoikuak? Baietz esan leike; baietz diñue zeruetako aingeruak, baietz eguzki ta izarrak, baietz lurrak, baietz itxasuak, baietz Elixako guraso guztiak, baietz gizon jakintsuak, baietz kristiñau on guztiak, baietz gure adiñ edo entendimentuak: bakar bakarrik diñue ezetz diabruak eta pekatarijak; bijak alkarturik eskergabetasunik itzalenagaz esaten dabe Jaungoikuaren gorrotuan: non serviam, niri ez deust agintzen Jaungoikuak; eztot maitetuko, eztot bere legerik beteko, non serviam. Esagutzen dozue deserrasoi andijagorik Jaungoiko Santuaren lege bigun da erresa modu onetan urratzia baño? Esagutzen dozue pekatuaren astuntasun bildurgarrija?

        5. Baña astuntasun au esagutzeko badaukaguz beste bide batzuk bere. Ikusi daiguzan aida baitian.

        Pekatu egiten dogunian galtzen dogu Batijo santuan artu genduan zeruetako jantzi ederra; eta gerora Jaungoikuak emon deuskuzan arimako apainduri ta aberastasunak. ¡Si scirent donum Dei! ¡A! balekije pekatarijak zer dan pekatuagaz galtzen daben arimako apaindurija, beti ibilliko litzatekez bere atzetik jarraika, edertasunik andijena dalako! ¡Si scirent Donum Dei! Modu bitakua da arimako grazija au. Bat da une batzuetan gure adiña argitzeko edo biotza samurtzeko Jaungoikuak bijaltzen deuskun laguntasuna; esan giñake dala Jaungoikuak arimiari egite deutzan ixil-mandatua, zeiñ baga pausu bat bakarra ezin geinkian egin zerurako bidian: bestia da Jaungoikuak arimiari emoten deutzan doe zerutar bat, pekaturik eztagon bitarte guztian ariman gelditzen dana, arima au Jaungoikuaren alaba egiñaz; doe bat añ ederra, añ aberatza, ait miragarrija eze, ezta gelditzen zeruetan bertan gauza ederragorik doe au berau eta Jaungoikua bera ezpadira. Uste badozue, n. e. m., geijegi esaten dodala, jakiñ egizue doe au dala Jaungoiko andijak daukan bere berezko izatiaren zerbait; Jaun Santuak daukan izatiaren izpi bat legez. Eta zer dago gauza edarragorik, gauza aberatzagorik, gauza miratsuagorik, ez zeruan, ez lurrian eta gutxiago infernuetan?

        Ondo esan eban bada Job Santuak gizonak esekijala zenbat balijo eban arimiaren aldetik. Nescit homo pretium ejus. Jaungoikuaren grazijan daguan gizonak daukan edertasuna jakiteko biar genduke jakin Jaungoikuaren edertasuna bera, eta Jaungoikuaren edertasuna inok ez daki zenbaterañokua dan. Zeruko grazijagaz apainduta daguan arimia añ ederra gelditzen dalako Jaungoikuak berak, maitasunez urturik esaten deutza. O zeñ ederra zaran, nere arimia, zen ederra zaran! Quam pulcra es, anima mea, quam pulcra es!

        Zer dira edertasun onen onduan gorputzeko edertasunak? Munduan ikusten dituzuen egun batzuetako edertasunak asalekuak dira, danak asalekuak eta arimakua bakarrik bene benetako eta bere berezko edertasuna. Iruditu egizue munduan danik personarik ederrena, kendu egizue azala burutik biatzetaraño (irudimenagaz bada bere) eta gero esan egidazue zertan gelditzen dan persona orren edertasuna. Zer? Esango deustazue azala kendu eskero ezin leijokela begiratu bere. Zer da bada asal piska batian dagon edertasun ori? Zer da? Eta beste aldetik norañokua da beti betiko arima Jaungoikozkuaren edertasuna? Norañokua da Jaungoikuak berak maitatzen daben edertasuna? Norañokua da edertasun au, zeñ ez galtziagaitik eremutarrak añbeste penitentzija egin zituen basamortuetan? Norañokua da edertasun au, zeñ ez galtziagaitik martiri santuak emoten eben euren bizitzia pozarren oñazerik andijenen erdijan?

        Nescit homo pretium ejus. Eztaki gizonak zenbat balijo daben arimiaren aldetik. Eztaki, batez bere, gizon pekatarijak zenbat balio daben. Pekatarijak itxutuak dagoz eta ez dabe ikusten; galdu dabe euren burua eta ez dakije zer dan gauza ona eta txarra ume batek baño geijago. Ume bati eskeintzen badeutzazue esku batian altiste edo perlarik ederrena, milloiak balijo dituan perla bat, eta beste eskuan edozer gauza (edozer zikinkeri biar bada) gozo piska bategaz estaldurik, gozua deritxon gauzia artuko dau eta ez milloiak balio dituan perla ederra. Ori berori egiten dabe pekatarijak bere: Jaungoikuak eskeintzen deutze arimako aberastasun miragarrija, diabruak gozo itxurako pekatu zikin bat, eta pekatari guztiak diabruak egiten deutzen eskeintzarijaren atzetik duaz ume ezjakiñaren gisan. ¡Si scirent Donum Dei! Balekije instante artan galtzen dabela arimako perlarik ederrena! Balekije instante atan galtzen dabela zeruan sartzeko dauken araude edo deretxua! Si scirent donum Dei! Esagutzen dozue, n. k., zorotasun andijagorik pekatarijarena baño?

        6. Eta arimako perla eder ori galtziaz batera galtzen dabe Jaungoikuaren adiskidetasuna. Gure arimia adiskidetasunaren zalia da. Gure arimia, n. e. m., gurari neurrigabekoz betia dago, eta jaijo zan eskerotik dabil espirituko gozotasunaren billa, biotzeko gozotasunaren gosian da egarrijan. Modu askotara nai izaten da bete gose-egarri au, baña batez bere adiskidetasun ta maitetasunaren bidetik, bada gizonaren gozotasunik andijenetako bat da maitetutia eta maitetua izatia. Ondo esagutzen eban Jaungoikuak berak biotzian ipiñi euskun gurari au, eta okertu ezedin, ipini euskun legetzat guk bera maitetutia gauza guztien gañian, eta erakutzi euskun bere aldetik guganako eukan maitetasun andija gure gurari gustiak ziatz beteteko. O zer mirarija ikustia guztia al daben Jaungoikua maitetuten bere eskuakaz egin eban gizon erkin ta izereza! Eta zer agergarri ederrak emon euskuzan!

        Ikusi eban gizona diabruaren mendian, eta gizona galdu ezedin jatzi zan zeruetatik lurreraño, jantzi zan lurrez gizon maitiagaz bere burua bat egitiarren; ebangelijo osasungarrija zabaldu eban munduan, au da, zeruko egija eder betikuak erakutzi eutzazan gizonari jakin eijan dotriña egijazkua ta salbau zedin; egin zituan mirari asko, batzuen malkuak legortzeko, gaisuak osatzeko, ildakuak poz ta alaitasunez beterik euren familijetara biurtzeko. Eta askenian, amodijoz zoratu balitz legez, erabagi eban gizonak diabruagaz eukan ausija beragan artu, gizonak Aita zerukuaren aurrian eukan sorra ziaro ta gejagogaz pagau, eta zeruetako atiak zabal zabalik ipinitia, gizonak daukan gozotasunezko egarrija ase zedin beiñ oso osuan. Zelan egiten dan mirari au? zelan? Gizon gaizkille bat balitz legez bere bizitzia urkamendi baten, lapur biren erdijan emonda. Cum dilexisset suos qui erant in mundo in finem dilexit eos. Zer nai dogu agergarri oberik?

        Iñor badago zuen artian, Jaungoikuak deutzan adiskidetasunaren dudarik daukanik, begiratu deijola irudimenagaz zelan daguan kurutzetik dindilizka, arantzaz koroitua, odoluztua, ilda; irakurri daizala mundu onetako kontaera edo historija guztiak, eta esan daijala gero beste olako ejenplu bat billatzen badan. Adiskidetasunaren billa zabiltzen jentiak, maitatasunaren billa zabiltzen jentiak, zer nai dozue adiskidetasun da maitetasun geijago? Mundu guztiari eskiñika bijotza eskuan darabilzuen jentiak, zergaitik eskeintzen ezteutzazue Jaungoikuari?

        Baña zer egiten dau pekatarijak ainbeste amodijoren erantzueran? Pekatarijak urratzen dau Jaungoiko santuaren adiskidetasun gozua, galtzen dau zerurako daukagun araude edo deretxua, egiten da Jaungoikuaren arerijo, billatzen dau diabru gaizkiñaren adiskidetasuna, eta esaten deutza Jaungoikuari: eztot nai zerurik, eztot nai Jaungoikorik; emen, munduan, nai dot poz artu neure gisara; diabruaren adiskidia nas; nik eta diabruak esango deutzagu batera Jaungoikuari: non serviam. Esagutzen dozue, n. e. b., eskergabetasun itzalagorik?

        7. Baña, uste dozu, pekatari errukarrija, atsegiñetan biziko zariala pekatu egiñ eskero? Atsegiñaren billa bazabiltz, alde egizu pekatutik, bada eziñ zeiñke billatu pekatuan atsegiñik. Pekatu egiñ ondorian, arimako apaindurija ta Jaungoikuaren adiskidetasuna galdu dituzuenian, or, zure biotzaren erdijan, zure konzienzijako sokuan iruntzi biar dozu biastun samiña, or euki biar dozu larritasun andi bat toki gustietara jarraituko deutzuna, Jaungoikuak bere eskuetatik betiko itxi ezpazaitu beintzat. Peccatum meum contra me est semper, autortu eban Dabid erregiak. Nai ta nai ez zuk bere izan biar dozu pekatuaren arra. Peccatum tuum contra te est semper. Alperrik ardurabagetu nai dabe pekatarijak, eztabe beiñ bere bakarrik billatuko; itxasuan eta ligorrian, errijan ta kanpuan beti eukiko dabe arimako utsune andi bat. Zergaitik? Zerren pekatarijaren bijotza bere tokitik kanpora daguan. Fecisti nos, Domine, ad te, et inquietum est cor nostrum donec requiescat in te, diño S. Agustiñek. Zuretzat egiñak gara, Jauna, eta gure biotza beti egongo da bakegabia zugandik kanpora badabill.

        Eta geroko denporetara begiratzen badau, begiratzen badau mundu onetako egunak amaitutakuan gañera jatorkon betikotasun illunera? Zeñek esan orduan pekatarijak eukiko daben estutasun larrija!

        Eta begiratu biarko dau; begiratzen ezpadau ainbat gaistuago beretzat. Jaijo garan guztiok neurtuak daukaguz gure pausuak, ondo neurtuak; gaur bagara, bijar ezkara isango: gure atzetik dabill beti jarraika pausurik pausu, egunez ta gabaz, toki guztietan, arerijo gogor bat, izertara bere kendu ezin geinkiana: erijotzia! Pekatarijaren etxian sartzen danian astirik emoten badeutza zerbait pensetako, zeintzuk izango dira pekararijaren pensamentuak! Orduan bai gogoratuko jakozala garbiro munduan erabilli dituan pausu donga guztiak! Orduan bai esagutuko dabela zeñ dongia izan zan munduko ta zeruko beste gauza guztiak gordeten eben Jaungoikuaren lege santua gorde nai ez ebanian! Orduan bai esagutuko dabela zeñ zatar da bildurgarrija gelditu zan bere arima gaisua Jaungoikuak emondako jantzi ederra galdu ebanian! Orduan bai igarriko dabela zeñ sorua izan zan galdu ebanian Jaungoikuaren adiskidetasun maitagarrija! Orduan juango jakoz begijetako lausuak, eta ikusiko ditu ondo bere eskerbagetasuna, bere Juezaren aserria eta aurrian daukan betikotasun ikaragarrizkua!

        8. O n. e. bijotzekuak! Esagutzen dozue oraiñ zer deserrasoia, zer sorakerija, zer bildurgarrija dan pekatua Jaungoikuaren legia urratzen dabelako, arimako grazija kentzen dabelako, Jaungoikuaren adiskidetasuna, biotzeko bakia ta zeruaren esperantza kentzen deuskulako?

        Bai, Jauna, esango deustazue, bai Jauna, esango dau biotz errugabekoren batek; esagutzen dogu pekatua dala gauzarik txarrena; baña pekatu asko egiten dira munduan? eztira geijago izango Jaungoikua maitetuten daben jentiak? Modu onetan berba egiten daben kristiñauak eztaki mundua zelan daguan. N. e. m., samiñ andi bategaz esaten dot, baña egija da eta esan biar dot; mundu guztia pekatuarena da. Gizonak eztauka bere biotzian Jaungoikuarentzat lekurik, bete beterik, gañezka daukalako biotza bere buruaren maitasunez. Ikuskizun negargarrija ez maitatutia Jaungoikua norbere burua bidebaga maitatutiarren! Eta zeñ zabala dan! Begiratu egizue alderdi guztietara, zer diñot?, begiratu egizu bakoitzak zuen biotzera, eta ikusiko dozue egia esaten dodala. Ojala guzurra balitz! Eztuaz urtiak alperrik: egunero, egunero, lurreko gauzak obeto esagutzen nua, eta badakit egija aundi bat esaten dodala.

        Baña ez egizuela pentsau neure barruan billatzen eztodala Jaungoikuaganako eskergabetasunik. Ah, orrela balitz! Eskergabetasun itzalak billatzen ditut neure biotzian Jaungoikuaganako, eta, nok daki! izan leiteke nik esatia gizonak eskerbagiak dirala neure eskergabetasunak ikusten ditudalako.

        9. O, n. e. biot.: Astija daukagun artian, guazen guztiok Jaungoikuagana parka eskatzera. Sortu dedilla gure biotzetan pekatuaganako gorroto andi bat, eta eskiñi daijogun gure Ama Mariari pekatuaren gorrotuagaz egiten dogun loria. Pekatuan egon bagara esan daigun danok ebanjelijoko seme galduak esan ebana: Surgam eta ibo ad patrem meum. Jagiko nas pekatutik eta juango nas neure Aitagana. Pekatarijak gara? Bera da Magdalena bati pekatuak parkatu eutzazana, Itsutuak gagoz? Bera da Jerikoko bidian itsuari argija emon eutzana. Atsegiñetako jaijo gara, baña Aitaren etxetik kanpora eztago atsegiñik, estago deskantsurik: gure bijotzak gurari andijak daukaz, baña ezin leikez ase lurrian: Zerurako jaijo gara, jaso daiguzan bijotzak lurretik zeruetaraño. Surgam et ibo ad Patrem meum. Jagi gaitezen eta guazen gure Aitagana.

        Eta gure orain arteko eskerbagetasunak bildurtzen bagaitu, badaukagu bitarteko on bat, gure Ama Maria, Amarik errukiorrena, gure deijaren zaiñ dagon Ama maitia. Refugium peccatorum ora pro nobis. Pekatarijen Ama errukiorra, erregutu egizu gugaitik. Egunero esaten deutsugu, epeltasunian bada bere, eta gaur nai deutzugu esan iñoiz baño berotasun santuaguan: Santa Marija, Jaungoikuaren Ama, erregutu egizu gu pekatarijok gaitik oraiñ eta gure erijotzako ordu larrijan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa