www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

DOLORES

 

Aizarna — 1893

 

Attendite et videte, si est dolor sicut dolor meus.
Jeremias Igarlearen eskribuetan, I buru eta 12 garren bersuan.
Gelditu zaitezte bidetan zabiltzatenak eta begiratu zazue
ete dan beste naigabe bat nere naigabea bezelakorik.

 

        N. a. m.: Emakume bat, emakume guzien artian santa ta garbiena; ama bat, ama guzietatik samur ta errukiorrena; Maria santa, lenengoa ta andiena gizonetatik jaio diran alaben artian, Jaungoikoaren ama, Zeruetako erregiña, daukagu negarrez gure aurrian, esaten digula: «Kristauak, gelditu zaitezte apur batean, eta begiratu zazue ete dan mundu guzian beste naigabe bat nere naigabea bezelakorik».

        N. a. Samintasun ta naigabeak berez du misteriozko aparteko indar bat biotzik gogorrena biguntzeko, gizonik otzena samurtzeko, bururik arroena makurtzeko. Desgrazi ta naigabearen ondoan eztago biotz gogorrik, eztago gizon otzik, eztago buru arrorik, eztago etsairik ere. Eta zenbat urreagokoa dan desgrazia, ainbat andiagoa da samiña, zenbat andiagoa dan naigabea, ainbat geiagokoa besteen ariman sortzen duan errukia. Eta Manaren zorigaitza ezin leiteke izan urreragokoa, ezin leite izan andiagoa.

        Kristauak, edozein desgraziaren aurrean samurtzen zeraten kristauak, ara emen gauzarik negargarriena; oroitu zaitezte zuen bizitza guzian ikusi dituzuen desgraziarik andienekin, zuen bizitza guzian irakurri dituzuen naigaberik mingarrienekin; zuen seme bat, alaba bat, senarra edo emastea galtzean senti zenduen samiñarekin, eta jakin zazue gero ikusi dituzuen, irakurri dituzuen eta sentitu dituzuen naigabeak eztirala ezertxo ere Ama santa onenarekin berdintzeko.

        Zabal ta gazia da itxasoa; beltza ta bildurgarria zerua ekaitz denborako gaberdian aize indartsuaren soñu triste eta trumoi gogorraren burrunbaden artean, ordu larria da eriotzako ordua; baña, ama onen gazitasunaren aldemenean ezta gazia itxasoa, ezta illuna ekaitz denporako gaba, ezta larria eriotzako ordua bera.

        Attendite, jarri zazue zuen entendimentu eta borondatearen indar guzia gaur goizeko konsiderazio onetan, et videte eta ikusi zazue ongi ama onen samin neurrigabea eta esango dezue gero badago naigaberikan ama onen naigabea bezelakorik, si est dolor sicut dolor meus.

        Daukat asmoa, n. a., agertzeko zuen aurrean Maria Santaren naigabea izan zala munduko gizonen artean izan diran naigabeak baño ezin esan ala askozaz andiagoa. Onetarako esaguturik amodiua dala Ama onen naigabien iturria, erakutziko det 1.º Mariak Jesusi zion amodio garbi ta sutsua, 2.en Mariak gizonentzako zeukan maitasun egiazkoa.

        O ama doekabe ta errukarria! Eman zadazu nik sentitzea zure samintasunaren apur bat, zer diot apur bat! eman zadazu nik sakontzea zure biotzaren erdiraño, esaguturik zure naigabea negar egin daidan zurekin batera; erakutzi daidan, nolabait bada ere, zure altara inguratzen duen Aizarnatar aditzalle maiteen artean zuri zor dizuen maitasuna eta zuri zor dizuen errukia. Mesede au eskatzen dizut nere biotz guztiarekin esanaz, geiago mugitzeko Aingeruak esan zizun salbea. Abe Maria.

        Attendite etc

        Arreta piska batekin begiratzen badegu maitasunaren asiera, ikusiko degu dala, batzuetan, sentierarik bigun ta gozoenen iturria, eta beste batzuetan gazitasunik andienen itxasoa.

        Eta egiaz, zer da maitasun benetakoaren eginkizuna? Maitasun benetakoaren eginkizuna da arima birekin bat egitea lokarri ondo estutuen bitartez bezela: borondate birekin bat egitea.— Esagutzen dituzue egiaz maite diran persona bi? bada ikusiko dezue egia dan edo ez nere esana: begiratu zaiozue ondo eta esagutuko dezue laster batareri naigabe ta estusasunak, estutasunak eta naigabeak dirala bestearentzat; bataren pozgarri ta alaitasunak, alaitasun ta pozgarriak dirala bestearentzat ere. Orrela da egiazko maitasunaren izatea.

        Eta orrela zan Maria Santak Jesusentzat gordetzen zuan maitasuna. Baña ez munduko maitasun naskagarrien gisan, ezpada ze garbia, zerutarra, Jaungoikozkoa. Onelako maitasun santu, garbi ta sutsuarekin, zeru ederraren goien goienean jartzen diran Aingeruena baño askozaz garbiagoa eta sutsuagorekin bete betea eta gañezka zegoan Mariaren biotza. Bai, a., Mariak maitatzen zuan Jesus eta maitatzen zituan gizonak ere: maitatzen zuan Jesus, ez bakarrik bere erraietako semea zalako, baita ere geiago bere Jaun eta Jaungoikoa zalako: maitatzen zituan gizonak, ez bakarrik bere anaiak ziralako, baita ere geiago ziralako bere seme Jesusek kurutzearen oñetan eman ziozkan semeak.

        Gauza abek onela izan eskero, begira dezagun, zer sentimentuak izango zituan Mariaren biotzak pentsatsean Jesus maite maitearen umillera ta eraman biar negargarriak eta gizon maite maiteen eskergabetasun eta galdumendiko bideak. Sartu gaitezen, al badegu, samintasun neurrigabe onetako itxasoan.

        Esaten da, eta egia da, eztagola jaiotakoen artean maitasun bat, amak semiai dien maitasuna bezelakorik. Ama on batek, nola begiratzen du bere semeen osasun ta ondo izateagatik! Zer oarpilla ta nekeak geroko semeen ona billatzeagatik! Eta, seme bakarra bada, eta semea berez bada maitagarria, nork esan seme onentzat amak dituan amodio ta samurtasunak? Eta, zer pena ama onena bere semearen zorigaitzetan! Eztezue ikusi ama bat bere seme bakarra ia illian dagon oiaren aurrean? O! Nola sentitzen ditu bere erraien erdi erdian semiaren miñak! Nola zaintzen ditu bere borondatea, bere mugimenturik txikienak! Nola daguan dindilizka berak esango dituan itzetatik! Nola eztutzen duan bere biotzaren kontra bere espiritu, bizitza ta indarra eman nai balio bezela indar espiritu ta bizitza galtzen dijoan semeari!

        Baña zer dauke zer ikusirik amarik maitetsuenen amodio guziak bat eginda Mariak Jesusi zion maitasunarekin? Berak ikusi zuan bere seme Jesus, mirariz sortua mirariz jaiotzen, aingeru zerutarren soñurik gozoenen artean; berak ikusi zuan adoratzen zuela artzaiak eta erregeak esaguturik munduko Salbatzalletzat; berak ikusi zuan asten bere aldamenean jakintsu eder ta zoragarria; berak ikusi zuan, oraindik amabi urte zituala, gizonik jakintsuenak mututurik utzitzen bere jakituri Jaungoikozkoarekin; eta gerora doktriñarik eder ta santuena predikatzen, milla mirari izugarriak egiten zituala askoren malkuak legortzeko eta erriak eramaten zuela triunfalaria hosanna! deiezka. Zenbat geiago eta geiago pistuko zan oraindik bere Ama Mariak Jesusi zion egiazko ezin esan dan besterañoko maitasuna!

        Eta oraiñ pentsatu zazue galdera au: maitasunaren berdiñean bada samiña, norañoko naigabeak izango etzituan Mariak bere seme laztanaren naigabeakin? Begiratu bat eman daiogun aida batean Jesusen bizitzari. Lenengo samintasuna sentitu zuan Mariak bere biotzaren erdian, Simeon santuak agertu ziozkanean Jesusen gañera etorri bear ziran gizon gaiztoen ta infernutarren persekuzio ta amorruak, O, n. aditzalleak! Nork pensatu leike agerkera onek Mariaren biotzean ein zuan eritasuna? Jaungoikoak egiten diguzan mesedeetatik andiyenetako bat da ez agertzea igaroko diran gertaera negargarri asko. Gure artean Jaungoikoak daki zenbat gauza errukarri, zenbat desgrazia izango diran: ilko zakuz gurasoak, anaiak, aideak; izango dira milla deskalabru gure familietan; baña eztakigu nola, nun ta noiz, eta eztakigun artean beintzat pozik, paketsu eta zorioneko bizi gera. Aditu zazue kristauak, batez ere zuek guraso zeratenok: esango balizuteke orain Jaungoikoak, zuen seme edo alaba maiteena ilko duela biar edo etzi eta ilko duela urkamendi batean, nolako larritasun ta naigabea sentituko zenduteke? Bada ori berori agertu bazion Simeonek Jerusalengo Tenploan Maria Santari, agertu bazion zuen guzioen maitasuna bat eginda, baño askozas amodio geiagorekin maite zuan seme bakarra, milla barre ta burla egin da gero ilko zinela gaizkille baten gisan lapur biren erdian, nork esan, nork entenditu ama onen samiñ ta naigabea?

        Beste samintasun andi bat sentitu zuan Mariak, Herodesen biatzetatik bere semea libratzeko iges egin zuanean Egiptora zeruko mandatariak Joseri agindu zion moduan; eta andia zan samintasun au ere, oroitzen ziolako Simeon Santuaren esana, eta erakusten ziolako añ laster asten zirala gizon gaizto ta inpernutarrak bere seme laztan kutunaren kontra. Gero izan zuan beste naigabe andi bat Jerusalengo Tenploan galduta iru egun oso osoan ibilli zanean, penaz ta naigabez ia txoraturik, bere semearen billa, galdezka alderdi guzietan iñork ikusi ote zuan bere arimak maite zuan laztana. Azkenez, urratu zan Mariaren biotz samurra oso-osoan, Kalbario mendiko bidean bere semea billatu zuanean, eta mendi tontor artan jaso zan arbola santuaren azpian ikusi zituanian bere semeari egin ziozkaten injuria edo iraintasunak, eta bere semearen eriotza. Eta emen egin bear degu atseden bat. Eztaukat aurrera pasatzeko asmorikan.

        Mariak, martiri guzien erregiña onek, askenengo tontorreraño nai izan zituan iruntzi samintasunezko beastunak. Urkamendian iltzen diranen gurasoak ez bakarrik eztira juaten semea iltzen duen tokira, ezpada ze iges egiten due erritik ere, eldu eztedin beuren belarrietara tanbor otsik, jentien zarata edo il kanpaien durundirik. Baña etzan Maria beste emakumiak bezelako emakumea. Sartzen da bildurgabea jente aldra ta borreru guzien artetik bere semea ikustera; jarraitzen dio bere semearen odol tanto preskoak erakusten diuen bideari; ikusten du nola kentzen diuen Jesusi bere jantzia berriztatzen zaizkola eriotasun bildurgarriak; ikusten du nola borreru gogor aiek josten dituen kurutzian, zeruak eta lurra egin zituen eskuak eta mesediak egiteko baizik mugitu etziran oñak; ikusten du jasotzen duela kurutzean eta andikan diola semeak: sitio, egarri izugarria daukat, nai luke orduan urtu bere biotza Jesusen egarria kentzeko, baña ezin leike; ikusten du bere semeak eztaukala agonian nun deskantzatu arantzaz josirik daukan burua...

        O zuek, ama izan zaretenok, dakizuenok zer dan galtzea zuen erraietan sortu zenduen semea, zuen bularrian ainbeste bidar estutu zenduen semea, zuen magalian irribarrez ainbeste bidar euki zenduen semea, zuen poz ta atsegiña zan semea, esan zadazue ama onen pena ikusirikan semerik ederrena, semerik maiteena larru gorrian, lapurren gisara iltzen dagola etsai gaiztoz inguraturikan? Maitatzen zuan Mariak Jesus, Anak Tobias, Bethsabek Salomon eta Rakelek Benjamin baño geiago, ama guztiak beuren seme danak baño geiago. Zer pena izango zan bada ama onena bere semea modu artan iltzen ikusi zuanean? Dabiden arpa ezta naikua pena au esateko, eta nola, zuek, emakumiak esango dirazue?

 

* * *

 

        Eta oraindik, n. a., Mariak dauka beste amodio bat amatasunarena baño andiagoa: Da Jaungoikotasunarentzat daukana. Bere begiak, goialdietan jira-biraka dabillen arranoaren gisan, beti zeuden begira Justiziako Eguski-Jaungoiko santuari, eta ikusten zituan Jaunaren onizate ta Espirituko aberastasun miragarriak; añ modutan eze bizi izan zan artean euki zituan zeregiñetan etzuan bein ere galdu bere maitasunezko Jaungoikoagana begiratzea. Bada onela eri ta erretzen bazegoan beti Jaungoikoaren maitasunean, zergatik izango ziran Mariaren biotz santuko suspirioak, ezpada nai zualako jaiotako jente guziak erretzea amodio santu onetan? O, Jauna! Zer samiña, zer estutasun ilkorra izango zan arima bedeinkatu onena, ikusi zuanean gizon eskergabeak añ gaisto tratatzen zuela bere maite maitea, gizonak salbatzera etorri zan Jaungoikoa. O Samintasunaren ama! Zer sentitzen zenduan ikusi zenduanean, pentsamentuko begiakin, lotuta eta azoteak artzen Zeruetako eta lurreko jabea, errege guzien guraso ta aita? Zer pasatzen zan zure biotzean ikusirik txorotzat artzen zuela jakituria guzien iturria, ikusirik zulatuta eskurik altsu, babil ta indartsuenak zeruak eta lurra egin zituen eskuak, eta borreruen ostikopean odol santu ura, zeñen tanto bat naikua zan milla mundu salbatzeko?

        Ah! Zeruak eta lurrak ikaratzen dira sekula ikusi eztan eta ikusiko eztan oben onen aurrian; negarrez daude zeruetako aingeruak, dardara egiten due munduaren zimenduak, illuntzen da eguzkia eta infernua bera bildurtzen da. Eta Mariak esagutzen basuan iñork baño obeto iltzen zanaren diñadia, eta maite basuan aingeruak guziak eta gizon danak baño geiago, nolakua eta zan bere naigabea?

        Bat egin daiguzan oraiñ Jaungoikoaren amaren naigabea eta Jaungoikoaen alabarik maiteenaren naigabea, eta esan geinke S. Anselmorekin martiri santu guzien penak eztirala penak Mariaren naigabien aurrian, esan giñaike S. Bernardorekin, mirari bat dala mirari andia Maria ez iltzea penas bere semea iltzen kurutzearen oñean.

 

* * *

 

        Begiratu degu nolabait bada ere Mariaren pena Jesusi zion amodiuagatik: begiratu dezagun orain Mariaren naigabea gizonari zien amodiuagatik.

        Jaungoikoari biar diogun maitasuna dago bat egiñik projimoari sor diogun maitasunarekin, añ modutan ze esan giñaikeala Jaungoikoa maitatzen eztuanak eztuala maitatzen projimoa, eta projimoa maitatzen eztuanak eztuala maitatzen Jaungoikoa bear bezela. Izan da iñor ez zeruan ez lurrean Jaungoikoa maitatu duanik Mariak maitatu duan bezela? Ez. Bada orduan ezta ere izan jaiotakoen artian Mariak bezela projimoa maitatu duanikan.

        Eta egiaz ainbesteraño eldu zan Mariagan gizonarentzat izan zuan maitasuna eze, Aita Zerukoaren irudira, eskeñi zuan Mariak bere erraietako semearen eriotza munduaren salbaziorako borondate guziarekin. Eta izanik ainbesterañokoa Mariaren maitasuna gizonentzako, zeñ errukituko zan gizonen miseriekin Maria bezela? Ara bada emen beste arrazoia Mariaren naigabea geitzeko oraindik.

        Gizonen doakabe edo miseriak entenditzeko bear ditugu sakondu Jesus kurutzetik dindilizka daguanaren biotzeko naigabeak. Ez, eztira bere gorputzean sentitzen dituan miñak, borreruen gogortadeagatik, geien Jesus samintzen duenak dira ainbeste arima kondenatuko diranak bere odolarekin aprobetxatu gabe. Jesusi oroitza edo memorian gogoratzen zaizka ainbeste mesede sorterriari egiñak, ainbeste ondasun arimarako emanak, ainbeste amodio, mesede, ondasun ta amodio kurutzeko eriotza ematen diuenak; bere adiñ edo entendimentuan esagutzen du alperrik dala askorentzat pekatua kentzeko iltzia, zergatik pekatuak jarraituko duan eta infernuko atiak eztiran itxiko; bere Aita zerukoa ofendituko duela pekatariak berriz ere, infernuak iruntziko dituala ezin kontatu ala anima. Bere borondatiak sentitzen du honorea galtzen zaiola lapur ta gaizkilleen eriotza artzean, eta baldin norbaitzuk sinistatuko duelako berak, Jesus santuak, merezi izango zuala eriotza. Sufritzen du apostoluakgatik, Judasen anima galtzen dalako, Jerusalengatik eta judeuakgatikan, bada itxutasun aundian erori bear duen, sufritzen du gizon guziak gatik.

        Mariak berriz Jesusen animako sufrimentuak ondo dakizki, bada semearen pensamentuak argiro irakurtzen ditu. Ondo daki mundu zabalean izango dirala gero ere gizon fedegabetuak, biziko diranak oso zereginduta lurreko gauzetan beti lurrean bizi bear baluteke bezela, beuren animen kontu gabe. Badaki gisaldi luzeen egunetan ostuko dirala gizonak fedean; badaki edozein zorigaitzen aurrean errukitzen diranak eztirala errukituko Jesusekiñ ta Mariarekiñ. Nork esan bada ama onen samiñak? Zabal ta gazia da itxasoa; beltza ta bildurgarria zerua ekaitza dan gaberdian; ordu larria da eriotzako ordua; baña onen gazitasunen onduan ezta gazia itxasoa; ezta illuna ekaitz denporako gaba, ezta larria eriotzako ordua bera. O Maria santa! Aita Betikoak bakar bakarrik dakizki zure biotzean dabiltzazen olatu ikaragarriak.

 

* * *

 

        Baña eztet nai geiago luzatu, ta itz bitan esatera nua gaurko sermoi onen mamia. Mariaren maitasuna da bere pena guzien iturria. Alde batetik maitatzen zuan Jesus bere seme laztana zalako, semerik eder, jakintsu ta maitagarriena. Maitatzen du gañera Jesus maitasunik santuenarekin, zalako Jesus Jaun ta Egille on maitagarria. Eta Mariak bere begien aurrian dauka Jesus urkamendian ilda lapur biren erdian. Beste aldetik Mariak maitatzen du gizona bere anaia bezela eta gañera Jesusek eman diolako semetzat. Eta, O eskergabetasun lotsagarria! gizon au da Jesus Jaungoikoaren borrerua.

        Alde bi abetatik ainbesteraño sufritzen du Mariak eze dio S. Bernardiko Senakoak: Mariaren naigabea zatituko balitz munduko jente guzien artean denak ilko lirakela miñaren miñez. Ondo esan det ba... ias... Attendite et videte... naigabe bat Mariaren bezelakorik.

        Eta naigabe onen aurrean, ikusirikan guri zigun amodiuagatik dala, nor errukituko ezta biotzikan badauka beintzat?... Baña ezta naikua errukitzea, eztira Mariaren samiñak amaituko errukiarren bakarrik: amaituko dira Mariaren samiñak ikusten duanean, guk, bere semeak, eramaten degula bere irudira Jaungoikoak bakoitzari ematen digun kurutzea; ikusten duanean maitatzen degula Jesus, bere irudira; eta maitatzen degulako apartatzen gerala Jesusi sentimentua ematen diuen gauzetatik. Itz batean, amaituko dira Mariaren penak, apartatzen geranean pekatutik, bada pekatua da berriz Jesus kurutzean josiko lukeana: Onela gure errukia izango da frutuduna, onela legortuko ditugu Mariaren malkoak, zergatik orduan izango da errukia Maria eta Jesusentzat euki biar ditugun maitasunaren iturrikoa.

        Ea bada ama, maitasunezko eta errukisko gure ama, zugana gatoz konfianzaz beterik zure semeak, eman daiguzun maitasun ori, errukiaren eta santutasunaren asiera. Argalak gera ta ezerezak zeruko laguntasun gabe, lagundu zaiguzu zeruan daukazun aginpide orrekin. O, gure eriotzako ordu larri artan, zure seme Jesusen irudi santua gure eskuetan ezin eukirik, iñork gure españetan ipintzen digun orduan, naiko degu, ama maitea! zure seme Jesusen eta zure laguntasuna, eta orretarako orain guk laguntzen dizugu zure naigabean. Ama, ama maitea, damutasunez negar egin daigula orain danok zurekin batera, gero poztu gaitezen betikotasun amai gabean. Ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa