www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN JOSÉ

 

Aizarna 1895
Cestona 1896

 

Vir fidelis multo laudabitur, et qui custos est Dómini sui glorificabitur.
(Gizon leiala oso bedeinkatua izango da
eta Jaungoikuaren aurrian dabillena gloriaz betea.
Proberbios deritzaion liburuan
28 garren irakurburu ta 27 garren bersotik.)

 

        N. a. m.: Gaurgo ebangelio santuak dion bezela, leñargitasun edo nobleza birekiñ apaindua agertzen da Jose santua: bere sañetan zaraman erregien odolarekiñ alde batetik, ta bestetik bere birtuteak ematen zioten nobletasunarekiñ. Birtutearen nobletasunarekiñ, justua zalako, S. Mateok esaten duan bezela: Joseph autem cum esset justus: odolak ematen dion nobletasunarekiñ Dabiden jatorrikua zalako, aingeruak deitu zioten bezela, Joseph Filius David.

        Nobletasun biak dira gauza onak; baña, zeñ da obea, n. a.? Eztago zer esanik: lenengo mallan jarri biar degu birtutiaren nobletasuna, bigarrengoan odol garbiarena. Askozaz geiago balio duana da birtutiarena, zergatik bera dan betikoa, eta odolarena kristau eztiran jentiak ere badue. Egia au mundu guztiak dakian gauza da; bañan egiak astu egiten dira, eta astukorrak diran jentientzat ondo etorri oi da gogorazio berri bat, bada egia, zuzen bidetik ibiltzeko, gauza bearra da.

        Eta nola dan Eleiza egiaren gordelaria eta egiaren erakustzalleak eleiz gizon Jaunaren ministroak, ara ni emen egi eder ori gogoratzeko asmoetan.

        Eztitut indartuko nere arrazoiak Eleizaren gurasoak erakusten dituen esakerakiñ. S. Jeronimo batek dio: Summa apud Deum nobilitas est clarum esse virtutibus. Jaungoikoaren aurrian noblezarik andiena dala birtuteakiñ andia izatea. S. Gregorio Nazianzokoak esaten digu: Nobilitas bera est divinae imaginis conservatio atque archetipi imitatio: nobletasun egiazkoa dala Jaungoikoaren irudia gure biotzean garbiro gordetzea da Jaunaren birtuteak imitatzea.

        Baña gaur, Eleiz gurasoen esanak alde batera utzirik beste bide batetik erakutzi nai nuke egia au bera.

        Pensatzen nagon gauza da, egokia ete dan nik aukeratu dedan gaia, eta ezteitzot desegoki; bada denok dakigun gauza da famili nobletik jaioak diranak, odol garbikoak diranak beren burua besteak baño zerbait geiagotzat euki oi izaten duela, eta nola euskaldunok odol garbikoak geran eta arrosko samarrak gure odol garbiarekiñ; nola gu ere agindu naikoak ta aberastasun zaleak geran, ni natorkizue gaur agertzera, San Jose-ren ejenpluarekin, «gizon odol garbikoa, agintaria ta aberatza baño askozaz andiagoa dala gizon birtutetsu ta ona».

        Ez nuke nai iñori miñik eman nere esanakiñ ta euskaldunai gutxiago: eztet nik oraindik igo pulpito santura iñori miñ emateko asmoetan, Jaungoikoari eskerrak; baño bai igotzen naiz beti egiak mundu guziari esateko asmoetan, nere obligaziua dan bezela; iñork miñik artzen badu, bada, eztiot nik miñik emango; egiak emango dio miñ. Nik nai dedan gauza da gu denok salbatzea, eta badakit ondotxo «ni odol garbikoa naiz», «ni euskalduna naiz» esanda bakarrik iñor eztala salbatuko, eta badakit birtutetsuak izanda denok salbatuko gerala.

        Esan det itsaldiaren gaia. Gai onen gañean bear dan bezela itz egiteko nai nuke Espiritu Santu Jaunaren grazia, zeñ eskatuko degun Maria santaren bitartez, esanaz Ama bedeinkatu oni Abe Maria bana.

        Texto, etc.

        N. a. m.: Iñork ezingo du ukatu jatorri anditik datozenak beti izaten dirala askatuagoak, lasaiagoak, bildur gutxiagokoak gizonen artian. Eta ezta onetarako oso bearra gizon andia izatea: naikoa da besteak baño zerbait geiago izatea, baserri obe edo etxejauntzako semea izatea. Ikusiko dituzue onelako gizon ta mutillak toki guzietan aurrenengo eta txikitxoai goitik bera begiraka, berak gauza guztien jaun ta jabe balira bezela. Menturaz, zuek, n. a., egon zerate onelako gizonen baten inbiriz, oroitu gabe zuek ere izan zeitezkeala gizon oiek baño askozaz askatuagoak ta andiagoak birtutetsuak izanda bakarrik, bada birtutearen soñeko apainduarekiñ jantzita dagonak eztu bildurrik ta lotsarik iñoren aurrian: konzienziako ar gabe ta kopeta garbiarekiñ agertzen da, txikien aurrian umill, bere gisakoen aurrian umill ta gizon andien aurrean umill; baña umilltasun onekiñ menderatzen dituala gizonik arroenak. Gizon birtutetsua Jaunaren graziarekiñ jantzia dago beti ta beñere ezta izango bentzutua. Izan leiteke iñoiz sufritu bearrean, ori bai, baña bere biotzaren erdi erdian ikusten du beti esperantza santuaren argi gozoa, eta argi onekiñ indarturik, badijoa betiko zorioneko bidetik aurrera, beti zeruruntz begira munduaren ta munduko gizon gaiztoen ajola gabe ta Jaungoiko Santuaren bildurrean.

        Ara zer gertatu zitzaion Jose Santuari: Jose santua, Jose ona, Jose justua, odol garbiko gizona zan, Israelgo erregerik andienen jatorrikoa, baño etzuan iñon ere erakutzi bere jatorri noblea ta bizi zan oso eskutuan, asturik ta pobrea, iñon ere bururik agertzen eztuala, gizon langille bat egiñik, beste edozeñ langille bezela, gizonen ajola gabe ta Jaungoiko Santuaren bildurrean.

        Bitartean Maria Santa, Maria garbi ta umilla etorri zan estadu artzeko sasoira, eta Jerusalen Eleiz gizon naguzienak eman zuan ordena deitzeko Dabiden odoletik zetozen gizaseme guztiai Mariaren senar izan nai bazuen jakiteko, Israelgo legeak agintzen zuan bezela. Eta nola Mariaren edertasuna eta birtuteak izen andikoak ziran Israelen ordurako, ara nun agertzen diran Dabiden ondorengo principe asko gasteak, ederrak ta aberatsak Mariaren eskuaren billa. Eleiz gizon nagusiak esaten die, Jaunaren aginduz, almendra arbolaren makilla igar bat ekarri bear duela ta makilla aietatik ezetu ta loratuko dala bat, zeñen jabea izango dan Maria Santaren senartzat aukeratua. Ekartzen ditue makillak, jartzen ditue tabernakulo santuan, ta bitartean prinzipe gaste aiek, an daude amesetan, pensatzen zuala bakoitzak berea izango zala Maria, bada bakoitzak bere burua uste zuten gauzarik andiena zala; baña irikitzen da tabernakuloko atia, ateratzen dira makillak eta, agur amesak! makilla guziak igarrak zeuden. A! Jerusalengo tenploan batu ziran prinzipe guziak arruak ziran ta panparroiak, odol garbikoak ziran denak noskiro baña etziran biotz garbikuak ta Jaungoikoak umilltzen ditu erri guztien aurrian.

        Zeñ falta da? galdetzen due sazerdoteak. Zen? Iñortxo ere ez, Jose arotz pobrea ezpada. Bada datorrela Jose: ematen da ordena berri bat esanaz iñortxo ere ez dedilla gelditu etorri gabe: badator Jose legea kunplitzeagatik, badator Jose bere makillatxoarekiñ, oso umildurik eta erdi lotsatua; pensatzen du eztala bera diña prinzipe eder aberatzen ondoan Mariaren eskua eskatzeko: sartzen dira berriz makilla guziak tabernakuloan ta ateratzen diranean, o zer eraspea! ikusten da Joseren makilla datorrela ezea ta lora txuri ederrez apaindua, ta beste guzien makillak igarrak len bezela. A! bai, Joseren anima umilla zegoan Jaunaren aurrean ezea, bizia ta loratsua; ta menturaz bestien anima guziak igarrak eta illak beren panparroitasunean. Jose, gizonik umillena, gizonik garbiena ta santuena aukeratu zuan Jaungoikoak emakumerik umillena, garbiena ta santuena zanaren senartzat; eta aukeratu zuan batez ere bere birtuteak gatik.

        Esagutzen dezue oraiñ birtuteak geiago balio duala Jaunaren aurrean odol garbiak ta nobletasunak baño?

        2. Alaz guziaz ere, esango dirazue, mundu onetan ikusten degun gauza da etxe andietako jenteak izaten dirala onoretuak, eta onoreak ta ongietorriak guztioi gustatzen zaizku. Zuen esate oni erantzun biar diot iru modutan: Lenengo: gizon andi ta asko ikasi duenak ta agintari diranak merezi duela beti errespetoa, Jose santuak berak bere ejenpluarekin erakusten digun bezela; bada errespetorik andienarekiñ begiratzen zuan legea, errespetorik andienarekiñ eleizgizona ta errespetorik andienarekiñ begiratzen zien Mariaren esku billa juan ziran prinzipeai, bera baño andiagotzat esaguturik.

        Bigarren erantzun biar det onorea ta ongietorria gustagarriak badira ere, eztegula ibilli bear beren atzetik gauzarik onenak balira bezela, bada laster galtzen dan gauza da munduan onorea: egin bear deguna da, Jaunaren borondatearekin erakidaro edo konforme egon, ta artu datorrena datorren bezela, onorea badator onorea, Josek egin zuan bezela; baño ez geiegi arrotu onore orrekiñ.

        Irugarren erantzun biar det onorerik ta nobletasunik andiena dala birtutetsua izatea, ez bakarrik zeruetako koroi ederra jasten duelako birtutetsuak, baita ere mundu onetan aientzat diralako azkenean onrarik andienak. Zeñek dauzka Santuak baño onore geiago munduan bertan? Erregiak? Gerralari abillak? Gizon jakintsuak? Iñork ere ez: Santuak daude lenengo mallan. Egia da, gizon andien izenak aotan erabiltzen dira, ta eskribitzen dira beren izenak liburuetan; baña astutzen dira laster, zergatik gizonen aotan erabiltzen dira ta munduko liburuetan izkribatzen dira izen oiek, ta munduko gizon, liburu ta gauza guztiak, laster bukatzen diran gauzak dira; baña Santuen oroimena ezta bukatzen beñere, zergatik zeru goietako liburu betikoetan urregorrian izkribatua dagon beren izena. Orregatik urteoro oroitzen zatzue santuen izena ta bizitza, orregatik nator ni S. Jose-ren izena gogoratzera, ta ni illtzen naizanian ere, etorriko da pulpitu onetara beste egunetako sazerdotea San Jose-ren alabantzak esatera.

        Bai, n. k., mundua andiki zalea da ta birtutearen ta umilltasunaren etsaia; baño munduak berak esagutu bear izaten du birtutearen anditasuna; munduak berak onoretutzen du gizon birtutetsua. Eta au ezta gaurko gauza. Antziñako denboretan Faraon errege arrokeriz beteak onoretu zuan presondegian zegoan Jose ebreotarra; Asuero erregeak jaso zuan bere jauregian tokirik andiena emateraño Mardokeo pobrea; ta Babiloniako erregeak Daniel igarle justua. Eta geroagoko denboretan, Inglaterra, Franzia, Españia ta beste nazioetako erregien aurrian izan dira errespetorik andienarekiñ artuak pralle pobretxo asko, egia mingarriak esatera juaten ziranian ere. Gaur bertan esagutzen ditut konde, markes ta dukeak, esaten duanak arrotasun andian: «onelako santu edo santa gure aidea zan». Zergatik ori? Zergatik esagutzen duen nobletasunik andiena santua izatea dala.

        3. Baño guazen berriz Josegana. Mundu onetan ikusten ditugu gizon asko, txikiak diran bitartean, eskutuan ta esagutu gabeak dauden bitartean umill ta txintxo bizi diranak; baño gero, beren onkai edo merezimendua esaguturik, illunetik argira ateratzen baditue, pustutzen dira, arrotzen dira, eta askotan gizonik panparroienak izaten dira. Onela ote zan Jose Santua? Arrotu ote zan Jose, Jaungoikoak beste gizon guzien artean bera aukeratu zualako Jaunaren famili santuaren zaintzalletzat? A, ez! Josegatik esan genezake Eleizak beste santu batzuekgatik esaten duana: Fidelis servus et prudens quem constituit Deus super familiam suam. Jose zan serbitzari leial ta zintzotasunez betea, gizon bat Jaungoikoak bere familiaren gañean jarri zuana. Fidelis, au da, leiala beti: etzan batere pustu Jaungoikoak agintza andia eman ziolako; etzuan pensatu jatorri andikoa zalako eman ziola; bazekian andi ta txikiak berdiñak zirala Jaungoikuarentzat; etzan beñere arrotu Jaun Egillearen aurrian, fidelis, leial gelditu zan. Eta ez bakarrik leial: San Jose, bere eskubide guziakiñ, umill ta serbitzari gelditu zan, fidelis servus; ta ez bakarrik Jaungoikoaren aurrean, baita ere bere famili santuaren aurrean, añ modutan eze etxade ejenplagarri artan etzan esagutzen zeiñ zan agintzalle ta zeiñ serbitzari: Maria ta Jesus Joseren mendean zeuden ta Joseri obedezitzen zioten, ta Jose Jesus ta Manaren serbitzaria zan.

        A, n. k.! Zer ejenplua gure famili ta errietarako! Zer ejenplu osasungarri ta ederra! A munduko agintariak ikasiko baluteke Jose Santuaren aginte bigun ta gozoa! Zenbat obeto berentzat, zenbat obeto errientzat, zenbat obeto mundurako, zenbat obeto Jaunaren aurrerako!

        Eta etzan Jose Santua serbitzari leiala bakarrik izan, baita ere egokitasunez ta zintzotasunez apaindua. Ara emen; nere iritziz, gaur munduan geien falta dan birtutea. Esagutzen ditut gizon asko beren lanetarako naikua argi ta esagupide duenak; baita ere esagutzen ditut borondate oneko jenteak; bañan beti erara, egokitasunean, modu onian, zintzotasunean jokatzen duenik, gutxi, oso gutxi esagutzen ditut, eta prudenziak falta andiak egiten ditu munduan.

        San Josek bazuan birtute eder au ere ta orregatik jaso zuan Jaungoikoak munduan bere familiaren zaintzalle izateraño, constituit eum Dominus super familiam suam; ta orregatitik ipiñi du Eleizak bere Patroi ta zuzendaritzat. Eta an dago San Jose quasi cólumen ecclesiae, an dago bere Seme maite Jesusen aldamenean jarririk, gozotasunik andienen erdian, Jesusen aotik aditzen duala: Pete, Pater, eskatu zazu nere lurreko Aitordea, eskatu zazu eta etzatzu ezer ere faltatuko. Zer nai dezue nobletasun andiagorik bere birtuteakgatik Jose santuak atxitu duan eskubide ta onore ori baño?

        4. Baña egon leiteke zuen artean norbait bere barruan esaten duana: Neri eztit ajola leñargia, odol garbikoa izan edo ez; eztit ajola agintari izan edo mendeko izan; eztit ajola gizon andien artean bizi edo ez; nik nai det aberatsa izatea, ori bai, aberatza, bada aberastasuna da noblea, aberastasuna agintaria, aberastasuna danen nagusi, gizon aberatza ezta iñoren bildur. Zer, aberastasunagatik itz egiten dezu orrela, n. k.? Arimakoak gatik ala munduko diruak gatik? Mundukoak gatik diozu? Aseko ete ziñake, nere gizontxua edo nere emakumea, munduko aberastasun guziekin ere? Baietz diozu? Bada nik ikusten dedana da iñortxo ere eztala asetzen: Ogei dauzkanak berrogei nai ditu, berrogei dauzkanak eun edo milla, milla dauzkanak milloiak ta milloiak dauzkenak aberastasunen egarrian bizi dira batere eztaukenak bezela. Nik dakidana da, munduan izandanik gizonik aberatzenak ta jakintzuenak bere aberastasunen erdian esaten zigula: vanitas vanitatum et omnia vanitas: munduko ondasun guzia da aizea, kereiza ta utza. Nik dakidana da munduko aberastasun guziak emen utzi bear dirala eriotzako orduan. Nik dakidana da Tobias Patriarka zarrak esaten ziola bere semeari: Noli timere, fui mi: pauperem vitam gerimus, sed multa habebimus si timuerimus Deum. Ez bildurtu, nere semea: bizitza pobrea daukagu, baña ondasun andiak izango ditugu Jaunaren bildurrekoak bagera, birtutetsuak bagera. Nik dakidana da Jesus, zeru ta lurraren jabea pobre bizi izan zala lurrean, Maria, zeruetako erregiña pobrea zala ta pobrea, txit pobrea zala San Jose, irabasten duala bere janaria ta familirik andienaren janaria bere kopetako izerdi garbiarekin. Nik dakidana da jente aberatzak, munduan iñoren bildur ezpadira, izan biar duela Jaunaren bildur, ta eroriko dirala Jaunaren eskuetan. Nik, azkenez, ondo dakidan gauza da, iñortxo ere eztala salbatuko eriotzako orduan «ni aberatza naiz» esanda bakarrik eta kontrara birtutetsu guziak salbatuko dirala, bere birtutien aberastasunakgatik, bada birtutea da aberastasunik andiena... azieran esan detan bezela.

        O. n. k.! Eskatu zaiozue Jaungoikuari egonoroko ogia, ta ez geiago. Zuen gañera ondasun andiak badatoz, artu itzatzue, gozatu itzatzue bear dan neurrian ta arrotasun gabe, zatitu itzatzue pobrien artian bear dan bezela; eta eztezazutela euki nai izan biotza diruari geiegi lotua. Dirua lurtarra da, eta lurtarra izango da zuen biotza, ez zerutarra.

        Uste det, n. a. m., esagutuko zendutela onenbesterekin gizon odol garbikoa ta aberatza baño askozaz andiagoa dala birtutetsua Jaunaren aurrian, ta baita munduaren aurrian ere; uste det esagutuko zendutela andia bazan Jose Santua Dabiden jatorrikoa zalako andiagoa zala bere birtuteakgatik. Orregatik esaten dizuet, zuen animaren onerako, maita zazuela odol garbikoak izatea, baña maita zazutela geiago gizon on ta justoak izatea. Zer balio du Jaunaren aurrean euskaldun garbiak izateak gizon gaistoak bagera? Zeinbat eta odol garbiagokoak izan, ainbat eta gizon obiak izan biar degu: ori da bide zuzena.

        5. Orain gerta leike zuetakoren batek pensatzea: Bai, jauna; bedorrek esaten dituan kontuak gauza onak dira; guk ere badakigu birtutetsuak izanda salbatuko gerala; baña nola izan birtutetsu? nola izan santu? Txit erraz, n. a., txit erraz. Zer egin zuan San Josek? Isill isillik bizi, panparroikeri gabe lanean ta bere familia zaintzen, ta Jaunaren legea zintzo zintzoro gordetzen. Etzuan, gizonen aurrian, gauza andi itxurakorik egin beiñ ere. Etzan errien gidari izan, etzuan liburu bat izkribatu, etzuan mirari bat egin, ezertxo ere ez besterik isill isillean bere obligazioak betetzen bizi izatea baño; erakusten zigula zerura juateko etzala jakituri asko eta eskubide andirik biar.

        Nork ezin leike egin beste orrenbeste? Nork? Nai eztuanak, eta nai eztuen asko dira, borondate epeleko asko dira ta orregatik kondenatzen dira ainbeste.

        Nai dezute zuek, n. a., nai dezute benetan salbatu? Bada bizi zaitezte umill: kanpora bide gabeko arrotasunak. Zer gauza egokiagorik, zeruaren azpian gure ezereztasuna ikusita umillak izatea baño? Nai dezute salbatu? Bada errespeta zazue birtutea ta izan zaitezte birtutetsuak. Izan zaitezte gizon ta emakume onrauak, bete zazue Jaunaren lege santua, kunplitu ditzagun bakoitzak gure obligaziuak. Eztezue jakitunak izan bearrik; eztezue penitenzia andirik egin bearrik; eztezue libururik izkribatu bearrik; eztezue miraririk egin bearrik. S. Josek bizi zan artean, etzituan egin. Ezta erraza esaten dizuedana?

        Bai, n. a., esagutu zazue erraza dana ta nai badezute salbatuko zeratena. Artu zagun denok San Jose gure modelentzat; bizi gaitezen umill ta Jaungoikoaren adiskide Jose gloriaz betia bezela, beti zerura begira, beti zerurako poztazunarekin.

        O Jose Santu beneragarria! O zeñ altu zauden zeru ederrean! Gu ere zerurako jaioak gera baña, Atxituko ote degu zeru eder ori? Salbatuko gera eleiza onetan gauden guztiok? Ai eztakit! Eta esagutzen det salbatzen ez bagera, gure kulpaz izango dala ez salbatzea. O santu andia! Eman eiguzu guri birtutetsuak izateko asmo sendoa, asmo benetakoa, zure irudira izan gaitezen mundu onetan umill ta onak ta gero zeruetara jasoak betiko zorionera, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa