www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRESENTACIÓN

 

(Zumaya)

 

En dilectus meus loquitur mihi: surge, propera,
amica mea, columba mea, fermosa mea et veni.
Nere maiteak esaten dit: jaiki zaite azkar nere adiskidea,
nere usua, nere ederra, ta atoz Nigana.
(Eresi edo kantuen kantaria deritzaion liburutik artutako itzak.)

 

        N. a. m.: Eleizan sartu zareten guztioi, Jaungoikoaren izenean, albiste on bat ematera nator. Gure Jaungoiko santu, illezkor ta maitalea gure biotzeko atarian deiezka daukagu. Bere buruko illea gabeko intzak busti dio, caput plenum est rore, bañan ala ere eztu gure ataritik aldendu nai, ta zai daukagu beti guk erantzun ta ateak ereki artean.

        Ta noiztik eta ona daukagu zai ta deiezka gure Jaungoikoa? Gure adimenean arrazoiaren argia sartu zan ezkerotik; luzaroko egunetan oneskero, kristau gasteak, luzaroko urtietan, kristau zarrak beñere aterik ereki ezpadiozue.

        Ta zer esaten digu Jaungoikoak bere dei gozoan? Esnatu gaitezela gure lozorrotik, jaiki gaitezela lenbaitlen, ereki dezaiogula gure biotzeko atea, aditu dezaiogula, beragana joan gaitezala; surge, amica mea, columba mea, fermosa mea eta veni.

        N. a.: Dei bigun orri bereala erantzutea da gure zorionaren asiera; gure animako epeltasunagatik Jaungoikoa luzaroan deiezka eukitzea izan leiteke gure betiko zoritxarraren jatorria; ta maitetasunezko dei ori ez entzuteagatik belarriak itxitzea berriz izan leiteke galdumendiko leize zuloan gu betiko erortzea; bada, n. k., Jaungoikoak eztu nai iñor Beragana eraman nai ta naiez ta indarrean, maitetasunezko kateak bakoitzaren gogokoak dira, ta bakoitzak bere gogotik joan bear du Jaungoikoagana.

        Ala egin zuan Mariak bere lenego egunetatik. Sortu zanerako deitu zion Jaungoikoak, eta Mariaren biotzak bereala erantzun zion Jaungoikoaren deiari; utzi zituan Jaungoikoagatik beste lurreko gauza guztiak eta sartu zan bakartadearen erdira, Jaungoikoaren itza bakarrik entzuteagatik.

        Ikusi ditzagun Mariaren lenengo egun abek Jaunaren deiari ondo erantzun ta Bera maitatzen ikasi dezagun.

        O aur garbi ta zentzunez betea! Zure bizitzaren ganean itz bi egin bear izan detan guztian nere adimenarekiñ baiño lan geiago egin izan det biotzarekiñ, bada emakume miragarrizkoa zeran aldetik adimenarekiñ etzaitut egundaño ondo esagutu ta biotzarekiñ bai nolabaitean, Ama zeran aldetik. Gaurko itzalditxo au ere biotzaren lan apurra izango da. Berotu zadazu, bada, erre zadazu biotza Jaunaren maitetasunean, nik berotu ditzatan, al badet, n. aditzalleen biotzak eta eraman ditzatan zure oñatze. Orrela eskatzen dizugu guztiok, oitura dan bezela Agur Maria esanaz.

        En dilectus meus, etc.

        Egia da ta lenengotik aitortu bear degu, Maria santaren izate argitsutik beste lurreko gizon ta emakumietara desbardintasun andia dago. Mariak lenengo egunetatik eta aida batean irabazi zituan jakituriako ta birtutietako mendi-gaiñ zabalak; eta gizonak berriz, gizonik onenak eta azkarrenak ere, jardunaren-jardunez ta pixkaka-pixkaka eldu oi dira, noizbaitean, toki eder gallur oietaraño.

        Bide luzeak daude umeak lenengo esaten dituen gatz-gabeko itz moteletatik jakiturirako jauregira. Umearen gorputz argalean arrazoiaren indarra (onela esango degu obeto adierazitzen emateagatik) sartzen danean, badu animak, beragan, aunditasun guztietarako asia, jatorrizko almena; baño asia erne, landaratu ta loretu artean, joan-etorri, gora-bera, lanbide ta neke asko erabilli oi ditu animak. Lenengo egoten da umetasuneko itsumenean estaldurik gabaren erdian balego bezela lotan bezela; gero, zerbait esnatzen danean, ibiltzen da gastetasuneko txorakerietan zear, nora joan ta non gelditu eztakiala; ta azkenean, une luzeak lanean igaro ta gero, zar-itxurak artzen ai danean, eldu oi da geldiro-geldiro ta oso nekaturik gauzen esanpidera ta jakituriko jauregira. Ezta iñor beste bidetatik jauregi orretan sartu.

        Ori bera gertatzen da Jaunaren maitetasuneko bidietan ere. Gizonentzat anditasunik andiena, zoriontasunik gorengoena, egiazko jakituria Jaun Egillea ondo esagutzean ta maitatzean dago; baño umea dan bitartean irudimena txit illuna izaten du ta adimena oso lotua: eztu esagutzen zertan dagoan bere zoriona, eztu esagutzen lurra, eztu esagutzen zerua, eztu esagutzen bere burua. Ikusten ditu loreak, ederrak iruditzen zaizka, usai egiten die, baño loreak nork egiten dituan eztaki; ikusten ditu gaba ta eguna, eguskia, illargia ta izarrak, baño eztaki zeñek ta nondik darabiltzan beren jira-biretan: gauza dana da umearentzat eskutua, illuna ta ikasgaitza. Gerora erortzen zaio animako lausotasuna, urtien bitartez argitzen zaizko animako begiak: gaur ikasten du gauza bat kalean, biar beste bat eskoletan, ta egunero eramaten du etxera erdizka ikasitako albiste berria: Jaungoikoak egin zuala zerua, Jaungoikoak egin zuala lurra, Jaungoikoak egin gaituala gu, Jaungoikoari zor diogula geran guztia, Jaungoikoak dauzkala guk nai ditugun ondasun ta zorion danak. Eta orduan, Jaungoikoaren eskubide, edertasun ta maitagarritasuna esagutzean, gizona, biotz onekoa ta eskertsua bada, asten da gure Jaungoikoa maitatzen. Ordura artean ez.

        Ta oraindik orduan ere geiago maitatzen du gizonak Jaungoikoa gauza guztien jabea ta emankorra dalako maitagarria ta ona dalako baño. Ezta miraritzeko gauza: jatorrizko pekatu edo gaistakeritik datorkigun argaltasuna da ori: beti ta gauza guztietan billatzen degu geure burua lenengo, beti nai degu geure ona; baño ala ta guztiz ere Jaungoikoari eskerrak ematen ta laguntasuna eskatzen gaudenean, egiazko maitetasunaren bidean sartuak gaude. Bide orretatik joan ziran santuak zeruraño.

        Baña Mariak jatorrizko pekatu edo gaistakeririk etzuan; jatorritik zan anima argi, garbi, eder ta aberatzekoa; jaiotzatik ikasi zituan bereala lurreko ta zeruko gauza guztiak. Beste danok, eiztariak egoa ausi dien egastiak bezela, lurrean ibiltzen gera arrastaka ta zentzun gabe, zerura egatu eziñik; baña Mariak, animako egoak sendo ta indartsuak zeuzkan, ta uso txuri eder onen lenengo egaera Jaungoikoaganañokoa izan zan; an egin zuan bere lenengo atsedena, an egin zuan bere kabia, an ikusi zituan Jaunaren edertasunak, an bete ta ase zan Jaunaren maitasunez, ta ordutik aurrera etzuan nai beste lurreko gauzarik.

        Ezingo ete gera gu ere igo toki santu artaraiño? Bai, n. a. m. Zergatik ez, nola ez Jaungoikoak berak deitzen badigu? Mariak beste argi ta aberastasun gure animetan euki ezagatik, bera baizen azkar ezpagabiltza ere, igo daikegu gure Jaungoikoaganaño. Zer bear degu orretarako? Gogoa, gogo benetakoa, Mariak zuan antzeko gogo indartsua. Ezta gaur illuna Jaunaren legea, oso garbia ta ikasten erraza da ta danok dakigu, betetzen da zalla gogo indartsu bat eztagoanean. «Maitatuko dezu zure Jaungoikoa gauza guztien gañetik». Au da legearen lenengo agindua, au da agindurik andiena, agindu au bete bear da zeruraño egatu nahi badegu. Aditu ondo, bear bada, aitaren ta amaren gañetik, gauza guztien gañetik.

        Denok maitatzen ditugu gure gurasoak, gure biotzetan berez ta txit erraz sortu oi dan maitetasun samurrarekiñ. Maitetasun ori txit ona da, legeak berak agintzen digu laugarrengo agindu santuan, ta beti gorde bear degu jaiotzatik eriotzaraño; baña maitetasun orrek bere neurriak dauzka, eta eztu erten bear neurrietatik kanpora. Ama ta aita ezin leitezke jarri Jaungoikoaren gañetik, ama ta aita baño lenago da Jaungoikoa. Qui amat patrem aut matrem plus quam me non est me dignus. Iñork bere aita edo bere ama Ni baño geiago maitatzen badu, ezta nere diña, dio Jesusek. (Neregana etorri nai duanak utzi dezala bere aita esaten du beste toki baten, utzi dezala bere ama, artu dezala kurutzea, bear bada, ta jarraitu dezala nere atzetik.) Orregatik n. a., gurasoaganako maitetasunak Jaunaganako bideak itxitzen badizkigu maitetasun orren lokarria urratu egin bear da Jaunaganako bideak ideki ta zabaltzeko.

        Esango dirazue, bear bada, eztaukagula guk ainbeste kemen biotzetan, ezin genezakegula orrenbesteko maitetasunik izan Jaungoikoarentzat. Ezta ori egia: ara emen nola Mariak erakusten digun Jaunaganako maitetasuna, ara nola Mariak utziten dituan gurasoak Jaungoikoagatik, gero, bere irudira, santu askok utziko dituan bezela. Iru urte bakarrik zituan, oraindik osta-osta zebillen omen gañean, ederren artean zan umerik ederrena, alaba bakarra zan, alaba maitea, alaba kutuna; etxeko poza, etxeko eguskia, etxeko alaitasuna; bere guraso zarren itzik bigunenak beretzat ziran, beretzat lastanak, beretzat palaguak, beretzat gauzarik gozoenak; eta nik uste det sarri askotan egongo zirala Ana ta Joakin aur zoragarrizkoaren lo gozoa zaintzen, alkarri esanaz: «ume au ezpageunke, zertarako genduke guk lurreko bizitza?» Au dana ikusten zuan ta bazekian Mariak ondotxo, ta ala ere egun batean agur egiten die irri-barrez beren gurasoai, ta etxean ezer utziko ezpalu bezela, badijoa poz-pozik Jerusalengo eleizara. Nolatan da au? esango dezue. Zentzun gabea ote da Maria? Ez, Mariaren biotza Jaungoikozko maitetasunez bezela, bere burua zeruko jakituriz betea dago. Eskergabea ote da? Ez, bada oñez ikasi duanerako Jaunari eskerrak ematera dijoa, Ez ote ditu maita gurasoak? Bai, maita ditu, txit asko maita, eztago lurrean geiago maite duan gauzarik; baña beste izate bat maite du geiago, Jaungoikoa, ta Jaungoikoagatik utzitzen ditu gurasoak.

        Siñistu ezin leitekean gauza dirudi, baña siñistu daikegu, n. a. gauza bat maitatzeko zer nolakoa dan jakin bear da lenengo, ta Mariak bazekian zeiñ gozoa zan Jaunaganako maitetasuna. Utzitzen ditu alde batera etxeko gurasoen palagu ta atsegiña, baña eleizako bakartadean arkituko ditu biotzeko palagua ta Jaungoikoaren laztana. Siñistu daikegu, n. kristauak. Etzaituzte iñoiz zuen biotzetan Jaunaganako maitetasunak berotu? Aitorrera edo konfesio on baten bitartez zuen anima garbi ta txukun jarri danean, eztu zuen anima Jaungoikoak beretzat irabazi? Eta orduan, Jaunaren adiskidetasun egiazkoan zeundeten ordu bedeinkatu orretan, etzenduten nai Jaungoikoarekiñ zuen anima bat egiñ, Beragatik beartsu edo pobre bizi, Beragatik lurreko gauza guztiak alde batera utzi? Ta orretarako indar-bultzada andia eman bear al ziñoten zuen biotzari? Etzijoan bera berekauz Jaungoikoagana, errekak itxasora bezela, oriñ edo basauntz egarritua iturri garbietara bezela? Bada era orretan zegoan beti Maria, beti garbi, beti Jaungoikoaren adiskide, beti jakintsu, beti maitetasunezko sutan goritua. Bere irudimenean beti zeukan Jaungoikoa, bere gogoan Jaungoikoa, bere buru ta biotzean Jaungoikoa ta Jaungoikoa bakarrik. Orrela esagutuko dezue zeiñ pozik, zeiñ erraz, zeiñ gogoz joango zan Maria Jerusalengo eleizara; orrela esagutuko dezue zeiñ erraz joan geinkezan denok Jaungoikoagana, ta zein gogoz joan bear degu, Maria baizen azkar ezin badegu, astirotxoago, iru une genduzanean joan ezpagiñan, gaur, bakoitzak dauzkagun urteakiñ.

        Ta zer daukagu guk Jaungoikoagana joanda? Zer billatu zuan Mariak Jaungoikoagan? Ai! Ezin litezke aiñ laster esan Jaungoikoagan animarentzat dauden ondasunak; baña piska bat kemendu ta azkartu zaitezten, ara emen itz bitan Mariak billatu zituan ondasun batzuek.— Billatu zuan lenengo biotzaren pakea. Jaunak beretzako egin duan biotzarentzat eztago pakerik Jaunagandik kanpora. Alperrik ibilliko da lurreko gozotasun guztien zusmoan, alperrik jaditxi edo atxituko ditu lurreko ondasun ta era on guztiak, alperrik izango ditu lurreko ezti danak beretzat; ezta beñere aseko biotza, ezta beñere pakean egongo bere Jaungoikoagana dijoan arte. Fecisti nos, Domine, ad te, et inquietum est cor nostrum donec requiescaé in te. Billatu zuan, bigarren, ez aldakorra izatea. Gizona aldakorra da, gaur dago batera ta biar bestera, gaur dago alaia ta biar illun edo tristea, gaur da maitale sutsua ta biar gorroto beltzean dago, gaur da zuzena ta okerra biar, gaur egizalea ta biar gezurraren aldekoa; ta Jaungoikoa berriz beti da bat, beti egia, beti ona, beti zuzena, ta orrela izango da Jaungoikoarekin dagoana. Billatu zuan, irugarren, bere burua ondo esagutzea. Nosce te ipsum esaten zuan aspaldietako jakintsu batek, esagutu zazu zeure burua, bada ori da jakituriaren asiera. Ta Jauna dagoan toki goietatik ikusten da ondoen lurra ta lurreko gizon erregea, Jaunaren anditasun neurrigabekoaren ondoan esagutzen da ederki gizonaren ezereztasuna. Orregatik izan zan Maria santa aiñ apal ta umilla, Jaunarekiñ bizi izan zalako. Azkenez, Mariak billatu zuan, Jaungoikoa! ta Jaungoikoarekiñ gauza on maitagarri guztiak. Zer geiago nai degu gauza on guztien iturburua dan Jaungoikoa Bera baiño?

        Eta oraiñ, geiagoko gabe, egia bat zueri gogoratuta, amaitzera noa geiegi luzatu ez dezatan. Egia au gurasoentzakoa da ta gurasoak arretaz entzutea nai nuke. Denok dakizue ume gutxi jaiotzen dirala gauza zuzenetarako gogoarekiñ, eztatorrela lurrera iñor Mariak ekarri zituan apainduriakin jantzirik. Zeñek bada erakutziko die errugabeko animatxoai Jaungoikoaganako ta Relijio santuaganako maitetasuna? Zeñek gorde bear ditu umetxoak gaistakeri gabe bataio santuan eman zitzaien jantzi txuriarekiñ? Zuek, gurasoak, zuen lenengo, zuen egitekoa da oh. A! Etxe guztietan erakutziko balitz beti Jaungoikoaren bildurra, Jaungoikoaren legea, eleizarako bide zuzena, ez litzateke errietan ainbeste gaistakeri ikusiko, ez litzatezke ainbeste jente infernuko bidetik joango.

        Zer diozue? Ezin dezuela etxean erakutzi nai dezuen guztia? Ara or laguntzalleak erriko ikastetxe edo eskoletan: biraldu umeak eskoletara, ta eskoletan erakusten zaietena, gauza ona bada, ontzat eman etxean ere. Ala egiten dezuela? Ala egiten badezue, eztezue Jaungoikoaren aurrean zer erantzunik izango. Baña bildur naiz zeuek ez ote zeraten sarri eskolan erakutzitako dotrinaren kontra beste dotriña bat etxean erakusten dezuenak. Eskoletan erakusten da eztala ondo geiegizko apainduria, ta etxean, neskatxa zenbat geiago apaindu obeto dala; eskoletan erakusten da txarrak dirala erdalerriko nasteko dantzak, eta etxean, gasteak nolabait jolastu bear duela; eskoletan erakusten da iges egiteko batzar gaistoetatik, eta etxean bear bada gurasoak dira aurrenengo alabak batzarretara bialtzeko. Ori da esan nai nizuen egia, ta esanda gelditzen da.

        N. a. Mariak igo zuan mallaraño eztegu iñortara ere igongo zeruan; baña zeruan jarrileku asko daude, batzuk gorago ta berago beste batzuk, eta denok daukagu jarrilekua Jaungoikoa benetan maitatzen badegu.

        Ez gaitezen izan, norbaitzuk diran bezela, umetan ume, gastetan txoro ta zartzara lurzale zentzungabeko. Eraman zazuez zuen umeak Jaungoikoagana ta zoazte zuek ere, eta aurretik. Jaunak Berak deitzen digu: eztigu danori eskatzen gurasoak utzitzea, baña guztioi eskatzen digu Bera maitatzea, Bere legea betetzea. Deiezka daukagu beti: atozte, esaten dizue guztioi, itz bigun ta eztitsuenarekiñ, atozte Nigana, venite ad me omnes. Eztu iñortxo ere indarrean Bereganatuko: zeuen buruen jabe zarete denok, begiratu zazue nora zoazten, begiratu zazue nora daramazkitsuen zuen alabatxoak, begiratu zazute zer egiten dezuen.

        O zeruetako Ama erregiña errukitsua. Begira gaitzatzu errukiz zeru goietatik, begira zaiezu batez ere errugabeko umetxo abei, aldendu itzatzu gaistakeri guztietatik, lagundu zaiezue beren pausu guztietan, izan zaite danen zaintzallea, itz batean, izan zaite guztien ama. Egin zazu, o Maria bedeinkatua, izan gaitezela denok lurrean Jaungoikoarenak, egunen batean iritxi dezagun beti-betiko zorion ta poza, guztioi, n. a., opa dizuetan bezela. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa