www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRESENTACIÓN

 

(sin predicar)
Predicado en 1903.

 

                I. Oración cuotidiana.

                II. Comienzo de nuestras obras.

                III. Id. de la vida.

                IV. Los mejores hijos.

                V. Debemos ponerlos en manos de buenos maestros.

 

        Jaio, asi, bizi ta ill.

        Nola jaio? Etxe andi eder-aberatzetan edo beartsu... Erri andi edo txiki... Kristau erri edo siñiste gaistoko lurretan... Arrotasuna etxe andikoak, arrotasuna erri andietakoak...

        Arrotasuna ona balitz kristau jaio geralako bakarrik.

        Nola asi? Guraso batzuen arduragabekeria... Siñiste gabeko errietan... Erri andietan...

        Nola bizi? Asi ziran bezela... Gaizki...

        Nola ill? Bizi izan ziran bezela. Gaizki...

        Ara emen ondo asteko bidea...

        Maria asi izan zan antzera, irudira...

 

Omne masculinum adaperiens
vulvam sanctum Domino vocabitur.
Emakumetik datorren lenengo aurra
Jaungoikuarentzat sortua da. (Lu. II.)

 

        N. a. m: Gure Jaun eta Jaungoiko Egilla santuak, sortutako gauza guztiai eman diete eginkizun edo lanbide jakiñ bat.— Eguskia eguski izango bada, narotu bear ditu lurreko landarak eta gizonari argi egin bear dio; suak, egiazko sua bada, bere mendean artzen dituan gauza guztiak erre ta kiskaldu bear ditu; izotzak, izotza bada, gauza guztiak otzitu, eta urak, ura bada, gauza guztiak busti bear ditu. Eta ez bakarrik bizitza ta sentzugabeko izateak, bizitza ta sentsua duten guztiak daukate beren zeregiña. Abere danak jaiotzen dira zerbaiterako; eta aidean agiri eztan eltxo ezerez batetik asita goialdietan egoak zabaltzen dituan arrano erregeraño; edonun sortzen diran txindurri bizi askarretatik eremu baten erdian, basamortuko jaun da jabe bezela, patxada onean bizi dan elefanteraño, danak daukate beren eginkisuna eta guztiak, itxu itxuan, ezjakiñean ta beren gizara bada ere, jaso ta bedeinkatzen dute Jaungoiko Egillearen izen santua.

        Baña, batez ere, gizona da Jaungoikoak onetarako sortu zuan izate andia. Berak eman zizkan gizonari begi bi abek lurraren ta zeruaren edertasuna ikusi zezan; Berak eman zion adimen argia gauza guztien Egille on ori esagutu zezan; Berak eman zion biotz samur bat gauza guztien gañetik Jaungoiko maitegarria maitetu zezan; Berak eman zizkan mingaña ta izkera Jaunaren izen andi ta ona bedeinkatu zezan. In gloriam meam creavi eum, dio Jaungoikoak gizonagatik: bai, gauza guztiak dira nereak, neuk sortu ditut nere alizatearekiñ; baña batez ere gizona da n. seme maitea, gizona n. seme kutuna, gizonak bakarrik deituko dit Aita; gizonak bakarrik bizi bear du lurrean, jaiotzatik illarteraño, erregerik andienaren semea bezela bere guraso Jaungoikoaren izena bedeinkatzen, ta berari bakarrik emango diot n. zeruko jauregietan betiko zorion, pake ta gozotasuna.

        Orregatik g. Ama W. bedeinkatuak, zeru ta lurraren edertasunak ikusi zituanerako, bere Jaungoiko gurasoa esagutu zuanerako, maitetu zuan Jaungoikoa biotz ta anima gauza guztien gañetik, ta Beragana joan zan Jerusalengo eleizara, Berarekiñ ta Bere legeak agintzen zuan bezela bizi ta illtzeko asmoetan.

        Erakusaldi eder onetatik ikasi bear degu gaur, n. a., «gauza guztiak, Jaungoikoarenak diralako, beren sustrai ta asieratik eskeñi bear diozkagula Jaungoikoari ta batez ere gure bizitzaren asiera ona». Ara emen n. itzaldi laburraren gaia.

        Eskatu zaiogun onetarako bear detan argia argi guztien Iturburua dan Jaunari Berari, Ama Manaren bitartez. Lagun zadazu, Ama maite biguna n. aditzalleai gai eder au bear bezela adierazten, bada laguntasun ori jarizteko esaten dizugu denok Goiaingeruakiñ batean, Agur Maria bana.

        Omne masculinum etc.

        N. a. m.: Exodo deritzaion liburu santuan irakurri det nola Moises legegilleak agintzen zion Aaron eleiz gizon nagusiari, Jaunaren izenean, eskeñi zezaiola Jeoba Santuari goizean goizetik usairik gozoeneko eskeintzari bat urregorrizko elizmai edo altarearen gañean; eta Beda jakintsuak dio, gañera, Lege Zarreko eskeintza orrek eta guk altarean erretzen digun intsentsuak kristauok Jaunari egin bear diogun goizeko arren, otoitz edo eskaria aditzen ematen duala. I. Ara emen nondik esagutu bear gendukean, beste biderik ezpageunka ere, kristauen eguneroko zeregiñak izan bear duala, Jaungoikoaren aurrean belauniko jarri goizean, ta lenbiziko gogamen ta eskariak beragana bialtzea, geure biotzaren erdian Eleizaren irudira esanaz: Dirigatur Domino oratio mea sicut incensum in conspectu tuo, bada goizean da Jaunaren laguntasun ta doaiak iristeko ordurik onena, maná zeritzaion janaria Israeltarrai goizean goiz ematen zitzaien bezela.

        Orregatik Jakob gurasoak egun sentian eskatu zion bere bedeinkazioa zeruko aingeruari; orregatik esaten du Dabid Erregeak bere bostgarrengo antolamendu ederrean: Mane exaudies vocem meam, «goizetik adituko dirazu, Jauna, Zugana bialtzen detan itza»; eta irurogeta bigarrengoan: Deus Deus meus, ad te de luce vigilo, «O n. Jaungoikoa! Ernai nago ni beti argia datorrenerako»; eta orregatik, azkenez, gure Ama ta erakusle Maria santak, bere buruan adimeneko argia sartu zitzaionerako, goizean goizero egiten zion Aita Zerukoari lurrean egin dan otoitzik samur ta egokiena.

        Baña Jaungoikoari arren egiteko, zergatik dauka gizonak añ goizetik ibilli bearra? Zergatik? Jaun Krisostomo santuak erantzungo digu: «errege baten aurrera, dio santu onek, gizonik andienak joaten dira lenbizi, eta berak itz egiten dute besteak baño lenago. Ara or zergatik gizonak, beste lurreko izate guztiak baño lenago joan bear duan Jaungoiko Erregearen aurrera». Edo ez al da gizona, n. a., sortutako gauza guztien artean izaterik andiena? Edo ez al da bera Jaungoikoaren izena bedeinkatzeko jaioa? Nola bada utzi dezake bera baño lenago Jaunaren aurrera joan dedin sortaldetik egunero datorren eguskia? Nola bada utzi dezake, berak otoitz egin baño lenago, biraldu dezaten zerura, zugastietako txori kantariak beren kantua ta zelai ta baratzetako loreak beren usai gozoa? Ez, gizona da lenbizi, gizona da gauza guztien erregea, eta gizonak lurrean pausu bat ematen asi baño lenago, belaunikatu bear du Jaungoikoaren aurrean; bere eskuak, lanean asi baño lenago, batu bear dute, eskaria egiten danean batutzen diran antzera; bere begiak jaso bear dute zeruraño, Aitaren jarrilekuraño, bere biotzak esan bear dio A. Zerukoari: «maite zaitut, gauza guztien gañetik maite»; eta bere mingañak esan bear du: «bedeinkatzen zaitut gauza guztien artean bedeinkagarria zeralako». Au da Mariak ume-umetatik egiten zuana, ta au gizonak egin bear duana; bada onela ematen dio egunari asiera on bat. Noruntz asten geran aruntz joan oi gera geienetan: asi gaitezen bada goizean Jaungoikoanuntz, bere aurrean ta zeru bidean irago dezagun egun guztia.

        II. Bigarren, eskeñi biar diozkagu Jaungoikoari gure eginkisun guztien asierak, eginkisun oietarako berari laguntasuna eskatuaz. Omnis actio ab oratione inchoanda nobis est, dio Dionisio santuak, gure gauza guztiak eskari batekiñ asi bear ditugu; ta orrela asi zuan Judit ausarditsuak bere eginkisun astuna, Holofernesen dendara sartzean Jaungoikoari esanaz: Respice in bac hora ad opera manuum mearum, begiratu zaiozu, Jauna, ordu onetan nere eskuaren egintza oni. Orrela asi zuan bere erregetza Justino, Erromako Goierregeak ere. Goierrege au, bere aginte aundia eman ziotenean, errege jantzia bere soñean ipiñi baño lenago, sartu zan Eleiza batean ta eskatu zion Jaungoikoari lagundu zezaiola bere lanbide arduratsuan; eta gero, bere jauregian erregeren jarrilekuan jarri baño lenago, lenbizi egin zuan gauza izan zan kurutzearen señalea bere gorputzaren gañean.

        Era berean, bada, guk ere, n. a. m., asi bear ditugu gure lanbide ta zeregin guztiak, kurutze santuarekiñ eta Jaungoikoari biotzeko erregu beroak egiñaz, batez ere gure griña gaisto ta animako etsaien kontra gogor ta biziro jasartu bear degunean. Respice in bac hora, esan bear diogu Jaungoikoari, ad opera manuum mearum, indartu zazu, Jauna, ordu onetan nere besoa, indartu n. biotza, indartu n. anima. Denok dakigu eginkisun andi ta astun bat daukagula guztiok, egun auetan A. Ibargurenen aotik entzun dezuten bezela: gure animak betiko zorionera eramatea. Ta zorionerako bidea Jaungoikoak daki ondoen, ta Berak argi egin bear digu, berak lagundu bear digu bide orretan gidari bezela. Orregatik esaten zuan Dabidek: Dias tuas, Domine, demonstra mihi, gressus meos dirige, erakutzi zadazuz, Jauna, zure bideak, zuzendu zadazuz nere pausoak. (Kasiano santuak esaten du, gure eginkisunak asi baño lenago, denok eta beti esan bear gendukiala, Eleizak bere erreguen aurretik esaten duana: Deus in adjutorium meum intende, Domine ad adjuvandum me festina: «Jauna, ereki zadazuz zeuk n. españak eta nere auak bedeinkatuko du zure izena».

        Orrela, n. a. m., bizi izan ziran Jaunaren izena bedeinkatzen, bere itxaropen ta bildurrean ta bere aginte zuzenaren azpian Lege Zarreko Abraam, Jakob, Jose, Moises, Judas Makabeo ta beste asko, eta Lege berriko santu guztiak Maria gure Ama beren buru zutela; orregatik amaitu zuen beren eginkisunik andiena añ ederki; orregatik zeruratu ziran, ta an daude gaur beti-betiko asetasun, zorion ta pakean.

        III. Irugarren, eskeñi bear diogu Jaungoikoari bizitzaren asiera, gure buruan adimenaren argia sartzen dan orduan bertan.

        Ai! Gure lenengo egunak Jaungoikoarentzat ezpadira; bizitzaren asieran gauza okerren bat zartzen bazaigu buruan edo griña gaistoren bat biotzean, nekez ertengo du burutik eta batez ere biotzetik, oso nekez ekarriko degu gizona zeruko bide zuzenetara. Indar andia bear da, oso aundia, biotzaren erdian gordeta daukagun gaistakeria sustraitik ateratzeko! Geure lenengo egunetan bada, a. m, geure lenengo urtietan iduki bear degu arretarik aundiena, orduan bota bear da biotzean zeruko erakutzien asi ona, orduan egin bear da alegiña Jaungoikoari zenbat zor diogun ikasten da erakusten (eta lan eder ta sarigarria dan au!) orduan eskeñi bear diogu Jaungoikoari gure biotza ta gure anima guztia; bada era orretan bakarrik iduki dezakegu, zartzara ere, Jaungoikoarenak izango geran itxaropen edo esperantza, zugatz edo arbola baten lorea alort edo frutuaren esperantza dan bezela. Adolescens juxta viam suam etiam cum senuerit, non recedet ab ea, dio E.S., gastetatik dijoan bidean joango da gizona zartzako urtietan ere.

        Israelgo emakume gurasoak, jaiotza berri bat izaten zanean, eramaten zuten eleizara, Lebitiko deritzaion liburuak agintzen zuan bezela, usakumetxo bat edo urte barruko arkume bat, aditzen emanaz, Jaungoikoari eskeñi bear zitzaiola gauza ona, gauza garbia, gastetasuna, bizitzaren lenengo zatirik ederrena: au da, jakintsu batek dion bezela esateko, begi argia, belarri ernaia, biotz samurra, esku ta oñ azkar ta zoliak; bada ezta ah gogokoa Jaungoikoarentzat askok ematen dion bizitzaren azkenalde zarra, begi lausoa, belarri zor ta gorra, biotz loia, gaistakerian nekatutako esku ta oñak. Gizona gauza on, bigun da ederzalea bada, azkozaz geiago da edertasuna bera dan Jaungoikoa: ta Berari eman bear diozkagu gure bizitzaren edertasun guztiak, Berak eta Beretzat sortu ditualako. Orregatik eman zizkon Mariak gorputz eta animako edertasun danak, eta orregatik saritu zuan Jaungoikoak beste iñor saritu eztuan bezela.

        4. Laugarren, eskeñi bear zaizka Jaungoikoari gizonaren semerik onenak, berak eskatzen baditu; esan nai det, iñork, familiren batean, eleiz biderik artu nai badu, moja, praille edo apaiz izan nai badu, bere borondatea betetzen, gurasoak al duten añan ta poz-pozik lagundu bear diotela.— Gauza onen gaiñean badira Jaunaren borondatearen kontra bere borondatea ipintzen duten guraso batzuek, Jaunarentzat jaio diran ume onak edozeñ gizonen eskuetan ipintzen dituen guraso itxuak. Lurreko errege batek deituko baliote beren jauregira, pozik emango zinduzkete zuen semeak lurreko erregeari, eta arrokeriz beterik esango zenduteke guraso askok: «nere semeari, nere alabari erregek edo erregiñak deitu dio». Baño zeruko erregeak deitzen diotenean izaten dira aitzaki ta naigabeak: «alabarik onena da, etxerako aukeratua daukat, nere sartzan norbaitek lagundu bear dit».

        Abrahan batek Jaungoikoak agindu ziolako, bere seme Isaak eriotzara eraman zuan; eta guraso askok eztitue eman nai beren seme alabak betiko bizitzarako, eztitue nai zerurako; lurrerako nai ditue, eriotzarako, pekaturako bear bada. Jakin zazute, gurasoak, jakin zazute, Jaungoikoak eskatzen dizutena berari ukatzea, ausardi andiko gauza oker ta gaistoa dala, ta ukatze orren erantzuera Jaungoikoaren aserrearen aurrean eman bearko dezutela. Baña Jauna, esango du norbaitek, nere alaba bakarra da, oso asko maite det, ezin esan dan beste det maite, ta bera gabe ezingo naiz bizi.

        Bakarra zan Maria, erantzuten det, maite zuten bere gurasoak, beste edozeñ gurasoak beren alabak maitatuko dituen bezela edo geiago, ta ala ere esagutu zutenean Jaungoikoaren borondatea zala Maria Jerusalengo eleizara joatea, ez bakarrik utzi zioten joaten, baita ere berak lagundu ta Jaunari biotzez ta pozik eskeñi.

        O jauna, esango die berriz, bear bada, berori ezta gurasoa ta ez daki ondo zer esaten duan. Baña gurasoak ziran Ana ta Joakiñ, ta Jaungoikoak badaki zer eskatzen duan, ta badaki gañera gurasoetatik gurasoetara dagoen desberdintasuna.

        5. Azkenez, n. a., lenago iñoz esan dizutedan bezela, zuek ezpadaukazue zuen seme alabak Jaunaren bildurrean asteko astirik, beta onik, jakituririk edo gogorik, erakarri bear dituzue ume-umetatik Jaunaren bildurreko erakustzalleakana; baña erakarri bear dituzue, berai orretarako bear dituen eskubideak emanda. Len esan detan Erromako Goierrege Teodosiok eraman zion bere semea Arsenio maisuari, onela esanaz: Post hoc tu magis pater es, quam ego, emendik aurrera zu zera guraso ni baño geiago. Ori egin bear dezue, bada bestela erakustzallerik onenak ezin dezakete zuen umeakiñ gauza onik egiñ. Lengo egun batean esaten ziran jaun batek egia andi bat: «alperrik da mojak lan egitea gurasoak laguntzen ezpadiote». Eta ala da, n. a., ala da.

        Nik badakit guraso askok, erakustzalleai lagundu bearrean, beren umeai lagun dietela, beren umeak diralako beste gabe; nik badakit beren umien alde itz egiten dutela, beren griñak indartzen dituztela, nik badakit ori, eta askotan esan diet gure ikastetxearen barruan bizi diran gasteai: emendik ertetzen dezuten baizen laster, guk egiten degun lan guztia desegiten saiatuko dira zuen lagunak, zuen aideak, zuen gurasoak berak, ona ta orra, biar eztan tokietara eramanaz, zuen aurrean biar eztiran bezelako izkuntzak esanaz, mojetan (ikastetxean) ikasitako gauza on asko txorakeriak dirala erakutziaz. Orrela galtzen dituzte beren umeak alperrik, orrela ateratzen dituzte zeruko bidetik munduko bide zabaletara, ta nok daki infernuko bidean ipintzen badituzte.

        N. a. gurasoak: etziran orrelakoak Ana ta Joakin. Maria berez zan ona, berez txit garbia, berez txit santa; baña gurasoak ere beren aldetik lagundu zioten Jerusalengo elizara eramanaz ta elizgizonen mendean ipiñiaz animarako onena zan bidea erakutzi zezaioten.

        Asko da gaurko. Ikusi degu gure Jaun eta Jaungoikoari asieratik eskeñi bear diogula eguna, goizean goiz otoitz edo arren egiñaz; asieratik eskeñi bear diozkagula gure eginkisun astunak, laguntasuna eskatuaz; asieratik eskeñi bear diogula gure bizitza osoa; eman bear diotela gurasoak beren semea edo alaba, Jaunak beretzat eskatzen badiote, ta azkenez, seme ta alabak beti Jaungoikoarenak izan ditezen jarri bear dirala zerurako bidea erakutziko diotenen eskuetan, erakustzalleai orretarako bear dituen eskubide guztiak emanda.

        Zuek, n. a. maiteak, orretarako erakartzen dituzue zuen umetxoak gure ikastetxera, ta emen lurrerako bear diran gauza on askozaz ganera, erakusten zaiote zerura begiratzen beren betiko errira bezela, Jaungoiko gurasoa esagutzen, Bere izena bedeinkatzen, bere izate maitagarria maitatzen.

        Bizitzaren asieran daude geienak, loratan daude, ta lora sorta eder ikusgarria bezela, ara nola ekarri ditugun gaur Jaunari eskeintzera Maria Santa eskiñi zitzaion irudira. Zer gauza eder ta pozgarria diraden loreak! Udaberri alaian, gure zugatz edo arbolak añ egoki apaintzen dituztenean, pozez zoratzen ikusten ditugu loreak, eta «aurten, esan oi degu, aurten frutu asko izango da». Baña onik onenean, sartzen da ustegabeko ekaitz gogorren bat, kentzen ditu arbolatik ta eramaten ditu aidean lorerik geienak, botatzen ditu soro edo bide basterren baten, ta edozeñek zapaltzen ditu bere oñazpian eta, ai!, loreak basa biurtzen dira! Eta ori bera gertatzen da sarritxo ume lora eder askorekin ere. Artzen ditu ekaitzak bere indarrean, jasotzen ditu gora-gorago apur baten, arrotzen ditu denak; baña laster erortzen dira pekatuaren loikeri beltzean, eta laster asko ikusi oi ditugu basa biurturik.

        N. a. gurasoak: Erregutu zazute zuen umeakiñ orrelakorik gertatu eztediñ, erregutu dezagun denok. Eman dezatela lore abek beren frutua, bete dezatela kristauen legea, maita dezatela beren Jaungoikoa, bedeinka dezatela beti lurrean eta zeruan.

        O Maria, gure Ama maitea! Ikusten dituzu zeiñ garbiak dauden zure ume abek? Ikusten dezu nola dagon beren biotzetan zure seme Jesus, bere etxean bezela pozik? Nola bada biotz orretan bertan sartu ta jarriko da gure etsai deabrua, biotz oiek berak eta beretzat sortu balitu bezela? Arren, bai, arren eskatzen dizugu, O gure Ama ona, gorde itzatzula umen auen biotz garbietako ateak, eta eztedilla egundaño biotz oietan lurbira onetako loikeri gaistorik sartu, ez ditezala munduko gauzetara geiegi zaletu, ez ditezela iñortara ere lurrerako izan ezpada zeruetako jauregi gozorako.

        Bai, n. alabak, bai n. umetxo maiteak: jarrai zaiozute gaur daramazuen bide zuzenari: zeruruntz zoazte. An daukazute Aita on bat, an Amarik bedeinkatuena. An izango zerate egiazko aingeru. Ama orren oñetan, an izango gera denok zorioneko, zuek, zuen gurasoak, aditzalle guztiak eta ni. Ala uste det, ala nai nuke, ala izan dedilla. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa