www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

INMACULADA

 

Muy primitivo, muy malo y muy en borrón.

 

Benedicta tu in mulieribus.
Bedeinkatua zera andre guzien artian
(S. Lukas ebangelistaren itzak,
1 buru ta 28 garren bersotik artuak.

 

        N. a. m: Zeñ eder ta ikusgarria izango zan, n. a., munduaren asiera! Jaungoikoak, bere Altsutasun neurrigabearekiñ, sortu zuan argia, egin zituan zeruak, bete zituan izarrez, apaindu zituan Eguski ta illargiarekiñ, batu zituan itxasuak, atera zituan ezerezetik arraiñ, abere, egasti ta pistija mueta danak, eta azkenez sortu zuan bere irudira gizona egintza guzien erregetzat. Zeñ eder ta ikusgarria izango zan gauza guztien sortuera au!

        Gizon erregea jarri zuan baratz alai loretsu batean, antxen bizi izan zediñ paketsu ta gozoro bere Jaun Egillea bedeinkaturikan; baña, eziñ eramanik gizonaren ondo izatea, ara nun, antxiñako gaizkiñ deabrua sartzen dan baratza artan poliki, poliki; dijoa emakumiagana, eta biguñ ta estitsu, engañatu nai danian oi dan bezela, esaten dio erakutzirik baratzan zeguan arbola bat: «Zergatikan jaten eztezu arbola onetatik?» Emakuneak erantzuten du: Jaungoikuak galerazi digulako. «Etzaitezte izan txoruak, jarraitzen du gaizkiñak, badakizue zergatikan eztuan nai zuen Egilleak arbola orretatik zuek jatea? Bera beste izan etzaitezten». Eta modu onetan engañaturik lenengo gurasoak, faltatzen due Jaunaren kontra, eta egun alai, gozatsu ta pakez beteak biurtzen dira gau illun, itzaltsu ta izugarrian. Galdu zan gizona, ta bere ondorengo guziak galdu ziran.

        Baña Jaungoiko Egilleak bere irudira sortu zuan izaterik maiteena ezin zuan ikusi deabruaren mendean, eta pensatu zuan Bera gizon egitea Luzifer engañatzallea menderatzeko; eta egun pozgarri baten, goizaldean mendi gañetatik irtetzen dan eguski errañu argia bezela, agertzen da mundura, Aingerurik ederrena baño ederrago, emakume bat, gizonaren laguntza gabe sortua, garbia, orban edo mantxarik izpirik gabe, Jaungoikuaren graziaz ta miragarrizko apainduriz betea.

        Zan emakume au Maria txit santa Jaungoikuaren amatzat betikotasunetik aukeratua. Ara itz bitan esanda, ainbeste bidar aditu dezuen istoria edo kondaira konsolagarri au.

        Eztaukat esan bearrik, n. a. m., Mariaren sortuera garbia erakusteko, arrasoi bat bakarra kristauen artean naiz, fededunen artean itz egiten det, naikua da jakitea fedeko gauza dala, naikua da jakitea izan zala aukeratua betikotasunean Jaungoikuaren amatzat. Nola izan zeikian pekatuan sortua pekatua añbestean gorrotatzen duan Jaungoikoaren Ama? Nola izan zeitekian pekatuan sortua, pekatuaren arrasa mundutik kentzeko jaiotzen Garbitasunaren Ama.

        Maria zan garbi ta graziaz betia bere sortueratikan. Gauza onen gañean lenago emen bertan itzegiña naizalako, ta esagututzat emanik, gaur nai nizuteke erakutzi Maria izan zala sortua munduko osasungarritzat, guri erakusteko, beste birtutien artian batez ere garbitasun ta umiltasuna.

        Lagundu zadazue, n. k., onetarako biar dedan grazia Jaungoiko gure Jaunagandik jaristen, eta eskatu zaiogun Mariaren bitartez, esanaz Abe Maria bana.

        Benedicta tu in mulieribus.

        1. Beti ta toki guztietan izan dira gizonak bizitza garbi ta onaren zaleak, naiz ta berak izan ez indarrik garbitasunezko bizitza ederrerako. Judeatarrak, Egiptoko jenteak, Persiakoak, Indietakoak, Grezia ta Erromatarrak gauza onragarritzat zeukaten garbitasuna, Birjiña izatea. Sokrates batek erakutzi zuan birjiña ziranen bizitza orduan Jaungoikotzat zeuzkaten izate gezurrezkoena beste bazala; Zizeron batek esaten zuan, Jaungoikoa onratzen eleizan bizi biar zutenentzat txit zala gauza egokia biotz eta itz garbiko jenteak izatea; eta Erroman bertan, Jaungoiko gezurrezkoentzat jai andiak egiten ziran denboran, batzen zituen gaste jente garbiak, aien eleiz edo tenploetan kantatzeko, bada merito anditzat zeukaten gaste aien garbitasuna. Onela onratzen zan garbitasuna, gezurraren mendean gizon guztien adimen edo entendimentuak illundurik zeudenian ere.

        2. Baña jente errukarri aiek guztiak etziran garbi itxuran, kanpotik ta azalean baizik etzeukaten garbi izaterako indarrik ta biotza beti loikeriz betia zeukaten. Gañera aien animak lenengo gurasuaren jatorrizko pekatuarekiñ mantxatuak jaiotzen ziran, mantxatuak bizitzen ziran, ta mantxatuak iltzen ziran, bada etzan oraindik munduaren Salbatzallea agertu. Onetarako denborak bete ziranean, Aita Jaungoiko Egiazko Bakarrak garbitasuna bera dan Jaungoikuak aukeratu zuan emakume guzien artian emakume bat bere Semearen amatzat, sortu zuan garbiro Jaungoiko baten Amari zegokion bezela ta apaindu zuan animako aberastasunik ugarienarekiñ. Badakit, a, etzeratela miraritzen mirari onekin. Legea egin duanak kendu lezake legea. Jaungoikuak agindu zion eguskiari nola eman bere jirabira, torregatik dira neurtuak egunak eta gabak; baña Gabaonen aurrian agindu zion eguskiari geldi zedilla, ta eguna luzatu zan. Jaungoikoak erabaki zuan gizonak beiñ bakarrik iltzea; baña Jesusen dei gozora pistu ziran Lazaro, Naingo alarguna ta Jairo-ren alaba, ta iltziran bi bidar: Jaungoikuak nai izan zuan lenengo gizonak pekatu egin zuan eskero, gustiok pekatuan sortzea; baña libratu bear zuan lege onetatik bere Ama ta libratu zuan. Eztaukagu zer geiago itz egiñ gauza onen gañean.

        3. Jaio zan, bada, Maria pekatuaren ispirik gabe, garbi eder ta zerutarra; ta ainbesteraño maitatzen zuan arimako garbitasuna eze, garbitasun au ez galtzeagatik, iru urte bakarrik zituanean, utzirik bere etxea, gurasuak, aideak ta laguntxoak, juan zan Jerusalengo Tenplora, eskeintzera Jaun Ongilleari bere gorputzeko zentzun danak ta arimako almen guziak; juan zan Jerusalengo Tenplora an bizi izatera Jaunaren maitasunian ta Eleizaren serbitzari bezela.

        4. Eta au, esaguturik zeruko argiarekiñ, zeñ ederra zan Jaunaren begietarako arimako garbitasuna eta eman nairik al zuan indar guziekiñ biotzeko esker ona bere Egille Santuari, biotz guztia erretzen zeukala Jaungoikuarentzako maitasun santuaren sugarrean, asmatu zuan, Jaunaren maitasuna onratzeagatik, ez beñ ere gizonen maitasunik esagutzea; asmatu zuan, bere gorputzaren beti betiko garbitasuna; emakumea ezpalitz bezela, arima ta gorputz, aingeru baten gisara bizi izatea: obeto aditu dezazuten Birjiña izatea, jaio zan bezela, bere bizitza guztian.

        O n. k.! Ikusi zazue ondotxo asmo eder onen pintasuna. Maria Santa Israelen jaio ta bizi zan, eta nola Israelgo jentia Mesias etorri biar zuanaren zai zegoan, orregatik erri artan zan gauzarik errukarri ta gorrotozkoena Ama ez izatea. Ondo zekian Mariak bere erritarren pensamentua, ondo zekian munduak errukituko zuela, bere erriko jenteak gorrotatuko zutela, baña baita ere Jaungoikoaren aurrian ondo begiratua izango zala bere asmoa ta eskeintza, eta munduari edo Jaungoikoari gusto eman biar zaionian Mariak estauka dudarik: eztauka munduaren ajolarik; Jaungoiko maitiarentzat dena da gutxi ta urrija, O k. m! Etzan orduraño Jaungoiko Egiazkoaren Altara aurrean onelako eskeintza ederrik ikusi, etzan orduraño garbitasunaren birtuterik ondo esagutu: Mariari tokatzen zitzaion zerurako bide berri au erakustea, eta gerora Mariaren ondoren, juan dira bide berri aingerutar orretatik, jente asko zeruraño, eta an daude Maria garbiaren kortejari garbi ta santu egiñik. Adducentur virgines post eam. Mariak altxatu zuan lenengo munduko loikeri guzien artian batere bildurtu gabe, garbitasuneko birtute ederraren bandera zuria, eta bandera onegana, maitasunez beterik, inguratu dira gero mundu guztitik millaka eta millaka, ainbeste donzella garbi. Adducentur virgines post eam.

        Bai, n. a. Maria da lenengo munduan garbitasuna erakutzi zuana. Beste birtuteak ikasi zitezkean aurrerago emakumiakgandik, baña ez garbitasuna. Zaragandik ikasi zeikean Relijioaganako amodiua, Rebekagandik karidadea, Ester-egandik biotzeko biguntasuna; bañan es kastidadea. Maria da munduan garbitasunaren asiera ta iturburua.

        5. Eta noraño eraman zuan Mariak garbitasunaganako amodiua, erakutziko dizue zuek ondo dakizuen ta nik gaur berriz oroituko dizuedan gertaera onek: Amasei urte bakarrik zeuzkanian, eta bere Nazaretko etxetxoan Jaunari erregutzen zegoala, sartzen da bera zeguan tokira zeruko mandatari zetorren aingeru eder bat, eta esaten dio: «Graziaz betea zera zu, Maria, eta bedeinkatua emakume guztien artian. Sortuko dezu zure erraietan, eta zugandik jaioko da Jaungoikoaren Semia». Ecce concipies in utero etparies filium, et vocabitur Altissimi Filius. Maria gelditzen da bildurtasunez mututurikan eta eztu itz bat erantzuten: mututurik bildurrez, ez bakarrik Jaungoikoaren Ama izatearen anditasunagatik, baita era askozaz geiago pentsatzen zualako galdu biar zuala bere begiak baño maiteago zuan garbitasun ederra. Ah! Jarri itzatzue beste lurreko emakumiak Mariaren lekuan, esan zaiezue errege baten gurasuak izango dirala, eta emakumerik geienak utziko due beren donzellatasuna. Geitu zaiezue errege ori mundu guztiaren eta zeruen egillea dala, eta bere guraso dan emakumea izango dala, moduren baten, mundu, zeru ta infernuaren jabea; zeruan dauden Patriarka, Igarle, Justu, Martiri eta donzella guztien erregiña; zeruan dauden aingerurik ederrenak izango dirala bere serbitzari; zeru, lur, ta infernuetan Jaungoikua bakarrik izango dala bera baño geiago, eta ezta geratuko emakume bat bere garbitasunari begiratuko dionik. Bakarrik Maria Santa, ta orregatik berak bakarrik merezi izan zuan Jaungoikuaren Ama izatea.— Ikasi zazue emendik, n. a, zenbaterañokoa zan Mariak garbitasunarentzat zeukan amodiua.

        6. ¿Quomodo flet istud quoniam virum non cognosco? esaten dio askenez Mariak aingeruari. Nola izan leiteke gauza ori gizonik esaguten ezpadet, gorputz ta anima Jaungoikuari eskenita banago? Spiritus Sanctus superveniet in te et virtus Altisimi obumbrabit tibi erantzuten du aingeruak. Eztezu zure garbitasuna galdu biarrik, kontrara, zure garbitasunagatik begiratzen dizu Jaungoikoak amodio neurrigabearekiñ; Espiritu Santua etorriko da zugana eta bere egintza izango da zure erraietan sortu biar duan frutua.

        Eta aingeruaren erantsuera aditzian, orduan bakarrik juaten da Mariaren bildurra, orduan gelditzen da pakean ta deskantzuz bere biotza.

        Mariaren alabak, ikasi zazutela zuen Amagandik. Ezta naikua zuen izenak batzar Santu bateko liburuan ipintzea: alaba onak Amaren gisakuak izan biar due. Izan zaitezte, bada, garbiak Mariaren antzera eta orrela ekarriko dituzue zuen gañera zeruko grazi ta laguntasunak. Emakume garbiak bere arpegi ta izate guztian darama beti anima garbiaren ispillua: garbiak dira egiten dituan begiradak; garbiak ta neurtuak esaten dituan itzak; garbiak bere pausu guztiak, ta bere garbitasun orregatik da zeruarentzat bedeinkagarria, ta baita ere munduarentzat txit onra andiko gauza. (Eztizuet esan nai onekiñ beti Birjiña izan zaiteztela edo moja sartu zaiteztela: a ez!; bide orretatik sartu biar du Jaunak artarako deitzen dionak bakarrik, dei egiazkua dan edo ez ondo ikusita gero, zer egitera dijuan ondo pensatuta gero: esan nai det, Jaunaren lege santua, pensamentuz, itzez ta obraz garbi izateko agintzen duan mandamentua bete biar dezuela ongi, txit ongi, Mariaren alaba onak izateko.)

        7. Eta guazen orain zeruetako erregiña onek erakutzi zigun bigarrengo ejenplu ederra ikustera, instante batean bada ere. Maria, zeruko mandatariak graziaz betea deitu zionian, ta bedeinkatua andre guztien artian; Maria, jakintsuanian Jaungoikuak berak aukeratua zeukala bere Seme Bakarraren Amatzat, etzan batere arrotu: kontrara, umiltasunik andienarekiñ, umiltasunik sakonenarekiñ, erantzuten dio zeruko mandatariari: Ecce ancilla Dómini, fiat mihi secumdum verbum tuum. Ara emen Jaunaren serbitzaria, egin bedi nigan bere borondate santua. N. a: Mariaren umiltasun neurrigabeko au obeto esagutzeko pensatu zazue zein dan mandataria ta zer esaten dion; mandataria ezta lurreko errege batek bialtzen duana; bialtzen du zeru ta lurraren jabiak, errege guztien errege andi ta Altsuak; Jaungoiko santuak; ta Mariari esaten diona ezin leiteke gauza andi ta obeagua izan. Esaten dio graziaz betea dagola, Jaungoiko santua berarekin dagola, bedeinkatua dala bera izan diran ta izango diran emakume guztien artian, Jaungoiko Santuak aukeratu duala jaio diran ta jaioko diran andre guztien artian Jaungoikuaren amatzat: ezta au naikua umiltasunik andiena aspiratzeko, burutik umillena arrotzeko? A ez, entzun ta ikasi ta gorde zuen biotzetan Mariaren erantsuera: Ecce ancilla Dómini... Ara emen...

        8. Baña Jaungoikoaren mandatariak bere aurretik alde egiten duanian, eztu ertengo Mariak kalerik kale, burua jaso ta lerdendurik, eztu esango zeiñ dan bera, eztie eskatuko jentiai sor dioten onorea? Ai ez, Maria an geldituko da bakarrik bere etxetxoan, erreguetan, Jaunari eskerrak ematen! Bañan, umilla bada eta kaleetan ziar juan nai ezpadu ere, ezta jungo aterik ate bere adiskidien etxeetara eta eztie esango zer gertatzen zaion pozez beterik? A, ezta ere! Berak bakarrik gordeko du ixill ixillean gertatzen zaion miraria; eztu nai munduko lora ta intzentzurik; eztio esango itz bat bakarra iñortxori, ez aideai, ez adiskideai, ta ezta ere bere senar maite S. Joseri. O k. zer ejenplua guretzat, ta zenbat ikasi genezakean ejenplu onetatik!

        Eztet oraindik dana esan. Badaki Mariak laster igarri biar zitzaiola ama izango zana, eta orduan bere onore guztia galdu, munduko urruñaren azpian jarri, ta bere gañera ekarri leikeala legearen kastigu gogorra. Eztu orduan itz bat esango bere burua onoretutzeko? Ezta orduan ere; bere onorea Jaunaren eskuetan utzitzen du: bere aldetik naiago du umiltasuna ta mespreziua, naiago du legearen kastigua bera mundu onetako onoreak baño. Esagutzen dezue oraiñ Mariaren umiltasun sakon ta zabala?

        9. Bañan Jaungoiko santuak Ama onoretsua biar zuan, ta Aita zerukoak agertu zion S. Joseri, aingeruaren bitartez, zer mirari gertatzen zan Mariagan, ta aditzen eman zion Mariaren lengusu Isabel-i Maria zala Jaungoikuaren Ama. Eta egun batean, Maria bere lengusua ikustera juan zanean, ertetzen dio onek bidera, eta esaten dio Mariani arpegiz arpegi: ¿Unde hoc mihi, ut veniat mater Domini mei ad me? Nola onoretzen nazu Maria? Nola dator nigana nere Jaungoikuaren Ama? Alperrik gorde du Mariak gerta zitzaion miraria, jakin diote bere ixil mandatua, bota diote arpegira, eta oraintxe bai Mariak agertu biarko duala aingeruak esan ziona, oraintxen bai alabatu ta doanditu biarko duala bere burua. Ara, asten da Maria itz egiten: zer esaten du? Magnificat anima mea Dóminum. Nere animak doanditzen du ta alabatzen du Jaungoikoa. Egia da, Isabel, nere lengusua, Jaungoikuak gauza miragarrizko bat egin duala nerekiñ, fecit mihi magna qui potens est; egia da nere atzetik datozen guztiak bedeinkatua deituko diratela; baña badakizu zergatik? quia respexit umillitatem ancillae suae, ikusi zualako bere serbitzariaren umiltasun ta ezereza.

        10. Ara or, a, Mariak bigarrengo erakusten digun birtute osasungarria, umiltasuna, munduan geien geien falta dan birtutia. Jarraituko bagenduke pausurik pausu Mariaren bizitza, ikusiko ginduzke umiltasunaren agergarri geiago ta esan ditudanak baño ederraguak Jesusen predikazioko denpora ta Jesusen eriotzan batez ere; baña gaur ezin neike dana esan, ta beste aldetik naikua da esan dana ikasi nai bada. Gaurko egunean asko entzuten da, baña gutxi ikasi, gutxi egiñ eta ikastean eta batez ere egitean dago J.K. ipiñi zigun legearen mamiya: beste dana azala ta koskola besterik ezta. Danok dakigu (au, bai, dandanok) gizonak eztaukala zerekiñ arrotu askorik: gaur jaio, biar ill ta etzi lurpean zapalduak gelditzen dirala gizon danak, erregetik asi ta azkenengo morroiraño; bañan, ala ere, ikusten degun gauza da arruak dirala umiak beren laguntxuekiñ itz egiten duenian; arruak mutill gastiak beren ibillera ta jolasetan; arruak gizonak beren eginkizun geienetan; arruak batez ere emakume gastiak beren jantzi berri askotan geiegi apainduekiñ kaleetara edo plazaren erdira ertetzen diranian, aizez ta txorakeriz beren burua bete betea daukatela; beñere oroitu gabe, zerbait badira, Jaungoikuari sor diotela dan dana. Mariak, graziaz betea izanik, ecce ancilla Dómini, erantzuten dio zeruko aingemari; bere munduko alabak, gaste baten itz biguñ gezurrezkoak aditzean, txoratzen dira eta or ibilli oi dira txororik, Jaungoikoarekiñ astuta.

 

aurrekoa hurrengoa