www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PRESENTACIÓN

 

(Zumaya)
1895

 

Audi, filia, et vide et inclina aurem tuam.
(Ps. 44, 12.) Aditu zazu, alaba, ikusi ta entzun zazu ondo.
(Berrogetalaugarren salmo ta amabigarren bersotik artutako itzak)

 

        N. a. m.: Zer festa eder ta mesedezkoa gaur ospatzen degun festa gozoa! Erten degu gure kapillatxotik prozeziuan, ta kaleetatik ziar etorri gera parroki santura errosariua kantatuaz Mariaren irudi txikitxo bat erdian dakargula. Aurretik, ekarri ditugu, beste prozeziuetan ikusten eztan bezela, beren pausoa ezin ondo bota duen umetxoak; bigarrengo mallan etorri dira amar amabi urtekuak, argi geiago daukaten neskak, eta askenerontz gaste jente asitxuena. Zertarako da festa au? Denak oroi dezaten, lurrean lenengo pausuak ematen dituenetatik asi ta mundu orren erdian laster sartu biar duteneraño, denak oroi dezaten gaurko egunean Maria Santak ematen digun ejenploa.— Txit da gozoa umien lenengo iskuntza Mariaganako oraziua izatea; txit da ederra umetxoai erakustea Maria zeruetako erregiñ bedeinkatuak bere lenengo pausuak eleiz bidean eman zituala; txit da osasungarria, neskatxoak, arrasoiaren argia beren buruetan sartzen dan orduan, gauza guztiak esagutzen asten diranean, jakin dezatela, sasoi orretarako Maria, emakumerik argiena, Tenploan bizi zala; txit gauza ona da, asitxuenak, munduan sartu biar duen egunetan, jakin dezatela munduak gastetasunarentzat dauzkan perilletatik iges egin zuala Maria Santak.

        Gure irudimena lenengo jotzen duan gertaera, pausu ta pensamentuak an gelditzen dira betiko eta egiten due gero biotzaren erdian kabi bat: lenengo gertaera, pausu ta pensamentuak okerrak izaten badira, kabi orretatik okerkeri askok ertengo du gero bizitza guztian gure arimaren ondamen diralako: lenengo gertaera, pausu ta pensamentuak onak izan badira, kabi orretatik gauza on askok erten biar du gure animaren osasunerako. A juventute tua excipe doctrinam et usque ad canos invenies. Ikasi zazu gastetan gauza ona eta oroituko dezu sartzan ere, dio E. Santuak.

        Orregatik esan det dala eder ta mesedezkoa gure gaurko festa, bada festa au da bizitza gustirako oroimengarri on bat.— Ume abek eztira beti ume izango; asiko dira ta biziko dira munduan; gordeko due biotzaren erdian gaurko festaren oroimena; menturaz abetatik asko guraso izango dira; erakutziko diote beren ondorenguai berak ikasi duten jarraibidia, ta apainduko ditue beren alabatxoak berak ainbeste pozez beterik festa onetarako apaintzen ziran bezela. Gaur ikasi ta biar erakutzi: kate andi bat egiñ biar degu Relijio santua pistu ta indartuko duen gauza guztiekiñ; kate lodi bat beñere puskatuko eztana; kate luze bat gu ilda gero ere iraungo duana animen onerako.

        Gaurko festa kristauen eskoletatik kanpora illunian ta astuta bezela pasatzen da; bañan jakiñ zazute, a., eztala badaezpadako festa. Gogoratzen zaigu egun onetan, Maria, gure Ama txit santa, iru urte bakarrik zituanian, utzirik etxea, gurasuak, aideak ta laguntxo guziak, juan zala Jerusalengo Tenplora eskeintzera bere jaungoikuari bere biotz ta izate guztia, eta an bizi izatera Jaunaren maitasunian ta Eleiza santuaren serbitzari bezela.

        Ikusi dezagun, n. a., zeiñ eskeintzari andia dan Mariarena ta ikasi dezagun guk ere Mariaren ejenpluarekiñ zerbait eskeintzen gure Jaunari.

        Lagundu zadazue, n. k., onetarako biar dedan grazia Jaungoiko gure Jaunagandik jaristen, eta eskatu zaiogun Mariaren bitartez esanaz Abe Maria bana.

        Audi etc.

        1. N. a. m.: Maria gure Ama santak, iru urte bakarrik zituala Jerusalengo Tenplora juan zanian an erten gabe gelditzeko, egin zion Aita Jaungoikuari gorputz ta arimaren eskeintzari eder bat. Gorputzaren aldetik bere bost sentzunak eman zizkon Jaun Egilleari, bada Tenploan sartu zanetik aurrera Mariaren begiak ziran Jaungoikozko gauzak ikusteko bakarrik; bere belarriak' zeruko dotriña maitagarria ikasteko; bere mingaña' Jaungoiko santua bedeinkatzeko; bere sudurra' Eleizako intzentsuaren usai gozoa aditzeko; bere oñak' Eleiz barruan erabilteko; ta bere eskuak' Altara Santurako biar ziran gauzak garbitu, josi ta apaintzeko. Animaren aldetik' almen guziak Jaungoikuagan zeuzkan. Bere adimen argitsua gozatzen zan Jaunaren andi izate, aberastasun, ontasun ta gizonarentzat zuan errukitasun neurrigabea pensatzen; bere oroimenarekiñ gogoratzen zituan Jaungoikuak gizonari egin biar zizkon mesediak; bere borondateak, borondate andi, zintzo ta beñere okertu etzanak, opa zuan Jaunarekiñ beti egotea, Jaungoikoa beti maitatzea oso osuan ta biotz guziarekiñ, beñere opa gabe beste munduko gozamenik.

        Ara nolakua dan, n. k., Mariak Egilleari egiñ dion eskeintza ederra, gorputzeko sentzun guziena, arimako oroimen, entendimentu ta borondate osoarena. Berak daki ondotxo begirada gaisto bat izan leitekiala animaren galgarria, eta orregatik gordeko ditu ondo bere begiak: oculos semper defixos tenuit, nisi dum oraret; berak daki ondotxo aditzen dan esakera gaizto batek benenotu lezakeala anima, eta orregatik, S. Lukasek esaten duanez, etzan sartzen Maria espirituko jardunetan ezpada, eta jardun oietan ikasten zuana gordetzen zuan bere biotzean betiko, conservabat omnia haec in corde suo; berak daki ondotxo, mingaña geiegi erabiltean, karidade santuaren kontra pekatu asko egiten dirala, eta orregatik bizi izan zan isiltasun andi ta ejenplugarrizko batean, et vox penitus non audiebatur; itz batean esateko, berak daki Jaungoikuak pausu guztiak ikusten dituala, anima ere gorputza bezela berdiñ ikusten duala, ta orregatik ematen ditu pausu ondo neurtuak; orregatik dijoa Tenplora ta orregatik darabill anima ah garbi Jaungoiko maiteari gusto emateagatik. Tota pulcra...

        Baña nola daki Mariak orrenbeste iru urte bakarrik dituala? Guk, n. a., nola jaio geran gure lenengo gurasuaren jatorrizko pekatuan, nola jaio geran argi gutxi buruan degula ta borondate okerra biotzean, eztegu esagutuko biar bezela Mariak, añ gastetatikan, Jaungoikuaganako zeukan borondate ona. Baña bai, esagutuko degu, oroitzen bagera Mariak etzuala jatorrizko pekaturik, Maria Santa sortua izan zala ta jaiua txit garbi ta zeruko graziaz ta aberastasunez apaiñdua; Maria zala santu guziak baño, Adan lenengo gurasua baño geiago, bada Adan gizonen guraso bada, Maria da Jaungoikuaren amatzat aukeratua, ta baita ere gizonen ama Jesusek kurutze gañetik titulo ori eman zion eskeroan.

        2. Bai, n. a., Maria txit santa jaio zan zeruko apainduriz betea; umetxoa zala juan zan Jerusalengo Tenplora apainduri abek gorde ta geitziagatik; gaste gastetatikan lurreko gauzai begiratu gabe igo zan zerurontz birtute eder askoren ego txuriak zabaldurik... eta gu, alegiñ guztiak egiñ da ere, ezgera iñoiz goi artaraño jasoko; baña (eta emen euki kontu) guk ere zerbait egiñ genezake animako ondasunak akiatzeko, eta akiatu eskero ez galtzeko; guk ere jaso genezake biotza lurretik gora, bada Jaungoikuak onetarako laguntzen digu; Jaungoikuak emandako gorputzaren sentzunak gastatu giñaizke Jaunaren onran; gure pensamentua erabilli giñaike Jaungoikuaren andiizate, aberastasun ta guretzat duan errukia pensatzen; gure irudimena Jaunak egin dizkigun mesedeak gogoratzen; gure borondatea, lurrean arrastaka erabilli gabe, piska bat gorago jaso, ta gure betiko bizileku dan zerua ta Jaungoiko Santu maitagarria indar guziekiñ maitatzen.

        Eta orretara dijuaz mojatxo aben lanbide, jardun ta arrastaka guztiak. Beren mende ta eskubidearen azpian utzitzen dituen umetxoai' erakusten diete zeñek eta zertarako eman zizten gorputzaren sentzunak ta arimaren almenak; zer ikusi biar duen ta zer ez; zer aditu biar duen ta zer aditu biar eztan; nundik da nora ibilli bear duen; zer pensatu, zer oroitu ta zer desiatu biar duen Jaungoikua ez ofenditzeko. Maria bere borondatez Tenplora bezela, gurasuen borondateak ekarri ditu gaste abek Zumaiako ikaslekura (ikastegira) eta emen? ikasten ditue milla kontu osasungarrizko. Ah! Ta zer gauza ona dan jakitea gure lenengo urtietatik zeñi sor diogun daukagun guztia geiegi arrotu eskaitezen; batez ere emakumientzat, zer gauza ona dan jakitea, beren gorputzak ederki apainduta, or ziar beren buruak botatzen dituenean, ibilli ez deitezen ekaitz tartean itxasoaren erdian belak eta lema galdu dituan ontziya bezela! A! Zeñ ona dan gasterik ikastea gure irudimen, entendimentu ta borondatea zertarako emanak diran, erabilli eztaiguzan gero nundik ta noranai gure anima guztia pekatu matasa zarrez josi josia ipintzeraño!

        3. Bañan utzi ditzagun kontu abek ta ikusi dezagun obeto Mariaren eskeintza ta borondate ona. Eman zizkon Jaunari gorputzeko sentiduak ta arimako almenak; eman zion biotz guztia; bañan ainbesteraño maitatzen zuan Mariak bere Egillea eze, etzan betetzen Jaunari eman zionakiñ, eziñ zan ase biotzaren erdian zeukan maitasunezko gose-egarria, ta geiago eman nai zion Jaungoikuari. Baña, zer geiago emango zion bere izate guztia baño? O! Maitasunak asmo ugariak ditu, ta Mariaren maitasunak asmatu zuan orduraño munduan aditu etzan gauza bat, orduko munduak geien gorrotatzen zuan gauza: asmatu zuan Jaunaren maitasuna onratzeagatik ez beñere gizonen maitasunik esagutzea; asmatu zuan bere gorputzaren beti-betiko garbitasuna; emakumea ezpalitz bezela arima ta gorputz aingeru baten gisara bizi izatea: obeto aditu dezazuten, Birjiña izatea bere bizitza guztian. O, kristauak, ordurarte etzan onelako eskeintzarik ikusi Jaunaren Altara aurrean; ordurañoko gizon ta emakumeak gizon ta emakume onak izatearekiñ asetzen ziran; baña egun orretatik' aurrera Mariak ireki zuan bide berri aingerutar onetatik asko jun dira zeruraño, eta an daude Maria garbiaren kortejari garbi ta santu egiñik.

        (Mariak Jaunaren maitasunagatik asmatu zuan estadu berri au ezta danentzakua; bakarrik sartu biar du bide orretatikan Jaungoikuak artarako deitzen dionak, dei egiazkoa dan edo ez ondo ikusita gero, zer egitera dijuan ondo pensatu ta gero; bañan danentzakua da, bakoitzak bere estaduan gorde biar duan garbitasuna, danentzako da ez pensamentuz, ez itzez ta ez obraz Jauna beñere ofenditzeko esaten duan legea: ez astu, k.)

        4. Maria bizi izan zan Jerusalengo Tenplo santuan beste estadu bat artu bear zuan artean; beti Jaungoiko maitiaren isilmandatuak entzuten, beti umilltasunian, beti biotzetik erregutzen, beti maitasunezko sugarretan erretzen; eta gure Jaungoiko gauza uts batzuekgatik zerua ematen digunak, aberastu zuan Mariaren anima geiago ta geiago oraindik, ezin esan besteraño, oso neurrigabean; eta Tenplo artatik erten zanean, legeak etziolako utzitzen denpora geiagoan egoten, erten zan, ez munduaren erdira, ezpada Nazaretko etxetxora, eta an jarraitu zion Tenploan ikasi zuan bizitzari, an izan zan, Tenploan bezela, isilkorra ta umilla, bakartade ta orazio zalea: etzituan utzi bere birtuteak Eleizan, Tenplotik kanpora berarekin batera eraman zituan beti beti biotzaren erdian gordetzeko.

        Berarekin batean! Bai, n. k., birtuteak eztira onelako ta orrelako tokian bakarrik billatzen diranak, bakoitzarentzat dira eta denok billatu giñaizke edozeñ tokitan ta edozeñ estadutan, benetan nai izan eskero. Ara emen zer falta dan: nai izatea. Egia da, guk, gurez bakarrik, ezin giñaike ezer egin Jaunaren laguntasun ta grazia gabe; bañan Jaunak denori laguntzen digu bere graziarekiñ. Jaungoikuaren grazia da eguskiaren argi errañua bezela: eguskiak argi egiten du Franzian ta Españian berdiñ: eguskiak argi egiten dio itxasoan dijuan mariñelari ta mendian dabillen artsaiari: eguskiaren errañua sartzen da Eleizan, konbentuan, Erregien jauregietan ta zuen etxietan. Orrela da Jaunaren grazia ere, Jaunaren grazia toki guztietan daukagu: gertzatzen dana da batzuek eztirala oroitzen grazia orrekiñ, ta beste batzuek abegi on bat egiñik beren animetan gordetzen duela.

        Onela gorde zuan Mariak Eleizan ta kanpoan, onela geitu zuan geiago ta geiago, ainbesteraño eze merezi izan zuan Jaungoikoaren mandatariak deitu zezaiola graziaz betia, zein dan munduan esan diran alabanzarik andiena. Dabid bati esan zion Jaungoikuak bere biotzaren gisako gizona zala, vir secundum cor Dei; Magdalena bati esan zion asko maitatzen zualako pekatuak parkatzen zizkola, remituntur tibi peccata tua quia dilexisti multum; S. Juan Bautista bati esan zion «gizon jaio ziranen artian andiena zala»; baña Dabidek pekatu egin zuan, Magdalena Jerusalengo eskandalua izan zan, S. Juan B.ta gauza utsa zan Mariaren onduan; eta zerutik lurrera jetxi zan aingeru mandatariak, emakume miragarrizko onen aurrian, asten du bere mandatua esanaz: Abe Maria, graziaz betia. Atera zazue emetik kontu zenbat balio duan Jaunaren graziak ta nola saritu zion Jaunak Mariak berari Eleizan egin zion eskeintza ederra.

        5. Eta oraiñ Maria graziaz betia bazegoan, bada, zeruko aingeruak esan zionez, etzeukan geiago grazia bearrik, graziaz aseta egongo zan ta etzuan geiago ezertxo ere egingo grazia geiago akiatzeko? A! ez; Mariak eztu instante bat bakarra galduko bere bizitza luzian, egingo du alegiña arimako aberastasunak geitatzeko, Jaunarekiñ adiskidetasun andia geiago estutzeko; irurogeita amaika urtean biziko da, baña zazpi milla urtean biziko balitz ere, berdiñ berdiñean egingo luke lana anima graziaz geiago aberastzeko.

        A zer ejenplua guretzat, n. a! Maria grazian ta apainduri ugarietan jaio zana; zeruak graziaz betia deitu diona, gratia plena; M., lurreko santu guztiak ta zeruko aingeru danak baño milla bidar aberatsagoa... beti animako aberastasunen billa, eta gu, pekatuan jaiuak, pekatuan bizi izan geranak, animaren ajolarik gabe, gorputzaren ajola geiegian! Ez gera lotsatzen, a., ez gera bildurtzen sentzungabekeri onekiñ? Beñere pekaturik eziñ egiñ bageinke bezela, arimako etsairik ezpagenduke bezela, gabiltza nunnai ta edozeñ sasoitan begiak ta belarriak ondo irikiak ditugula, ta mingañ luzeak esaten duana beñere neurtu gabe... Ez gera lotsatzen, ez gera bildurtzen sentzungabekeri onekiñ? Gastetasuna alperrik galdu dezuen kristauak, oroi zaitezte denporaz, eriotz bildurgarriren atsaparretan erori baño len!

        6. Eta zuk, gure eskola barruan bizi zeran gaste jentea, etzazula denporarik galdu, ikasi zazu Mariaren ejenploarekiñ; ta zuen erri ta etxeetara juaten zeratenian eraman zazue zuekiñ batean birtutezko bizitza ona Mariak Tenplotik kanpora eraman zuan bezela: ez emen utzi bizimodu ona ta Jaunaren grazia, bada falta andia egingo dizue lurrean igaro biar dituzuen egunetan. Jaungoikoak ta M. S. gorde zaitzatela mundu orretan billatuko dituzuen arimako etsai tartean.

        Zuek, berriz, erri onetako neskatxoak, kanpai soñua aditzean eskolara juaten zeratenak, egin zazue egunoro eskolara juateko sakrifizioa, M. Tenploan egin zuana bezela; bada zuek eskolan egongo zerate onduen, eskolan ikasiko dituzue gero falta egingo dizuen gauzatxo asko. Eta eskola barruan audite filiae, entzun ikasteko gogo onarekiñ zuen erakusleak esaten dizuena: et videte, ikusi ondo ta ikasi biar diran gauza on gustiak, eta gero egin bizitza guztian oraiñ ikasi dezuena.

        Aditzen zaudeten gurasuak, milla bidar esaten dezuenak zuen denporan añbeste gauza on erakutzi balitz mesede andiak izango zinduztela, munduan bizi izateko argi geiago izango zinduela, etziñatela añ motzak izango, zuen alabatxoen onagatik egin zazue zuek ere eskeñtza bat Jaunari, sakrifizio txiki bat, eta eskolako orduetan lan geitxuago izango badezue ere, bialdu itzazue egunoro zuen alabatxuak eskolara, egunoro, zerren buruan argitasuna ta biotzean jaunaren maitaera sartzeko astija biar da ta denpora; eta ala ere, askotan ezta atxitzen nai dan gustia. Eztiozue dote oberik emango edukazio on bat ikasi eragitea baño. Eztezue nai zuen umeak argiak izan ditezen ta biotz onekuak? Bañan nola orretarako bidean ipintzen ezpadituzue? Erantzungo dirazue eskoletara juaten diranak ere naikua motz ta naikua lotzagabe dirala? Bai, arrasoia dezue, askotan berez bear da doaia; esan det eskoletan ere eztala nai dan guztia atxitzen umiakgandik; baña obiak ta argiaguak dira kalebasterretan edozeñ zabarkeritan dabiltzanak beñere itz on bat aditu gabe? Ai, ez, esagun izaten da zeñ dijuan egunero eskolara, zeñ dijuan noizian beñ, ta zeñ batere juaten eztan. Esagun kalian, esagun etxian, esagun Eleizan (konfesonariuan), esagun orain, ta geruago ta esagunago. Kristau gurasuak, zuen umien onagatik, Jaunaren izenian, Jaunaren aurrian kontu eman biar gutxiago izan dezazuen, egunoro umiak eskolara.

        Azkenez, zuek, aingeruen arpegidun umetxo laztanak, munduko ekaitz galgarriak jo etzaituen lore bigunak, konzienzia txuri-garbi-ederreko ume bedeinkatuak, alkarganatu itzatzue zuen eskutxuak ta erregutu Ama Santari gorde zaiteztela beti aingeru, orain, gero ta eriotzako orduan. Erregutu gugatik ere denok salba gaitezen.

        Bai, Ama maitea, salba gaitezela denok: ume abek ta ume eztiranak aprobetxa dezatela eskolako denpora, jarrai dezatela gero gaur ikasten duena, bizi ditezela kristau onen gisara, bizitza au amaitzian erori ditezen zure besuen erdian betiko zorionerako, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa