www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

(INMACULADA)

 

De qua natus est .Jesus, qui vocatur Christus.
Beragandik jaio zan Jesus, Kristo deritzaiona.
(Mateo Santuaren Ebanjelioko 5 garren
irakurburutik artutako itzak.)

 

        N. a. m.: Andia da Jaungoikoak gizonarentzat daukan errukia. Erruki orrek jantzi eragin zion gizonaren jaskera argala, erruki orregatik negar egin zuan lurrean, beti negarrez dabillen gizonarekiñ batera, erruki orregatik egin zuan Jesusek bere burua umeakiñ ume, gizonakiñ gizon, langilleakiñ langille, arrantzaleakiñ arrantzale, beartsuakiñ beartsu; erruki orregatik izan zan Jaungoikoa gaixuen artean sendatzalle, ezjakiñen artean erakusle, jakintsuen artean jakintsu, zeruko jakituria erakusteko; erruki orregatik artu zuan bere gañean gizonak egundaño ordaindu ezin zezakean sorra; erruki orregatik illtzan ta ereki zizkon gizonari zoriontasuneko ate pozgarriak.

        Andia da bada Jaunaren errukia, ta era berean da andia Jaungoiko santu orren eskubidea. Berak sortu zituan ezerezetik eta itz bat bakarra esanaz, zeruak eta lurra, aingeruak eta gizona, mendiak eta itxasoa, uretan ta legorrean ikusten ditugun edertasun guztiak; berak egin ditu neguko edurra ta udaberriko lore apainduak; berak ematen dio argi ta berotasuna eguskiari eta gabari illuntasunaren estalki beltza; (berak dauzka aidean goi eder, urdiñ ta izartsuak;) bere besoaren indarrak botatzen du odeietatik tximista gori kiskalkorra; berak ematen dio ais eta olatuari arnasa andiko orrua bildurgarrizkoa; berak ondatu lezakez umetso batean gizonaren egitadarik sendoenak; berak ondatu lezake lurbira guztia ta bere nai izatearekiñ bakarrik lurbira, eguski ta izar berriak sortu.

        Egun doetsu batean, berez ta betikotasunetik añ errukior ta eskubidetsua dan Jaungoiko ori errukitu zan gizonarekiñ ta zoriontasunaren jauregitik gizonen artera etortzea erabaki zuan deabruaren mendetiko gizona ateratzeko. Ta lurbiraren asieran faciamus hominem ad imaginem et similitudinem nostram esantzuen bezela, faciamus Matrem, esaten du, ad imaginem et similitudinem nostram; egin dezatan Ama bat neretzat eta nere irudira; sortu bedi garbia, nere garbitasunari dagokion antzera, gizonen jatorrizko gaistakeri gabe; eztezaiola orbanaren kereizak ere ikutu; iñok izan ez dituan ta izango ez dituan edertasunik andieneki jantzia izan dedilla, animako aberastasunez neurrigabe apaindua, nere eskuetatik erten duan izaterik aberatzena. Ta orduan, egun argia datorrenean gabak igez egiten duan bezela, jatorrizko gaistakeriak igez egin zuan infernuko leize zuloetaraiño, ta sortu zan Maria, zeru ta lurra atsegiñez beteaz, garbien artean garbiena, ederren artean ederrena, maitagarrien artean maitagarriena.

        Au da, n. a., gaurko egunean Eleiza santak gogoratzen digun jai ederra. Baña eztezala inork esan Mariarentzat bakarrik dala Jaungoikoa emalle ugari ta ona, ta ez beste Adanen ondorengoentzat. Egia da Mariari Jaungoikoak, bere Amari zegokion bezela beste Adanen ondorengo guztiai baño animako aberastasun ugariagoak eman ziozkala, baiña baita ere egia da ta gaurko jaian gogoratu bear degu jaio ta laster asko, kristau guztiok garbitu genduzala bataio santuan, danok apaindu genduzala zerurako bear dan jaskera garbiarekiñ, danok artu genduzala bere besoetan seme alaba maiteak bezela; egia da animako ondasunetan desberdintasun andia dagola Mariagandik gugana, baiño baita ere Mariak eraman zuan bizitzatik guk daramagun bizitzara. Jaungoikoaren ontasunak guztioi eman digu bere irudira sortu duan anima, guztioi begiratu digu errukiz, ta guztientzat jarri du bere Amarentzat etzuan sakramentu bat, autorrera edo konfesioko sakramentua, bein, bi aldiz, amar aldiz, milla aldiz gure animak garbitu ditzagun. Geu gera animako garbitasuna loitzen dogunak, geu gera animako aberastasunak edozeñen oiñetatara botatzen ditugunak; geu gera gure animaren ondatzailleak.

        Eta gure egite gaisto orretatik aldendu gaitezen, nai nikizue artzalde onetan erakutzi guere anima ederra, garbi erabiltzetik datorzkigun mesedeak eta gaistakeri edo pekatutik geuk geure buruari ekartzen diozkagun kalteak. Ara emen, nere itzaldiaren gaia.

        Auspeztu gaitezen lenengo Mariaren oiñetan, ta eskatu zaiogun denok bere bitartez Aita Jaungoikoari lanbide onetarako bear detan argi ta laguntasuna, oitura dan bezela zeruetako erregiña oni Agur Maria esanaz.

        De qua natus, etc.

        N. a. m: Antziñetatik esaten dan gogamen batek dio, eztuala iñork ematen eztaukan gauzarik, eta denok dakigun egia andi, zuzen ta ziurra bada Jaungoikoak egin, eman ta zabaldu dituala zeru, lur ta gizonen arteko edertasun danak, egiaz esango degu Jaungoikoa dala edertasun danak, egiaz esango degu Jaungoikoa dala edertasun guztien asiera ta iturburua; Jaungoikoa dala guk ames egin genezakean izaterik ederrena baiño askozaz ederragoa; edertasuna bera. Gogoratu zaitezte oraiñ Jaungoikoak egiñ genduzala gu bere irudira, faciamus hominem ad imaginem et similitudinem nostram, guk bakoitzak daukagula anima bat Jaungoiko santu orren antzera sortua, bataio santuan garbi ta apain ta zeruko argiz beterik jarri zitzaiguna; ta esan zadazute anima garbia baiño gauza ederragorik ote dan lurrean.

        Ez, n. a. m. eztago gauza ederragorik: eta orregatik Santa Katalina batek esaten zuan, anima garbia aiñ zala ederra eze, bein ikusiko bagenu pozik emango gendukeala gorputzaren bizitza, animakoa ez galtzeagatik. Aiñ da ederra eze, zeruko aingeruak lurrera begiratzean eztue beste gauza onik lurrean billatzen anima garbiak baizik, eta emen jaiotzen diran umetxoakatik askotan esaten dana, esango dute: bere Aita ederraren itxura du, Aita Jaungoikoaren itxura. Aiñ da ederra eze deabruak infernutik lurrera begiratzean ondamuz edo inbidiaz anima garbia ikusten du gauzarik onena bezela ta gorrotozko itzakiñ esaten du: bai, bere Aitaren itxurakoa da, baiña nik galduko det, al badet, nik kenduko diot bere Aitaren itxura ederra. Aitaren kontra ezin daiket ezer, alabaren kontra saiatuko naiz. Eta saiatzen da ta askotan, txit askotan, kentzen dizka animari bere edertasun guztiak, eta alperrik galtzen du Jaungoikoaren irudia. Sicut fluit cera a facie ignis, esaten digu Dabidek, sic pereunt peccatores: argizariz egindako irudi bat sutan urtutzen dan bezela orrela urtutzen da griña gaistoen sutan Jaungoikoaren irudia; ta len aiñ eder zana gelditzen da gauzarik itsusi ta naskagarriena bezela: corruptio optimi pessima. Ori da lenengo pekatuan dakarren kaltea.

        N. a. gasteak: Nik badakit oso apainduri zaleak, oso ederzaleak zeratela, eta askok eder izateagatik edozer gauza egingo zendukezutela. Baiña jakin zazute: gorputzeko edertasuna eztala ezer, azaleko edertasuna baiño besterik eztala, bada emakumerik ederrenari arpegiko azala kentzen badiozute, berialasen geldituko da oso itxusi. Egiazko ederzaleak bazerate bada, maitatu zazute gauzarik ederrena, maitatu zazute zuen anima, zaintu zazute zuen anima ta erabilli zazute garbi. Orrela egin zuan Ama Mariak: ederra zan gorputzez ere, zuek baiño milla aldiz ederragoa; baiña animako edertasuna zuan maite ta edertasun ori zaintu zuan egiazko edertasuna zalako, betikotasun guztian iraungo zion edertasuna zalako, jaun maitearen irudiko edertasuna zalako.

        2. Guazen aurrera, ta esan dezagun eztuela ezertxo ere Jaungoikoaren aurrean balio pekatuan dagoanak egiten dituan gauza on guztiak; eta kontrara, txit asko balio dutela anima garbiarekin dagoanaren egintzak. Errez ulertu dezakegun gogamena da au. Etxeko seme on maite baten itza, naizta motela izan, bere ibIllera, bere arrena, bere irribarria, dana izaten da ona Aitarentzat; baiña Aitaren agindurik bete nai ezpadu, bere burua kanpokotzat egiten badu, bere Aitaren irudia ezereztzat euki ta saldu badu, Aitak emandako ondasun guztiak Aitaren etsaiari eman badiozka, seme orren egitadeak ezin litezke izan Aitaren gogokoak. Gure Jaun Santuak hebreotarrai eman zien lege bat, esanaz, iñork, aien artean oitura zan bezela, morroiren bat erosten bazuan, zazpi urte morroitzan egin da gero, askatu zezatela morroia; baiño morroitzako urtietan jaio zitzaizkon umeak, nagusiarentzat izan zitezala. Liberi ejus erunt Domini sui, psi vero exibunt cum vestibus suis; eta au da anima galduarekiñ gertatzen danaren irudi egoki bat; bada anima galduak bere burua deabruari saltzen dio, uskeri bategatik, jolas gaisto bategatik, dantza zikiñ bategatik, eta gelditzen da deabruaren mendean, S. Joanek dion bezela, qui facit peccatum servus est peccati; ta deabruaren mendean dagoala egiten dituen erregu, badaur ta beste gauza onak eztira ezer Jaungoikoarentzat, gaizki jaioak dira denak, denak jaiotzen dira ilda: Asia galdua badago, alperrik da lurpean sartzea; arbola bat txarra bada, txarra izango da bere alort edo frutua, aita gaixorik badago, gaixorik ertengo du bere semeak; eta pekataria asi galdua da, arbola txarra gaixorik dagoan aita. Baiño beste aldetik Jaungoikoaren adiskidetasunean dagoan anima garbiak egiten dituan gauza onak, guztiak izaten dira zindoak, guztiak Jaunaren gogokoak, gustiak osasungarriak, guztiak anima geiago ta geiago aberastutzen diotenak. Onelakoak izan ziran Ama Maria txit Garbiaren egintzak, eta orregaitik geitu zuan ainbesteraño bere animako aberastasuna: asko eman zion Jaungoikoak bere sorreran, asko irabazi zuan bere bizitzan.

        3. Baita ere da kaltegarria pekatua, anima Jaungoikoagandik oso aldentzen dualako. Gure lenengo guraso Adanek bere pekatua egin zuanean, Jaungoikoaren bildurrez igesi baso batean eskutatu zuan bere burua. Ta orduan Jaun Egille Santua itz soiñurik bigun, gozo, ta eztienarekiñ asi zitzaion deadarka: Adan, ubi es? Adan, nun zaude? Bazekian ondo Jaungoikoak nun zegoan Adan errukarria, baiño nai zuan adierazi gaistakeriak eraman zuala beragandik urruti, ta au zan bere galdearekiñ esan nai ziona: Ai! Adan, lenago zeruaren urrian bizi ziñan, gaur infernuaren ondoan; lenago nere begietako ninia bezela ziñan, gaur gauza naskagarri bat egiñik ikusten zaitut; lenago nere biotzaren barruan zeunden, gaur bere aurretik iges egiten dirazu. Beti Jaunaren kontra pekatu egiten duen animak Ebanjelioko seme galduak bezela urrutiera iges egiten due, in regionem longinquam; ta ala ta guziz ere aiñ da ona Jaungoikoa, ain da errukitsua eze, etxeko atarian gelditzen da guri deiezka, besoak zabalik gelditzen da, urrutiko errietan gosetea billazen dutenean, animako goseak etxera ekarriko ditualakoan.

        Baiña, ai! ezta beti zai egoten. Betetzen zaizka errukiaren neurriak, eta bat batera sartzen da izugarrizko aserrean. Etortzen da egun bat, denori etorriko zaigun egun larria usterik gutxien danean qua hora non putatis, eta orduan deitzen digu Jaungoikoak, ez Aita bezela ezpada gauza guztien Jabe ta Jaun eskubidetsua bezela, ta orduan juan bear izaten degu Beragana nai ta nai ez. Mateo Santuak erakusten digu amar emakume, amar neska gasteri gertatu zitzaiena. Bost ziran zintzo ta argiak eta beste bostak erokerietan bizi ziran. Etorri zitzaien Jaunaren deia, ta bost emakume zintzoak sartu ziran Jaunaren atzetik betiko zorionera. Erokerian bizi ziran bostak illunpean zeuden animako argi gabe, ta asi ziran argiak pistu naian; baiño etzan izan astirik: argiak pistu orduko Jaunak ateak itxi zituan. Alperrik deadar egin zioten esanaz: Domine, Domine, aperi nobis. Jauna, Jauna, ereki zaiguzu. Badakizute Jaunaren erantzuera? Nescio vos: etzaituztet esagutzen. Baña Jauna, eztituzu esagutzen zeuk zure irudira sortutako animak? Ez, eztaukazue nere irudirik: argia naiz ni, ego sum lux, eta nereak argitan bizi dira; zuek ilunpean zeundeten, nere etsaia bezela; zuek urrutian bizi izan zerate nerekiñ astuta, ta ni ere astu egiñ naiz, nescio vos. Eztet uste, n. a., gauza arrigarriagorik dagonik Jaungoikoak gu bere seme-alabatzat ez esagutzea baño, ta gerta leikeala bene-benetan siñistatuko bagendu, naikua litzateke gure buruko ille guztiak beriala zuritzeko.

        Etzaie orrelakorik gertatzen Jaunaren adiskidetasunean bizi diran anima garbiai. Maiteak maitearekin egon nai izaten du, ta Jaungoikoa maite dutelako eztira aldentzen egundaño Jaungoikoagandik, eta ezta ere Jaungoikoa bere seme alaba onakgandik. Anima garbi ta ona da illegope Santuaren bizilekua, Irutasun Santuaren Eliza, Jaungoikotasunaren jauregia; ta orrela izan zan batez ere Maria gure Ama. Maria izan da jaiotakoen artean Jaunaren maitalerik andiena, ta orregatik ere, Jaungoikoak lurrera etorri bear zuanean Mariaren erraia garbietan nai izan zuan sortu, eta Maria bere lurreko bizitzan ere Jesusekiñ bat egiñik bizi izan zan eta gaur Jesusekin dago betikotasun gozoetan.

        4. Azkenengo, n. a. m., gaistakeriak bere atzetik dakarren kaltea da beti-betiko zorigaitza. Gauza andia da Jaungoikoak eman dizkigun animako apainduri guztiak eta Jaun santuaren irudia bera griña gaistoan sutan erretzea, txit da mingarria deabruaren mendean morroikintzan bizi bearra ta bitartean egiten ditugun gauza on guztiak alperrik galtzea; oso da txarra Aitaren etxetik urrutian bizi, ta gure etxera biurtu nai degunean gure Aita onak gu ez esagutzea; baiña oraindik ere askozaz da txarrago azkenengo zorigaitza. Ordurarte itxaropen edo esperantza apur bat badago: nere Aita ona da ta parkatu egingo dit, uste izaten da, deabruaren mendetik erten egingo det, eriotzako illuntasuna baiño lenago joango naiz etxera, ta nere Aitak esagutuko nau ta bere besoetan estutuko nau, zerura zuzen joaten ezpanaiz, Garbitokian egonaldi bat egin da ere, sartuko naiz zorionean. Orrelako amesak egiten dituzte lurreko legearen azpian katigatu dauden gizon iltzalleak ere: ba daki, esaten due, nere urkamendia eskatzen duela, nere senide ta lagunak lan andiak egingo ditue nere alde, parkatuko dit bizitza erregek edo erregiñak edo danadalakoak eta katigutegian egon bearra izanarren ez naute urkatuko. Baiño askotan urkamendira joatea gertatzen da, oraintsu Azpeitian gertatu zan bezela, ta orduan dira negarrak, zotiñak, naigabe beltzak eta biotzaren erdiko oñazeak. Ai! Nik eztakit, katigutegitik eriotzarako gizon bat ateratzen duenean, ikusten duanean gizon orrek ol batzuen gañean egur bat, bera itotzeko jarri duen egurra, inguruan gizadi talde andia berari errukiz begira zerura begiratu dezala esaten, joaten zaionean gizon orri bera ito bear duan borrerua, parkatu daiola esaten, nik eztakit gizon orren biotzean zer gertatuko dan ondo esaten: «Ai, eriotzatik ezin iges egin. Ni beste era bateko gizona izan banintz, ai egin nuana egin ezpanuan! Ez nuen gaur nere burua onela ikusiko!». Baño eztakit ondo esaten. Ta ori esaten ezpadakit gutxiago jakingo det, Jaungoikoak bere erabaki zuzena eman ondorean, infernuko urkamendira dijoanaren biotzean zer gertatuko dan. Lurreko urkamendira dijoanak Jaungoikoaren parkazioa izaten du geienetan, infernukora dijoanak eztauka Jaungoikoaren parkaziorik egundaño; lurreko urkamendira dijoanari, farre deabru borreruak; lurreko urkamendira dijoanari danak izaten diote erruki; baña infernura dijoanarentzat eztauka errukirik iñork, ez Jaungoikok, ez aingeruk, ez gizonek, ez deabruk; lurreko urkamendira dijoanak badaki bereala amaituko zaiola bere eriotzako oñazea; infernuko urkamendira dijoanak badaki beti biziko dala iltzen; orduan asten dala egundaño amaituko eztan eriotza.

        Ori da animako ondasunak galdu dituanaren azkenengo zorigaitza. Ta beste aldetik, Jaunaren pakean iltzen diranak, eriotzako ordua datorkiotenean poz-pozik eta pake pakean onela itz egiten dute: «eldu zait nere ordua, ordurik andiena, ordurik onena, ordurik atsegingarriena. Amaitu dira nere Ianak, amaitu dira nere nekeak, betiko zorionaren atarian nago. Ara or goian zeru ederra, neretzat egin du Jaungoikoak, neretzat dauka añ apaindua, nere nekeak zaritzeko Jaungoikoa bera daukat zai. O! Aita zerukoa, laizter naiz zurekiñ betiko zorionean. Atoz zu, eriotza, n. adiskidea; ez nazu ikaratzean: non est amara memoria tua, ezta samiña zure oroimena, gozoa da, pozgarria da: atoz, laztandu nazazu; atoz, ta eraman nazazu nere Aitaren besoetara». Onela iltzan gure Ama Maria, eriotzarik zoragarrienarekin ta eguzkitan egiten duan zillar leundua baño argiagoa, bere anima garbiaren errañuakiñ odei guztiak argitzen zituala, izarrik izar ta eguskirik eguski, igo zan zeruetaraño; ta aingeru ta zerutar guztien ongietorriak artuaz, jarri zan bere Seme Jaungoikoaren onduan zeru ta lurreko erregiña bezela.

        Ikusten dezute orain, zenbat ondasun eman dizuten zueri ere Jaungoikoak? Ikusten dezute, n. a. m, zer ondasun andia dan animako apainduria bataio santuan ta konfesatzen zeratenean ematen zatzuen jantzi garbia ta zenbat kalte dakarren jantzi ori galtzeak? Ikasi dezute, gaistakeria pekatu dala, gaitzik andiena, ta animako apainduria aberastasunik eta edertasunik onena? Ta ori jakinda gero ere, lengo bidetatik ibilliko zerate, zuen animaren ajola gabe? Naiago dezute zuen kolkoan deabruaren irudia erabilli Aita Egille maitearena baiño? Naiagoko dezute Jaunak emandako aberastasunak galdu geiago ta geiago irabastea baño? Naiago dezute Aitaren etxetik urruti bere gorrotoan bizi; bere etxean ta bere adiskidetasunean baiño? Naiago dezute infernurako egur igarrak izan zerurako landara loratsuak baiño? Zeñek itxutu zaituzte orrela? Deabruak, munduak, aragiak? Ta zer emango dizute deabruak betikotasunean? Nola lagunduko dizute munduak Jaunaren aserreko egunean? Zer balio du aragiak iru edo lau urte barru lurpean usteldu bear badu? Mariaren alabak zeratela esango dezute, ta bear bada zuen animak gaistakeriz jantzita dauskatzuela ipiñiko dezue bularraren gañean Maria Garbiaren irudia. A! Ez, etzazute orrelakorik egiñ, etzazute zuen Ama lotsatu; etzaitezte Jaungoikoaren ta zeruko erregiñaren gauzakiñ jolastu. Joan zaitezte nai dezuen tokira, ibilli zaitezte nai dezuen gisara: elizak eta Jaungoikoak eztue ezer galduko; zuek galduko dezute. Baña bildur izan, eriotzako ordua datorkizuenean, Jaungoikoak esango ote dizuen Ebanjelioko neska eroai bezela: nescio vos, etzaituet esagutzen. Elizara etorri bear badezue, etorri Samariako emakumea bezela: J. Kristok gure Jaunak eman zion emakume orri animako egarri ta loikeriak kentzeko ura, ta gero Jesus billatu zuan toki artara joaten zan egunero Jaungoikoak eman zion animako ondasunagatik eskerrak ematera. Zuek ponte orretan, bataio santuan artu zenduen ondasunik andiena, lurreko urre guztiak baiño askozaz geiago dan ondasuna, ta orregatik etorri bear dezue Eleizara Jaungoikoari eskerrak ematera. Egin zazue S. Bizentek berarekiñ konfesatzen ziranei esaten ziotena; urrezko lumarekiñ jarri: «onelako egunetan eman ziran Jaungoikoak bataio santuko jantzi garbia» edo «onelako egunetan konfesatu nintzan ondo, ta geiago ez naiz deabruaren mendean erori». Begira zaiozute zuen Ama Mariari; begiratu dezaiogun denok. Garbia sortu zan, ta ainbesteraño maitetu zuan garbitasuna eze, garbitasun ori galtzea baño naiago izan zuan Jaungoikoaren Ama ez izatea; garbia sortu zan, ta bere bizitza guztian gorde zuan garbitasun ori; diru zalerik itxutuenak bere diruak gordetzen dituan baño askozaz obeto, gure betazalak begiko ninia gordetzen duen baño ere obeto. Eskatu daiogun berari animako garbitasuna.

        O Maria, Jesus errukiorraren Ama errukior ta eskubidetsua! rota pulchra es et macula non est in te. Dana zera ederra ta orbanik eztago zuregan. Zu zera garbitasunaren ispillua, ta zuri begiratzean loiturik billatzen ditugu gure animak: loiturik gure gogamena, loiturik gure biotza; ta guk badakigu eztala gauza loirik zeruetan sartzen. Begira gaitzatzu zure begi errukizko oriekiñ, biraldu zaiguzu zeru goietatik argi errañu gozo bat, garbitu gaitzatzu, edertu gaitzatzu animan, eman zaiguzu garbitasuna maitatzeko gogo sendo bat, zuk bidean utzitako arrastoari jarraiturik iritzi dezagun betiko zoriona. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa