www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Domingo Agirre
1898-1916, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak, Domingo de Aguirre (Sebastian Garcia Trujilloren edizioa). Labayru-BBK, 2000.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGOA

 

Ipsum audite (Aditu zaiozute.)
(S. Mateo apostoluaren itzak, bere ebangeliuaren
17 garren buru ta 5 garren bersotik artuak.)

 

        Zure baimenarekin S. txit Santua: N. a. m: Munduan egia falta da, mundua egi bearrean dago. Zeñ bearra dan lurrean egia jakiteko, eztaukagu ikustea baño gizon guziak maitatzen duela egia (itxuran beintzat), gizon guziak esaten duela berena dala egia. Deserrazoirik andienen alde dabillenak; gauzarik okerrena defenditzen duenak; bere biotza bidegabeko maitasunez gañezka daukaten gizonak; norbere iritziarekin ateratzeagatik justizi guziaren kontra jokatzen duen gizonak; lenengo gezur ondo asmatu gabea esaten duan ume koskorretik asi ta eskola nagusietan panparroikeriz beterik beren dotriña gaistoak erakusten dituen maisuetaraño; istun-eder diranak, gizon jakintsuak, ausilariak, eskribatzalliak, goikoak ta bekuak, denak esango dizue arrotasunik andienenan: «au da egia, nik esaten det egia, nerea da egia». Ah! Esagutzen due esango baluteke, bere biotzetan sentitzen duen gisa menturaz: «nik esaten det gezurra, nerea da gezurra», beren auzia instante artan galduko litzatekeala.

        Bada orduan, esan giñaike, gizon guziak egiaren aldekoak badira, gizon guziak egia badiote, dena da egia munduan? Ah! ez, a. Munduan gezur asko da, txit asko: gezurrak umien artian, gezurrak ezjakiñen artian, gezurrak jakintzuen artean ere. Gizonak askotan eztu erakusten bere barruko pensamentua; gizonak askotan bere biotzeko sentimentuak estalduak agertzen ditu beste gizonen artian: bañan borondaterik onenarekin jokatzen duanian ere gizonak, berez, indar gutxi dauka beti egia billatzeko. Borondaterik onenarekiñ mundu onetako jakiturien billa dabillenean, jakituri oietako bide illunetatik barrura juateko, bakar bakarrik dauka laguntzat Jaungoikuak emandako argi errañotxo bat, arrasoi argala, eta orregatik, batek bakarrik, lurreko jakituri guziak beñere akitzen ez ditu, bere bizitza guzian lanian badago ere; eta bere arrotasun galgarri justuan, Jaungoikoaren dotrina santuko misterioak ikasi ta neurtu nai baditu berriz, ah! orduan sakontasun aien aldemenean, bere arrasoi argalaren argiak lagunduko dio bere izereza ta miseria esagutzeko bakarrik.

        Orregatik ainbeste bidar begitandu zaizka gizonari eztiran gauzak; orregatik mundu onetan maisutzat egon diran jente askok erakutzi ditue gezurrak egi ederraren jaskerarekiñ; orregatik mundua zegoan argi on baten bearrekoa, Jesus gure Jauna, argi guzien argia, lumen de lumine lurrera etorri zanean entendimentu guziak argitzera; orregatik sentitzen zan egia zuzen baten bearra, Jesus maitagarria etorri zanean esanaz: ego sum véritas; orregatik bear zan dotriña egiazkoa erakutziko zuan maisu utzezgarri bat Jesus jakintsua Tabor zeritzaion mendi gañean agertu zanean eguzkia bera baño ederragoa, ta entzun zanean zeru goi gozoetatik erten zuan deadar bat esanaz: Hic est filius meus dilectus in quo mihi bene complacui: ipsum audite.

        Natorkizue, bada, a., gaurko egunean zueri erakutzi naian «denok esagutu bear degula Jesus Maisu bakarra bezela eta gorde bere dotriñak egia bakarra bezela». Bañan nere borondatea andia bada ere, esagutzen det nere adimenaren argaltasuna, eta eskatzen diot argia argi guzien iturburuba dan Jaungoikoari; eskatzen diot egia nere mingañarentzat Egi utza dan Jaungoikoari; ni, gaur, maisu bezela jarririk pulpito santu onetan, eskatzen diot laguntasuna Maisu utzezgarri ta santuari; zeñen dotrina santua zintzo zintzoro erakutzi nai dedan; ta eskatzen diot laguntasun au, zuekin batean, zeruetako erregin amaren bitartez, zeñi esango diogun Abe Maria bana.

        Ipsum audite (S. Mateoren ebangelioan esandako buru ta bersotik artutako itzak.)

        Zure b. Sakramentu tx. S.: N. a. m.: J. gure Jaunagan billatzen ditugu egiazko maisuak bear dituan egokitasunak, zeintzuk diran: lenengo, gaizenda edo titulo (egiazkoa); bigarren, dotrina jakintsuak; ta irugarren aginde bigunak.

        Lenengo esan degu bear dala egiazko tituloa, ta Jesusek badauka. Jaungoiko santuaren jakituri neurrigabea oroimendu gabe ere, billatzen degu Jesusen maisutasuneko tituloa, bera Jaungoiko gauza guzien Egillea izatean. Zeñek, n. a., esagutuko du gauza bat ezerezetik atera zuanak baño obeto? Bada denok dakigun egia bat izanik Jaunak sortu zituala guk ikusten ditugun gauza guziak, zeñ da lurrean, gizonik jakintsuena ta panparroiena bada ere, Jaungoikoari maisutasuneko gaizenda ukatuko diona? Gizon batek gauza bat egiten duanean, ez utzetik, zergatik orretarako eskubiderik eztauka, gauza bat moldatzen duanean edo mundu berriren bat asmatzen duanenan, lo asko galduta bear bada, esaten badu, arrasoiarekin, iñork eztuala gauza ura esagutzen berak bezela, iñork ezin lezakeala berak bezela azaldu ta erabaki, eta ukatzen ezpadiogu gizon orri bere arrasoia, nola ukatu genezake Jaungoiko gauza guziak ezerezetik egin dituanak gauza guzien berri emateko daukan eskubidea?

        Gañera, Irutasun santuko lenengo Personak, Aita Betikoak, berez erakusteko ta mundu guziari legeak emateko eskubidea daukanak, Sinai altuko mendian Moisesi amar aginduetako legea eman zion Jaungoikoak berak, Moises ta Elias-en aurrian, lege zarreko sazerdoteak bezela, ta S. Pedro, S. Juan ta Santiago-ren aurrian, lege berriko eleiz-gizonak bezela, ipiñi zion Jesusen maisutasunari bere sigillua, esanaz Tabor gañean nere sermoiaren gaitzat artu ditudan itzak: hic est filius meus dilectus: ipsum audite.

        Eta maisutasun au esagutu zuen bereala gizon guziak, fededunak ta fede gabeak, Jesusen adiskideak ta Jesusen etsaiak, eta dago izkribatua eskritura santuetan irurogei bidar baño geiagotan; eta maisutasun au (esan biar degu gure arimaren poztasunerako) da utzezgarria, Jaungoikua bera utzezgarria dan bezela; añ modutan eze, S. Pablo apostoluak dion bezela, zeruko aingeru bat jetxiko balitzateke Jesusen erakutzien kontrako dotriña erakustera, aingeruaren dotriña ez litzateke siñistu bearko, ezpada izan biar luke kondenatua. Zeñ da beste maisu bat onelako gaizenda edo titulua daukana? Eztezue iñor esagutzen?

        Bada orduan, legezko Maisu bakarra da Jesus, ta beragandik kanpora eztira Igarle falsuak, maisu falsuak ta jakintsu faltsuak baño, ta maisu faltsu aben dotriña jarraitzen duen erriak ta genteak ekarriko due beren buruen gañera zorigaitza ta ondamendija.

        Gizona izan leiteke beste gizonen maisu? Ai, ez! Esagutzen degunian gure adimenaren argaltasuna, añ erraz okerbidetik juaten dana eta añ gogor defenditzen duana norbere aldeko gezurra; esagutzean gure borondate ustelak daukala araude edo erreglatzat norberari konbeni zaiona bakarrik, aitortu bear degu gizonak ezin lezakeala erakutzi gizonari Jaungoikoagandik datorren dotriña, ezpada ta Jaungoikoak lagundua. Munduan federik izango bada, sentimentu onik izango bada, aginde onik izango bada, naita nai ez bear da gizonen gañetiko aginde jakintsu ta on bat; eta orregatik Lurreko erri guztiak esagutu due beti lege guzien jatorri bat, Jaunaren legia, ta Maisu guztien Maisu bat, Jaungoikua bera.

        2. Bañan Ebangelio santuan añbeste bidar eskribatuta ezpalegoke ere J.K. gure Jaunaren maisutza, mereziko zuan titulo au berak itzez ta obraz erakutzi zituan dotriña goitandi eder ta maitagarriakgatik. Txit sakona ta berria da Jesu Kristok erakusten duan dotriña, zeru ta lurraren jabea izanik estalpe pobretxo baten, ume bat egiñik jaiotzen danean; jakintsua da Jesu Kristoren dotriña, amabi urte zituala, mututurik utzi zituanian lege jakintsu zirañ gizonak; txit goitandia da J.K.ren dotriña Jaungoikoaren misterio sakonen berri ematen asten danian eleizgizon apaizak (sazerdotiak) ya egunero erresatzen degun bezela S. Juanen Ebangeliuan. In principio erat Verbum, et Verbum erat apud Deum, et Deus erat Verbum; eta oso itz gutxirekiñ erakusten duanian gizonaren ezereztasun ta miseria, esanaz: Deus nemo vidit unquam; ez, Jaungoikoa iñork eztu ikusi bere andiizate neurrigabearekiñ; ezta Moisesek ere, ezta Lege zarreko Igarle ta Patriarka guzietatik batek ere, nemo vidit unquam; oso utza da gizona ainbeste anditasun entenditzeko: bakarrik entenditzen du Jaungoikoa Aita Betikoaren Seme Bakarrak, bere izate santuaren erditik sortu zanak, iguskitik argi errañua sortzen dan bezela; Seme Bakarrak ikusi ditu Aita Betikoaren izatean Jaungoikotasunaren aberastasun guziak; eta ikusi ditu ta esagutu ditu, Semea ere, Aita bezela, Jaungoikua dalako.

        Desegokia izango litzateke toki onetarako agertu nai izatea, banaka banaka, Jesusen dotriñak Irutasun Santuaren gañean, bere sortuera maitagarriaren gañean, batez ere S. Juanen Ebanjelioan irakurtzen ditugun bezela; gauza luzia izango litzateke emen banan-banan aitatzia Jesusek eman zizkigun konseju ta aginde biguñ maiteak, Lege berriko liburuetan ikasten diran bezela; baña utzi bear dirazue gelditzen, apur batean bada ere, S. Mateoren Ebangelioko 5-garren buru edo kapituloa ikusten, bada emen dauzkagu zortzi zoriontasunak.

        3. Zoriontasun abek eztaude estaliak itz-jaskera apainduekin, eta eztira ere, eskola nagusietan erakusten diran dotriña batzuek bezela, erriko jente langille ta nekazariak ezin entenditu dituen dotrinak, ez; senzilloak dira egia bezela, bada egia berez da gauza eder ta andia ta eztu batere kanpoko apainduri bearrik; senzilloak dira, bañan esan zadazue, n. a., zuen bizitzan irakurri dituzuen liburuetan, munduan milloika diran liburu guzietan ikusi badituzue pensamentu sakonagorik, pensamentu ederragorik, pensamentu gozoagorik gizonarentzat zortzi zoriontasun abek baño.

        Zorionekoak espirituz pobre diranak, dio Jesusek, zergatik berena dan zeruetako erreiñua. Au da, zorionekuak beren pobretasunian umill bizi diranak, biotzez ta borondatez pobre diranak, Jaunaren aurrian umilltzen diranak esaguturik beren ezereztasuna, Jaunagan beren esperanza duenak ta bildur santu batekiñ bere itz santuak aditzen dituztenak. Sakona da zoriontasun onen dotriña; bañan sakonagua J. Kristok bere ejenpluarekin ematen digun erakutzia. Ikusi zazue munduan egiten duan sarrera: pobre jaiotzen da ta umill Belengo Portaltxoan; pobre ta umill bizi izan zan Egipton da Nazareten; eta mundu onetatik jun bear zuanian ere, pobre, txit pobre, umill, txit umill, dauka oetzat da burkotzat ol zati bat bakarrik, laguntzat lapur bi ta borreru asko; eta oraindik zerura igo ta gero ere, guk bere eleiz gizon sazerdotiok bere itza zabaltzen degun bitartian, or dago Jesus Altarako S. Santuan, predikatzen bere ejenplu ederrarekin, pobre, txit pobre, ogi puska baten irudiarekin jantzia; umill, txit umill, gizonakgandik astua sarri Sagrario Santuan. O Jauna, ze dotriña, ta zer ejenplua!

        Zorionekuak malsoak, jarraitzen du erakusten mendiko sermoian, zergatik izango diran lurraren jabeak. Au da, zorionekuak munduko persekuzio bidegabeak pazienzia santu baten eramaten dituztenak; zorionekuak gorrotorik eztuenak; zorionekuak beren biotzeko gozotasun santuagatik Jaungoikoarekin bat egiñik bizi diranak. Sakona da dotrina au ere, baña sakonagua Jesusen ejenpluaren erakutzia. Oroitu zazue Jesusen Pasio santuko gau illun bildurgarria; bada orduan gizonik maltsoena bezela utzi zuan preso artu zezatela, lotu zezatela, madarikaziozko gizona deitu zezaiotela; jo zezala bere arpegi eder magestadez betean serbitzari zirzill batek; arpegi gozo ura, zeruko apainduria ta aingeruen alaitasuna zan arpegia txistu zikiñakiñ loitu zezatela; berak sortu zuan gizon argal miseriaz beteak josi zezala kurutze batean; eta oroi zaitezte berriz ere kurutzen arren gañetik deadar egiñ zuala: Pater, dimitte illis! O nere Aita, parkatu zaiezute! O Jauna, Jauna, zer dotriña ta ze ejenplua gizonentzat.

        Zorionekuak negar egiten duenak, jarraitzen du Jesusek, mendiko sermoi miragarrian; zorionekuak justiziaren gosean ta egarrian bizi diranak; zorionekuak justiziaren gosean ta egarrian bizi diranak; zorionekuak errukiorrak; ta sentenzi eder abek esaten zituanak, bere bizitzarekin, bere ejenpluarekin indartu zuan bere itza ta dotriña ta negar egin zuan sarri askotan (eta eztu esaten Ebangelio Santuak beñere farrerik egiñ zuanik) eta igaro zuan bere bizitza guzia gizona justo egingo zuen gauza guzien gosean ta egarrian.

        Gaurko nere platikatxoa geiegi luzatu gabe ezin neizke zoriontasun guziak esan, n. a. m.; baña nik eskatzen dizuet zuen animaren onagatik pensatu ditzazutela sarritxo, bada zoriontasun oietan dago kristauen bizitzako obetande guzia. A sarri pensatuko balituzkete negar egiten duen guziak, justiziko gose-egarrian bizi ezpadira ere! A sarri pensatuko balituzkete munduan bere burua jakintsutzat dauken guztiak; bada or bertan ikusiko luteke Jesukristo dala Jaungoikua ta Maisu guzien Maisuai.

        4. Esagutu biar degu gañera J.K.ren erakutzietan bere aginduen biguntasuna ta erraztasuna. Jugum meum suave est, dio, et onus meum leve. Nere uztarria txit da biguna, nere agindua txit da erraza. Eta egiaz, eziñ leiteke izan gauza bigun ta errazagorik Jesusek agindua baño, bada agindu guztiak dira beti maitasunezkoak, eta ondo dakizue zeñ erreza dan maitasuna gizonarentzat, lenago esan oi detan bezela. Galdetu zioten Jesusi: «Maisua, zer da legearen agindurik andiena?» Ta Jesusek erantzun zuan: «maitatuko dezu zure Jaun eta Jaungoikua, biotz guztitik, arima guziarekiñ, ta indar guztiakiñ. Ori da lenengo ta andiena dan agindua, ta bigarrena orren irudikua da: maitatuko dezu zure lagun projimoa zure burua bezela». Esan zadazue ori, n. a. m., gizonak berez maitatzen badu edertasun guztia, maitatzen badu ontasun guztia, maitatzen baditu gurasoak, anaiarrebak, aideak, lagunak, adiskideak, mesede bat egin diotenak; ezta gauza berezkua ta erraza maitatzia gauza guzien gañetik gure Jaungoikua, edertasunik andiena, ontasunik onena, zeñi sor diogun gu geran guztia eta goguan eztauzkagun milla gauza geiago? Ezta gauza biguna ta erraza maitatzea gure lagun projimoa, gure Aitaren semea, gure anaia, gu bezela munduko bide legorretatik ziar zeruratko bidean dijoana?

        Oraiñ bada, a., Jesus gure maisua bada titulo egoki bat dualako, Jesus gure maisua bada dotriña miragarriak erakutzi dizkigulako ta aginde bigunak eman dizkigulako; eta Jesus bera, bere eskola A. S. Santuan irikia daukala, or badago erakusten egia, munduak falta duan egia utzezgarria, nai ta nai ez aditu biar ditugu guk bere erakutzi santuak, nai badegu jaditxi betiko zoriontasuna. Nai ta nai ez entzun biar degu, eta sarri, pulpito santu onetatik Jesusen izenean erakusten dan dotriña; eta baita ere Jesusek berak ostia santu ori adoratzean, edo komunio santuan gure animetan sartzen danean, itz gozo-samurrekiñ biotz askori egiten dien isilmandatua. Ipsum audite. Kristauak, aditu zazue Jesusen dotriña, bada bera da bakarrik egiazkua, ta bere kontrako dotriña guztiak gezurrezko dotriñak dira, galdumendiko dotriñak.

        Bai, n. a. m.: (Jesus etorri zan lurrera munduaren Maisutzat, gizonari egia erakusteagatik, gizona salbazioko bideetatik zuzen eramateagatik. Bere dotriña miragarriak argi egin zion munduari ta desegin zituan lege zarreko irudi guziak goizian goiz jaikitzen dan eguskiak gabeko illuntasun danak kentzen dituan gisara; ta) Jesus or dago oraindik erakusten. Nik uste det Tabor zeritzaion mendi gañean entzun zan itz ura: ipsum audite, arri erantzuten diola oiarzun bat bezela Sagrario Santuan Jesusek, guri esanaz: Discite a me. Ikasi zazue nigandik, bada ni naiz zuen Maisua, ikasi nigandik, bada ni naiz zuen modelena.

        Bai, Jesus maitia, zu zera gure Maisu ta modelena, ta zure ikasle guzien eginbearra da zure irudira bizi izatea, zergatik zure dotriña dan, ez bakarrik jakin biarrekua, baita ere eginkizunezkua, eta orregatik ez gera salbatuko dakigulako Jesusen dotrina, ezpada egin degulako Jesusen dotriñak agintzen duana.

        O Jesusen Biotz Santua, Maisu on ta maitasunez betia! Eman eiguzu indarra naikua zure erakutzi santuak jarraitzeko, ta beti izateko malsoak ta biotzetik umillak. Zure eskolakuak gera, ta badakigu zugandik apartatzen dana apartatzen dala egiagandik ta gezurrezko bidean galtzen dala. O Jesusen Biotz maitasunez betea! Ez gaitezela gu galdu. Jarrai dezagula zure atzetik, bada aurrean zuaz ejenplu ona emanaz, jarrai dezagula salbaziorako Porturaño, an goza dezagun betiko zoriona, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa